2026-02-03
Blog Page 596

Gipuzkoako Grafikagintzan akordiorik egon ezean, greba egun gehiagora deituko dugu

0

Gaur, irailak 26, Gipuzkoako Arte Grafikoen sektoreak seigarren greba eguna egin du. Grebak aurreko deialdien jarraipen zabala izan du.

SAM, Zelatun, Corenso, Borobil, Arrosi, Cicarsa, Antza, Manipulados del Araxes, Otzarreta, Mayensa, Goierri eta zenbait enpresa gehiagok berriro bere ateak itxi dituzte.

Langileek ADEGIren egoitzara protesta eraman dute sektoreko egoera onarekin bat datorren hitzarmen duin bat exijitzeko. Langileek argi daukate: soilik greba utziko dute langile guztientzako hitzarmen duin bat sinatuko den egunean.

ADEGIk argi izan behar du, negoziatzeari uko egiten jarraitzen badu, greba egun gehiago etorriko direla. Hala ere, ADEGIk egoera hau konpondu dezake mahai gainean proposamen serio bat jarriz. Datorren astean beste bi greba egun gehiago ditugu, urriaren 2 eta 3an. Soilik Adegiri dagokio greba hauek egin behar ez izatea.

 

 

 

Garbiñe Aranburuk adierazi du “politika ausartagoak” hartu behar direla gurasotasun baimenetik harago

0

Euskal Telebistako "Egun On Euskadi" saioan izan da Garbiñe Aranburu idazkari nagusia, gaurkotasun gaiei buruz hitz egiteko. EAEko Funtzio Publikoko Mahai Orokorra eta Bizkaiko Metalgintzako borroka izan ditu hizpide, baita gurasotasun baimena ere, besteak beste.

Euskal Telebistako saioak formato berri bat asmatu du ikasturte berrirako. Aurreko eguneko gonbidatuak galdera uzten dio hurrengo eguneko gonbidatuari. Kasu honertan, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak gurasotasun baimenari buruzko galdera egin zion atzo Garbiñe Aranbururi, ea zer iruditzen zaion Jaurlaritzaren erabakia. LABeko idazkari nagusiak zintzo erantzun du: "Noiz (Martxoaren 8ko testuinguruan) eta nola (negoziazio mahaitik kanpo) egin zuten kontutan hartuta, propaganda da helburua".

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "Jaurlaritzak ez du ezer berririk asmatu, Madrildik dator". Gurasotasun baimenaren neurria egokia dela esan du, baina "askoz politika ausartagoak" behar direla nabarmendu du.

Bizkaiko Metalgintzako borrokari buruz, Garbiñe Aranburuk adierazi du sektoreko langileek emandako erantzuna "izugarria" izan dela, eta, patronalaren eskaintza "guztiz ez nahikoa" denez, grebekin jarraitzea beste biderik ez dagoela.
 

 

 

Gipuzkoako Grafikagintzako bosgarren greba egunak %70eko jarraipena izan du

0

Gaur, irailak 25, Gipuzkoako Grafikagintzako sektoreak udara ostean deitutako lau greba egunetatik lehen eguna izan du. Gogora ekarri nahi dugu sektoreko langileek jada lau greba egun egin zituztela. Beraz, gaurkoa bostgarren greba eguna da. Eta gaurkoan ere greba arrakastatsua izan da, %70eko jarraipenarekin.

Langileek bat egin dute greba deialdiarekin, eta grebaren jarraipen zabal hau are eta garrantzitsuagoa da kontuan izanda sektoreko enpresen %90 baino gehiago enpresa txikiak direla. Langileak hitzarmen duin bat exijitzeko eta benetako negoziazio baten alde kalera irten dira berriro. Egun sektoreak bizi duen egoera ona da, lan karga handiarekin. Hala eta guztiz ere, ADEGIk langileen aldarrikapen justuei jaramonik egin gabe jarraitzen du. Izan ere, sindikatuen eskaera guztiak baztertu ditu. ADEGIk jakin behar du ez dugula etsiko akordio justu bat erdietsi arte. Akordioak KPIaren gaineko soldata igoerak jaso behar ditu, baina bestelako eskubide sozialak ere jaso behar dira, hala nola, lizentzien hobekuntza, kontratazioa ere hobetu behar da, Estatuko hitzarmenaren aurrean blindajea, prekarietatearen aurkako neurriak, eta abar.

Gaurkoan, Tolosako kaleetan zehar mobilizatu gara. Bihar, greba eguna ere, Adegiren egoitzara eramango dugu protesta, eguerdiko 12:00etan. Adierazpenak egingo ditugu bertan.

 

 

 

Bizkaiko Metalgintzako langileok enpresak hustu eta kaleak beteko ditugu berriro, irailaren 30 eta urriaren 4 bitartean, patronalaren mehatxuen aurrean

0

Bizkaiko Metalgintzako mahai negoziatzailea bildu da gaur berriro, sindikatuok sektorean deitutako aste osoko grebaren atarian. Gaurko bileran, FVEM patronalak oso arduragabe jokatu du berriro, ez baitu ezer berririk ekarri; astelehenean, irailak 23, aurkeztutako proposamenaren balorazioa sindikatuoi eskatzera mugatu da, sindikatuok bilera horren ostean publikoki azaldu genuenean gure jarrera eta ez nahikotzat jo genuenean, datorren asteko greba deialdia bere horretan mantenduz.

Horrenbestez, oraindik orain, mahai gainean dagoen proposamena ez da nahikoa:

-Baldintza murritzaileak mantentzen ditu Its izenekoetan eta malgutasunean. Azken puntu honetan, larunbaten aplikazio kopurua igo nahi du eta kontratazio mugagabea saritzea eskatzen du (hau da, legea betetzeagatik), malgutasun orduak handituz.

-Subrogazioarekin lotutako planteamenduari dagokionez, bere aplikazioa arautu baino, honen aplikaziorik eza arautu nahi du. Kolektibo oso txiki batentzako proposamena da, Administrazio publikoarentzat lan egiten duten mantenimenduko azpikontratentzat; muga askorekin gainera, kolektibo honentzat ere bere aplikazioa ia ezinezkotzat egiteraino.

-Soldata errealetan, proposatzen dutenarekin, planteatutako igoerak ia inongo langileri aplikatzea suposatuko luke.

-Berdintasun arloan, zehaztapen asko falta da proposamenetan, eta hainbat gauzen aplikazioa enpresen borondatearen esku uzten dira.

-Lan osasun arloan, proposamenak legeak dioena besterik ez du jasotzen.

-ABLE eta lanaldi murrizketei dagokienez, oraindik ez dago planteamendurik mahai gainean.

Gaurko bileran sindikatuok egindako balorazioen ostean, FVEM patronala mehatxuekin hasi da, mahai gainean jarritako proposamena erretiratzearekin. Gainera, ez du datarik jarri beste bilera baterako. Arduragabe eta harroputz etorri da bilerara, baita nahiko urduri ere. FVEM patronala kezkatuta dago grebekin; ez, ordea, Bizkaiko Metalgintzako langileekin eta haien lan baldintzekin. Patronalak uste du langileek burua makurtuko dutela bere xantaiaren aurrean. Horrenbestez, arrazoiak izaten jarraitzen dugu borrokan segitzeko eta grebara joateko.

Denbora honetan argi geratu dena da FVEM patronalak soilik egin dituela planteamenduak Bizkaiko Metalgintzako langileek enpresak hustu eta kaleak bete dituztenean. Sektoreko langileek hori bera egiten jarraitzeko asmo irmoa dute, eta horrela frogatuko dugu irailaren 30eko astean, norbaiti zalantzaren bat geratzen bazitzaion. Nazkatuta gaude patronalaren jarrerarekin. Aski da langileei ziria sartzeaz.

 

 

 

“Bada garaia negoziazio mahaian enplegu publikoan ditugun erronkei aurre egiteko”

Biharko, EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren bilera dago deituta Lakuan. LABetik langile eta zerbitzu publikooi eragiten diguten gaiei ardura osoz heldu behar diegula berresten dugu. Hain zuzen ere, enplegu publikoaren egoera larria gogorarazteko eta proposamenak azaltzeko agerraldia egin dugu gaur. Bertan izan da, besteak beste, LABeko Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkari Gorka Berasategi.

Pasa den astean, Eusko Jaularitzak ohikoak dituen agerraldi horietako batean, Erkoreka jaunak Administrazio Publikoen Mahai Orokorra deitua izango zela iragarri zuen. Bozeramaileak, bere ohiturei jarraituz, bileraren edukia agerraldi horretan iragarri zuen, mahaiko partaideak garen sindikatuei jakinarazi baino lehen. Jokabide larria dela uste dugu, behin eta berriro errepikatzen ari dena eta, gure ustez, helburu jakin bat dauka; iritzi publikoaren aurrean bere kudeatzaile arduratsuaren irudia indartu sindikatuon zilegitasunaren kontura.

Azkeneko negoziazio bileran jokabide hau salatu nahi izan genuen, eta, gai zerrendan guk eskatutako puntuak sartu ez zirela eta, bileratik alde egin genuen. Biharko bilerari begira, Gobernuak negoziazio kolektiboa erabat moztu egin du, eta, gainera, sindikatuoi exijitzen digu arduratsuak izatea. Hau da, bere aurrekontu antisozialak aurrera ateratzeko, alde sozialari isilik egoteko eskatu digu. Baina, legegintzaldi honetan gertatu dena ikusita, norena da euskal administrazioetan bizi dugun egoeraren ardura?

• Euskal Administrazioetan behin-behinekotasuna bataz beste %40koa da. Gobernuak ez du egoera honi aurre egiteko ezer egin.

• Bere garaian iragarritako 13.500 lanpostuetako EPE beteko duenik zalantzan dago ere.

• Nahiz eta publikoki estatuan adosten diren neurriak kritikatu, zintzo aplikatzen ditu txintik esan gabe. Azken finean, gobernuetan dauden alderdiak gastu arauarekin eta antzeko neurriak adostu egiten dituzte.

• Enplegu Publikoaren Legea ezin adosturik dabil, ez sindikatu ezta alderdi politikoekin ere.

• Aurreko legegintzaldian aplikatu zituen murrizketa gehienak mantentzen ditu; soldata murrizketa, erretiroa sustatzeko sariak….gai hauetan egin ditugun proposamen guztiak baztertu ditu.
• Prekarietatean dauden langile publikoen egoera hobetu baino, txapuzaz txapuza langile hauen egoera okerrera doa; Ordezkagunearekin sortutako egoera edo Osakidetzako EPE dira horren erakusgarri.

• Alorreko mahaietan lortzen ditugun akordio apurrak aplikatzeko borondate eskasa erakusten du.

• Negoziazio eremu guztietan bere propaganda agenda inposatzen du, langileok beharrezkoak ditugun negoziazio gaiak baztertuz.

Legegintzaldia amaitzera doa eta ezer gutxi aurreratu dugula esan dezakegu. Bereziki lazgarria enpleguaren egoera da; etengabe proposatu diogu Gobernuari enplegu plana negoziatu eta adostu behar dugula. Legegintzaldi honetan enplegu mailan oso gauza gutxi egin dira, denak propagandaren mesedetan. Eusko Jaurlaritzako Administrazio Orokorrean eremu gehienetan 15 urte baino gehiago joan dira deialdi publikorik egin gabe. Osakidetzan 20.000 pertsona inguru daude behin-behineko egoera batean eta Gobernuaren erantzuna 1.000 lanpostu inguruko deialdi bat proposatzea izan da. Behin-behineko langileen aurpegira parrez lehertzen ari dira Gobernuko kideak.

Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkari Gorka Berasategiren hitzetan, "bada garaia txapuzak albo batera utzi eta negoziazio mahaian enplegu publikoan ditugun erronkei aurre egiteko. Milaka langileek bizi duten egoera prekarioarekin bukatuko lukeen kontsolidazio lege propio bat behar da lehenbailehen. Euskal sektore publikoak egonkortasun eredu propio bat martxan jarri behar du, Estatuan planteatzen diren neurriez harago"

Tamalez, biharko bileraren gai ordena ikusita, Gobernuak bere horretan jarraituko duela garbi dago. "Madrilek ezartzen duen soldata igoeraz beste, gutxi espero dugu mahai negoziatzailean. Guk egonkortasunaren alde borrokatzen jarraituko dugu, Gobernuak tresna propioak martxan jar ditzan", erantsi du Berasategik.  

 

 

 

Helduen egoitzetako dekretuak prekarietatea sakontzen duela salatu dugu Gernikan, Batzar Nagusien aurrean

Gernikako Batzar Nagusien aurrean elkarretaratzea egin dugu gaur, zerbitzuko titulardunen aurrean, helduen egoitzetako dekretuak langileen bizitza eta lan baldintzetan prekarietate are larriago dakarrela salatzeko, atzo, ohar baten bidez, jakinarazitakoaren ildoan.

 

 

 

Sexu langileei ahotsa emango diegu Gasteizen, urriaren 24an egingo ditugun jardunaldiak direla eta

0

Ipar Hegoa Fundazioarekin elkarlanean, LAB sindikatuak sexu-lanari buruzko jardunaldiak egingo ditu urriaren 24an, Gasteizen, Aldabe Gizarte Etxean, 10:00etatik 14:00ak bitartean. Sexu langileek esateko asko dutelako antolatu dugu jarduera; guk, berriz, oraingo honetan, asko izango dugu entzuteko. Jardunaldietan parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik.

LAB sindikatuak, gure azken kongresuan, margenetan zeuden langile subjektuengana hurbiltzeko asmoa azaldu zuen. Zentzu horretan, orain, hain gatazkatsua bezain ezezaguna den errealitate batera hurbildu nahi izan dugu. Sexu lanean aritzen direnen egoerak, bizitzak, aldarrikapenak, nahiak… ezagutzea ezinbestekoa iruditu zaigu haiekiko ditugun aurreiritzi zein estereotipo guztiak albo batera uzteko. Ezin dugu ulertu errealitatea beren protagonistak entzun gabe, eta ez dugu nahi eztabaidatzea edozein errealitateari buruz, bera ondo aztertu gabe. Halaber, jarduera hau ematen den testuingurua ezagutzea ere giltza da gure bat-bateko iritziaz haratago ulertzeko dena.

Horregatik, eta uste dugulako langile izaera fabrika batean lan egiten duenaren baino zerbait zabalagoa dela, antolatu ditugu jardunaldi hauek. Eta benetan sinetsita gaudelako sexu langileak langileak direla eta asko daukate esateko; guk berriz, asko dugu entzuteko oraingo honetan.

Nola ekiten diogun gaiari eta nola ikusten ditugun sexu langileak ondorio desberdinak izango ditu haiengana, biktimak bezala mantentzea edo subjektu politiko bihurtzea.

Gure abiapuntua argi da: sexu langileak dira beraien bizitzen protagonistak, horregatik beraien ahotsa entzutea ezinbestekoa da.

 

 

 

Opusi atsegin ematea, Nafarroako Osasuneko Kontseilaritza berriaren lehentasun

0
Santos Indurain Osasun Kontseilari berriak eta Carlos Artundo zuzendari nagusiak egin dituzten lehen ekintzak Opusen klinikari eta Nafarroako Medikuen Sindikatuari gustua emateko izan dira; horiexek biak dira, hain zuzen ere, oztoporik handiena Osasunbideak behar eta desio duen eraldaketa prozesurako.

LABek kezka handiz aztertu ditu Osasun kontseilari berriaren lehen ekintzak eta ekintza faltak. Alderdi sozialarekin lehen bilera Medikuen sindikatuarekin egin zuen, nahiz eta une horretan gatazka kolektiborik ez zegoen. Gainerako erakundeak bazter uztea nahikoa ez eta, politikagintzan eta gizarte-arloan izaera erreakzionarioa duenarekin bildu zen.

Bestalde, zuzendari nagusiak lehenengo irteera ofiziala egin zuen Opusen Klinikako lehen transplantea egin zeneko 50. urteurrenera. Osasunbideak hainbat hamarkadatan ikusi du organo, ehunen eta odolaren kudeaketan eta garapenean nola eragin duen klinika horren esku-sartzeak. Gainera, Nafarroako Ospitale Guneko gerentea Alberto Lafuente izanen dela zehaztu da, CUNko medikua bera, eta horrek ekarriko du, itxuraz, Opusen aldeko lerrotzea eta Osasunbideko profesionalei mespretxua.

Ekintza eta gertaera horiek "adiskidetzailetzat" aukeztu dituzte, Nafarroako sektore erreakzionario eta kontserbadoreetarantz; sektore horiek, ordea, historian zehar, gure osasun publikoaren bideragarritasuna arriskuan jarri izan dutenak izan dira.

LABek kezka handia du legealdiaren hasiera honetan. Gure ustez, kontseilariak beste jarrera batzuk erakutsi beharko lituzke Osasunbideak behar duen eraldaketa gauzatzeko; alegia, ez luke tematu behar eraldaketa hori bera lortzeko trabarik handiena ordezkatzen duten erakundeekin adostasuna bilatzen.

 

 

 

Gasteizko Legebiltzarreko Osasun Batzordean salatu dugu Osakidetzak ez duela Lehen Arretaren erronkei seriotasunez heltzeko borondaterik

0

LAB egon da gaur Eusko Legebiltzarrean, hain zuzen ere, Osasun Batzordean, Lehen Arretari buruz Osakidetzak abian ipini nahi duen estrategia berriarekiko gure desadostasuna adierazteko. Uda baino lehen eskatu genuen gaurko agerraldia. Edurne Agirrek eta Latxe Urangak, biak Lehen Arretako langileak eta LABeko delegatuak, Osakidetzaren estrategia berria puntuz puntu aztertu dute, bertan planteatzen denak Lehen Arretako egoera tamalgarriari ez diola heltzen argi utziz.

Lehenengo eta behin, argi utzi nahi izan dugu “2018ko apirilean Osakidetzak publiko egin zuen estrategia berria ez dela negoziatua izan, ez adostua, eta ez zela eztabaidarako inolako agendarik planteatu eta ez zirela tresnarik eskaini langile eta sindikatuok eztabaidan ekarpenik egin ahal izateko.”

Estrategiaren puntu nagusiei erreparatuz, azpimarratu dugu “gure ustez, estrategiak helburu argia duela: Osasun Sailak modu kontziente edo inkontzientean fakultatibo mediko eta pediatriako langileen bir-jartzeko duen aurreikuspen falta konpontzea, hain zuzen ere. Eta kontsulta medikoak deskargatzeko, erizaintza eta administrazioko langileek rol berriak onartu beharko dituztela.” Hau da, estrategiak ikuspegi guztiz partziala du eta ez dauka autokritikarik. Guztiz epe laburrekoa da kronikotasunera eta menpekotasunera mugatzea egungo osasunaren erronkak. Gure ustez, oso urruti dago biztanleriak bere osasunerako behar duen Lehen Mailako Arretatik. Pertsonen osasun integralaren aldeko apustua ezin daiteke diseinatu osasunaren determinanteak zeintzuk diren argi uzten ez duen osasunaren diagnostikorik gabe.

Mahai gainean beste puntu batzuk ipini ditugu gaurko agerraldian:

• Zaila da Lehen Arreta indartzea, osasun politikak guztiz ospitalzentristak direnean, teknologien erabilera masiboa gainbaloratzen diren bitartean, interbentzionismoa eta populazioaren medikalizazioan oinarriturik.

• Osakidetzak iragarritako 215 mediku eta pediatra plaza horiek guztiz ez-nahikoak dira gaur egun daukagun pertsonal falta konpontzeko. Osakidetza osoan egoera momentuz egonkortzeko, kategoria guztietako 7.000 plaza beharko genituzke.

• Medikuen falta ezin da konpondu beste kategoriei ez dagozkien funtzio berriak ezarriz, erizain eta administrazio laguntzaile zein zelariak, kasu.

• Kategoria guztiak garrantzitsuak eta beharrezkoak dira, talde lana sustatu ahal izateko.

• Estrategia berriak ez ditu kontuan hartzen EAGak (Etengabeko Arreta Guneak).

• Lehen Arretak aurrekontua handiagoa behar duela.

Amaitzeko, argi utzi nahi izan dugu Osakidetzaren negoziatzeko borondaterik eza. Jarrera horrek hiru greba egitera eraman gaitu, baina gaur egun negoziazio errealik gabe jarraitzen dugu, gure ustez bide bakarra dena Lehen Arretak behar duen etorkizuna denon artean adosteko.

Inposaturiko behin-behineko neurriekin ez goaz inora. Eta are gutxiago neurri horiek euskal jendarte osoaren osasun eskubideak murrizten dituenean. Honen adibide garbia da opor garaietan osasun zentroen ordutegia murrizteko Osakidetzak hartu duen erabakia. Gure aburuz, halako murrizketarik ezin da onartu eta konponbideak beste norabide batean aurkitu behar dira.