2026-07-25
Blog Page 635

Palestinako enbaxadak eskerrak eman dizkio CAFeko enpresa batzordeari

0

Palestinako Espianiako enbaxadak eskerrak eman dizkio CAFeko enpresa batzordeari, gutun baten bitartez, “okupazio mingarria” pairatzen dutenen alde jartzeagatik. Enpresa batzordeak egindako eskaera eredu izateko itxaropena azaltzen du Musa Amer Odeh enbaxadoreak gutunean, eta askatasuna eta herrien autodeterminazio eskubidearen aldeko aldarria egiten du. CAFeko enpresa batzordeak Jerusalemgo tranbia-linea berria eraikitzeko lizitazio-prozesuan ez parte hartzeko eskatu zion zuzendaritzari, eta, behin lehiaketa irabazita, lanak ez egiteko.
 

 

 

Hezkuntza laiko eta hezkidetzailerantz urrats sendoak emateko beharra aldarrikatu dugu Gasteizko Legebiltzarrean

0

Elkarretaratzea egin dugu Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, "Hezkuntza laiko eta hezkidetzailea iruten. Erlijioff" leloarekin. Hain zuzen ere, LABek Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren bidean hezkuntza laiko eta hezkidetzailerantz urrats sendoak emateko beharra aldarrikatu du Legebiltzarraren kanpoan eta barruan; elkarretaratzeaz gain, Hezkuntza Batzordean hitza hartu baitugu. Gure mezua garbia da: erlijioa hezkuntzatik kanpora; hezkidetzara bidean Nafarroako Skolae eredu hartuta Euskal Herri osorako hezkuntza feminista eta hezkidetzailea orain.

LABeko kideak, eskuinean, Gasteizko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. (Argazkia: Eusko Legebiltzarra / Parlamento Vasco)

LABetik azpimarratu nahi dugu Erlijioa elementu segregatzaile nagusietakoa dela. Beraz, hezkuntza laikoa, hezkidetzailea eta inklusiboa jasotzeko eskubidea dugulako ERLIJIOFF aldarrikatzen dugu.

Erlijio desberdinetako ikasgaia (nagusiki katolikoa), urtez urte eskaintzen da Euskal Herriko ikastetxe publiko zein itunduetako gehiengo zabalean, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora. Guk, hezkuntza sistema laikoaren aldeko apustu garbia egiten dugu, kontuan izanda, familiek etxean eta euren borondatez erlijioetan hezteko eskubidea eta aukera dutela. Heziketa horrek heziguneetatik at egon behar duela deritzogu, hezkuntza sistematik kanpo. Hezkuntza sistema propioaren bidean, urrats praktiko bat gehiago eman nahi dugu, eta IKASTETXE LAIKOAK, INKLUSIBOAK ETA HEZKIDETZAILEAK IRUTEN hasiak gara. Gaur ikastetxez ikastetxe borrokan jarraitzeko deia egiten dugu.

Ekintza desberdinak gauzatu ditugu, kontzentrazioak, ekimen ikusgarriak, eskolaz eskolako kanpaina… Eta sinadura bilketa. Milaka sinadura aurkeztu genizkion Eusko Jaurlaritzari ekainean, eta gaur parlamentura etorri gara erantzun bat eskatzera.

1. Estatua laikoa izanik EAEn hezkuntza laikoa bermatzea.
2. Erlijioko irakasleak, estatua -Gasteizko Gobernua eta elizaren arteko itunak bertan behera uztea.
3. Erlijio irakasleen pribilejioak eta eliza katolikoaren eragina bertan behera uztea.
4. LABek, erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik atera eta irakasle finko zein behin-behineko hauek birkokatzeko prozedura adostu baten aldeko hautua egiten du dagozkion berme mekanismoak artikulatuz eta gardentasun printzipioak bermatuz.
5. LABek ez du fokoa erlijioko irakasleengan jarri nahi. Ardura politiko guztia eta konponbiderako eskumena Eusko Jaurlaritzak du eta berari egiten diogu interpelazio zuzena, gaiari eutsi eta erlijiorik gabeko bestelako Hezkuntza sistema bat hezkuntza komunitatearekin adostu eta abiarazi dezan.

Honekin batera hezkuntza hezkidetzaile eta ez-segregatzailearen aldeko aldarrikapena azpimarratu nahi dugu. Hezkuntza laikoak, hezkuntza hezkidetzaileari ateak ireki behar dizkio, Nafarroan bezala EAEn ere Skolaeren pareko proiektu bat aldarrikatzen dugu, egiturazkoa eta derrigorra dena. Hezkidetzak curriculumaren zentroan egon behar du, sistema heteropatriarkal honen aurrean gure haurrak aukera berdintasunean hezi ditzagun, ez jaiotzetik esleitzen zaien sexuaren araberako genero roletan. Zentzu honetan gaurko ekimen honen bidez gure babesa adierazi nahi diegu Skolae martxan jartzearren epaituak izaten ari diren langile guztiei eta bereziki gaur Hezkuntza Batzordean agerraldia egingo duen Pilar Mayori.

Azkenik, Erlijioa ikasleen segregaziorako arrazoi nagusietakoa izanik hezkuntza laikoaren aldarrikapenak inoiz baino zentzu handiagoa du orain eta hemen, Gasteizen.

Dinamika
Pentsatzen dugu, Erlijioff dinamikaren ondotik, ekimen hau dinamika zabalago batean bilakatzeko baldintzak daudela. Hemendik aurrera Hezkuntza Laikoaren aldeko plataformarekin elkarlanean jarraituko dugu, berau indartsuago eta eraginkorragoa izateko ahalegin kolektiboan parte hartzen ari gara beste eragile batzuekin batera.

Euskal Eskola Publiko Komunitariorantz hezkuntza laiko, inklusibo eta hezkidetzailea Iruten.

 

 

 

Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoa salatu dugu kale eta lantokietan, Kataluniako herriari elkartasuna adierazita

0

Kataluniako procesaren epaia salatu eta elkartasuna adierazteko, 200 mobilizaziotik gora egin ditugu Hego Euskal Herriko hiri eta herrietan (ikus irudi galeriak), lantokiz lantoki, euskal gehiengo sindikalak deituta. Langileen erantzuna izugarria izan da, Katalunian egiten ari diren greba gogoan.

Hauxe da LAB, ELA, STEILAS, ESK, ETXALDE eta HIRU sindikatuok, hots, gehiengo sindikalak, egindako oharra, gaurko mobilizazioak direla-eta:

Botoa ematea ez da delitua. Ez behintzat demokrazian. Horregatik mobilizatu dira langileak gaur, euskal gehiengo sindikalak deituta. 12 pertsona zigortu egin dituztelako, zergatik, eta demokrazian delitua ez den, eta izan ezin den zerbait egiteagatik.

Bilboko plaza Biribila.

Elkartasuna adierazteko atera gara kalera, baina gure kezka askoz sakonagoa da. Epai honekin estatuak mezu beldurgarri bat helarazi nahi digu denoi: gure etorkizunari buruzko erabakia noizbait hartzeko itxaropena galarazi nahi digu. Epai eta zigor honekin erakusten ari dira nola joko duten edonoren aurka, baldin eta egunen batean gauzatu nahi bada Kataluniak edo Euskal Herriak ahotsa eta hitza izatea.

Urte askotan Kataluniako erakundeak behin eta berriz saiatu dira Estatuko gobernuarekin elkarrizketa bidez egoera konpontzen. 2005ean proposatu zuten estatutua hustu egin zuten; halere, herritar katalanek bozkatu zuten. Baina bozketa honen ondoren ere Auzitegi Konstituzionalaren epai batek ostera desitxuratu zuen. Alabaina, erakunde katalanek elkarrizketaren bideari ez zioten uko egin, herritarren gehiengoak zituen helburuel bide emateko. Estatuaren erantzuna, behin eta berriz, ezezkoa izan zen. Horregatik mobilizazio soziala, masiboa eta baketsua gero eta handiagoa izan zen; mobilizazio horren ondorioz etorri zen 2017ko urriaren 1eko kontsulta, gogor zanpatua eta gaurko epai honekin zigortua. Horregatik esaten dugu epai hau eskarmentu gisa datorrela: hori baita arduradun politikoek eta jendarte zibileko eragileek espero dezaketena, baldin eta estatuko nazioei ahotsa eman nahi badiete.

Gasteizko Andra Mari Zuria.

Hain zuzen ere, Gorenak Altsasuko kasuari buruz eman duen beste epai lotsagarriak agerian utzi du Estatuko botereen benetako interesa: gazte batzuk erabiltzea euskal herritarroi diziplina politikoa ezartzeko, mendekua eta zigorra medio,
Agerraldi hauek deitu ditugun euskal sindikatuok ondo asko dakigu Espainiako Estatuak zer nolako botere errepresiboa duen, baina estatuko instituzioei mezu argi bat helarazi nahi diegu: ez da sortu euskal herriaren eta herri katalanaren asmo politikoak isilaraziko dituen epairik, ez estaturik.

Gure mobilizaziorekin esaten ari gara kontu honetan azken hitza ez dela zigorra, errepresioa edo mendekua izango. Bilatuko dugu bidea beste herrialdeetako herritarren pareko izateko, guri eragiten digunari buruz erabakitzeko gauza izateko, baita beste estatuekin harremana izateko moduaz ere.

Iruñeko udaletxe plaza.

Premiazkoa da mobilizatzea; hortan ari dira dagoeneko Katalunian. Horregatik, elkarretaratze hauek deitu ditugun sindikatuok eutsi egingo diogu demokraziaren, elkarrizketaren eta politikaren aldeko jarrerari, baita printzipio horien aldeko mobilizazioari ere. Horregatik lan munduari dei egiten diogu parte har dezan Gure Esku deitzen ari den mobilizazioetan, batez ere Donostian datorren urriaren 19an izango den manifestazioan (Antigua, 17:30).

Bozkatzea ez da delitua. Preso politikoak askatu!

 

 

 

“Egoeraren larritasunak interpelatu egiten gaitu demokrazia, justizia eta askatasunak maite ditugun guztiok, gure aukera ideologikoetatik harago”

0

Hainbat eragiletako hainbat ordezkarik agerraldia egin dute Donostian, Kursaalen, Kataluniari elkartasuna adierazteko. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu bertan izan da, eta elkartasun eta konponbide politikoaren aldeko manifestua babestu du, beste ordezkariek bezala. Hala, Gure Esku herri dinamikak larunbaterako Donostian (Antigua, 17:30) antolatutako manifestaziora atxikitu dira guztiak.

Hauxe da eragiletako ordezkariek sinatutako manifestua:

 

 

 

Dei egiten dugu Kontseiluaren elkarretaratzean parte hartzera, euskararen aurkako azken erasoa salatzeko

Agerraldia urriaren 19an, larunbata, eginen da, 12:00etan, Nafarroako Jauregiaren aitzinean, Karlos III etorbidean, "Justizia, Berdintasuna, Kohesioa euskaraz bizi nahi dugulako" goiburupean.

LAB, ELA, Steilas, ESK, Hiru, EHNE eta CGT sindikatuok Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaia gaitzesten dugu, 2017ko Euskararen Foru Dekretuaren zenbait artikulu deuseztatu duena. Epai horrek nafar herritarren eta langileen eskubideak hamaikagarren aldiz urratu ditu, eta lehengo Nafarroako Gobernuak arlo horretan egin dituen urrats apalak berriz ere gibelatu. Ezin onartuzkoa da administrazio publikoan hizkuntza-eskbideak behin eta berriz urratzea. Gaur egun, hizkuntza-aniztasuna inoiz baino preziatuagoa denean, horrelako ekintzak, hizkuntza- eskubideen berdintasunaren aurkakoak, ez dira inola ere onargarriak. Euskarak, bertako hizkuntza minorizatua denez, babes-legeak behar ditu, diskriminazio positiboa; eta ez bigarren mailako hizkuntza gisa hartzeko baliabiderik. Horregatik guztiagatik sindikatu sinatzaileok galdatzen diogu Nafarroako Gobernuari euskararen dekretuaren aurkako epaiari helegitea jartzeko, eta indarrean dagoen legeriaren araberako aukerez baliatzeko, beti ere dekretuan jasotako euskararen aldeko aitzin-urratsak deuseztatu ez daitezen.

Epai horrek agerian utzi du euskararen lege berri baten beharra, 1986ko legea ordezteko. Foru lege maila duen testu berri batek bakarrik zonifikazioa ezabatu dezake, eta euskaldunen eskubideak bermatu. Horrela soilik, oraingo lege-esparrua gaindituz, Nafarroak berezko duen hizkuntza arautu ahal izanen du, nafar guztien hizkuntza-eskubideak bermatuz. Bertzela, gaitzetsi dugun epaiaren kasuan bezala, epaitegiek ikuspuntu arras diskriminatzaileei eutsiko diete, eta gure hizkuntza arautzeko ahalmena zalantzan geratuko da.

Tamalez, berriz ere ikusi dugu nor bere betiko tokian dagoela: Navarra Suma, PSN (gogoan izan alderdi horretako zenbait kontseilari eskuin-muturrak deituriko euskararen aurkako manifestaziora joan zirela) eta sindikatu batzuk (oraingo honetan UGT, Afapna, Sindicato Medico eta Satse). Erakunde horien pentsamoldeen arabera euskara behe-mailako hizkuntza gisa hartu behar da, mendialdera mugatua, eta ahal dela etxe barnekoa, plazara atera gabe, eta jendartean izen onik eta estimaziorik jaso gabe.

Azkenik, LAB, ELA, STEILAS, ESK, Hiru, EHNE eta CGT sindikatuok dei egiten dugu euskararen aldeko mobilizazioa eta ahalegin politikoa eta pedagogikoa egitera.
 

 

 

“Emakumeok ez ditugu kaleratzeko mehatxuak onartuko gure eskubideak aldarrikatzen ditugun bakoitzean”

Duela hainbat hilabete LAB sindikatutik salatu genuen Gasteizko Hotel Palacio de Elorriagan emakume bat kaleratuta izan zela haurdun zegoela komunikatu zuenean. Epaitegiaren ebazpena emakumearen aldekoa izan zen eta bere lanpostura bueltatzeko eskubidea onartu behar izan zuten, baina emakume honen kontrako zigor kanpaina ez da amaitu eta LAB sindikatutik ez dugu inolaz ere onartuko emakumeon kontrako diskriminaziorik. Hala, elkarretaratze bat egin dugu gaur hau guztia salatzeko, Gasteizen, Lan Delegaritzaren aurrean.

Hauxe da gaurko elkarretaratzean irakurri dugun adierazpena:

Gaur hemen elkartu gara beste behin ere emakumeon kontrako diskriminazio matxista kasu bat salatzeko. Duela urte bat, emakume bat kaleratua izan zen Palacio de Elorriaga Hotelean. Langileak haurdun zegoela komunikatu ostean, egoera hori salatu eta epaiketa irabazi egin zuen. Sententziak langilea berriz hartzera derrigortu zuen enpresa. Amatasun baja eta edoskitzea bukatzean eta lanera bueltatzeko momentua heldu denean, Hotela emakumea kaleratzen saiatu da berarekin adostasun baterako bidea eginez. Enpresak langilearen ezezkoa jaso duenean, emakumea 10 eguneko enplegu-soldata etenarekin zigortzea erabaki du. Horrekin, Palacio de Elorriaga Hotelak argi eta garbi aditzera eman nahi izan du, emakumearen kontrako kanpainarekin jarraitzen duela, berau enpresatik kanpo ikusi arte ez duela etsiko ematen du.

Egoera honen aurrean, emakumeok gure lanpostuetan jasaten ditugun diskriminazio matxistak salatu nahi ditugu.

Ez gara bigarren mailako langileak, eskubide berberak ditugun langileak gara. Emakumeok ez ditugu kaleratzeko mehatxuak onartuko gure eskubideak aldarrikatzen ditugun bakoitzean. Haurdun egoteagatik eta kontziliatzeko baimenak eskatzeagatik, errepresaliak hartzea ez dugu onartuko.

Enplegua ematea ez da enpresek egiten diguten fabore bat, beraz, lantokietan errespetu eta eskubide guztiak bermaturik izatea exijitzen dugu.

LAB sindikatutik, emakume guztiak deitu nahi ditugu, diskriminazio matxistak era antolatu eta kolektiboan erantzuteko. Soilik elkarrekin eta antolaturik geldituko ditugu diskriminazio egoera hauek.

Edozein diskriminazio matxista ematen denean, aurrean eta tinko izango gaituzue!

 

 

 

Lan heriotzak Nafarroako Parlamentuaren aurrean salatu ditugu

Azken lan heriotza salatzeko Nafarroako Parlamentuaren aurrean bildu gara, lan istripuen atzean prekarietatea dagoela nabarmentzeko. Eraikuntzako langile bat hil zen asteartean Antsoainen, zazpi metroko altuera batetik erorita. Antsoinen atzo arratsaldean ere mobilizatu ziren.

 

 

 

Orozkoko Galletas Artiach enpresan mobilizatzera deitu dugu urriaren 21erako, behin behinekotasunaren aurka eta kaleratutako emakume langileak berronartzearen alde

0

LABek jarritako salaketa baten ondorioz, ekainaren 4an, Lan ikuskaritzak Orozkoko Galletas Artiacheko behin behineko 7 langileren kontratuak finko izatera pasa behar zutela ebatzi zuen, besteak beste. Langile hauek urteak eman dituzte lanean Galletas Artiachen (6 eta 17 urte artean), baten batek 787 kontratu ezberdinekin. Bada, langile horietatik sei, emakumeak guztiak, kaleratu ditu enpresak, kontratu finkorik ez egiteko.

LAB sindikatuaren iritziz, Galletas Artiachek darabilen kontratazio politika langileen lan baldintzen prekarizaziorako tresna da. Ez da lehen aldia LABek kontratazioetan iruzurra dagoela salatzen duenik, eta badira sententziak hori baieztatzen dutena.

Galletas Artiacheko langileek istorikoki langile eskubideen alde egin dute borroka, enpresak kontratazioaren bitartez sortutako beldur eta menpekotasunaren aurrean. Lan ikuskaritzaren txostenean ere zigorra ezartzen dio enpresari, hitzarmenean adostutako ETTren bidez egin ahal duten kontratuen mugak gainditzeagatik: 2017an, %25ekoa da ETTren bidez egindako behin behineko kontratuak (20.414 lanaldi) eta 2018an, %15,8koa da (13.404 lanaldi). Konputotik kanpo geratzen dira formakuntza eta interinitateko kontratazioak.

Enpresaren erantzuna itxosten honen aurrean langileak kaleratzea eta enpresa batzordea kontratazioen jarraipena egin ahal izateko behar duen benetazko informazioari uko egitea izan da. Jarrera horrekin oztopatzen die langileen ordezkariei kontratazioen iruzurra identifikatu eta salatu ahal izatea.

Urriaren 22an, kaleratuak izan diren bi langileren epaiketa izango da, eta, honen aurrean, LAB sindikatuak elkarretaratze batera deitu du enpresaren aurrean, urriaren 21erako, 13:00etatik 15:00etara, txanden aldaketetan langileak hurbil daitezen. Egun berean, Orozkon, Udaleko plenoan gaia jorratuko dute.

Sarritan, Artiacheko langileek enplegu finko eta duin baten alde borrokatu behar izan dute, enpresak kontratazioetarako darabilen politika diskriminatzailea salatuz. Plantillarentzat enplegua mantentzea ezinbestekoa da eta kanporaketa guztiak era kolektibo batean jorratu dituzte.

Artiachen beste era batera ezin da jokatu, kanporaketak eta kontratazio politika prekarietatean sakontzeko beti erabili baitute. LAB sindikatuak bat egiten du delako irakurketarekin eta, berriro ere, plantillarekin bat eginik erantzungo dugu.

Lan Ikuskaritzaren errekerimendua betetzeko exigitzen dugu: hor izendatzen diren 7 kontratuak behin betikoak izan behar dute. Berronarketa orain! Adams Food-ek emakumeei behin behineko kontratuekin mantentzen dituen kontratazio politika, jakinda behin betikoak izan behar, zirela salatzen dugu. Emakume langileen lan eskubideak betearaztea exigitzen dugu. Ez gara gaur erabili eta bihar bota daitezkeen langileak, gure kontratazioak ezin dira gaur behar gaituen eta bihar kanporatu eta ostikoa ematen digun sistema baten menpe egon. Ezta otzan eta belauniko nahi gaituen sistemaren menpe ere.

Enpresek darabilten emakumeen kontratazio politikan ematen den behin-behinekotasuna eta partzialitatearekin amaitzea galdegiten dugu. Ez dugu lan munduan bigarren mailako lekurik onartuko. Eskubide oszko langileak gara eta ez dugu onartuko gure eskubideak eskatzen ditugun bakoitzean mehatxuekin erantzutea.

Behin behinekotasuna murrizteko, ETTa kanporatzeko eta kontratazioetan iruzurrik ez egoteko borrokatzen jarraituko dugula argi utzi nahi dugu. Gure apustua kontratazioetan gardentasuna egotea da.

Guztiok bizitzan proiektu bat izateko eskubidea eduki behar dugu. Ezin dugu utzi Galletas Artiachek prekarietatean sakontzen, ebentualitatearekin eta honek dakarren segurtasun ezarekin eta menpekotasunarekin jarraitzea, ezta kontratazio politika diskriminatzaileak burutzea ere.

 

 

Osakidetzak bere baitan jarraitzen du filtrazioak ukatzeko jarreran, eta salatutako eta instrukzio penalpean dauden mediku kategorien EPE prozesuarekin aurrera darrai

0

Etorkizunean Osakidetzak emango dituen pausuei begirik ez kentzeko deialdia luzatzen diogu euskal jendarteari, ohartaraziz Osakidetzako enplegurako sarbidean oinarrizkoenak diren printzipio demokratikoak zapuzten saiatzen ari direla, hots, berdintasuna, meritua eta gaitasuna. Gure kezkaren berri eman dugu gaur, Bilbon egindako agerraldi batean.

Osakidetzak eta 2017ko akordioaren jarraipenaren batzordeak (honako sindikatu sinatzaileez eratua dagoena: UGT, Erizainen sindikatua SATSE, eta Sindikatu Medikoa SME), instrukzio penalpean dauden plazen esleipenaren aurretiko azken fasea hasi dute.
LABek, gaurko Osakidetzari eta UGT, SATSE eta SMEk eratzen duten jarraipen batzordeari, instrukzio penalaren erabakia ezagutzera eman arte, salatutako 19 kategoriak gelditzea eskatu die.

Egin ezean, eta, instrukzio penalak filtrazioak egon zirela ondorioztatzen badu, LABek herri akusazio moduan defenditzen duen moduan, irekita dagoen prozesu penalean, bai Osakidetza, bai sindikatu hauek, milaka oposiziogileen babesgabetasunaren aurrean eman daitekeen egoeraren erantzule izango dira.

Honek guztiak besteri eragindako kalteak dakartza eta honek sententzia judizial batek baliogabetu dituen plazen banaketa dela-eta kaltetuta gertatu direnen salaketa uholdea ekar dezake. Azkenean, eman daitezkeen kalte-ordainketak altxor publikoaren kontura egingo dira, euskal jendartea konprometitzen duen zerbait izanik.

UGTren aipuak errefusatzen ditugu, mahai sektorialean izan dugun jarrera trakets moduan definituz. Urriaren 8an, Osakidetzak mahai sektoriala ekintza propagandistakoan bilakatu zuen egunean ez zitzaion inori errespeturik faltatu, LABek aipatu diren sindikatuei eta Osakidetzari ikerketa judizialpean dauden plazak banatzen jarraitzeak ekar zitzakeen egoerei buruz ohartarazi zien. Sindikatu medikoaren antzezturiko saminduraren aurrean, oihuka, eztabaida sortu zen mahaitik altxatzen ginen bitartean. Ematen ari den errespetu falta larria ez da horra joan ginenon jarrera, baizik eta iruzur honen biktima diren milaka oposiziogileen babesgabetasunaren zein euskal jendartearen aurrean moxal batekin daudenena.

Gogorarazi behar dugu, filtrazioen eskandalua ez dagoela UGT bere komunikatuan aipatu moduan fiskaltzaren ikerketapean, dagoeneko LABek salatutako 19 kategorietatik 11n fiskaltzak ikertu eta seinaleak aztertu ditu, eta, momentu honetan, instrukzio penal baten aurrean aurkitzen gara. Komunikatu batean emandako halako baieztapenen aurrean, bertan zeudenek egungo egoeraren benetako garrantzia ezagutzen ez dutela konfirmatzen du. Benetan larria dena.

LABek ez zuen momentu batean ere hitz egin EPE eredu berriak suposatzen duen zitalkeriaz, 4 ordu pasa arte ezagutu ez genuelako. EPE eredu bat, Osakidetzaren arabera, filtrazioak salatu genituen sindikatuekin izan ezik, gainontzeko sindikatu guztiekin adostua izan dena.

Osakidetza neurri hauek etengabeko hobekuntza bezala aipatzen ditu egia hitzez ez adierazteko. Izan ere, filtrazioak luzaroan izan dira errealitate bat eta EPE eredua gaur eztabaidagai baldin bada, eremu penalean egindako eta mahaitik altxatu den gehiengo sindikalaren salaketengatik eta LABek egindako herri-salaketarengatik izan da.

Enplegu publikorako sarreran berdintasuna da jokoan dagoena, aukera-berdintasuna, eta Osakidetzak zein Eusko Jaurlaritzak prozesu baztertzaile eta arbitrario bat nahi dutenen aurrean nola amore ematen duen ikusten ari gara.

Babes garden bat ziurtatzen duten neurriak behar dira, zuzeneko arduradunekin eta beharrezko trazabilitate bat, abiapuntua onartuz: urteetan zehar emandako filtrazioak eta praxi txarra.

Azterketa, IVAP/HAAEk isilpean kontaktaturiko pertsona bakar batengatik burutua izan beharko litzateke, honek azterketaren babes zorrotza eta trazabilitate argia bermatzen du.
Neurri hauek ezinbestekoak dira eta plantilla estrukturalaren areagotze-egonkortze plan batengatik lagunduak etorri behar dira. Gure kontratazio ereduaren analisia tartean dauden eragile guztiei helarazi zaie dagoeneko. Egun, inork ez die kontra egin txostenak mahai gainean jartzen dituen prekarietatearen inguruko datu eztabaidaezinak.

-Azpimarratu nahi dugu, hautaketarako elementu berriztatzaile moduan elkarrizketa pertsonalak planteatze hutsak lotsa ematen duela, kultura klientelista eta denboran zehar egonkortutako inpunitate absolutua dagoen eremu batean elkarrizketak planteatzea hautaketarako irizpide arbitrarioak ezarri nahi dituenaren berezkoa da.

Gaitasunaren atzematearen erronka sarbide prozesuak faltsutzea baino serioagoa da. Gaitasunaren atzemateak enpleguan egonkortasun baldintzekin zerikusia dauka. Medikuen prekarietate egoera kategoria profesional honetan gaitasunak atzemateko dagoen trabarik handiena da. Gai honen aurrean, LABek bere planteamendua dauka Osakidetzako kontratazio txostenean oinarritua, eta zehazten duena 6.000 plaza inguruko EPE bat beharko litzatekeela nola hala Osakidetzan %35 gainditzen duen behin-behinekotasuna arintzeko, kategoria medikoetan handiagoa delarik.