2026-04-05
Blog Page 564

Argentinako CTA-Autonomarekin elkartu gara

0

LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu eta Nazioarteko Harremanetarako idazkari Koldo Saenz Argentinako CTA-Autonomako Fito Aguirre eta Gonzalo Manzullorekin elkartu dira Bilbon.

Bilera Euskal Herriko eta Argentinako egoera polítiko eta sindikalaren inguruan sakontzeko erabili dugu, bi herrialdeetako testuinguruak aztertu, eta eraldaketa politiko eta sozialetan sakontzeko sindikatuok jokatu beharreko paperaren inguruan solastu dugu.

Argentina aldaketa prozesu batean dago. Mauricio Macri ultra-eskuindarraren lau urtetako agintaldiaren ondoren, berriro ere herriarengan ilusio piztu duen ezkerreko koalizio batek irabazi ditu hauteskundeak, Alberto Fernandez lehendakari berri bezala aukeratua izan delarik.

Azaldu digutenez, lan handia dago egiteko eta gobernu berriak erronka garrantzitsuak ditu aurrez-arre; hala nola, aurreko gobernuarengandik “herentzian” jasotako kanpo zor neurrigabea. Sindikalgintzak lau urte hauetan urratuak izan diren langileen eskubideak berrezartzea eta herritarron ongizatea defendatzeko erronka dute, eta horregatik testuinguru politiko berrira egokitu den estrategia definitzeko kongresu berezia egin zuen CTA-Autonomak pasa den abenduan, LAB sindikatua bertan egon zelarik.

LAB sindikatuak Argentinako langile klasearen eta sindikatuen alboan egoten jarraituko du, nazioartetik ahal dugun neurrian aldaketa prozesuen alde lan egiten. Horretarako CTA-Autonoma bezalako sindikatuekin harremanetan sakontzea behar-beharrezkoa da, eta gaurkoa bezalako bilerek garrantzi berezia hartzen dute.

 

 

 

Eskola-jangela berriak diseinatzeko, hezkuntza komunitate osoaren parte hartzea exijitu diogu Eusko Jaurlaritzari

0

Eusko Legebiltzarraren legegintzaldiaren amaierarekin eta honek Eusko Jaurlaritzari eskola-jangelen eredua aldatzeko emandako epearen amaierarekin kointzidituz, familiek, langileek, ekoizleek eta eragile sozial eta sindikalek osatzen dugun "Gure Platera Gure Aukera" ekimenak agerraldia egin du. Bertan, egungo egoera baloratu dugu eta etorkizunerako proposamenak egin ditugu.

Hauxe da gaurko agerraldiaren harira osatutako adierazpena:

Familiek, langileek, ekoizleek eta eragile sozialek osatutako ekimena da "Gure Platera Gure Aukera". Bere helburua da eskola-jantoki osasuntsuagoak eta jasangarriagoak lortzea.

Azken urteetan ehundaka pertsonek egindako lanari esker, kasu askotan boluntarioa, gaur egun eskola-komunitateak sentsibilizatuta daude jangela osasuntsuagoak eta jasangarriagoak lortzeko beharraz.

Gero eta eskola-komunitate, eragile sozial eta politiko gehiago daude aldaketaren alde, eta proposamen eraldatzaileak egiten ari dira gure seme-alabek ez ditzaten jan catering enpresa handiek euren platerretan jartzen dituzten elikagaiak.

Elikadura osasuntsua eta jasangarriarekin kontzientziatuta dagoen gizartea daukagu, eta bereziki eskola-jangelak duen hezkuntza-balioaz. Iritzi berbera dauka Eusko Jaurlaritzak?

Iruzurra eskola-jangeletan
Gaur egun eskola-jangelak kudeatzen ari diren catering enpresak zazpi milioi eurotik gora ordaintzera zigortuak izan dira merkatua banatuz iruzur egiteagatik diru publikoari, familiei, langileei eta elikagaien kalitateari. Sistemak ez du funtzionatzen, argi dago.

Eusko Jaurlaritzako jantoki-batzordea
2018an, aldarrikapen historiko bati kasu eginez, eskola-jantokien batzordea martxan jarri zuen Hezkuntza sailak. Bertan parte hartu genuen langile, familia eta zuzendaritzek. Urte oso bateko lanaren ondoren, edukirik gabeko aldebakarreko proposamena egin zuen Hezkuntza sailak: nahi zuten IGE-ek euren gain hartuko zuten jangelen kudeaketa osoa. Hezkuntza-komunitate osoak proposamen honen aurka egin zuen, besteak beste ez dagokielako familiei Administrazioari dagokion hezkuntza-eremu publiko baten kudeaketa.

2019ko urriko akordioa Legebiltzarrean
Urriaren 24ean Eusko Legebiltzarreko partidu guztiek 4 hilabeteko epea eman zioten Eusko Jaurlaritzari jantokien plegu berriak inplikatutako eragileekin kontrastatzeko eta beste eredu deszentralizatu batzuk aztertzeko. Horretaz gain, datorren ikasturterako araudi berri bat egitera premiatu zuten, kalitatea eta segurtasuna bermatuz baita lan-baldintzak ere, eta sukaldeak egitera hala eskatzen zuten ikastetxeetan.

Eta nola gaude orain?
Bestelako kudeaketa ereduak eta araudi berria. Hezkuntza-komunitateek eta eragileek hainbat proposamen egin dituzten arren, gaur egun Eusko Jaurlaritzak ez du ipini mahai gainean alternatibarik catering enpresa handien kudeaketari. Ez dago ere proposamenik egungo araudia aldatzeko.

Kontratu berria. Azaroaren amaieran Hezkuntza sailak kontratu berriaren zertzelada gutxi batzuk aurkeztu zizkion soilik EHIGE-ri, familien ordezkari den heinean. EHIGE-k erantzun zion aldaketek ez zutela zerbitzua funtsean hobetuko. Gainontzeko eragileek (langile, etabar) ez dute informaziorik jaso. Gaur egun ez dakigu zeintzuk diren Hezkuntza sailaren asmoak.

Sukaldeen eraikuntza. 2019-2013 Azpiegituren Planak zazpi sukaldeen eraikuntza jasotzen du beste hainbat ikastetxetan. Eskaera gehiago ba daude eta Hezkuntza saila berauek aztertzen ari da baina gaur egun ez dago konpromiso argirik.

Eta egoera honetan, zer proposatzen dugu?
Alde batetik, gure prestutasuna agertu nahi dugu, berriro ere, eskola-jangela osasuntsuagoak eta jasangarriak lortzeko. Bestalde, zera eskatzen diogu Hezkuntza sailari:

• Berma dezala eskola-jantokia hezkuntza-eremua izango dela, eta ez soilik gure seme-alaben elikadura eta zaintza zerbitzu hutsa, dagozkion lan-baldintzekin, eta orain arte bezala Hezkuntza sailaren baitan.

• Ikastetxe publikoen erabaki-ahalmena handitu dezala, nahi duten jangela mota aukera ahal izan dezaten. Horretarako beharrezkoa da kudeaketa osagarrirako proposamen errealak eta bideragarriak egotea.

• Elikadura osasuntsua eta jasangarria, hala nola lan-baldintzak bermatuko dituen plegu berriak egin ditzala.

• Sukaldeak eraiki ditzala posible den ikastetxeetan.

• Elikadura erdigunean ipini dezala, bestelako edozein helbururen gainetik.

"Gure Platera Gure Aukera" ekimenetik exijitzen eta pausuak ematen jarraituko dugu eskola-jangela osasuntsuak, jasangarriak eta hezitzaileak lortzeko, gutxienez egungo lan-baldintzak bermatuko dituztenak.

 

 

 

Erandioko La Auxiliar Navaleko langileak greba mugagabean dira euren etorkizunaren alde

0

Gaur, 2020ko otsailaren 19an, La Auxiliar Navaleko langileek greba mugagabeari ekin diote. 2019ko azarotik, pertsona eta entitate desberdinekin batu dira, bizi duten egoerari irtenbidea topatzeko asmoarekin. La Auxiliar Navaleko jabe diren Antonio eta Alberto Arredondoren pasibitate eta inmobilismoak eraman diete egungo egoerara; greba mugagabea abiatzera, hain zuzen.

Hauexek dira langileen hitzak, hedabideei igorritako oharrean:

Ez da erabaki erraza izan, baina gure eskubide eta etorkizunen defentsan dugun bide bakarra da, bidean behin eta berriz oztopoak aurkitu ostean. Planto egiteko unea da, makinak amatatu eta kalera ateratzeko momentua da.

2019ko azaroan esan genuen moduan, enpresaren kudeaketa kaxkarrak langileok prekarietatera kondenatu gaitu: soldatetan atzerapenak, garbitasun eta segurtasun falta nabariak eta gure lanpostua bermatuko duen industria plan eza.

Antonio eta Alberto Arredondoren jarrera eta kudeaketa desegokiak, egun 25 familia egoera kritikoan utzi gaitu. 25 familia bere egunerokotasunean aurrera egin ezin dutenak lan baldintza eta egoera jasangaitza dela medio,

ALESA Antonio Arredondoren enpresa zenak, gu geu gaur egun jasaten ari garen egoeran egon ondoren, ateak itxi zituen bertako langileak lau sosa emanez kaleratuz.

La Auxiliar Navaleko langileak borrokan! Gure etorkizun eta eskubideen defentsan!
 

 

 

Elkartasun mezua Italiako Piaggio CT-eko emakume langileekin

0
Euskal Herritik LAB sindikatuak enpleguaren alde borrokan dauden Italiako Piaggio CT-ko emakume langileei bere elkartasun eta babes osoa bidaltzen dio. Piaggio CT enpresako langileak 12 urte lan baldintza prekarioetan lanean aritu ondoren kaleratuak izan ziren, eta horren ondorioz borrokaldi bat abiatu zuten. Borrokaldi honetan berriki enpresako teilatura igo eta okupatu egin zuten enpleguaren defentsarako negoziazio bat aldarrikatuz. Enpresak etengabe “social shock absorbers” deiturikoak erabili zituen eta mugagabe lanaldi partzialeko kontratuak erabili zituen; hitz gutxitan azaltzeko lan eskubideak murriztek ahalik eta etekin ekonomiko handiena lortzen saiatu zen urte guzti hauetan.

Piaggio CT enpresako langile guztiak emakumeak dira, eta borroka honek besteak-beste zerbait erakusten badu bereziki emakumeak pairatzen dituzten lan baldintza prekarioak dira. Berriki Euskal Herrian gehiengo sindikalak greba orokor bat deitu genuen. Grebaren aldarrikapenen artean gizon eta emakumeen artean dauden arrakala ezberdinekin bukatzea zegoen; hauxe baita Euskal Herrian ematen den egoera:

-Emakumeen langabezi tasa %10,2koa da (gizonezkoena %7’9).
-Lanaldi partzialen %80 inguru emakumeek burutzen dituzte.
-Emakume langileek orduko %13’8 gutxiago kobratzen dute.
-Pentsio baxuenak dituzten pertsonen %69-a emakumezkoak dira.

Greba orokorrean ere honakoa aldarrkatu genuen:

-Gizon eta emakumeen artean dagoen soldata arrakalaren bukaera.
-Emakumeei inposatzen zaizkien lanaldi partzialekin bukatzea.
-Jatorri sexual, ideologi, nortasun sexual eta aniztasun funtzionalarengatik ematen den diskriminazioarekin bukatzea.
-Etxeko eta zaintza lanak duintzea, eta beste lan batzuek dituzten lan baldintzak errekonozitzea.

Emakumeekin ZOR PATRIARKAL bat dago; hein handiago edo txikiago batean, zaintza lan guztiak eta bizitzaren sustengurako beharrezkoak diren lan guztiak gure bizkar eta doan geratu direlako eta lan hauetatik sistema kapitalistak zein jendarte osoak atera du probetxua.

Arrazoi guzti hauengatik, Piaggio CT enpresako emakume langileei eta Italiako USB sindikatuari gure elkartasun eta babes osoa bidaltzen diegu lan baldintza prekarioen kontra eta langile hauek berronartzearen alde daramaten borroka honetan.
 

 

 

Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeetako hautagaiei galdetegi bat helarazi diegu, herritarrek euren konpromisoen berri izateko

0

Justizia soziala bermatzeko eta ingurumenaren defentsarako dinamiketan inplikatuak gara LABeko kideak, egunerokotasunean. Horretarako, galdetegi bat osatu dugu Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeetako hautagaien iritziak jakiteko, hainbat gairen inguruan. Emango dituzten erantzunak publiko egingo ditugu, zerrenda bakoitzaren lehentasunak eta konpromisoak ezagutzeko. Izan ere, gaurko hautagaiak izango baitira biharko Euskal Herriko langile guzientzat erabakiak hartuko dituztenak.

"Tokiko eta kalitatezko zerbitzuen alde zaude?", "Euskal Herrian euskararen ko-ofizialtasunaren alde zaude?"… hainbat gairen inguruko hamahiru galderez osatutako galdetegia helarazi diegu Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeetako hautagaiei. Euskara, ingurumena, berdintasuna, bake prozesua…  gai hauei guztiei buruz duten iritzia jakin nahi dugu. Hala, erantzunak publiko egingo ditugu, herritarrek haien lehentasunak eta konpromisoak ezagutu ditzaten bozka eman aurretik.

 

 

 

Zazpi urte geroago, Gipuzkoako metalgintzaren negoziazio mahaia eratu da

0

Gaur, otsailak 18, eta Adegi patronalak Gipuzkoako metaleko lan hitzarmenaren negoziazioa itxitzat ematea erabaki eta 7 urtera, hitzarmenaren negoziazio mahaia eratu da. LABek argi du hitzarmen duin bat izateko bermerik onena sektoreko langileak aktibatzea dela, eta horretarako lanean jarraituko dugu datozen asteetan, gure militantziarekin eta sektorean ditugun 500 ordezkariekin batera.

Bilera horretara, patronalen aldetik, Adegi baino ez da aurkeztu, eta sektoreko ordezkaritza bere gain hartu du. Sindikatuen aldetik, ez dago aldaketa handirik euren ordezkaritzan 4 nagusien artean, salbuespen batekin: LAB sindikatuak duen hazkunde handia, zehazki, 4 puntu baino gehiago hazi da mahaiaren azken osaketatik, %30,28tik egungo %34,37ra. Datu hori gure militantziak egindako lan onaren eta Gipuzkoako metalurgikoek gure proiektu sindikalari emandako gero eta babes handiagoaren emaitza da.

Proiektu sindikal sinesgarria da LABena, eta sektoreko hitzarmen duin baten alde egin duena beti, aberastasuna modu justuan banatzeko eta sektoreko langile guztientzako eskubideak bermatzeko. Horregatik, gure militantzia guztiari zorionak eman nahi dizkiogu, aurpegia hautsi eta grebak egin baititugu, askotan enpresetan bakarrik defendatuz sektoreko hitzarmenaren baliozkotasuna, ez bakarrik patronalaren aurrean. Mahai hau pentsaezina da gure militantziaren lan eskerga hori gabe.

Baina ez gaitezen engaina, enpresaburuen mozkinak izugarriak izan arren, 2017an 803 milioi euroko mozkina aitortu arren, 2011. urteaz geroztik hitzarmena negoziatzeari uko egin dion patronal honek ez digu ezer oparituko mahaian.
Langileek sortutako aberastasuna banatuko duen hitzarmen bat nahi dugu, prekarietatea murriztuko duena, lan-erreformari eta estatalizazioari aurre egingo diona, hitzarmen feminista bat, eta ahulena babestuko duena. Adegiren indibidualizazioaren aurrean, langile klasearen batasun handiagoa bultzatuko dugu.
 

 

 

Sindikalgintza feministatik batuko gara Martxoaren 8ko mobilizazioetara

0

Gure indarrarekin eta sindikalgintza feministatik gu ere batzen gara borrokara! Martxoaren 8an, LABek bat egingo du Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioekin.

Iruñean aurkeztu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8ko mobilizazio eguna. Kalera irtetzea ezinbestekoa dela aldarrikatu dute agerraldian, eta egun horretarako deitutako mobilizazioen berri eman dute.

Hona hemen agerraldian irakurri duten oharra:


 

 

 

Uruguaiko PT CNT sindikatuaren bisita jaso dugu

0

Uruguaiko PIT CNT sindikatuko Nazioarteko arduradun Jorge Bermudezen bisita izan dugu. Hain zuzen ere, LABeko Nazioarteko idazkari Koldo Saenzekin bildu da, eta Euskal Herriko eta Uruguaiko egoera sozio-politiko-sindikalari buruz hitz egin dute.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Errealitateak erakusten du egungo sistema zorretan dagoela emakumeekin”


Emakume eta gizonen arteko soldata berdintasunaren aldeko eguna da otsailaren 22a. Honen bezperetan, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Idazkaritza Feministako idazkari Elixabete Etxeberriak soldata-arrakalari aurre egiteko neurriak eta honetarako martxan jarriko ditugun ekimenen berri eman dute. Hain zuzen ere, mintegi bat egingo dugu ostiralean Gasteizen. Bertan, lan guztiak modu kolektiboan eta ekitatiboan aitortzeko, berrantolatzeko eta banatzeko beharraz arituko gara; zaintza lanak, tartean.  


Soldata arrakala arazo politiko bat da, eta, horregatik, arazo hau gainditzeko bi elementu hauei heldu behar zaie:

-Lan guztiak modu kolektiboan eta ekitatiboan aitortu, berrantolatu eta banatu behar dira; zaintza lanak barne. Izan ere, emakumeak dira nagusiki zaintza lanen ardura hartu behar izan dutenak. Ezinbestekoa lana da bizitza sostengatzeko, eta lan hau gehienetan doan egin izan dute, sistema kapitalista eta jendarte orokorraren mesederako. Honek suposatu du emakumea bigarren mailan eta modu subsidiarioan egotea lan merkatuan.

-Lanean ematen den sexu araberako banaketarekin amaitu behar da. Banaketa honek emakumeak zigortzen ditu soldata okerragoa izatera, borondatearen kontrako kontratu partzialak izatera, prekarietate gehiago pairatzera.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “errealitate honek erakusten digu egungo sistema zorretan dagoela emakumeekin. Ordaindu behar zaigun zor bat dago. Zor honi zor patriarkala deitzen diogu".

Sindikatuaren helburua zaintza lanen banaketa bidegabea modu kolektiboan berrantolatzea dela berretsi du LABeko idazkari nagusiak. Bitartean, zor hori kitatzen hasteko, enpresek eta instituzioek neurri batzuk hartu behar dituztela adierazi du:

-Enpresek lanpostuen balorazio berri bat egin behar dute, ikuspuntu ez sexista batetik. Emakunde, INAI eta Gasteizko eta Nafarroako gobernuak bezalako instutuzioek pautak, tresnak eta baliabideak jarri behar dituzte balorazio hauek egiteko. Eragin faktorearen arabera baloratu behar dira lanak, bizitzaren iraunkortasunean duten eraginaren arabera.

-Horretaz gain, neurriak hartu behar dira emakumeek enplegua aurkitzeko pairatzen duten diskriminazioaren aurrean; 1.200 euroko gutxieneko soldata ezarri behar da; lanaldia 35 ordura jaitsi behar da enplegua sortzeko eta lan guztiak banatzeko, inposatutako lanaldi partzialekin bukatuz eta 20 orduko gutxieneko lanaldia ezarriz; subrogazio eskubidea bermatu behar da.