2026-01-29
Blog Page 657

EIB-ri Txomin Agirre eta Clareteko langileak birkokatu eta Ikastoletako Lan Hitzarmena bere osotasunean aplikatu dezan exigitzen diogu

0
Hezkuntza Sailak EAEko itunpeko ikastetxeetan langileak birkokatuz enplegua mantentzeko proposamena luzatu du.

EAEko ikastoletako Lan Hitzarmenean aspalditik daukagu txertatua lanpostuen suntsiketaren ondorioz langileak birkokatzeko prozedura. Abenduan, ikastoletan sinatu genuen akordioak prozedura hori sendotzen zuen. Araudi horri esker, lanpostuak suntsitu direnean, ikastoletan gehingoa dugun LAB sindikatuaren eta ikastola gehienak biltzen dituen Ikastolen Elkartearen artean langile guztiak beste ikastoletan birkolokatzea lortu dugu, kaleratzeak ekidinez.

Ikastoletako Lan Hitzarmenaren barruan egonda ere EIB patronalak aldiz, Lan Hitzarmeneko atal horretatik deskolgatu izan da. Bere sare barruan dauden ikastola guztietan atal hori, eta kontratazioen gardentasuna bermatzeko prozedura aplikatzeari uko eginez. EIBko ikastoletan LABek gehiengoa ez dugun arren, behin eta berriz exigitu diogu bi puntu hauek bere ikastoletan bete ditzala.

Norabide horretan, ikastoletako Lan Hitzarmenak arautzen duen bezala, matrikulazio jeitsieraren eraginez ixteko bidean dauden Txomin Agirre eta Claret ikastolako langile GUZTIAK EIBko beste ikastoletan birkolokatu ditzatela eskatzen diegu bai patronalari zein ikastola horietan nagusi den ELA sindikatuari.

Era berean, aurrerantzean lanpostuak mantentzeko prozedura hau, eta langileak gardentasunez kontratatzeko prozedura aplika ditzala exigitzen diogu EIBri, ikastoletako Lan Hitzarmena bere osotasunean aplikatuz.

 

 

 

Eztabaida irekia, zehatza eta gardena abiatu nahi dugu Osasunbidean, erizaintzako espezialitateak direla eta

0
Erizaintzako espezialitateak garatu eta ezartzeko prozesuak berebiziko garrantzia du lanbidearen etorkizunerako. Hori dela eta, LABek eztabaida irekia, zehatza eta gardena abiatu nahi du.

Kalitatezko zerbitzua izango badugu, lanbide sustapena eta garapena bultzatuko baditugu eta erizainen eskubideak bermatuko baditugu, ezinbestekoa izango da lehenbizi erizaintzako zerbitzuen eginkizunak eta errealitatea hurbiletik ezagutzea eta, gisa horretan, espezializazioa adierazle tekniko eta asistentzialen bidez aztertzea.

Azterketa horiek egiteko, ezinbestean, erizaintzako langile guztien iritzia beharrezko zaigu, horretarako elkarrizketarako bidea irekita; hala, ez dugu bidegabekeriarik sortuko, eta plantillan egin beharreko moldaketak ere modu arrazionalean eta kalterik eragin gabe eginen ditugu.

Elkarrizketari ekiteko, LABek honako oinarriok proposatu ditu:

• Egungo egoera arautu bitarte, unitate espezializatuetako postuak espezialista-postu bihurtzeko prozesua geldiaraztea; era berean, prozesu horrek ukitutako langileek behar duten gaikuntza jasoko dute eta dagozkien eskubideak aitortu beharko zaizkie.
• Araubide bat ezartzea espezialista tituludunek postu libreetan izan dezaten sarbidea, inola ere ez beste profesional baten jarduneko postuetan.
• Erizain espezialisten lanpostuak sortzea, betiere proiektu sendo baten baitan, proiektu antolatua, adostua eta aldian behingo auditoriak aurreikusten dituena.
• Osasun arloko Mahai Sektoriala abiatzea; Mahai hori izanen da negoziaziorako gune legala, baita espezialitateak zehazteko prozesuan negoziazioaren emaitzak aplikatzeko gunea ere, bidezkoa denean.

Bien bitartean, exijitzen dugu erizaintzako zuzendaritza-taldeek atxikita dituzten postuak askatzea. Izan ere, Nafarroako Ospitalegunearen zein Osasun Mentalaren azken egokitzapenetan, zuzendariok beren kabuz gorde egin dute postu mordoska (40tik gora dira erizaintza pediatriakoak eta 10 osasun mentalekoak); jokabide horren ondorioz, langile finkoei mugitzeko aukera kendu egin zaie, eta kontratatuei, berriz, kontratuak prekarizatu.

Antzera gerta liteke laster ezarriko den erizaintza komunitarioaren espezialitatearekin: lekualdaketa prozesuetan mugitzeko aukerarik gabe gelditzea.

Osasunbideak ekin egin behar dio espezialiateen ezarpen prozesuari, modu arrazionalean, errealistan eta negoziatuan. Prozesu horretan, funtsezkoa izango da kontuan hartzea zenbat profesional diren beharrezkoak eta baita espezialisten prestutasuna ere; hala, gainerako langileen eskubideak ere errespetatuko dira eta alferrikako istiluak saihestuko dira. Horrela ez bada, estatuaren egungo sistema izango dugu: zentralizatua da baina koordinazio eskasekoa, eta ez ditu kontuan hartzen zerbitzuen errealitatea, ezta premiak ere.
 

 

 

Uraren ziklo integralaren kudeaketa publiko, sozial, demokratiko eta jasangarria aldarrikatu dugu Bilbon

0

Ur Publikoa Bizkaiko Plataforma jendaurrean aurkeztu dugu gaur plataforma osatzen dugun eragileok, Uraren Nazioarteko Egunaren bezperan. Manifestu bat sinatu dugu, Bizkaian ematen den uraren kudeaketagatik arduratuta egotearen ondorioz, Uraren ziklo integralaren kudeaketa publiko, sozial, demokratiko eta jasangarria aldarrikatzeko.
 

 

 

Arrasatera eraman dute protesta Eibarko Egogain helduen egoitzako langileek

Borrokan jarraitzen dute Eibarko Egogain egoitzako langileek. Gaur, Arrasatera eraman dute protesta, Markel Olano bertako udaletxean zegoela baliatuz. Bere aurrean egin nahi izan dute protesta.

Gaur goizekoa ez da izango Egogaineko langileen protesta bakarra. Arratsaldean bertan, kotxe-karabana egingo dute 19:00etatik aurrera, Egogainetik hasita, Eibar eta inguruetan zehar.

Bestalde, manifestazioa egingo dute martxoaren 23an, Eibarren, 19:15ean, Unzaga plazatik hasita.
 

 

 

Pasai Antxoko Prost tabernan emakume bat kaleratu dute ama izan nahi duelako

Bada denbora jabeek taberna horretako bi langile bikote zirela jakin zutenetik, eta ordutik harremana zeharo kaskartu da. Duela aste batzuk, langileetako bat ugaltze prozesuan murgildu zela jakin zutelarik, beste langilea kaleratu egin dute.

Gertakari larri hauen aurrean ezin gara isildu! Jendarte honek, ez ditu gure bizitzak erdigunean jartzen, ez digu gure bizitza laborala gure familia bizitzarekin uztartzen uzten. Hona hemen kontziliazio neurrien porrota. Zer esanik ez ostalaritzan, non gure lan baldintza prekarioak onartzera behartuak gauden lanpostua mantentzearen truke, gure bizitza pribatua zeharo baldintzatuz ordutegi malgu eta bukaezinekin.

Sistema heteropatriarkalak tresna ezberdinak erabiltzen ditu emakumeak isilarazteko, obedienteak izateko eta ezarritako genero roletan mantentzeko, baita lan munduan ere, non lan merkatutik kanporatzen gaituen zaintza lanetaz arduratzeko. Kasu honetan, botere harreman eta harreman hierarkikoa gurutzatu dira, nagusikeriaz ama izan nahi duen langile bat kaleratuz.

LABetik, ez dugu kasu bat bera ere pasatzen utziko. Kasu guztiak eta enpresa guztiak salatuko ditugu. Salaketak ipintzen dituzten emakumeak babestu, lagundu eta beraien ondoan izango gaituzte, jakin badakigulako sistema gure beldurrez baliatzen dela.

Kasu hau iritzi publikora ekartzeaz gain, juridikoki ere salatu dugu. Baina kasu honetan ez dugu langilearen itzulera eskatuko. Ez dugulako nahi horrelako jabeekin lan egin nahi. DOALA PIKUTARA BERA ETA BERE TABERNA! GUK PROST TABERNARI PLANTO!

Lanean jarraituko dugu lantokiak ere gune libreak izan daitezen, indarkeria matxista zein diskriminaziorik gabekoak. Sindikalismo feminista indartzen jarraituko dugu eredu berri bat eraikitzeko.
 

 

 

Eusko Jaurlaritzaren eta arraste arrantzaleen patronalaren eta enpresen jokabidea salatu dugu Bermeon

Martxoaren 21a, Xenofobia eta Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da. Bada, egun horren bezperan, lan-saio bat antolatu dugu Bermeon, arratsaldean. Hiru atal izan ditu ekimenak. Lehen atalean, langile migranteen erronka berriak izan ditugu hizketagai, sindikatuak gaiaren inguruan duen planteamenduaren berri emanez. Bigarren atalean, Herrien Epaitegia egin dugu. Saio honetan, migrazioa eta arrantza sektorea izan ditugu aztergai. Azkenik, hirugarren zatian, elkarretaratze bat egin dugu, maiatzaren 5eko Herrien Besarkadaren mobilizazio egunera deituz. 


Herrien Epaitegian, Eusko Jaurlaritza eta arraste arrantzaleen patronala eta arrastre arrantzaleen sektoreko enpresak salatu ditugu, sektoreko langileen eskubideak urratzeagatik. Salaketa Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak aurkeztu du. 

Ondoren, bi lekukok beraien testigantzak aurkeztu dituzte. Bai salatzaileak, zein lekukoek, Herrien Epaitegiko hiru epaileen galderak erantzun dituzte, eta, azkenean, hauek, sententzia irakurri dute. Epaileak Ainhize Muniozguren LAB sindikatuko Idazkaritza Juridikoko Idazkaria, Iratxe Urizar Giza Eskubide eta nazioarteko zuzenbidean aditua eta Monica Vargas Campaña Globaleko kideak izan dira.

 

 

 

Bizkaiko bulego eta langeletako hitzarmenaren aldeko mobilizazioak indartuko ditugula jakinarazi dugu Bilbon, CEBEK patronalaren aurrean

LAB sindikatua altxatu egin da Bizkaiko bulego eta langeletako hitzarmenaren negoziazio mahaitik, patronalaren blokeoa dela eta. Hala, hurrengo asteetan egingo ditugun mobilizazioetatik lehena gaur egin dugu Bilbon, CEBEK-en aurrean. Bertan izan da Garbiñe Aranburu idazkari nagusia, eta nabarmendu du gure ekintza sindikala borroka honen zerbitzura jarriko dugula estatalizazioari aurre egiteko, lan hitzarmenaren defentsan. Era berean, borrokarako deia egin die gainontzeko sindikatuei, Bizkaiko bigarren hitzarmenik handiena baitago jokoan.

2013tik lan hitzarmena berritu gabe dago Bizkaiko bulego eta langeetan. Hortaz, estatalizazioaren mehatxupean dago, baita eremu batean estatalizaziopean ere. Izan ere, bulego, langela eta kontsultoriek osatzen dute arloa, eta kontsultorien eremuan jada estatalizazioa gauzatu dute. Era berean, kontratazio berriei hitzarmen estatalaren baldintzak ezarri dizkiete dagoeneko.

Langileen lan baldintzak errespetatu dira orain arte, baina kontratuari lotuta, ez lan hitzarmen baten babesean. Hortaz, ezinbestekoa da lan hitzarmenaren alde borrokatzea, are eta garrantzitsuagoa honako hau Bizkaiko bigarren hitzarmenik handiena denean, 23.000 langileei eragiten diena.

Langileak borrokan daude 2013. urteaz geroztik. Batasun sindikala izan zen hasieran, ELAk apurtu zuen arte. Bere kasara, inongo lanketa eta kontrasterik gabe, greba mugagabera deitu zuen, handik hiru astera deialdia bertan behera uzteko.

Garbiñe Aranburuk azaldutakoaren arabera, “irtenbideak ezin du izan hitzarmen epel bat, ezta patronalaren neurrira egindako hitzarmen bat ere, CCOO eta UGT sindikatuek planteatu bezala. Konponbideak ere ezin du izan, ELAk egin bezala, greba mugagabe batera deitzea gehiengo sindikala izan gabe, jakinda horrek ez duela gatazka konponduko. ELAk gatazka hau instrumentalizatu nahi izan du bere interes korporatiboen mesedetan, beste gatazka batzuetan egin ohi duen moduan, bere burua sindikatu borrokalari gisa irudikatzeko. ELArentzat, aliatu bat baino, LAB lehiakide bat dela ematen du; eta ELAk ongi baino hobeto daki, guk dakigun bezala, patronalaren aurkako borroka erreal eta eraginkor bat pizteko LAB behar duela”.

Honela gauzak, Garbiñe Aranburuk azpimarratu du ez dagoela hitzarmenik mobilizaziorik eta batasun sindikalik gabe. Hortaz, LABek proposatutako borrokarako egutegiarekin bat egin dezaten eskatu die sindikatuei.

Hain justu, gaurko mobilizazioaren ondoren, langileen aktibazioa eta atxikimendua lortzeko sinadura bilketa bat abiatuko dugu eta martxoaren 28an hiru orduko lanuzteak egingo ditugu, besteak beste. “Gure helburua gainontzeko sindikatuek bat egitea da, hitzarmen duin bat defendatu nahi dugulako”, erantsi du LABeko idazkari nagusiak.

 

 

 

Bizkaiko Batzar Nagusietan onartu da Txartel Bakarraren Aldeko Foroak Bizkairako txartel bakarraren eskuduntza, legezkotasuna, bideragarritasuna eta kostua aztertzeko txostena egiteko proposamena

0
Txartel Bakarraren aldeko Foroak pozik agertu da arauz besteko proposamena aurkeztu eta babesteko eskatu die Bizkairako Txartel Bakarraren eskuduntza, legezkotasuna, bideragarritasuna eta kostua aztertzeko txostena egiteko bere proposamena gaur, asteazkena, martxoaren 20a, Batzar Nagusietan eztabaidatu delako eta ordezkatuta dauden talde politiko guztiek aho batez onartu dutelako.

Txosten horretan gutxienez parametro hauek aztertu beharko lirateke:

• Garraio-aldaketak doan garraio-modu guztietan.
• Tarifa-integrazioa. Tarifa berberak garraio-operatzaile guztientzat.
• Progresibo izatea. Zenbat eta gehiago erabili hainbat eta merkeago ibili.
• Txartelaren prezioa pertsona/familia-errentara egokitzea.
• Bizkaiko garraiobide publiko guztietan erabiltzea.
• Oraingo garraio publikoko sareari, osotasunean, eusten edo hobetzen oinarritzea.

Txosten tekniko horrek aukera emango liguke denoi txartel bakarra ezartzeak zer kostu ekarriko lukeen jakiteko informazio guztia izateko. Era berean, herritarrekin eta mugimendu sozial eta sindikalekin garden jokatuko litzateke eta, gainera, txartel bakarra martxan jartzeko erabakiak hartzean lehentasunak non dauden jakiteko funtsezko tresna ere izango lukete erakundeek.

TXARTEL BAKARRAren aldeko Foroaren iritziz, hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia da. Horregatik, espero du proposamen hau onartzeak eta txostena 2019a amaitu baino lehen aurkezteak aukera emango duela urrats sendoak egiteko Txartel Bakarra ezar dadin. Bizkairako garraio publikoko sistema bateratu eta kalitatezkoa lortzeko elkarlanean jarduteko prest dagoela ere azpimarratzen du, behin betiko irabazteko lehia ibilgailu pribatuari.
 

 

 

DIA supermerkatuetako langileek Madrilera eraman dituzte euren aldarrikapenak

0

Bizkaia eta Gipuzkoako DIA supermerkatuetako langileak Madrilen izan dira gaur, enpresaren akziodunen eta zuzendaritzaren batzarra dela eta. Ez dituzte langileak jaso, baina, hala ere, langileek euren aldarrikapenak eta ezinegona helarazi diete. Hain justu, Casa American mobilizatu dira.