2026-04-29
Blog Page 645

Berriro ere lehen indarra gara Bizkaiko Foru Aldundian, funtzionario zein laboraletan

Gaur ekainaren 20an, egin dira hauteskunde sindikalak Bizkaiko Foru Aldundian eta Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundean (GUFE). LAB indar da, berriro ere, sindikatu bozkatuena bai funtzionarioetan (587 botoeta 10 delegaturekin) eta baita lan itunpeko langileen artean ere (298 boto eta 8 delegaturekin). Horrela, 18 delegatu eskuratu ditu LABek guztira.

Lehen–lehenik funtzionarioek eta lan itunpeko langileek data berean bozkatu izana ospatu nahi dugu, izan ere, azkenengo hauteskunde prozesuetan data ezberdinetan bozkatu behar izan baitute, eta gure ustez, elkarrekin bozkatu izana langileen batasunean urrats handia da.

Bestetik, aintzat hartu beharreko eta gure burua zoriontzeko beste datu bat dugu, parte hartzea igo egin dela aurreko hauteskundeekin alderatuta.

Azkenik, LABen emaitza onak azpimarratu nahi ditugu. Sindikatu bozkatuena gara berriro ere nahiz eta hiru delegatu jaitsi. Langile funtzionarioetan %38,77ko ordezkaritza daukagu eta lan-itunpekoetan % 34,29koa. Honek argi erakusten du langileok LABen eta bere delegatuengan duten konfiantza.

Gure ustez, emaitza hauek zerbitzu publiko eta bere langileen defentsan egindako lanari emandako babesa dira –azken urteotan murrizketak atzera bota eta berreskurapenean nagusiki zentratua- ; emaitzok borroka feminista, Euskaraldia edo pentsioen alde borroka egiten duen sindikalgintza ereduari emandako babesa ere badirela ulertzen dugu; eta azkenik, langile guztiengandik -zuzenean zein azpikontraten bidez kontratatutako langileak- gertu dagoen sindikalgintza ereduari emandako babes ere ulertzen ditugu.
 

 

 

LABen ustez iruzurra eta porrota dira nafar guztien diruaz Lurraldeko Prebentzio-Ordezkariaren irudia berriz ezartzea

Ez dugu ebaluatuko zein irrigarria suertatzen den kanpaina bati, patronalak, “Lurraldeko Prebentzio-Ordezkaria, laneko arriskuen aurkako txertoa” izenarekin izendatzea, CENek erabaki duenean, laneko prekaritatea ezarri behar dela ahalik eta irabazien handienak lortzeko. LAB sindikatuak egiazko iruzurtzat jotzen du berriro ezarri behar izana Lurraldeko Prebentzio-Ordezkariaren irudia, nafar guztien diruarekin.

Gaur egun askoz ere hobeki ulertzen dugu zertan datzan CENen jarrera politikoa, ukatu zenean Lan Osasunaren Nafarroako Kontseiluaren esparruan lanbide arteko akordioa sinatzera, egiazki eta eraginkortasunez alor publikoan diharduten langileei zereginez horni zitezen. Ez diete egiazko konponbiderik eman nahi prekaritateari, laneko arriskuei eta enpresetan ematen diren lanbide gaixotasunei, haien eraginez, langileoi ez dagokigulako eskubiderik bizirik itzultzeko gure etxeetara.

UGT eta CCOO sindikatuek erdietsi duten akordio honekin, berriro men egiten diete patronalaren interesei, urte luzez xedetan porrot egin duen irudi baten bidez, CENen prekaritate politika zalantzan paratzen ez duelako, eta egiten duen bakarra, sindikatu horien eta patronalaren egiturak diru publikoaz finantzatzea denean.

LAB sindikatuak tamalgarria deritza, Erregimenaren berezkoa zen Nafarroako Gobernuak aipatu irudia 400.000 €rekin finantzatu beharrari, langile nafarren bizitza eta osasuna babesten ez duen eredu baten alde, bai ordea CEN, UGT eta CCOOren interes korporatiboak, egiten duelako.

Alternatiba
LAB sindikatuak betidanik aldarrikatu du Nafarroako Gobernuak baliabide publiko guztiak eta behar beste neurriak paratu behar dituela prekaritateari, ezbehar-kopuruari eta enpresetan suertatu ohi diren laneko gaixotasunei aurre egiteko. Horretan, hari dagozkion eskuduntzak, baita Nafarroako lehentasunak ere, babestu eta aldarrikatu behar ditu. Honen harira, eskatzen dugu gainbegiratu eta ikuska dezala Nafarroako Osasun-publiko eta Lan-osasunaren Institutuak, jende prestatuekin. Aholkua eman ez ezik, zigortzeko eskumena izan beharko lukete ere.

Jarrera hau berretsi da Administrazioarekiko Auzien 4 zenbakiko Epaitegi Zentralak igorri zuen 131/2018 epaiarekin, zeinak aztertzen duen Nafarroako Gobernuak “Laneko Arriskuak Prebentziorako Estatu mailako Fundazioaren Patronatuak, FSP, 2017ko uztailaren 21ean lotu akordioari, non honen bidez sektoreen arteko egintzak egiteko esleitu diru-laguntzak deitzen diren 2017. urterako eta laneko arriskuak prebenitzeko esparruan” egin inpugnazioa, besteak beste, UGTri, CCOOri eta CEN-rentzat gordeak.

Aipatu epaiak baieztatzen du Nafarroako eskuduntzak, laneko arriskuen prebentzioan. Eskuduntzen gai honek, noski, garrantzia du Nafarroan, estatalizazioa eta ekonomia baliabideak mugatzen dituelako esparru honetan, hots, segurtasun eta lan osasun gaian eta hortaz, diru-laguntzen esparruan, laneko legeria betearazten dela (aipatu eskuduntzaren betearaztean argiki sartzen dena).

Adibide honetara mugatzen den sententzia aurrekari garrantzitsua da gai honetan, zentralizazioa mugatzeko eta zedarritzeko; gai hau diru-laguntzen berariazko esparrutik haratago doa, eta hortaz, esparru bereko beste gai zehatzagoei estrapolagarria da.

Epai honen esanahiak eta Nafarroako Gobernuak haren berri izanak are ulergaitzago egiten dute haren jarrera.

Beraz, garaia da Nafarroari gure lan osasunaren esparru guztietan egokitzen zaizkion eskuduntzen alde egin dezagun, Nafarroako langileen beharrizanei erantzunen dien bitartekoak eta egintzak ezarriz.  

 

 

Garbiñe Aranburu: “Aitortza eta erreparazioa behar dute torturaren biktima guztiek”

0

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Gasteizko Legebiltzarrean izan da gaur, euskal sindikatuetako ordezkariekin eta Foro Sozialaren ordezkaritzarekin batera. Legez besteko proposamena eztabaidatu da osoko bilkuran, torturaren eta botere-abusuen biktimak errekonozitzeari buruz.

Proposamenean, Legebiltzarrak euskal erakundeei eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzari eskatzen die Nazio Batuen ekimenarekin bat egin dezaten, ekainaren 26an Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna gogorarazteko. Helburua da biktima horiek gizartearen aurrean aitortzea eta giza eskubideen urraketa larri horrek eragindako bidegabekeriak salatzea. Aho batez onartu dute proposamena.

Garbiñe Aranburuk adierazi du torturaren praktika ikustarazi eta salatzeko ekimen oro interesgarria dela. “Espainiako Estatuak modu sistematikoan erabili du tortura independentismoaren aurka", gogorarazi du.

Torturak, hotzikarak eragiten dituzten datuak uzten dituela adierazi du: “5.000 herritar baino gehiagok jasan dute tortura, bat baino gehiago dira torturen ondorioz hil direnak; torturak bizitza osorako ondorioak uzten ditu”. Are gehiago emakumeengan: “Emakumeen kasuan tortura eta sexu indarkeria elkarrekin etorri dira”.

“Ez dugu ahaztu behar askotan, autoinkulpazioa eta hirugarrenei egindako inkulpazioak izan direla jendea kartzelara bidaltzeko froga bakarrak. Inkulpazio hauengatik jende asko dago oraindik kartzelan”, nabarmendu du.

LABeko idazkari nagusiak irmoki salatu du torturak arma politiko bezala ez duela merezi bezalako aitortzarik izan, ezkutatu egin dela. “Garrantzitsua iruditzen zaigu torturaren praktika ezagutarazten jarraitzea. Gatazka politikoaren ondorioei heltzen jarraitzeko aitortza eta erreparazioa behar dute torturaren biktima guztiek”, amaitu du, eta sindikatuoi eragile aktibo izatea dagokigula nabarmendu du, bake justu eta iraunkorra eraikitzeko bidean.

 

 

 

Gipuzkoako grafikagintzako sektorea grebara doa

0

Gaur, ekainak 20, berriro ere grafikagintzako mahaia elkartu da. Azken bileran sindikatuok ezeren truke gure plataforman aldaketak egin ondoren, ADEGIK zerbait ekarriko zuela esan zigun. Gaurko bileraz positiboa esan dezakeguna da ADEGIk proposamen idatzi bat ekarri duela. Bestela ezer gutxi esan dezakegu, izan ere, proposamen hori ez baita inondik inora sektoreko langileek espero eta behar genuen proposamena, eta gutxiago, hainbeste bilera eta gero espero genuena.

Soldata igoerari dagokionez, azken proposamenera mugatzen da, 3 urterako KPIa. Bestetik, gai sozialei dagokienez ere, legearen egokitzapenean oinarritzen diren puntuak ekarri ditu, eta honen inguruan hauxe esan nahiko genuke: legearen egokitzapenak ez dira opari bat, eta horrela saltzea sektoreko langileotaz barre egitea da. Gainera, zenbait epaiek diotena ere okertu nahi izan du bere proposamenean. Lotsagarria.
Negoziazioari dagokionez, puntu bakarra ekarri du, euskara batzordeak sortzea, positiboa baina ez nahikoa.

Sindikatuok argi utzi dugu gure negoziatzeko borondatea, eta gaur bertan, gure plataformari aldaketak egingo genizkiola aipatu dugu ADEGIK bere proposamena aldatzen bazuen, baina gaur gaurkoz ez da posible izan. Mahaia uztailaren 2an elkartuko da berriro.

Sektoreko langileok hitzarmen duin baten alde kalera ateratzera derrigortu gaituzte, eta halaxe izango da. Egun hauetan enpresaz enpresa burutzen ari diren asanbladak berretsita, grebara joango gara ekainaren 26 eta 27an eta uztailaren 3 eta 4ean. Eta noski, dei egiten diegu sektoreko langile guztiei egun hauetan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzera.

Denon artean ADEGI bere jarrera inmobilistatik irten arazi eta hitzarmen duin bat sinatzea lortuko dugu. Lan duina, hitzarmen duina.
 

 

 

Ostiraleko mobilizazioekin egin dugu bat, Urruñako erailketa matxista salatzeko

Beste erailketa matxista baten berri izan genuen asteartean, lehendabizikoa dugu aurten Euskal Herrian. Mayie Nervi 81 urteko emakumea erail berri du bere bikoteak Urruñan, Lapurdin. Asteartean aurkitu zuten emakumea Urruñan, bere etxean. Hiltzaileak, tirokatu ondoren, bere buruaz beste egin zuen. Alabak aurkitu zuen, eta poliziari deitu zion. Emakumeen Mundu Martxatik gogor salatzen dugu Urruñako erailketa, eta ekainaren 21ean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.

Mugimendu Feministak lan kolosala egin du indarkeria matxistari hitzak jartzen eta jendartea sentsibilizatzen. Hala zabaldu dugu emakumeon aurkako indarkeriak ez duela mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna baita, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak betikotzeko tresna. Ezinbestekoa egiten zaigu argi eta ozen esatea ez dugula atzera pausurik emango, gogor jarraituko dugu indarkeria matxistaren aurka. nahiz gaurko politikak atzeraka joaten saiatzen diren. ez diogu indarkeri matxistari lekurik emango gure gizartean.

Ez dira modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; gure sistemaren muinean erreproduzitzen den indarkeria da: kultura aparatuan, komunikabideetan, estatuan, lan merkatuan, familian edota hezkuntza sisteman. Honen aurrean, agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa ezinbestekoa da. Apustu ausartak eta neurri sakonak beharrezkoak dira. Hitzetatik praktikara pasatzeko garaia da.

Emakumeen Mundu Martxatik gogor salatzen dugu Urruñako erailketa, eta ekainaren 21ean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu. Honekin batera autodefentsa feministarako deia egiten dugu, gure bizitzak direlako jokoan daudenak. Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan, denak aske izan arte!
 

 

 

Irizarren Ormaiztegiko lantegiaren aurrean mobilizatu dira Alconzako langileak

0

Alconzako langileak mobilizatzen hasi dira, hitzarmen duinaren eta lantegiari Irizar taldearen barruan balioa emango dion plan industrialaren alde. Hala, elkarretaratzea egin dute gaur Ormaiztegin, Irizarren lantegiaren aurrean.
 

 

 

Enplegu eta zerbitzu publiko duinak aldarrikatu ditugu Bilboko Udalaren atarian

Bilboko Udaleko Langileen Batzordeak elkarretaratze batera deitu du gaurko, Udalaren jarrera salatu eta enpleguaren eta haren langileen lan baldintzen gaian aldaketa bat eman dezan.

Hauxe da Bilboko Udaleko Langileen Batzordearen oharra: 

Hilabete hauetan, Bilboko Udalean gatazka egoerak ugaritu egin dira, batez ere enpleguari loturikoak.

Alde batetik, kontratazio falta dagoelako Udalean, eta, bestalde, Udaleko eta Udal enpresatako azpikontratatako langileen lan baldintzengatik.

Udaleko Gizarte Zerbitzuak gainezka daude. Udal Gobernuak, ez dio irteerarik eman nahi udalbatzarrak onartu zuen Gizarte politiken paktuari, eta hau guztia, behar den langile kopurua kontratatzen ez duelako, eta ondorioz, langileak gainezka daude, herritarrek merezi eta eskubide duten zerbitzua eman ezinik.

Suhiltzaileen parkeetan, suhiltzaileen guardia normalizatua beteta egon dadila, behar diren langile guztiekin. Bajak ordezkatu ditzatela. Lan baldintzen hobekuntza. Behin-behinekotasunekin bukatzeko hautaketa-prozesuak egitea.

Mugikortasun sailean, antolakuntza izugarri txarra martxan jarri dute, C eta D taldeei karrera profesionala mugatzen diena eta zerbitzua bera okertzen duena, etorkizunean plazen amortizazioa ekarriko duena.

Zenbait langile talde (menpekoak, ofizialak…) berriz ere zerrendako azken tokian daude, beraien aldarrikapenei irtenbiderik eskaini gabe.

Eta zer esan, Udaleko eta udal enpresen azpikontratentzako lan egiten duten langileen inguruan.

EAJ-PSE Udal Gobernuak, Udaleko azpikontratatako langileentzako lan baldintza onartezinak bultzatzen ditu, izugarrizko lan kargekin, lanaldi partzial izugarriak egin beharra lanaldi osoak egiteko, estatuko lan hitzarmenak, eta are gehiago feminizaturiko sektoreetan.

Langileen legez kanpoko lagapena BilbaoTIKen, estatuko hitzarmenak eta 0 elkarrizketa hitzarmenak berriztatzeko (010 zerbitzuaren kasua), lan karga handia Bilbao Bizin… Hauek ez dira adibide batzuk baino.

Udalak ez du bere baldintza-agirietan enpresarien diru gosearekin amaitzeko klausularik ezarri nahi. Ez dugu nahi DIRU PUBLIKOA ENPRESA PRIBATUEN IRABAZIAK HANDITZEKO IZATEA, langileentzako miseriazko soldaten bizkar egiten direlako.

Hori guztiari erantzun behar dio Udal Gobernuak, benetan, hainbatetan saltzen diguten “Bilbo, balioen hirian” sinesten baldin badu.

Horregatik mobilizatu gara gaur, eta hemen egongo gara berriro ere, enplegu duina eta kalitatezkoa aldarrikatzeko, Bilboko hiritarrek merezi eta eskubide dituzten kalitatezko zerbitzu publikoak eskaini ahal izateko.

 

 

 

Pozarren jaso dugu aldi baterako kontratudunak eta funtzionarioak gehiago parekatzera datorren Europako epaia

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak gaur argitaratu du aldi baterako langileek gradua kobratzeko planteatu zitzaion auziari buruzko epaia. Auzi hori ANPE sindikatuak sustatu zuen, eta espero bezala, Europak onartu egin du sindikatuaren erreklamazioa. Horren ondorioz, amaitu eginen da administrazio-kontratudunek urtetan jasan izan duten bidegabekeria larria. LABek, bere aldetik, kexa bat jarri zuen Europako Batzordean 2016eko abenduan eta graduaren bi eskari eraman zituen Europara 2018ko urtarrilean, baina prozesu hauek geldituta zeuden gaurko epaiaren zain.

Gaurko argitalpenaren ondotik, LABek bere poza eta alaitasuna agertu nahi ditu, Administrazioko aldi baterako langileen eta funtzionarioen arteko parekatzea lortzeko bidean pauso handia dakarrela ulertzen baitugu. Gure ustez, denboran dagoeneko gehiegi luzatu den egoera bidegabe bati amaiera emango dio honek. LABen gure-gurea dugu “lan berdina, soldata berdina” aldarria, eta beti defendatu izan dugu langile guztiek lan baldintza duinak izan ditzaten. Hori, foru Administrazioan tamalez handiegia den aldi baterakotasun tasarekin amaitzeak baino ez du ekarriko, ordea. Eta Horretarako, LEP deialdi zabalek baino ez dute bide ematen. Hori iritsi bitartean, hala ere, gaur Europan eman den pausoaren modukoek administrazio kontratudun langileak eta funtzionarioak parekatzeko balio dute, eta horrek poztu egiten gaitu.

Argitaratu berri den epaia erreferentziatzat harturik, LABek oraindik orain gradua kobratzeko tramiteak egin ez dituzten Administrazio publikoko langileen eskaerak bideratzeko kanpaina berri bat jarriko du abian. Nolanahi ere, badakigu epai hau aplikatzea beste erakunde batzuei dagokiela, eta horregatik errekerimendua egiten diogu Nafarroako Gobernuari lehenbailehen bete dezan Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia, eta langile guztiei ordain diezaien gradua, atzeraeragina, eta baita horri dagozkion interesak ere.

 

 

 

Gipuzkoako papergintzako bigarren greba egunak ere %90ko jarraipena izan du; ADEGIri dagokio mugitzea

0

Gaurkoan, atzo bezala, Gipuzkoako papergintzaren bigarren greba egunaren jarraipena %90koa izan da. Produkzioa erabat geldituta dago. Manifestazioa egin dute sektoreko langileek Tolosan.

Papergintzako sektorean bi greba egun arrakastatsu bizi ondoren, argi geratu da langileek sektorean sortutako aberastasuna banatuko duen hitzarmen duin bat nahi dutela.

ADEGIk aintzat hartu behar du langileek adierazi dutena. ADEGIK bere jarrera inmobilista alde batera utzi eta behingoz benetako negoziaketa bati ekin behar dio. Azken negoziazio bileran sindikatuok mugitu ondoren, orain ADEGIri dagokio mugitzea. Hau horrela ez bada, papereko langileok berriro ere kalera aterako gara ekainaren 26 eta 27an gure eskubideak defendatzera. LABek sektoreko langile guztiei borrokan tinko jarraitzeko dei egiten die. Denon artean lortuko dugu.