2026-05-02
Blog Page 592

Eskubide Sozialen Kartako eragileok topaketak egingo ditugu abenduaren 13an, aldaketa sozialerako aukera berriak eta Greba Orokorra hizpide

Abenduaren 13an, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren birkokapen prozesuan mugarri bat jartzeko eta aurrera begirako norabidea zehazteko helburuarekin, topaketak antolatu ditugu Barakaldoko BECen. Hain zuzen ere, mugimendu eta mobilizazio sozialaren loraldiarekin aukera berriak sortu dira aldaketa sozialaren bidean, eta aukera berri horiei buruz ariko gara Karta osatzen dugun eragileak, urtarrilaren 30eko Greba Orokorra ere oso presente izanda.

Goizean, “bizitza duina” ardatz hartuta, bi eztabaida nagusiren inguruan jardungo dugu: alde batetik, lan eta babes soziala; eta, bestetik, krisialdi sistemikoa eta larrialdi klimatikoa.

Arratsaldean, asanbladan batuko gara Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren birkokapen prozesuaz eta Greba Orokorrari buruz hitz egiteko.
 

 

 

Berriak Supermerkatuetako langileek aurreakordioa lortu dute zuzendaritzarekin, borrokari esker

0

Langileak irmo mantendu dira beti, eta Berriak Supermerkatuetako zuzendaritza negoziatzera esertzera behartzen zuen alegatu bateratu baten ondoren, atzo, abenduak 5, bilera luze baten ondoren, aurreakordio batera iritsi gara mobilizazioak bertan behera uzteko. Langileen batzarrak berretsi du aurreakordioa.

Joan den azaroaren 26an, asteartean, langileen ordezkariek bilera luzea egin zuten Berriak Supermerkatuetako zuzendaritzarekin. Zuzendaritzaren jarrera irmoa eta negatiboa zen negoziatzen ari ginen hainbat puntutan, eta langileek, ausardia eta elkartasun alardea eginez -langile kaleratuarekin-, abenduaren 9tik aurrera greba mugagabea deitzeko erabakia hartu zuten.

Langileen erabakiaren ondorioz, aste honen hasieran enpresako zuzendaritzak mobilizazioaren aurkako erasoaldia hasi zuen, dendak ez hornitzen hasi zen eta langileen batzar bat deitu zuen enpresa ixteko mehatxua egiteko, greba mugagabea egiten bazen.

Langileak irmo mantendu dira beti, eta Berriak Supermerkatuetako zuzendaritza negoziatzera esertzera behartzen zuen alegatu bateratu baten ondoren, atzo, abenduak 5, bilera luze baten ondoren, aurreakordio batera iritsi gara mobilizazioak bertan behera uzteko. Langileen batzarrak berretsi du aurreakordioa.

Aurreakordio horrek honako puntu garrantzitsu hauek jasotzen ditu, besteak beste:

– Kaleratutako langilearen berronarketa
– Bidegabeko kaleratzeen aurrean blindajea
– Dietengatik eta beste lantoki batzuetara joateagatik plusa
– Garraio-plusa
– Lanbide-kategoria berriak
– ABLEen erabilera mugatzea

Aurreakordio horrek prekarietatearen aurkako borroka lehenesten du Aiaraldean, eta ez litzateke posible izango eskerrak eman nahi dizkiegun pertsona eta kolektibo askoren babesik gabe:

Larunbatero gurekin pankarta eutsi duten bezero guztiei, Aiaraldeko Mugimendu Feministari, Ernaiko kideei, Artiacheko langile kaleratuei, LAB sindikatuari eta babesa eman diguten ordezkari guztiei eta nola ez, gure senide eta lagunei, baldintzarik gabe emandako babesagatik, MILA ESKER.
 

 

 
 

Bilbao Kirolak-ek garbitzaileen atsedena errespetatu behar duela aitortu du epaitegiak

0

Bilbo Kirolak kiroldegietako eta Zaintzen enpresaren parte diren garbitzaileak joan den abenduaren 3an joan ziren epaitegietara, epaileak asteko 48 orduko atsedenaldirako eskubidea aitortu eta enpresa kondenatu zezan. Asteroko atsedena aldarrikatzeko hainbat asteko mobilizazioen ondoren epaiak arrazoia eman die.

Enpresak orain aurre egin beharko die atsedenaldirik ez izateagatik langileei kalte-ordain gisa ordaindu beharreko zenbatekoei, eta lan-egutegiak egin beharko ditu, langileek astean 48 orduko atsedenaldia hartu ahal izan dezaten.

Langileek, bere aldetik, mobilizatzen jarraituko dute librantza hori asteburutik ahalik eta gertuen izan dadin, argi baitugu, kontua ez dela atseden hartzea soilik, kontziliazio-kontua ere bada. Eta zentzu horretan badakigu borrokan jarraituko dugula.

Asteko atsedenaldia eskubide bat da! Bilbao Kirolak/Zaintzen esplotaziorik ez!

 

 

 

Gure konpromisoa berresten dugu ekosozialismoaren eraikuntzarekin eta norabide horretan aurrera egingo duen trantsizio batekin

0

Abenduaren 2tik 13ra bitarte Klimaren inguruko goi gailurra ospatzen ari da Madrilen, hau da, COP delakoaren 25. edizioa. Honen aurrean, ekosozialismoaren aldeko apustua egiten dugu. LABen ustez, bide honek partekatua izan beharko du eta lau printzipio barnebildu beharko ditu gutxienez: justizia eta eskubide sozialen bermea; feminismoa; ekologismoa eta planetaren zaintza; eta partehartze burujabe eta demokratikoarena.

Abenduaren 2tik 13ra bitarte Klimaren inguruko goi gailurra ospatzen ari da Madrilen, hau da, COP delakoaren 25. edizioa. COPa, Klima Aldaketaren inguruko Nazio Batuen Erakundeko organo garrantzitsuena da, estatuek erabaki kolektiboak hartzeko espazioa, alegia. Goi gailurra, hasiera batean, Txilen ospatu behar zen, baina, herrialdean ematen ari diren protesta sozialen ondorioz, gailurra Madrilera eraman dute. Zentzu horretan, LABek bere elkartasunik beroena azaldu nahi die Txileko langile klaseari eta, orokorrean, Latinoamerikan borrokan ari diren herri guztiei.

Azkeneko gailurrek erakutsi duten bezala, bilkura hauek ez diote emergentzia egoera honi erantzuten. Planetaren muga biofisikoak gainditzen ari gara eta horrek, planetarekin batera, bizitza bera arriskuan jartzen du. Beraz, ezin ditugu krisi ekologikoa eta langileon kontrako agenda neoliberala banatu: biak dira kapitalaren erasoaren parte. Goi gailur hauek, hain zuzen ere, kapitalaren metaketa planetaren iraunkortasunarekin uztartzea dute helburu, jatorritik bateraezinak diren ideiak. Horren emaitza dira azkeneko COPetan hartutako erabakiak: betetzen ez diren protokoloak, karbonoaren gaineko zerga antzuak, diruaren truk aldatu daitezken kutsadura kuotak…

Ingurumenaren defentsa, emergentzia klimatikoaren inguruan sortu den borroka eta eskubide sozialak ezin dira banatu. Hauek guztiak proposamen integral batean ulertzen ditugu: ekosozialismoa. LABek eta, oro har, kontrabotere sindikalismoak bidea dauka egiteko oraindik, baina dagoeneko alternatiba honekin konektatzen duten hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean: lanaldiaren murrizketa eta aberastasunaren banaketa, oinarri produktibo eta erreproduktiboaren aldaketa, makroproiektuen kontrako jarrera edota sektore estrategikoen gaineko kontrol publikoa eta jarduera planifikatua.

Horrela, abenduaren 6an Madrilen antolatutako mobilizazioa eta abenduaren 7tik 13ra luzatuko den klimaren aldeko gailur soziala bide horretan aurrera egiteko beste aukera bat dira eta modu positiboan baloratzen ditugu. Era berean, instituzioei eskatzen diegu politika publikoen lehentasunak aldatu eta pertsona zein naturaren interesen alde egingo duten neurri zehatzak har ditzaten. Amaitu da Deklarazioen garaia, larrialdi klimatikoarekin amaitzeko borondate politikoa behar da.

LAB sindikatuak bere konpromisoa berresten du ekosozialismoaren eraikuntzarekin eta norabide horretan aurrera egingo duen trantsizio batekin. Bide honek partekatua izan beharko du eta lau printzipio barnebildu beharko ditu gutxienez: justizia eta eskubide sozialen bermea; feminismoa; ekologismoa eta planetaren zaintza; eta partehartze burujabe eta demokratikoarena. Ikuspegi hauek barnebiltzen ez dituen alternatiba aterabide faltsu bat izango da, izan ere, krisi sistemiko eta anizkoitzaren aurrean modu integralean erantzun behar dugu. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urtarrilaren 30ean deitu duen Greba Orokorrak alternatiba integral horren eraikuntzan beste pausu bat izan nahi du, betiere plano propositibo eta ofentsibo batean.

 

 

 

Euskal Errepublika aldarrikatzeko eguna da abenduaren 6a

Abenduaren 6a jai egun inposatua da Hego Euskal Herrian, Espainiako Konstituzioaren urteurrena dela eta. Bada, lan egutegi propio bat aldarrikatzen dugun neurrian, LAB sindikatuak planto egingo dio inposatutako jai egun horri, eta lan eguna izango da guretzat. Hain zuzen ere, egoitza guztiak zabalik izango ditugu, ohi moduan.

Espainiatik alde egin nahi dugunok ez dugu ezer ospatzeko. 1978az geroztik geure borondatearen kontra lotzen gaituen katea, Espainiako Konstituzioa, lan duina eta bizi duinaren aurkako eraso zuzena da. Eta zer esan emakumeon* egoera espezifikoari dagokionez, Konstituzioaren aterkipean garatu den sistema kapitalista eta heteropatriarkalaren ondorio baitira egun bizi-bizirik dauden diskriminazio ezberdinak, soldata arrakala eta indarkeria matxista.

Ez dugu zer ospatu, baina badugu zer borrokatu: independentzia, sozialismoa eta feminismoa. Demokrazia, justizia eta bakea. Burujabetza. Konstituzio propio bat, Estatu egitura propio bat. Azken batean, Euskal Errepublika aldarrikatzen dugu. Horregatik, EH Bilduk abenduaren 6rako deitutako manifestazioarekin bat egingo dugu, “Aurrera egiteko, Euskal Errepublika!” leloarekin. 12:00etan abiatuko da mobilizazioa, Bilboko Jesusen Bihotzetik.

 

 

 

Erabateko jarraipena izan du Kelvion Thermal-en egindako grebak

0

Kelvioneko langileak mobilizatzen hasi dira, eta, gaur, abenduak 5, lehen greba eguna egin dute. Grebak erabateko jarraipena izan du. Enpresa komiteak mobilizazioekin jarraitzeko asmoa du, egungo lan baldintzen errespetua eta lanpostuen bermea ziurtatu arte. Arratsaldean erabakiko dira hurrengo mobilizazioak.

Igorren dagoen Kelvion Thermal enpresan 96 lagunek egiten dute lan. Siderometalurgia sektorerako egiten du lan enpresak, eta enpresa komiteak LABeko hiru ordezkari ditu eta ELAko bi.

Duela bi hilabete, kanpoko zuzendaritzako kide batek enpresako gerentea ordezkatu zuen, langileen lan baldintzetan murrizketak ezartzeko asmoz. Neurrien artean, aurreikusten dute urteko soldata %20 eta %30 artean murriztea. Enpresak %10 jaitsi nahi du oinarrizko soldata, baita enpresako hitzarmenaren deskuelge bat egin ere Siderometalurgiako Industriako Bizkaiko Hitzarmen Sektorialaren gainetik dauden edukietan.

Komiteak proposamen bat egin du 2020rako, non langileek ez lukete erosmen ahalmenik galduko eta non exijitzen zaion zuzendaritzari enpleguarekiko konpromiso bat eta inbertsio eta lan antolaketa plan sendo bat.

Enpresako zuzendaritzak kaleratzeekin erantzun dio proposamenari. Kaleratze batek 52. Artikuluan du oinarria, baja hartzeagatik lan absentismoa aitzakia hartuta.

 

 

 

Benetako birkokapenik jasotzen ez duen akordiorik ez dugu sinatuko EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

Aurreko azaroaren 9an ELA, Steilas eta CCOOk EAEko Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetako akordioa sinatu zuten. Gaur, Ia hilabete bat pasa denean, mahai negoziatzailea izan dugu sinatutako akordioa lan hitzarmenean txertatzeko.

Aurreko azaroan LABek iragarri zuen bezala, delegatu eta afiliatuekin akordioa aztertu eta kontrastea egin eta gero, hainbat gabezia eta onartezin diren eduki detektatu genituen; besteak beste, enplegua mantentzeko akordioak ez du bermatzen birkokapena emango denik, eta, aldiz, kaleratzeen aukera aurreikusten du edo errelebu kontratua lortzeko beste eskubide historikoari (77.B artikuluari) uko egitea dakar berarekin.

Egoera hori ikusita, LAB sindikatuak gaurko mahai negoziatzailera kaleratzerik ez egoteko hainbat ekarpen eraman ditu akordioako zenbait puntu osatzeko, beste hainbat proposamenekin batera. Kristau Eskolaren esanetan, ez dute akordioa osatzea aurreikusten, beste behin ere negoziaziorako daukaten borondate eza agerian uztiz. Hala eta guztiz ere, LABek hurrengo bileretan akordioa osatzeko ekarpenak egiten jarraituko du, sinatu behar den hitzarmen berrian txertatzeko.

Horretaz gain, LABek agerian utzi du akordioa ez dela betetzen ari hainbat ikastetxetan, eta Kristau Eskolak azaroaren 9an sinatutako akordioa urtarrilaren 1 arte aplikatzeko asmorik ez duela adierazi du, sindikatu sinatzaileen pasibotasunaren aurrean.

Hori dela eta, eta akordioak oraindik langileen beharrei neurriko erantzunik ematen ez diela ikusita, LAB sindikatuak akordioa ez sinatzea erabaki du, eta, aldi berean, aukera paregabea galdu dugula adierazi nahi dugu akordio sendoago bat lortu eta benetako birkokapen planteamendu bat langileei eskaintzeko.

Orain arte bezala, LABek lanean eta borrokan jarraituko du sektore osoko baldintza duin, enpleguaren defentsan eta langile guztien eskubideen alde.

 

 

 

Mobilizazioei ekin diete Lasarteko Michelingo langileek, zuzendaritzaren jarrera miserablea salatzeko

Michelin Lasarteko LABek zuzendaritzaren jarrera miserablea salatu du: soldaten jaitsiera inposatu nahi du, urteko lanaldiaren igoerarekin. Hala, enpresa batzordearen deialdiarekin bat, elkarretaratzea egin dugu lantegiaren atarian.

Hauxe da Lasarteko Michelingo LABen oharra:

Gaur Abenduaren 5 Michelin Lasarteko lan hitzarmenaren 11. bilera egin dugu.

11 bilera egin ondoren, multinazionalak egoera ekonomiko bikaina edukita ere gure soldaten jaitsiera inposatu nahi du, urteko lanaldiaren igoerarekin.

Michelingo LABetik enpresa zuzendaritzaren jarrera miserablea salatu beharrean gaude, saihetsi ezineko gatazka baterantz eramaten baikaitu.

Langileak erabateko babesa erakutsi dute Enpresa Batzordeak deituriko 4 elkarretaratzetik egindako lehen bietan.

Elkarretaratze hauek komiteak aurkezturiko mobilizazio egutegi zabalago bat langileek galdeketan berretsi aurretik egiten ari dira.

 

 

 

Baionako kaleak hartu ditugu, erretreta, lan eta bizi duinaren defentsan

Greba Orokorrera deitu dugu gaur Ipar Euskal Herrian, Frantziako Gobernuak gauzatu nahi duen pentsioen erreformaren kontra. Mobilizazioei ekin diegu goizetik. Hain zuzen ere, Bidarteko Mr.Bricolage ez ixteko aldarria errepideratu dugu lehenik, bertako aparkalekutik Angeluko Castoramaruntz abian jarritako Barraskiko Operazioaren bitartez. Ondoren, Baionako kaleetan mobilizatu gara, geltokitik irtendako manifestazioarekin bat eginez.

Sistema unibertsala puntuen bidez martxan eman nahi dute eta horrekin denok galtzaile izanen gara. Denok gehiago eta denbora luzeagoz lan eginen dugu, gutxiago eta denbora laburrago batez kobratzeko!

Azken 25 urte hobeagoak kontutan hartzea ahanzten ahal dugu eta funzionarioek haien azken 6 hilabeteak ere. Langile bakoitzaren urte txarrenak ere kontutan hartuak izanen dira eta horrek bortxaz erretretak apalduko ditu.

Erretretara joateko adinaren urruntzearekin eta kotizazio urteen luzatzearenkin gaurko eta biharko gazteak geroz ta denbora gahiago lan egitea kondenatzen dituzte. 70 urte arte lan egin beharko dugu erretreta duin bat ukaiteko!

HALA ERE, PUTUEN SISTENA JUSTUAGO DA EZTA?

Proposatzen duten putuen sistema oso txarra da eta ez dakigu puntuaren balioa nola segurtatuko diguten. Gaur 0.55eurotan ematen dute, baina heldu den urteetan balio hori erdiaz zatitua izan daiteke eta orduan gure erretratak ere! Garantziarik eman gabe Macronen gobernamenduak langile guziak "erretreta plano indibidual" bat egitera eraman nahi gaitu eta horrela elkartasun sistema hautsi.

Ez gaiten zepo hortan sartu, erreforma hori ez da justuago ez sinpleago.

BERAZ, GURE ERRETRETARENTZAT, ZER EGITEN DUGU?

Denak prekaritate gehiagorekin biziaraztea, bermerik gabeko erretreta sistema inorentzat ona ez delako, eta horrez gain aldi bat gehiago gure eskubideak zapalduak izatea ez garelako ados; abenduaren 5ean karrikara irten gara.

Abenduaren 5ean, greba egin dugu, lan, bizi eta erretreta duin bat eskatzeko eskubidea daukagulako!

Bakoitzaren erretreta duin bat segurtatzeko, aldarrikatzen dugu:

– Patronalari eginak zaizkion opari fiskalak gelditu behar dira
– Hilabetesari guztien emendapena, emazteenekin hasiz, gizonekiko ezagutzen ditugun desorekak desagertarazteko
– Ikasketak egiten dituzten gazteen urteak kontutan hartuak daitezen
– Berriz 37.5 urte kotizaziora itzuli, berriz erretretara joaiteko aukera 60 urterekin eta SMICa segurtatzen duen pentsio sistema bat

DENOK ELKARREKIN ETA ELKARTASUNEAN, LANGILE GUZTIOK EUSKAL HERRIAN ALTERNATIBAK SORTZEKO AUKERA DUGU!