2026-05-03
Blog Page 564

GTS AIEko langileek protesta egin dute Gestamp Global Tooling-en aurrean, Derion, honek inposatzen dizkien lan-baldintzen aurrean

0

Zamudioko GTS AIEko langileek, Gestamp-ek Bizkaian duen trokelgintza hotzerako garapenerako ingenieritzak, lanuzteak hasi zituzten joan den otsailaren 11n. Gestamp taldeak Bizkaian dituen sozietate honetako 50 langileak euren hitzarmenaren alde ari dira borrokan eta Gestamp eta Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Industria 4.0ren aldeko apustu irmoa eskatzen diote.

2006an sortu zuten GTS AIE, Matriceria Deusto eta Araluce sozietateeetako ingenieritzetako teknikariak subrogatuz. Helburua, Gestamp Bizkaiko matrizerien talderako zerbitzu-ingenieritza sortzea zen.

Gaur, 14 urte beranduago, 3 sozietate hauekin hasi zen matrizerien talde hau Bizkaiko Gestamp-eko “tooling” deritzon negozioa bilakatu da, eta honen osoa Derioko Parke Teknologikoan dagoen Gestamp Global Tooling-ek dauka.

Lana eta jabearen jaun eta jabe bilakatu da Gestamp Global Tooling, arlo honetako lantegiei, GTS AIE barne, bere exijentzia eta baldintzak inposatuz, kontuan izan gabe ingenieritza eta tailerrak direla bere aberastasuna sortzen dutenak. Euren urteroko emaitzetan ikus daitekeen aberastasuna.

GTS AIEko langileak nekatuta daude negozio eredu honetaz, bere manipulazioez eta bere politika sozialez. Horrela, kalera ateratzen hasi dira euren haserrearen berri ematera, suminduta, ikusten dutelako tooling negozioak aberastasuna duela, sistematikoki langileak gehiegikerian oinarritutako politika sozialetara eta estutze ekonomikoetara behartzen dituzten bitartean.

2019ko urrian, autogintzak bizi zuen ziurgabetasun egoera argudiatuz, Aldi Baterako EEE mehatxatu zituzten, tooling-eko zuzendaritzak ingenieritzako kolektiboarentzat modu esklusiboan ezarritakoa, justifikatutako arrazoi ekonomikorik ez zuena eta helburu horretara guztiz egokitutako lan-kargekin.

Iruzur egin dietela sentitzen dute GTS AIEko langileek, bideragarritasun plan eta estrategia ezberdinen aldeko apustua egin dute urte hauetan zehar, eta langileen poltsikoaz estutzeaz aparte, ez diote inolako etorkizunerako bultzadarik ekarri langileon etorkizunari.

GTS AIEko batzordeak ahalegina egin du Gestamp eta Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako I+G+B egitasmoetan espazioa izateko, 2019an iragarritako Industria 4.0 esaterako, alternatibak eta etorkizuna bilatuz GTS AIEko langileentzat Bizkaiko autogintza sektorearen garapenean. Inork entzuten ez dituen deiak eta zeintzuetan tooling-eko zuzendaritzak baztertuta dituen.

Hori dela eta, lanuzte hauetan, instituzioei deia egin zaie esku har dezaten Bizkaian Gestamp bezalako multinazional handien esku uzten duten baliabideen kudeaketan. Behin emanda, enpresa-batzordeak ikusten du ez duela hauen gaineko ez kontrol ez jarraipenik egiten. Esku pribatutetan jartzen duten dirua da “herri honen industriaren aldeko apustuaren” aitzakiarekin, baina praktikan, prekarizazio-politiketan sakontzeko balio dutenak.

Negozio-politika hau Bizkaiko Gestamp taldeko beste lantegi batzutako langileek salatu zuten iaz, eta enpresa ezberdinetan greba egun indartsuak egin zituzten enplegua eta lan-baldintzen alde.
 

 

 

Greba mugagabea abiatu dute Asteasuko Siemens-Gamesan

0

Martxoaren 3an eta 5ean egindako 24 ordutako greben ondoren, greba mugagabea hasi dute Asteasuko Siemens-Gamesako txandakako langileak. Gaurkoan, deialdiak %100eko jarraipena izan du eta langileek, Siemensek Sarrigurenen duen lantokira eraman dituzte euren aldarrikapenak. Bihar, martxoaren 10ean, enpresa aurrean mobilizatuko dira.

2019ko urtarrilean enpresarekin hitzarmen berria negoziatzen hastean, bi helburu garbi zituen Asteasuko lantegiko enpresa-batzordeak: enplegu bermea eta hitzarmena, hau da, orain arte enpresak sortu dituen langile kolektiboen diskriminazioa eta soldata arrakala txikitzeko bidean hastea.

Enpresak ordea, enpleguaren bermea hitzarmenarekin loturik izan behar duela jakinarazi zien langileen ordezkariei. Ez hori bakarrik, hitzarmena baldintzatu nahi izan du enpresako langile batzuen lan baldintzen kontura.

Horregatik, enpresaren proposamenean pisu txikiena zuen kolektiboa deitu zuen enpresa- batzordeak asanbladara; txandaka lanean ari direnak edo errelebistak. Asanbladan honako proposamena egin, martxoaren 3 eta 5a, greba egunak izatea. Eta enpresarekin adostasunik lortu ezean, martxoak 9tik aurrera greba mugagabean hastea. Asanbladaren emaitzak oso argiak izan ziren. 79 baiezko, 32 ezezko eta 3 zuri.

Ondorioz, Siemens Gamesa Asteasuko erreleboetako langileak greban daude hitzarmen duin bat eta enplegu bermea lortu arte!
 

 

 

Amiantoak emakumezko aurpegia ere badu

0

Martxoak 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunari lotuta, Beasaingo CAFeko Enpresa Batzordeak prentsaurrekoa eman du, “Ilunpetik argira; amiantoaren aurpegi guztiak aitortu behar dira” izenburupean. Hiru familia, bi bikote eta alaba bat, hiru emakume; CAFen lan egiten zuen familiartekoaren buzoa garbitzearren Amiantoa arnastu eta gaixotu direnak. Gainera, horietako bi jada hilik daude; inolako aitortzarik gabe eta prozesu judizial are eta konplikatu eta luzeagoekin. Zaintza zen beraien lana, eta zaintza lana aitortu ez zaien bezala, orain amiantoak hil dituela ere ez da aitortu nahi. "Etxean, gure arropak garbitzearren edota zeharkako arnasketagatik, gaixotu direnen aitortza exijitu nahi dugu", adierazi dute Beasainen egindako agerraldian.

Hau da enpresa batzordearen oharra:


 

 

 

Euskal gehiengo sindikaletik bat egin dugu Zaldibar Argitu plataformak martxoaren 12rako deitutako mobilizazio eta lanuztearekin


Euskal gehiengo sindikala osatzen dugun LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU eta Etxalde sindikatuok herri plataformek ostegunean publiko egindako mobilizazio eta lanuzterako deia babesten dugu, eta langileei dei egiten diegu martxoaren 12rako deitutako mobilizazioekin bat egitera.  


Otsailaren 6tik, Zaldibarko zabortegia behera etorri zenetik, bi langile ditugu desagertuta. Arduradunek istripua deitu arren, Verter Reciclingek egindako kudeaketa negargarri eta iruzurtiaren, Eusko Jaurlaritzaren kontrol faltaren eta ekoizpen eta kontsumo ereduari buruzko hausnarketa faltaren ondorio izan da gertatutakoa.

Zaldibarren edozein hondakin mota isurtzen zen, inolako kontrol eta tratamendu egokirik gabe. Zabortegi horrek ez du baimenik isuritako hondakin arriskutsu askorentzat. Amiantoarekin hondakinak jaso zitzakeen, baina aurretik eskatutako tratamendurik gabe egiten zuten, eta langileek ez zeukaten horretarako tresneria egokirik.

Hondakinak mendi-mazelan pilatzen ziren, finkatze lanik egin gabe. Mendi-mazelan pitzadurak zeuden, berehalako arriskua adierazten zutenak, eta aurretik lur-jausiak izan dira, baina ez dira jakinarazi. Eta azkenean langileek jada salatzen zutena gertatu da.

Eusko Jaurlaritza da instalazio kutsatzaile eta arriskutsu baten gaineko kontrol zorrotza eramateko betebeharra duena, zabortegi bat den aldetik, eta beste alde batera begiratu du. Zaldibarren egindako azken ingurumen ikuskapenean 23 hutsegite atzeman zituzten, baina ez zen nahikoa izan espedientea ireki eta enpresa zigortzeko. Kontrol zorrotz bat balego, ez zen hau guztia gertatuko.

Baina Eusko Jaurlaritzaren ardura ez da hemen amaitzen. Eraitsi eta gero, A8 autobidea irekitzea izan zen lehentasuna. Errepidea ireki arte lanean ari ziren pertsonei ez zitzaien abisatu han amiantoa zegoela eta segurtasun neurri bereziak hartu behar zituztela. Ezer gutxi axola izan zitzaion Eusko Jaurlaritzari han lan egiten zuten pertsonen osasuna. Inguruko udalerrietan bizi diren pertsonen osasuna ere ez da asko axola izan. Informazioa eskatzen zutenean alarma piztu nahi izatea leporatzen zieten agintariek. Futbol partida izan zen inflexio puntua. Izango da Eusko Jaurlaritzarentzat garrantzitsuagoa dela futbola pertsonen osasuna baino. Airearen neurketen lehen emaitzak oso berandu eman ziren, eta erakutsi zuten kezka ez zela alarmismoa, herritarrak dioxinak eta furanoak arnasten ari zirela.

Eusko Jaurlaritza ez da inoiz arduratu langileen osasunaz. Kirola ez egiteko argibideak ematen zituen edo etxeetako leihoak ixteko gomendatzen zuen, eta Eibar, Ermua, Elgeta, Zaldibar eta Mallabiko langileen osasuna zaintzeko gomendiorik ere ez du eman. Ezin da kirolik egin ordu eta erdiz, baina ez dago inolako arazorik lan egiteko, nahiz eta fisikoki jarduera zorrotzak izan. Horiek dira Eusko Jaurlaritzaren lehentasunak.
 

 

 

Arabako Larrialdietako Osasun Garraio Sareko anbulantzia bateko langileek pairatu zuten egoera salatu nahi dugu

0
Otsailaren 29an, larunbatean, mediku-agindu bat jaso zuen Arabako LOGSko anbulantzia batek eta egoitza batera joan zen gaixo bat Txagorritxuko larrialdietara eramate aldera. Langileei, ez zieten jakinarazi gaixotasun kutsakor baten aukeraren aurrean zeudenik, beraz, ez zuten erabili eskura zuten Norbera Babesteko Ekipamendua (NBE).

Martxoaren 3an, astearte iluntzean, beste anbulantzia bateko lankideek esan zieten ospitalean komentatu zela larunbatean euren anbulantziak koronabirusen positibo eman duen gaixo bat eraman zuela.

Gau horretan bertan, langileek koordinaziora deitu zuten informazio hori egiaztatzeko, baina ordubete zain egon ostean, esan zieten koordinatzailea oso lanpetuta zegoela eta ezin zuela une horretan baieztatu. Enpresari ere egoera horren berri eman zioten.

Azkenean martxoaren 4an, asteazkenean, langileetako bat egoitzara joan zen informazioa biltzeko. Ikusi bezain laster, egoitzako zuzendariek arreta eskaini zioten baina esan zioten haiek ezin ziotela informaziorik eman.

Jarraian, Osakidetzako koordinaziora deitu zuen eta baieztatu zioten jarduera horrek zabalik jarraitzen zuela gaixoak koronabirusean positibo eman zuelako.

Baieztapena jaso ondoren, langileek enpresako ikuskatzaileari deitu zioten eta, larrialdiekin kontsultatu ostean, erantzuna izan zen ohiko bizitza/lana egiten jarraitzeko eta sintomaren bat sumatuz gero, abisatzeko. Une horretan, enpresak anbulantzia desinfektatzeko agindua eman zuen.

Langile horiei ez zieten ezein momentutan probarik egin. Atzo, LABen abisuari esker, langile horiei koronaviruseko protokoloa aplikatu zieten.

Anbulantzietako langileak erabat babesgabe daude egoera horren aurrean, izan ere, ez dute beharrezkoa den informazioa jasotzen eta ezin dituzte eskura dauden protokoloak erabili. Hori gutxi balitz, enpresek eman dituzten NBEak ez datoz bat Osakidetzak martxoaren 3an argitaratu zuen koronabirusaren aurrean jarduteko azken prozeduran jaso dituen NBEkin.

LAB sindikatutik egoera larri honen kudeaketa eskasa salatu nahi dugu eta Eusko Jaurlaritzari eskatu nahi diogu, arduradun subsidiarioa den heinean, beharrezkoak diren baliabideak abian jar ditzala Larrialdietako Osasun Garraioko Sareko langileak ez daitezen gaixotu eta ez dezaten gaixotasuna hedatu.

LABen ustez, Eusko Jaurlaritzak, enpresa horiek kontratatzen dituen heinean eta diru publikoarekin kudeatzen den zerbitzu bat denez, ezin du egoera horren aurrean ezikusiarena egin.

Halaber, Osakidetzak ere badu erantzukizuna; izan ere, langile horiek harreman zuzena daukate EAEko ospitale guztietako osasun langileekin, Osakidetzakoak alegia.
 

 

 

Haurreskolak Partzuergoko gerentziak eta Eusko Jaurlaritzak negoziatzeari uko egin diote

0
Gaur, Martxoak 9, Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa arloko aurreakordioa sinatu zenetik bi hilabete betetzen direla eta, kudeaketako langileen arloko aurreakordioa akordio bihurtzeko ez dela mahai negoziatzailerik bildu salatu nahi du LAB sindikatuak. Hainbatetan eskatu dugun dokumentazioa ez zaigu oraindik aurkeztu eta birritan deitu duten mahai negoziatzailea bertan behera utzi dute, inongo azalpenik gabe.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ez du bere hitza bete eta desagertuta dago. Kudeaketa arloko lanpostuen zerrenda, 32 plazekin onartu eta argitaratu behar zen 2020ko otsailean; horren baitan, lanpostu berriak betetzeko barne sustapenaren deialdia ere egin behar zuten.

EAJ-k Haurreskolak Partzuergoarekiko duen utzikeria eta arduragabekeria behin baino gehiagotan salatu dugu, oraingoan martxoaren 11rako mahai negoziatzailea deitu dute, gai ordenan puntu bakarra jarriz, 2020ko soldataren igoera. Hau guztia gutxi balitz, emailez ekarpenak bidaltzeko aukera ematen digute.

LAB sindikatuak eskaera bideratu dio Haurreskolak Partzuergoko gerenteari negoziatzeko ditugun beste gai batzuk gaiordenean txertatzeko. Orain arte, negoziazioa motel joan bada ere, Gerente berriaren izendapenak negoziazioa etetea besterik ez du ekarri.

Gauzak horrela, LAB gero eta arduratuago dago Haurreskolak Partzuergoan gertatzen ari den egoerarekin eta horregatik, bitartekaritza eta bide judiziala hartzea besterik ez zaigula geratuko susmatzen dugu.

 

 

 

EHUko eta Hezkuntza Saileko azpikontratatutako garbitzaileek Emakunderen egoitzara eraman dituzte euren aldarrikapenak

0

Sindikatuok esan nahi diegu enpresei gure eskuak luzatuta jarraitzen duela, eta edozein momentutan mahai baten bueltan esertzeko prest gaudela, edukiez hitz egin eta gatazka konpodu. Horixe da gure borondatea. Horretarako ezinbestekoa da patronalaren borondatea langileon eskariak aintzat hartzeko. Horrela ez bada, tinko jarraituko dugu borrokan, amaieraraino heltzeko erabakia hartuta dugulako.

Sindikatuok (LAB, ELA, ESK eta CCOO) orain arte egindako greba egunei buruz egin dugun balorazioa:

Gaur, martxoaren 5ean, laugarren greba eguna ari gara egiten Hezkuntza eta EHUko garbiketa kontratetako langileak. Gaurko mobilizazioa Emakunderen egoitzaren aurrean amaitu dugu, euskal administrazioari gogorarazteko prekarietatea onartzen ari dela bere instalazioetan, garbiketa bezalako sektore batean zeinetan emakumeak diren langileen %90a. Administrazioa martxoaren 8an publizitate-kanpainak egitera mugatzen da, eta ardura %40 baino gehiagok lanaldi partzialak izatea, eta gizonen %100ak lanaldi osokoa. Ez da kasualitatea emakumeak izatea hezkuntza komunitatean txartoen ordaindutako langileak emakumeak izatea.

Greba deitu dugun sindikatuok orain arte gertatutakoren balorazioa egin nahiko genuke.

Lehenik eta behin, zabala izan da grebaren jarraipena, eta balioa eman nahiko genioke langileak hiru lurraldeetan erakusten ari diren determinazioari. Era berean, greba irmoa izaten ari da. Lehen egunetaik nabarmena da lan-zentro asko zikin daudela. Baina hemendik ukatu egin nahi dugu ekintza bandalikoak gertatzen ari direnik, EHUren zuzendaritzak salatzen duen moduan. Lan zentroak zikin daude hezkuntza-komunitatea kontura dadin garbiketako langileok egunero egiten dugun lanaz.

Fakultateak zikinak daude, gure lan mesprexatu eta izkutukoak duen garrantziaz jabetu daitezen. Ez gara bigarren edo hirugarren mailako langileak, hezkuntza-komunitatearen parte gara gainontzeko langileak bezala. Nabarmena da besteak bezain ezinbestekoak garela hezkuntza-jarduerak funtziona dezan.

Bestalde, oso larritzat ditugun gertakari batzuk salatu nahi genituzke, azken egun bietan gertatu direnak eta greba izkutatu eta oztopatzea dutenak helburutzat.

• Asteartean, Gasteizko Farmazioako dekanatoak deialdia egin zuen fakultatea bolondresek egiteko. Honek legez kanpoko langileen ordezkatzea esan nahi du eta ondorioz, grebarako eskubidea urratzea.

• Goizean ez zioten utzi Greba-Batzordeari Arabako Campuseko Errektoreordetzara sartzen utzi.

• Atzo asteazkena, Ertzaintzak eragotzi egin zien manifestariei Arabako Campuseko fakultateetan sartzera, parte-hartzaileetako bat identifikatuz.

• Gipuzkoako zenbait ikastetxetan zuzendaritzak ikasleak animatzen ari dira, garbi dezaten.

Era berean, itogarria izaten ari da poliziaren presentzia campusetan. Gure ustez, errektoretza-ekipoak eskatu duena. Guztiz gaitzesten dugu EHUren Zuzendaritza erakusten ari den jarrera, langileon gain jartzen duelako egoeraren erantzukizuna eta ez zilegizko neurrietan, patronalaren alde kokatuz. Onartezina da unibertsitateko arduradunak greba eskubidea urratzen ibiltzea, ez dagokien lan bat egiterakoan. Tamalgarria da langileak kriminalizatu nahia.

Guzti honetatik ateratzen dugun ondorioa da greba oso ondo ari dela ateratzen eta mina egiten ari dela. Baina hemendik dei egiten diogu EHUren zuzendaritzari garbitzaileak seinalatzen ibili beharrean, Hezkuntza Sailera jo dezala lan-gatazka honen konponbidean inplika daitezen.

 

 

 

Sindikatu feministatzat dugu gure burua eta praktika feminista bateranzko bidea egiten ari gara

0

Emakumeon* Batzarra egin dugu Donostiako Eureka Zientzia Museoan. Bertan, sindikatuko 100 emakume elkartu gara Martxoaren 8aren bezperako egunetan. 2019ko Greba Feministatik hona egindako ibilbidea aztertu eta hainbat gairen inguruan egin dugu eztabaida: berdintasun politikak, etxeko langileak eta zaintza lanak, sindikatuak martxan jarritako eskola feminista aitzindariak eta ekintza sindikala.

Sindikatuak aurten “Kapitalismoak gure bizitzei erasotzen die, kapitala hautsi, bizitzari eutsi” lemapean ardaztu du martxoaren 8a. LABeko emakumeok badugu ardura bat eta erantzukizun bat, gure zeregina eta helburua delako sindikatu hau feminismora eramatea, sindikatu honen praktika feminista bilakatzea: “Askotan esan dugu sindikatu honen ezaugarri nagusietakoa dela hitza eta ekintza garela eta horretaz harro azaldu izan gara. Hori da lortu behar duguna feminismoarekin ere. Lortu behar duguna, urratsez urrats bide bat egiten ari garelako”.

LABen iritziz, “gu ez gara zuriketa morearen parte izango, guk onartzen dugu oraindik ere bide batean gaudela, urrats berriak eman behar ditugula, sindikatua feminista aldarrikatzetik sindikalismo feminista egitera oraindik ere ibilbidea egin behar dugu. Baina, determinazio osoa daukagu horretarako, borondatea, gogoa eta ilusioa ez zaigu falta, proposamenak ere ez. Gaur proposamen horiek eztabaidatu eta horien inguruan gogoeta egiteko tartea izan dugu”.

Igandean, martxoaren 8an, Euskal Herriko Mugimendu Feministak hiriburu eta herrietan egingo dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du LABek.
 

 

 

Nafarroako Hezkuntza Departamentuari eskatu diogu lehenbailehen egin dezala Hezkuntza Itunaren Jarraipenerako Batzordea biltzeko deia

0

Nafarroako Irakaskuntza publikoaren Hezkuntza Ituna sinatu dugun sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu Hezkuntza Departamenduaren aurrean, eskatzeko lehenbailehen bildu dadila Hezkuntza Itunaren Jarraipenerako Batzordea. Horrela lortu nahi dugu 2020rako adostutako neurri guztiak bete daitezela behingoz eta egutegi bat ezar dezatela erabaki gabe dauden gainerako kontuei ekiteko. Eskaera erregistratu dugu.

Ikusirik Nafarroako Gobernuak ez duela partida espezifiko bat sartu nahi izan Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 2020rako Hezkuntza Itunean adostutako neurriak betetzeko, Ituna sinatu genuen sindikatuok (LAB, STEILAS, AFAPNA, ANPE, CCOO eta UGT) Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu lehenbailehen egin dezala Itunaren Jarraipenerako Batzordea biltzeko deia, adostutakoa betetzeko dauden bideak aztertzeko.

Gure ustez, aurrekontu-partida espezifiko bat ez egoteak nabarmen galarazten du 2020rako adostutako neurriak betetzea. Hezkuntza Departamentua oraindik prest badago 2020-2021 ikasturtean 57 urtetik gorako irakasleei eskola-karga murrizteko eta ikastetxeei ordu gehiago emateko zuzendaritza-lanak konpentsa ditzaten, lehenbailehen jakinarazi beharko du. Bi neurri horiek behar-beharrezkoak dira, eta irakasle lanpostu gehiago sortzea ekarriko lukete.

Horregatik guztiagatik, Ituna sinatu genuen sindikatuok Hezkuntza Departamentuari exijitzen diogu batzorde horren bilerarako deia egin dezala, Itunaren agirian jasota dauden neurri guztiak kuantifikatzeko eta aplikazio egutegi bat zehazteko. Izan ere, Ituna 2022-2023 ikasturtea hasi baino lehen bete behar da oso-osorik.