2026-02-02
Blog Page 566

“Indian bezala, Euskal Herrian ere prekarietateak hil egiten du”

0

Eskolarako poltsak ekoizten zituen New Delhiko lantoki batean izandako ezbeharraren ondorioz gutxienez 43 langile hil direla eta, LAB sindikatuak elkartasun mezua helarazi nahi dio Indiako langileriari. Hain zuzen ere, elkarretaratze bat egin dugu Bilbon. Indiako zenbait sindikatu garrantzitsuk bezala, LABek ere Munduko Federazio Sindikalean parte hartzen du; esplotazio kapitalistaren kontrako eta langileon eskubideen aldeko borroka bera partekatzen dugu.

 
43 langile hauen heriotza, hain zuzen ere, esplotazio kapitalistaren erakusgarri da. Lantokiak ez zituen suteen kontrako oinarrizko segurtasun neurriak betetzen eta legez kanpo ari zen jardunean; langile askok lantokian bertan egiten zuten lo. Eta lo zeundela sortutako suteak eragin ditu heriotza horiek. Argi dago, beraz, zein den heriotza hauen erantzulea: langileon kontura aberasten den patronalarena, izan Indiako patronalarena izan ekoizpen jarduera ugari (tartean ehungintzakoa) Indiara eta inguruko herrialdeetara deslokalizatzen dituen Europako patronalarena. Euskal Herrian egiten dugun bezala, kasu honetan ere salaketa bera egiten dugu: prekarietateak hil egiten du.

Gertakari honen harira, langileon eskubideak urratu eta langileon bizitzak jokoan jartzen dituen eredu kapitalistaren kontra borrokatzeko konpromisoa berresten dugu. Bizitza erdigunean kokatuko duen eredu ekonomiko eta sozial berriaren alde indarrak biltzeko garaia da, hala Euskal Herrian nola mundu zabalean.

 

 

 

Urtarrilaren 30eko Greba Orokorrerako deia egin dugu Iruñean

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok agerraldia egin dugu Iruñean, urtarrilaren 30eko Greba Orokorrerako deia luzatzeko. Hain zuzen ere, greba egiteko arrazoiak soberan daudela adierazi dugu, eta aldarrikapen taula aurkeztu dugu. Ofentsibara joko dugula berretsi dugu, eragileon aldarriak bete daitezen exijitzeko.

Urtarrilaren 30ean Greba Orokorra izango dugu, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta. Antolakunde honetan 100dik gora eragile sozial eta sindikal batzen gara: pentsiodunak, feministak, ekologistak, gazte-mugimendua, bazterketa sozialaren aurkako plataformak, ekonomia alternatibo eta solidarioaren sarea eta euskal gehiengo sindikala, besteak beste.

Grebaren bidez gure erantzuna emango diogu pentsiodunen mugimenduak egindako deiari. Egoera ikusita, beharrezkoa da pentsio, lan baldintza eta bizitza duinaren aldeko borrokan jauzi bat ematea. Badira arrazoiak gaurko eta etorkizuneko pentsiodunak kezkatzeko: pentsio-sistema publikoa babestea, lan-harremanetarako eta babes sozialerako bertako sistema ezartzea, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, edota eros-ahalmena legez bermatzea.

Grebarekin neurri jakin batzuk hartzeko beharrizana azpimarratu nahi dugu, prekarizazioari mugak jartzeko, azken urteetako murrizketak atzera botatzeko, lan-prekarietatea ezabatzeko, lan-baldintzak duintzeko, eta eskubide sozialen defentsan. Bestelako eredu sozio-produktibo baten alde, azken finean.

Grebara garamatzaten arrazoiak 30 neurritik gorako aldarrikapen taula batean bildu ditugu. Iruñean egindako agerraldian aurkeztu ditugu, joan den azaroan Donostian antolatutako agerraldian egin bezala:

2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsio-murrizketak indargabetzea:

• Erretiroa 65 urterekin.
• Erretiro Aurreratua 61 urterekin, 30 urte kotizatuta izanez gero. Koefiziente murriztaileak arintzea.
• Erretiroa hartu ahal izateko adina jaisteko aukera zabaltzea sektore berrietara, bereziki nekagarriak eta arriskutsuak diren sektoreetara, adibidez, garraio-sektorea.
• Pentsioa kalkulatzeko 15 urte hartzea kontutan.
• Pentsioen eros-ahalmena bermatzea (gutxienez KPIaren pareko igoera)
• Pentsioen jasangarritasun-faktorea kentzea.

Beste neurri batzuk pentsioei buruz:

• 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
• Pentsio sistemaren finantziazioa bermatzea, kotizazio sozialen eta zergen bidez.
• Lanaldi partzialeko kontratuetan kotizazioak zenbatzerakoan zigorrik ez aplikatzea. Lan egindako egun bakoitzeko, kotizatutako egun bat.

Zapateroren eta Raxoiren lan-erreformak bertan behera uztea:

• Hitzarmen kolektiboetan ultraktibitate mugagabea.
• Herrialdeko hitzarmenen aplikazioa lehenestea estatu mailako hitzarmenen gainetik.
• Beheko esparruko hitzarmen batek goragoko esparruko beste baten baldintzak okertzeko aukerarik ez izatea.
• Lan-eskubideetan egindako murrizketak atzera botatzea.

Beste neurri batzuk enpleguari eta pentsioei buruz:

• Gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakala eta pentsio-arrakala amaitzea.
• Hileko 1.200 euroko gutxieneko soldata.
• Enplegu egonkorra sustatzea eta kontratazioan ematen den iruzurra zigortzea.
• Lanaldia 35 ordura jaistea, soldata gutxitu barik.
• Bereziki emakumeei ezartzen zaizkien lanaldi partzial inposatuak ezabatzea.
• Azpikontratatutako enpleguan subrogaziorako eskubidea bermatzea.
• Zerbitzu publikoak garatzea, ezarritako murrizketak atzera botatzearekin batera.
• Kontratazioan sexuaren, jatorriaren, ideologiaren, sexu-identitatearen, aniztasun funtzionalaren edo ekonomia-jardueraren araberako diskriminaziorik egingo ez dela bermatzea.
• Kontratazioan prekarizazio-formula oro kentzea (etxeko langileen erregimen berezia, autonomo faltsuak, uberizazioa…)
• Klausula sozialak ezartzea administrazioko azpikontratetan.
• Lanera bizirik itzultzeko eskubidea. Lan Ikuskaritzako plantillak handitzea, Europar Batasunekoekin parekatu arte, eta lan-istripuen eta laneko gaixotasunen aurkako ekintza plan zorrotz bat ezartzea.
• Etxeko lanak eta zaintza lanak duintzea eta gainerako enpleguetan dauden eskubide berberak aitortzea.

Eskubide sozialen bermea:

• Menpekotasun egoeran dauden pertsona guztiei laguntza-zerbitzu publiko, unibertsal eta doakoa legez bermatzea.
• Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta Errenta Bermatua %100ean parekatzea Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin, eta azken hori %50 igotzea bi pertsonak osatutako ohiko unitateetan,
eta beste %50 igotzea 3 pertsona edo gehiagoko unitateetan.
• Alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratzeko eskubidea legez bermatzea, EHko Eskubide Sozialen Kartaren Herri Ekimen Legegileak ezarritako baldintzetan.

Lan-harremanetarako eta babes-sozialerako esparru propioa:

• Euskal Herriko langileek eskubidea izatea pentsio sistema publikoa eta pentsio duinak bermatzeko modurik onena erabakitzeko.
• Lan-harremanetarako gure eredu propioa eta negoziazio kolektiboko marko propioa erabakitzeko eskubidea, kanpoko esku-hartzerik gabe.
• EAEko eta Nafarroako instituzioei dei egiten diegu euren erantzukizunak onartu eta bide horretan aurrera egiteko neurriak har ditzaten, gisa honetako ekimenekin:

1. Gutxieneko pentsioa legez 1.080euro arte osatzea, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuen bidez.

2. Enplegu publikoari dagokionean (zuzenekoa nahiz azpikontratatua): 1.200euroko gutxieneko soldata 35 orduko gehienezko lanaldia ezartzea; gutxienez herrialdeko hitzarmen sektoriala aplikatzen dela bermatzea, baita beste klausula sozial batzuk ere.

3. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan eta etxebizitza eskubidearen alde Eskubide Sozialen Kartak sustatutako Herri Ekimen Legegilea onartzea.

4. Lan arloan ematen den soldata arrakalaren, diskriminazioaren eta indarkeria matxistaren aurkako Lege bat onartzea.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Patronalarentzat askoz deserosoagoa da LAB egotea euren enpresetan”

0

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Goiena Telebistako Harira saioan izan zen atzo, hainbat kontuei buruz hitz egiteko; urtarrilaren 30eko Greba Orokorrari buruz, kasu.
 

 

 

[IRITZIA] “Euskara ez dago osasuntsu Osakidetzan”

LABeko Osakidetzako euskara taldeko kide Gotzone Amurizak Osakidetzako langileek euskaraz lan egin eta erabiltzaileek euskaraz artatuak izateko eskubidea dutela aldarrikatu du iritzi artikuluan.

Abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna igaro da. Egun horretan bertan, Osakidetzan, 2013ko abenduan abiatu zen Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Planari amaiera eman zitzaion. Orain, planaren balorazioa dator eta balorazio honen ostean, III. Planaren diseinua eta onarpena.

II. Plan honen helburuetako bat zerbitzu-hizkuntza gisa euskararen ahozko eta idatzizko presentzia eta erabilera bermatzea izan da. Begi bistakoa da helburua lortzeko oraindik bide luzea egiteko dagoela, gaur egun oraindik ez baita zerbitzu euskalduna bermatzen. Planaren arabera, lehentasun gorenekoak diren unitate askotan ere, umeen arreta guneetan edota informazio guneetan, adibidez, oraindik erabiltzaileen kexak sortzen dira zerbitzua euskaraz jaso ezin izanagatik.

Planaren arabera, Osakidetzan euskara lan hizkuntza izan dadin ere pausoak eman behar ziren urte hauetan. Zoritxarrez bide honetan ez da aurrerapauso txikiena ere eman. Euskarak baztertua izaten jarraitzen du lan hizkuntza izateari dagokionez, horretarako baldintza egokiak dituzten unitateetan ere. Zuzendari eta jefaturek, orokorrean, euskararen normalizazioarekiko anbizio eta konpromiso gabezia nabarmena izatea izan da Euskara Planak behar besteko emaitzak ez ematearen arrazoi nagusietako bat, eta euskara lan hizkuntza izatearen inguruan aurrerapausorik ez ematea horren erakusle garbia da.

LABetik, Euskararen Plana eta legedia betetzen direla motzean jarraitzen dugu eta horrek, urte hauetan, Osakidetzari hainbat eta hainbat interpelazio, kexa eta salaketa egin behar izatera eraman gaitu. Etengabe aritu behar izan gara zuzendaritza eta arduradun desberdinei gutxienez beraien araudiak, Euskara Planak, ezartzen dituen minimoak bete zitzaten eskatzen. Karteldegia, intraneta, kontratazioa, lanpostuen Hizkuntz Eskakizunak, ikastaroetako hizkuntza, erabiltzaileenganako zerbitzua, lan-hizkuntza… Behin eta berriro, Euskara Planaren arabera bete beharrekoak ziren hainbat minimo urratzen zirela ikusi dugu eta Osakidetzari etengabe eskatu zaio urraketa horiek zuzentzeko.

Osakidetzan Euskara sustatzeko lidergoa izan behar dutenak izan dira neurri handi baten normalizaziorako oztopo handienak jarri dituztenak. Publikoki bestelakorik adierazten duten arren, urte hauetan ikusitakoak ikusita, argi eta garbi esan dezakegu euskara ez dela izan, eta ez dela gaur egun, inolaz ere lehentasunezko gaia ez Osakidetzako Zuzendaritza Nagusian, ez Zerbitzu Erakunde desberdinetako zuzendaritza organoetan, ezta tokian tokiko jefaturetan ere. Salbuespen isolatu batzuk egon badaude, baino panorama orokorra benetan etsigarria da, eta zuzendaritzek euskararen normalizazioari arreta eta dedikazioa jarri arte nekez emango du euskarak aurrerapauso handirik Osakidetzan.

Osakidetzak langileen gain jarri du zerbitzua euskalduntzeko pisu gehiena, baina euskararen normalizazio prozesuak zuzendaritzen inplikazio aktiboa behar du ezinbestean.

Euskararen erabilera normalizatzeko III. Plana Osakidetza euskalduntzea lortzeko plangintza izatea espero dugu. Salto kualitatiboa, euskara jakitetik euskara erabiltzen duen Osakidetza, nahi dugulako. Osakidetza euskahalduna nahi dugu.

Horretarako, LABetik, Osakidetzako arduradunei, euskararen normalizaziorako lidergotza, inplikazioa eta erantzukizuna hartzea eskatzen diegu. Zerbitzua euskalduntzeko asmoz, trabarik gabe, lanean jardungo duen lidergotza.

Osakidetzako langileok euskaraz lan egin, eta erabiltzaileok euskaraz artatuak izateko eskubidea dugulako.
 

 

 

Mobilizatzen jarraitzeko deia luzatu dugu Baionan, lan, pentsio eta bizitza duinaren defentsan

Greba eguna dugu gaur, berriro, Ipar Euskal Herrian. Joan den ostegunean egin bezala, Baionako kaleak hartu ditugu erretreten defentsan. Hain zuzen ere, Macronen Gobernuak sustatutako erretreten erreformarekin, denok gehiago eta denbora luzeagoz eginen dugu lan, gutxiago eta denbora laburrago batean irabazteko.

Macronen Gobernuak langileak, prekarioak, gazteak eta gaixorik direnak babesten dituzten berme kolektiboekin amaitu nahi du. Erreformaren helburua Erresistentzia Kontseilutik sortutako errepartizio edo banaketan oinarritutako erretreta sistema haustea da. CAC 40 sistemak inoiz baino etekin gehiago izanik, berreskuratu eta bana ditzagun irabazi horiek! Sistema hori hobetu behar dugu, denen pentsio eta bizi baldintza duinak bermatuak izan daitezen.

Denok ahal dugun neurrian mobilizatu behar gara mugimendu historiko hau hedatzeko:

-Nagusi edo patroi handiei eginak zaizkien opari fiskalak gelditu behar dira.
-Hilabetesari guztien emendapena, emazteenekin hasita, gizonezkoekiko diren soldata ezberdintasunak desagertarazteko.
-Ikasketak egiten dituzten gazteen urteak kontutan hartuak izan daitezen.
-Berriz 37,5 urte kotizazioetara itzuli, berriz 60 urterekin erretretara joateko aukera eta SMICa bermatzen duen pentsio sistema bat plantan jartzeko.

Urtarrilaren 30erako deia
Baionako manifestazioan, Ipar Euskal Herriko LABeko arduradun Eñaut Aramendik eta LABeko Exekutiboko kide Edurne Larrañagak hartu dute hitza, eta mobilizatzeko beharra nabarmendu dute.

Hain zuzen ere, Edurne Larrañagak adierazi du Frantzian eta Espainian hartzen ari diren erabakiak norabide berean doazela: "Elkartasuna eta eskubideak bermatu beharko lituzkeen sistema batetik kapitalizazio sistema batera ematen ari dira urratsak, langileon bizi eta lan baldintzak okertuz. Hori dela eta, mobilizazioekin jarraituko dugu Frantziako Gobernuak erretreten aurka hartutako erabakiak salatzeko, eta, aldi berean, deia luzatzen dugu Hego Euskal Herrian egingo dugu Greba Orokorrerako. Hain justu, urtarrilaren 30ean, lan, pentsio eta bizi duina aldarrikatuko dugu. Ofentsibara planteatzen dugun Greba Orokorra da, bizi, lan baldintza eta pentsio sistema duinak izateko neurriak exijitzeko".

Eñaut Aramendik Macronen Gobernuak sustatutako pentsioen erreformaren ondorioak ohartarazi ditu: “Bizi baldintzak okertuko ditu, pentsio sistema ahalduko du eta, bereziki, gazteak kaltetuak izango dira, ez baitute pentsio sistema duin bat izango lan ibilbidea bukatzerakoan. Beraz, ezin ditugu gauzak bere horretan utzi. Europan markatzen ari den bide batetik etorri dira erabaki hauek guztiak, eta, horregatik, borroka honi ikuspegi nazional bat eman behar zaio".

 

 

 

Elecnor enpresako langileek hasiera eman diote greba mugagabeari

0

Gaur hasi dute Elecnor Comunicaciones enpresak Araban duen langileen greba mugagabea. Telefónica-ko azpikontrata honek bi elkarretaratze burutu dituzte haien egoera salatzeko, batetik enpresaren aurrean goizeko 09:00-10:00 bitarte, eta bigarrena General Loma plazan dagoen Telefónica dendaren aurrean eguerdian.

Lehen greba jardunaldi honetan, Instalazio eta Mantentze (I+M) ataleko langileen %100-ek egin du bat grebarekin, eta baita beste atal batzuetako langile askok ere.

Pasa den asteko asteazkenean, enpresak eskura eman zion idazki bat langile bakoitzari greba egin ez zezaten, bakoitzari banaka deituaz. Duela haste batzuk greba bera erregistratu zenetik, hau da enpresak eman duen pausu bakarra, eta argi ikusi dira bere gezurrak eta engainuak. Gogoratu behar da soilik 2018 urtean bere lagunen artean 28 milioi euro banatu zituztela. Gainera, komunikabide ezberdinetan argitaratu dute fakturazioa %1,5 handitu dutela urtarrila eta iraila bitartean. Honek argi uzten du enpresak langileon baldintzak duintzeko duen borondate eza, langileon esfortzuaz baliatuz gutxi batzuen poltsikoak betetzeko.

Gainera, beste herrialde batzuekin josten ari den langileen ordezkari sareari esker, jakin dute probintzia ezberdineko langileak Arabara lanera etorri behar dutela jakinarazten ari diela enpresak. Hau grebalarien greba eskubidearen urraketa larria da.

Hau guztiagatik, goizero eta eguerdiro elkarretaratzeak burutzen jarraituko dute enpresak bere aldarrikapenei erantzun arte, eta gainera Telefónica-ko bezeroei laguntza eskatuko diete, Telefonica-k berak pausuak eman ditzan gatazka konpontzeko.

 

 

 

Haurreskolak Partzuergoaren mahai negoziatzailetik altxa gara, langileei egindako iruzurra salatzeko

0

Bihartik aurrera kudeaketa arloko afiliatu zein gainontzeko langileekin bilduko gara eta denon artean erabakiko dugu zein izango den aurrera egin beharreko bidea eta gure erantzuna.

Gaur, Bilboko Eusko Jaurlaritzako Delegaritzan Haurreskolak Partzuergoaren mahai negoziatzailea bildu da. 2018an Haurreskolak Partzuergoaren langileentzat LAB sindikatuak sinatutako akordioan garatzeke zeuden kudeaketa arloko negoziazioan aurrera egiteko asmoz etorri gara. Izatez, 2018ko akordioa sinatu genuenetik, bere garapena lortzeko helburua izan dugu eta horren alde etengabe lan egin dugu.

Akordioa sinatu genuenetik, kudeaketako langileek eskatzen ziguten moduan, ordezkoen zerrendak zabaltzea lortzeaz gain, Hezkuntza departamentuaren kudeaketako langileen baldintzen ekiparazioa eskatzeko bidea zabaldu genuen. Horretarako, Lanpostuen Balorazio Batzordea osatu eta guztion ekarpen eta lanarekin, proposamen bat landu genuen. Horrez gain, mahai negoziatzailean guztion ekarpenekin kudeaketako langileen ordezkoen araudia, barne sustapenerako araudia eta ordezkapenak egiteko kasuistikaren dokumentuak negoziatu ditugu.

Irailaren 11n, LAB sindikatuak azken ekarpenak egin zituen, departamentu honetako lan kargak txikitzeko lanpostuen zerrenda handituz eta abian jarritako ekiparazio prozesua nola gauzatuko zen zehaztapenak eskatuz. Ordutik, Administrazioaren partetik ez dugu inolako erantzunik jaso eta mahai negoziatzailerik ez du deitu gaur arte. Hori dela eta, gaurko bileran Hezkuntza departamentuko eta Partzuergoko arduradunei exijitu diegu egindako eskaerei ganorazko erantzun bat ematea, kudeaketako langileei zor zaien akordioaren garapena bermatuko duena.

LAB sindikatuak negoziazio kolektiboan sinesten du eta hainbat eta hainbat saiakera egin ditugu akordio batera iristeko, baina une honetan bide guztiak agortu ditugu. Administrazioaren aldetik ez dugu ganorazko erantzunik jaso, ezin esan gabe utzi beren lanak oraindik ere ez dituztela bete. Haurreskolak Partzuergoan, Irakaskuntza publikoko beste sektoreetan gertatzen ari den bezala, haiek sinatutako akordio desberdinak biribiltzeko aurrekonturik ez dutela argi utzi digute, eta, beraz, ez digute beste biderik utzi. Gaurkoan, langileoi egin diguten iruzurra salatzeko, mahai negoziatzailetik altxa gara. Haurreskolak Partzuergoko haurreskolen kudeaketa guztia langile hauen menpe dagoenez, kolektibo osoan izango du eragina, baita familiengan ere.

 

 

 

Jendetza batu da Bilboko kaleetan, Euskal Errepublikaren alde

EH Bilduk deitutako manifestazioarekin egin dugu bat, Konstituzio propio bat, Estatu egitura propio bat nahi eta behar dugulako. Gaurko egunean, abenduaren 6ko inposatutako jai egunaren etorrerarekin, ez dugu zer ospatu, baina badugu zer borrokatu: independentzia, sozialismoa eta feminismoa. Demokrazia, justizia eta bakea. Burujabetza. Azken batean, Euskal Errepublika aldarrikatzeko eguna dugu.