2026-04-12
Blog Page 600

Arabako Metalgintzan arduraz jokatzeko exijitu diogu SEA patronalari

0

Atzo, urriak 30, hiru hilabete bete ziren Arabako Metalgintzako Mahai Negoziatzailea azkenengoz bildu zenetik, SEAk hurrengo bilera deitzeko konpromisoa hartu zuelarik. Bada, hiru hilabete geroago, SEA desagertuta dago eta horregatik LABek, beraien utzikeriaz publikoki salatzearekin batera, exijitzen dio arduraz jokatzeko Arabako Metalgintzako langileen arazoak behingoz konpontzeko. Hortaz, sindikatua enpresetan dinamika bat abiatzen ari da behar horiei erantzuna emateko.

Uztailak 30eko azken bileran, SEAk konpromisoa hartu zuen irail hasieran, enpresekin elkartu ondoren, Mahai Negoziatzailearen bilera bat proposatzeko, eta, hiru hilabete pasatu ondoren, ez dago inolako berririk SEAren aldetik, “desagertuta” egon da.

Hori dela-eta, LABek SEAren utzikeria publikoki salatu nahi du, eta arduraz jokatzeko exijitzen diogu, sektore honetako 26.000 langileek errespetua merezi dutelako. Hortaz, Arabako Metalgintzako arazoak handiak dira (soldata baxuak, lanaldi handia, malgutasun handia, prekarietatea izugarria, emakumeen diskriminazioa, lan istripuak,…) eta SEAk ardura handia du horiek konpontzeari begira. Horregatik, patronalari behingoz pausoak emateko galdegiten diogu, Arabako Metalgintzan hitzarmen duin bat lortzeari begira.

LAB enpresetara dinamika bat eramaten ari da sektoreko arazoak borrokatzeko eta alternatibak eskaintzeko. Hortaz, honakoak dira LABen aldarrikapenak:

– Soldata duina: 1200 euroko gutxieneko soldata gordina.
– Lan baldintza duinak: lanaldia murriztu, malgutasuna mugatu eta hobekuntzak ezarri bizitza pertsonala garatzeko eta zaintza lanak egin ahal izateko.
– Kontratazio duina: prekarietatea borrokatzea, azpikontratetako langileen subrogazioa, ebentualitatea eta ETTen bidezko kontratazioa mugatzea…
– Emakumeen eskubideak bermatzea: neurri eraginkorrak diskriminazioaren kontra,
– Lan osasuna bermatzea, lanetik bizirik eta osasuntsu bueltatzeko.

Horrekin batera, gehiengoan sinatu behar dela eta estatalizazioari eta lan erreformari aurre egin behar zaiela planteatzen dugu.

Azkenik, Urkullu lehendakariari eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari hauxe gogorarazi nahi diegu: haiek eman nahi duten irudia idilikoaren gainetik, Arabako Industria ez dela oasi bat, sektorean prekarietatea errealitate bat dela eta negoziazio kolektiboa ere bahituta daukala. Beraz, horren arabera jokatzeko galdegiten diegu.

 

 

 

Sakoneko eztabaidari heldu gabe jarraitzen du Bizkaiko Metalgintzako patronalak

0

Bizkaiko Metalgintzako hitzarmenaren Negoziazio mahaia izan zen atzo, eta patronala oso gutxi mugitu dela salatu dugu LAB sindikatutik. Azaroaren 7an izango da hurrengo bilera, eta, sindikatuko kideen arabera, indarrak biderkatu behar ditugu, zerbait mugitu bada, mobilizazioei esker izan baita. Jarrerak oraindik oso urrun daudela adierazi dugu, sakoneko eztabaidari heldu gabe jarraitzen duelako FVEM patronalak.
 

 

 

Bizkaiko Ogasunak inbertsio fondoen kudeatzaileentzat aterpe fiskal bat sortzeko asmoarekin jarraitzen du

“Errenta irregularren” dekretuaren inguruan sortutako hika-mika dela eta, EAJk haren tramitazioa gelditzea erabaki zuen, baina horrek ez du esan nahi bere asmoari uko egin dionik, hots, elite ekonomiko eta finantzieroei pribilegio berriak emateko xedeari.

Bizkaiko Ogasunak, orain EAJ eta PSEren akordioarekin, foru arau proiektu bat aurkeztu du izaera espekulatiboa duten fondoen kudeaketagatik lortutako etekinen zerga erdira jaisteko. Beste erdiagatik ez lukete zergarik ordainduko, eta, gainera, “errenta irregularren” zerga-ordainketan jasotako 300.000 euroko muga ezabatuko lukete.

Foru erakundeak argudiatzen du neurri horiekin Bizkaia lurralde lehiakorragoa izango litzatekeela arlo fiskalean, eta horrek talentua erakarriko lukeela. Sasi argudio hori betikoen interesen aldeko maniobra bat besterik ez da, Bizkaiko Foru Aldundia osatzen duten EAJ eta PSE behin eta berriz egin ohi dutenaren ildoan.

Fondo hauen hedapenak lotura zuzena du finantza krisien kutsaketa efektuarekin, 2008. urtean gertatu bezala. Oraindik ari gara krisi hori ordaintzen. Eta ez da hori bakarrik: enpresa prozesu desberdinetan ikusi dugun bezala (Euskaltel gertuena), inbertsio fondoen helburu bakarra ahalik eta etekin gehien ateratzea da, lurraldean izan ditzakeen ondorioei erreparatu gabe.

Eusko Jaurlaritzak duela gutxi argitaratutako probrezia eta berdintasunik ezari buruzko inkestaren arabera, ekonomia berdintasunik eza igo egin da azken hamarkadan. 2008an, diru sarrera gehien zuen biztanleriaren %10ek diru sarrera gutxien zuenaren %10a baino 5,2 aldiz gehiagoko errenta jasotzen zuen bataz beste; gaur egun, 6,1ekoa da kopuru hori.

Inkesta honek errenta garbiari buruz ari da, hau da, zergak ordaindu eta prestazio sozialak jaso eta gerokoa. Beraz, agerian geratzen da politika publikoen eragin ahula ordainsariari dagokionez, eta politika publiko horien ez gaitasuna merkatuak sortzen duen berdintasunik eza zuzentzeko. Planteatutako foru araua bezalako politika fiskalak bide horretan sakontzen du eta milaka langile bizkaitarren egoera prekarioa okertzen du.

Bizkaiko Ogasunak adostu nahi duen foru arau hau EAJk aberatsentzat sustatzen duen politika fiskalaren beste adibide bat da; politika murritzaile hutsa da, aberastasunaren metaketa besterik ez duena ahalbidetzen. Arrazoi honengatik, Aldundiari eskatzen diogu bazterrean utz ditzala pribilegiatu gutxi batzuei bakarrik on egingo dieten neurri fiskalak.

 

 

 

Zuzenean zerbitzuko langileek lan baldintzen okertzea salatu dute

Zuzenean zerbitzuko langileek 012ko Lakuako bulego parean eta Legebiltzarrean elkartu dira gaur, euren egoera zaila jendarteratzeko. Hain zuzen ere, lan baldintza kaskarrak eta langileei ezarritako murrizketak salatu dituzte. Eusko jaurlaritzaren herritarren arretarako zerbitzua da Zuzenean delakoa. Bitartean, Eusko Legebiltzarrean langileen ordutegi-malgutasuna berrezartzeari buruzko proposamenari argi berdea eman diote; hau da, Legebiltzarrak lehengo eredura itzultzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Hauxe da herritarren artean banatu duten idatzia:

Zuzenean zerbitzuak lan baldintza bereziak dauzka ezarrita. Beste zerbitzu batzuetan baino askoz lotuago daude langileak lan tokiari, ematen duten zerbitzuaren ezaugarriak tarteko. Ez hori bakarrik. Txandaka egin behar dute lan, Zuzenean zerbitzuak ez baitu etenik 07:50etatik 20:10ak arte.

Langileentzako lan baldintza gogorrak direnez (txandakako lana, jendaurreko arreta jarraia, arratsaldeko lanaldia, malgutasun mugatua…) konpentsazio neurri batzuk zeuzkaten ordain gisa, baina antza denez Jaurlaritzak erabaki du konpentsazio larregikoak direla, eta murrizketa latzak ari zaizkie ezartzen langileoi, bereziki, kontziliazioaren beharrik handiena dutenei! Nahiz eta kontziliazioa guztiontzat den gehien bat emakumeak dira murrizketa hau pairatzen dutenak.

Izan ere, Lan Harremanetako Zuzendariak argi eta garbi adierazi zuen, kontziliazio-eskubidea berreskuratu nahi izanez gero, itunduta dauzkaten konpentsazio-orduak murriztu beharra zegoela, aurreko Lan Harremanetako Zuzendariekin sinatutako akordioak bazterrera utzita. Pentsa ezazue zenbait familia akordioan oinarrituz antolatuta zeuzkatela haien familia eta bikoteen lanen arteko antolakuntza eta egun batetik bestera bertan behera geratu zen.

Jaurlaritzak, 8 urtez indarrean egon den Lanaldi-zirkularra aldatu du, kontziliazio-eskubidea ukatu die, baimenak hartzeko gero eta traba gehiago ezartzen dizkie zenbait langileei lanaldi murrizketa ordutegi zehatzetara behartuz, sarrera- eta irteera-ordu finkoak inposatu dizkie zenbait langileri, arauz kanpoko kontratazioak egin dituzte… Langileen lan baldintzen eta zerbitzuaren beraren kalitatearen kaltetan. Orain, Zuzenean-agente ikastaroa ere ezabatu dute…

Urteotan guztiotan arazorik gabe aplikatu dira ordutegiak eta adostutako malgutasun neurriak, Zuzenean Zerbitzuko langileen malgutasunari eta prestutasunari esker batik bat.
Egungo Lan Harremanetako Zuzendariak ostera, kontziliazio-eskubidea ukatu die, baita txandaka ibiltzearen galerak pairatuarazi ere: familia eta lana bateratzeko zailtasun itzelak, presentzia jarraia eskatzen duten lantokitik kanpoko ekintzak egiteko ezintasuna, ostiraletan eta uda sasoian jantokia erabiltzeko debekua.

Debeku horien ondorioz, senideen zaintza-ardurak dauzkaten hainbat langilek lanaldia eta soldata murriztu behar izan dituzte. Horren ondorioz, bada lanaldia erdira ere ailegatzen ez den langilerik!

Hori guztia nahikoa ez, eta gero eta funtzio gehiago ari zaizkie agintzen langileoi…

 

 

 

Bilbo-Basurto ESIan egindako zerbitzuen murrizketak salatu ditugu

0

LABetik Bilbo–Basurto ESIan egindako murrizketa berriak salatu nahi ditugu. Langileen hutsuneak ordezkatzeko personal nahikorik ez dagoela dio Osakidetzak, hau da, udan, Aste Santuan edo Gabonetan, erabiltzen duten argudio bera, baina oraingoan udazken erdian, gripe kanpainan sartuta.

Osakidetzaren webgunean argitaratu duten bezala, hurrengo zerbitzuak ixtea eta murriztea erabaki dute:

– Alde Zaharra, Etengaberko Arreta Gunea (EAG): larunbatero 9tik 14ra. KENDUTA
– Txurdinaga, EAG: larunbatero 9tik 14 ra. KENDUTA
– Solokoetxe, EAG: larunbat, igande eta jaiegunero 9tik 24ra. MURRIZTUTA, orain 9tik 15ra
– La Merced, Osasun Zentroa: astelehenetik ostiralero 8tik 20ra. MURRIZTUTA, orain 8tik 15ra

Eta hau guztia gutxi izango balitz hainbat anbulatoriotan pediatra eta familia medikuen eza gehitu behar dugu, ZORROTZA OSASUN ZENTROA kasu, eta horrek suposatzen du pertsona gaixo bat kontsultaren zain aste bete egon behar dela.

LAB sindikatuari egoera onartezina iruditzen zaigu, murrizketok bai Osakidetzako langileoi bai erabiltzaile guztioi eragiten digutelako. Honako neurriak osasun publikoaren kontrakoak dira eta Osakidetza pixkanaka zerbitzuak kentzen ari da. LABek murrizketa hauek bertan behera uztea ezinbestekotzat jotzen du, eta gure eskubideak eta zerbitzu publikoen murrizketak gelditzea exijitzen diogu Osakidetzari. Osasun publikoaren deuseztatzea ez dugu onartuko. Hori dela eta, hainbat eragile eta elkarterekin harremanetan gaude mobilizazioak aurrera eramateko.

 

 

 

Leioan eta Getxon mobilizatu dira Bizkaiko kirolguneetako grebalariak

0

Bizkaiko kirolguneetako langileek osatutako mobilizazioen egutegiarekin jarraituz, Leioako kiroldegian egin dute protesta goizean. Bertatik, kalejiran joan dira Leioako udaletxera eta itzuli bat egin dute Getxoko kirolguneetatik. Astelehenean abiatu zuten greba, eta azaroaren 10a arte luzatuko da, hitzarmenaren defentsan.

 

 

 

Prekarietatearen aurkako hitzarmen bat aldarrikatu dugu Bizkaiko Metalgintzarako, Batzar Nagusien aurrean

0

Bizkaiko Metalgintzako borrokak bere horretan darrai, eta goizean, arratsaldean izango den Metalgintzako Mahaiaren atarian, sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Abadiñon. Hain zuzen ere, Bizkaiko Batzar Nagusiko ordezkariak Gerediagan bildu dira, Bizkaizko Metalgintzako gatazkari buruzko mozio bat eztabaidatzeko. Mozio horretan erakundeari eskatzen zaio FVEM patronalari negoziazio erreal bat egiteko eskatzea, eta, era berean, greba egunetan izandako errepresio bortitza salatzea.

Elkarretaratzean, LABeko Industria arduradun Eulate Zilonizaurrekoetxeak hartu du hitza, eta gogoratu du arratsaldean hitzordu garrantzitsua dagoela; Bizkaiko Metalgintzako mahaia, alegia: "Urte eta erdi igaro da mahaia ireki zenetik, eta, denbora honetan guztian FVEM patronalak aukera guztiak izan ditu urratsak emateko, greba egonda baina greba egon gabe ere. Negoziaziorako borondate falta agerian utzi du; beraz, pilota bere teilatuan dago".
 

 

 

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta murrizteko proiektua atzera botatzeko exijitu dugu Gasteizko Legebiltzarrean

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok protesta ekintza bat egin dugu Eusko Legebiltzarraren egoitzaren aurrean, Gasteizen, EAJ eta PSE alderdiek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta murrizteko aurkeztu duten lege proposamena bertan behera utz dezatela eskatzeko. Hain zuzen ere, eskubideak bi alderdi horien eskuetan domino piezak direla irudikatu dugu. Joan den astean iragarri genuen 2020ko urtarrileko bigarren hamabostaldian greba orokorra egingo genuela, lan, bizitza eta pentsio duinen alde. Gaurko mobilizazioa deialdi horretatik egingo dugun lehena izan da, gehiago ertorriko direlako datozen asteetan, greba orokorra bitartean.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, bertako eragileok mobilizazioa egin dugu Gasteizko Legebiltzarraren aurrean. Hain zuzen ere, EAJ eta PSE talde politikoek "Diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko lege proposamenean” jasotako murrizketak salatzeko protesta izan da. Bi alderdiek lege proiektua tramitatzeko PPren babesa izan dute.

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean mobilizatu gara DSBEren Erreforma kentzeko eskatzeko. Zoritxarrez, ez da gizarte-prestazioen sisteman horrelako murrizketetara jotzen dugun lehen aldia: etxebizitza bakoitzeko DSBE kopurua 2 urtera murriztea; erroldatze-baldintza urtebetetik 3 urtera luzatzea; DSBEren zenbatekoa %7 murriztea 2012tik; DSBEak azken 7 urteetan LGSrekin duen lotura kentzea, aurrekontu-bidez…
Orain, berriz ere, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek landutako proposamenak sartzeko baldintzak gogortu eta eskubideak murrizten ditu, honako hauen bidez:

• Etxebizitza bakoitzeko DSBE bakarra ezartzea, etxebizitza berean bizi diren pertsona guztiak bizikidetza-unitate bere-
ko kidetzat hartuz, nahiz eta familia-harremanik ez egon.

• Eusko Jaurlaritzak mespretxatu egiten du errealitate gordina; izan ere, bizikidetza-unitateak etxebizitza partekatzera behartzen ditu, baliabide ekonomiko urriak dituzten eta alokairuen eta hipoteken prezio altuei modu independentean aurre egiteko gai ez diren pertsonak edo familiak direlako.

• DSBEaren zenbatekoa Lanbide arteko Gutxieneko Soldatatik bereiztea, lurzoru bat bermatzen baitzitzaion eta lan-errealitateari lotzen baitzitzaion.

• Bestalde, kontrol neurrien gorakadak jende txiroaren gaineko etengabeko susmoa zabaltzen du, gizarte prestazioak jasotzen dituzten familiak kriminalizatuz.

• Ikuspuntu feminista batetik, indarkeria matxistaren kontzeptua zabaltzeaz gain, “Tratu txarrak familian” terminoa erabiltzen da. Kontzeptu berri hori sartzeak berekin ekarriko du indarkeria matxista jasaten duten emakume askok DSBE jasotzeari utziko diotela edo ezingo dutela jaso.

Edukiz husten da emakumeok aurre egin behar diogun egiturazko indarkeria, eta “familia barruko indarkeria” kontzeptuaren ildoari jarraituz, eskuindar aberatsenak defendatuta, Vox buru dela. Beste behin ere, planteatutako proposamenek emakumeen eskubideak ahultzen dituzte, nahiz eta egungo gobernua harro agertu bere politika guztietan gene- ro-ikuspegia mantentzeaz.

Murrizketen errealitate horren aurrean, berriz ere balioa ematen diogu 51.000 pertsona baino gehiagok sinatutako Herri Ekimen Legegi- leari. Eusko Legebiltzarrak atzera bota zuen ekimen hori, EAJ, PSE eta PPren babesarekin, eta EAJk eta PSEk egindako DSBEa errefor- matzeko proposamenari osoko zuzenketa egitea zekarren. ILPk prestazio horrek jasan dituen murrizketak lehengoratzea planteatzen zuen, eta, aldi berean, zenbatekoak handitzearen eta gizarte-eskubideak zabaltzea- ren alde egiten zuen.

Beste behin ere, Eusko Jaurlaritzak ez du baliatu pobreziarekin amaitzeko gai den lege baten oinarriak aurkezteko aukera.

• Ez zaio axola 70.348 pertsona pobrezia-egoeran bizitzea DSBE jaso arren, edo 60.617 pertsona pobrek DSBE jasot- zeko aukerarik ez izatea. Pobrezia larriko egoerek biztanleriaren% 6,1ari eragiten diote.

• Pobrezia-arriskuak 172.307 pertsonari eragiten dien une hauetan, hau da, biztanleriaren% 8ri, eta% 14ko igoera 2016tik eta% 41,4koa 2008tik.

• Hilabete amaierara iristeko zailtasunak 484.571 pertsonara iristen direnean, biztanleriaren %22,7. Kopuru hori% 22,9 hazi da azken bi urteetan, eta% 37,4 azken hamarkadan.

Era berean, azpimarratu nahi dugu gizarte-babeserako sistema gizartekohesiorako tresna bat dela, eta horren barruan, DSBEa, funtsezko pieza, milaka pertsonak bizi-baldintza duinagoak eskuratu ahal izateko. Babes sozialeko sistemarik gabe eta lan eta pentsio duinik gabe, gure gizartea ez da bere etorkizunaren jabe izango.

Gaur goizean egindako ekimenaren bidez, EAJri eta PSEri DSBE erreformatzeko proposamen hau erretiratzeko eskatzen diegu, prekarietate- eta desberdintasun-egoerak larriagotzen ari direlako gaur egun; eta, egun gertatzen ez den bezala, pobrezia-arriskuan dagoen inor ez dadila geratu DSBE pres- tazioa jaso gabe, eta DSBE jasotzen duen inork ez dezala pobre izaten jarraitu.

Azkenik, euskal erakundeei lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propio baten alde lan egiteko eskatu nahi diegu.

 

 

 

Eusko Jaurlaritzak galtzen duen enplegua ordezkatzeko asmorik ez duela onartu du, inolako lotsarik gabe

Enplegu publikoarekin jokatzen ohi duen bezala, propaganda eta izenburu deigarrien atzetik utzikeria eta txapuza ezkutatzen du Eusko Jaurlaritzak. Atzoko Gobernu Bileran Administrazio Orokorrerako onartutako Lanpostu deialdiaren datuek eta balorazioek halaxe adierazten dute. Izan ere, argitaratutako oharrean harrotasunez jasotzen duen bezala, «…[1989an] orduan, azken aldiz, Eusko Jaurlaritzak 1.000 plaza baino gehiagoko oposizioak deitu zituen». Oraingoan 1.026 plazako deialdia atera du kapelatik, ohi bezala ere, sindikatuokin adostu gabe.

LABen aldetik argitasun gehiago ematearren honako datuak zehaztuko ditugu:

• Plantilla osoaren batez besteko adina 60 urtekoa da
• Behin-behineko langileak langileriaren erdia suposatzen dute (3.500 lanpostu)
• Behin-behineko langileen batez besteko adina 50 urtekoa da
• Behin-behineko langileen batez besteko antzinatasuna 15 urtekoa
• Administrazio Orokorrean egonkortasuna lortzeko 3.500 lanpostuko deialdia egin beharko zen

Agerraldian Jaurlaritzaren bozeramaileak interinoak ere erretiroa hartzen ari direla onartu zuen, bai eta behin-behinekotasun tasa eta batez besteko adin altuak ere. Kontua da interinitatea mantentzea beti izan dela eta izaten jarraitzen duela Jaurlaritzaren estrategia bat (malgutasuna, diziplina, pribatizazioak, amortizazioak…), eta orain kontran etorri zaio.

Onartu dituen neurri hauekin ezegonkortasunaren eta plantilla zahartzearen arazoak konpontzera datozela adierazi zuen batere lotsatu gabe. Are okerrago, langileoi barre egitea salatu nahi dugu. Izan ere, halako bidegabekeriari txapela jartzeko beste erabaki ponpoxo bat hartu zuen Jaurlaritzak, erretiroa hartzen duten langileentzat «urtero aintzatespen ekitaldiak» antolatuko ditu, enplegu publikoa nola desagertzen den ospatzeko, antza denez.

LABek berriro Enplegu Plan integral bat negoziatzea exijitzen dio Jaurlaritzari, eta Egonkortasun Lege propio bat presta dezala EAEko enplegu publikoaren eta ezegonkortasunaren arazoari irtenbidea emateko. Kanpoko epaitegien eta erakundeen menpe eroso, eta bere gelditasuna eta txapuzak propagandaren atzean estaltzen oso iaioa ikusten da.