2026-02-08
Blog Page 651

Arimak ahoskatzen duen bozka; Uruguain demokraziaren alde eta inpunitatearen kontra

0

Gaur 2019ko Apirilak 11, Uruguayko PIT-CNT sindikatuak FEUU-rekin (Uruguayko unibertsitate ikasleen federazioa) diktadura garaian atxilotu eta desagerturikoen senitartekoen asoziazioarekin, diktadura garaiko preso ohien elkarte den CRYSOL-ekin eta FUCVAN eta ONAJPUrekin batera, Montevideon demokraziaren aldeko eta inpunitatearen kontrako mobilizazio nazional bat deitu dute.

Mobilizazio honen helburua, Uruguaiko armadak eta defentsa ministerioak informazio gorde izana da, armadaren ohorezko epaitegiak ez baitzuen diktadura garaiko delituen inguruko informazio epaitegien esku utzi. Informazio horren arabera Jose Gavazzok Roberto Gomensororen erailketan parte hartze zuzena izan zuen.

Behin berria jakin zuenean, Uruguaiko lehendakaria den Tabaré Vázquezek defentsa ministroa den Jorge Menéndez eta Ministro ordea den Daniel Montielen dimisioak eskatu zituen eta Armadako Komandante buru den José González, Defentsako Estatu Nagusi den Alfredo Erramún eta Gustavo Fajardo Generalaren uko egiteak ere eskatu zituen. Azken hiru pertsona hauek Ohorezko epaitegiko kideak ziren.

Hemen Euskal Herrian ongi aski dakigu diktadura bat pasatzea zer den, eta zein garrantzitsua den memoria historikoaren aldeko borroka eta lana. Milaka eta milaka pertsona izan ziren 1936-1939ko Gerra Zibilean eta 1975eraino luzatu zen diktadura garaian eraildako pertsonak. Ondoren, ustezko demokraziarako trantsizio garai hori armada frankistaren etengabeko mehatxupean egin zen, eta nahiz eta ustezko berradiskidetze nazionala bultzatu bazen ere, inoiz ez zen frankismoaren apurtu eta oinarrian nazioen eta langile klasearen zapalkuntzan jarraipen lerro bat besterik ez zen izan. Apurketarik gabeko trantsizio honen ondorioz, inork ez dugu frankismo garaiko delituengatik ordaindu eta oraindik gaur egun milaka eta milaka dira gure herriko bide bazterretan desagertuta jarraitzen duten pertsonak beraien gorpuak aurkitzeko inolako aukerarik gabe.

Azaldutako guztiagatik LAB sindikatutik gure lagun diren PIT-CNTren bultzaturiko mobilizazio nazionala babesten dugu, eta demokraziaren aldeko eta inpunitatearen kontrako herri aldarria gure egiten dugu; bai Uruguain baita Euskal Herrian eta munduko edozein tokitan.

 

 

 

“Industriako langileak nola egongo lirateke LAB existituko ez balitz?”

0

Industria federazioko delegatuen batzarra egin dugu gaur Burlatako kultur etxean, hauteskunde sindikaletan orain arte lortutako emaitzen balantzea egin eta aurrera begirako erronkak zehazteko. 500 bat lagun bildu gara, gehienak gizonezkoak. Hain zuzen ere, horixe da industria sektoreko egungo errealitatea, eta egoera hori ere irauli nahi dugu, emakumeen kontratazioa sustatzeko proposamenak lantokiz lantoki gauzatuz. LAB borrokarako gaitasuna eta eskaintza sindikala duen sindikatu bat da, eta horixe berretsi dugu batzarrean, industria sektorean egindako lana lekuko. Hala, argi utzi dugu prekarietatearen aurkako borroka lehentasun dugula: “Guztiok bizitza duina eta lan baldintza duinak izan ditzagun borrokatuko dugu”.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Industria federazioko arduradun Eulate Zilonizaurrekoetxeak hartu dute hitza industria federazioko delegatuen batzarrean. Biek Burlatan bildutako delegatuen lana eskertu dute, eta galdera bat utzi dute gogoetarako: “Industriako langileak nola egongo lirateke LAB existituko ez balitz?”.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “hauteskunde sindikaletako epe honetarako finkatutako helburu nagusia bete dugu. Bigarren sindikatu gisa indartu gara, CCOOren aurretik, eta Nafarroan ordezkaritzaren %16 gainditu dugu. Emakumeen ordezkaritzari dagokionez, gure helburua lortzeko bidean gaude, %40ko ordezkaritza izatearena; hots, afiliazio mailan dugun kopuru bera. Sindikatuak handitzeko tartea du oraindik. Industrian, CCOO sindikatutik oso delegatu gutxira gaude, Hego Euskal Herriko bigarren sindikatua izateko bidean”.

LABek lerro sindikal borrokalari, eraginkor eta koherentea duela adierazi du Garbiñe Aranburuk, eta sindikatuaren hazkundearen giltza hor dagoela nabarmendu du: “Hitza eta ekintza gara. Azken urteetan neoliberalismoak bere bidea egin du, langileen zatiketa eta indibidualizazioa bultzatu ditu. Prekarietatea dominazio sistema bat da. Honek guztiak beldurra, ziurgabetasuna eta jarrera kontserbadoreak indartzea dakar. Beti ez da erraza suertatzen gure lerro sindikala defendatzea. Langileen artean, borroka sindikalaren balioa eta garrantzia irabazi behar den posizio bat da, lan ideologiko handia egin behar da, baina delegatuen lanari esker lortzen dugu”.

Gogorrak izan dira azken urteak, 2008ko krisialditik hona eskubide laboral eta sozialen galera handia egon baita: negoziazio kolektiboaren kontrako erasoak eta sektore publikoaren pribatizazio eta merkantilizazioa, besteak beste. Eremu guztietara hedatu da prekarizazio prozesua. Kapitala-bizitza talka gogortu egin da. Hortaz, momentuak hiru ezaugarri izan behar dituen sindikalismo bat eskatzen duela jakinarazi du Garbiñe Aranburuk: borrokarako gaitasuna eta eskaintza sindikala duen sindikalismoa; klase subjektua berregituratzeko sindikalismoa; eta autodeterminazio eskubidea, erabakitzeko eskubidea, oinarri duen sindikalismoa.

Prekarietatea eta lan osasuna
Eulate Zilonizaurrekoetxeak, bere aldetik, industria arloko egoera, lortutako lorpenak eta aurrera begirako erronkak izan ditu hizpide: “Datozen urteetan datozen zapalketa berriei eta eskubide lapurreta guztiei aurre egiteko, ezinbestekoa zaigu lan zentroz lan zentro ongi antolatzea. Hori izan behar da gure lehenengo lehentasuna, eta ez da gutxi. Borroka desprestigiatzen duen sistema honetan, indibidualismoa sustatzen duen Kapitalaren aurrean, guk elkarlanaren eta kolektiboaren aldeko apustua egin behar dugu. LABeko familia indartu eta elkartu, hauteskundeetan hasiz eta afiliazioan igoz, noski, baina baita jada sindikatuan gaudenon artean estrategiaren aldeko indarrak kohesionatuz. Lantegiz lantegi diagnostikoak egin, egoera prekario guztiak identifikatu, lehentasunak adostu eta plangintzak egin”.

Prekarietate egoera desberdinei aurre egiteko planak beharrezkoak dira; sindikatuak lortu du 35 orduko lan astea ezartzea enpresa askotan, edota ETTak debekatzea, behin behinekotasuna mugatzea, azpikontraten egoera hobetu edo azpikontratazioarekin bukatzea. Bide horretan lan egiten jarraituko dugula esan du LABeko Industria federazioko arduradunak.

Lan osasuna ere oso presente izan du bere hitzartzean. Hain justu, inork ez gaituela zainduko guk geuk egiten ez badugu garbi utzi dugu, batzarrean. Patronala irabaziei begira dago eta Instituzioentzat ez da garrantzitsua. Hortaz, prebentzio planak erdigunean kokatu behar dira; istripu bat dagoenean erantzuleak salatu behar dira eta laneko gaixotasunei dagokien tratamendua eman behar zaie.

Burlatan bildutako delegatuei egindako eskertzaren barruan, urte hauetan guztietan egindako lana zoriontzeaz gain, sindikatuak aitortza berezia egin dio erretiroa hartuko duen Marieli Urriolabeitia industria arloko liberatuari. Lore sorta bat jaso du, urte luzez egindako ekarpena eskertzeko.

 

 

 

Santa Zita egoitzako langileek kontzentrazioa egin zuten atzo IDEAren aurrean, hitzarmen duina eskatzeko

San Martin Unxen kokatuta dagoen Santa Zita egoitzako langileek mobilizazioa egin zuten atzo IDEA (Innovación y Desarrollo Asistencial) enpresaren aurrean, Zizur Txikian. Udalak, egoitza kudeatzeko kontratua sinatu du IDEA enpresarekin eta azken honentzat ari da lanean egun egoitzako langileak.

Langileen oharra

Egun, aitzina egiten ez duen negoziazio batean murgilduak gaude. Gure hitzarmen kolektiboa negoziatzeari ekin genion 2018ko ekainean. Ahal dugun guztia egiten ari gara, saiatzen gara lankideak ordezkatzen beharrezkoa suertatzen den bakoitzean; betiere gure aitatxi-amatxiak ongi zainduak egon daitezen ematen dugu guztia.

Negoziazioa aitzinatzen ari zela zirudien arren, batez ere guri esker, hastapeneko plataformaren zati bat murriztu genuelako 2018ko abenduan (ordurako estu samarrak zirenak), enpresak negoziatu nahi zuela zirudien. Gaur egun, ukatu egiten dute adierazia eta berriro zerotik hasten gara. Negoziatzen ari ginela, enpresak ezagutarazi zigun proposamena murriztera eta gogortzera iritsi dira ere. Horretarako argudio ekonomikoak adierazi dizkigute, inoiz ezagutarazi ez diguten egiazko informazioa adieraziz, nahiz eta aldez eta moldez eskatu izan dugun. Ez diote begirune handirik negoziazio mahaian esandakoari!

Langileon egungo egoera honakoa da: Aurten, 2019. urtean alegia, 2012. urteko soldatekin diraugu.

Egoera honelakoa izanik, mobilizazioekin hasi gara gure lan baldintzekiko begirunea eta hitzarmen duina izateko eskubidea eskatuz.

Enpresak bere horretan dirau, gure eskariei entzungor eginez . Horrela negoziazioa atzeratzen ari da , eta gure proposamenei erantzuten ez zaienez, geure buruak behartuak sentitzen ditugu gure hitzarmenaren alde urrats berriak egin ditzagun. Horrexegatik elkartu ginen atzo , IDEAk Zizurren dituen bulego aitzinean. Ez dugu etsiko lan baldintzak hobetzeko ahaleginean, eta horrela, behin betikoz sina dezagun hitzarmen duina San Martin Unxeko Santa Zitako langileentzat. Berehala negoziatu nahi dugu!  

 

 

Modu positiboan baloratzen dugu Larrialdietako baldintzen gainean eskuratu dugun akordioa Osakidetzako mahai sektorialean

0
Osakidetzako mahai sektorialeko bilera, EPEaren eskanduluagatiko dimisioek sortutako zuzendaritza berriak deitzen duen bigarrena alegia, lortutako Larrialdien arloko akordioak markatu du. Akordio honetan arlo horretako langileen oinarrizko aldarrikapen batzuk jasotzen dira.

Azpimarratu nahi dugu urte eta erdiko borrokak eta mobilizazioak izan direla Osakidetza negoziatzera eta aspaldi aldarrikatu ditugun eskaera batzuk onartzera behartu dutenak.

Argi gelditu da borondate politiko pixkat baino ez dela behar edukiz betetako akordioak eskuratzeko. Era berean, Osakidetzaren jarrera salatu nahi dugu, aspaldi konpontzerik zegoen gatazka hau denboran luzararazi duelako.

Gaurko akordioa garrantzitsua da, Larrialdietako langileen lan-baldintzak hobetzen dituelako, eta, ondorioz, zerbitzuaren kalitatea ere bai. Hala ere, argi utzi nahi dugu akordioak ez dituela barnebiltzen LABek aldarrikatzen dituen puntu guztiak, eta denak lortu arte, borrokan jarraituko dugula.

 

 

 

Egogain helduen egoitzako langileen borrokak aurrera darrai

Eibarko Egogain helduen egoitzako langileak borrokan daude, kalitatezko zerbitzu publikoen defentsan eta murrizketa, pribatizazio eta arduragabekeriaren aurka. Gaur Borroka Eguna egin dute hainbat jarduerekin. Era berean, euren gatazkaren berri eman dute egunean zehar egindako protesten bitartez.


 

 

 

Ikor enpresako langileek elkarretaratzea egin dute Zuatzun, lantegiaren aurrean, kaleratzeak salatzeko

0

Ikor Sistemas Electronicos eta Ikor Tecnology-eko langileak joan den ostiralaz geroztik ari dira egunero mobilizatzen, 10:00etan eta 18:00etan, lantokiaren aurrean. Azken asteotan emandako hainbat aldaketa eta gertatutako lau kaleratze salatzeko erabaki dute protesta egitea, eta horrela jarraituko dute ostirala arte gutxienez.
 

 

 

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek beste zazpi greba egun egingo dituzte

Apirilaren 16 eta 17 eta maiatzaren 13, 14, 15, 16 eta 17. Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek egun hauetan egingo dituzte grebak, LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok deituta.

Soldatak 7 urtez izozturik, 4 urtez hitzarmena berritu gabe, eta mobilizazioetan hasi ginenetik 2 urte igaro dira, eta urtebete lanuzteak egiten hasi geroztik. Hala ere, sektore honetako sindikatuok 7 greba-egun gehiagorako deialdia egin beharrez gaude, orain arte egindako 26 greba-egunei gehitzekoak.

Argi dago Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzaren gatazka ito-puntuan dagoela. Patronalek ez dute borondaterik langileen lan-baldintzak duintzeko; aldiz, badute asmoa etekin itzelak irabazten jarraitzeko, diru publikoaren kontura. Horiek dira, beraz, udalekin batera, egoera honen errudun nagusiak.

Erakunde publikoei, batez ere udalei, dagokie zerbitzu horren ardura; baina zuzeneko erantzukizun hori gainetik astindu nahi dute. Behin martxoaren 8a igarota, erakunde-aldarrikapenak ahanzten zaizkie, antza. Orduan honelako salaketak adierazten zituzten: "emakumeen lan-prekarietatea eta pobrezia", eta "zainketa-lanak politika publikoen erdigunean" jarriko zituztela zioten.

Etxez Etxeko Laguntza berebiziko esparrua da horrelako asmoak gauzatzeko, baina orain arte ez dute zirkinik ere egin norabide horretan: prestazio-orduak urterik urte gutxitzen dira, eta profesionalen lan-baldintzak hondatuz doaz, eta udalek ez dute konponbiderik bilatzen.

Negoziazio-mahaiaren azken bileran, iazko urrikoan, sindikatuok oinarrizko puntu batzuk ezarri genituen negoziazioa ito-puntutik ateratzeko: inaplikazio-klausulak, malgutasuna eta mugikortasun geografiko eta funtzionala; 18 artikulua kentzeak aukera ematen du lanaldien malgutasuna muturreraino eramateko; gaixotasunen edo lan-istripuen %100eko osagarritik gaur egun salbuetsita dauden kasuak ez salbuestea (in itinere istripuak, lunbalgiak…) eta KPItik gorako soldata-igoerak 2016, 2017, 2018 eta 2019. urteetarako, galdutako eros-ahalmena berreskuratuz joateko.

Patronalek oinarrizko eskakizun horiek guztiak baztertu zituzten, eta lan-baldintzak are gehiago okertzen tematu ziren: malgutasun handiagoa (orain ere norberaren eta lanaren bizitzak kontziliatzea ia ezinezkoa da), lan-osasun eta segurtasunaren neurririk ez hartzea (gaur egun hutsaren hurrengo dira, oso beharrezkoak izan arren), eta eros-ahalmen galduz jarraitzea. Haien eskaintza prekarietate gehiagokoa da.

Horregatik guztiagatik, sindikatuok ez dugu beste irtenbiderik izan greba-egun gehiagorako deitzea baino. eta apirilaren 16 eta 17a eta maiatzaren 13, 14, 15, 16 eta 17a izango dira. 1.500 langile baino gehiago duen eta 8.000 menpeko pertsona artatzen dituen zerbitzu honen alde, langileok kaleak berriro beteko ditugu.
 

 

 

KSS Orkoien lantegian ez dago inor soberan

0
KSS-ek iragarritako enpresa itxieraren aurrean, LAB sindikatuak, argi adierazi nahi du Orkoienen ez dagoela inor soberan eta kaleratze horien aurrean multinazionalak duen erantzunkizuna salatu nahi du.

Kayaba multinazionalak Orkoiengo lantokia 2021ean itxiko duela iragarri berri du eta bertan lan egiten duten 130 langileak kaleratuko dituela. LAB sindikatuaren ustez ez dago inolako arrazoirik inor kale gorrian uzteko, multinazionalaren betebeharra langileei lana ematea delako.

Enpresak ez du bere konpromisorik bete Orkoiengo lantokirako industria plan bat aurkeztearen harira. Hortaz, enpresak ezin du bere erantzukizuna saihestu eta 130 familia kale gorrian utzi, are gutxiago multinazionalak irabazi handiak dituen bitartean. LAB sindikatuak, Kybsen lehen indar eta KAMS-en bigarren indar den heinean, ongi hartuko ditu gogoan multinazionalak KSS-ko industria planari dagokionez agertutako arduragabekeria eta zintzotasun falta.

Hau guztia dela eta, multinazionalari erantzukizuna bere gain hartzea eta inor ez kaleratzea exijitzen diogu. Nafarroako gobernuari ere inplikazioa eskatzen diogu eta multinazionalari presioa egin diezaiola kaleratzeak eman ez daitezen.
 

 

 

Remolcadores Ibaizabal enpresaren aurrean mobilizatuko gara ostiralean, azken lan heriotza salatzeko

Apirilaren 8an Remolcadores Ibaizabaleko langile bat hil zen bere lanpostuan. Heriotza honen aurrean, euskal gehiengo sindikalak kontzentrazioa egingo du enpresa aurrean, ostiralean, 9:30ean.