2026-02-01
Blog Page 562

Elecnor-eko langileek greban jarraituko dute, enpresa negoziazio mahaian berriro eseri dadin

0

Gaur, hiru aste bete dira Elecnor Telecomunicaciones enpresako langileek greba mugagabeari ekin ziotenetik Araban. Egun hauetan guztietan, elkarretaratzeak egin dituzte enpresa atarian eta Movistar dendaren aurrean, Gasteizko General Loma plazan. Greba abiatu zutenetik, bi aste behar izan dira Bilbon egoitza nagusia duen enpresak langileekin negoziatzeko asmoz Gasteizera bertaratzeko. Enpresa email edo telefonoaren bidez saiatu da hitz egiten beti, Gasteizera hurbildu gabe.

Aste hauetan, enpresa greba eskubidea urratzen ibili da sistematikoki. Beste herrialdetako lankideei esker, langileek jakin dute Bizkaiko langileak bidaltzen ari direla Aialako bailarara, Nafarroatik Agurain eta Araiara eta Errioxa eta Burgosetik Arabar Errioxara eta Rivabellosara. Gainera, Lan Delegaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehigizko bilakatu ditu enpresak, grebalariei ere deitu baitie lanean zeuden langileak zituztenean. Hala ere, greban ari diren langileek sendo jarraitzen dute, euren borrokari balioa ematen, multinazional honen aurrean irmo ari baitira. Enpresa langileekin jolasean ibili da, eta horrek tentsioa areagotu du. Hain zuzen ere, ostiralean, abenduak 20, Bilboko mobilizazioen ostean, grebalari batek auto istripua izan zuen, kalte pertsonalik gabe, baina bai kalte materialekin.

Enpresako ordezkariak astelehenean Gasteizera negoziatzeko bertaratu eta gero, akordioa gertu dagoela dirudi, baina enpresaren asmoa da akordioa 2020ko egutegiarekin lotzea, eta horrek beste aldagai bat dakar negoziazioan. Nabarmentzekoa da, astelehenetik, enpresak ez duela langileekin berriro biltzeko borondaterik erakutsi, eta jarrera hori arduragabekeria hutsa da.

Honengatik guztiagatik, plantillak asanbladan erabaki du grebarekin jarraitzea, enpresa azken kotuak ixteko eseri dadin beharzeko. Langileek ez dituzte beste urrats batzuk baztertzen, eta datorren astean Arabako Aldundira eta Gasteizko Udalera joko dute euren konpromisoa eskatzeko, Telefonicako bezeroak diren neurrian, Elecnorreko langileek artatzen dituztelarik. PRECOn bitartekaritza eskatzea ere planteatu dute langileek, beste eragile batzuen inplikazioa lortzeko eta lan gatazkari amaiera ipiniko liokeen bilera bat gauzatzeko.

 

 

 

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak kalera irten dira berriro

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak kalera irten dira berriro, urteko azken txanpan jarraian egindako hirugarren greba eguna dela eta. Zazpi urte eman dituzte jada soldata igoerarik gabe, lan baldintzen hobekuntzarik gabe. EAJ eta PSE egoeraren arduradun nagusiak dira, egungo zaintza ereduak gatazkak baizik ez dituelako sortzen.


 

 

 

EAEko aurrekontuek biluzik uzten gaituztela salatu dugu

Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan elkartu gara hainbat eragile, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, aurrekontuetan arlo sozialean egindako murrizketak salatzeko, proiektu suntsitzaileen mesedetan; AHTa eta euskal industria militarrari laguntzak emateko, kasu. Hala, urtarrilaren 30ean Greba Orokorrera jotzeko arrazoi gehiago ditugula nabarmendu dugu.



 

 

 

Beste lan istripu larri bat, Transportes Pesa enpresan oraingoan

0
Abenduaren 24ean, beste lan-istripu bat gertatu da. Oraingoan, Grupo Avanza barruan dagoen Transportes Pesa S.A. enpresan izan da. Abenduaren 24ko txanda egiten ari zela, langileak istripua izan zuen, enpresak Arrasaten dituen kotxeretan. Langilea bi autobusen artean harrapatuta geratu zen, eta Gasteizko ospitalera eraman zuten. Uneotan UCIn dago, arriskutik kanpo, baina pelbisa eta hainbat saihets hautsita ditu. Ospitaleko mediku taldea Donostiako ospitalera eramatea baloratzen ari da.

LAB sindikatutik denbora asko daramagu enpresak Arrasaten dituen instalazioen baldintza eskasak salatzen. Arrasateko kotxetegiak oso txiki geratu dira. Gero eta autobus gehiago daude, eta gero eta handiagoak dira; beraz, espazio arazoa arrisku larria izaten hasia da langileen osotasunerako. Oraingoan ez da hilgarria izan, baina bai oso larria. Lankide bat dugu UCIn, eta horren arrazoia da ez dagoela maniobratzeko lekurik, eta beti egon behar dugu gutako bat lankideari laguntzeko, autobusa atera eta sartu ahal izan dezan. Horrek, zoritxarrez oraingoan egiaztatu dugun bezala, etengabe harrapatzeko arriskuan jartzen gaitu, eta gero eta hurbilago ikusten dugu norbaitek zorigaiztoko istripu bat duen eguna.

Enpresari premiazko bilera eskatu diogu gertatutakoa argitzeko eta premiazko neurriak exijitzeko. Gero eta baldintza okerragoetan gaude. Duela aste batzuk, garajearen ondoko mendiaren magalaren zati bat erori egin zen, euriteen ondorioz. Erorketa horrek instalazioaren zati bati eragin zion. Autobus batzuk hilobiratuta geratu ziren, baita aldagelaren zati bat eta garajearen zati bat ere. Enpresak ez du arazo hori oraindik konpondu, nahiz eta sindikatu honek eskaerak egin. Espero dezagun oraingoan enpresak bere erantzukizunak bere gain hartzea kasu honetan, eta behingoz irtenbidea jartzea Arrasaten bizi dugun egoera prekario eta arriskutsu honi. Oraindik ez dugu enpresaren erantzunik.

LAB sindikatutik gure babes osoa eta besarkadarik beroena bidali nahi diogu istripua izan duen lankideari. Azkena izan dadila!

 

 

 

Eusko Jaurlaritzak onartu duen eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko planak ez du langileen parte hartzerik aipatzen

LAB sidikatuak HPSek egindako aurkezpena oinarri eta berari egindako ekarpenak aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko plana ez dela nahikoa uste du. Sindikatuak kontraste fasean eragileak izan badira ere, plan estrategikoan ezabatu egin dira eragileen multzotik. Langileak eta langileen ordezkariak ez dira subjektu eragile helburu estrategikoak lortzeko orduan.

Eremu sozioekonomikoa euskaldunduko bada, langileen parte hartzea oinarrizkoa izango dela uste du LABek. Horrexegatik parte hartu zuen sindikatuak aktiboki plana egikaritzeko deitutako bileretan. Planean bertan, hizkuntza eskubideen arloan, aintzat hartzen dira herritarrek dituzten eskubideak, baina langileen hizkuntza eskubideak, ezagutzeko eta erabiltzeko dituzten eskubideak ez dira inon agertzen.

Arlo giltzarrietan euskara zerbitzu hizkuntza moduan bakarrik agertzen da eta erabilera ez da aipatu ere egiten. LAB sindikatuaren aburuz, erakundearen euskalduntzeaz jardutea beharrezkoa da, langileen gainetik pisua kenduz. Enpresek eurek euskaraz lan egin ahal izateko baliabideak eta guneak egokitu beharko lituzkete. Legedi aldaketak ere aipatzen dira, akordioak bilatuz. Patronaleko ordezkariek ordea, borondateaz eta inposatzerik ezaz dihardute uneoro. Nola egingo da hau?

Hezkuntza sistema arautuan, Lanbide Heziketan eta Unibertsitatean dauden hutsuneak aipatzen diren arren, ez da helburu argirik eta zehatzik planteatzen. Lanbide Heziketan “hizkuntza eredua bultzatu”, “ikasketa dualetan euskararen erabilera zabaldu”, “euskaraz ikasten duten ikasleen kopurua igotzea”.

Euskaldunen aktibazioan kontsumoari begirako sentsibilizazioa eta aktibazioa baino ez da planteatzen. LABek uste du euskaldunen hizkuntza-komunitatea trinkotzea izan behar dela helburua. LABen iritziz “Zerbitzu enpresak” aipatzen direnean, buruan kontsumorako enpresak baino ez daude. Eskoletan zerbitzuak eskaintzen dituztenak, telefonia zerbitzuak ematen dituztenak, anbulantziak, etxez etxeko laguntzak, kartera sozialeko zerbitzuak… Horiek ere badira herritarren hizkuntza eskubideak bermatu behar dituzten zerbitzu pribatuak.

Beraz eta laburbilduz, oso borondatearen esku geldituko den plana izango da gure ustez. Berriro ere, alperrik galdutako aukera bat da. Ibilbidea hasi baino ez da egin, baina hutsune nabariak ditu. Ikusiko dugu noraino heltzen den.

 

 

 

Lan, pentsio eta bizi duinaren aldeko aurrekontuak eskatu ditugu Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean

Gizarte demokratiko batean nahi ditugun aurrekontuen osaketan parte hartzeko eskubidea izan beharko genuke. Horrela defendatu du beti LABek, hitzekin eta ekintzekin. Parte hartze hau integrala izan behar da, politika fiskala eta gastu politika hartuko dituena. Aldiz, Chiviteren gobernuak ere oinarrizko elementu demokratiko hau urratu du eta horrela salatu du LAB sindikatuak. Bakarrik Nafarroako Enpresarien Konfederazioari aitortzen diote eskubide hau. Hobe esanda, botere osoa ematen diete enpresariei gobernuaren politika fiskala agintzeko. Hau da UGT eta CCOO sindikatuek nahi duten elkarrizketa soziala?

Politika Fiskala: “kapitalaren errentekin, enpresa-onurekin eta ondare handiekin alderatuta langile-klaseak jasaten du zerga-gainindarra eta sortutako aberastasuna banatzeko ez dago inolako borondate politikorik”
Enpresarien ondarearen inguruko zergarekin gertatu dena aipatutakoaren adibide bat da. Neurri honekin bide arriskutsu bat irekitzen da ondare handiek zergen ordainketa saihesteko. Beste alde batetik, pertsona batzuen aberastasunaren inguruko balorazio erreal bat egitea eragozten du. Ondorioz, 5,5 milioi gutxiago bilduko direla salatu du LABek.

LABek ohartarazi du onartutako neurri honekin PSN eta Geroa Bai alderdiek ultraeskuinarekin batera (NA+) kapitalaren interesak defendatzen dituztela gehiengo sozialak behar duen aberastasunaren banaketa baztertuz.

2020rako aurrekontuen aurreproiektua: “gehiengo sozialak behar duen lan, pentsio eta bizi duina ez ditu bermatzen”
PSN, Geroa Bai eta Podemos alderdiei, Nafarroako gobernua osatzen duten heinean, erabaki bat hartzea eta argitzea eskatu diegu LAB sindikatutik. Ea NA+ ordezkatzen duen ultraeskuinak eta patronalak egiten dituzten eskaerei erantzungo dioten edo aldiz, gehiengo sozialari begira gobernatuko duten denok lan, pentsio eta bizi duina izateko. Beraien “geometria edo gehiengo aldakorrik” ez dugula onartzen esan diegu, kapitalak irabazten
duelako.

LABen ustez, kapitalismoak ezarritako hiru hesi (defizitaren muga, zorraren helburua eta gastuaren araua) gainditzeko Nafarroako burujabetza eta fiskalitate justu bat defendatu behar dira.

Aurrekontu sozialak izateko proposamenak
Gutxieneko pentsioa legez 1.080 euro arte osatzea, enplegu publiko duina, Bermatutako Errenta eta Etxebizitza eskubidearen aldeko Eskubide Sozialen Kartak sustatutako Herri Ekimen Legegilea onartzea, lan arloan ematen den soldata arrakalaren, diskriminazioaren eta indarkeria matxistaren aurkako lege bat onartzea. Hezkuntzan eta osasungintzaren inbertsioak Europako parametroetara igotzea, beste batzuen artean izan dira LABek egindako proposamenak. Honekin batera, lan duin bat bermatzeko gobernuak bat egitea 1.200 euroko soldatarekin eta 35 orduko lanaldiarekin eskatu du LABek.
 

 

 

[IRITZIA] “Ez, ez ginen erotu; denborak (eta borrokak) arrazoia eman digu”

0

LABeko Industria Federazioko arduradun Eulate Zilonizaurrekoetxeak eta Iratxe Azkuek Bizkaiko Metalgintzako borrokari buruz idatzi dute.

Erotu ginela esan ziguten, 2018ko ekainean Bizkaiko Metalgintzako Mahaitik altxatu ginenean. Enpresetara gindoazela esan genuen, langileak lantegietan aktibatzeko, mahaiak ez zuelako ezertarako balio konfrontaziorik gabe. Jende gutxik ulertu zuen, eta negoziazioa utzi izana leporatu ziguten.

Hala ere, LABeko militantziak ulertu eta bere gain hartu zuen erabakia. Oinarri lanari ekin genion orduan, lan garrantzitsuenari, ezinbestekoa den lanari. Hamarnaka batzar egin genituen enpresa eta industriaguneetan. Elkarretaratzeak, auto karabanak, eskuorri ugari, eta, nola ez, konfrontazioa: elkarretaratzeak enpresa eta patronalean, okupazioak eta edukien jendarteratzea, LABentzat ezinbestekoa den eginbeharra.

2019ko urtarrilean, publikoki adierazi genuen bidea; “aliantza handi bat behar da eta grebak behar dira”. Ordurako, eztabaida zabalik zegoen, baita lantokietan borrokatzeko beharra hedatuta ere.

Nabarmendu behar dugu sektorean 58.000 emakume eta gizon baino gehiago ari direla lanean, eta horietatik 38.000 baino gehiagok ez zuela enpresa hitzarmen propiorik eta erreferentziazko hitzarmen sektoriala 2003koa zela. Gainera, Lan Harremanetarako Batzordearen datuen arabera, egun 3.000 enpresa daude sektorean, eta horietatik %22ak soilik du ordezkaritza sindikala. Zentzu honetan, argi utzi dugu beti hitzarmen sektorial bat erabateko behar bat dela Bizkaiko Metalgintzako langileentzat. Zorua bat da, oinarri bat, langileen lan baldintzak hitzarmen propioen bidez hobetzeko; baina, bereziki, behar bat enpresa hitzarmenik ez duten guztientzako.

LABetik edukiei eta borroka egutegiari eman genien lehentasuna aliantza erdietsi genuenean, 2019ko maiatzean; gure hasierako plataformaren eduki zati handi bat alboratu genuen, baina inoiz ez genituen atzean utzi aldarrikapen nagusiak.

Hilabete hauek ez dira errazak izan. LABeko militantziak dena eman du. 400 bat delegatu ditugu; piketeetan, berriz, 650 kide izatera iritsi gara. Isunak jaso dituzten kideak ditugu, identifikatuak izan direnak, eta batzuk epaiketaren zain daude. Eta bihotzean ditugu greba egiteagatik lanpostua galdu dutenak. Ez dezatela zalantzarik izan, borrokatu nahi izanez gero, euren lanpostua defendatu nahi izanez gero, LAB eurekin egongo da, prest, ohi bezala.

Sentipenak oso presente ditugu, bidean jasotako bero, babes eta elkartasuna dela eta. Babes horretatik harago, bidean ere beste mugimenduetako kideak topatu ditugu, eta hauek erakutsi dute borroka hau ere eurena dela, gurea bezain beste; Ernai, Harro, Eragin, pensiodunak, mugimendu feminista, ikasleak… Borroka hau ezinezkoa litzateke zuek gabe; ez zaituztegu soilik eskerrak emango, esango dizuegu ere zuen borroka(k) ere gurea(k) badela (badirela). Guztion artean lortu dugu lan arazo bat gatazka sozial bilakatzea; laneko gatazkak sozialak direlako, eta sozialak lanekoak.

Ordezkaritza mailan txikiak diren sindikatuei, ESK sindikatuari batez ere, gure aitortza adierazi nahi diegu. Zuek ere dena eman duzue, maila pertsonal zein kolektiboan. Erotu ginela pentsatu zenuten, baina erokeria honetara batu zineten, zalantzarik izan gabe.

Eta, nola ez, bukaera. Akordioa. Poza eta harrotasuna, lana ondo egin izanagatik. Askorentzat ezustea izan zen, hurrengo grebak prestatzen ari ziren gure kideentzat ere. Asmatu dugu, LABek asmatu du. Urria erdialdean esan genuen hainbat enpresak hitzarmena blokeatuta zutela; enpresa hauek, gainera, ez ziren greba pairatzen ari (%5 baino gutxiagoko jarraipenarekin). Gure estrategiak, borrokan ibilitako beste sindikatuekin batera, enpresa hauek izan zituen jomugan. Une horretan, patronalaren estrategia aldatzen joan zen. Bere planteamenduan aldaketak proposatzen hasi zen, proposamen berriak eta aurrerapausoak ekarri zituen mahaira. Ez zen egun batetik bestera izan, ezta kasualitate hutsagatik ere; estrategian asmatu genuen, eta patronala inguratu genuen.

Lehen aurrerapausoak berdintasun arloan eta lan osasunean izan ziren; beste bilera bat, eta bazirudien subrogazioaren gaia mantentze lan pribatu zein publikoan ari direnentzat posible izan zitekeela; IT osagarrietan emandako atzerapausoak bazterrean uztea ere posible ikusten genuen; balizko akordioetarako keinuak hasi ziren agertzen. Argi eta garbi ikusi genuen; aukerak bazeuden, ate berriak ari ziren irekitzen, aste batzuk lehenago ezinezkoak ziruditen hitzak entzun genituen patronalaren aldetik. Estututa ikusi genuen patronala, eta blokeoaren arduradun ziren enpresa garrantzitsuak oso kezkatuta. Horregatik, Bizkaiko Metalgintzan hitzarmenik gabe dauden 38.000 pertsonen hobe beharrez, LAB sindikatuak aukera honen aurrean erantzun zuen, eta hitzarmena erdietsi genuen, ogi apurrik gabe, hitzarmen handi bat lortuz, eduki duin zein historikoekin: soldata igoera erreferentzialak lortu ditugu hitzarmen sektorial batentzat; subrogazioak azpikontratetako langileen %50 inguru blindatzen ditu, mantentze lanei dagokienez; gainera, lehen aldiz, subrogazioa, behin behinekotasuna eta ABLEak ageri dira Bizkaiko Metalgintzako hitzarmenean; bermedun berdintasun klausula ere badago, neurri nahikoak eta eraginkorrekin, eta, gainera, LABek jarraipena egingo dio honi guztiari; Espainiako lan erreformaren blindatzea dago jasota; ultraaktibitate mugagabea erdietsi dugu; lan osasuneko delegatuen ahalduntzea lortu da…

Borrokatu duten guztiei esan behar diegu gu izan garela tresna, baina lorpena eurena izan dela. Une historiko hau eurentzat da; eta lorpenak haien borroka, izerdi eta goiz jaikitzearen ondorioz etorri dira. Gora Bizkaiko Metalgintzako langileria!

 

 

 

Borrokarako deia luzatu dugu, Batz-Araluceko proiektu industrialaren defentsan

0

Gaur, abenduaren 26, Ertzaintzaren ezinbesteko laguntzaz, Batz-Aralucen dagoen makinaria atera dute bertako 141 langileen etorkizuna kinka larrian utziz. LABek irmoki salatzen du gertatutakoa eta proiektu industrialaren aldeko borrokarako deia egiten du. Batz-Araluceko langileek euren etorkizunaren defentsan burutzen ari diren greban, euren eskubideak urratuak ikusi dituzte berriro. Izan ere, gaurkoan, lantokiak etorkizuna izan dezan ezinbestekoak diren trokelak atera dituzte poliziaren laguntzarekin.

Erabaki hau edozein kasutan larria den arren, are larriagoa da kontuan hartzen badugu erabakia hartu duena Batz-Araluce jabe den Batz kooperatiba dela. Ustez bestelako baloreak defendatzen dituen enpresa batek ezin ditu edozein enpresa kapitalistak hartuko lituzkeen erabaki berak (edo okerragoak) hartu.

Salatu nahi dugu, era berean, langileen kontrako erasoak atzetik datozela, eta horren adibide argiak direla langile eta sindikatuetako kideen kontrako salaketak eta lan ikuskaritzak bidegabetzat jo zuen enpresa itxiera.

LABek greba eskubidea urratzeagatik salaketa sartuta dauka eta orain salaketa hau zabaltzea aztertuko dugu. Dena den, LABentzat auzi hau judizializatzea eta epaileen esku uzteak ondorio txarrak ekarriko lizkioke auzian nahastuta dagoen mundu guztiari, bereziki Batzi.

Borondaterik balego, bestelako irtenbideak lortzeko aukera dagoela uste du LABek. Irtenbide hau Batz eta Batz-Aralucek sortzen duten taldearen baitan eman behar da, eta Mondragon Taldeak interesik ez balu, inbertsore baten etorrerak lagunduta. Langileen gaitasunak, eta datorren urterako aurrikusita dagoen lan kargak horretarako aukera ematen dute. Horregatik, Batzi eta Mondragon Taldeari, jarrera inposatzaileak baztertu, euren ardura onartu eta Arratiarentzat ezinbestekoa den etorkizun industrial baten alde elkarlanerako deia egiten diegu. LAB prest dago horretarako.

Bitartean, LABek orain arte bezala langileen greba eta enpleguaren aldeko borroka defendatuko ditu eta Arratiako bizilagunei euren elkartasuna adierazteko deia luzatzen diegu.

 

 

 

Arbuiatzen dugu Ertzaintza eta Udaltzaingoen hautaketa-prozesu bakarraren deialdia

Berriki, Eusko Jaurlaritzak iragarri du urtarrilean Ertzaintza eta Udaltzaingo ezberdinetako lanpostuak betetzeko hautapen prozesu bakar bat burutzeko asmoa duela. Urrats honekin EAJk eta Eusko Jaurlaritzak Udaltzaingoak “Ertzaintzatu” nahi dituzte.

Aurrez Udaltzaingoko bitarteko agenteen poltsarekin, agenteen deialdi bateratuarekin, Segurtasun Publikoaren Legearekin, Udaltzaingoen Koordinazioarekin… egin bezala, aspaldiko helburua gauzatzen jarraitzeko beste urrats bat da hau. Segurtasun Sailak bere Ertzaintzarekin dituen arazoak udaltzainak kontrolatuz eta zuzenduz konpondu nahi ditu Erandiotik.

Deialdi bateratuak ez baziren udaltzainen integraziorako eredu egokia, udaltzaingoko polizia eredua Ertzaintzaren berdina izan dadin emandako azken urrats hau, udaltzainen desintegraziorako erabateko apustua da. Erabaki hau funtzionatzen ez duen eta arazoak besterik ematen ez dituen eredu batekin sakontzeko beste urrats bat da. Jendartearen egungo arazoei erantzunik ematen ez dien eredu agortuan itsu-itsuan jarraitzea da.

Aurreko urratsen moduan Udal autonomia murrizten jarraitzeko beste pausu bat da honakoa. Negoziazio kolektiborako eskubidearen aurkako hamaikagarren erasoa izateaz gain, Udaltzaingo ezberdinetan dagoen enpleguaren egoera larriarekin bukatzeko soluziorik ez dakarren neurria da hau. Egoera zein den ikusita, LAB sindikatutik honakoa adierazi nahi dugu:

-Udal autonomia murrizten jarraitzeko hamaikagarren urratsa den deialdi honen aurrean orain arte izandako utzikeria albo batetara utzi eta arduraz jokatzeko exigitzen diegu Euskal Herriko Udalei.

-Udalez-udal hautapen prozesu propioak martxan jartzeko unea da, Udaltzaingo plantilen dimentsioak aztertuz, herritarren beharrak gain hartuta zerbitzu publikoaren kalitatea handituz. Udaletako LPZren barruan dauden lanpostu guztiak eskaini daitezela, langileen ordezkariekin lehentasunak, prozesuak, profilak eta abar negoziatuz.

-LABek herritarrekiko hurbiltasunean eta integrazioan oinarritzen den udaltzain eredu bat defendatzen du. Bada garaia, euskal jendarteak eskatu eta behar duen kalitateko segurtasun publikoaren bidean, Euskal Polizia proaktiboa, jendartean integratua, jendartearen beharrei erantzungo diena eta berdintasun baloreetan oinarriturikoa abian jartzeko.