2026-04-22
Blog Page 651

Georgina Orellano: “Sexu langile izateaz harro gaude, urte luzez lotsa eta kulpa handia sentitu eta gero”

Pasa den ekainaren 2an Sexu Langileen Nazioarteko Eguna izan zen. LAB sindikatuan gogoratu nahi dugu bizimodua ateratzeko lan egiten duen pertsona oro langilea dela guretzat. Honen ildotik, sexu langileak langiletzat hartzen ditugu oso-osoan. Bideoan, AMMAR (Asociación de Mujeres Meretrices de la Argentina en Acción por sus Derechos) sindikatuko idazkari nagusi Georgina Orellanoren lekukotasuna. 

LABen errealitate honetara hurbiltzeko prozesua gauzatzen ari gara, sindikalismoarentzat guztiz ezezaguna eta bazter utzia izan den errealitatera, alegia. Honen bitartez aukera izan dugu sexu langileekin bertatik bertara konpartitzeko eta hitz egiteko eta emakume hauen egoerak, aldarrikapenak, eskakizunak, beldurrak, grinak, desirak, kexuak eta proposamenak euren ahoetatik entzuteko. Prozesu honetan zehar asko ikasten ari gara eta, horregatik eta euren ahotsak entzutea ezinbestekoa iruditzen zaigulako, Georgina Orellanorekin izan genuen saioa zuekin konpartitu nahi dugu.

Georgina AMMAR (Asociación de Mujeres Meretrices de la Argentina en Acción por sus Derechos) sindikatuko Idazkari Nagusia eta sexu langileen lan eta giza eskubideen aldeko militantea da.

Gaur egun lan sexualaren errealitate anitzak iluntzen eta estaltzen ari diren gerizpe guztiak argituko dituelako itxaropenarekin dakarkizuegu.

 

 

 

ADEGIk blokeora darama Gipuzkoako grafikagintzako sektorea

0

Gaur, grafikagintzako mahaiko 4. bilera burutu dugu. Bilera hasi aurretik delegatu eta langileak Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean elkartu gara, Donostian, negoziaketa serio bat aldarrikatzeko asmoarekin, ADEGIren jarrera itxia dela eta, eta ADEGIren jarrerak negoziaketak blokeo egoera batetara daramalako.

Azken bileran ADEGIk 3 urtetako KPIa eta prebentzio eta berdintasunaren inguruan zerbait garatzen zegoela esan zigun. Bilera horretan sindikatuok berriro exijitu genion, mahaira proposamen zentzuzko bat ekartzeko, izan ere, guk gure plataforma aurkeztua baitaukagu duela bi hilabete eta erditik.

Baina gaurko bilerara ADEGI esku hutsik etorri da. KPIaren eskaintza berretsi du, baina prebentzio eta berdintasunaren inguruan ez du ezertxo ekarri, ezta beste eskaintzarik ere. Lotsagarria da. Esaten dutena ere ez dute betetzen.

Hitz politetan enpresariek hitzarmena nahi dutela esaten digute, baina aldi berean gogorarazten digute estatuko beste hitzarmenekin alderatuz gure baldintzak oso onak direla, eta etengabe mehatxatzen digute ordu igoera batekin, edota urte luzeen ondorioz langileek lortutako eskubide aldaketak planteatu ahalko zituztela.

LAB argi du ADEGI egoera blokeatzen ari dela, eta hori horrela, eta langileok hitzarmena nahi dugunez. Ekainaren 12an berriro ere mahaia elkartu eta proposamen zentzuko bat ekartzeko exijitu diogu. Baina denbora aurrera doa eta hurrengo bilerarako proposamenik aurkeztu ezean, mobilizazioen bidea baino ez zaigu geratuko ADEGIren jarrera itxia mugiarazi nahi badugu.
 

 

 

Grebei ekin diete berriro Bilboko Udaleko 010 zerbitzuko langileek

Bilboko Udaleko 010 zerbitzuko langileek beste 6 greba egun deitu dituzte ekainerako, eta horietako lehena gaur egin dute, euren eskubideen defentsan. Ekainaren 3, 4, 10, 11, 17 eta 18rako dituzte deituak grebak.
 

 

 

Sindikalismoa inoiz baino beharrezkoagoa dela aldarrikatu dugu Iruñean, isunak eta espetxe zigorrak zigor

Justiziaren “patronalizazioaren” aurka protesta egiteko, LABek mobilizazio kanpaina abian jartzera doa. Lehen ekimena ostegun honetan bertan izango da: 19:00etan burrunba egingo da (in)Jusizia Jauregiaren parean. Hain zuzen ere, 10.000 euro baino gehiago isunetan eta espetxe zigorrak erabaki dituzte La Sangiovesa eta Huerta de Peraltako borroka arrakastatsuen ondotik. Agerraldi jendetsu bat egin dugu Iruñean, honen guztiaren berri emateko.

Sindikalismoa, langileontzako borroka tresna gisa ulertuta, inoiz baino beharrezkoagoa da. Langileriak eta, bereziki, sektore prekarizatuenek sindialismo konprometitu, aktibo eta eraginkorra behar du. Zorionez, borroka sindikalak ugaritzen ari dira azken hilabeteotan: La Sangiovesa eta Huerta de Peralta horren erakusgarri izan dira.

La Sangiovesa, lan araudiari ezikusia egiten duen jatetxe horietako bat zen: hitzarmenaren ez betetze jarraitua, kontraturik gabe lanean ari ziren tabernariak, askatasun sindikalen urraketa. Adibide gisa, honako hau: pizza bana “ordaintzen” zieten langileei kamioi batetik hornigaiak jaisteagatik. Egoera honen aurrean, langileek antolatzea erabaki zuten eta horren aurrean Enpresak UGTren hautagaitza sustatu eta hainbat langile kaleratu zituen. Alabaina, jatetxearen atarian egindako hainbat mobilizazioren ondotik, langileak berronartzea eta lan hitzarmena betetzea lortu zen.

Huerta de Peralta, berriz, Nafarroako landa eremuan ematen den lan esplotazioaren erakusle zen. Hemen ere oinarrizko eskubideak urratzen ziren, hemen ere langileek Sindikatuan antolatzea erabaki zuten eta Enpresak zigor eta kaleratzeekin erantzun zuen. 28 eguneko greba eredugarri baten ondotik, langileek helburu nagusienak lortu zituzten, enpresaren ibilbidean garai beri bat irekiz.

Horrelako adibideek argi erakusten dute posible dela Patronalak inposatutako prekarietateari aurre egitea. Baina badirudi denek ez dutela borroka sindikala atsegin: Poliziak nahiz Fiskaltzak Sangiovesa eta Huerta de Peraltako borroketan parte hartu zuten hainbat sindikalisten kontra jo dute.

Sangiovesaren kasuan, tarte labur batez jatetxean era baketsuan sartu, kanpoaldean kontzentratu, hainbat pegatina jarri eta megafono batekin oihukatzeagatik epaitu dituzte bi sindikalista. Enpresak bere hasierako salaketari uko egin badio ere, Fiskaltzak zigor eskariak mantendu zituen eta azkenik Emilio Labella epaileak 21 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio horietako bati, espetxeratzeko bete beharrarekin. Pasa den astean iragarri bezala, LABek helegitea jarriko du, epaiketan zehar argi eta garbi geratu baitzen inor kaltetu ez zuen protesta legitimoa izan zela. Gainera, bezeroak jatetxetik lasai asko sartu eta ateratzen zirela frogatzen duen bideo bat “galdu” egin zen epaitegian eta ez da kontutan hartua izan.

Huerta de Peraltaren kasuan, momentuz (azkenak pasa den astean iritsi baitziren), 4.808 euro batzen dituzten 25 isun jarri dituzte polizia desberdinek eta, larriagoa dena, Foruzaingoaren ekimenez hiru sindikalisten kontrako zenbait prozedura penal ireki dira “desorden publikoak” eta “autoritatearen kontrako atentatua” leporatuta. Lehenengo prozeduran, 2.880 euroko isuna eskatzen du Fiskaltzak sindikalista baten kontra. Bigarrenean, bi sindikalisten kontrakoa, ez dira zigor eskariak zehaztu oraindik. Hirugarrena bereziki larria da: “autoritatearen kontrako (ustezko) atentatua” argudiatuz, Fiskaltzak bi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra, 2.500 euroko isuna eta bost urteko kanporatzea eskatzen ditu marokiar herritartasuna duen Huerta de Peraltako langile baten kontra (Foruzaingoak urte bete eta sei hilabete eskatzen ditu kasu honetan). Gogoan hartu beharra dago Huerta de Peraltako greban zehar Foruzaingoak enpresaren ateetan protesta egiten zuten langileak erasotu eta kolpatu zituela hainbat aldiz; hain zuzen ere, auziperatutako langilea beso batean zauritu zuten foruzainek eta, handik egun batzuetara, bendatutako besoan bertan kolpea eman zioten berriz ere.

Epaiketa hauek onartezinak dira, lehenik eta behin, askatasun sindikalaren kontra jotzen dutelako, noiz eta borroka sindikala inoiz baino beharrezkoagoa denean. Sindikalismoa milaka langileen defentsarako tresna da: askatasun sindikalak urratzeak eskubideak defendatzeko tresnarik gabe uzten ditu langileak.

Bigarrenik, epaiketa hauek are eta zentzugabekoagoak dira hala Sangiovesan nola Huerta de Peraltan lan gatazkaren inguruko akordio onak lortu zirelako. Are eta gehiago, enpresek uko egin diote prozedura hauetan parte hartzeari, Foruzaingoa eta Fiskaltza dira sindikalisten kontrako salaketarekin jarraitzea erabaki dutenak. Gure ustez, horrek Espainiako Estatuan dagoen sistema judizialaren ikuspegi ideologikoa uzten du agerian, baita Erregimenak Foruzaingoan edota Judikaturan bizirik dirauela ere. Altsasu nahiz La Manadaren kasuetan salatu izan den bezala, Justizia Espainiarrak neurririk gabe aritzen da, ideologia autoritario (Altsasuren kasuan), patriarkal (La Manadaren kasuan) eta, kasu honetan gehituko genuke, antisozial baten arabera.

Sindikalista hauek epaitzen dituzten bitartean, ehunka enpresarik lan legedia urratzen dute, erabateko zigorgabetasunaz. Non daude Lan Ikuskaritza, polizia desberdinak, Fiskaltza, dagokion hitzarmena etengabe urratzen denean, non daude segurtasun neurriak ez betetzearen ondorioz langileak hiltzen direnean?

Hauxe paradoxa: epaitzen dituzten horiek egin beharko luketen lana egiteagatik epaitzen dituzte sindikalistak. Zergatik ez Fiskaltzak ez Ikuskaritzak ez zuten ezer egin La Sangiovesan kontraturik gabeko langileak zeudela edota UGT ez bozkatzeagatik kaleratzeak egon zirela salatu ondotik? Zergatik ez zuen ezer egin Foruzaingoak Huerta de Peraltan greban zeuden langileak legez kanpo ordezkatzeagatik egindako salaketen aurrean?

Justiziaren “patronalizazioaren” aurka protesta egiteko, LABek mobilizazio kanpaina abian jartzera doa. Lehen ekimena ostegun honetan bertan izango da: 19:00etan burrunba egingo da (in)Jusizia Jauregiaren parean.

Prozedura judizial hauek bertan behera uztea eta eredu polizial nahiz judiziala sakonki eraldatzea eskatzen dugu. Dei egiten diogu langileriari klase sindikalismoaren defentsan mobiliza dadin. Eta prekarietatea pairatzen duten lagun guztien alde borrokan jarraitzen gure borondatea berresten dugu; ez dago geldiaraziko gaituen epaiketarik.

 

 

 

Gure kide bati 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote prekarietatea salatzeagatik


Prentsaurreko masiboa deitu dugu astelehenerako jazarpena salatzeko eta protesta ekimenak abiatzeko. 11:30ean izango da, Iruñeko Gaztelu Plazan.

Iruñeko zigor arloko 4. epaitegiak 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio LABeko sindikalista bati La Sangiovesa jatetxean eginiko ekintza sindikal batengatik; aitzitik, jatetxeko langilea den bigarren auzipetu bat absolbitu du. Epaituriko gertaerak 2018ko udakoak dira; ordu hartan, jatetxeko langileak mobilizatu ziren lan esplotazioa eta enpresak eginiko kaleratzeak salatzeko.

Lan esplotazioa oso agerikoa zuen ostalaritza establezimendua zen La Sangiovesa: ez zituzten langileek lan eginiko ordu guztiak ordaintzen, bazeuden kontraturik gabeko langileak, askatasun sindikalak urratzen zituzten… Konparazio batera, kamioia deskargatzea pizza batekin “ordaindu” zuten inoiz.

Bada, langileek antolatzea erabaki zuten eta, hauteskunde sindikalak egin eta gero, enpresak hainbat langile kaleratu zituen bere gustuko hautagaitzari botoa ez emateagatik. Dena dela, urte hartako sanferminetan hainbat mobilizazio egin ondoren, LABek akordio ona lortu zuen enpresarekin: kaleratuak berriz hartuko zituzten eta langile guztien eskubideak errespetatuko zituzten. Areago, akordio horren abagunean, enpresak onartu zuen mobilizazioen harira jarritako salaketa guztiak kentzea. Eta halaxe egin zuen.

Hala eta guztiz ere, Fiskaltzak erabaki zuen LABeko bi sindikalisten aurkako zigor eskaerei eustea jatetxean modu baketsuan sartzeagatik, kanpoaldean elkarretaratzea egiteagatik, pegatinak paratzeagatik eta denbora labur batean megafono batekin hainbat eslogan botatzeagatik. Zehazki, Fiskaltzak proposatu zuen 2 urte eta 3 hilabeteko kartzela zigorra LABeko sindikalistarendako eta urte bat eta 6 hilabeteko kartzela zigorra jatetxeko langilearendako. Derrigortze delitu harrigarri bat leporatzen zien. Azkenean, Emilio Labella epaileak 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio lehenbizikoari -eta espetxean sartzeko derrigortasuna jarri dio- eta jatetxeko langilea absolbitu du.

LAB sindikatuak berehalakoan jarriko du erabaki horren aurkako helegitea. Izan ere, orain zigortu dutena izan zen lan gatazkak iraun bitartean polizia etxera eta Lan Ikuskaritzara joan behar izan zuena lan eskubideen urraketak salatzera, eta, orain, sindikalista hori bera zigortu dute erabat legitimoa zen protesta bat egiteagatik, ezein pertsonari batere kalterik eragin ez zion protesta bat egiteagatik. Aipatzekoa da, gainera, LABek bideo bat aurkeztu zuela froga moduan, bideo horrek erakusten zuela bezeroak batere arazorik gabe sartzen eta ateratzen zirela jatetxetik, baina bideoa epaitegietan “galdu” egin zela eta ez dutela aintzat hartu.

LAB sindikatuaren aburuz, epaia bera eta epaiak ezartzen duen zigorra hagitz larria da, eta ez da onartzen ahal, askatasun sindikalaren aurkakoa baita, borroka sindilaka inoiz baino beharrezkoa den une batean hain zuzen ere. Baina, zoritxarrez, ez da LAB sindikatuak azkenaldian pairatu duen eraso bakarra: Huerta de Peraltako lan gatazkaren karietara makina bat isun jaso ditu eta hainbat sindikalistaren aurkako prozedura penalak zabaldu dituzte.

Gertaturiko guztiaz eta gerta daitekeen guztiaz informatzeko, sindikalisten aurkako jazarpen poliziala eta judiziala salatzeko, eta askatasun sindikalen aldeko kanpaina baten hasiera iragartzeko, LAB sindikatuak langileei dei egiten die ekainaren 3an, astelehenarekin, Iruñean eginen den prentsaurreko masiboan parte hartzera. 11:30ean izanen da, Gazteluko Plazan.
 

 

 

Preso eta iheslarien alde mobilizatu gara

Hilabeteko azken ostiralaren etorrerarekin, euskal preso eta iheslarien alde mobilizatu gara zenbait eskualdetan. Irudian, Donostian egindako elkarretaratzea.
 

 

 

Positibotzat jotzen dugu Osakidetzako EPEaren kasuan amaitu berri den deklarazioen lehenengo fasea

0
filtrazioak salatu dituzten pertsonei gure elkartasuna adierazi nahi diegu, zerbitzu buruen zein Osakidetzaren beraren jazarpena jasaten ari direlako. Azken finean, berriki aurkeztu dugun kontratazioari buruzko txostenean azaldu dugunez, Osakidetzak erabiltzen duen kontratazio sistemak berak ahalbidetzen du lan-kontratuak erabiltzea langileak zigortzeko edo saritzeko arduradunen interesen arabera, Marta Machoren kasuan ikusi dugun bezala.

Lekuko zein inputatuen deklarazioen lehenengo fasea behin amaituta, LABetik, Herri Akusazio gisa, prozesuaren martxaren balorazio positiboa egiten dugu.

Gasteizko epaitegietan egunotan jaso diren deklarazioek argi uzten dute oso luzea eta konplexua izango den prozesu baten hasieran baino ez gaudela. Epaitegian entzundako adierazpenek LABek defendatzen duen tesia baieztatu dute, hau da, bai egon zirela filtrazioak, hauek ez direla mugatzen kategoria zein pertsona gutxi batzuetara, baizik eta ondo oinarrituriko eta oso ezaguna den sistema ustelaz hitz egiten ari garela, Osakidetzan aspalditik martxan dagoena.

Uste dugu Osakidetzako zein zerbitzuetako organigrametako goiko arduradunak EPE prozesuetako oinarrizko printzipio demokratikoak urratzen dituen sistema honetan inplikaturik daudela. Deigarria da, era berean, inputatuek LAB sindikatuaren abokatuaren galderei erantzun ez izana, gertatu dena argitzeko borondaterik eza argi utziz.

Bestaldetik, Osakidetzaren jarrera harroa salatu nahi dugu. Badirudi Osakidetzak, justiziarekin kolaboratzeko eta ezarrita dagoen sistema ustela behingoz amaitzeko baino, errealitatea estaltzeko helburua duela. Asteon ikusi ahal izan dugu Mujica anderearen sarrera “klandestinoa” epaitegietan, modu irregularrean, kazetariak ekidin nahian. Bestaldetik, ikusi dugu Marta Machori, salaketa egin duen anestesistetako bat, indarrean zeukan kontratua zelan “amaitu” zaion misteriotsuki. Hauek guztiak geldiezina dena gelditzeko saiakera antzuak baino ez dira.

Honek hasi baino ez du egin, eta praktika ustel hauek ezagutzen dituzten pertsona guztiak salatzera deitu nahi ditugu, bai gure sindikatuaren bitartez, baita epaitegietan zuzenean ere.
 

 

 

Bilboko Udaleko 010 zerbitzuko langileek beste 6 greba egun egingo dituzte ekainean

Bilboko Udaleko 010 zerbitzuko langileek ekainaren 3an boskarren greba eguna egingo dute beraien lan-baldintzak eta zerbitzua hobetzearen alde. Udaleko zerbitzu hau Lanalden S.A. enpresaren bidez subkontratatua dute, zerbitzu publiko baten ardura hartzen duena izanik. Langileek, oporraldian eta soldatetan hobekuntzak eskatzen dituzte eta zerbitzua hobetzeko langile bat gehiago kontratatzea. Honegatik guztiagatik, ekainaren 3, 4, 10, 11, 17 eta 18an 010 zerbitzua greban egongo da.

Maiatzean izandako 4 greba egunetan ezta hurrengo egunetan, enpresa zein udalak ez du bilerarik deitzeko ahaleginik egin. Beraz, ikusirik enpresa ez udala ez daudela gatazkari irtenbiderik bilatzeko prest, 010eko langileak ekainean beste 6 egunetako greba konbokatu beharrean daude.

Astelehena 3 eta asteartea 4, ekaineko lehen bi greba egunetan, plantilak hurrengo kontzentrazioak deitu ditu:

Ekainak 3
-8:30-9:30, Pablo Alzola
-11:00-13:00. Plaza Venezuela

Ekainak 4
-8:30-9:30, Pablo Alzola
-10:30-11:30, Plaza Venezuela
-11:45-13:00, Plaza Erkoreka San Agustin
 

 

 

Gizarte zerbitzuen ratioak arautzen dituen 1991ko dekretua behingoz aldatzea exijitzen diogu Nafarroako Gobernu berriari

LAB sindikatuak urteak daramatza lanean eta mobilizazioak egiten Nafarroako Gobernuaren gizarte zerbitzuen erabiltzale-langile ratioen dekretua gaurkotu dezaten eskatuz. Orain indarrean dauden ratio altuek langileen osasuna eta zerbitzuaren kalitatea urritzen baitituzte. Hartara, LABek uste du badela garaia gaurkotze horri ekiteko, halaxe eskatu baitzuten 2016an Nafarroako Parlamentuko talde guztiek.

Aspaldiko arazoa da Nafarroan langile eskasia izatea desgaitasunari, adin txikikoei, familiei, hirugarren adinari eta gizarte bazterketari eskaintzen zaizkien zerbitzuetan. Egoera horrek, alde batetik, erabiltzaileen zaintzan eskaintzen den kalitatea urriagoa izatea eragiten du eta, bestetik, langileen osasuna okertzea dakar. Nafarroan, erabiltzaile-langile erlazioa 1991ko 209 Foru Dekretuan arautzen da. Dekretu horrek ia 30 urte dauzka, zaharkiturik dago, eta ahalik eta lasterren eguneratu behar da, agertu diren beharrei erantzunen zaiela berma dadin.

Xede horretan, 2016ko otsailean LAB sindikatuak sektoreko langileen artean sinadurak biltzeari ekin zion. Aste batzuetan 11.258 sinadura bildu zituen eta Nafarroako Gobernuari helarazi genizkion, Dekretua egungo errealitateari egokitu zekion eskatuz.

Ordu hartan ere lan saio bat egin zen Nafarroako Parlamentuan, Gizarte Politiketako Batzordean, eta han talde parlamentario guztiek bat egin zuten agerturiko aldarrikapenekin; eta denek aho batez ebazpen bat atera zuten, Gobernua dekretua gaurkotzera premiatzen zuena. 2017-2018 ikasturtean, enpresetako delegatuekin ahalduntze kanpaina egin zuen LABek, eta mobilizazio baten bidez Nafarroako Jauregiraino eraman zuen aldarrikapena 2018ko ekainaren 14an.

Miguel Laparrak zuzentzen duen Gizarte Eskubideen Departamentuak konpromisoa hartu zuen batzorde parte-hartzaile bat osatzeko foru dekretuaren gaurkotzean ekarpenak egite aldera. Aitzitik, oraindik ez dute batzorde hori eratu. Zain gaude. Eta, horregatik, Nafarroako Gobernu berriari eskatzen diogu lehenbailehen ekin diezaion dekretua aldatzeko prozesuari eta bide horretan berma dezala gizarte eragile guztien parte-hartzea.

LABek argi uzti nahi du lanean segituko duela, mobilizatzen eta aldarrikatzen, zerbitzu sozialetako langileen kopuruak eta artatze denborak handitzeko. Bada garaia erabiltzaile-langile ratioak modu duin batean arautzeko, langileen osasuna eta gizarte zerbitzuen kalitatea hobetze aldera.