2026-02-08
Blog Page 644

Gipuzkoako helduen egoitzetako grebalariak Aldundiaren aurrean mobilizatu dira

Astebeteko greban murgilduta gaude Gipuzkoako helduen egoitzetan. Hain zuzen ere, apirilaren 29an hasitako grebak laugarren eguna bete du, eta larunbata eta igandean egingo ditugun lanuzteekin osatuko dugu protestaldia. Gaurko mobilizazioei dagokienez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrera eramango ditugu gure aldarrikapenak. Bihar, larunbata, 11:00etan, Bergarako plazan izango gara; bertan, performance bat egingo dugu.
 

 

 

Lurraldebuseko lineak egiten ditugun Pesako gidariok konponbide bat eskatzen dugu salmenta sistemak eragindako arazoen aurrean

0
Arazoa Lurraldebusek, bereziki Bilboko aireportua-Donostia eta Donostia-Arrasate lineatan erabiltzen duen salmenta sistemak eragiten du, Transportes Pesako LAB sindikatuaren sail sindikalak salatutakoaren arabera.

Lehen kasuan, salmenta mota desberdinak daude, batetik aurre-salmenta egiten da (telematikoki) eta bestetik txartelak erosteko makina bat dago jarrita geltokian. Makina hau maiz trabatzen da eta askotan paperik gabe geratzen da, baina salmenta onartu egiten du, nahiz eta agiririk ez eman. Gainera, autobusean bertan txartela erosteko aurkera ere badago, azken aukera hau delarik arazo gehien sortzen dituena. Jende ugari egoten da autobus sarreran txartela bertan erosteko asmoarekin, baina askotan eserleku guztiak aurrez okupatuta daude. Gidariok, lehentasuna eman behar diegu eserlekua aurrez erosi dutenei, eta, ondoren, hutsik dauden eserlekuak saltzen hasten gara. Baina hau egitea ezinezkoa izaten da. Eserlekurik gabe geratzeko aukeraren aurrean, jendea urduri jartzen da, bultzaka eta oihuka hasten delarik, tentsio uneak sortuz. Nahi baino gehiagotan Ertzaintzari deitu behar izaten diogu jendearen jarrera oldarkorraren aurrean gure segurtasuna bermatu eta lan egiten jarraitu ahal izateko.

Duela gutxi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Garraio idazkaritzara jo dugu arazoaren berri emanez eta ez digu inolako erantzunik eman.

Gure eskaera oso sinplea da: txartelak saltzeko leihatila bat jar dadila Bizkaibusek duen bezala, eta salmenta osoa bertan zentralizatu dadila. Linea honek geroz eta erabiltzaile gehiago dauzka eta beste trataera bat merezi duela uste dugu, bai gidariekiko zein bezeroekiko ere.

Donostia-Arrasate lienari dagokionez, arazoa antzekoa da, nahiz eta ordu eta egun zehatz batzuetan ematen den. Aurre-salmenta bidez zein autobusean bertan eros daitezke txartelak, baina ez geltokiko leihatilan. Kasu honetan ere lehentasuna txartela aurrez erosia dutenek daukate, eta jendea eserlekurik gabe geratzen da autobusa iristean.

Gasteizko geltokian ere arazo berdina gertatzen zen, Eibar, Arrasate eta Donostiako lineatan. Kasu horretan arazoa honela konpondu zuten: Txartelak lehiatilan soilik saltzen ziren, ezin zen autobusean bertan erosi, lehiatila itxia zegoenean soilik saldu zitezkeen txartelak autobusean bertan. Berdina eskatzen dugu Donostiarako.

Egoera hauek antsietatea eta urduritasuna eragiten digute gidatzerakoan eta gainera ezinegona lan orduetatik kanpo ere pairatu behar izaten dugu. Gidariok ez gara zerbitzuan ematen diren arazoen erantzule eta ez dago gure esku hauek konpontzea.

Ez dugu arduraduna den administrazioaren isiltasun gehiago onartuko. Konponbide erraza duela uste dugu. Aintzat hartu ezean ez dugu mobiliazioetara jotzea beste irtenbiderik izango.

 

 

 

Euskal Herriak kanpo injerentzia eta interbentzioei ez! Ez Venezuelan ezta inon ere!

0

Hainbat eragilek, LABek barne, Venezuelako subiranotasunaren, bere gobernuaren eta bere instituzioak errespetatzeko deia luzatzen dugu eta, era berean, hainbat alditan adierazitako herriaren borondatea errespetatzea. Horrenbestez, larunbatean, 18:00etan, Bilboko Plaza Eliptikoan deitutako mobilizaziorako deia zabaldu nahi dugu.

Hainbat eragilek gure kezka erakutsi nahi dugu Venezuelako Errepublika Bolivariarrean azken orduetan emadako Estatu Kolpe saiakerak sortutako egoera dela eta. Kanpo esku-hartzeak muturreko egoera batera eraman du Venezuela eta gerra-eskalada arriskutsu bat emango denaren zantzuak ikusi ditugu.

Hauek gara irakurketa honetan bat egin dugun eragileak:

LAB, CCOO, EHNE Bizkaia, ELA, ESK, Etxalde, HIRU, STEILAS, Ernai, Antikapitalistak, EH Bildu, Ezker Anitza-IU, PCE-EPK, Podemos, Euskadiko GGKEn Koordinakundea-Coordinadora de ONGD de Euskadi, Bizilur, Askapena, Asociación Elkarcredit de Solidaridad, Elkartasuna Eraldatuz, Euskadi Cuba, Hitz&Hitz Fundazioa, Jorge Adolfo Reytter Romero Elkartea, Komite Internazionalistak, Lumatik Herriak, Mugarik Gabe, Mundubat, Paz con Dignidad-Bakea eta Duintasuna.
 

 

 

Osakidetzaren helburua, Lehen Arretako arazoak benetan konpontzea baino, 17ko greba gelditzea dela dirudi

0
Lehen Arretan pasa den apirilean egin genuen grebaren arrakastak urduritu egin omen du Osakidetzako zuzendaritza, maiatzaren 17rako deituta dagoen bigarren greba eguna bertan behera utzi nahian baitabil.

Gaurko mahai sektorialaren gai-ordena murritzak, non soilik garapen profesionala eta Lehen Arreta agertzen ziren, argi uzten du gaurko deialdiaren benetako helburua deituta dagoen greba desaktibatzea zela.

Izan ere, LAB, ELA, SATSE, ESK, CCOO, UGT sindikatuok eta Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak aurkeztutako aldarrikapen-taulako 23 puntuetatik, momentuz, soilik 13 negoziatzea onartu du Osakidetzak. Gure ustez, proposamena ez-nahikoa da hau, kontuan hartzen badugu ia aldarrikapenen erdia ez dela jasotzen lehenengo eskaintza honetan. Momentuz, Osakidetzak baieztatu digu negoziazio proposamen idatzia osatuko duela, pasatu egingo digutela eta 10 egunen buruan berriro bilduko garela.

LABetik argi utzi nahi dugu Lehen Arretako mobilizazioen helburua esparru honetan dagoen egoera jasangaitzari etorkizun irtenbide serio eta sakona ematea dela, ez partxe batzuk ipintzea. Gatazka konpontzeko, Osakidetzak gaurko bileran planteaturiko borondateaz haratago doan negoziazio proposamen serio eta ausarta jarri beharko du mahai gainean.

Bestalde, Osakidetzako zuzendaritzak konfirmatu egin digu garapen profesionala ordaindu egingo duela, atzerapenekin, azken sententziak jasotzen duen terminoetan. Berri ona izanik, salatu behar dugu Osakidetzaren jarrera, ordainketa hau denboran atzeratuz, milaka langileren kaltetan. Bide judizial luzeak egin behar izan dira Osakidetzak berea den erantzukizuna onartarazteko eta euren akordioak betearazteko. Modu harrigarrian, hasiera batean Osakidetzako Zuzendaria ausartu egin da garapen profesionalaren ordainketa (sententziak behartuta) eskaintzera Lehen Arretako greba bertan behera uztearen truke.

Azkenik, argi gelditu da, bai garapen profesionalarekin zein Lehen Arretarekin, gure eskubideak defendatzeko eta kalitatezko osasun zerbitzu publikoa defendatzeko langileon mobilizazioa eta borroka direla bidea.
 

 

 

Sanmarkosene aurrean mobilizatu gara, Gipuzkoako helduen egoitzetako grebaren hirugarren egunean

Astebeteko greban murgilduta gaude Gipuzkoako helduen egoitzetan. Hain zuzen ere, apirilaren 29an hasitako grebak hirugarren eguna bete du, eta maiatzaren 3, 4 eta 5ean etorriko dira gainontzekoak. Gaurko mobilizazioei dagokienez, Oreretako Sanmarkosene egoitzaren aurrean egin dugu elkarretaratzea. BIhar, berriz, 11:00etan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrera eramango ditugu gure aldarrikapenak.
 

 

 

Gasteizko Legebiltzarreko taldeekin bilduko gara negoziatzeko borondate eza salatzeko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazkan

Dagokien arduraz jokatu eta langileen eskaerei erantzunez gatazkari irtenbidea emango dioten proposamenak bideratzeko eskatzen diegu patronalei eta Hezkuntza sailari.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok egoerari irtenbide egoki bat eman, negoziazioa bideratu eta langileen eskaerei erantzun serio bat emango dioten adostasunak erdiesteko helburuan berresten gara. Helburu horrekin eman ditugu azken urteetako pauso guztiak, bereziki azken hilabetetakoak.

Gatazka osoan zehar, batik bat azken hilabeteetan, jarrera erabat aldakorra, ulergaitza eta larria izan du patronalak. Urtarrileko 8 greba egunen ostean sindikatuokin izandako aldebiko bileretan adostasunak erdiesteko aukera irekitzen zuten planteamenduak egin arren, ondoren, martxoak 25eko negoziazio mahaian planteamendu hauek atzera bota zituen; mahai hartan egindako azken proposamena definitibo eta aldaezin bezala aurkeztu zuen negoziatzeko edozein aukera itxiz; jarrera itxi horren aurrean, egoera desblokeatzeko saiakeran sindikatuok adostasunak erdiesteko giltzarriak jasotzen zituen dokumentua helarazi bagenion ere, dokumentuari erantzun ere ez zion egin; azkenik, gatazkari bide emateko asmoz apirilak 2rako sindikatuok patronal eta Hezkuntza sailari luzatutako bilera deialdiaren aurrean, bilera hartara agertu ere ez egiteko erabakia hartu zuen.

Hezkuntza Sailak, berriz, erabateko arduragabekeria erakutsi du gatazka honi irtenbidea ematerakoan. Bere inplikazioa sindikatuokin biltzera mugatu da, sindikatuon eskariz eta jadanik sektorean 18 greba egun gauzatu ondoren soilik; Hezkuntza Sailari eta patronalei gela itxieragatik lanpostua galdu dezaketen langileen birkokapenaren inguruko planteamendua orain dela 4 urte helarazi bagenien ere, Hezkuntza Sailak orain dela bi hilabete inguru arte ez du eman gai honi buruz hitz egiten hasteko inolako pausorik; eta gaur gaurkoz emandako pausoak erabat eskasak izan dira, ez baitute birkokapenerako gutxieneko bermerik erakusten; azkenik, apirilak 2rako sindikatuok egindako bilera deialdiaren aurrean ere, deialdi hura gatazka bideratzeko aukera bezala baliatu ordez, eskuak garbitzen eta gatazkaren irtenbide egoki batean inplikatu gabe jarraitzea erabaki zuen.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok argi daukagu adostasunetara iristeko eta langileen eskaerei taxuzko erantzunak emanez gatazkari irtenbidea emateko ezinbestekoa izango dela patronalen aldetik negoziaziorako borondate erreala eta Hezkuntza sailaren inplikazioa. Baita ere, ibilbide guzti honetan zehar greba eta mobilizazioak egon direnean soilik mugitu direla bai bata zein bestea.

Hala adierazi genuen sindikatuok pasa den otsailean Legebiltzarrean izandako agerraldian; eta agerraldiaren ondoren Legebiltzarrak eskaera bat onartu zuen non finean eskatzen zion Hezkuntza sailari gatazka honetan inplikatzeko. Tamalez, maiatza iritsi delarik patronalen negoziatzeko borondate ezak zein Hezkuntza sailaren inplikazio falta eta arduragabekeriak bere horretan jarraitzen dute. Horregatik, sindikatuok Legebiltzarreko taldeekin bilerak eskatu ditugu datozen egunotan egoera salatzeko eta Legebiltzarrak emandako zeregina betetzen ari ez dela adierazteko.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok, maiatzaren 8 eta 9rako deitutako greba egunen bezperetan, bai patronal eta bai Hezkuntza Sailari galdegin nahi diegu bakoitzak bere ardurak bere gain hartuta behingoz bai langile, bai familia eta bai ikasleen onuran, har ditzatela gatazka honi irtenbide egoki bat emateko neurriak eta erabakiak hartu, eta planteamenduak ekar ditzatela.

Sindikatuok adostasunetara iristeko gure borondatean berresten gara, bai patronal bai Hezkuntza sailari helarazi genien giltzarrien dokumentuko edukietan sakontzeko borondatea agertuz eta, apirilak 2ko bilerara ez etortzeko erabakia hartu bazuten ere, edozein leku eta unetan beraiekin biltzeko aukera berretsiz.

 

 

 

[IRITZIA] “Venezuelan gertatzen ari denaren aurreko gogoetak”

0
Koldo Saenzek (LAB), Laura Gonzalez de Txabarrik (ELA), Oskar Arenasek (CCOO), Felix Irizarrek (ESK) eta Marije Etxebarriak (Steilas) iritzi artikulu bat idatzi dute Venezuelako egoerari buruz.

Hego Amerikan garai gogorrak bizi direla inork ezin du uka; kontinenteko bakea eta bizikidetza etengabeko gerra hotsek mehatxatzen dute. Balizko giza hondamendia hain da handia, ezen idatzi hau sinatzen dugunok bakearen, elkarrizketaren eta Venezuelaren burujabetze nazionalaren defentsaren aldeko mezu hau helarazi nahi baitiogu euskal gizarteari, interbentzio militarraren eta beraz balizko gerra baten aurkako ahotsa altxatzeko.

Ziurrenik ez dugu ezer berririk esango Venezuela Estatu Batuen inperialismoaren etengabeko erasoak pairatzen ari dela esaten badugu. Etengabeko eraso honen helburua prozesu bolivartarra indargabetzea eta suntsitzea da, bertan Estatu Batuen interesei men egingo dien gobernu bat ezartzeko, Venezuelak dituen aberastasun natural izugarriak kontrolatzen lagunduko diena.

1998ko abenduaren 6ko Hugo Chavezen garaipenak kontinentean paradigma aldaketa bat suposatu zuen. Inperioaren atzeko partea izateari utzi nahi zion kontinente batean aldaketa, eta askatasun prozesu bati ekin zitzaion, pertsonen ongizatea eta garapena oligarkien interes sozioekonomikoen gainetik jarriko zituzten prozesuak eraikitzeko lehen pausoak emanez. Mar de Platan 2005eko azaroan ospaturiko IV. Ameriketako Goi Bileran, Venezuela, Brasil, eta Uruguaiko gobernuek polo berri bat marraztu zuten, eta horrek Washingtonen alarma gorri guztiak piztu zituen.

Gaur egun, Hego Amerikan egoera oso bestelakoa bizi da. Brasil eta Argentina bezalako gobernu aurrerakoi batzuk erori ziren, eta eskuineko gobernu atzerakoi eta kasu batzuetan faxistak ere boterera iritsi dira. Dinamika eta politikei 180 graduko norabide aldaketa eman nahi diete. Aurreko hedapen eta ofentsiba faseko prozesu askatzaile eta aurrerakoiek eraso neoliberal honen aurkako erresistentzia fase berri bati egin diote tokia. Ofentsibaren tamaina ikusirik, neurri batean erasoari aurre egitea irabazteko modu bat dela esan daiteke.

Estatu kolpe eta diktadura militarretatik kolpe leun bezala deitu genitzakeen ezegonkortze estrategia eta ekimen judizialetara pasatu gara, Brasilen Dilma Rousseffen kontrako impeachment-arekin eta ondorengo Lula Da Silvaren espetxeratzearekin ikusi zen bezala.

Venezuelak ikaragarrizko natura aberastasunak ditu, eta horregatik, kosta ahala kosta, Estatu Batuek kontrolpean eduki nahi dituzte. Gasa, koltana eta, batez ere, petrolioa dira natura aberastasun garrantzitsuenak; Saudi Arabiako erreserbak baino handiagoak dira, adibidez. Ipar Amerikako inperioak aski ongi daki, Venezuelak zelako pisua duen erregioan eta batez ere Alba blokean, eta horregatik, Nicolas Maduroren gobernua eta Venezuelako herria itotzeko eskura dituen arma guztiak aktibatu ditu.

«Guarinbekin» eta kale istiluekin hasi zen ezegonkortze estrategia honek komunikabide garrantzitsuen laguntza osoa izan zuen fake news edo notizia faltsuak eraikitzeko eta chavismoa egiteko istilu eta egoeraren errudun. Estrategia horrek Venezuelaren kontrako zigor ekonomikoekin, sabotaje elektronikoekin eta, batez ere, Juan Guaido Venezuelako presidente zilegiaren auto-proklamazioarekin jarraitu zuen. Horrek, segituan, Estatu Batuen eta bere aliatuen, eta Europar Batasuneko 28 estatutik 15en aitortza izan zuen.

Venezuela ekonomikoki eta politikoki bakartzeko estrategiak, ordea, ez ditu espero zituzten fruituak eman, eta horregatik oposizioak egoera gogortzea erabaki du, Gobernuaren kontrako estatu kolpearekin ikusi den bezala. Oposizioak Maduroren gobernua bukatu nahi du kosta ahala kosta, eta horretarako tresna guztiak erabiltzeko prest dago estatu kolpea barne. Inperialismoarentzat gobernu hau botatzeko nahia Venezuela eta kontinente osoko bakearen gainetik dago.

Egoera honen aurrean, Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikalek kanpo esku-hartzearen eta balizko interbentzio militar baten kontrako adierazpen publiko bat atera genuen. Sinatzaileok blokeoaren gogortzea eta gure ustez ematen ari zen gerra hotsen indartzea salatzen genuen.

Garrantzitsua iruditzen zaigu hain zaila den egoera honetan Venezuelaren, bere gobernuaren eta bere instituzioen burujabetza nazionalaren defentsa egitea eta hainbat alditan Venezuelako herriak adierazitako borondate demokratikoaren defentsa Euskal Herrian egitea. Mexiko, Uruguai, Bolivia eta Karibeko 14 herrialdek elkarrizketa eta bakearen alde eginiko saiakera indartzea bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu.

Hego Amerikan eta munduan bakea helburu duen elkarrizketa eta negoziazio saiakera babestu egiten ditu Euskal Herriko mugimendu sindikalak, eta balizko kanpo esku-hartze militarra ekidin eta salatzeko bere konpromisoa berresten du.

Hemen eta orain iniziatiba hau indartzeak berebiziko garrantzia dauka. Herri txiki honetatik egin dezakegun ekarpenik handiena bake, elkarrizketa eta Venezuela herri burujabearen errespetura ahalik eta jende gehien hurbiltzea da.
 

 

 

Erabat arbuiatzen dugu Guardia Zibilaren irudia ikasleen artean zuritzeko Espainiako Barne Ministerioak Nafarroan eginen duen jardunaldia

0
Guardia Zibilaren 175. urteurrena dela-eta espainiar Barne Ministerioak ate-ireki eguna egingo du Nafarroan. Hainbat eskolatan efemeride hori ospatzeko eta aipatu ekitaldian parte hartzeko idatzia zabaldu dutela salatu nahi du LAB Irakaskuntzak. Sindikatu honen aburuz, diru publikoa erabiltzen ari dira batere hezitzailea iruditzen ez zaizkigun jarduerak sustatzeko. Justu kontrakoa, irizpide patrialkal, militarista eta autoritarioak ordezkatzen dituen erakundea izaki, LABi erabat arbuiagarria iruditzen zaio horren kutsu propagandistikoa duen kanpaina egitea eta horretarako gure haurrak erabiltzea.

Guardia Zibilak gure herrian duen itzal iluna gure eskoletako geletan zuritzeko saiakera hori erabat desegokia iruditzen zaigu. Horrez gain, Guardia Zibilak Nafarroako hezkuntza komunitateko ehunka kideren aurka egin izan dituen ekintzak gogorarazi nahi ditugu. Besteak beste, gogoan izan irakasleak bere joera politiko edo ideologikoen arabera sortu zituen zerrenda beltzak, gainera ondoren lau haizetara zabalduak izan zirenak, hainbat hedabideren laguntzari esker. Ezin dugu onartu lankideen eskubideak horren modu zantarrean urratu dituen erakunde bat eskoletan goratzen jardutea.

Beraz, Hezkuntza Departamentuari dei garbi eta ozena egin nahi diogu horren balio atzerakoiak defendatzen dituen eta gure lankideak kriminalizatzen dituen erakunde militar horren ekimenekin kolaboratu ez dezala. Aldi berean, hezkuntza komunitate guztiari gai honekin adi egotea eskatu nahi diogu, bere lantokian tankerakorik sumatzen badu inolako zalantzarik gabe salatu dezala. Hala nola, gonbiteari muzin eginez, antolatutako jardueretan parte-hartzerik ez izatea proposatzen diogu.

 

 

 

M1. ARGAZKIAK

 

Powered by flickr embed.