2026-04-17
Blog Page 60

LABek ohartarazi du Tasubinsak BSHren itxieraren ondorioak langile guztiei ordainarazi nahi dizkiela

Ezkirozko (Nafarroa) BSH lantegiaren itxierak ez die soilik 660 langileei eraginen, baita enpresa laguntzaileetako edo ekoizpen lerro esternalizaturen bat duten enpresetako langileei ere. Azken hori da Tasubinsaren kasua, enplegu zentro berezi bat, ehun langile inguru dituena BSHrendako lanean. LAB sindikatuak salatu duenez, Tasubinsak hitzarmenaren negoziazioa blokeatu du eta langile guztien soldatak izoztu nahi ditu.

Tasubinsako LABeko ordezkariek agerraldia egin dute gaur Iruñean, enpresa hitzarmenari buruzko negoziazioak nahita blokeatzen ari dela salatzeko —“egoera onean” ez dagoelako ezin duela negoziatu argudiatuz— eta funtsezko erabakiak atzeratzen ari dela salatzeko; eta horrek langileen artean ziurgabetasuna sortzen duela ohartarazteko. Gainera, ordezkari hauek exijitu dute Tasubinsako langileek eragin ez duten krisiaren ondorioak Tasubinsako langileei ez ordainaraztea, Ezkirozko BSH lantegiaren itxierari erreferentzia eginez, haren ekoizpen lerro bat Tasubinsako ehun langi inguruk lantzen baitute.

Antza denez, dagoeneko nahiko prekarioak diren bere langile guztien soldatak izoztu nahi ditu Tasubinsak, epe mugarik gabe. LABek Tasubinsako zuzendaritzari eta Nafarroako Gobernuari –erakundearen finantzatzaile handi gisa– eskatzen die berehala berrireki daitezela hitzarmen duin bat lortzeko negoziazioak eta lan-eskubide guztiak errespeta daitezela. Hala ez bada, langileek mobilizatu eta ekintza publikoak eginen dituztela iragarri dute, beren egoera ikusarazteko eta bidezko irtenbideak eskatzeko 

Iruñeko Turismo Bulegoko langileek enpresaren lan-prekarietatea salatu dute

LAB sindikatutik salatu nahi dugu Iruñeko Turismo Bulegoko langileek urte luzez pairatu duten lan-prekarietatea, eta horrekin batera, bai enpresaren (Dinamic Imizcoz Servicios Culturales) bai Iruñeko Udalaren jarrera arduragabe eta utzikeria. Turismo Bulegoa enpresa horrek kudeatzen du udalarekin sinatutako kontratu baten bidez, eta zerbitzua eskaintzen duten langileen baldintza irregularretan jardun behar izan dute luzaroan.

Gaur egun, langile gehienek lanaldi osoko kontratua duten arren, euren lan ibilbidea markatu dute lanaldi partzialeko kontratuek, lan-egonkortasunik ezak eta lan-harremanetako irregulartasunek. Gainera, estatuko hitzarmen orokor bat aplikatzen zaie, ez dagokiona beren eguneroko lan-eginkizunen errealitateari, eta askoz gutxiago Iruñeko bizi-kostuari. Ondorioz, soldata duina bermatzeko aukera erabat mugatua da.

LABetik salatu nahi dugu enpresak urteetan zehar ez diela langileen eskaerei erantzun, eta sarri ez dela gai izan inolako azalpenik emateko. Are gehiago: hainbat kasutan, langileen lan-eskubideei buruzko kudeaketa enpresatik kanpoko pertsonen esku utzi da, eta horrek utzikeria eta informaltasun sentsazioa areagotu du langileengan.

2024ko apirilean, langileek, LAB sindikatuaren babesarekin, oinarrizko lan-baldintzak hobetzeko eskaera formala egin zuten. Besteak beste, lan-egutegien planifikazioa, soldata-egituraren berrikuspena eta prebentzio-azterketak eskatzen ziren. Langileek beti erakutsi dute jarrera eraikitzailea eta negoziaziorako prestasuna, baina egoera gero eta jasanezinagoa bihurtzen ari da, eta dimisio nahiz baja psikosozial kopurua nabarmen hazi da.

LABek azpimarratu nahi du Iruñeko Udalak baduela erantzukizun zuzena egoera honetan. Izan ere, lan-baldintzak zuzenean baldintza-agirietan jasota daude. Hala ere, hainbat lizitaziotan enpresak subrogazio-eskubidea zuten langileak kanpo utzi izan ditu, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen aurka. Udalak, horren jakitun izan arren, ez du inolako neurririk hartu, eta urte luzetako salaketen ondoren, 2024ko azaroan, langileen lan-baldintzak hobetzen zituen plegu bat onartu zuen. Zoritxarrez, jarritako errekurtso baten ondorioz, Udalak plegu berri bat argitaratu du, eta bertan aurreko hobekuntzarik gehienak ezabatu ditu.

LAB sindikatutik argi adierazi nahi dugu: ezin da zerbitzu publiko bat mantendu langileen osasuna, ongizatea eta eskubideak arriskuan jarriz. Lan-abusuei amaiera eman behar zaie, eta bai enpresak bai Udalak bere gain hartu behar dute egungo egoeraren ardura. Langileek lan-baldintza duinak, tratu arduratsua eta harreman gardenak merezi dituzte, eta hori bermatzea erakunde publikoen betebeharra da. 

Finantzazioaren urritasuna eragin larria izaten ari da EHUn

Duela gutxi jakin du LABek sortzeko bidean zeuden lanpostu berri asko geratu dituela EHUko zuzendaritza taldeak, finantzazio falta dela eta. Hain zuzen, IRIen errektoreordeak bidalitako mezuan adierazitako datuen arabera, sortzeko prest zeuden 38 laguntzaile doktore eta 19 elkartu plaza ez dira momentuz sortuko, eta 2024ko promozioaren kontura onartuta zeuden 56 oso/katedra plaza eta 2025eko promozioan onartzekoak zirenak ere geldituta geratu dira.

Egoera hau oso larria da eta EHUn aspaldidanik pairatzen dugun azpifinantzaketak sortutako arazoak areagotzen ditu.

Edozein kasutan, ezinbestekoa da arazoaren arrazoia argi izatea. Izan ere, jakin behar da EHUk defizita duela (20 milioi bat eurokoa), aurreko urteetako aurrekontuetan jasotakoa baino diru gehiago behar izan delako. Azken urteetan, Jaurlaritzaren ezohiko ekarpenen bidez aurre egin zaie zor horiei. Baina, ematen duenez, Jaurlaritzak ez du bere gain hartuko oraingoan gainkostu hori. Errektoreordeak esan duenez, defizit hori oinordetzan hartu da, eta halako egoera bat kudeatzea ez da batere erraza, ezta inoren gustukoa ere. Informazio hori esanguratsua da, nahiz eta errektoretza taldeak publikoki ez jakinarazi.

Gakoa, ordea, behin eta berriro ozen aldarrikatzen ari garena, unibertsitate publikoaren azpifinantzaketa da. Jaurlaritzak, unibertsitate-ekimen pribatu batzuei alfonbra gorria jartzen dien bitartean, ez du bideratzen EHUra behar den finantzazioa, plantilla ondo hornitu ahal izateko, IRI/TEKAZEL ratioa hobetzeko, soldata egokiak ordaintzeko, sailek eta zerbitzuek behar dituzten inbertsioak egiteko eta zaharkituta dauden azpiegiturak mantentzeko; finean, kalitatezko unibertsitate publikoa izateko. Askotan aipatu dugu LOSUk jasotzen duela BPGren % 1 bideratu behar dela 2030erako unibertsitate publikoetara (publikoetara, bai, ez unibertsitate publiko eta pribatuetara, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak sinetsarazi nahi digun moduan). Gaur egun, % 0,42an gaude, eta, guk dakigula, ez dago mugimendurik LOSUk aipatzen duen gastu publikoa igotzeko plana sortzeko. Are okerrago, sailburuaren asmoak kontrako norabidean hartuak direla dirudi. 

Orain sortutako egoera berri hau beste pauso bat da unibertsitate publikoaren itotze bidean. Kaltetutako langileak asko dira. Haserre egoteko arrazoiak dauzkate. EHU barruan alderdi asko hobetzeko daude, kudeaketa barne, baina argi izan behar dugu bizi dugun egoeraren jatorrira: EHUren azpifinantzaketa endemikoa, eta Jaurlaritzak finantzazioaz egiten duen erabilera EHUren funtzionamendua baldintzatzeko.

Egoera horren aurrean ezinbestekoa da EHUko kide guztiok, langileok zein ikasleak, baita errektoretza taldeak ere, irmotasun jarrera erakustea Jaurlaritzaren aurrean

LABek salatu du Nafarroako Gobernuak garatutako proiektu batek agerian uzten duela enpresen %20k bakarrik betetzen duela prebentzio araudia

Aurreikusitako data baino hiru hilabete beranduago aurkeztu du Nafarroako Gobernuak Tafallako eremuan eginiko lan osasunari buruzko ikerketa txosten bat; 2024 eta 2025 urteetan zehar eginiko proiektu pilotua, hain zuzen ere. Txosten horren arabera, soilik enpresen %20k betetzen du prebentzio araudia. Horrek hankaz gora jartzen ditu orain arteko enpresarien zein Nafarroako Gobernuaren diskurtso akritikoa eta sostengatutako jarduera. Txostena EH Bilduren eskaera izan zen aurrekontuen negoziazioan.

LAB sindikatuak bazuen txosten horren berri. Izan ere, joan zen martxoko NOPLOI Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren kontseiluan horren berri eman zuten, datu gutxi batzuk aurreratuz. Lehen datu horiek jada adierazten zuten urteetan LABek salatutako prebentzio araudiaren betetzea pentsatutakoa baino are ere baxuagoa dela.

LABen ustez, behin betiko txostenak ematen dituen datuak oso larriak dira eta iraunkorki sindikatuak salatzen duen prebentzio falta horri neurria ematen dio. Beraz, ondorioa argia da: datuak espero genituenak baina are larriagoak dira eta horrek azaltzen du Nafarroan zehazki, baina, baita Euskal Herri osoan ere, pairatzen den ezbehar-kopuruaren bilakaera negatiboa.

Hona hemen argigarriak izan daitezken hausnarketa batzuk:

  • Soilik enpresen %22ak egin ditu istripu ikerketa egokiak.
  • Formakuntza egokia eman duten enpresak ez dira %23ra iristen.
  • Enpresen erdiak baino gehiagok ez du arrisku ebaluazio egokirik.
  • Enpresen %90ek ez du arrisku psikosozialak modu egokian ebaluatu, are gutxiago neurriak ezarri.
  • Soilik enpresen %5,3k egin ditu azterketa ergonomiko egokiak.
  • Arrisku kimikoak dauden enpresen %10ean soilik egin dira ebaluazio higienikoak.
  • Enpresen %80aren teilatuak ez daude estrukturalki prestatuta pertsonen joan-etorrirako edo mantentzerako. Identifikatutako egoera hau oso kezkagarria da txostenak gogoratzen duen bezala altueretako erorketen potentzialitatea eta indize altua dela aintzat hartuta.
  • Soilik enpresen %19k dauka prebentzio egitura hierarkiko txertatua.
  • Enpresen %22k egiten du prebentzioaren jarraipena.

Momentu berean argitaratu dira 2024ko ez beharren txostena, baita 2025eko lehen hilabeteetakoa ere. Berriz datu gordinak, latzak, gogorrak. Baina orain inoiz baino argigarriagoak. Orain objektiboki baitakigu enpresen prebentzio falta tasatuak eragiten duela ezbehar kopuru tragiko hori. Istripu eta gaixotasun bakoitzaren atzean patronal aseezina dagoela.

Ur hotzeko pitxer bat Gobernuarentzat eta enpresarientzat
Txostenak oso argigarria da: prebentzioaren betearazpena batez beste enpresen %20ra iristen da. Horrek, alde batetik, Nafarroako Gobernua seinalatzen du: izan ere, nori dagokio enpresaburuek legea eta nahitaez bete beharreko prebentzio-neurriak bete ditzaten eragitea? Maria Txibite lehendakariak Lan Ikuskaritza propio baterako eskumenak eskatzen ez dituen bitartean, erakusten jarraituko dute Nafarroako langileen bizitzek bost axola zaizkiela.

Beste alde batetik, CENeko enpresariak seinalatzen ditu. Lan osasunaren prebentzioaren ardura langileei egozten dien kanpaina (diru publikoarekin ordaindu dutena) martxan jarri dutenean eta absentismoaz hitz egiten diguten bitartean, modu masiboan prebentzio araudiari muzin egiten diote. Beste era batera esanda, enpresariek ez dute borondaterik laneko ez beharren kopuruari muga jartzeko eta beraien utzikeria kontzientearekin dira baja eragile nagusiak, bai lan istripuetan bai laneko gaixotasunetan. Enpresariak ez dira gauzak ongi egiten ari; aitzitik, prebentzio-kulturari dagokionez eta gure herrialdeko jarduera ekonomikoaren printzipio gidari izan beharko lukeen arrean, erakusten ari dira edozein gizarte demokratikoren eskakizunetatik urrun daudela.

Honek dimentsio bereziki gordina hartzen du arrisku psikosozialen zein ergonomikoen ataletan, non prebentzio falta are zabalduagoa dagoen eta arrisku hauek eragindako bajak ez dira lanekoak bezala onartzen. Honek esan nahi du baja arrunten atzean sartzen direla lanak eragindako gaitz asko. Ondorioz, enpresek mutualitateak baliatzen dituzte ardura hau langileei egozteko. Hau da, iruzurrak hemen dimentsio larriak hartzen ditu.

Beraz, txosten honekin Gobernua ezin da beste alde batera begira jarri. Ezin da izan Iñaki Mendioroz Lan zuzendaria enpresaburuen dogmaren morroi izatea eta bere diskurtsoa zapuzten duen errealitate batekin akritiko izatea. Kontrara, baliatu behar du, behingoz, bide zuzena hartzeko: prebentzio-legea zorrotz betetzeko bidea, hain zuzen ere. Eta errealitate horren aurrean ezin du onartu orain arte enpresariek erabilitako jarrera negazionista. Horretarako, lehenengo pauso bezala eta txosten honetan oinarrituta, enpresariek lan osasunaren prebentzioaren ardura langileei egozten dien kanpaina bertan behera utzi behar dute CEN patronalak eta Nafarroako Gobernuak.

Gutxieneko soldata propioaren aldeko herri ekimenak aurrera jarraitzen du: sinadurak online biltzeko aukera abian da

ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuok gutxieneko soldata propio baten aldeko dinamika martxan jarri dugu. Ekimen horrek bi norabide nagusi ditu: batetik, gure eskumen esparruaren baitan, lanbidearteko akordio baten bidez gutxieneko soldata propioa adostea; bestetik, eskumen berriak eskuratzea, Langileen Estatutuaren aldaketaren bitartez.

Lehen bidea, ordea, patronalak oztopatu du oraingoz. EAEko Confebask patronalak eta Nafarroako CEN patronalak, biek ala biek, ezezko borobila eman diote lanbidearteko akordioaren aukerari.

Bigarren bidea garatzeko herri ekimen legegilea abiatua dugu, eta milaka langileren babesa jaso dugu dagoeneko. Sinadura bilketa mobilizazio erraldoi bilakatu nahi genuela esan genuen, eta hamarnaka mila sinadura bildu ditugu; langileriaren erantzuna sendoa eta baikorra ari da izaten. Sinadura horiek guztiak EAEko eta Nafarroako legebiltzarrei aurkeztuko dizkiegu, lege aldaketa posible egiteko lehen urrats gisa. Bestetik, patronalei ere aurkeztuko dizkiegu, euren erabakia mugiarazteko helburuz.

Orain, dinamika indartzeko urrats berria egin dugu: horretarako behar genuen Eusko Jaurlaritzaren baimena eta bere atzerapena gaindituta, gaurtik aurrera sinadurak online biltzeko aukera izango da. Horren bidez, sinatzeko aukera erraztea eta zabaltzea dugu helburu. Horregatik, dei egiten diogu jendarteari, oraindik eskuz sinatu ez badu, modu erraz eta azkarrean online sinadura eman dezan.

Ziur gaude gutxieneko soldata propioa ezartzea lortuko dugula, bide batetik edo bestetik, ezinbesteko tresna baita soldata arrakalei aurre egiteko, aberastasuna modu egokiagoan banatzeko eta prekaritateari eta pobreziari muga jartzeko.

Informazio gehiago eta sinatzeko esteka: https://lanbideartekosoldata.eus/eu/

Enviser enpresak ez du bere eskaintza ekonomikoa aldatu, langileek greba amaitzeko borondate osoa azaldu duten arren

Gasteizko parke, lorategi eta eraztun berdearen mantentze-zerbitzuko greba amaitzeko, laugarren bilera egin zen atzo, PRECOn, akordioa bilatzeko helburuarekin. LAB sindikatutik salatu nahi dugu, beste behin ere, enpresaren erantzun etsigarria eta prozesuaren hasieratik darabilten jarrera guztiz itxia.

Greba-batzordeak, langileen babes osoarekin, proposamen arduratsu bat aurkeztu du, egindako eskaeren maila nabarmen jaitsiz: 2025erako eskatutako soldata-igoera 3.000 eurotik 1.000 eurora murriztuz, KPIaren eguneratzea eta erosteko ahalmenaren galera 2028ra atzeratuz, eta 2025etik aurrera 300 euroko hileko arrisku-plusa mantenduz.

Enviserren erantzuna, ordea, guztiz hutsala eta engainagarria izan da: urteko igoera-portzentajeak moldatu baditu ere (%4 2025ean, %3 2026an eta %2 2027an), azken emaitza berdina da. Aurretik, PRECOren bitartekaritzaren aurretik, %3 urteko igoera proposatzen zuen 2027ra arte. Zer helbururekin eskatu zuen enpresak PRECOren bitartekaritza, inolako mugimendu ekonomikorik egiteko asmorik ez bazuen?

Enpresaren jarrera hau ezin litzateke ulertu Gasteizko Udalaren konplizitaterik gabe. LABetik salatzen dugu Udalak eta enpresak batera daramatela gatazkaren luzamendua, eta bitartekaritza-prozesua itxurakeria hutserako erabiltzen ari direla. Enpresak ez zuen negoziatu nahi duela urtebete baino gehiago, lehen proposamena aurkeztu zenean, eta gaur, 99 greba-egunen ondoren, argi dago oraindik ez duela benetako negoziazio borondaterik.

LABetik ohartarazi nahi dugu egoera hau Udalaren babesik gabe ez litzatekeela posible izango. Are gehiago, nabarmena da Udalak Luxenburgon egoitza duen inbertsio-funts estatubatuar baten interes ekonomikoak lehenesten dituela, Gasteizen bizi eta lan egiten duten langile eta herritarren kalterako.

Gaur aurkeztutako eskaintzaren kostua milioi bat euro ingurukoa da, 2025-2027 aldirako. Gasteizko Udalak adierazi du greba mugagabea hasi zenetik milioi bat euro baino gehiago aurreztu dituela, eta Enviserren arabera ere hala da. Beraz, LABentzat argi dago: gatazka konpontzeko baliabide ekonomikoak badaude.

Dirua badago, baina borondate politikoa falta da. LABek salatzen du PSE eta EAJren gobernuak ez duela konponbidea bilatzeko asmorik, eta langileen pazientzia agortzen ari dela.

LABek berresten du Enviserren azpikontratatutako langileek ez dutela borroka utziko bizi duina bermatuko dien hitzarmen propio bat lortu arte. Udalak ezin du bere ardura saihestu: berak azpikontratatzen duen plantilla pobretuaren egoeraren erantzule zuzena da, eta neurriak hartu behar ditu berehala. Egokiena den formula bilatu behar du, eta horixe da herritarrek hauteskundeetan eman zioten agindua. 

LABetik dei egiten diegu herritarrei uztailaren 4an, ostirala, greba mugagabearen 100. egunean, grebalariekin egingo den elkartasun egunera bat egitera. Manifestazio handi bat deitu dugu 18:30ean Artiumetik abiatuta, gatazkari konponbide duin eta bidezko bat eman dakion aldarrikatzeko. 

LABek borroka sindikalak bultzatzen jarraituko du pribatizazioari aurre egiteko eta arlo publikoa indartzeko

LABek batzarra egin du gaur Gasteizen prekarizazioaren kontrako borroketan murgilduta dauden pribatizatutako sektore eta enpresetako langileekin. Hauek beren egoera partekatu dute, elkartasuna aktibatzeko, elkar babesteko eta guztien artean borrokak indartzeko modua aztertzeko. Ondoren, manifestazioa egin dute, Arabako Foru Aldundiaren aurretik pasatu ostean, udaletxearen aurrean amaitu dena.

Batzarrean parte hartu dutenen artean daude Enviser eta Sacyr-eko langileak. Biak ala biak Gasteizko Udalaren azpikontratak dira, lehenak lorezaintzakoak eta bigarrenak estolderien mantenuaz arduraratzen direnak, eta greban dauden hitzarmen propio eta duina hemen negoziatzeko.

Arabako adinekoen egoitzetako langileek herrialde mailako lehen sektore hitzarmenaren alde egiten ari diren borrokaren berri eman dute, egun pribatua den sektorea publiko bihurtzea duena helburu. Esku-hartze soziala eta aniztasun funtzionaleko langileek sektore publikoko langileekiko ekiparazioa aldarrikatzeko piztu dituzten dinamikez hitz egin dute, publifikazioa dutenak helburu. Anbulantzietako langileek, euren aldetik, publifikazioa eskatzeko dinamika baten berri eman dute, Nafarroan honezkero lortu den zerbait.

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko eta Gasteizko Udaleko langileek bi erakundeek dituzten asmo pribatizatzaileen aurre egiteko egiten ari diren borroka azaldu dute. Azkenik, Gazteriaren Foru Erakundekoek, borrokaren bidez zerbitzu publiko hau indartzeko astelehenean lortu zuten akordioaren berri eman dute.

Batzarrean eta argi gelditu da pribatizazioak lan baldintzen prekarizazioa dakarrela eta honi aurre egin behar zaiola borroka sindikalen bitartez, sektore eta enpresa hauetako langileak egiten ari den bezala. Horrekin batera, gaurkoa bezalako ekimenetan elkartzearen beharra azpimarratu dute bertaratutakoak, guztien artean borrokak indartu ditzaketela sinetsita. Hortaz, antzeko ekimenetan sakontzeko asmoa adierazi dute batzarrera bertaratutakoek. Azkenik, lan baldintzak hemen erabakitzearen garrantzia azpimarratu dute, estatalizazioaren aurpegi desberdinek, hitzarmen estatalek zein Estatuak ezarritako mugek, langileen lan baldintzak kaltetzen dituztelako.

Instituzioei interpelazioa

Beste alde batetik, LABeko kideek salatu dute EAJ eta PSEren eskuetan dauden instituzioek pribatizazioa bultzatzen dutela, oinarrizko zerbitzuak eta zaintza lanak negozio bihurtuz. Horrela, batzarra bukatzean mobilizazioa egin dute LABeko kideek langileen lan baldintza duinak exijitzeko eta arlo publikoa indartzeko beharra aldarrikatzeko. Manifestazioa, Foru Aldunditik pasatu ondoren, Gasteizko udaletxe aurrean bukatu da. Bi instituzio hauen asmo pribatizatzaileak salatu ditu LABek, honen inguruan duten ardura azpimarratuz. Sindikatuko ordezkariek gaineratu dute instituziook ez dutela gatazken konponbidean inplikatu nahi. Are gehiago, grebetan gehiegizko gutxieneko zerbitzuak eskatzen dituztela salatu dute, ondoren, esku berdinetan dagoen Eusko Jaurlaritzak onartzen dituenak, hauek desaktibatzeko asmoz.

Honenbestez, LABek borroka sindikalak bultzatzen jarraituko du, pribatizazioari aurre egiteko eta arlo publikoa indartzeko, baita gaurkoa bezalako ekimenak antolatzen ere, langileak elkartu eta lan baldintzen eta eskubideen defentsan aurrera egiteko.

Langabeziaren jaitsierak gero eta handiagoa den enpleguaren prekarizazioa ezkutatzen du

Langabeziak behera egin du, aurreko urteko ekainarekin alderatuta 3.760 langabetu gutxiago izanik. Halaber, azken hilabetean %1,5eko jaitsiera erregistratu da, eta une honetan 131.619 pertsona daude enplegu-eskatzaileen zerrendetan izena emanda. Uda garaian ohikoa da langabezia jaistea, baina sortu den enplegua oso prekarioa da eta datuek lan-merkatuaren prekarizazio-prozesuan sakontzen ari garela adierazten dute.

Ekainean hilero gertatzen den egoera bat errepikatu da: aldizkako kontratu finkoak dituzten langileen %19,52k euren kontratua eten dute, eta horien artean %77,97 emakumeak* dira. Datu horien atzean ikastetxeetako sukalde garbiketan diharduten emakume* langileak daude, udako hilabeteetan lanik eta kontraturik gabe geratzen direnak. Horren ondorioz, zerbitzu-sektorean 14.650 afiliatu gutxiago zenbatu dira azken hilabetean.

Industrian, datu kezkagarriak agertu dira: azken urtean, 43 pertsona gehiago gehitu dira langabeen zerrendetara eta 300 afiliatu galdu dira sektorean. Gaur jakin dugunez, Tubos Reunidos enpresak 850 langileri eragingo dien Aldi Baterako Enplegu-Erregulazio Espedientea (ABEEE) iragarri du. Hala ere, ABEEEek ez dute berehalako eraginik langabeziaren eta afiliazioaren estatistiketan, eta horrek zaildu egiten du sektorearen benetako egoera neurtzea. Aiaraldea da, besteak beste, ABEEE kopuru handiak jasaten dituen lurraldeetako bat. Testuinguru horrek trantsizio ekosozial baten premia nabarmen uzten du agerian.

Langabeziaren banaketa generoaren arabera aztertuta, emakumeak* dira gehiengoa: langabeen %58,98 emakumeak* dira, eta aurreko enplegurik izan ez duten pertsonen artean, portzentaje hori %67,84ra igotzen da. 25 urtetik gorako langabeen artean, berriz, %78 emakumeak* dira. Datu horiek argi erakusten dute lan-merkatuan genero-arrakala sendoa dagoela oraindik ere.

Pertsona migratuen artean langabeziak behera egin du, baina aurreko enplegurik izan ez dutenen artean 395 pertsona gehiago daude langabezian (%4,92ko igoera). Azken hilabetean 688 langabe gutxiago zenbatu dira, horietatik gehienak zerbitzu-sektorean. Migratu langabetuen %51,58k zerbitzuetan bilatzen dute lana, eta %31,91k ez dute aurreko lan-esperientziarik.

Ekainean 18.102 kontratu gehiago sinatu dira aurreko urteko hil berarekin alderatuta; horietatik %79,54 aldi baterakoak izan dira, udako lan-denboraldiaren ondorioz. Kontratuen %77,56 zerbitzu-sektorean sinatu dira. Guztira, aurreko ekainarekin alderatuta %9,64ko hazkundea izan da kontratazioan (7.079 kontratu gehiago), baina hazkunde hori ez da enplegu egonkor eta duinaren erakusgarri, baizik eta prekarizazioaren adierazle garbia.

2025eko ekainaren amaieran, 1.071.887 pertsona zeuden erregimen orokorrean afiliatuta, aurreko hilabeteko datuekin alderatuta 13.591 afiliatu gutxiagorekin. Zerbitzu-sektorean izan ezik, gainerako sektoreetan afiliatu kopurua igo da hilabete honetan. Azken urtean, sektore gehienetan izan da igoera (7.550 afiliatu gehiago), industria izan ezik, non 300 langile gutxiago zenbatu baitira. Azken hilabeteetako bilakaera nabarmena izan da eraikuntzan (%3,41eko hazkundea) eta lehen sektorean (%7,55eko hazkundea), eta zerbitzuetan 5.705 afiliatu gehiago daude.

Lan-merkatuak genero eta adinaren araberako aldeak ere azaleratzen ditu: gizonen artean, %77,9k jardunaldi osoko kontratua dute, eta emakumeen* artean portzentaje hori %56,3ra jaisten da. Jardunaldi partzialeko kontratuen kasuan, gizonen %11,5k eta emakumeen* %25,3k dituzte halako kontratuak. Azken urteetan, gainera, 25 eta 50 urte arteko pertsonen afiliazioa gutxitzen ari da, eta joera horrek bereziki emakumeei* eragiten die.

Sortzen ari den enplegua gero eta prekarioagoa da, eta industriaren egoerak kalitatezko lanpostuen galera eragiten du. Hego Euskal Herrian, bi herritarretik batek ez du bizitza duina bermatzeko adinako diru-sarrerarik, enplegua izan arren. Gaurko langabezia datuen atzean, errealitate hori ezkutatuta dago: zerbitzu-sektorean kontratu asko sinatzen dira, baina gehienak aldi baterakoak dira, BBK Live bezalako ekimenek sortzen duten enplegu prekarioaren antzera.

Testuinguru honetan, LAB sindikatuarentzat premiazkoa da Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzea, lan-baldintza duinak bermatzeko funtsezko urrats gisa.

Ikaztegietako MAN enpresako langileek grebari ekin diote

Ikaztegietako MAN enpresako langileak greban izango dira, uztailaren 4ra bitarte, lan baldintza duinak exijitzeko. Enpresa hitzarmenaren negoziazioa eten egin da, eta enpresaren azken eskaintza ez nahikotzat jo zuen langileen batzarrak.

Ondorioz, langileek grebari ekitea erabaki zuten. Enpresak kamioien eta autobusen konponketak egiten ditu, eta langile batzuk gutxieneko zerbitzuak egitera behartu nahi zituen, autobus batzuek garraio publikoarentzat lan egiten dutela argudiatuz. Momentuz, Eusko jaularitzako Lan eta Enplegu Sailak ez ditu dekretatu gutxieneko zerbitzu horiek, eta LABek espero du langile guztien grebarakoi eskubidea bermatuko dela.