Euren eskubideen aldeko borrokan ari dira aspalditik Eibarreko Egogain egoitzako langileak. Larunbatean, zentruaren egunean egin zute protesta eta eskari bat egin zioten egoitza kudeatzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiari, zerbitzu publikoak langile publikoekin betetzea eta azpikontratazioa gelditzea.
BBKLiveko langileen prekarietatea eta instituzioek jaialdiari ematen dioten babesa salatzen dugu
LABek BBliveko langileak sufritzen ari diren lan-baldintza prekarioak salatu nahi ditu. Langileek, ERAGINen bitartez (Bilboko gazte prekarizatuen asanblada) ezagutaraztera eman duten bezala, 4 euro orduko baina gutxiagoko soldatak edota 12 ordu baino gehiagoko lanaldiak konstante bat dira BBKLiven lan egiten duten enpresek egiten dituzten kontratazioetan. Ez hori bakarrik, izan ere, kasu askotan, enpresa horiek ez dituzte kontratuak egiten eta arduragabekeriaz eta inpunitate osoz jokatzen dute, izugarrizko kontrol falta dagoelarik instituzio publikoen partetik.
LABek BBliveko langileak sufritzen ari diren lan-baldintza prekarioak salatu nahi ditu. Langileek, ERAGINen bitartez (Bilboko gazte prekarizatuen asanblada) ezagutaraztera eman duten bezala, 4 euro orduko baina gutxiagoko soldatak edota 12 ordu baino gehiagoko lanaldiak konstante bat dira BBKLiven lan egiten duten enpresek egiten dituzten kontratazioetan. Ez hori bakarrik, izan ere, kasu askotan, enpresa horiek ez dituzte kontratuak egiten eta arduragabekeriaz eta inpunitate osoz jokatzen dute, izugarrizko kontrol falta dagoelarik instituzio publikoen partetik.
Zentzu horretan, ardura ez da soilik jaialdia antolatzen duen enpresara mugatzen; Bilboko Udalak 1.400.000 eurorekin finantzatu du musika jaialdiaren antolaketa eta gainera, guztion artean ordaintzen ditugun zerbitzu publikoak, garraioa kasu, ebento honen zerbitzura jartzen ditu. Hau ez kasu isolatu bat, joera estruktural bati erantzuten dion errealitate bat baizik. Subkontratatazioa, externalizazioa eta prekarizazioaren finantzaketa dira, hain zuzen ere, EAJ eta PSEk gidatutako instituzio publikoen ohiko praktika. Azken finean, bultzatzen ari diren hiri ereduaren isla da eta guztiei eragiten digu. Etxez etxeko laguntza, polikiroldegiak, 010a edota BilbaoBiziko gatazkek, publikoaren pribatizazioaren gestio ereduari erantzuten dio. Era berean, Lan Ikuskaritzari eskatzen diogu hartu beharreko neurriak hartu ditzan.
Gogora ekarri ditzagun pasa den maiatzean Unai Rementeriak, Bizkaiko ahaldun nagusiak, egin zituen adierazpenak: “Bizkaiaiko proiektu garrantzitsuena kalitatezko enplegua da”. Errealitatetik ezin urrunago. Argi dago Bizkaiako proiektu nagusia gutxi batzuen aberastasuna gehiengo baten lanetik ateratzea dela.
Azkenik, jaialdiko langileek eta ERAGINek dei ditzaketen mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu. Inoiz baino beharrezkoagoa da prekarietatea gelditzea!
Lan munduko indarkeria matxistaren aurrean, emakume* guztiak animatzen ditugu diskriminazioak era antolatu eta kolektiboan salatzera
Azken egun hauetan prentsa bitartez jakin berri dugu Goierriko enpresa batentzat lan egiten duen segurtasun enpresa batean, 2016ean, emakumezko langile ebentual batek sexu jazarpena pairatu zuela, eta salaketa judizialak aurrera egin ondoren, epaileak erasotzailea kondenatu duela.
Lehenik eta behin, elkartasuna eta babes osoa adierazi nahi diogu erasoa jasan zuen emakumeari.
Badakigu lan munduan indarkeria matxista gertatzen denean, zaila dela salaketa egitea. Are zailagoa, lan baldintza prekarioetan egonik (azpikontratatuta, behin-behineko kontratuarekin…). Botere harremanek, harreman hierarkikoek, emakumeon hitza etengabe zalantzan jartzen dute eta enplegua galtzeko arrisku eta mehatxuak egunerokoak dira.
Emakumeok lan munduan pairatzen dugu diskriminazioarekin eta indarkeria matxistarekin amaitzea LABen lehentasunezko borroka da. LABen ez dugu kasu bat bera ere pasatzen utziko.
Horregatik, indarkeria matxista publikoki zein juridikoki salatzeaz gain, elkarren arteko laguntza, antolakuntza eta elkartasunaren garrantzia berrestu nahi dugu.
Emakume* guztiak animatzen ditugu diskriminazioak era antolatu eta kolektiboan salatzera. Emakume* guztiak animatzen ditugu eraso bat ere pasatzen ez uztera. Elkarrekin eta antolaturik baino ez ditugu diskriminazio egoera eta eraso hauek geldituko.
Enpresei sexu jazarpen zein diskriminazio ekiditeko protokoloak martxan jar ditzatela exijitzen diegu. Lantokiak gune libreak, indarkeria matxista eta diskriminaziorik gabekoak izan daitezen borrokatuko dugu.
Goierriko herritarrei dei egiten diegu Legorretako Talde Feministak antolatutako elkarretaratzean parte hartzera, ostiralean 19:00etan, Legorretako plazan.
Gipuzkoako papergintzako langileen %70ak babestu du borrokaren eraginez erdietsitako azken eskaintza
Proposamen hau lortzea sektoreko langileen lorpena izan da. Borroka izan da ADEGI sektorean betidanik egon diren eskaerak onartzera eraman duena. Esaterako, errelebo kontratua derrigorrezkoa izango da eta laneko bajetan soldataren %100a kobratuko dute langileek. Baimenetan ere hobekuntza nabarmena egongo da, guraso bakarren kasuan sendagilearengana laguntzeko ordu gehiago izango dituzte, hitzarmena familia eredu berrietara egokitzeko helburuz. Honi soldata igoera garrantzitsua gehitu behar zaio, izan ere 2019an KPI+1 eta 2020 eta 2021an KPI+1,25 igoko dira soldatak. Orain arte ez bezala, langileek ez dituzte oporrak galduko, baja egoeran egoteagatik 18 hilabeteetan ez hartu izanagatik, berdintasun planak egitea adostu da, euskararen normalkuntzarako mahaia sortuko da, lan osasunean hobekuntzak egon dira, haurdun dauden emakumeentzat soldata galdu gabe lanaldia gutxitzeko aukera egongo da, etab.
Hitzarmen hau da azken urte luzeetan lorpen sozial gehien dituena. Ez dago eskubide galerarik, hobekuntzak besterik ez. Enplegua bermatzen du, irabazi ahalmena hobetzen du eta lana eta bizitzaren uztarketa errazten du. Sindikatu guztiok jarritako helburuei erantzuten die.
Azkenik, bereziki 6 greba egunak egin dituzten langileak zoriondu nahi ditugu. Beraiei esker mugitu dugu ADEGI eta erdietsi dugu akordio hau. Zentzu honetan LABek ELAri gogorarazi nahi dio interes propioak defendatzea zilegi dela, baina ez norberaren erabakiak justifikatzeko gezurra erabiltzea. Ez da etikoa LABi publikoki greben aldeko jarrera irmoagoa eskatzea, maila pribatuan jakinarazi digutenean papelera batean deitutako greben erdia bakarrik egitea erabaki dutela. LAB izan da papereko lantoki guztietan greba egun guztien alde egin duen sindikatu bakarra. ELA eta CCOOk ezin dute gauza bera esan. LABekin aliantzarako aukerarik ez da izango LABekin lehiatzeko erradikaltasun irudi faltsu bat proiektatzeko helburuz gezurrak erabiltzen diren bitartean.
Uztailaren 17an finkatu da hitzordua akordioa sinatzeko.
Goierri-Urola Garaian hasi dugu Osakidetzaren beharrezko egitura ahultzen duten lan pilaketagatiko kontratuen aurkako salaketa dinamika
Gaur LABek prentsaurrekoa eman du Donostian. Bertan, Goierri-Urola Garaiko 43 lanpostu egiturazko plantilan sartzeko hasiko duen prozesu judiziala aurkeztu du sindikatuak. Goierri-Urola ESIko Zaida Casalesek, Arabako ESIko Jesus Oñatek eta Eneko Pascual Donostialdeko ESIko kideak hartu dute parte agerraldian.
Badira 2 hilabete LABeko kideok Osakidetzako 2018ko kontratazio txostena aurkeztu genuela. Txosten sakon honek zuzendaritzaren azken urteetako kontratazio politikak Osakidetzako plantilaren infradimentsioa ekarri duela erakusten du, inolako zalantza izpirik gabe.
Txosten honek azaleratzen dituen ondorioak benetan kezkagarriak dira, 26.000 langileko egiturazko plantillan izkutuan dauden 3.000 lanpostu falta dira, behin-behinekotasuna %35tik gorakoa da, langileen prekarizazioa jasangaitza eta erabiltzaileek merezi duten kalitatezko arretaren galera islatzen du.
Behin-behineko kontratuekin eta prekarioki estaltzen ari diren 3.000 lanpostu hauek egitura barnean egon beharko lukete, mugikortasun prozesuetan zein Enplegu Eskaintza Publikoan eskainiz.
Argi dago Euskal Osasun Publikoari ezarritako politika neoliberalak dituen ondorioak: Osasun egituraren murrizketa, arretaren kalitatearen galera, kanporatze politikak hauspotu, iruzurra indartu edota fakultatibo kategoria jakin batzuetako sarrerara baldintzatzeko zerbitzu buruek duten ahalmena, eta honek ekar ditzakeen ustelkeria kasuak.
Gaur, plantilaren behar bezalako neurriratzea lortzeko egingo dugun prozesu judizialaren lehen pausuaren berri ematen dugu. Lehen salaketa multzoa Goierri-Urola garaiko ESI-an dauden 43 koderik gabeko plazak izkutatu dira (70 badira ere jarraipenean ditugunak, 43 hauek egiturazkoak dira, 2 zein 3 urtetik gorako frogatutako iraupenarekin). Lanpostu hauek kontratazio prekarioarekin estaltzen dira, eta kasu batzuetan, 3 urte pasa baino lehen eteten dituzte egituran sartu behar ez izateko, jarraian kontratu prekario berri batekin estaliz. Iruzurreko praktika hauen froga argiak ditugu, Osakidetzaren zuzendaritzari helarazi dizkiogu, eta ez badu bere erantzunkizuna betetzen, bukaeraraino iritsiko gara salaketa hauekin.
Jakin dugunez, Goierri-Urola garaiko ESI-ak eskatu egin zuen plaza kode kopuru bat; gaurkoan, 43 kode exijitzen dizkiogu formalki Osakidetzari, ez dezan ssasun publikoa egoera penagarri honetan utzi duen bidetik jarraitu.
Bestalde, kanporatzea eta zentru pribatuetara egiten diren deribazioak gero eta ugariagoak dira osasungintza publikoan. Nori datorkio ondo egoera hau? Osakidetzako plantilla behar bezala neurriratuta egongo balitz ez litzateke zerbitzu pribatuetara inolako deribazioren beharrik egongo, ez ebakuntzetarako, ez erresonantziak egiteko, ez beste inolako zerbitzurik emateko.
Gaurkoan, 43 plaza kode exigitzen dizkiogu Osakidetzari Goierri-Urola garaia ESI-an, baina 3.000 dira Osakidetzan falta direnak. LAB-etik argi esan nahi dugu afera honek berebiziko garrantzia duela Euskal Herriko jendarteak behar duen kalitatezko osasun zerbitzu publikoaren biziraupenerako. 3.000 plaza hauen egonkortzea eta mugikortasun zein EPE prozesuetara ateratzea dira LAB-en lehentasunak.
Mobilizazioa egin genuen atzo Noainen lanean izandako azken heriotzaren aurrean
Kontzentrazioa egin genuen atzo Noainen, gehiengo sindikalarekin batera, Josenea enpresaren aurrean. Bertako langile bat istripuan hil zen astelehenean Irunberrin. Gure datuen arabera, gutxienez 27 dira urte hasieratik Euskal Herrian lanean hildakoak, horietariko 8 Nafarroan. Istripua gertatu den enpresan, Josenea Lan Elkartean, beste langile bat hil zen istripuz martxoaren 29an, ordukoan in itinere izandako istripuan.
G7ari ez! Euskal Herritik alternatiba eraikitzen
Abuztuaren 24, 25 eta 26an Miarritzen G7a elkartuko da, ekonomikoki, politikoki eta militarki botere handia duten munduko zazpi herrialdek gerra hotzaren garaian sortutako taldea (AEBk, Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak, Italiak, Japoniak eta Kanadak osatua). Kapitalak bere agenda propioa du, eta horretan hitzordu garrantzitsua da Miarritzekoa. Topaketa honek helburu jakina du, azken hamarkadetako erabakien ildoari beste ufada bat ematea elite ekonomikoaren mesedetan beti ere, eta politika neoliberaletan sakontzen jarraitzea. Langileon izenean hartuko omen dituzte erabakiak, baina langileoi hitza ukatuz eta gure lan eta bizi baldintzen aurka. Eta erabaki horien ondorioak ezagutu eta pairatu beharko ditugu gero.
Bizitzaren eta kapitalaren arteko borroka bizian gaude. Ertz ugariko krisi holistikoa bizi dugu. Eta kapitalismoa kapitalismo gehiagorekin ari da erantzuten, gero eta krudelago, gero eta basatiago, gutxi batzuek gero eta aberastasun handiagoa metatzen jarrai dezaten. Kapitalaren metaketaren hazkundeak gutxi batzuen eskuetan jarrai dezan, bizitzaren erreprodukziorako esplotazioan oinarrituriko kontratuari eutsi behar dio. Eta hori nola egiten da? Lurra, gorputzak eta langileak prekarizatzen zein pobretzen eta oinarrizko eskubideak merkantilizatzen, betikoen interes politiko, ekonomiko eta finantzariak babesteko. Horregatik diogu bizitza eta kapitalaren arteko borroka batean gaudela.
Gaur gaurkoz, hiru agenda global daude: neoliberalismoarena, faxismoarena eta emantzipazio sozialarena. Lehen biek kapitalari erantzuten diote eta elkarlotuak doaz. Kapitalismoak krisi sistemikoari kapitalismo gehiagorekin erantzun eta hor topatzen du tokia faxismoak. Nagusikeria eta muturreko dominazioren bidea da hori.
Lehen biei erantzuteko, hirugarren agenda artikulatzea eta elikatzea da gure erronka. Bizitza eta natura erdigunean izango dituen eredu berri baten alde ahalik eta herritar sektore zabalena biltzeko erronka dugu. Emantzipazio sozialaren bidetik soilik lortuko dugu gure bizitzen zein herrien gaineko erabakiak hartzeko eskubidea eta pertsonen askatasuna bermatzeko ahalmena. Mobilizazioa eta alternatibak uztartzea ezinbestekoa zaigu.
Bizitza dugu jokoan, gure bizitzak eta haiei lotutako eguneroko afera materialak: pentsioak, lan harremanak, energia politika, garapen teknologikoa, hezkuntza sistema, aisialdi eredua … Gai hauek inpaktu zuzena dute gure bizitzatan, gure lan baldintzatan. Eta horiek guztiak mintzagai izango ditu G7ak. G7a, ordea, gobernantza globalaren katebegi bat gehiago da, tentakulu andana dituen olagarroa (Merkataritzaren Mundu Erakundea, G20, Nazioarteko Diru Funtza, Munduko Bankua…). Eguneroko borrokak dimentsio globalarekin lotzea eta etorkizunera begira proposamen berriak mahai gaineratzea klabeak izango dira zentzu horretan.
Gaurko ereduak iraungitze data du eta eredu berri bat izango dela ziurra da, baina… noren neurriko eredua? Nork gidatuko du bide hori? Hor dago joko zelaia. Langileok gidaturiko trantsizio ekosozialista izango da ala kapitalaren mesedetan birkokatuko den eredu neoliberala izango da?
Euskal Herrian badugu erantzuna kapitalaren oldarraldiaren aurrean eta eredu berri baten alde egiteko, badugu alternatiba eta badugu determinazioa. Eta jada egiten ari da bidea: mugimendu feminista eta pentsionisten borrokak goraipatzearekin batera, langile borrokak ere aipatu behar ditugu, lan eta bizi duinaren alde milaka langile borrokan baitaude lan zentro nahiz kaleetan. Era berean, faxismoaren aurrean, klase elkartasuna handitu da eta horren adibide dira errefuxiatu edota migranteen bizi baldintza duinen aldeko dinamika herritarrak.
G7a Euskal Herrian elkartuko zela jakin eta berehala, G7 EZ! Euskal Herritik beste mundu bat eraikitzen plataforma martxan jarri genuen Hego eta Ipar Euskal Herriko hainbat mugimendu sozial, alderdi politiko eta sindikatuk. LAB sindikatua hastapenetik inplikatu da eta politikoki erronka propiotzat hartu dugu. Hau esanda, G7ak ordezkatzen duen kapitalismo heteropatriarkal basatiari herri gisa erantzun nahi badiogu, langileok lehen lerroan kokatu behar dugu. Bizitza eta natura erdigunean izango dituen eredu berri baterako gure ekarpena osatzen ari gara (estrategia sozioekonomikoa) eta eredu horren aldeko gehiengoa kalean artikulatzeak berebiziko garrantzia hartzen du.
Aldaketa soziala gauzatzeko, ordea, burujabetza behar dugu, gure erabakiak modu askean hartzeko ahalmen osoa. G7aren testuinguruan ere burujabetza zein herrien autodeterminaziorako eskubidea erdigunean kokatu nahi dugu, erabakiaren monopolioa elite ekonomikoek, finantza erakundeek, transnazionalek, finean, kapitalaren gehiengoa metatzen duen gutxiengoak, izaten jarrai ez dezan. Beraz, eredu berri baten aldeko gehiengo soziala artikulatzeko erronka dugu parez pare.
Amaitzeko, ezin alboratu G7a Miarritzen egingo dela, Euskal Herrian, etorkizunari historia propio batetik eraikitzen ari den herria. Hala, nazioarteko hitzordua probestu beharko dugu gure herriari proiekzioa eman eta nazioarteko aliantzetan sakontzeko.
Euskal Herrian mobilizazio herritar batekin erantzungo diogu, G7aren aurkako plataformak antolatuta. Irun eta Hendaia artean, Alternatiben Lurraldea eraikiko dugu, eredu berri baten aldeko ahalik eta jende gehien batzeko helburuarekin.
Deialdi nagusiak:
• Uztailak 13: manifestazioa, Miarritzen.
• Abuztuak 21 – 25: Alternatiben Lurraldea, Irun-Hendaia
• Abuztuak 21, 22, 23, jardunaldiak
• Abuztuak 24, manifestazio nazionala
• Abuztuak 25, ekimen herritarra

