2026-07-10
Blog Page 641

Sexu langileei ahotsa emango diegu Gasteizen, urriaren 24an egingo ditugun jardunaldiak direla eta

0

Ipar Hegoa Fundazioarekin elkarlanean, LAB sindikatuak sexu-lanari buruzko jardunaldiak egingo ditu urriaren 24an, Gasteizen, Aldabe Gizarte Etxean, 10:00etatik 14:00ak bitartean. Sexu langileek esateko asko dutelako antolatu dugu jarduera; guk, berriz, oraingo honetan, asko izango dugu entzuteko. Jardunaldietan parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik.

LAB sindikatuak, gure azken kongresuan, margenetan zeuden langile subjektuengana hurbiltzeko asmoa azaldu zuen. Zentzu horretan, orain, hain gatazkatsua bezain ezezaguna den errealitate batera hurbildu nahi izan dugu. Sexu lanean aritzen direnen egoerak, bizitzak, aldarrikapenak, nahiak… ezagutzea ezinbestekoa iruditu zaigu haiekiko ditugun aurreiritzi zein estereotipo guztiak albo batera uzteko. Ezin dugu ulertu errealitatea beren protagonistak entzun gabe, eta ez dugu nahi eztabaidatzea edozein errealitateari buruz, bera ondo aztertu gabe. Halaber, jarduera hau ematen den testuingurua ezagutzea ere giltza da gure bat-bateko iritziaz haratago ulertzeko dena.

Horregatik, eta uste dugulako langile izaera fabrika batean lan egiten duenaren baino zerbait zabalagoa dela, antolatu ditugu jardunaldi hauek. Eta benetan sinetsita gaudelako sexu langileak langileak direla eta asko daukate esateko; guk berriz, asko dugu entzuteko oraingo honetan.

Nola ekiten diogun gaiari eta nola ikusten ditugun sexu langileak ondorio desberdinak izango ditu haiengana, biktimak bezala mantentzea edo subjektu politiko bihurtzea.

Gure abiapuntua argi da: sexu langileak dira beraien bizitzen protagonistak, horregatik beraien ahotsa entzutea ezinbestekoa da.

 

 

 

Opusi atsegin ematea, Nafarroako Osasuneko Kontseilaritza berriaren lehentasun

0
Santos Indurain Osasun Kontseilari berriak eta Carlos Artundo zuzendari nagusiak egin dituzten lehen ekintzak Opusen klinikari eta Nafarroako Medikuen Sindikatuari gustua emateko izan dira; horiexek biak dira, hain zuzen ere, oztoporik handiena Osasunbideak behar eta desio duen eraldaketa prozesurako.

LABek kezka handiz aztertu ditu Osasun kontseilari berriaren lehen ekintzak eta ekintza faltak. Alderdi sozialarekin lehen bilera Medikuen sindikatuarekin egin zuen, nahiz eta une horretan gatazka kolektiborik ez zegoen. Gainerako erakundeak bazter uztea nahikoa ez eta, politikagintzan eta gizarte-arloan izaera erreakzionarioa duenarekin bildu zen.

Bestalde, zuzendari nagusiak lehenengo irteera ofiziala egin zuen Opusen Klinikako lehen transplantea egin zeneko 50. urteurrenera. Osasunbideak hainbat hamarkadatan ikusi du organo, ehunen eta odolaren kudeaketan eta garapenean nola eragin duen klinika horren esku-sartzeak. Gainera, Nafarroako Ospitale Guneko gerentea Alberto Lafuente izanen dela zehaztu da, CUNko medikua bera, eta horrek ekarriko du, itxuraz, Opusen aldeko lerrotzea eta Osasunbideko profesionalei mespretxua.

Ekintza eta gertaera horiek "adiskidetzailetzat" aukeztu dituzte, Nafarroako sektore erreakzionario eta kontserbadoreetarantz; sektore horiek, ordea, historian zehar, gure osasun publikoaren bideragarritasuna arriskuan jarri izan dutenak izan dira.

LABek kezka handia du legealdiaren hasiera honetan. Gure ustez, kontseilariak beste jarrera batzuk erakutsi beharko lituzke Osasunbideak behar duen eraldaketa gauzatzeko; alegia, ez luke tematu behar eraldaketa hori bera lortzeko trabarik handiena ordezkatzen duten erakundeekin adostasuna bilatzen.

 

 

 

Gasteizko Legebiltzarreko Osasun Batzordean salatu dugu Osakidetzak ez duela Lehen Arretaren erronkei seriotasunez heltzeko borondaterik

0

LAB egon da gaur Eusko Legebiltzarrean, hain zuzen ere, Osasun Batzordean, Lehen Arretari buruz Osakidetzak abian ipini nahi duen estrategia berriarekiko gure desadostasuna adierazteko. Uda baino lehen eskatu genuen gaurko agerraldia. Edurne Agirrek eta Latxe Urangak, biak Lehen Arretako langileak eta LABeko delegatuak, Osakidetzaren estrategia berria puntuz puntu aztertu dute, bertan planteatzen denak Lehen Arretako egoera tamalgarriari ez diola heltzen argi utziz.

Lehenengo eta behin, argi utzi nahi izan dugu “2018ko apirilean Osakidetzak publiko egin zuen estrategia berria ez dela negoziatua izan, ez adostua, eta ez zela eztabaidarako inolako agendarik planteatu eta ez zirela tresnarik eskaini langile eta sindikatuok eztabaidan ekarpenik egin ahal izateko.”

Estrategiaren puntu nagusiei erreparatuz, azpimarratu dugu “gure ustez, estrategiak helburu argia duela: Osasun Sailak modu kontziente edo inkontzientean fakultatibo mediko eta pediatriako langileen bir-jartzeko duen aurreikuspen falta konpontzea, hain zuzen ere. Eta kontsulta medikoak deskargatzeko, erizaintza eta administrazioko langileek rol berriak onartu beharko dituztela.” Hau da, estrategiak ikuspegi guztiz partziala du eta ez dauka autokritikarik. Guztiz epe laburrekoa da kronikotasunera eta menpekotasunera mugatzea egungo osasunaren erronkak. Gure ustez, oso urruti dago biztanleriak bere osasunerako behar duen Lehen Mailako Arretatik. Pertsonen osasun integralaren aldeko apustua ezin daiteke diseinatu osasunaren determinanteak zeintzuk diren argi uzten ez duen osasunaren diagnostikorik gabe.

Mahai gainean beste puntu batzuk ipini ditugu gaurko agerraldian:

• Zaila da Lehen Arreta indartzea, osasun politikak guztiz ospitalzentristak direnean, teknologien erabilera masiboa gainbaloratzen diren bitartean, interbentzionismoa eta populazioaren medikalizazioan oinarriturik.

• Osakidetzak iragarritako 215 mediku eta pediatra plaza horiek guztiz ez-nahikoak dira gaur egun daukagun pertsonal falta konpontzeko. Osakidetza osoan egoera momentuz egonkortzeko, kategoria guztietako 7.000 plaza beharko genituzke.

• Medikuen falta ezin da konpondu beste kategoriei ez dagozkien funtzio berriak ezarriz, erizain eta administrazio laguntzaile zein zelariak, kasu.

• Kategoria guztiak garrantzitsuak eta beharrezkoak dira, talde lana sustatu ahal izateko.

• Estrategia berriak ez ditu kontuan hartzen EAGak (Etengabeko Arreta Guneak).

• Lehen Arretak aurrekontua handiagoa behar duela.

Amaitzeko, argi utzi nahi izan dugu Osakidetzaren negoziatzeko borondaterik eza. Jarrera horrek hiru greba egitera eraman gaitu, baina gaur egun negoziazio errealik gabe jarraitzen dugu, gure ustez bide bakarra dena Lehen Arretak behar duen etorkizuna denon artean adosteko.

Inposaturiko behin-behineko neurriekin ez goaz inora. Eta are gutxiago neurri horiek euskal jendarte osoaren osasun eskubideak murrizten dituenean. Honen adibide garbia da opor garaietan osasun zentroen ordutegia murrizteko Osakidetzak hartu duen erabakia. Gure aburuz, halako murrizketarik ezin da onartu eta konponbideak beste norabide batean aurkitu behar dira.

 

 

 

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazkak bere horretan dirau, ikasturte berriaren etorrerarekin ere

Abetxukoko La Inmaculada ikastetxean izan gara, Kristau Eskolako ikasturte hasierako ekitaldia dela-eta. Elkarretaratzea egin dugu, EAEko Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetako langileentzat lan hitzarmen duin bat aldarrikatzeko.

 

 

 

Gasteizko epaitegietara ere eraman dugu jazarpen sindikalaren salaketa

Jazarpen sindikala salatzeko elkarretaratzeak ari gara egiten, egunotan, Hego Euskal Herriko hiriburuetako epaitegien aurrean. Gasteizen txanda izan da gaur, Arabako hiriburuko Justizia Jauregira eraman baitugu borroka sindikalaren aurkako erasoen eta LABeko zenbait kidek jaso dituzten zigorren salaketa; espetxe zigorrak eta isun ekonomiko larriak, tartean. Hurrengo hitzordua larunbatean izango da, Iruñean deitu dugun manifestazioaren harira, 17:30ean, autobus geltoki zaharretik abiatuta.



 

 

 

Eskubide sozialak murrizten dituzten politikak egiteari utz diezaiola eskatzen diogu EAJ eta PSEren gobernuari, eta kontuan har ditzala eragile sozial eta sindikalek egiten dituzten proposamenak

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak argitaratzen duen Pobrezia eta Gizarte Ezberdintasunen Inkesta aurkezteko egingo diren jardunaldiak direla eta, LAB sindikatuak Gasteizko Gobernuaren jarrera salatu du.

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak argitaratzen duen Pobrezia eta Gizarte Ezberdintasunen Inkesta aurkezteko egingo diren jardunaldiak direla eta, LAB sindikatuak hurrengo irakurketa egiten du:

Inkesta hau 2018an gauzatu bazen ere, ez da aurkeztua izan harik eta 2019ko amaieran gauden honetara arte. Gasteizko Gobernuak orain arte argitaratu ez izanaren arrazoia baliteke segidan emango ditugun datuetan egotea.

446.700 lagun ozta-ozta bizi dira. EAEko biztanleriaren %20,7 pobrezia eta bazterkeria sozial arriskuan dago (PGEI, Pobrezia eta Gizarte Ezberdintasunen Inkestaren zein AROPE adierazlearen arabera).

Pobreziak gora egin du eta biztanleriaren %17,7ri eragiten dio. 2016 eta 2018 urteen bitartean EAEko pobrezia tasak, beherantz baino, gorantz egin du eta pobrezia arriskuan dagoen populazio portzentaia %16,4tik %17,7ra pasatu da (PGEIren arabera).

Urkulluren gobernuak pobrezia gutxitzeko helburuan atzera egin du. Azken bilakaera honek erakusten digu, 2016ko egoerarekin alderatuta, gorakada suertatu dela eta, hortaz, Urkulluk hartutako konpromisoan atzerapausoa egin duela. Izan ere, Urkulluren gobernuak 2016-2020 legegintzaldirako adierazi zuen helburua pobrezia %20 jaistea zela.

Hazkunde ekonomikoa gorabehera, gaur egun 2008an baino 61.600 lagun gehiago daude pobreziak eta bazterketa sozialak jota. Krisialdiaren eztanda abiapuntutzat hartzen badugu, pobrezia eta bazterketa sozialean dauden lagun kopurua %16 hazi da azken hamarkadan. Eta egoera honek okerrera egingo du, aplikatzen ari diren politiken ondorioz. Zehazkiago, guztiz onartezina da EAJ eta PSEren gobernua Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan murrizketa berriak prestatzen egotea, 2012tik etengabean murriztua izan den eskubide sozialean, alegia.

Susperraldi ekonomikoak ez du balio izan prekarietateari, desberdinkeriari, pobreziari eta bazterketa sozialari mugak jartzeko. Eta honek Urkulluren gobernuaren politika ekonomikoen porrota argi uzten du, eredu horrek ez baitu inolaz ere laguntzen sortutako aberastasunaren birbanaketa eraginkorrean. Honetaz gain, krisialdiaren aitzakiaz inposatutako prekarizazio-politika berriek eta, zehazkiago, enplegu politikak, lan prekarioa eta soldata baxuak gero eta langile gehiagotara zabaltzeari ekin diote.

Generoak jarraitzen du izaten desberdinkeria ekonomikoaren faktore bat. Pobreziaren pisu handiena emakumeek pairatzen dute EAEn. Hain zuzen ere, pobreziaren mugaren azpitik bizi diren pertsonen %54,7 emakumeak dira. Hau dela eta, emakumeek pobreziarekiko duten zaurgarritasuna handiagoa da gizonezkoekin alderatuta, %18,8ko intzidentzia tasara iritsiz, gizonezkoena %16,5ekoa denean.

Etxebizitza: pobreziaren egiturazko faktorea. Azkenik, ez dugu ahaztu behar etxebizitza eskuratzea pobretze faktore bihurtu zela, espekulazio immobiliarioaren ondorioz. Baina orain, alokairuen prezioa gehieneko historikoetan dagoela, egoerak biziki egin du okerrera.

Honengatik guztiagatik, EAJ eta PSEren gobernuari zera exijitzen diogu: eskubide sozialak murrizten dituzten politikak egiteari utz diezaiola eta kontuan har ditzala eragile sozial eta sindikalek egiten dituzten proposamenak.

 

 

 

Gernikako Batzar Nagusien aurrean protesta egingo dugu bihar, helduen egoitzetako dekretuak langileen bizitza eta lan baldintzetan prekarietate are larriago dakarrelako

Eusko Jaularitzak onartutako dekretuak, arretaren kalitatea bermatzera zuzendutako irizpideei baino, irizpide ekonomizistei eta egutegi legegileari erantzuten die, erabiltzaile zein langileen eskubideen alde egin beharrean. Dekretu horrek gatazka sortzen jarraituko du gizarte zerbitzuen legean finkatutako eskubideak bermatzeko betebeharra dutenen eta hauetako erabiltzaile eta profesionalen artean.

Gizarte zerbitzuak pertsonen bizi baldintzak bermatzeko edo hobetzeko helburua duten jarduera multzoa dira. Gizarte zerbitzuetako sistema publikoak modu egokian funtzionatzen duela ziurtatzeko, EAEko gizarte zerbitzuetako legeak administrazio publikoei esleitzen die gai horretako eskuduntza.

Gizarte zerbitzuen hondatze egoera larriki kezkagarria da: laneko erritmo jasangaitzak, arretarako behar adina denborarik eza, neurriz gaineko ahaleginak, estresa, hitzezko erasoak, eraso fisikoak, erabateko eskuragarritasuna, txandaka aritu beharra, bakarka eta behar adinako baliabiderik gabe lan egin beharra…

LAB sindikatua aspaldi ari da salatzen egiturazko egoera hau. 14.000 sinadura baino gehiago jaso genituen eskatzeko gizarte zerbitzu guztiak modu egokian artatu behar direla; erabiliko diren arretarako ratioak behar adinakoak izan behar dira kopuruari, mailari zein izaera presentzialari dagokienez. Zerbitzuen antolamendua erabiltzaileen premiei egokituko zaiela ziurtatuko da, hots, kalitateari eta langileen lan eskubideei, eta hauen osasunaren bermeari eta sustapenari egokituko zaie.

Eusko Jaurlaritzak helduen egoitzetarako dekretua langileen parte-hartzerik gabe eta erabiltzaileen helegiteak kontuan hartu gabe onartu eta egin da, Legebiltzarreko gehiengoari, erabiltzaileei eta profesionalei lepoa emanda. Eusko Jaurlaritzak onartutako helduen egoitzetarako dekretuak finkatu dituen arretarako ratioek ez dakarte inolako aurrepausurik. Ez da langile gehiago aurreikusten eta ez du izaera presentziala eta kategorien araberakoa den ratiorik. Dekretuan inposatutako arretarako ratioek, eragotzi egiten dute erabiltzaileen eskubideak betetzea eta langileak euren lan eskubideak urratzen dituzten erritmo eta lan-kargetara kondenatzen dituzte.

Bihar, irailak 25, 11:30ean, LAB sindikatua Gernikako Batzar Nagusien aurrean konzentratuko da, zerbitzuko titulardunen aurrean dekretuak egoitzetako langileen bizitza eta lan baldintzetan prekarietate are larriago dakarrela salatzeko.

 

 

 

Katalunian izandako polizia operazioa salatu nahi dugu, eta Kataluniako herriari elkartasuna eta babesa adierazi

0

Argi adierazi nahi dugu errepresioaren bitarteaz Estatuak beldurra sartu eta bere proiektu politikoa inposatu nahi baldin badu ere, inoiz ez duela Kataluniak eta Euskal Herriak gure etorkizun politikoa erabakitzeko daukagun borondate politikoa geldituko. Errepresio eta estatu biolentziaren gainetik, Katalunia eta Euskal Herriaren autodeterminazioa gauzatu arte borrokan jarraituko dugu.

Gutxienez 9 atxilotu independentismoaren kontrako sarekada batean Katalunian. Espainiako Entzutegi Nazionalaren aginduz, 500 Guardia Zibilen parte hartzearekin egiten ari da polizia operazio berri hau eta operazioa oraindik irekita dago. Informazio iturri ezberdinen arabera, sedizioa, matxinada, terrorismoa eta leherkailuak izatea leporatzen zaie.

Kataluniako CDR edo Comités de Defensa de la República-ko kideen kontra abiaturiko operazio errepresibo berri baten aurrean gaude, Kataluniako mugimendu independentista kriminalizatu eta zigortzeaz gain, independentismoaren kontrako epaiketaren balizko zigor sententziari begira bidea ireki nahi duena.

Ez da kasualitatea Kataluniako epaiketaren sententzia iristear dagoen honetan horrelako polizia operazio bat egitea eta are eta gutxiago atxilotutako kideei sedizioa, matxinada, terrorismoa eta leherkailuak izatea leporatzea. Hau guztia hauteskunde aurre-kanpaina bete betean sartuta, eta Katalunian 155. artikuluaren aplikazioaren mehatxua mahai gainean dagoenean.

LAB sindikatutik polizia operazio errepresibo berri hau salatzen dugu, eta Kataluniako herriari gure elkartasuna eta babes guztia adierazi nahi dizkiogu. Onartezina deritzogu, Kataluniako herriak eginiko delitu bakarra herriaren borondate demokratikoa gauzatzea izan denean, eta Espainiako Estatuaren erantzuna, atxiloketak, espetxea, biolentzia poliziala eta Kataluniaren okupazio poliziala izatea.

 

 

 

Irakaskuntzako ordezkapenetan arduragabekeriaz jokatu duzuelako, karguak utzi orain!

0

Gaur, irailak 23, eta ikasturtea hasi denetik laugarren astea dugunean, oraindik orain irakasleak falta dira eskoletan. Hori salatzeko erreklamazioak aurkeztu ditugu Eusko Jaurlaritzaren delegaritzan, Gasteizen. 
 
Ikasturte hasiera kaotiko honek kalteak sortu ditu; eskoletan antolatu ezinean daude, ikasleak irakasle gabe, familiak arduratuta, eta eskola publikoko bitarteko langileak haserre.

Haserre, beraien antzinatasun eskubideak ez direlako bete, Hezkuntza Sailak berak eginiko ordezkoen arautegia betetzen ez duelako, ehunka irakasle ordezko kaltetu sortu dituelako…

Antolakuntza ezak, plangintza desegokiek, eta ardura politikoen arduragabekeriak eta aurreikuspen faltak lurralde ordezkaritzak ito egin ditu, zuzendaritzak noraezean eta arazoak bideratzeko ezintasuna bizi dute.

LABen gure aldetik zuzentzeko eta kalteak ez areagotzeko ahaleginak egin ditugu, baina emaitzarik ez dugu lortu. Beraz, nahikoa dela uste dugu, pazientzia bukatu zaigu eta konpetenteak ez direnak hezkuntzan soberan daudela uste dugulako Uriarte andreak zuzenduriko Pertsonal Kudeaketarako Zuzendaria den Jon Agirre eta Olatz Garamendi sailburuordeak karguetatik kentzea exijitzen dugu. Sorturiko nahaste eta kalte hauen erantzule direlako, karguak utzi orain!

Hitz politek ez dute ezer balio, ekintzetan ikusten dira asmoak. LABek argi du Euskal Eskola Komunitarioa sortu eta defendatuko dituen arduradunak behar dituela hezkuntza sailak.

Gainontzeko sindikatu eta hezkuntza eragileei dei egiten diegu modu bateratuan erantzuna eman dezagun..

Gainera, LABek bere elkartasun eta borrokarako eskua luzatu nahi diegu beste behin, lurralde ordezkaritzetan lanean itota dauden langileei, zuzendaritza taldeei eta kaltetuak izan diren irakasle guztiei!