2026-04-29
Blog Page 648

ADEGI mahaitik altxatu da, Gipuzkoako papergintza grebara behartuz

0

Gaur, ekainak 17, mahai negoziatzailearen azken bilera izan dugu. Gure ustetan bilera determinantea izan behar zuena iruzur bilera bat bihurtu da. Patronalak ez du fitxarik mugitu eta ez du inongo proposamen berririk mahai gainean jarri, gainera, alde soziala egin du errudun blokeo egoera honetaz.

Diskurtso antzu honen aurrean, sindikatuok mahaia desblokeatu, negoziatzen jarraitzeko eta akordio bat posible egiteko asmoarekin ADEGiri proposamen berri bat egin diogu, proposamen garrantzitsu bat non soldatetan proposamen berri bat luzatu dugun (KPI+%2) eta lizentzietan ere gure plataforma mugitu dugu, kontuan izanda guretzat oso puntu garrantzitsuak direla.

ADEGIren erantzuna, lotsagarria benetan, ez dela nahikoa eta honen aurrean mahaitik altxatzea erabaki dute, beraien negoziatzeko borondate eza argi eta garbi erakutsiaz.

ADEGIri ez zaio axola langileek zer adierazi dugun, jakinarazi diegu langileok bozkatu dugula euren proposamena ez dela nahikoa eta, hori dela eta, beste proposamen berri bat ekartzea eskatu diegu. Baina ADEGIk muzin egin dio asanbladak erabaki duenari eta negoziaketak bertan behera utzi ditu.

Grebaren aldeko bozkak nagusitu dira lantokietan eta alde handiaz gainera. Sektoreko langileok ozen eta argi hitz egin dugu. Akordio justu bat nahi dugu. ADEGIren proposamenak ez dio sektoreko egoera onari erantzuten. Azken urte hauetan sektoreko enpresek irabazi handiak izan dituzte, 2016 eta 2017an 61 miloi euroko irabaziak aitortu zituzten. Beraz, ADEGIk bere eskaintza hobetzeko tartea badu.

Grebara goaz ADEGIk hala erabaki duelako, ez duelako negoziatu nahi, ez duelako akordio justurik nahi, ez duelako aberastasuna banatu nahi. Ez digute ezer oparituko eta erakusten ari dira. Borrokaren bitartez lortuko dugu gure lan baldintzak hobetzea eta hitzarmen duin bat. Langile guztioi dei egiten diegu grebarekin bat egiteko eta antolatutako mobilizazioetan parte har dezaten. Denon artean lortuko dugu.

Ekainaren 19, 20, 26 eta 27an eta uztailaren 3, 4, 10 eta 11rako daude grebak deituta. Lehen greba egunean, ekainaren 19an, manifestazioa egingo dute 12:00etan Hernaniko Zinkoeneatik abiatuta.
 

 

 

FVEMek ez du beste aukerarik uzten: Bizkaiko metalgintzaren etorkizuna jokoan dago eta borroka da bide bakarra

0

Gaur egin da Bizkaiko metalgintzako negoziazio mahaiaren 21. bilera. Beste behin, patronalak guztiz eznahikoa den proposamena ekarri du sindikatuokin akordioa lortzeko. FVEMen jarraitu egiten du bere proposamenean 2018. urtea sartu gabe, ez du benetako soldata igoerarik planteatu, uko egiten dio subrogazioari buruz hitz egiteari, uko egiten dio aldi-baterakotasuna eta ABLEei mugak jartzeari, uko egiten dio lanaldi murrizketei buruz hitz egiteari.

Sindikatuok egindako planteamenduari, genero berdintasun eta lan-osasunari dagokionez sindikatuok egindako planteamenduak ere erantzunik gabe jarraitzen du eta tematuta dago bere planteamendu erregresiboetan. Soldata tauletan hobekuntza planteatzera mugatu da, mahaian presente gauden sindikatuok defendatzen dugunetik urruti.

Egindako hiru greba egun eta aste honetarako deitutako beste bi greba egunen aurrean, patronalaren jarrera erabateko probokazioa eta sektoreko langile guztiontzako iseka bat da. Enplegu sorrerari buruz hitz egiten dute baina enpleguak prekarioa izaten jarraitzea nah dute, lortutako irabaziei buruz hitz egiten dute eta uko egiten diote hauek banatzeari, apur batzuk sektoreko langileak erosi ahal dituztela pentsatuz.

Egindako hiru greba egunetan sektoreko langileek oso argi utzi dute hitzarmen eta bizi duina lan dutela eta horretarako gelditu dituzte lantegiak eta kalera atera dira. Sektoreko langileek eredugarria den duintasuna eta batasuna erakutsi dute eta batez ere, Bizkaiko metalgintzako hitzarmen duina lortzeko euren determinazio tinkoa erakutsi dute.

FVEMek ez ditu beste aukerarik uzten. Uste baldin badu sektoreko langileek amore emango dutela soldata igoera huts baten truke, oso oker dago eta horrela erakutsiko dute sektoreko langileek ekainaren 20 eta 21ean. Sektorearen etorkizuna jokoan dago eta borroka da bide bakarra.
 

 

 

Ekainaren 22ko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du G7 EZ! plataformak

0

G7 EZ! plataformak agerraldia egin du Bilbon, datozen asteotan etorriko diren protesta eta mobilizazioen berri emateko; larunbatean, ekainaren 22an, esaterako, kalejirak egingo dituzte Bilbon eta Gasteizen, goizez; eta Donostian manifestazioa egingo dute, arratsaldez.

Abuztuaren 24, 25 eta 26an G7aren gailurra egingo dute Biarritzen, Lapurdin. Estatu Batuak, Kanada, Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Italia eta Japonia dira G7a osatzen duten herrialdeak, mendebaldeko blokeko herrialderik boteretsuenak, alegia. G7 ez!plataformatik beste mundu bat posible dela pentsatzen duten pertsona guztiei goi bilkura honen kontra mobilizatzeko deia luzatu diete. Plataforma hau, hain justu, G7ak inplementatzen dituen politiken kontra dauden eragile sozial, sindikal eta politiko ezberdinek osatzen dute; LABek, barne.
 

 

 

Lehen Arretako benetako arazoak serio hartzeko exijitu diogu Osakidetzari

0

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok greba eguna egin dugu Osakidetzako Lehen Arretan, zerbitzu sendo, eraginkor eta iraunkor baten alde. Gasteizen egindako mobilizazio nagusian nabarmendu bezala, Osakidetzaren jarrera ez bada guztiz aldatzen, greba egun gehiago etorriko da. Izan ere, Osakidetzak bere erantzukizuna onartu behar du eta Lehen Arreta hobetzeko plana zein egutegia jarri behar ditu mahai gainean. Gure ustez, ez da serioa egunez egun txarrera egiten duen egoerari partxeak ipintzen ibiltzea. Lehen Arretakoa ez da lan gatazka hutsa; jendarte osoarentzat oinarrizko osasun zerbitzu baten hobekuntzaz ari gara. Beraz, Osakidetzak azaldu beharko dio euskal jendarteari zergatik ez duen nahi kalitatezko Lehen Arreta. Hala salatu genuen ostiralean, Mahai Sektorialaren bileran.
 

 

 

Zaintza eskubidea dela, ez negozioa, aldarrikatu dugu Bizkaiko Aldundiaren aurrean

Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean mobilizatu gara berriro, behingoz zaintzaren negozioarekin amai dadin eskatu eta herritarren duintasuna, osasuna eta bizitza-kalitateak politiken erdigunean egotea eskatuz.

Pasa den maiatzaren 21ean beste mobilizazio bat egin genuen Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, helduen egoitzen titularra dena, hauen kudeaketa pribatizatu duela salatzeko.

Egun, egoitza gehienak kudeaketa pribatukoak dira eta erabiltzaileei asko kostatu arren hauetara sartzea, nabarmena da zerbitzuaren kalitatea eta langileen lan-osasuna okertzen ari dela zerbitzuaren pribatizazioarekin. Hala ere, zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresek irabazi ekonomikoak ateratzen dituzte egoera honetatik. Irabazi enpresarial bilakatzen da diru publikoa.

Bilboko egoitzetan exijtutako ratioa dago sektoreko langileen osasun faltaren, erabiltzaileentzako arreta-kalitate eznahikoa, langileen lan-baldintzen prekarizazioa eta enpresa kudeatzaileek irabazi ekonomikoak euren egoitzetako langile faltaren kontura ateratzearen jatorrian.

LABek urteak daramatza helduen egoitzetan eta zerbitzu sozialetan dauden ratioak guztiz eznahikoak direla. Pasa den ekainaren 11an berriro egon ginen Gasteizko Parlamentuko Herritarren Parte-hartzerako Batzordean adierazteko instituzioen ardurgabezia, araudi egokiaren falta eta enpresa pribatuen kudeaketak bat egiten dute enpleguaren prekarizazioan, eta honetan garrantzi berezia du langileen faltak faktore nagusi bezala.

LABek egoitzetan dituen atal sindikaletatik bilera eskatu dugu Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailearekin eta behar den leku guztietara joango gara zerbitzuaren titularrei eta eragile politiko eta sozialei esateko, egoitzetan arretarako kalitatea egon dadin, guztiz beharrezkoa dela honako urratsak ematea.

1.- Zerbitzua publifikatzea, zerbitzu egoki, unibertsal eta doakoa izan dadin, horrela diru publikoak irabazi enpresarialetara soilik bideratzea ekidingo da.

2.- Ratioen lege bat bermatzea egoitzetan egin den lanaren garrantzirako egokia, sektoreko langileen osasuna babestu eta bermatuz. Horretarako, ezinbestekoa da sektoreko langileekin kontatzea, bereziki gerokultoreekin, sektorean gehiengoa direnak.

 

 

 

Etxeko langileen lehen hitzarmen kolektiboa osatzeko proposamena egin dugu, Familia Etxeko Zerbitzuaren sektorearen lan-baldintzak arautzeko

LABek bizitza bere jardueraren erdigunean kokatzea erabaki zuen bere 9. Biltzar Nagusian, gatazka nagusia bizitza eta kapitalaren artekoa dela azpimarratuz. Honek zaintza lanen balioa aitortu eta defendatzea dakar berarekin. Langile klasearen subjektuaren berrosaketaren bidean, sindikatuak tresna izan behar du etxeko langileentzat. Hala, sindikatuak gai honen inguruan egindako ibilbidearen eta ematera goazen urratsaren berri eman du gaur, Garbiñe Aranburu idazkari nagusi, Oskar de los Bueis Soziokomunitarioko arduraduna eta Idazkaritza Feministako kide Arantxa Vazquezen eskutik.

LAB egunero ari da bizitzaren esparru guztietara zabaldu den prekarietatea gelditzen, bizitza bera eta bere iraunkortasuna erdigunean jarriko duen bestelako eredu ekonomikoaren alde. Bizitzaren sustengarritasuna erdigunean jartzeaz hitz egiten dugunean, lan guztien aitortzaz ari gara, bereziki zaintza lanetaz eta baita lan erreproduktiboari, produktiboa beste haintzat hartzea eta azken honi ematen zaion besteko balio sozial berdina ematea.

Premiazkoa da zaintza ereduaren inguruko eztabaida sozial eta politikoa zabaltzea, honako kontuen inguruan: zer ulertzen dugun zaintza moduan, nork egin behar dituen zaintza lanok eta zein baldintzetan, nola finantzatuko diren, etab. Baina badira eztabaida honen zain egon ezin diren langileak, eta hemen aipa ditzakegu etxeko langileak. Euren prekarietate egoera, askotan erdi-esklabutzakoa dena, onartezina da maila sozial, politiko zein sindikalean.

Sindikatuak, langile guztientzako bizitza duina bermatzeko egiten dugu borrokan. LABen bokazioa langile-klase osoaren zerbitzurako tresna izatea da, baita etxeko langileena ere. Azken hilabeteotan hainbat harreman egin dugu etxeko langileen elkarteekin eta langile kolektibo honen prekarietate eta babesgabetasun egoera baieztatu eta konpartitzera eramaten gaitu eta honek, euren lan-baldintzak arautzearen aldeko borrokara ekartzen gaitu.

LABek bere ekarpena egin nahi du borroka honetan, sindikatu baliagarria izan nahi du langileen kolektibo honentzat. Helburu horren alde lanean ari gara buru belarri eta txosten juridiko bat egin dugu dauden aukera ezberdinak aztertzeko.

Gure proposamena da Familia Etxeko Zerbitzuaren sektorearen lan-baldintzak arautuko dituen lehen Hitzarmen Kolektiboa osatzea.

Erregimen berezia
Etxeko langileen kolektiboa erregimen berezi baten barruan dago eta ez dauka ordezkaritza sindikalik, baina LABek ordezkaritza handiena duen sindikatu moduan zilegitasuna du langile hauentzako hitzarmen kolektiboaren negoziazio prozesua zabaltzeko.

Negoziazio mahai hau EAEn ordezkaritza handiena duten lau sindikatuek osatua egon daiteke. Patronalari dagokionez eta arrazoi berdinarengatik, CONFEBASK da ezaugarri hauetako hitzarmen bat negoziatzeko zilegitasuna duena.

Etxeko langileen elkarteek negoziazio batzordean parte har dezakete aholkulari moduan. Horrela, bermatu egiten da entitate hauek, langile hauen eskarian ondoren ezagutzen dituztenak, negoziazioan presente egotea.

Familia-Etxeko Zerbitzuaren Sektoreko lan-baldintzak arautuko dituen mahai negoziatzailerako dei egitea LABena da. Baina gure ideia da proposamen hau beste sindikatuekin batera lantzea. Eta baita etxeko langileen elkarteekin ere, aldarrikapen taula bat adosteko eta prozesu honen parte aktiboa izan daitezen.

Lehen mailako arazo politikoa da emakumeek jasaten duten diskriminazio eta esplotazioa. Eta instituzioek, zerbait egin behar dute honen aurrean, horregatik exijiten diogu Jaurlaritzari hitzarmen honen negoziazioa susta dezan.

Momentuz, EAEn egingo dugun ekimena da, Nafarroan ez baitugu ordezkaritza handiena duen sindikatuaren maila.

 

 

 

Nekane Murga kontseilariak Osakidetzan mundu guztiak ezagutzen duena ezeztatzen jarraitzen du, hau da, azterketen filtrazioak praktika arrunta dela osasun zerbitzu publikoan

0
Nekane Murga kontseilariak ezeztatu egin du gaur Eusko Legebiltzarrean inongo azterketa filtrazioren berri daukanik edo izan duenik, Osakidetzako iruzurraren ikerketako lekuko batek baieztatu zuen bezala. Kontseilaria ez da oso leku onean geratzen adierazpen hauekin, oso sinesgaitza delako Osakidetzako edozein zentrotan vox populi denaz berak ezer ez jakitea. Egia onartu eta errealitate hau aldatzeko konprometitu beharrean, modu traketsean errealitatea ezeztatzeko bidetik jo du.

LABen iritziz, filtrazioen kontua Osakidetzak ezeztatzen jarraitzen duen oinarrizkoa arazo bat da. Ukazio fasetik onartzera pasatu behar da, EPE eta kontratazio eredu berri batera heldu ahal izateko, gaur egun %40 behin-behinekoa den plantilla egokitzeko eta jendartearen beharrak asetzen dituen kalitatezko osasun sistema publiko eta demokratikoa sendotzeko.

Eskandalu honen aurrean, Osakidetzak eman dituen urrats guztien helburua informazioa ezkutatzea izan da, eta salaketak egin ditugunon kontra jotzea. Azken finean, Murga “ukazio moduan” eta gertatu dena argitzeko laguntzen ez duten Gobernu eta Osakidetzaren aurpegia baino ez da. Gobernu bat gai izan dena Fiskaltzari ez pasatzeko zeukan informazio guztia, horrek eskatu zion bezala, eta erabaki duena zer den garrantzitsua eta zer ez; Gobernu bat Erkoreak berak esandakoa esatera ausartzen dena: ez dela dokumentaziorik “desagerrarazi” ustelkeria beste kasu batzuetan gertatu bezala. Epaileak dokumentazio osoa berriro eskatu behar izatea lotsagarria da. Zentzu honetan, LABek eskatuko dio epaileari salatu ditugun 19 kategoria guztietako izangaien jatorrizko azterketak erreklama diezazkion Osakidetzari, aditu-froga independentea egin ahal izateko.

Murga kontseilariak, gaurko adierazpen sinesgaitzen gainetik, bere esku dauka oraindik inflexio-puntua egitea eta eskandalagarria den egoera honekin amaitzea, baina, ukaezina dena ezeztatzen jarraitzen badu, eta gauzak dauden bezala mantentzen, lortuko duen gauza bakarra iraungita dagoen eta ia inork babesten ez duen sistemaren agonia luzatzea baino ez da izango.

LAB sindikatutik, Herri Akusazio bezala, gertatu dena argitzearen alde jarraituko dugu lanean, inpunitatearekin amaitzeko eta berdintasun, meritu eta ahalmenaren printzipioetan oinarritzen den kontratazio eta EPE eredua lortu ahal izateko.

 

 

 

Oarsoaldeko langileek aldaketaren aldeko apustua egin dute

0

Oarsobidasoako enpresetako LABeko hainbat ordezkari bildu dira, hauteskunde sindikalen kurtsoaren azkenetan gauden honetan. Hain zuzen ere, eskualdean utzi duten argazkiaren berri emateko egin dute agerraldia. "Harro esan dezakegu, Oarsoaldeko langileok aldaketaren aldeko bozka eman dutela. Sindikalki lau udaletan LABek du gehiengoa, eta politikoki ezker subiranismoa da garaile. Hau balioan jarri eta langileon mesedetara jartzea tokatzen da orain", adierazi dute.

Hauxe da agerraldian egindako hitzartzea:

Gaur hemen, Oarsobidasoako enpresetako LABeko ordezkari batzuk bildu gara. Hauteskunde sindikalen kurtsoaren azkenetan gaude eta horiek eskualdean utzi duten argazkiaren berri emateko agertzen gara.

Langileontzat ez direla garai onenak behin eta berriz entzuten ari gara ahots ezberdinetatik, baina gaur langileok esateko duguna entzunarazi nahi dugu.

Kapitalismoa eta bizitzaren arteko talka bortitza bizitzen ari gara. Ikusi dugu azken urteetan nola sakondu duten inboluzioa sozial, patriarkal eta nazionalean, elite ekonomikoen mesedeetako demokraziaren galeran.

Langileok eskubiderik gabe otzan nahi gaituzte, eta, horretarako, erreformaz erreforma, zentralismoan sakontzen dabiltza estatu menperatzailea. Euskal langileoi prekarietatera kondenatu nahi gaituzte, gure negoziazio eremua lapurtu, emakumea bigarren mailan kokatu…

LABetik “bizitzak erdigunera” aldarrikatu dugu, bazterrak zentrora ekarriz, bizitza sostengatzen duten lanen aitortza exigituz, Euskal Herriaren erabakitze eskubidea galdatu. Finean eredu aldaketaren alde egin dugu lantokietan eta kalean, eskaera konkretuekin: 1200 euroko soldata, 35 orduko jarduna, diskriminazio ororekin bukatzea, lanetik etxera bizirik itzultzea eta gure erabakiak guk hartzeko marko propioa.

Eta horixe da eskualdeko langileok bozkatu duguna. Oarsoaldean, LAB sindikatua lehen indarra da eskualdeko ordezkaritzaren %37,55arekin. Zorionak eta bejondeizuela! Hau txikitasunetik handitasunera egindako lanaren emaitza da, isilean eta lantokiz lantoki garatutako ekintza sindikalaren emaitza.

Ordezkarien lana ez da lan makala. Lantokiko gatazkak kudeatu behar dituzte, nagusikeriei aurre egin, prekarietatearen kontrako neurriak proposatu, soldata arrakalarekin bukatzeko proposamenak garatu, hitzarmenak borrokatu… baina lau urte hauetan egindako lanak bere emaitzak eman dituela esan dezakegu. LAB indartutra atera da hauteskunde hauetatik.

Epealdi honek, gainera, hauteskunde politikoen zikloarekin egin du bat. Harro esan dezakegu, Oarsoaldeko langileok aldaketaren aldeko bozka eman dugula. Sindikalki lau udaletxeetan LABek du gehiengoa, eta politikoki ezker subiranismoa da garaile. Hau balioan jarri eta langileon mesedetara jartzea tokatzen da orain.

Guk eredu publiko berri bat aldarrikatzen dugu, komunitarioa, herriarekin eta langileokin landutakoa. Horrek ezinbestean, zerbitzu publikoen garapenean sakontzea eskatzen du, pribatizazioekin bukatzea, zaintza lanak balioan jartzea.

Erresistentziatik harago, eraikuntzara igarotzeko baldintzak daude. Sistema bidegabe honi hortzak erakutsi eta eraldaketa sozialaren alde indarrak biltzeko garaia da. Klase ikuspegi feminista batetik antolatuz, eta herri ikuspegitik eraginez.

Premiazkoa da langileon ahotsa entzun eta hitza ematea. Gure lan baldintzak hemen negoziatu nahi ditugu, prekarietatearekin amaitu behar dugu, arrakala erabaki politikotzat hartu eta aldaketa estrukturalak behar ditugu, guk sortzen dugun ondasuna berbanatu behar dugu.

Datozen urtean hor jarriko ditugu indarrak, langileon bizitzak erdigunera ekartzeko prozesuan, Euskal Herriak erabakitzeko prozesuan, baita preso eta iheslariak etxeratzeko prozesuan ere.

Kolektibotasunak ematen digun indarretik erabaki eta eraiki nahi dugu bestelako Euskal Herria, elite ekonomikoen eskutik datorren inboluzioaren aurrean beste ortzimuga bat irekitzeko, sinergia berriak landuz.

Gora LAB sozialista independentista eta feminista!

 

 

 

Gasteizko Gobernuko Hezkuntza Saileko sukaldari eta garbitzaileen kolektiboan ordezkapenak ez betetzeak eragiten duen egoera salatu dugu

LABetik argi dugu ordezkapenak ez betetzearen arazoa Hezkuntza Sailak ez duela pairatzen, sukaldariek eta garbitzaileek baizik. Bitartean, Hezkuntza Sailak duen gaitasun eza pairatu behar da ikastetxeetan, urterik urtera irtenbide egokia bilatu barik daudenean. Honengatik, LABek langile hauek eta ikastetxeek egunetik egunera bizi duten egoera lazgarria salatzen du, eta neurriak eta irtenbideak exijitzen ditu.

Gasteizko Gobernuko Hezkuntza Saileko sukaldari eta garbitzaileen kolektiboan, 2015ean zerrendak zabaldu ziren, behin-behineko ordezkapenak betetzeko ikastetxe publikoetako sukalde eta garbiketan; zerrenda hauetan ehunkada pertsonek izena eman zuten.

Gaur egun, aurretik aipatutako zerrendak zabaldu ostean, ordezkapenek bete gabe jarraitzen dute; are gehiago, egun, egoera larriagoa da. Badaude sukaldeak, 6 langiletik, 2 lanean daudenak eta 4ren ordezkoak ez direnak izendatu.

Arazo hau ziklikoa da, Marmotaren Eguna dirudi, beti antzeko egoera ematen da eta ez dute irtenbiderik bilatzen.

Ordezkapenen kontratazio-beharrak betetzeko erabiltzen den sisteman akatsak daude, bestela ez da normala 2011tik arazo hauekin jarraitzea. Arazo hauek bideratzen ez diren bitartean, ikastetxeetako lan erritmoak hankaz gora jartzen dira, ratioak oso altuak dira, protokoloak ezin dira bete eta zerbitzuko kalitatea okertzen da zeharo. Horrela salatu dute ere hainbat ikastetxeetako guraso elkarteek.