2026-02-05
Blog Page 598

Gasteizko epaitegietara ere eraman dugu jazarpen sindikalaren salaketa

Jazarpen sindikala salatzeko elkarretaratzeak ari gara egiten, egunotan, Hego Euskal Herriko hiriburuetako epaitegien aurrean. Gasteizen txanda izan da gaur, Arabako hiriburuko Justizia Jauregira eraman baitugu borroka sindikalaren aurkako erasoen eta LABeko zenbait kidek jaso dituzten zigorren salaketa; espetxe zigorrak eta isun ekonomiko larriak, tartean. Hurrengo hitzordua larunbatean izango da, Iruñean deitu dugun manifestazioaren harira, 17:30ean, autobus geltoki zaharretik abiatuta.



 

 

 

Eskubide sozialak murrizten dituzten politikak egiteari utz diezaiola eskatzen diogu EAJ eta PSEren gobernuari, eta kontuan har ditzala eragile sozial eta sindikalek egiten dituzten proposamenak

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak argitaratzen duen Pobrezia eta Gizarte Ezberdintasunen Inkesta aurkezteko egingo diren jardunaldiak direla eta, LAB sindikatuak Gasteizko Gobernuaren jarrera salatu du.

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak argitaratzen duen Pobrezia eta Gizarte Ezberdintasunen Inkesta aurkezteko egingo diren jardunaldiak direla eta, LAB sindikatuak hurrengo irakurketa egiten du:

Inkesta hau 2018an gauzatu bazen ere, ez da aurkeztua izan harik eta 2019ko amaieran gauden honetara arte. Gasteizko Gobernuak orain arte argitaratu ez izanaren arrazoia baliteke segidan emango ditugun datuetan egotea.

446.700 lagun ozta-ozta bizi dira. EAEko biztanleriaren %20,7 pobrezia eta bazterkeria sozial arriskuan dago (PGEI, Pobrezia eta Gizarte Ezberdintasunen Inkestaren zein AROPE adierazlearen arabera).

Pobreziak gora egin du eta biztanleriaren %17,7ri eragiten dio. 2016 eta 2018 urteen bitartean EAEko pobrezia tasak, beherantz baino, gorantz egin du eta pobrezia arriskuan dagoen populazio portzentaia %16,4tik %17,7ra pasatu da (PGEIren arabera).

Urkulluren gobernuak pobrezia gutxitzeko helburuan atzera egin du. Azken bilakaera honek erakusten digu, 2016ko egoerarekin alderatuta, gorakada suertatu dela eta, hortaz, Urkulluk hartutako konpromisoan atzerapausoa egin duela. Izan ere, Urkulluren gobernuak 2016-2020 legegintzaldirako adierazi zuen helburua pobrezia %20 jaistea zela.

Hazkunde ekonomikoa gorabehera, gaur egun 2008an baino 61.600 lagun gehiago daude pobreziak eta bazterketa sozialak jota. Krisialdiaren eztanda abiapuntutzat hartzen badugu, pobrezia eta bazterketa sozialean dauden lagun kopurua %16 hazi da azken hamarkadan. Eta egoera honek okerrera egingo du, aplikatzen ari diren politiken ondorioz. Zehazkiago, guztiz onartezina da EAJ eta PSEren gobernua Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan murrizketa berriak prestatzen egotea, 2012tik etengabean murriztua izan den eskubide sozialean, alegia.

Susperraldi ekonomikoak ez du balio izan prekarietateari, desberdinkeriari, pobreziari eta bazterketa sozialari mugak jartzeko. Eta honek Urkulluren gobernuaren politika ekonomikoen porrota argi uzten du, eredu horrek ez baitu inolaz ere laguntzen sortutako aberastasunaren birbanaketa eraginkorrean. Honetaz gain, krisialdiaren aitzakiaz inposatutako prekarizazio-politika berriek eta, zehazkiago, enplegu politikak, lan prekarioa eta soldata baxuak gero eta langile gehiagotara zabaltzeari ekin diote.

Generoak jarraitzen du izaten desberdinkeria ekonomikoaren faktore bat. Pobreziaren pisu handiena emakumeek pairatzen dute EAEn. Hain zuzen ere, pobreziaren mugaren azpitik bizi diren pertsonen %54,7 emakumeak dira. Hau dela eta, emakumeek pobreziarekiko duten zaurgarritasuna handiagoa da gizonezkoekin alderatuta, %18,8ko intzidentzia tasara iritsiz, gizonezkoena %16,5ekoa denean.

Etxebizitza: pobreziaren egiturazko faktorea. Azkenik, ez dugu ahaztu behar etxebizitza eskuratzea pobretze faktore bihurtu zela, espekulazio immobiliarioaren ondorioz. Baina orain, alokairuen prezioa gehieneko historikoetan dagoela, egoerak biziki egin du okerrera.

Honengatik guztiagatik, EAJ eta PSEren gobernuari zera exijitzen diogu: eskubide sozialak murrizten dituzten politikak egiteari utz diezaiola eta kontuan har ditzala eragile sozial eta sindikalek egiten dituzten proposamenak.

 

 

 

Gernikako Batzar Nagusien aurrean protesta egingo dugu bihar, helduen egoitzetako dekretuak langileen bizitza eta lan baldintzetan prekarietate are larriago dakarrelako

Eusko Jaularitzak onartutako dekretuak, arretaren kalitatea bermatzera zuzendutako irizpideei baino, irizpide ekonomizistei eta egutegi legegileari erantzuten die, erabiltzaile zein langileen eskubideen alde egin beharrean. Dekretu horrek gatazka sortzen jarraituko du gizarte zerbitzuen legean finkatutako eskubideak bermatzeko betebeharra dutenen eta hauetako erabiltzaile eta profesionalen artean.

Gizarte zerbitzuak pertsonen bizi baldintzak bermatzeko edo hobetzeko helburua duten jarduera multzoa dira. Gizarte zerbitzuetako sistema publikoak modu egokian funtzionatzen duela ziurtatzeko, EAEko gizarte zerbitzuetako legeak administrazio publikoei esleitzen die gai horretako eskuduntza.

Gizarte zerbitzuen hondatze egoera larriki kezkagarria da: laneko erritmo jasangaitzak, arretarako behar adina denborarik eza, neurriz gaineko ahaleginak, estresa, hitzezko erasoak, eraso fisikoak, erabateko eskuragarritasuna, txandaka aritu beharra, bakarka eta behar adinako baliabiderik gabe lan egin beharra…

LAB sindikatua aspaldi ari da salatzen egiturazko egoera hau. 14.000 sinadura baino gehiago jaso genituen eskatzeko gizarte zerbitzu guztiak modu egokian artatu behar direla; erabiliko diren arretarako ratioak behar adinakoak izan behar dira kopuruari, mailari zein izaera presentzialari dagokienez. Zerbitzuen antolamendua erabiltzaileen premiei egokituko zaiela ziurtatuko da, hots, kalitateari eta langileen lan eskubideei, eta hauen osasunaren bermeari eta sustapenari egokituko zaie.

Eusko Jaurlaritzak helduen egoitzetarako dekretua langileen parte-hartzerik gabe eta erabiltzaileen helegiteak kontuan hartu gabe onartu eta egin da, Legebiltzarreko gehiengoari, erabiltzaileei eta profesionalei lepoa emanda. Eusko Jaurlaritzak onartutako helduen egoitzetarako dekretuak finkatu dituen arretarako ratioek ez dakarte inolako aurrepausurik. Ez da langile gehiago aurreikusten eta ez du izaera presentziala eta kategorien araberakoa den ratiorik. Dekretuan inposatutako arretarako ratioek, eragotzi egiten dute erabiltzaileen eskubideak betetzea eta langileak euren lan eskubideak urratzen dituzten erritmo eta lan-kargetara kondenatzen dituzte.

Bihar, irailak 25, 11:30ean, LAB sindikatua Gernikako Batzar Nagusien aurrean konzentratuko da, zerbitzuko titulardunen aurrean dekretuak egoitzetako langileen bizitza eta lan baldintzetan prekarietate are larriago dakarrela salatzeko.

 

 

 

Katalunian izandako polizia operazioa salatu nahi dugu, eta Kataluniako herriari elkartasuna eta babesa adierazi

0

Argi adierazi nahi dugu errepresioaren bitarteaz Estatuak beldurra sartu eta bere proiektu politikoa inposatu nahi baldin badu ere, inoiz ez duela Kataluniak eta Euskal Herriak gure etorkizun politikoa erabakitzeko daukagun borondate politikoa geldituko. Errepresio eta estatu biolentziaren gainetik, Katalunia eta Euskal Herriaren autodeterminazioa gauzatu arte borrokan jarraituko dugu.

Gutxienez 9 atxilotu independentismoaren kontrako sarekada batean Katalunian. Espainiako Entzutegi Nazionalaren aginduz, 500 Guardia Zibilen parte hartzearekin egiten ari da polizia operazio berri hau eta operazioa oraindik irekita dago. Informazio iturri ezberdinen arabera, sedizioa, matxinada, terrorismoa eta leherkailuak izatea leporatzen zaie.

Kataluniako CDR edo Comités de Defensa de la República-ko kideen kontra abiaturiko operazio errepresibo berri baten aurrean gaude, Kataluniako mugimendu independentista kriminalizatu eta zigortzeaz gain, independentismoaren kontrako epaiketaren balizko zigor sententziari begira bidea ireki nahi duena.

Ez da kasualitatea Kataluniako epaiketaren sententzia iristear dagoen honetan horrelako polizia operazio bat egitea eta are eta gutxiago atxilotutako kideei sedizioa, matxinada, terrorismoa eta leherkailuak izatea leporatzea. Hau guztia hauteskunde aurre-kanpaina bete betean sartuta, eta Katalunian 155. artikuluaren aplikazioaren mehatxua mahai gainean dagoenean.

LAB sindikatutik polizia operazio errepresibo berri hau salatzen dugu, eta Kataluniako herriari gure elkartasuna eta babes guztia adierazi nahi dizkiogu. Onartezina deritzogu, Kataluniako herriak eginiko delitu bakarra herriaren borondate demokratikoa gauzatzea izan denean, eta Espainiako Estatuaren erantzuna, atxiloketak, espetxea, biolentzia poliziala eta Kataluniaren okupazio poliziala izatea.

 

 

 

Irakaskuntzako ordezkapenetan arduragabekeriaz jokatu duzuelako, karguak utzi orain!

0

Gaur, irailak 23, eta ikasturtea hasi denetik laugarren astea dugunean, oraindik orain irakasleak falta dira eskoletan. Hori salatzeko erreklamazioak aurkeztu ditugu Eusko Jaurlaritzaren delegaritzan, Gasteizen. 
 
Ikasturte hasiera kaotiko honek kalteak sortu ditu; eskoletan antolatu ezinean daude, ikasleak irakasle gabe, familiak arduratuta, eta eskola publikoko bitarteko langileak haserre.

Haserre, beraien antzinatasun eskubideak ez direlako bete, Hezkuntza Sailak berak eginiko ordezkoen arautegia betetzen ez duelako, ehunka irakasle ordezko kaltetu sortu dituelako…

Antolakuntza ezak, plangintza desegokiek, eta ardura politikoen arduragabekeriak eta aurreikuspen faltak lurralde ordezkaritzak ito egin ditu, zuzendaritzak noraezean eta arazoak bideratzeko ezintasuna bizi dute.

LABen gure aldetik zuzentzeko eta kalteak ez areagotzeko ahaleginak egin ditugu, baina emaitzarik ez dugu lortu. Beraz, nahikoa dela uste dugu, pazientzia bukatu zaigu eta konpetenteak ez direnak hezkuntzan soberan daudela uste dugulako Uriarte andreak zuzenduriko Pertsonal Kudeaketarako Zuzendaria den Jon Agirre eta Olatz Garamendi sailburuordeak karguetatik kentzea exijitzen dugu. Sorturiko nahaste eta kalte hauen erantzule direlako, karguak utzi orain!

Hitz politek ez dute ezer balio, ekintzetan ikusten dira asmoak. LABek argi du Euskal Eskola Komunitarioa sortu eta defendatuko dituen arduradunak behar dituela hezkuntza sailak.

Gainontzeko sindikatu eta hezkuntza eragileei dei egiten diegu modu bateratuan erantzuna eman dezagun..

Gainera, LABek bere elkartasun eta borrokarako eskua luzatu nahi diegu beste behin, lurralde ordezkaritzetan lanean itota dauden langileei, zuzendaritza taldeei eta kaltetuak izan diren irakasle guztiei!
 

 

 

Donostia eta Bilboko epaitegien aurrean mobilizatu gara, jazarpen sindikala salatzeko eta Imanol Salinasi elkartasuna adierazteko

Iruñean ostiralean bertako Justizia Jauregiaren aurrean mobilizatu eta gero, Donostian eta Bilbon egin dugu gaur protesta epaitegien aurrean, jazarpen sindikala eta Imanol Salinas kidearen aurkako kartzela zigorra salatzeko. Oraingoan ere, megafonoekin irten gara kalera. Izan ere, megafono bat eramateagatik, lan gatazka batean prekarietatea modu baketsuan salatzeagatik, zigortu dute Imanol Salinas.


 
Mobilizazioekin jarraituko dugu datozen egunetan. Hain zuzen ere, Gasteizen egingo dugu bihar elkarretaratzea, epaitegien aurrean ere, 12:00etan. Larunbatean, berriz, manifestazio bat egingo dugu Iruñean, 17:30ean, autobus geltoki zaharretik abiatuta.

 

 

Bizkaiko metalgintzako greba deialdiek bere horretan jarraitzen dute mahai negoziatzailearen ondoren

0

LAB sindikatutik esan nahi dugu FVEM patronalak bere planteamenduak aldatzea erabaki badu, ez nahikoak izan arren, Bizkaiko metalgintzako langileen borrokari eta irmotasunagatik dela. Larunbatean, patronalak kontutan hartu zituen sektoreko langileen eskaerak; horrenbestez, hitzarmen duin bat lortzeko bidea oso garbi dugu: borrokan jarraitzea. Hori dela eta, irailaren 30eko asterako deitutako grebek bere horretan jarraitzen dute. Ez dugu etsiko Bizkaiko metalgintzako langileentzat merezi duten hitzarmena lortu arte, horretarako ari baitira borrokan.

Bizkaiko metalgintzako mahai negoziatzailea bildu da gaur berriro, larunbateko Bilboko manifestazio arrakastatsuaren ondoren.

FVEM patronalak proposamen berri bat ekarri du non planteamendu murritzaileekin jarraitzen duen malgutasuna eta Its izeneko gaietan, eta planteamendu berriak ekarri ditu genero berdintasuna, lan osasuna eta subrogazio gaietan. Azterketa sakon baten faltan, sindikatuok proposamena ez nahikotzat jotzen dugu, planteamendu murritzaileak mantentzen dituelako eta planteamendu berriak ez direlako nahikoak, ez baitituzte asetzen sindikatuok plataforma bateratuan planteatutako eskariak.

 

 

 

EUDELen zuzendaritza berriaren esku dago langileen interesak lehenestea eta udal autonomiak burujabetzaren norabidean ahalbidetzen duen potentzialitatea defendatzea

Ostegunean EUDELen Asanblada Orokorra bildu zen Elgoibarren eta bertan, kargu banaketatik harago, ezer gutxi entzun genion bere presidente berria izango den Gorka Urtarani. Aurreko lau urtetako balantzea positibo bezala kalifikatu zuten. Ahaztu zuten, antza, 2017tik Udalhitzen negoziazio mahaia blokeatuta dagoela. Bake soziala ezartzea baino ez bilatzen dutenek erraz ahazten dituzte EUDELen ordezkatuta dauden 245tako udaletako langileen eskubideak eta lan baldintzak.

LAB sindikatuak Udalhitzen negoziazio mahaiko azken bileran, bertan ez jarraitzea erabaki genuen. Gure erabakia konstatazio batetik abiarazten zen: EUDELen lehentasunen artean ez gaudela ez herritarrak ez langileak. EUDEL Espainiako gobernuak agintzen duenaren jarraipena egitera mugatzen da inongo bide propiorik erakutsi gabe. Non dago udalen autonomia? Zertan gelditu da onartu den Udal Legea? LABen ustez, EUDEL ezin da mugatu Madriletik datorrena kudeatzera Estatuko apendize bat izango balitz bezala. Estatuarekiko menpekotasuna euskal langileen interesen kontra doalako. EAJ eta Gorka Urtaranen asmoa hori baldin bada, gurekin ez du kontatuko.

Baina LAB prest dago arduraz jokatzeko eta EUDELek onartu berri duen Zuzendaritzari eskua luzatzeko. Zuzendaritza berriaren esku dago langileen interesak lehenestea eta udal autonomiak burujabetzaren norabidean ahalbidetzen duen potentzialitatea defendatzea. Borondate politikoaren kontua da.

LABen aldetik, gure lehentasunak ondoko hauek jarraituko dira izaten: enplegu publikoaren sorrera kontsolidazio prozesuekin batera; zerbitzu publikoen aldeko apustua eta pribatizatuak izan diren zerbitzuak birmunizipalizatzea; murrizketen ondorioz galdutako zorra berreskuratzea; gizon eta emakumeen arteko soldata arrakalarekin amaitzea; euskararen normalizazioaren aldeko lana bultzatzea eta lan osasuna zaintzea, mutualitateak bazterrean utziz.

 

 

 

“Patronalaren amesgaiztoa izaten jarraituko dugu, Bizkaiko metalgintzako langileentzat hitzarmen duin bat lortu arte”

0

Bilboko kaleak hartu ditugu LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok, Bizkaiko metalgintzako hitzarmen duin baten defentsan deitutako manifestazio bateratua dela eta. Mezu argi bat helarazi diogu FVEM patronalari: indartsu gaude eta borrokan jarraituko dugu gure helburuak lortu arte. "Patronalak entzuten ez bagaitu, urrats eraginkorrak eman ezean, Bizkaiko metalgintzako langileek berriro geldituko dugu sektorea, irailaren 30 eta urriaren 4a bitarteko greba dela eta", ohartarazi du LABeko Industria Federazioko idazkari Eulate Zilonizaurrekoetxeak.

Mezu garbi bat helarazi diogu Bizkaiko metalgintzako FVEM patronalari, Bilboko kaleetan: ez du normaltasunik izango sektorean, Bizkaiko metalgintzak hitzarmen duin bat izan arte.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusia eta Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendia, manifestazioan.

Hain zuzen ere, Bizkaiko metalgintzako langileen aldarrikapenak ozen entzun dira Bilboko manifestazioan: soldata igoera duinak, behin behinekotasunari mugak jarri, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, subrogazio eskubidea eta lanean osasuna eta bizitza ez galtzeko bermea dira aldarri nagusienak, hain justu. Hala zerrendatu ditu LABeko Industria Federazioko idazkari Eulate Zilonizaurrekoetxeak, manifestazioa aurretik egindako adierazpenetan.

Geroago, Bilboko kaleak zehartu eta gero egindako amaiera ekitaldian, LABeko Industria Federazioko kide Iratxe Azkuek hartu du hitza: "FVEM patronalaren amesgaiztoa izaten jarraituko dugu, Bizkaiko metalgintzako langileentzat hitzarmen duin bat lortu arte".

Azkueren hitzetan, bada garaia patronalari mugak jartzeko, urteak eman baititu aberasten langileen esplotazioaren bitartez: "Patronalak bere pribilegioak mantentzen jarraitu nahi du behin behinekotasuna, azpikontratazioa, aberastasunaren banaketa eza eta gure osasuna eta bizitzen bitartez. Baina, metalgintzako langileek honi guztiari aurre egiteko erabakia hartu dute, patronalaren menpe egoteko inongo asmorik ez dutelako".

Industria Federazioko kide Iratxe Azkue, hitza hartzen, amaiera ekitaldian.

Hala, patronalaren jarrera aldatu ezean, borrokak bere horretan jarraituko duela nabarmendu du LABeko ordezkariak. Zentzu honetan, irailaren 30eko astean, beste bost greba egun deitu ditugu sektorean, Bizkaiko metalgintzako hitzarmen duin baten defentsan.