2026-04-29
Blog Page 654

Preso eta iheslarien alde mobilizatu gara

Hilabeteko azken ostiralaren etorrerarekin, euskal preso eta iheslarien alde mobilizatu gara zenbait eskualdetan. Irudian, Donostian egindako elkarretaratzea.
 

 

 

Positibotzat jotzen dugu Osakidetzako EPEaren kasuan amaitu berri den deklarazioen lehenengo fasea

0
filtrazioak salatu dituzten pertsonei gure elkartasuna adierazi nahi diegu, zerbitzu buruen zein Osakidetzaren beraren jazarpena jasaten ari direlako. Azken finean, berriki aurkeztu dugun kontratazioari buruzko txostenean azaldu dugunez, Osakidetzak erabiltzen duen kontratazio sistemak berak ahalbidetzen du lan-kontratuak erabiltzea langileak zigortzeko edo saritzeko arduradunen interesen arabera, Marta Machoren kasuan ikusi dugun bezala.

Lekuko zein inputatuen deklarazioen lehenengo fasea behin amaituta, LABetik, Herri Akusazio gisa, prozesuaren martxaren balorazio positiboa egiten dugu.

Gasteizko epaitegietan egunotan jaso diren deklarazioek argi uzten dute oso luzea eta konplexua izango den prozesu baten hasieran baino ez gaudela. Epaitegian entzundako adierazpenek LABek defendatzen duen tesia baieztatu dute, hau da, bai egon zirela filtrazioak, hauek ez direla mugatzen kategoria zein pertsona gutxi batzuetara, baizik eta ondo oinarrituriko eta oso ezaguna den sistema ustelaz hitz egiten ari garela, Osakidetzan aspalditik martxan dagoena.

Uste dugu Osakidetzako zein zerbitzuetako organigrametako goiko arduradunak EPE prozesuetako oinarrizko printzipio demokratikoak urratzen dituen sistema honetan inplikaturik daudela. Deigarria da, era berean, inputatuek LAB sindikatuaren abokatuaren galderei erantzun ez izana, gertatu dena argitzeko borondaterik eza argi utziz.

Bestaldetik, Osakidetzaren jarrera harroa salatu nahi dugu. Badirudi Osakidetzak, justiziarekin kolaboratzeko eta ezarrita dagoen sistema ustela behingoz amaitzeko baino, errealitatea estaltzeko helburua duela. Asteon ikusi ahal izan dugu Mujica anderearen sarrera “klandestinoa” epaitegietan, modu irregularrean, kazetariak ekidin nahian. Bestaldetik, ikusi dugu Marta Machori, salaketa egin duen anestesistetako bat, indarrean zeukan kontratua zelan “amaitu” zaion misteriotsuki. Hauek guztiak geldiezina dena gelditzeko saiakera antzuak baino ez dira.

Honek hasi baino ez du egin, eta praktika ustel hauek ezagutzen dituzten pertsona guztiak salatzera deitu nahi ditugu, bai gure sindikatuaren bitartez, baita epaitegietan zuzenean ere.
 

 

 

Bilboko Udaleko 010 zerbitzuko langileek beste 6 greba egun egingo dituzte ekainean

Bilboko Udaleko 010 zerbitzuko langileek ekainaren 3an boskarren greba eguna egingo dute beraien lan-baldintzak eta zerbitzua hobetzearen alde. Udaleko zerbitzu hau Lanalden S.A. enpresaren bidez subkontratatua dute, zerbitzu publiko baten ardura hartzen duena izanik. Langileek, oporraldian eta soldatetan hobekuntzak eskatzen dituzte eta zerbitzua hobetzeko langile bat gehiago kontratatzea. Honegatik guztiagatik, ekainaren 3, 4, 10, 11, 17 eta 18an 010 zerbitzua greban egongo da.

Maiatzean izandako 4 greba egunetan ezta hurrengo egunetan, enpresa zein udalak ez du bilerarik deitzeko ahaleginik egin. Beraz, ikusirik enpresa ez udala ez daudela gatazkari irtenbiderik bilatzeko prest, 010eko langileak ekainean beste 6 egunetako greba konbokatu beharrean daude.

Astelehena 3 eta asteartea 4, ekaineko lehen bi greba egunetan, plantilak hurrengo kontzentrazioak deitu ditu:

Ekainak 3
-8:30-9:30, Pablo Alzola
-11:00-13:00. Plaza Venezuela

Ekainak 4
-8:30-9:30, Pablo Alzola
-10:30-11:30, Plaza Venezuela
-11:45-13:00, Plaza Erkoreka San Agustin
 

 

 

Gizarte zerbitzuen ratioak arautzen dituen 1991ko dekretua behingoz aldatzea exijitzen diogu Nafarroako Gobernu berriari

LAB sindikatuak urteak daramatza lanean eta mobilizazioak egiten Nafarroako Gobernuaren gizarte zerbitzuen erabiltzale-langile ratioen dekretua gaurkotu dezaten eskatuz. Orain indarrean dauden ratio altuek langileen osasuna eta zerbitzuaren kalitatea urritzen baitituzte. Hartara, LABek uste du badela garaia gaurkotze horri ekiteko, halaxe eskatu baitzuten 2016an Nafarroako Parlamentuko talde guztiek.

Aspaldiko arazoa da Nafarroan langile eskasia izatea desgaitasunari, adin txikikoei, familiei, hirugarren adinari eta gizarte bazterketari eskaintzen zaizkien zerbitzuetan. Egoera horrek, alde batetik, erabiltzaileen zaintzan eskaintzen den kalitatea urriagoa izatea eragiten du eta, bestetik, langileen osasuna okertzea dakar. Nafarroan, erabiltzaile-langile erlazioa 1991ko 209 Foru Dekretuan arautzen da. Dekretu horrek ia 30 urte dauzka, zaharkiturik dago, eta ahalik eta lasterren eguneratu behar da, agertu diren beharrei erantzunen zaiela berma dadin.

Xede horretan, 2016ko otsailean LAB sindikatuak sektoreko langileen artean sinadurak biltzeari ekin zion. Aste batzuetan 11.258 sinadura bildu zituen eta Nafarroako Gobernuari helarazi genizkion, Dekretua egungo errealitateari egokitu zekion eskatuz.

Ordu hartan ere lan saio bat egin zen Nafarroako Parlamentuan, Gizarte Politiketako Batzordean, eta han talde parlamentario guztiek bat egin zuten agerturiko aldarrikapenekin; eta denek aho batez ebazpen bat atera zuten, Gobernua dekretua gaurkotzera premiatzen zuena. 2017-2018 ikasturtean, enpresetako delegatuekin ahalduntze kanpaina egin zuen LABek, eta mobilizazio baten bidez Nafarroako Jauregiraino eraman zuen aldarrikapena 2018ko ekainaren 14an.

Miguel Laparrak zuzentzen duen Gizarte Eskubideen Departamentuak konpromisoa hartu zuen batzorde parte-hartzaile bat osatzeko foru dekretuaren gaurkotzean ekarpenak egite aldera. Aitzitik, oraindik ez dute batzorde hori eratu. Zain gaude. Eta, horregatik, Nafarroako Gobernu berriari eskatzen diogu lehenbailehen ekin diezaion dekretua aldatzeko prozesuari eta bide horretan berma dezala gizarte eragile guztien parte-hartzea.

LABek argi uzti nahi du lanean segituko duela, mobilizatzen eta aldarrikatzen, zerbitzu sozialetako langileen kopuruak eta artatze denborak handitzeko. Bada garaia erabiltzaile-langile ratioak modu duin batean arautzeko, langileen osasuna eta gizarte zerbitzuen kalitatea hobetze aldera.

 

 

 

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazka dela-eta deitutako bilerara Hezkuntza saila ez agertzea arduragabekeria hutsa dela iritzi dugu

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek atzorako deitutako bilerara Hezkuntza saila ez agertzea arduragabekeria hutsa da, eta patronalak maiatzeko greben aurreko proposamen berdinarekin etortzea, ulergaitza. Patronalari eta Hezkuntza Sailari arduraz jokatzen hasteko eta gatazkari bide emateko proposamenak egiteko galdegiten diegu, bestela mobilizazio eta grebekin jarraitu beste biderik ez digute utziko.

Sektore honetako langileok 10 urte daramagu gure lan hitzarmena berritu gabe, 10 urte soldata izoztuta, gure lan kargak gero eta handiagoak dira, eta jaiotze tasaren jaitsiera medio lanpostu galera garrantzitsu bat aurreikusten da datozen urteetarako. Langile kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak), hain zuzen feminizatuenak, lan baldintza erabat prekarioak dituzte, eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

2017ko azaroan, hamaika negoziazio mahai ondoren, patronalek ez ziguten mahaitik altxatu eta mobilizazio dinamika bati ekitea beste biderik utzi. Jadanik azken bi ikasturtetan 27 greba egun gauzatzera behartu gaituzte. Horrela, mobilizazio eta grebak indartzen joan garen heinean soilik ikusi ditugu mugimenduak eta aurrerapausoak patronal zein Hezkuntza sailaren proposamenetan.

Sindikatuok borondate osoa daukagu langileen eskaerei erantzun serio bat eman eta gatazka bideratzeko adostasunak erdiesteko. Horrela, adostasun horiek lortzeko, erabateko zintzotasunez makina bat saiakera ari gara egiten: Deitzen gaituzten bilera orotara joaten gara, akordioak lortzeko giltzarriak non dauden zehaztasun osoz adierazten dugu, gure eskaerak erabat neurtuak dira eta malgutasuna erakusten ari gara gure planteamenduetan.

Bide horretan, ordea, langileen eskaerei erantzun eta gatazkari irtenbidea emateko ardura eta aukera dutenak, sektoreko patronalak eta Hezkuntza saila alegia, ez dira dagokien arduraz jokatzen ari.

Hezkuntza sailaren rola izan da bere burua zuritzea, gatazka bideratzeko eskuhartzeren bat izaten ari delako itxura egitea, baina gatazkaren irtenbidean inplikatu gabe. Maiatzaren 8 eta 9ko greben ondoren sindikatuok gaurko egunerako egindako bilera deialdiarekiko izan duen jokaera ikusi besterik ez dago. Bilerari uko egiteaz gain, aurreko egunerako bilera deialdi bat luzatu zigun sindikatuoi; baina bilera horretan gai bakar bati buruz hitzegin nahi izan zuen, gela itxieragatik lanpostua gal dezaketen langileen birkokapenari buruz; haatik, gai honetan ere ez zuen ekarri aurrez egindako planteamenduarekiko aldaketarik (eta honek ez du birkokapena bermatzen). Azkenik, herenegungo bileran gatazka bideratzeko planteamendurik ez zegoenez, sindikatuok gaurko bilerara planteamendu egokiekin etortzeko deialdia luzatu badiogu ere, ez da agertu ere egin. Horregatik, sindikatuok beste behin ere eskatzen diogu Hezkuntza sailari langileen eskaerei erantzungo dion gatazkaren irtenbidean inplika dadila.

Patronalek, berriz, behin eta berriro adierazi arren negoziatzeko borondate dutela, borondate hori ez da egin dituen proposamenetan ageri, ez eta izaten ari den jokaeretan ere. Gogoratu behar dugu fede oneko negoziaketa batek eskatzen duen zintzotasuna behin eta berriro hautsi duela; langileen eskaerei erantzun gabe mobilizazioa desaktibatzeko asmo soilarekin, sindikatuon arteko hausturak eta langile zein ordezkarien arteko nahasmena sortzeko saiakera ugari gauzatuz; azkena maiatzak 8 eta 9ko greben bezperetan. Baita, aldebiko bileretan adostasunak erdiestea ahalbideratu zezaketen planteamenduak egitera iritsi den arren, ondoren atzera bota dituela ere.

Sindikatuok deitutako bilerara etortzeko erabakia hartu dute patronalek eta negoziatzeko borondatea dutela adierazi. Ez dute, ordea, langileen eskaerei erantzuten dion proposamen zein planteamendurik ekarri, maiatzeko greben aurretik ezagunak zen proposamen berdintsua ekarriz. Beraz, beste behin ere eskatzen diegu negoziatzeko borondate hori langileen eskaerei erantzungo dioten proposamen eta planteamendu konkretuetan zehaztu dezatela hurrengo bilerara begira, hain zuzen ere pasa den martxoan sindikatuok helarazitako adostasuetarako giltzarrien dokumentuan jasotako ildotik. Horrela izan ezean, mobilizazio eta grebekin jarraitu beste biderik ez baitigute utziko.
 

 

 

ITP AERO CASTINGS-eko langileek kontzentrazio zaratatsua egin dute gaur Zamudion ITP-k duen egoitzaren aurrean

0

Sestao eta Barakaldoko ITP AERO CASTINGS-eko langileek kontzentrazioa zaratatsua egin dute gaur Zamudion ITP-k duen egoitzaren aurrean.

Enpresa-batzordearen oharra:

Urte batzuk pasatu dira ITP AERO CASTINGS-ek (PCB bere garaian) zailtasun finantziero batzuk eta bideragarritasunaren ingurukoak pasatu zituenetik. Garai hartan, enpresaren zuzendaritzak helarazi zien langileei guztiek ahaleginak egin behar zituztela Barakaldoko lantegiaren etorkizuna bermatzeko. Langileek zuhurtziaz jardun zuten, bai soldatari bai beste alderdi batzuei zegozkien kontuetan, euren konpromisoa erakutsiz enpresak zuen egoera txarrari buelta emateko.

Zorionez, gaur da eguna egoerak onera egin duela. Egindako ahaleginak jaso du bere saria, ITP AERO CASTINGS-eko etorkizunari bermeekin aurre egiteko produkzio planekin. Honen erakusgarri da Sestaon duela bi urte inguru zabaldutako lantegia eta langile kopuruaren igoera. ITP taldeak eta ondoren ROLLS ROYCEk erosi izanak interes berezia erakusten du gure lantegietan egindako produktuen inguruan.

Hala ere, lan-baldintzek bere horretan jarraitzen dute. Ez datoz bat langileek erakutsitako eskuzabaltasunarengatik. Gure hitzarmena 2018a amaitzean amaitu zen, eta enpresa-batzordeak hitzarmen berriari begira zuzendaritzarekin egindako bileretan ez dago langileekiko elkarrekikotasunik.

ITP AERO CASTINGS-eko enpresa batzordeak langileek egindako ekarpenak eta ITP talde bereko hitzarmenetakoak jasotzen ditu (adibidez Zamudio). Ulertzen dugu talde berekoak bagara, logikoena alderdi desberdinetan guztion egoera berdinduz joango den hitzarmenaren oinarriak finkatzea dela. Gainera, guztiz zilegia iruditzen zaigu, ziurgabetasun egoerak gainditu ondoren, langileok gure lana saritua ikustea eta ez irabaziak elite baten artean banatzea.

Hala ere, enpresaren zuzendaritzak aurkeztutako proposamenetan, oso modu lausoak jasotzen dira plataformako alderdietako batzuk, beti ere lortutako emaitzeki lotuta. Adibide moduan, bada egia lehen urte bietan %0,5eko soldata-igoera planteatzen dutela eta hurrengo hiruretan %0,3koa, guztiz ez nahikoak direnak eta metalgintzako hitzarmenean aldarrikatutakoaren azpitik daudenak, EBITera baldintzatuta daude gainontzeko soldata eskalak (lantegi edo taldearen emaitza ekonomikoak). Berdina geratzen da absentismo mailarekin lotutako lanaldiekin. Honek baieztatu egiten du Iratxe de Las Hayas-ek lehen bileran botatako diskurtsoa: “Gehiago egin behar da lan, eta gutxiago kobratu”.

Era berean, salatu egin nahi dugu enpresa langileon artean zabaltzen ari den komunikatuen kanpaina, euren proposamenak Zamudioko lankideen hitzarmenean zehaztutakoarekin bat datozela aipatuz, egia ez dena eta euren negoziaziorako borondatea goraipatuz. Hasieratik izan dugu prestasuna akordio txukun bat erdiesteko. Horren froga dira zuzendaritzaren proposamenen aurrean enpresa-batzordeak egindako mugimendu ezberdinak eta adostasunak lortzeko helburuan berrestea.

Aurretik zehaztutakoagatik, eta ITP AERO CASTINGS-eko zuzendaritzak botatako hordagoaren aurrean, esan baitu ez duela maiatzaren 28an aurkeztutakotik aparte beste proposamenik mahai gaineratuko, mobilizazioei ekin diegu gaur. Proposamen ez nahikoek eta enpresak erakusten duen arduragabekeriak, eta langileok kokoteraino egoteak ekarri gaitu mobilizazioak egitera, ITP AERO CASTINGS-eko langile guztiontzako hitzarmen duina lortzeko helburuarekin. Era berean, dei egiten diegu langileei mobilizaziotan parte hartzera, asanblada informatiboetan adierazi genuen moduan.

Enpresaren zuzendaritzari, beste behin, dei egin nahi diogu TIP AERO CASTINGSeko langile guztion bizitza benetan duinduko duen hitzarmen proposamena egin dezan.
 

 

 

Iruñeko ANISER-en enpresa hitzarmena sinatzeko aurreakordioa lortu dugu, Nafarroako metalgintzako hitzarmenarekiko lotura bermatuta

0

Iruñeko Aniser Facility Service zerbitzu anitzeko enpresak, egun Euroestampaciones enpresak soldadura lanak egiteko azpikontratatua duena, orain arte ez zien langileei hitzarmenik aplikatzen. Hainbat bileraren ostean, eta enpresaren jarrera ezkorra ikusita, langileek borroka dinamika bat jarri zuten martxan -lanuzteak eta mobilizazioak aurreikusten zituena- eta, horri esker, azkenean atzo lortu zen aurreakordioa sinatzea.

LAB-ek sinatutako aurreakordioak, besteak beste, honako eduki hauek jasotzen ditu: lanaldiaren murrizketa handi bat -oraingo 1.808 orduetatik 1744 orduetara pasatuko dira 2021ean-, soldata igoera, behin betiko kontratazioa %80ra handitzeko enpresaren konpromisoa eta Nafarroako Metaleko hitzarmenarekiko lotura jasotzen ditu beste eduki batzuen artean.  

 

 

Bi egunetako greba partziala San Martin Unxeko Santa Zita egoitzan lan-baldintzak errespetatuak izan daitezen

San Martin Unxeko Santa Zita egoitzako langileek, berriz ere, ukabila altxatu dute Idea enpresak (Innovación y Desarrollo Asistencial) azaldu duen intrantsigentziaren eta pasotismoaren aurrean, hitzarmen duina lortze aldera aurkeztu ditugun proposamenen harira. Hori dela eta, ekainaren 1ean eta 2an, larunbatean eta igandean, greba partziala deitu dute, euren lan-baldintzak errespetatuak eta baloratuak izan daitezen.

Langileen oharra

Denbora gehiegi, 2018ko ekainaz geroztik, eman dugu enpresa-hitzarmena sinatzea lortu eta hitzarmen duin bat negoziatu nahian, eta alde sozialak pauso ugari egin ditu bide horretan. Hitzarmena lortzearren, gure hasierako asmoak sarritan jaitsi ditugu, 2018ko abenduan eta 2019ko maiatzean, esate baterako. Baina aski da! Ez gara gehiago makurtuko! Gure lana baloratu egin behar da, gure adinekoen zaintza-lana baloratu egin behar da.

Lehenbiziko mobilizazioaren ondoren, bilera pare bat egin dugu zuzendaritzarekin. Bilera horietatik ateratzen garenean, gure irudipena da adarra jotzen ari zaizkigula: mahai gainean jartzen dituzten proposamenak gero ez dira aktetan ageri. Eta horrela, behin eta berriz. Sindikatuarekin biltzen saiatu dira, ordezkari sindikalei ezer esan gabe. “Lan bera, soldata bera” oinarrizko printzipioa urratzen dute, soldata baxuagoak proposatuz gure atzetik datozenentzat. Enpresaren informazio ekonomikoari dagokionez, benetako kontuak ezkutatzen dizkigute. %19,3 igo dute egoitzako plaza pribatuaren prezioa adineko jendearentzat. Plaza itunduez den bezainbatean, bere horretan segitzen dute: haien iritziz, ezinezkoa da Nafarroako Gobernuarekin dagoen ituna berritzea, baina ongi dakigu inguruko egoitza gehienetan plaza itundu gehiago eskatzen ari direla. Zer egin nahi dute gure egoitzarekin? Itxi?

Egoera honek baditu arduradunak: Rafael Sánchez Ostiz, Idea enpresaren arduraduna; Eduardo Castillo abokatua, negoziazioaren buru ari dena, behin eta berriz kontraesanetan aritzen baita; eta egoitzako zuzendaria, Rafael Cortijo Gorraiz, Guadiana ibaia bezala agertu eta desagertzen dena.

Horren guztiaren aurrean, guk lan baldintza duinen alde borrokan segituko dugu. Horregatik, larunbatean eta igandean (egun horretan Ardo Gorriaren festa ospatzen da gure herrian), grebara joateko prest gaude, gure eskubide guztiak bermatzen dituen hitzarmen kolektibo baten alde eta Santa Zita egoitzak eta bertako langile guztiek etorkizuneko proiektu bat izan dezagun.

 

 

 

UPV/EHUren aurrekontuak ez nahikoak dira aurten ere

0

Gaur, maiatzaren 30ean, Leioan egindako UPV/EHUko Gobernu Kontseiluan 2019ko Aurrekontu Aurreproiektua onartu da. LABetik gure desadostasuna eta egonezina adierazi ditugu, zuzenketarik aurkeztu gabe. Ez dugu uste aukerarik dagoenik behar estruktural eta ezinbesteko askori ganoraz heltzeko. Horregatik ere, LABek aurkeztutako 2019ko Aurrekontu Aurreproiektuaren aurrean abstentzioa bultzatu du. UPV/EHUk finantzazio publiko gehiago behar du irakaskuntza, ikerkuntza, transferentzia eta zerbitzu jardunei zein premiei aurre egiteko, baita bere langileei egonkortasuna eta diskriminaziorik gabeko lan-baldintzak eskaintzeko ere. Eta horretarako, zuzendaritzak aurkeztutako proposamena ez da tresna egokia. Zoritxarrez, aukera bat, berriro ere, galdu egingo da.

LABen iritziz, UPV/EHUren finantzazio publikoa, aurten ere, ez da nahikoa izango eta 2019ko aurrekontuetan ez dugu ikusten aukera handirik lehentasunezko gai batzuei heltzeko, hala nola: Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren arloan, lanpostu berrien beharrei eta langileek egonkortzeko neurriei erantzutea, behin behineko balorazioa duten lanpostuen zein gainerakoen eguneratzea. Irakasle eta ikertzaileei dagokienez, berriz, doktore aurreko ikertzaileen soldatak igotzea –gutxienez legeak ezarritakoa betetzeko-, ikertzaile doktore guztien soldatak parekatzea, lanaldi partzialeko irakasleen soldatak duintzea -egiten duten lan-jardunari egokituta-. Gainera, soldata-igoera ez zaie kolektibo guztiei aplikatu, eta, edonola ere, ez da eros ahalmena berreskuratzeko beste izan.

Era berean, euskararen normalizazio eta erabileraren garapenean urrats eraginkorrak eman ahal izateko; onartu berri den Berdintasun Planak jasotzen dituen ekintzak sustatzeko; langileen segurtasuna eta osasuna behar bezala zaintzeko edota lankidetza egitasmoak garatu ahal izateko baliabide nahikoak bermatu beharko lituzke.

Unibertsitate-sistemaren eragile nagusi eta garrantzitsuena den UPV/EHUren diru-sarrera gehienak, 314 milioi euro, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetatik datoz. UPV/EHUk aurten jasoko duena aurreko urtean baino 10,5 milioi gehiagoko ekarpena izan bada ere, 2019-2022ko Euskal Unibertsitate Sistemaren Planak jasotakoa baino 6 milioi € gutxiagokoa da. Era berean, bai Jaurlaritzaren ekarpena bai planak jasotzen duen aurreikuspena, 2010ean jasotako finantzazioaren azpitik gelditzen dira (27 milioi € gutxiago).