2026-01-30
Blog Page 633

Bizkaiko kiroldegi eta kirol zelaietako langileek Bilboko kaleak hartu dituzte

0

Bizkaiko kiroldegi eta kirol zelaietako langileak greban daude, eta, gaur, manifestazioa egin dute Bilbon, Arte Ederren Museotik abiatuta. Lan sariaren hobetzea, lan orduen gutxitzea eta sektoreari eragiten dieten aldibaterakotasuna eta partzialitatea hobetzeko neurriak dira langileen aldarri nagusiak.

Astelehen eta asteartean ere egin zituzten lanuzteak, arrakasta handiarekin. Egindako lanuzteek eragina izan zuten, gutxienez, lan zentru hauetan: Markina, Basauri, Berriz, Pando, Churruca, Santurtzi, Kabieces, Gorliz, Elorrio, Etxebarri, Gorostiza, Lasesarre, Sestao, Zorrotza, Artxanda, La Casilla, Txurdinaga, Rekalde, Atxuri, Abusu, Miribilla, Deusto, San Ignazio eta Azkuna Zentroa; arreta zerbitzuak, igerilekuak, gimnasioak eta gainontzeko aktibitateen jarduna eten egin zituztelarik.

Erabiltzaileek izandako ulermena eta aldeko jarrera eskertu du kolektiboak. 
 

 

 

Patronalaren aurrean planto egin dute Bizkaiko Metalgintzako langileek: sektoreko enpresen %70-80ek egin dute greba

0

Arrakasta itzela izan du Bizkaiko Metalgintzako lehen greba egunak. Sektoreko enpresen %70-80ek egin dute greba. NEMAK, ESTAMPACIONES BIZKAIA, CIE AMAYA, CIE UDALBIDE, TUERCAS- ESTAMCAL, ZF SACHS, ARTECHE, LAMINCER, PINE, MESA, ALCONZA, INGETEAM, NAVACEL, VICINAY, ORMAZABAL, TECNICHAPA, SUBCONTRATAS DE PETRONOR, ERGOROS, KAREALDE, NERVACERO, ELDU, CIE, MAREIVERIA DEUSTO bezalako enpresa garrantzitsuek bat egin dute grebarekin, eta 10.000 lagun inguru bildu dira Bilbon egindako manifestazioan.

LABetik eskerrak eman nahi dizkiegu, oztopo guztien gainetik, greba egin eta euren eskubideak aldarrikatzera ateratzea erabaki dutenei. Gogoan izan nahi ditugu baita, bizi duten prekarietate egoera berezia dela eta, praktiketan dauden gazteak, aldi-baterako langileak, ABLEetakoak, migranteak… grebara atera ezin izan direnak, mehatxuak eta lanpostua galtzeko duten arriskuagatik. Borrokan jarraituko dugu euren egoera alda dadin.

Gaur planto egitea erabaki dute Metalgintzako langileek, euren eskubideak eta bizitza erdigunean jartzea erabaki dute. Langileen prekarietatearen kontura poltsikoak betetzen dituen patronal aseezinaren aurrean planto egin dute. Argia izan da FVEMentzako mezua, guztiok batera borroka egitera goaz bizi duina bermatuko digun Bizkaiko Metalgintzako hitzarmenaren alde, eta ez gara geratuko hau errealitatea izan arte. Ekainaren 3an FVEMek aukera berria du eduki duinak izango dituen proposamen bat mahai gainean jartzeko. Baliatu nahi ez badu, ekainaren 6, 7, 20 eta 21ean Metalgintzako langileok berriro egingo dugu greba eta berriro beteko ditugu kaleak. Olatu geldiezina hasi da gaur.

LABen ez ditugu instituzioak eta sektoreak bizi duen egoeran duten erantzukizuna ahaztu nahi. Noiz arte jarraituko dute patronala babestu eta honi alfonbra gorria jartzen? Jaurlaritzak eta Aldundiak argi esan behar dute zer eskaintzen dieten sektoreko langileei, FVEMi esan behar diote publikoki aitortu dituzten irabaziak banatzeko, eta hori Bizkaiko Metalgintzako hitzarmen duinaren sinadurarekin soilik lortzen da.

 

 

 

Amiantoaren ondorioz hildako Felix Vazquezi azken agurra eman diote Irungo CAFeko langileek

0

Amiantoarekin lan egitearen ondorioz, astearte arratsaldean hil zen Irungo CAFeko langile ohi Felix Vazquez. Honen aurrean, CAF Irungo langileak beilatokira joan ziren Felixen sendiar elkartasuna adieraztera, eta, gaur, 10:00etatik 11:00etara, geldialdia egin dute. Hain zuzen ere, geldialdi horretan beilatokiko bidean kokatu dira zendutakoari azken agurra emateko, eta familiari berriro elkartasuna adierazteko. Ondoren, elkarretaratze bat egin dute.

Irungo lantegian bere lanpostuan amiantoa arnastegatik hildako hirugarren langilea da Felix Vazquez. Beasainen 37 hil dira dagoeneko. Hala, Irungo CAFeko enpresa batzordeak zuzendaritzari eskatu dio onar dezala bere ardura, eta amiantoarekin lan egitearen ondorioz gaixotzen diren lankideen eta bere familiaren sufrimendua areagotzen duen borroka judiziala ekidin dezala.
 

 

 

Anbulantzietako hitzarmen autonomikoa sinatu dugu gaur, langileen esparru komun bat sortzen duena etorkizunari begira

0
Borrokan eta negoziaketetan hiru urte igaro ondoren, hainbeste desiratutako anbulantzietako hitzarmen autonomikoa egia bihurtu da azkenean, gaur sinatu baitugu akordioa USO, LAB eta CCOO sindikatuok. Hitzarmen honek sektoreko lan baldintzak hobetuko ditu, bizi ohi diren egoera prekarioei aurre egingo die eta bateratu egingo gaitu, langileen arteko marko komun bat sortuz EAEn, etorkizunari begira.

Azkenean, langile batek soldata bera eta eskubide berak izango ditu Bilbon zein Legution, Irunen zein Gasteizen. Azkenean, hiru herrialdeen arteko parekatzea lortu dugu. Izan ere, Erkidego berean eta bezero berarentzat (Osasun Sailarentzat) lan egin arren, langileen arteko aldeak lotsagarriak ziren. Azkenean, EAEko sektoreko langile guztientzat aterpe propio bat lortu da, guztientzat gutxieneko baldintza batzuk bermatzen dituena.

Gainera, estatalizazioa gelditzeko tresna bat da hitzarmena, Madrilgo gobernuak, Estatuko sindikatuek, enpresek eta instituzioek gure herrian inposatu nahi digutenari aurre egiteko. Garrantzia handia du honek, Euskal Herrian gure lan baldintzak negoziatzeko dugun eskubidearen mesedetan, gure bizitza kalitatea mantentzeko helburuarekin, estatalizazioaren bitartez zenbait enpresarik inposatu nahi izan dizkiguten murrizketen gainetik.

LABek hasieratik bultzatu du hitzarmen hau. Lehen bileretara deitu zuen sindikatua izan ginen, gainontzeko sindikatuekin plataforma bateratu bat prestatzeko zein mahai negoziatzailea egituratzeko (gehiengoa duen sindikatua ez izan arren). Negoziazio honetako alde desberdinekin bilera ugari izan ditugu, akta ofizialetan agertzen ez direnak barne (Eusko Jaurlaritza, Osasun Saila, Lan Saila). LAB ere izan da EAErako hitzarmenaren beharra bizirik mantentzeko erronkaren pisua eraman duen sindikatua, enpresen eta Eusko Jaurlaritzaren oposizio gogorrari eta beste sindikatu batzuen interesei aurre eginda.

Eta gogoratu beharra dugu hitzarmen honen sinadura ez dela zerutik erori. Horren atzean Arabako lankideen 5 urteko greba dago, LABek babestuta uneoro, lanean jarraitu baitugu, epe motzean denok nahi genituen emaitzak ikusi ez ditugun arren.

Era berean, ez da ahaztu behar hitzarmen honen jatorria kalean gauzatutako beste borroka batean dagoela, 40 egunetik gorako greba batean, hain zuzen ere. Borroka horrek Bizkaiko azken hitzarmena ekarri zuen, eta hitzarmen horren bigarren klausula osagarrian jasota dago mahai negoziatzailearen eraketa; oraingo hitzarmena ekarri duen ezaugarria, hain justu. Urrats bakoitzak borroka bat du atzean, eta borroka bakoitzak emaitzak ekartzen ditu.

Honako hau lehen hitzarmen autonomikoa da, aurrera egiteko balio behar digun oinarri komun eta sendo bat, beti ere LABek etorkizunerako ezarritako helburu zehatza lortzeko: erabateko parekatzea Osakidetzako langileekin, soldata eta baldintzetan. Helburu bakoitzak bere urratsak eskatzen ditu, eta, hitzarmen honekin, gure lan baldintzak hobetzeaz gain, lehen pausoa eman dugu parekatzea lortzeko, herrialde guztientzako negoziazio marko komun bat lortu eta gero.

LABek langileei erakutsitako babesa eskertu nahi die, euren indarrik jaso gabe, hitzarmen hau ezinezkoa litzatekeelako.

 

 

 

Aceros Olarran hildako langilea gogoan izan dute

Bizkaiko Metalgintzako lehen greba egunean murgilduta gauden honetan, Loiuko Aceros Olarra enpresan atzo hildako langilea gogoan izan dute. 24 orduko lanuztea egiten ari dira, biharko 7:00ak arte. Hain zuzen ere, aste honetan lau langile hil dira jada lan istripuz. 20 langile dira gutxienez aurten, Euskal Herrian, lanean zendu direnak.
 

 

 

Barazarren hildako garraiolariaren heriotza salatu dugu gehiengo sindikaletik

LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUtik garraio sektorean ez ezik, lan munduan ezarri den prekarietatea salatzen jarraituko dugu eta horretarako, elkarretaratzea egingo dugu datorren asteartean, maiatzak 28, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean goizeko 11.30ean. Mobilizazioa ezinbestekoa da eta istripuak gertatzen direnean egoera salatzen jarraituko dugu, baita hildako langilearen familia eta lagunei babesa ematen ere.

Lehenik eta behin gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu atzo Barazarren lan istripuan hil zen gidariaren senide eta lagunei.

Garraiolari eta gidarien lan istripuak errepideko istripuen zenbatekoen atzean eskutatzen saiatzen dira askotan. Zergatik apaindu zenbakiak? Erantzuna erraza da: zenbatekoak beldurgarriak dira. 2018an 68 pertsona zendu ziren lan istripuan. 24 errepidean. 15, garraiolariak. 2019an 20 dira jada lan istripuan hil diren pertsonak. Lau aste honetan bertan. Gainera, beste askotan, lehenengo ematen den berria errepidea itxita dagoela da: istripua izan duten pertsonen egoera garrantzitsua- goa ez al da ba?

Presa, estresa, bidaien salneurri baxuak, ezinezko ordutegiak, lan egun luzean, egin behar ez luketeen eta askotan beharturik dauden kamioi zamaketa eta hustuketa lanak eta garraio mer-
ke eta isilaren bila administrazioaren utzikeria sektorearekiko dira, besteak beste, egoera honen erantzuleak. Lan baldintzak ez dira onak, prekarietatea garraiolarien egunerokoa da.

Garraioak berehalako erregulazioa behar du, kooperatiba faltsurik gabeko sektorea, ia esklabutzan bizi diren gidaririk gabeko sektorea; garraioa duintasunez eta era seguruan egitea beharrezkoa dela alda- rrikatzen dugu, beste behin ere. Zer egiten dute bitartean administrazioek? Beste aldera begiratu. Sektorea zentzuz erregulatu beharrean, garraio merkea besterik ez dute nahi, baldintzak alde batera utzita. Lanean hiltzen ari gara.
 

 

 

Berretsi egin dugu Nafarroako Administrazio Publikoan dugun gehiengo sindikala, bigarren indarraren ordezkari kopurua ia bikoiztuta

0

Nafarroako Administrazio Publikoan atzo egindako hauteskunde sindikaletan LAB lehen indarra izan da berriz ere. Emaitzak emaitza, gauza bat berretsi nahi dugu: Nafarroako Administrazioetako langile guztien eskubideak defendatzen segituko dugula eta gure esku dagoen guztia egingo dugula 2015ean hasitako aldaketan sakontzeko, Nafarroak behar duelako.

Hona hemen atzoko emaitzak, atalez atal:

Irakaskuntza arloan, LABek gora egin du bai ordezkarien kopuruan (11 izatetik 12 izatera pasatu gara), baita lortutako boto kopuruan ere. 900 bototik gora lortu ditugu lehenbiziko aldiz, emandako boto guztien ia % 20. Horri esker, irakaskuntza arloko lehenbiziko indarra izaten segitzen dugu.

Osasunbidean, lan kontratudunak kontuan hartu gabe (hauen hauteskundeak 2020an eginen dira), LABek duela lau urte lehen aldiz erdietsi zuen garaipena berretsi egin du. Ordezkari kopurua mantendu egin du (13 osotara), botoen %20tik gora lortuz.

Administrazioko gainerako eremuetan, hau da, Administrazio Erroan, PAGNAn, Babes Zibilean eta Suhiltzaileetan, Justizian, Ogasunean, Nafar Lansaren, Kirol eta Gazterian, NOPLOIn, Euskarabidean eta Foruzaingoan (azken honetan ekainean izanen dira hauteskundeak), 2015ean lortutako ordezkari kopuruari eutsi diogu: guztira, 42.


PAGNAn eta Babes Zibila-Suhiltzaileetan gehiengo nabarmena lortu dugu. Aipagarria da, orobat, Euskarabidean lortutako emaitza, non jokoan zeuden 7 ordezkarietatik 5 lortu ditugun (eremu hori estreinako aldiz eratu da hauteskunde hauetan).

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan ere zer ospatua badugu, bigarren indarra izatetik lehenengo indarra izatera pasatu baikara, eta NOPLOIn gehiengoari eutsi diogu.

Jasotako boto kopuruak ere argi erakusten du LABek harrera ona izan duela Administrazioko langileen artean, guztira 156 boto gehiago lortu ditugulako: 2015ean 1041 boto lortu genituen, eta 2019an, berriz, 1197.

2015ean lortutako gehiengoa berrestea izan da hauteskunde hauetarako LABen helburu nagusia. Ordukoa liskar handiko unea izan zen, UPNk eta PSNk Administrazioko langile guztioi ezarri zizkiguten murrizketak zirela kausa.

Orain, ordea, 2015ean lortu genuen sostengu handiari esker, egoera bideratzen hasi da: murrizketa askori buelta eman diegu, kolektibo asko mailaz igo dira, E maila desagertu da… Hori guztia, bistan da, ezinezkoa izanen zen babes itzel hura gabe, urteotan ere egunero-egunero zuengandik sentitu duguna.

Baina gure lana ez da hor bukatzen: lanean segitzen dugu Administrazioko langile guztien baldintzak hobetzeko asmoz.

Eta hala segitu nahi dugu, garbi daukagulako gauza asko hobetu behar direla oraindik: langile guztiak 3 mailatan (A, B eta C) kokatuko dituen langileen estatutu berri bat erredaktatzea; lapurtu ziguten erosahalmena berreskuratzea, lanbide karrera maila guztietara hedatzea; langile finkoen eta behin-behinekoen soldatak parekatzea (gradua, lanbide karrera…), aldez aurreko erretiroa ezartzea, euskararen egoera Administrazioan normalizatzea, eta abar, eta abar.

Helburu horiek lortzeko, baina, legealdi honetan izan dugun Gobernuak erakutsitako sentiberatasun bera edo handiagoa duen gobernu bat behar dugu.

Erabat etsigarria litzateke enplegatu publiko guztientzat UPNren garaietako gobernuaren ildo beretik jotzen duen beste gobernu bat aurkitzea, haren ekimenez gure erosahalmena % 15 inguru jaitsi baitzen.


 

 

 

Odolusteak ez du etenik: beste bi langile hil dira, eta jada lau dira aste honetan hildakoak

Lan heriotzen odolusteak bere horretan jarraitzen duela genion astelehenean, Zestoan eta Zarautzen izandako bi lan istripu hilgarrien harira. Bada, odolusteak ez du etenik, gaur beste bi langile hil baitira; langile bat, Aceros Olarra enpresan; eta garraiolari bat, Barazarren, berre kamioiak beste kamioi baten aurka talka egin eta gero. Beste kamioian zihoan gidaria ospitalera eraman dute, larri zaurituta. Beste bi lan heriotza hauek gertatu diren egunean, euskal gehiengo sindikaletik elkarretaratzea egin dugu Azpeitian, astelehenean hildako langileak gogoan. Bitartean, instituzioek eta patronalek beste alde batera begiratzen jarraitzen dute; hauteskunde kanpainan murgilduta bete betean, prekarietatea eta lan osasuna gutxiesten, gainera. Bada, aurten, 20 langile hil dira, gutxienez, Euskal Herrian.

 

 

 

Foru Gobernuaren inposaketaren eta jarrera autoritarioaren kontra mobilizatu dira Gipuzkoako Aldundiko langileak

Gaur eguerdian, Gipuzkoako Foru Aldundiko langileak Askatasun Etorbidea eta Bulebarrean zehar mobilizatu dira, Donostian. Hain zuzen ere, Aldundi honetan inoiz gertatu ez dena salatu dute: gaur egun Foru Gobernuan dauden EAJ eta PSE alderdiek beraien lan baldintzak aldebakarrez inposatu dituzte. Gainera, lan soldata berreskuratzeko neurriei eta aurre erretiroen bidez lana banatzeari uko egin diotela salatu dute langileek. Neurri horiek dagoeneko Bizkaia eta Arabako Foru Aldundietan erabiltzen ari dira alderdi berberen babesarekin, zentzurik ez duten desberdintasunak aplikatuz.

Hauxe da Gipuzkoako Foru Aldundiko Langile Batzordeak igorritako oharra:

PNV eta PSEren Gobernu honek ALDEBAKARREZ onartu du bere funtzionarioen lan baldintzak arautzen dituen Testu Bategina. Horrelako INPOSAKETA gogor eta orokorrik ez da ezagutu inoiz Gipuzkoako Foru Aldundian. Jarrera AUTORITARIOA nagusi DENON GIPUZKOAN BIZI GARELA dioten agintarien aldetik. Ez dute langileon ADOSTASUNIK nahi, ezta negoziazio kolektiborako eskubiderik ere!!

Azken 2 urte hauetan agerian geratu den bezala, ez da benetako negoziatzeko borondaterik egon eta ez dugu horrelako erabakirik onartzen, INPOSAKETARIK EZ!!!
2011.urtean, garai haietan izan genuen zuzendariak esan zuen ez zuela hitzarmenik sinatuko langileen ordezkaritzaren gehiengo absolutuak bat egingo zuela bermatzen ez bazen; oraingoak, aldiz, aldebakarrez egin du; zein helbururekin?

Gobernu hau badoa eta espero dugu hurrengoak jarrera positiboagoa izango duela, bestela kalean elkar ikusiko dugu eta!!