2026-02-05
Blog Page 594

CIE Alurecy enpresako grebalariak itxieraren aurka mobilizatu dira Bilbon, talde nagusiaren egoitzaren aurrean

0

Irailaren 16az geroztik greba mugagabean daude Elgetako CIE Alurecy enpresako langileak, eta elkarretaratzea egin dute gaur Bilbon. Hain zuzen ere, CIE Automotive taldearen parte da Elgetako enpresa, eta horregatik egin dute protesta Bilbon, CIE Automotiveren egoitzaren aurrean. Autogintza sektorean egiten du lan CIE Alurecy-k. 18 langile daude bertan lanean, eta LAB sindikatuak du ordezkaritza. Lantokia urte amaieran ixteko asmoa azaldu zuen zuzendaritzak ekainean, eta orduz geroztik egondako bileretan ez da konponbiderik eman. Hortaz, grebara jotzea erabaki dute langileek.

CIE Alurecy Elgetako lantokiko 18 langileak greba mugagabean daude joan den irailaren 16az geroztik. Langileen %100a ari da parte hartzen greban, eta egoerak hobera egiten ez duela ikusirik, luzera jotzeko itxura hartzen ari da hau. Aldarrikapenak argiak dira: Elgetako planta ixteko erabakiaren aurrean berkolokazio duinak eskatzen ditugu langile guztientzat, CIEk inguruan dituen lantokietan. Enpresaren erantzuna, baina, negargarria izaten ari da. Onartu ezinezko baldintzak proposatu ditu, langileen etorkizuna mehatxuan jarriz.

Egunez egun ikusten ari gara CIE taldearen inguruko berriak medioetan:

-150 miloi euroko irabaziak izan ditu 2019ko lehen 6 hilabeteetan.

-CIEko Jesus Maria Herrera kontseilaria da estatu espainiarreko bigarren soldata handiena jasotzen duena. 48.572€ gordin eguneko poltsikoratu zituen 2017an.

-CIEren 23 urteko historian 70 enpresa erosi ditu. Azken hilabete hauetan Mexikoko bi enpresa 59 miloi euroren truke, eta Italiako bat 79,6 miloi euroren truke.

Egoera honek are eta ulergaitzago egiten du enpresaren jarrera, eta honen aurrean ez gaude amore emateko prest. Grebak aurrera jarraitzen du, eta, gaur, CIEk Bilbon daukan egoitzaren aurrean mobilizatu gara.

 

 

 

Opor garaiko iruzurrarekin lotuta dago iraileko langabeziaren jaitsiera

Langabeziak Hego Euskal Herrian behera egin du irailean, 3.090 langabe gutxiago daude, %2,1 gutxiago abuztuaren amaierarekin alderatuta. Orotara, 144.071 langabe daude.

Herrialde guztietan izan da jaitsiera, eta gizon zein emakumeei eragin die. Horrenbestez, langabeziari dagokionez, gizon eta emakumeen arteko aldeak bere horretan jarraitzen du; %42 eta %58, hurrenez hurren. Kontrara, langabeziak gora egin du 25 urte baino gutxiagoko gazteen artean, abuztua bukaeran baino 447 gazte gehiago baitaude langabe.

Iraileko langabeziaren jaitsierak oso ohikoa den iruzur batekin du lotura hein handi batean. Izan ere, oporretan behin behineko langileei baja eman ohi zaie zenbait arlotan, gero irailean haien kontratuak berritzeko. Modu honetan, opor garaiko soldatak eta gizarte kotizazioak aurreztu egiten dituzte. Iruzur hau Irakaskuntza bezalako sektoreetan oso errotuta dago, baina ez da bakarrik arlo pribatuan aritzen diren enpresen gauza, Administrazio Publikoan ere zabalduta dagoelako.

Bestalde, beharrezkoa iruditzen zaigu salaketa bat egitea: langabeziatik bermatzeko sistema ez da nahikoa eta zaharkituta geratu da lan merkatuak gaur egun sortzen dituen beharrei begira, oso dualizatuta dagoelako eta lan indarren zati handi bat langabe, azpikontratatu edo modu prekarioan edo behin behinean lanean ari direnek osatzen dutelako.

Prekarietatea eta miseriazko soldatak anomalia iraunkor bilakatu dira indarrean dagoen lan harremanetarako ereduan. Langabe dauden hiru pertsonetatik bik ez dute inolako langabezia laguntzarik jasotzen.

Laburbilduz, gure gizartearen egoera hain da larria 2008ko krisiaren antzeko beste bat jasatea biziki gogorra izango litzatekeela. Hortaz, hurrengo errezesioa noiz etorriko zain ezin gara egon. Arrazoi honengatik, premiazkoa da egungo ekonomia politiken zutabeak deseraikitzea, kapitala eta enpresa handiak dituztenen interesak handitzea baitu helburu, beti ere eskubide sozialen eta lan baldintzen kalterako.

Era berean, babes sozialerako sistemak zuzendu behar dira bere izaera birbanatzailea eta solidarioa indartzeko.

Ez dago formula magikorik aldaketa hauek lortzeko. Gure palanka bakarrak lidertza eta mobilizazio soziala dira.

 

 

 

Onartezina da Nafarroako Auzitegi Gorenak euskararekiko hartutako erabakia

LABek berriro ere berresten du indarrean dagoen legeak eta berau aldatu gabe sortutako dekretuek ez dutela balio nafarron hizkuntza eskubideak bermatzeko. Horretarako, beharrezkoa da Nafarroako euskararen lege berria egitea. Bide horretan gaurko bezalako erabakiak oztopoak baino ez dira; egungo euskara legea eta hark ezarritako diskriminazio egoera larria betikotzeko bideak, hain zuzen ere.

Nafarroako euskararen dekretuan euskara meritu gisa baloratzeko artikuluak atzera bota ditu Nafarroako Auzitegi Gorenak, UGT sindikatuak jarritako helegite baten harira. Besteak beste, Nafarroako eremu misto, ez euskaldunean eta administrazio zentralean lan egiteko euskara meritu gisa baloratzeko aukera bertan behera utzi du, berriro ere Foru Erkidegoko berezko hizkuntza eta bere hiztunak bazterrean utzita. Horrez gain, tokian tokiko administrazioaren menpe utziko du paisaia linguistikoan euskarari eutsiko zaion ala ez, orain arte hizkuntza ofizial bietan errotulatzeko zegoen derrigortasuna ere bertan behera utzi baitu.

LAB sindikatuak, Nafarroako administrazioan ordezkaritzarik handien duen sindikatuak, oso larritzat jotzen du auzitegiak hartutako erabaki hau, berriz ere nafar langile zein herritarren hizkuntza eskubideak urratzen dituelako, batetik, eta aldaketaren gobernuak arlo honetan egindako aurrera urratsak atzera botatzen dituelako, bestetik.

Administrazio publikoan hizkuntza eskubideen urraketa iraunkorra gertatzea ezin da onartu, LAB sindikatuaren ustez. Nola liteke bi hizkuntza jakitea bakarraren mesedetan zigortzea? Nola liteke Nafarroako hizkuntza propio bietako bat, euskara alegia, administrazioan lan egiteko ez baloratzea eta ingelesa edo frantsesa, ordea, bai?

Eleaniztasuna inoiz baino baloratuago dagoen garaiotan, LABen iritziz, ulertezina da hizkuntza eskubideen berdintasunaren aurka halako egoerak jasan behar izatea. Euskarak, hizkuntza gutxitua den heinean, babes neurriak behar ditu, bere aldeko diskriminazio positiboa, eta ez bigarren mailako hizkuntza izaerarekin jarraitzeko bideak zabaltzea.

LABek berriro ere berresten du indarrean dagoen legeak eta berau aldatu gabe sortutako dekretuek ez dutela balio nafarron hizkuntza eskubideak bermatzeko. Horretarako, beharrezkoa da Nafarroako euskararen lege berria egitea. Bide horretan gaurko bezalako erabakiak oztopoak baino ez dira; egungo euskara legea eta hark ezarritako diskriminazio egoera larria betikotzeko bideak, hain zuzen ere.

Bide horretan, UGT sindikatuari ere nahikoa dela esan nahi diogu. Ez dezala salaketa antzu gehiagorik jarri euskaldunon eskubideak urratzeko bada, azken urteetan mota honetako salaketak egin izan dituen sindikatu bakarrenetakoa izan da eta. Onartezina da elebakarren supremazismo eta pribilegioak defendatzea elebidunen kalterako.

Langileok euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidea dugu! Nafarroan euskarari eraso gehiagorik ez!

 

 

 

Urriaren 1erako deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu, Kataluniaren borroka gurea ere badelako

0

Autodeterminazio eskubidea delitu ez dela aldarrikatu eta Kataluniako herriari gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diogu, guztiok elkarrekin bultza eginez erregimen hau historiaren zakarrontzira bota dezakegulako.

Urriaren 1ean Kataluniak herriaren gehiengoak defendatzen duen erabakitzeko eskubidea erreferendum bitartez gauzatu zuen egunaren bigarren urteurrena betetzen da. Denok dakigu zer gertatu zen 2017ko urriaren 1ean Katalunian; ia 900 zauritu, milaka bozka poliziak bortxaz eta biolentziaz bahiturik, Kataluniaren okupazio poliziala…

Autodeterminazio eskubidearen gauzatze horrek ondorio gogorrak ekarri zituen Kataluniako herriarentzat: Irailaren 20an polizia Kataluniako gobernuaren eraikinetan sartu izana salatzeko antolaturiko herri mobilizazioen ondorioz ANC eta Omnium Culturaleko lehendakarien atxiloketa, gobernuko ordezkarien atxiloketak, Kataluniako lehendakariaren eta beste ordezkari politikoen erbesteratzea, eta parlamentuko lehendakariaren kartzelaratzea, besteak beste. Errepresio honen guztiaren fase gorena Madrileko Epaitegi Gorenean Kataluniako independentisten kontra egindako epaiketa izan zen, eta sententzia hurrengo asteetan ezagutuko dugu.

Kataluniako testuinguru politikoa berriro ere gogortzen ari da. Aste honetan zehar, Espainiako Estatuak independentismoaren kontra buruturiko atxiloketa guztiek independentismoaren eta autodeterminazio eskubidearen kontrako kriminalizazio eskenatoki batera garamatza. Espainiako Estatua Kataluniako independentisten krontrako balizko epai gogor baten aurrean bere burua justifikatzeko errelato bat prestatzen ari dela dirudi, nazioartean independentismoa biolentziarekin nahastu eta horrela mugimendu independentista kriminalizatzeko.

Kataluniako herriaren kontrako estrategia errepresiboa areagotzen joango dela dirudien testuinguru honetan ezin gara geldirik eta ixilik gelditu. Noski Kataluniako herriari gure babes eta elkartasun osoa adierazi behar dizkiogula, baina, hortaz gain, Euskal Herritik gure erantzun propioa eman behar dugu. Guk oso ongi ezagutzen dugu nola jokatzen duen Estatuak bere biziraupena kolokan jartzen duen ororen kontra. Estatuaren errepresioa eta bortizkeria zoritxarrez oso ezagunak ditugu gure herrian. Guk hainbestetan pairatu duguna orain Kataluniako herria ari da pairatzen, baina bihar berriro ere gu izan gaitezke, Estatuak bere batasuna kolokan jartzen duen edonoren kontra eskura dituen arma guztiekin jotzen baitu.

Beraz, demokrazia bera jokoan dagoen honetan, erabakitzeko eskubidea estatuaren biolentziaren jomugan dagoen honetan eta urriaren 1a bezalako urtemuga seinalatu honetan, Euskal Herrian ere kalera irtetzea behar beharrezkoa da. Argi eta ozen oihukatu behar dugu herrien autodeterminazio eskubidea ez dela delitu, eta estatuaren atxiloketa nahiz edozein errepresio adierazpenen kontra herrien borondatea gauzatu arte borrokan jarraituko dugula.

 

 

 

Elkartasunari esker, Imanol Salinas ez dute espetxeratuko

Nafarroako Auzitegiko lehen atalak ontzat eman du neurri batean Auzitegi bereko laugarren aretoak Imanol Salinas sindikalistari ezarritako 21 hilabeteko espetxe zigorraren kontra LAB sindikatuak jarritako helegitea. Egitateen kalifikazioa nabarmen apaltzen du epai berriak (mehatxu “arinak”) eta 450 euroko isuna ezartzen du. Honela bada, Imanol ez da espetxera joango eta LAB sindikatuaren Borroka Kutxak hartuko du bere gain aipatutako isuna. Labella epailearen tesi burugabea, hots, megafono, pankarta eta pegatinak batera erabiltzea bortizkeriatzat jo daitekeela, bertan behera uzten du epaiak.

Jarduera sindikal zilegiaren ondorioz Imanol Salinas espetxeratua ez izatea berri ona da sindikalismo osoarentzat; kolektibo eta lagun askoren elkartasunari nahiz mobilizazioari esker izan da posible. LAB sindikatuak berak egindako ekimenekin batera, hainbat sindikatu eta eragile sozialek adierazi dute euren elkartasuna eta enpresa batzorde ugarik elkartasun mozioak onartu dituzte. Horiei guztiei geure esker ona adierazten diegu, eta etorkizunean zernahi sindikalista edo aktibista sozialen oinarrizko eskubideak urratzen diren guztietan beste horrenbeste egiteko konpromisoa adierazten dugu.

Halere, enpresa eta sindikatuaren artean lan gatazkari amaiera emateko akordioaren gainetik, ekintza sindikal legitimoaren kontrako prozesu judiziala egon izana bera salagarria dela iruditzen zaigu. Larriagoa dena, sindikalista bat espetxeratzeko zorian egon da epaile bat, zergatik eta Auzitegi bereko beste epaitegi batek arintzat jotzen duen egitate batengatik. La Manadaren lehen epaiaren ostean sistema judizialaren zati handi baten joera patriarkala salatu zen bezala, oraingoan joera antisindikal bat ere badagoela salatu behar dugu. Justiziaren “patronalizazioa” da, hain zuzen ere: Foruzaingoa, Lan Ikuskaritza edota Fiskaltzak ez dute ezer egiten prekaritate eta esplotazio egoeren aurrean, baina horiek salatzen dituzten sindikalisten kontra aritzen dira.

La Sangiovesa eta Huerta de Peraltako borroka arrakastatsuen ondotik jasotako isun ugariei eta lau prozesu penalei aurre egiteko sortutako Borroka Sindikala Aurrera kanpainaren atal bat itxi berri da. Hona hemen orain arteko balantzea: elkartasun kanpaina baten ondotik, Abdenabi Mellase Huerta de Peraltako langilea espetxeratu eta Espainiako Estatutik kanporatua izatea eragozten duen akordioa lortu genuen; Jose Javier Osesen kontrako prozedura bat, nahiz Imanol Salinasen eta lehen instantzian absolbituta izan zen beste langile baten kontrako prozedura hau, isun banatan geratu dira; eta azkenik, urriaren 10ean Salinas eta Oses epaituko dituzte Huerta de Peralta enpresaren atean furgoneta bat aparkatzeagatik: greban zeuden langileak legez kanpo ordezkatzea eta Murtzia nahiz Almeriatik ekarritako lehengaien sarrera eragoztea zen ekintza horren helburua.

Bada, Imanol Salinasen kontra emandako epai burugabearengatik desautorizatutako Emilio Labella epailea bera da Huerta de Peraltako furgonetaren kasua epaituko duena. Bere jokaera ikusita, beste epai injustu bat emititzeko arriskua ikusten dugu.

Autoinkulpazio kanpaina baten hasiera iragartzen dugu, adierazteko hain zuzen ere Imanol Salinasek eta Jose Javier Osesek ez dutela errurik batere, eta hazten ari den prekaritatearen kontra ekintza sindikala inoiz baino beharrezkoagoa dela aldarrikatzeko.

Azkenik, eta azken hilabeteotan adierazi dugun bezala, esplotazio eta prekaritatearen kontra langileak antolatzeko lanean jarraituko dugu. Lan injustiziak non, LABen megafonoa han egonen da salatzeko. Ildo horretan, Piztu Alarma dinamikari bultzada berria emango diogula iragarri nahi dugu. Tresna horren bidez, sindikalizatuta ez dauden lantokietan abusu bat pairatzen duen langile orok “alarma piztu” eta elkartasuna aktibatzeko aukera dauka; aipatu dugun bezala, Imanol Salinasen espetxeratzea eragozteko ezinbestekoa izan den elkartasuna.

 

 

 

Erandio eta Zornotzako kaleak hartu dituzte Bizkaiko Metalgintzako grebalariek

0

Bizkaiko Metalgintzako langileen borrokak aurrera darrai, lan hitzarmen duin baten defentsan. Asteko lehen greba eguna egin zuten atzo; gaur, berriz, bigarrenari ekin diote, jarraipen handiarekin ere. Hain zuzen ere, sindikatuok Erandion eta Zornotzan egin ditugu eguneko mobilizazio jendetsuenak, goiz gorabeheratsu baten ostean. Izan ere, Ertzaintza langileei oldartu zaie Zaldibarren eta gutxienez hamar pertsona identifikatu ditu.

Zornotza.

Erandion izandako mobilizazioarekin bat egin duten manifestariek Cables y Alambres enpresako langileei elkartasuna adierazi diete, Vicinay taldeak enpresa ixteko erabakia hartu duelako. Enpresaren paretik igaro da protesta, txalo artean.

Bihar, Bizkaiko Metalgintzako grebaren hirugarren egunean, eserialdi bat iragarri dugu sindikatuok mobilizazio nagusi gisa. Bilboko Gran Vian izango da, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, 11:30ean.
 

 

 

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ikastoletako Lan Hitzarmen berria sinatu dugu

0
Iazko abenduaren 4ean akordioa sinatu ostean, ikastoletan gehiengoa dugun LAB sindikatuak Ikastolen Elkartearekin eta Eusko Ikastola Batzarekin Lan Hitzarmen berria sinatu genuen atzo.

Lan Hitzarmen berri honek akordioan lortutako hobekuntza guztiak jasotzen ditu, horietako asko urtarrilaren 1etik indarrean badaude ere. LAB sindikatuarentzat urrats garrantzitsua da atzo ikastoletan emandakoa. Eusko Jaurlaritzak langileoi inposatu zizkigun murrizketa gogorren ostean, ikastoletan Lan Hitzarmen berritua sinatu dugu azkenean. Bertan, besteak beste, honako hobekuntza hauek lortu ditugu:

– 0-3ari dagokionez, Hezitzaileek urteko lanorduen jaitsiera izango dute, horretarako ordaindutako bi egun libre izango dituzte. Horrez gain, ordu osagarriak gehituko zaizkie.
– 0-3an izaera asistentziala zuen Hezitzaile laguntzaile kategoria desagertzea.
– Hezkuntza Laguntza Espezialistek astean ordu osagarri bat edukitzea.
– AZPko langileek ikasturtean ordaindutako 2 egun libre izatea.
– Garbiketa metrajeak eta bazkalkide ratioak finkatzeko batzorde-teknikoa martxan jartzea.
– Langileen lanbide-sustapena bultzatzeko eta kontratazioetan gardentasuna bermatzeko prozedurak zehaztea.
– 60 urtetik aurrera astean 2 eskola-ordu, osagarri bihurtzeko aukera izatea.
– Aurreikusitako egun osoko kasuetan ordezkapenak lehenengo egunetik betetzea.
– Urriaren 12an eta abenduaren 6an lanera joateko aukera izatea, emandako lanorduak konpentsatuz.
– Lansari taula berriak soldata igoerarekin eta DBHko lizentziatuen soldata homologazioarekin.
– Ikastoletan kaleratzeak ekiditeko eszedente eta beharren prozeduraren zehaztapena.

LAB sindikatuaren delegatuen eta afiliatuen parte-hartzean oinarrituta adostu berri dugun Lan Hitzarmen hau EAEko Ikastola guztientzat eta ikastoletako langile guztientzat izango da (5.700 langile inguru EAEko ikastoletan). Ikastoletako langileon garaipen kolektiboa dela esan dezakegu beraz, langileengandik eta langile guztiontzako egina.

Urrats hau eman badugu ere, LAB sindikatuarentzat bidea ez da hemen amaitzen. Hilabete gutxi barru 2020rako Lan Hitzarmena negoziatzeari ekin behar diogu berriz. Erronka garrantzitsuak ditugu aurrera begira, eta horretan tinko arituko gara urratsez-urrats aurrera eginez.

Bide horretan, Eusko Jaurlaritzari erantzukizunez eta arduraz jokatzea exijitzen jarraituko dugu. Ikastoletako negoziazio mahaian, gure lan-baldintzak hobetzeko urratsa eman dugu oraingoan. Baina ikastoletako langileoi zuzenean eragiten diguten hainbat atal Hezkuntza Sailaren menpe daude; soldaten homologazioa, era duin baten erretiratzeko aukera, hezkuntzak aurrerantzean dituen erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak jartzea…

LABek, beste behin ere, akordioak erdiesteko eta borrokarako duen gaitasuna argi erakutsi du. Orain arte bezala aitzindari izango gara, ikastoletako langileen alboan eguneroko lanean eta borrokan!

 

 

 

Pentsiodunen borrokarekin bat egitera deitzen ditugu langileak, Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunean

Gaur, urriaren 1ean, Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna dela, LAB sindikatuan gure elkartasuna helarazi nahi diegu astelehen-astelehenero, bi urtetan zehar, bizi baldintza duinak aldarrikatzeko kalera irten eta irteten diren pertsona horiei guztiei.

LAB sindikatuko nagusi eta pentsiodunen arlotik salaketa eta etengabeko dinamika jardunaldi horiexetan hartzen dugu parte, gaur egungo egoerarekin gure atsekabea adierazteko eta ozen eta garbi aldarrikatzeko nahi dugula honezkero, oraintxe berton, gure aldarrikapen horiek aintzat hartuak izan daitezen, gure egoera ez ezik, langileria osoarena ere hobetu dadin.

Honen ildotik, langileei dei egiten diegu borroka honekin bat egin dezaten, gure oraina eta euren etorkizuna bat eginda baitaude. Honela, batu ditzagun dinamika berean elkartzen gaituzten aldarrikapenak eta eraiki dezagun adin zein kolektibo anitzetako borroka. Gure aldarrikapenak, besteak beste, honako hauek dira:

• 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
• Gizon eta emakumeen arteko soldata eta pentsio arrakalarekin amaitzea.
• 1.200 euroko gutxieneko soldata.
• Jardunaldia 35 ordutara murriztea, soldata murriztu gabe.
• Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua.

Honengatik guztiagatik, LAB sindikatuan gure bizi baldintzen hobekuntzaren aldeko borrokan jarraituko dugu eta euskal herritar guztiak animatu nahi ditugu kalera irten daitezen!

Berton lan, berton bizi, berton erabaki nahi dugulako!
 

 

 

Urkulluren dimisioa eskatu dugu Bizkaiko Metalgintzako langileei bizkarra emateagatik eta patronalarekin lerrokatzeagatik

0

Bizkaiko Metalgintzako langileek greba egin dute gaur, aste honetako lehena. Orotara sei greba egin dituzte aurten. Langileek emandako erantzun ikusgarri eta miresgarriarekin batera, Iñigo Urkullu lehendakariak goiz honetan egindako adierazpenak gogor salatu nahi ditugu. Izan ere, Confebask eta FVEM-ekin lerrokatu da publikoki, modu argi batean, langileei bizkar emanda eta patronalaren aginduetara.

Urkulluk azken aldian zer irakurri duen galdetzen diogu gure buruari, FVEM eta sindikatuen artean azken urte eta erdian egondako bileretako aktak ala patronalek bidali dioten barne zirkular eta aginduak. Oso larria da. Urkulluk herri honen %2 babestu du, aberastasuna metatzen duten horiek babestu ditu, eta bizkar eman dio langileriari. Horregatik eman behar du dimisioa. Langile herri batek ezin du izan lehendakaritzat patronalaren morroi bat.

Era berean, salatu nahi dugu poliziaren jarrera, Durangaldean eta Eskumaldean batez ere; piketeei dagokien eskubidea urratu die behin eta berriro, patronalaren mesedetan. Horren adibide, goizeko 5:00etan eta 6:00etan, Elorrio eta Abadiñoko enpresetara hurbiltzen ere ez diete utzi piketeei, eta hauek ezin izan dute langileekin hitz egin. Poliziak agindu zuzenak zituen, grebaren aurka, langileen aurka, kapitalaren mesedetan.

LABek langile guztiak zoriondu nahi ditu. Grebaren jarraipena orain artekoetan handiena izan da, %85 ingurukoa, eta Bilboko manifestazioa ere orain artekoetan jendetsuena. Azpimarragarria da, pentsiodunek gure borrokarekin bat eginik, Bizkaia osoan 25.000 pertsona mobilizatu garela hitzarmen duinaren alde, horietatik 18.000 Bilbon. Horregatik, argi eta garbi esan nahi dugu borroka hau ere ezinbestekoa dela gure etorkizuneko pentsio duinak bermatzeko, pentsio duinen borroka gurea ere badelako.

LABek bere prestutasuna adierazten du Bizkaiko Metalgintzarako hitzarmen duin bat sinatzeko, baina ez dugu eskubide lapurretarik onartuko, eduki duinak barnebilduko dituen hitzarmen bat baizik. Horregatik, berriro ere langileak zoriontzearekin batera, aste honi gogor eta tinko eusteko gure animo guztiak bidali nahi dizkiegu; eta, nola ez, bidelagun izango gaituztela adierazi.