2026-01-31
Blog Page 620

Atxilotua berehala askatzea eta bide polizial eta judiziala bertan behera uztea eskatzen diogu FVEMi eta Eusko Jaurlaritzari

0


Bizkaiko metalgintzako bosgarren greba arrakastatsuarekin batera, gaur FVEMek eta bere laguntzaile Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiak gogor salatu nahi ditugu LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok. Polizia goizeko piketeetan hasi eta batez ere Bilboko manifestazioan jarrera oldarkorra adierazi du, eta manifestazio erdialdean hura eten ere egin du, tentsio momentuak sortaraziz. Pertsona bat atxilotu ere egin du.

 

 

 

“Hitzarmen duina sinatu arte ez da normaltasunik egongo Bizkaiko metalgintzan”

0

Sindikatuok bosgarren greba eguna egin dugu Bizkaiko metalgintzan, eta aurreko greba egunek izandako jarraipen arrakastatsu bera izan du oraingoak ere. “FVEMek uste bazuen patronalaren eta poliziaren errepresioarekin Bizkaiko metalgintzako langileria geldituko zuela, hemen du erantzuna", adierazi du LABeko Industria federazioko kide Iratxe Azkuek.

Sindikatuok boskarren greba eguna egin dugu Bizkaiko metalgintzan, eta aurreko greba egunek izandako jarraipen arrakastatsu bera izan du oraingoak ere. 

Goizean, elkarretaratzea egin dugu sindikatuok Durangoko epaitegien aurrean, atzo atxilotutako bi grebalarien deklarazio hartzearen aurrean. Ondoren, Bilbon, bi zutabek zeharkatu dituzte hiriko kaleak, eta, eguerdian, manifestazioa egin dute milaka langilek, Jesusen Bihotzetik Arriagaraino.

Manifestazioaren amaieran, hitza hartu du, besteak beste, Iratxe Azkue LABeko industria federazioko kideak. Patronala, modu maltzurrean, grebaren arrazoiak desitxuratzen ahalegintzen ari dela adierazi du Azkuek.

Lehenik eta behin, lapurrak direla adierazi du, 876 milioitako irabaziak poltsikoratu dituztela publikoki esan duten arren, sektoreko langileei miseria besterik ez dietelako eskaini soldata igoeretan 2018, 2019 eta 2020rako.

Bigarrenik, FVEM patronalaren izaera hipokrita azpimarratu du, martxoaren 8a eta antzerakoak ospatu bai, baina benetako pausoak eman behar direnean euren izaera matxista azaleratzen dutelako.

Hirugarrenik, eta lan osasunari dagokionez, FVEMek atzera urratsak egin nahi dituela adierazi du, 2018an bajadun 5.000 istriputik gora egon direnean, eta 2019an kopuru hori handitzeko bidean goazenean. 

Patronalak ez du kontratazio duinaz ere hitz egin nahi, eta Azkuek zehaztu du “argi dugula azpikontrata, ABLE edota ebentualei eskubideak bermatuko dizkien hitzarmena izango dela lortu behar duguna; lukurreria alde batera utzi eta eser dadila eskatzen diogu FVEM patronalari, hori guztiaz hitz egiteko”.

Borrokan ari diren langileen duintasuna eta lan eredugarria txalotu du LABeko ordezkariak: “Gero eta langile gehiago grebarekin bat egiten ari dira, eta gero eta gehiago dira piketeetan kolektibo osoagatik dena ematen ari direnak”.

Amaitzeko, mezu argia zuzendu dio FVEM patronalari: “FVEMek uste bazuen patronalaren eta poliziaren errepresioarekin Bizkaiko metalgintzako langileria geldituko zuela, hemen du erantzuna. Hitzarmen duina sinatu arte, ez da normaltasunik egongo Bizkaiko metalgintzan".

 

 

 

Bost greba egun Papresan, enpresa-hitzarmenaren alde

0

Oreretako PAPRESAko enpresa batzordea (4 LAB, 2 ESK, 2 ELA, 1 CCOO) 2018 urtean hasi zen enpresako hitzarmena negoziatzen. Zuzendaritzarekin 9 bilera eta gero ez dute aurrerapausorik ikusi.

Komitearen eskaera nagusienak honakoak dira: aurrejubilazioak, behin behineko langileen egoera (antzinatasunaren arabera fijo geratzeko aukera…) eta igoera ekonomikoa KPI+%2 2018/2019 eta 2020 urteetarako. Enpresaren azken proposamena ordea, KPI hutsa + taulak irabazien arabera.

Blokeo egoera hau dela eta, enpresako langileek mobilizazioei ekitea erabaki eta 2 ordutako kontzentrazioak egin zituzten maiatzaren 31 eta ekainaren 4 eta 6an.

Aste honetan, eta mobilizazioekin hasi direnetik burutu duten bigarren batzar orokorrean erabakita ordea, enpresaren aldetik seriotasun minimo batez negoziatzeko borondaterik eza ikusirik, bost greba egun egitea erabaki dutela.

Atzo, ekainaren 20an, egin zuten 24 orduko lehenengo greba eguna. Azpimarratzea, batzarreko bozketa egitea ezinezkoa bilakatu zitzaiela, hasieratik enpresako zuzendaritzako 2 kide agertu zirelako, bozketa lehertuz, zeinek bozkatzen zuen ikusi nahi zutela esanez, ebentualak izutzeko zein baldintzatzeko helburu bakarrarekin. Hala eta guztiz ere, greba erabatekoa izan zen, instalakuntza osoa geldituz.

PAPRESAko langileek euren duintasunari eutsi eta tinko agertu dira nagusien aurrean. Egindako borrokari esker, beraien helburua den enpresako-hitzarmena lortzea dute helburu. Horretarako, beste 4 greba egun gehiago iragarri dituzte, ekainaren 27 eta 29 eta uztailaren 6 eta 24rako.
 

 

 

Durangoko epaitegien aurrean bildu gara, metalgintzako greban atxilotutako bi kideei elkartasuna adierazteko

0

Gaurko egunean, metaleko grebalariok Durangoko epaitegi parean elkarretaratzea burutzera behartu gaituzte, atzo sektoreko langileon eskubideak defendatzen ari ziren bitartean, bi kide atxilotu zituztela salatzeko, ahaztu gabe arrazoi berdinengatk Ertzaintzak zauritutako lagun guzti horiek.

Pairatutako errepresioa salatu nahi dugu, eta gure babes eta elkartasun osoa adierazi bai langile hauei, eta baita egun guzti hauetan beraien zein gure eskubideon alde borrokan ari diren guztei.

Borrokan jarraituko dugula argi utzi nahi dugu. Borroka hau luzea izango da eta Bizkaiko metalgintzako langileok irabaziko dugula garbi dugu. Hitzarmen duin bat aldarrikatzen jarraitu eta langile guztion eskubideak defendatzea delitua ez dela argi eta garbi oihukatzen jarraituko dugu.

Horregatk elkartu gara gaur, hau ez baita amaitu, hasi baino ez da egin.
 

 

 

“Espazio berriak irabazi behar ditugu salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko”

“Konponbide garaia da, orain presoak” Bilbo mailako dinamikaren baitan, hilabeteko hirugarren ostiralaren etorrerarekin, Espainiako Gobernuaren Bilboko ordezkaritzaren aurrean bildu gara LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE sindikatuak, euskal presoen giza eskubideen errespetua aldarrikatzeko. Etxerat elkarteko ordezkari eta senideen bisita jaso du gaurko elkarretaratzeak.

Etxerat elkarteko kide Urtzi Errazkinnen hitzetan, "sindikalgintzak mantentzen duen dinamika hau eredugarria da, eta zinez eskertzen dugu. Desberdintasunak alde batera utzi eta, bizikidetza eta konponbidearekin lotutako halako gai batean, aurrera egitea eta bide berrien aldeko apustua egin dute. Hau da bidea. Espazio berriak irabazi behar ditugu salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko".

Urtzi Errazkinek Jose Angel Otxoa de Eribe presoaren kasua nabarmendu du. Gaixotasun larria du eta hirugarren gradua eman diote duela gutxi, "baina eskatu nahi diegu Espainiako Gobernuari, epaileei eta espetxe instituzioari kalean uzteko". Etxerateko kideak gogora ekarri du 21 euskal preso larriki gaixo daudela. Hortaz, haien askatasuna exijitu du.

 

 

 

Berriro ere lehen indarra gara Bizkaiko Foru Aldundian, funtzionario zein laboraletan

Gaur ekainaren 20an, egin dira hauteskunde sindikalak Bizkaiko Foru Aldundian eta Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundean (GUFE). LAB indar da, berriro ere, sindikatu bozkatuena bai funtzionarioetan (587 botoeta 10 delegaturekin) eta baita lan itunpeko langileen artean ere (298 boto eta 8 delegaturekin). Horrela, 18 delegatu eskuratu ditu LABek guztira.

Lehen–lehenik funtzionarioek eta lan itunpeko langileek data berean bozkatu izana ospatu nahi dugu, izan ere, azkenengo hauteskunde prozesuetan data ezberdinetan bozkatu behar izan baitute, eta gure ustez, elkarrekin bozkatu izana langileen batasunean urrats handia da.

Bestetik, aintzat hartu beharreko eta gure burua zoriontzeko beste datu bat dugu, parte hartzea igo egin dela aurreko hauteskundeekin alderatuta.

Azkenik, LABen emaitza onak azpimarratu nahi ditugu. Sindikatu bozkatuena gara berriro ere nahiz eta hiru delegatu jaitsi. Langile funtzionarioetan %38,77ko ordezkaritza daukagu eta lan-itunpekoetan % 34,29koa. Honek argi erakusten du langileok LABen eta bere delegatuengan duten konfiantza.

Gure ustez, emaitza hauek zerbitzu publiko eta bere langileen defentsan egindako lanari emandako babesa dira –azken urteotan murrizketak atzera bota eta berreskurapenean nagusiki zentratua- ; emaitzok borroka feminista, Euskaraldia edo pentsioen alde borroka egiten duen sindikalgintza ereduari emandako babesa ere badirela ulertzen dugu; eta azkenik, langile guztiengandik -zuzenean zein azpikontraten bidez kontratatutako langileak- gertu dagoen sindikalgintza ereduari emandako babes ere ulertzen ditugu.
 

 

 

LABen ustez iruzurra eta porrota dira nafar guztien diruaz Lurraldeko Prebentzio-Ordezkariaren irudia berriz ezartzea

Ez dugu ebaluatuko zein irrigarria suertatzen den kanpaina bati, patronalak, “Lurraldeko Prebentzio-Ordezkaria, laneko arriskuen aurkako txertoa” izenarekin izendatzea, CENek erabaki duenean, laneko prekaritatea ezarri behar dela ahalik eta irabazien handienak lortzeko. LAB sindikatuak egiazko iruzurtzat jotzen du berriro ezarri behar izana Lurraldeko Prebentzio-Ordezkariaren irudia, nafar guztien diruarekin.

Gaur egun askoz ere hobeki ulertzen dugu zertan datzan CENen jarrera politikoa, ukatu zenean Lan Osasunaren Nafarroako Kontseiluaren esparruan lanbide arteko akordioa sinatzera, egiazki eta eraginkortasunez alor publikoan diharduten langileei zereginez horni zitezen. Ez diete egiazko konponbiderik eman nahi prekaritateari, laneko arriskuei eta enpresetan ematen diren lanbide gaixotasunei, haien eraginez, langileoi ez dagokigulako eskubiderik bizirik itzultzeko gure etxeetara.

UGT eta CCOO sindikatuek erdietsi duten akordio honekin, berriro men egiten diete patronalaren interesei, urte luzez xedetan porrot egin duen irudi baten bidez, CENen prekaritate politika zalantzan paratzen ez duelako, eta egiten duen bakarra, sindikatu horien eta patronalaren egiturak diru publikoaz finantzatzea denean.

LAB sindikatuak tamalgarria deritza, Erregimenaren berezkoa zen Nafarroako Gobernuak aipatu irudia 400.000 €rekin finantzatu beharrari, langile nafarren bizitza eta osasuna babesten ez duen eredu baten alde, bai ordea CEN, UGT eta CCOOren interes korporatiboak, egiten duelako.

Alternatiba
LAB sindikatuak betidanik aldarrikatu du Nafarroako Gobernuak baliabide publiko guztiak eta behar beste neurriak paratu behar dituela prekaritateari, ezbehar-kopuruari eta enpresetan suertatu ohi diren laneko gaixotasunei aurre egiteko. Horretan, hari dagozkion eskuduntzak, baita Nafarroako lehentasunak ere, babestu eta aldarrikatu behar ditu. Honen harira, eskatzen dugu gainbegiratu eta ikuska dezala Nafarroako Osasun-publiko eta Lan-osasunaren Institutuak, jende prestatuekin. Aholkua eman ez ezik, zigortzeko eskumena izan beharko lukete ere.

Jarrera hau berretsi da Administrazioarekiko Auzien 4 zenbakiko Epaitegi Zentralak igorri zuen 131/2018 epaiarekin, zeinak aztertzen duen Nafarroako Gobernuak “Laneko Arriskuak Prebentziorako Estatu mailako Fundazioaren Patronatuak, FSP, 2017ko uztailaren 21ean lotu akordioari, non honen bidez sektoreen arteko egintzak egiteko esleitu diru-laguntzak deitzen diren 2017. urterako eta laneko arriskuak prebenitzeko esparruan” egin inpugnazioa, besteak beste, UGTri, CCOOri eta CEN-rentzat gordeak.

Aipatu epaiak baieztatzen du Nafarroako eskuduntzak, laneko arriskuen prebentzioan. Eskuduntzen gai honek, noski, garrantzia du Nafarroan, estatalizazioa eta ekonomia baliabideak mugatzen dituelako esparru honetan, hots, segurtasun eta lan osasun gaian eta hortaz, diru-laguntzen esparruan, laneko legeria betearazten dela (aipatu eskuduntzaren betearaztean argiki sartzen dena).

Adibide honetara mugatzen den sententzia aurrekari garrantzitsua da gai honetan, zentralizazioa mugatzeko eta zedarritzeko; gai hau diru-laguntzen berariazko esparrutik haratago doa, eta hortaz, esparru bereko beste gai zehatzagoei estrapolagarria da.

Epai honen esanahiak eta Nafarroako Gobernuak haren berri izanak are ulergaitzago egiten dute haren jarrera.

Beraz, garaia da Nafarroari gure lan osasunaren esparru guztietan egokitzen zaizkion eskuduntzen alde egin dezagun, Nafarroako langileen beharrizanei erantzunen dien bitartekoak eta egintzak ezarriz.  

 

 

Garbiñe Aranburu: “Aitortza eta erreparazioa behar dute torturaren biktima guztiek”

0

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Gasteizko Legebiltzarrean izan da gaur, euskal sindikatuetako ordezkariekin eta Foro Sozialaren ordezkaritzarekin batera. Legez besteko proposamena eztabaidatu da osoko bilkuran, torturaren eta botere-abusuen biktimak errekonozitzeari buruz.

Proposamenean, Legebiltzarrak euskal erakundeei eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzari eskatzen die Nazio Batuen ekimenarekin bat egin dezaten, ekainaren 26an Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna gogorarazteko. Helburua da biktima horiek gizartearen aurrean aitortzea eta giza eskubideen urraketa larri horrek eragindako bidegabekeriak salatzea. Aho batez onartu dute proposamena.

Garbiñe Aranburuk adierazi du torturaren praktika ikustarazi eta salatzeko ekimen oro interesgarria dela. “Espainiako Estatuak modu sistematikoan erabili du tortura independentismoaren aurka", gogorarazi du.

Torturak, hotzikarak eragiten dituzten datuak uzten dituela adierazi du: “5.000 herritar baino gehiagok jasan dute tortura, bat baino gehiago dira torturen ondorioz hil direnak; torturak bizitza osorako ondorioak uzten ditu”. Are gehiago emakumeengan: “Emakumeen kasuan tortura eta sexu indarkeria elkarrekin etorri dira”.

“Ez dugu ahaztu behar askotan, autoinkulpazioa eta hirugarrenei egindako inkulpazioak izan direla jendea kartzelara bidaltzeko froga bakarrak. Inkulpazio hauengatik jende asko dago oraindik kartzelan”, nabarmendu du.

LABeko idazkari nagusiak irmoki salatu du torturak arma politiko bezala ez duela merezi bezalako aitortzarik izan, ezkutatu egin dela. “Garrantzitsua iruditzen zaigu torturaren praktika ezagutarazten jarraitzea. Gatazka politikoaren ondorioei heltzen jarraitzeko aitortza eta erreparazioa behar dute torturaren biktima guztiek”, amaitu du, eta sindikatuoi eragile aktibo izatea dagokigula nabarmendu du, bake justu eta iraunkorra eraikitzeko bidean.

 

 

 

Gipuzkoako grafikagintzako sektorea grebara doa

0

Gaur, ekainak 20, berriro ere grafikagintzako mahaia elkartu da. Azken bileran sindikatuok ezeren truke gure plataforman aldaketak egin ondoren, ADEGIK zerbait ekarriko zuela esan zigun. Gaurko bileraz positiboa esan dezakeguna da ADEGIk proposamen idatzi bat ekarri duela. Bestela ezer gutxi esan dezakegu, izan ere, proposamen hori ez baita inondik inora sektoreko langileek espero eta behar genuen proposamena, eta gutxiago, hainbeste bilera eta gero espero genuena.

Soldata igoerari dagokionez, azken proposamenera mugatzen da, 3 urterako KPIa. Bestetik, gai sozialei dagokienez ere, legearen egokitzapenean oinarritzen diren puntuak ekarri ditu, eta honen inguruan hauxe esan nahiko genuke: legearen egokitzapenak ez dira opari bat, eta horrela saltzea sektoreko langileotaz barre egitea da. Gainera, zenbait epaiek diotena ere okertu nahi izan du bere proposamenean. Lotsagarria.
Negoziazioari dagokionez, puntu bakarra ekarri du, euskara batzordeak sortzea, positiboa baina ez nahikoa.

Sindikatuok argi utzi dugu gure negoziatzeko borondatea, eta gaur bertan, gure plataformari aldaketak egingo genizkiola aipatu dugu ADEGIK bere proposamena aldatzen bazuen, baina gaur gaurkoz ez da posible izan. Mahaia uztailaren 2an elkartuko da berriro.

Sektoreko langileok hitzarmen duin baten alde kalera ateratzera derrigortu gaituzte, eta halaxe izango da. Egun hauetan enpresaz enpresa burutzen ari diren asanbladak berretsita, grebara joango gara ekainaren 26 eta 27an eta uztailaren 3 eta 4ean. Eta noski, dei egiten diegu sektoreko langile guztiei egun hauetan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzera.

Denon artean ADEGI bere jarrera inmobilistatik irten arazi eta hitzarmen duin bat sinatzea lortuko dugu. Lan duina, hitzarmen duina.