2025-12-22
Blog Page 60

LABek benetako negoziazio zintzo, serio eta xantaiarik gabearen alde egiten jarraituko du SIDENORen

Pasa den ostiralean CCOO, UGT eta USO sindikatuek SIDENOR Azkoitiako lan-zentroan esandakoen inguruan, honako prentsa oharra ateratzea erabaki dugu. LAB sindikatuaren “jarrera onartezina” eta “batzarrak lehertzen saiatu” izana leporatu ziguten.

Urteak dira hiru sindikatu horiek SIDENOReko zuzendaritzarekin batera eskutik helduta dabiltzala. Ordezkaritza daukaten lan-zentro gehienetan enpresarekin ezkutuko akordioak egiten dituzte, gero, pantomimak eginez, beraien akordioak plazaratzeko. Azken hamarkadan (edo gehiago) eskubideak galtzen ari dira hiru sindikatuek gehiengoa izan duten SIDENOReko lan-zentroetako langileak, hiru sindikatuek eta SIDENORek sinatutako akordioen ondorioz.

Azkoitira itzuliz, jakinda 2018ko azaroan hauteskunde sindikalak zirela, aipagarria da, urte bereko uztailean (hiru sindikatuek komiteko gehiengoa osatzen zutela aprobetxatuta), opor bezperatan, negoziazioa irekita egon gabe, eta asanblearik egin gabe, momentu hartan indarrean zen hitzarmena beste 5 urtez luzatzea erabaki zutela, langileon eskubideak eta lan-postuak murrizteko aprobetxatuz, urte horietan guztietan, hurrengo komitearen gehiengoaren jarduera erabat baldintzatuz. Jarrera garden eta parte-hartzailea irudituko zaionik agian, izango da.

2018ko azaroan hauteskundeetan gehiengoa galdu zuten eta, urte askoren ondoren, iaz hasi zen beraien gehiengorik gabeko aurrenengo negoziazioa. Enpresak negoziazio serio bat eraman beharrean, gehiengoa baldintzatuta zeukan ABEEE bat aplikatu zuen. Reinosa-ko (Kantabria) lan- zentroko komitearekin bilduta, hiru sindikatuek gehiengoa zeukaten. Horren ondorioz, sinatu egin zuten ABEEE (asanblearik konbokatu gabe kasu honetan ere), eta Azkoitian martxan izan da ordutik (Reinosan ez, akordioa ixteko beharrezkoa izan zen arren) langileak nekatu eta negoziazioa baldintzatzeko helburu garbiarekin.

Aurreko astean Azkoitian izan zen asanblada deitzeko lortutako sinadurak azaroan bildutakoak ziren; beste gai-orden batekin; asanblada deitzeko sinadura eman zuten askori (30etik gora) ez zaio hitzarmena aplikatzen, eta beste zenbaitek presiopean sinatu zuten; eta gainera, batzarrean bertan galde-erreguak egitea ukatu zieten langile guztiei. Izango da hori ere gardena eta demokratikoa dela deritzonen bat.

Enpresa urduri dabil ez duelako lortu langileak nekatzea, eta antzerki hori erabili du jendea beldurtu, presioa sartu eta hitzarmenaren negoziazio prozesuari amaiera emateko.

Azkoitiko eta Legutioko prozesuek irekita jarraitzen dute, eta aurrerago, egingo dugu bi negoziazio horien azterketa xeheagoa. Hala eta guztiz ere, garbi utzi nahi dugu benetako negoziazio zintzo, serio eta xantaiarik gabearen alde jarraituko dugula, eta horren aldeko apustu irmoarekin segitzen dugula LAB sindikatutik. Enpresa Batzordearen gehiengoak babestutako proposamena soilik eramango dugu asanbladara, eta beronen gehiengoaren adostasunarekin bakarrik onartuko dugu.

Aurre egin diezaiegun gure pribilegioei; deseraiki dezagun sistema arrazista hau

Gaur, martxoak 21, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren kontrako Nazioarteko Egunean, pribilegioetan jarri du azpimarra LABek. Izan ere, egungo sistema arrazista deseraikitzera bidean, oinarrizko urratsa behar du gure pribilegioak onartzeak.

Ipar globalean jaio izanagatik, gure azalaren koloreagatik eta egunero sortzen, berritzen eta aldatzen diren erakunde eta harreman politiko, juridiko, ekonomiko eta sozialekiko erregimen arrazista baten parte izateagatik ditugun pribilegioez ari gara, horiek pribilegioak ditugula onartu beharraz; ez pribilegio horiek geldiarazi gaitzaten, baizik eta erantzukizun politikoz aldaketarako palanka moduan erabiltzeko, sistema arrazista hau hankaz gora jartzeko.

LABen, gure tokitik eta posiziotik, lehentasunez laneko arrazakeria errotik erauztea dagokigu, bidegabekeria, desberdintasun eta indarkeria iturri nagusietako bat baita. Konpromiso horretan berresten gara.

Ildo beretik, Euskal Herriko herri eta hirietan gaurko egunaren harira mugimendu antirrazistak deituriko mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu, zor koloniala konpontzearen alde, justizia neurri zehatzak hartzeko eta migratu eta arrazializatu guztiei bizitza seguruak eta bizi baldintza duinak bermatzkeo.

Egin diezaiegun aurre gure pribilegioei; deseraiki dezagun sistema arrazista hau.

Manifestazioa Iruñean apirilaren 5ean soldata eta pentsio duinen alde

Gaur Iruñean egin den prentsaurrekoan parte hartu dugu. Jarraian dituzue edukiak:

Soldata eta pentsio duinak, hemen eta guztiontzat! Gutxieneko pentsioa eta gutxieneko soldata, bidezkoak eta nahikoak. Gutxieneko soldataren besteko gutxieneko pentsioak

Aldarrikapen hauekin Euskal Herriko pentsiodunen Mugimenduak apirilaren 5ean Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean eginen diren manifestazioen deialdia sustatzea erabaki dugu, langile eta pentsiodun guztiei bizi-baldintza duinak izatea bermatuko dien soldata eta pentsio nahikoak eskatzeko. Iruñearen kasuan, Baluarte plazatik abiatuko da manifestazioa, arratsaldeko 18:00etan.

Nafarroan harremanak izan ditugu ELA, LAB, ESK, CGT, CNT, STEILAS, EHNE, HIRU, sindikatuekin, baita REAS, Bilgune Feminista, Plataforma de Salud, Etxalde, Ernai, AHT Gelditu!, Pentsionistak Martxan, Sasoia, COESPE eta Oneka bezalako eragile sozialekin ere, deialdi hau aurrera ateratzeko. CCOOk eta UGTk lurralderako gutxieneko soldata baten beharra babesten duten EAEn hartutako jarreran ez bezala, zoritxarrez Nafarroan sindikatu hauek patronalarekin bat egin dute argi eta garbi, eta beraz ez dugu inolako kontakturik izan.

Gaur hemen gaudenok, apirilaren 5eko mobilizazioa babesten dugu eta kalera atera eta manifestazio horietan parte hartzeko deia egiten diegu pertsona, langile eta pentsiodun guztiei. Pertsona guztiak ezinbestekoak dira eta ongi etorriak izanen dira; guztion esku dago aberastasunaren bidezko banaketan oinarritutako gizarte bat eraikitzea. Onartezina da finantza- eta energia-enpresa handiek mozkin-errekorrak gainditzen dituzten bitartean, gero eta langile eta pentsiodun gehiagok izatea gizarte-bazterkeriara eta pobreziara bultzatzen dituen soldata- eta pentsio-sarrerak.

Zenbait alderdi politikoren eta prentsaren narratiba faltsuak arbuiatzen ditugu, gazteen interesak pentsionisten interesekin kontrajarri nahi dituztenak, bigarrenei beren diru-sarrerak lehengoen diru-sarreren kontura hobetzea leporatuz. Guretzat soldatak eta pentsioak txanpon beraren aurpegiak dira eta banaezinak. Gaurko soldata duinak dira Pentsio Sistema Publikoari eusteko bermerik onena. Lanean ari garen langileok eta pentsiodunok interes eta aldarrikapen berberak ditugu, eta inork ez du lortuko gu zatitzea.

CENen jarrera prepotentearen aurka gaude, Nafarroako errealitateari men egin eta bertako langile klasearen lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen gutxieneko soldata negoziatzeko mahai batera esertzeko eskaera ukatuz. Era berean, Nafarroako Parlamentuak eskubide hori legez bermatzeko Herri Ekimen Legegile bati atea ixtea salatzen dugu.

Oinarrizko borroka da hau, soldata sarreretan eta gutxieneko pentsioetan bederen genero arrakala amai dadin, populazioaren erdiaren, emakumeen, aurkako bidegabekeria. Ezinbestekoa da ekonomia- eta lan-politikaren egungo norabidea aldatzea, aberastasuna modu ekitatiboan banatuko dela bermatzeko, bai zuzeneko soldata gisa, bai zeharkako soldata gisa (pentsioa), bai gizarte-soldata gisa (zerbitzu publiko unibertsalak bermatzeko diru-sarrera publikoak). Ez da oso osasungarria soldata eta pentsio baxu bat edukitzea soldata eta pentsio duin baten ordez.

Nafarroako errealitate sozioekonomikoaren araberako soldatak eta pentsioak eskatzen ditugu. Ez da hain zaila ulertzea gure lurraldean diru-sarrera handiagoak behar badira bizitza duin bat garatu ahal izateko, soldata eta gutxieneko pentsio baten erreferentzia desberdina izan behar dela Madrilen Estatu osorako erabakitzen denaren aldean. Errealitate sozioekonomiko desberdinak bizi ditugu eta horregatik, Estatuan estimatutako zenbatekoak gaindituko dituen LGS eta gutxieneko pentsioa behar dugu.

Gaur hemen iragarriko ditugun manifestapen horiek irekiak izango dira, pluralak, blokerik eta identifikazio korporatiborik gabeko manifestazioak. Pertsona guztiok dugu lekua, guztiok gara ezinbestekoak. Apirilaren 5ean, lau hiriburuetako kaleak beteko ditugu. Berriro diot, Iruñean 18’00etan, Baluarte plazatik.

Grebak eta mobilizazioak Arabako egoitzetan herrialdeko hitzarmenaren alde eta zaintza sistema publiko eta komunitarioa eskatzeko

Arabako Aldundiaren pribatizazio joerek egoera larrian jarri dituzte bai langileen bizi-baldintzak baita zaintza-sistema ere. Horregatik, beste behin ere, adinduen egoitzetako langileak atzo eta gaur grebak egin eta kalera irten gara lan hitzarmen probintziala negoziatzeko eta zaintza publiko eta komunitarioko sistema bat aldarrikatzeko.

Zaintza ezin da esku pribatuetan egon, are gutxiago Aldundiaren babesarekin. Instituzioek, egoitzen kudeaketa zuzena bultzatu behar dute, eta zaintzaren negozioari, pribatizazioari, atea itxi. Pribatizazioak zaintza langileon eta egoiliarren miseria dakar, etekin ekonomikoak zaintza duinaren gainetik jartzen direlako.

Urteko lanaldi handia, LGSa ozta-ozta gainditzen dituzten soldatak, gehiegizko ratioak, lan karga izugarria, egoiliarrei zaintza egoki bat emateko baliabide urriak… jasan ezina da egoera. Zaintza lanek duten garrantzia aldarrikatzeko eta sektoreko langileon borroka babestu eta hauspotzeko, Arabako gizartearen babesa eta elkartasuna eskatzen ditugu LABetik, zaintza sistema publiko komunitarioa lortu arte. Langile publikoak gara.

Gipuzkoako egoitzetako langileek hitzarmen duina exijitu dute

Gipuzkoako egoitzetako langileek elkarretaratzea egin dute gaur Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, Donostian, hitzarmen duina eskatzeko.

LABen proposamen eta helburua zaintza lanak publifikatzea da, garbi duelako zaintza lanak ezinbestekoak direla eta zerbitzu publikoa direla. Gainera, argi du lan baldintzak okertzen dituena pribatizazioa dela. Batzuek zaintzarekin negozioa egiten dute eta ez dute eskaintza duinik langileontzat. Horregatik, LABek apostu garbia egin du zaintza lan guztien publifikazioaren alde.

Zentzu horretan, Gipuzkoako egoitzetako langileen izaera publikoa aldarrikatu dute gaur Donostian, eta norabide horretan kokatuko den hitzarmena eskatzeko.

Hitzarmenaren negoziaketa ez da ondo hasi. Patronalaren aldetik ez da proposamenik egon, eta sindikatuon proposamenari ezezko borobila eman dio. Egoera ez da berria egoitzetako langileentzat, baina LAB ez dago prest egungo ratioak, kontratu partzialak eta lan baldintza gogorrak onartzeko. Horregatik, Aldundiari deia luzatzen dio bere ardura har dezan, eta behingoz ratioak aldatu eta helduen egoitzen publifikazio prozesua bere gain har dezan.

Era berean, LABek salatu nahi du langileen eskubideen alde egindako borrokagatik LABeko bi kide epaituak izango direla, eta urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen dietela. Egoitzetako hitzarmenaren negoziazioaren barruan egindako mobilizazio batean parte hartzeagatik izango dira epaituak, hilaren 25ean. Egun horretan Donostiako epaitegian epaiketa hori salatzeko deia egiten du LABek.

Amaitu da SDA Factory-ko langileak kaleratzeko kontsulta aldia

Jarraian irakur dezakezue SDA Factory-ko enpresa-batzordearen oharra.

Gaur, martxoaren 19an, amaitu da SDA Factoryn lan egiten duten pertsona guztien kontratuak amaitzeko kontsulta-aldia. Langileak likidatzeko EEEaren 5 bileretan azken hilabeteetako eta urteetako eztabaidak errepikatu dira, baina orain, mahai gainean itxiera bat zegoela.

Ez SDA Factory-k, ez B & B Trends jabeak ez dute inoiz enpresa aurrera eramateko asmorik izan. Denbora irabazi besterik ez dute nahi izan, konkurtso-prozeduraren bidez beren mozkinak eta dibidenduak galdu ez zitzaten. Orain, diru-kutxak hutsik utzi dutela eta aktiboak saltzen ez diren bitartean, Europan punta-puntakoa izan zen zentro horretan lan egiten duten pertsonak FOGASAra jotzera behartuta daude dagokien gutxieneko kalte-ordaina eta 2024ko abendutik aurrera ordaindu beharreko soldaten zati bat kobratu ahal izateko. Bizitza osoa lantegi honetan lanean horrela amaitzeko. Ez dute amaiera hau merezi. Penagarria da.

Nahi izan duten guztia eta gehiago eraman dute. Milioika eta milioika euro, zalantzazkoa eta ulertezina zen salerosketa-eragiketa batean. Aurreko jabeak, BSH BOSCHek, euro 1ean saldu eta, trukean, 20 milioi eurotik gora eman zizkion B & B TRENDS erosleari. Eta lantegiari 2 urte eta erdiz lana emateko akordioaz gain, denbora horretan B & B TRENDS enpresak 14,5 milioi eurotik gorako dibidenduak eskuratu ditu, eta SDAri, berriz, etorkizuna izateko aukera guztiak kendu dizkiote. Sekulako eskandalua.

Horrela esan zuen SDAko egungo “gerenteak”, zeinak aldi berean B & B TRENDS bezala sinatzen zuenak konkurtsoaren eskaera, martxoaren 11ko bileran: operazioa ondo ateratzen bazen, B & Bk irabazten zuen; gaizki ateratzen bazen, B & Bk irabazten zuen. Eta bai, irabazi egin du. Eskrupuluak, bat ere ez. Kutxan eskua sartu dute, hutsik utzi arte eta likidazioa ez zen beste aukerarik gabe utzi arte. Azken urteetako ABEEE prozesuek denbora irabazteko eta iruzurrezko operazio hau babesteko baino ez dute balio izan.

Orain, gaizki tratatuak izan dira langileak, zeintzuei parasito gisa langabezia-prestazio osoa zurrupatu dieten, kalean geratzen dira. Jabetzak ez du 2024ko apirileko akordioak betetzeko asmorik, kaleratze horiek gertatzen baziren kalte-ordain gehigarriak hitzartzen baitziren.

Eta non egon dira erakundeak? Bizkarrean zapladatxo asko, baina laguntzarik ez. Dirulaguntzak eman dituzte, salerosketa-operazioa ezagutzen dute, badakite aldi baterako lan-erregulazio guztiak iruzurra izan direla. Zerbait egingo dute? Egiten dutena egiten dutela berandu izango da, baina gutxienez ongi etorria.

Jakina, hau ez da hemen amaitzen. Batzordean dauden sindikatuetako zerbitzu juridikoak prozesu horren guztiaren aurka egiteko prestatzen ari dira. Ahal dugun fronte guztietan borrokan jarraituko dugu. Gure borrokak aurrera jarraitzen du.

GORA LANGILEON BORROKA.

ELAk, CCOOek eta UGTk maiatzeko aurreakordioa okertzen duen hitzarmena sinatu dute Bizkaiko ostalaritzan

Gai garrantzitsuak eta sektorearen zati bat kanpoan uzten dituzte.

Estatalizazioaren aurka borrokatzea janari lasterreko kateak hitzarmenean mantenduz negoziazio honen helburuetako bat zen LABentzat, erosteko ahalmena berreskuratzearekin, rider-ak babestearekin, partzialtasunaren aurkako neurriekin eta kolektibitateen hitzarmenaren lehentasunarekin batera. Baina ELAk, CCOOk eta UGTk bertan behera utzi dute hitzarmenean kateak blindatzeko aukera.

2022an, ostalaritzako kate eta marka handien estatuko patronalak CCOO eta UGT sindikatuekin estatuko mailako hitzarmen bat sinatu zuten kateetan aplikatzeko, 140.000 langileren baldintzak okertuz eta ostalaritzako hitzarmenetatik ateraz. Lan bera, baldintza okerragoak.

Maiatzean, Bizkaiko ostalaritzan aurreakordio bat lortu genuen, LABek egindako hurrengo proposamenak jasotzen zituena:

• KPI eguneratzea eta soldata-igoera sinatzen den unetik (2024ko maiatza).

• Gutxieneko lanaldiak kolektibitateetan (10 ordu astean) eta ohiko ostalaritzan (4 ordu egunean).

• Aldizkako langile finkoak kontratatzeko irizpideak ezartzea, eta zehaztea noiz erabil daitezkeen, gutxieneko lanaldia, deitzeko ordena eta modua, etab.

• Etorkizuneko kolektibitateen hitzarmena aplikatzeko lehentasuna EAEko langileentzat.

• Riderrak sartzea eta kate eta marka handiak berreskuratzea hitzarmenean.

• Fitxaketa elektronikoa, iruzurra eta aparteko orduak zailtzeko.

• Urteko lanaldia murriztea (-4h).

CCOOk aurreakordio hori hautsi zuen eta Ostalaritza Elkarteak atzera egin zuen janari lasterreko kateen mehatxuen beldur. Ordutik, LABek hainbat konponbide planteatu ditu aurreakordioa aurrera aterako zela bermatzeko, plantilla horiek hitzarmenaren babespean geratuko zirela bermatuz. Ulertzen ez ditugun arrazoiengatik, ELAk eta UGTk betoa jarri diete proposamen guztiei. Denbora horretan guztian ez dugu maiatzean hitzartutako soldata igoera izan.

ELA sindikatuak, 11 hilabete geroago, negoziazio-mahaian inolako proposamenik gabe ikusle hutsa izan ondoren, maiatzeko aurreakordioaren eduki batzuk bakarrik berreskuratzen dituen aurre-akordio bat sinatzea erabaki du. Ez dituzte aldizkako finko partzialak erregulatzen, jakinda erabiltzen jarraituko dela sektorean errealitate bat delako (kolektibitateak, uda bezalako urteko sasoi batzuetan bakarrik existitzen diren zerbitzuak, etab.), eta horregatik, adostuta zeuden gutxieneko lanaldiak galduko ditugu, bereziki kolektibitateetan. Gainera, beste hobekuntza batzuk baztertu eta kateak hitzarmenetik kanpo utzi ditu. Horrela, sektorearen zati baten eskubideak Espainiako auzitegien esku uzten dituzte: txanpon bat airera, berme baten ordez. Eurek sortutako egoera bat salbatzen ari direla saldu nahi digute; izan ere, maiatzetik konponduta egon zitekeen, eurengatik ez balitz.

Eta CCOO eta UGTren babesarekin sinatzen du: CCOOek, Madrildik jasotako aginduaren ondorioz, hitzarmenik gabe utzi gintuen, eta UGTrekin batera, kate eta marka handien hitzarmena sortu zuen, langile hauentzako prekaritatea ekartzen zuena, bere garaian kolektibitateekin (jangelak) egin zuten bezala.

Laburbilduz:

1. Aurreakordio horren hobekuntza guztiak LABen proposamenak dira, maiatzetik indarrean egon zitezkeenak.

2. ELAk duela 11 hilabete ustez onartezina iruditzen zitzaion aurreakordioa sinatu du, bereak ez diren proposamenen meritua bere gain hartuz. Ez dituzte aldizkako finko partzialak erregulatzen, jakinda erabiltzen jarraituko dela sektorean errealitate bat delako (kolektibitateak, uda bezalako urteko sasoi batzuetan bakarrik existitzen diren zerbitzuak, etab.), eta horregatik, adostuta zeuden gutxieneko lanaldiak galduko ditugu, bereziki kolektibitateetan. CCOOk eta UGTk hitzarmen bat sinatu besterik ez dute egin. Hitzarmen horretan ez dute proposamenik aurkeztu, eta sektoreak estatalizatzen jarraitzen dute. Maiatzeko aurreakordioa apurtzean nahi zutena lortu dute.

3. LAB harro gaude guri esker gehitu diren proposamenekin, sektorearen baldintzak hobetuko dituztelako, baina guretzat proposamena INTEGRALA da, eta, jakina, EZ sektoreko langile prekarizatuenen kontura, eta horregatik, ez dugu babestuko.

Beti langileen alde, estatalizaziorik ez!

LABek Eusko Jaurlaritzari eskatu dio unibertsitate publikoa indartu dezan, behar den inbertsioa eginez

LABek elkarretaratzea egin du Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, EHUk pairatzen duen azpifinantzaketa salatzeko eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuari unibertsitate publikoa indartzeko eskatzeko.

EHUn dauzkagun arazo guztiak oinarri ekonomikoa ez izan arren, konpondu behar diren egoera askok finantzaketarekin lotura handia daukate:

– EHUn arduraldi partzialean aritzen diren irakasleek miseriazko soldatak jasotzen dituzte. Arduraldi osoko irakasle baten gehienezko irakaskuntza-kredituen % 75 ematen duten ordezko irakasleek nekez gainditzen dituzte 800 euroak, egiten dituzten ezinbesteko aktibitate batzuek ez baitzaizkie ordaintzen. Neurri handi batean Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna da, 41/2008 dekretua aldatzea bere esku baitago.

– EHUko langileok ez dugu berreskuratu duela hamarkada eta erdi galdutako erosahalmena, azken urteetako soldaten igoerak urriak izan baitira.

– Nahikoa ez diren soldatak osatzeko 2006an sortu ziren osagarriak izoztuta mantendu ditu Eusko Jaurlaritzak urte horretatik.

– Irakasle-ikertzaile askok, hurrengo kategorietarako akreditazioa behin lortuta, urte asko itxaron behar dituzte promozionatu ahal izateko. Arrazoi ekonomikoak ere horren atzean daude.

– EHUko plantilla ez da nahikoa jendartearen beharrei behar den moduan erantzuteko. Izan ere, sail eta zerbitzu askotan langileek gehiegizko lan-karga daukate. Zentzu horretan, Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak (TEKAZEL) / Irakasle eta ikertzaileak (IRI) ratioa igotzea beharrezkoa da.

– Eraikin askok konponketak behar dituzte. Itoginak, instalazioen eta altzarien narriadura… gero eta ohikoagoak dira.

– …

Unibertsitate publikoak finantzaketa handiagoa behar du jendartearen beharrei erantzun ahal izateko, etorkizun hurbil eta urruneko profesionalak formatzeko, arlo guztietan garatu beharreko ikerketa egiteko eta gizarte moduan aurrera egiteko ezinbestekoa den pentsamendua eta eztabaida bultzatzeko ere. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ez dio erantzuten behar horri, ez du betetzen bere egitekoa EAEko jendarteari begira. Adibide argia daukagu USLOk unibertsitate publikoen finantzaketari jasotzen duenaren aurrean adierazitako jarrera. USLOk 2030erako markatzen duen BPGren % 1etik oso urrun mantentzen da EHUren finantzaketa, BPGren % 0,4 ozta-ozta gaindituta, eta ez da ezagutzen ezer ehuneko horretara heltzeko USLOk berak ezartzen duen batzordeari buruz, duela urte bat sortuta egon behar zena. Horrez gain, sailburuaren hitzetan hautematen da helburu hori ez betetzeko nahasmen interesatua, finantzaketa- igoera horretan Eusko Jaurlaritzak duen erantzukizunari pisua kenduz, alde batetik, eta unibertsitate publikora bideratutako finantzaketa Eusko Jaurlaritzak unibertsitate pribatuetara bideratzen duen finantzaketarekin nahastuz; (izan ere, BPGren % 0,6 inguru bideratzen dela esatean, euskal sistema unibertsitarioko unibertsitate guztiak sartzen ditu, baina USLOk espresuki adierazten du BPGren % 1a publikoei bakarrik eragiten diela).

Aldi berean, gero eta diru eta erraztasun gehiago ematen zaie unibertsitate pribatuei (azken adibidea EDA drinks & wines, Gastronomy Open Ecosystem eta Euneiz unibertsitate elitistetan daukagu).

Bada ordua Eusko Jaurlaritzak unibertsitate publikoa gutxiesten duen norabidea albo batera uzteko, unibertsitate publikoa hobetzeko dauzkan eskumenak erabiltzeko, eta EHUk behar duen finantzaketa publikoa bermatzeko. Horren bidez, guztiontzako lan-baldintza duinak bermatu eta unibertsitateak pairatzen dituen hainbeste arazori konpontzeko bidea eman behar zaio, jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitatea indartzeko bidean.

LAB, ELA eta UGT sindikatuok EAEko kolektibitateetako langileon hitzarmen propio baten alde mobilizatu gara

Pasa den martxoaren 11n, LAB, ELA eta UGTk mobilizazio prozesu bati ekin genion kolektibitateetako enpresei exijitzeko behingoz eser daitezela sektoreko langileentzat EAEn hitzarmen propioa negoziatzera.

Gaur, berriro ere, hiru sindikatuok LHKren aurrean mobilizatu gara Bilbon negoziazio-mahai bat irekitze eskatzeko bertan beste bilera bat egiten zen bitartean. Mahai horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko ostalaritza-federazioak eta Kolektibitateetako enpresen Federazio estatalak (Food Service España) parte hartu dute, eta berriro ere uko egin diote mahaia irekitzeari. Hala ere, Patronalen eta sindikatu sustatzaileen artean, beste bilera bat adostu dugu maiatzaren 19rako.

LAB sindikatutik argi daukagu mobilizazioekin jarraitu behar dugula kolektibitateetan hitzarmen propioa lortu arte EAEko langileentzat, eta hala jakinaraziko dugu hiru sindikatu sustatzaileok parte hartuko dugun intersindikalean.