2026-02-01
Blog Page 560

Garbiñe Aranburu: “Gobernu berriarekin, arrazoi gehiago daude urtarrilaren 30ean greba egiteko”

0

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Euskal Telebistako "Egun on Euskadi" saioan izan zen joan den astean, eta urtarrilaren 30eko Greba Orokorrerako deia luzatu zuen. Hain zuzen ere, Espainiako Gobernu berriarekin greba egiteko arrazoi gehiago daudela azpimarratu zuen, ez baitute sakoneko aldaketak bultzatzeko borondaterik; ez dago lan-erreformak atzera botatzeko asmorik, esaterako. Gainera, Garbiñe Aranbururen hitzetan, "grebara eraman gaituzten aldarrikapenei ez diete erantzuten akordio programatikoek". Lan harreman, babes sozial eta pentsio eredu berriak eraikiutze izan beharko litzateke apustua, "eta ez dago horretarako aukerarik, Gobernua ez dago horretarako prestatua".

 

 

 

Mobilizaziorako deia egin dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan, langileon aktibazioa ezinbestekoa izango delako helburuak lortzeko

Dei egiten diegu langileei deitu ditugun mobilizazioetan parte- hartzeko. Bihar, urtarrilaren 14an, Azpeitian egongo gara, eta urtarrilaren 17an, mobilizazioa egingo dugu Donostian, PRECO aurrean, 10:30etik aurrera.

Ostiralean elkartu zen Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmenaren negoziazio mahaia, patronal eta sindikatu guztien parte hartzearekin.

LABek, azkeneko bileretan egin duen bezala, proposamen bat aurkezteko eskatu zien patronalei, eta oraingo honetan, patronalek hurrengo negoziazio mahaian proposamena aurkeztuko dutela ziurtatu dute.

Argi dugu, eta horrela esan dugu prozesu guzti honetan zehar, Gipuzkoako Foru Aldundia dela sektore honen arduradun nagusia eta dagoen gatazkari irtenbide bat topatzeko ardura daukana, beraiek izan baitira negoziazioa blokeatuta egotearen arduradun nagusiak, patronalekin batera.

Bestalde, positibo ikusten dugu ostiraleko bileran patronalek hartu zuten konpromisoa, baina ezin dugu ahaztu 3 urte pasa direla negoziazio mahaia osatu zenetik eta helduen egoitzetako langileak ordutik mobilizatzen aritu direla, herrialdeko hitzarmen duin baten alde eta horren aurrean negoziazioa blokeatzeko jarrerak besterik ez ditugu ikusi.

 

 

 

Pobreziaren gorakadak bi hildako utzi ditu bi aste baino gutxiagoan

Atzo, urtarrilak 12 igandea, etxerik gabeko pertsona bat hilik aurkitu zuten Durangoko kutxazain batean. Urte honetan kalean hilik aurkitzen duten bigarren pertsona da. Urtarrilaren 3an, etxerik gabeko beste pertsona bat agertu zen hilda Donostiko kaleetan. 2 hildako bi aste baino gutxiagoko epean. Zalantzarik gabe, egoera larria da bizi duguna.

Pobreziak eta bazterketa sozialak gora egin du azkeneko urte hauetan. LABek behin baino gehiagotan salatu bezala eta FOESSA txosteneko eta 2018ko PGEI inkestako datuek erakutsi bezala, pobrezia larrian bizi diren pertsonen kopurua nabarmen hazi da, zehazki %65 azkeneko 10 urteetan. Hau ez da kasualitatea, izan ere, lan merkatuko prekarietatearen gorakadaz gain, Eusko Jaurlaritzaren eskuetan dauden babes sozialeko politiken ahultze baten aurrean aurkitzen gara.

Zentzu horretan, premiazkoa da babes sozialeko politika eraginkorrak bermatzea eta indartzea. Pertsona guztientzat bizitza duina ziurtatuko duten politika sozialak ezinbestekoak dira gizarte kohesionatu bat izateko. Hor kokatzen dira, bereziki, etxebizitza duin baterako eskubide efektiboa eta DSBE duin baten aldeko apustua. Hain zuzen ere, bi aldarrikapen horiek barnebilduko ditu urtarrilaren 30ean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu duen Greba Orokorrak. Testuinguru honetan ezinbestekoa da mobilizazioa indartzea eta beste aurrerapauso bat ematea pentsio, enplegu eta bizitza duinen alde. Era berean, heriotza hau salatzeko deitutako mobilizazioetara atxikitzen gara.
 

 

 

Lan duinaren aldeko akordioa proposatu diegu Confebask eta CEN patronalei

Lan duinaren alde Greba Orokorra egitera goaz urtarrilaren 30ean. Hori dela eta, Bilbon zein Iruñean, lan duinaren alde hainbat neurri zehatz eskatu dizkiogu Confebask eta CEN patronalari patronalari, eta, negoziatzeko borondaterik izan ezean, lan duinaren alde mobilizatzen jarraituko dugula ohartarazi dugu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik, gehiengo sindikalaren izenean. Lan duinaren alde Greba Orokorra egitera goaz urtarrilaren 30ean. Hori dela eta, Bilbon zein Iruñean, lan duinaren alde hainbat neurri zehatz eskatu dizkiogu Confebask eta CEN patronalari patronalari, eta, negoziatzeko borondaterik izan ezean, lan duinaren alde mobilizatzen jarraituko dugula ohartarazi dugu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik, gehiengo sindikalaren izenean. Akordio proposamen honekin, patronalak aukera izango luke esplotazio eta prekaritate basatian oinarritzen ez diren lan baldintzen alde urratsak emateko.

Iruñeko agerraldia.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urtarrilaren 30erako lanaren, pentsioen eta orobat, bizitzaren prekarizazioan bizitako egoera ezberdinen aurkako Greba Orokorra deitu du. Egun horretan pentsio, bizi eta lan duinaren alde lantokiak hustu eta kaleak beteko ditugu. Hain zuzen ere, Karta osatzen dugun eragileok aldarrikapen taula aurkeztu dugu instituzio eta patronal ezberdinen aurrean bizitza duin bat izateko gutxieneko eskaerekin. Bada, gaur, gehiengo sindikalaren izenean, Confebask eta CEN patronalei akordio zehatzak proposatu dizkiegu lan-baldintza duinen alde.

LAB sindikatuaren izenean, Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerak hartu du hitza Iruñean eta Negoziazio Kolektiboko eta Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak, Bilbon. Azken honen hitzetan, "urteotan patronalak pertsonen aldeko eta langileok enpresetan inplikatu beharraz diskurtsoak egiten zituen bitartean, prekarizazio prozesuan sakontzeko neurriak eta erabakiak hartzen jarraitu du, langileon kaltean. Beraz, diskurtso horiek ez dute inongo sinesgarritasunik. Benetan pertsonen eta langileen aldeko jarrerak hartzeko prest balego, gaur egindako proposamen hauek onartzea besterik ez luke izango".

Era berean, Estatuko gobernu berriak ezarri nahi dituen neurrien aurrean (1.000 euroko gutxieneko soldata, azpikontratazioaren aurrean neurri partzialak, lanaldi partzialak mantentzea edo berdintasun plan edukigabeak bultzatzea) esan behar dugu hauek ez diotela euskal langileek pairatzen duten egoerari irtenbiderik ekarriko. "Euskal Herrian gure egoera zehatzari erantzuten dioten neurriak hartu behar ditugu, gaur patronalari helarazi dizkiogun neurriak. Beharrezkoa da Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua lortzea, Euskal Herriko langileen, lan-merkatuaren eta jendartearen neurrira egindakoa, horren baitan lan-araudi propio bat garatu ahal izateko", erantsi du Xabier Ugartemendiak.

Lau akordio 
Euskal Herrian lan egitea ezin da prekaritate eta esplotazio basatian oinarritu. Hala, Kartak Confebask eta CEN patronalei proposatutako lau akordioak esplotazio horrekin amaitzeko gutxieneko neurriak dira. Zehazki hau da egindako eskaera:

• EAEn eta Nafarroan 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, Europako Karta Sozialak finkatzen duen bataz-besteko diru sarreren %60arekin bat egiten duen zenbatekoa. Pobreziaren aurkako oinarrizko eskaera da.

• Azpikontratetan ari diren langileentzako subrogazio eskubidea bermatzea. Azpikontratazio bidez lan-merkatua desarautzen ari direnen aurrean egonkortasunaren aldeko oinarrizko eskaera da.

• Astean gehienez 35 orduko eta gutxienez 20 orduko lanaldia. Pobrezia, soldata baxuez gain, lanaldi partzialaren erabileraz hedatu da; eskaera honek galga jarri nahi dio bide horri eta, era berean, lanaren banaketaren aldeko hautua da teknologia berrien bitartez desager daitekeen enpleguaren aurrean.

• Soldata arrakalari aurre egiteko eta benetako Berdintasun Planen aldeko neurriak. Emakumeek lan munduan bizi duten diskriminazioaren aurrean berdintasunera bideratutako eskaera da.

 

 

 

Indarkeria matxista eta faxismoari aurre egiteko, hezkidetza, kultura eta ezagutza aldarrikatzen ditugu

Komunikabide batek aditzera eman dutenez, igandean emakumeen askatasunaren aurkako mezuak agertu ziren Arrigorriagako BHI-n. Besteak beste, “Emakumeek gona eta elastikoak eramaten dituzue ipurdia erakusteko, baina gero ez duzue bortxatuak izan nahi” eta “irtenbidea: geratu etxean harrikoa egiten” idatzi zuten erasotzaileek ikastetxeko hormetan. Horretaz gainera, komunikabideak azaldu duenez, zakil baten irudi baten ondoko “honek mundua menperatzen du” idatzi zuten, baita “arriba España” eta “fuck etarras” esaldiak ere.

Ez da lehenengo aldia Hego Euskal Herriko ikastetxeek eraso matxista, faxista edo homofoboak pairatzen dituztela, esaterako 2019ko urrian Iruñeko Amaiur eta Mendilorri ikastetxearen aurka, eta azaroan Zaratamako eskolaren kontra.

LABek ez ditu inolaz ere pertsonen, eta bereziki emakumeen askatasunaren aurkako erasoak onartuko. Faxismoaren oldarraldiari borroka feministarekin erantzungo diogu.
 

 

 

Espetxe politika aldatzeko beste martxa bat behar da, guztiak nahi ditugulako bizirik, osasuntsu eta etxean lehenbailehen

Milaka lagunek hartu dituzte Bilbo eta Baionako kaleak gaur, “Orain presoak” lemapean. LAB ere presente izan da gaurkoan, mobilizazio bietara batzorde exekutiboaren ordezkaritza bana bidaliz. Baionan izan dira Eñaut Aramendi eta Aiora Imaz; eta Bilbon, Garbiñe Aranburu, Igor Arroyo, Eulate Zillonizaurrekoetxea eta Arantxa Vazquez.

Komunikabideei egindako adierazpenetan, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak adierazi du “manifestaldi honetan parte hartzen ari gara, lehenik eta behin, gure maitasuna eta gure babes erakusteko preso politikoei, erbesteratuei eta baita ere beraien senitartekoei ere”.

Gaineratu du “ezinbestekoa da gaur bezalako mobilizazioetan parte hartzea. Ezinbestekoa, Gobernuak mugitzeko gakoa aktibazio sozialean dagoelako”.

Mobilizazioak jasotako atxikimendu zabalak nabarmendu ditu. “Horrek erakusten duena da gehiengo oso handi bat garela espetxe politikak dakarren eskubide urraketa horren aurka gaudenak”.

“Milaka eta milaka pertsona atera gara gaur kalera, espetxe politika hau aldatzea eskatzeko eta aldaketa horietan beste martxa bat, abiadura handiagoa jarri behar dela eskatzeko eta exijitzeko. Guztiak nahi ditugulako bizirik, osasuntsu eta etxean lehenbailehen” gaineratu du.
 

 

 

Borroka beharrezkoa da Arabako metalgintzan

0

Atzo, urtarrilak 9, LABek mobilizazio bat burutu zuen Gasteizen Arabako Metalean hitzarmen duin bat aldarrikatuz. Bertan sindikatuko ordezkariek enpresetan borrokatzeko beharra azpimarratu zuten, horretarako LABen prestutasuna adieraziz.

Atzoko mobilizazioan LABeko hamarnaka delegatuk parte hartu zuten eta Gasteizko kaleak zeharkatu ondoren SEA patronalaren egoitzaren aurrean bukatu zuten. Gogorarazi behar dugu Arabako metalgintzako negoziazio mahaia ez dela bildu pasa den uztailaren 30etik, SEAk berau deitzeko konpromisoa ez duelako bete. Hori dela eta, LABek patronalaren aurrean aldarrikatu du borrokatzeko beharra eta horretarako enpresetan aktibazioa bultzatzeko apustua egiten du.

Apustu hori, hain zuzen ere, LABeko metalgintzako delegatuek berretsi zuten aurretik egindako batzarrean. Bertan argi gelditu zen sektoreko langileen arazoei irtenbidea bilatzeko asmo hori, enpresetan eta baita sektorean ere. Izan ere, LABek aldarrikatzen ditu soldata duina, lan baldintza duinak, kontratazio duina, emakumeen eskubideen bermea eta lan osasunaren bermea.

Honen guztiaren adibide argia ELECNOR enpresan daukagu: soldata duina eta kontratazio duina eskatzeko langileek hilabete bete zuten greban atzo, eta horregatik beraien borroka txalotu nahi izan genuen, atzo beraiekin batera mobilizatuz.

Azkenik, borrokak aktibatzeko bide horretan LABek dei egiten die Arabako Metaleko langileei urtarrilak 30eko greban parte hartzera. Sektore honetan hamaika arrazoi ditugu borrokatzeko eta lan duina aldarrikatzeko.
 

 

 

Aurreakordioa sinatu dugu EAEko Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa arloan

0

LAB sindikatuak Kudeaketako Arloko langileentzat deitutako hilabeteko grebaren 9. egunean eta urtebeteko negoziazioa luzearen ostean, Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailean aurreakordioa sinatu zuen atzo. LABentzat ezinbestekoak jotzen zituen puntuak barnebiltzen ditu, aurreakordio historiko eta aintzindaria eta 2018ko martxoaren 6an irakaskuntza publikoko mobilizazioen testuinguruan sinatutako Akordioaren garapena lortuz. Haurreskolak Partzuergoko hezkuntza kalitatea, lan zamak arinduz eta zikloaren aitortzari bultzada emanez.

-Kudeaketako arloko langileen lan zamak txikitzeko helburuarekin, Lanpostuen zerrenda handitzea adostu da. 2018an kudeaketako Lanpostuen Zerrenda presupuestarioan 23 lanpostu bazeuden ere, 2020an benetako Lanpostuen Zerrendan 35 izango dira. Beraz, 12 lanpostu gehiago lortu dira.

-Kudeaketako langileen soldata eta kategoriak Hezkuntza Saileko langileekin ekiparatuko da ekainaren 30a baino lehen. Honen ondorioz, langile gehienak bi kategoria igoko dira, soldatan bataz besteko %6,7ko igoera lortuz.

Aipatu beharra dago, 2018ko akordioaren sinatzailea den LAB sindikatuak, 2018ko azaroaren 28n izandako Jarraipen Batzordean lortu zuela ekiparaziorako bidea zabaltzea eta alde sozial guztiaren parte hartzea sustatuz.

– Kudeaketako langileak ordezkatzeko egoerak, ordezkoen araudia eta barne sustapenak egiteko dokumentuak akordioa sinatu bezain laster indarrean sartuko dira.

– Halaber, ezin dugu ahaztu LABek 2019ko otsailean kudeaketako lan poltsako zerrendak irekitzeko akordioa sinatu zuela eta harrez geroztik ordezkapen gehienak betetzen lortu dugu.

Haurreskolak Partzuergoko langile guztiak zoriondu nahi ditugu, bereziki kudeaketa alorreko langileentzat, lan baldintzak hobetuko dituelako eta Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa eraginkorragoa izango delako. Eskerrik beroenak hezitzaileek adierazi dizkiguten elkartasun mezuengatik.

LAB sindikatuak lanean jarraituko du, oinarri sendoa ezarri du lan hitzarmen berriaren negoziazioa hasteko, Haurreskolak Partzuergoak ematen duen hezkuntza zerbitzuaren kalitatea hobetu dadin eta doakotasuna lortu arte!

Urtarrilaren 30ean denok grebara! Lan, pentsio, bizitza duina!
 

 

 

LABek salatu du Nafarroan ez dagoela errekuperazio ekonomikorik langile klasearendako eta enplegu prekarioa pobretze faktore gero eta handiagoa dela

Duela gutxi, Nafarroako Gobernuak atseginez aurkeztu du Nafarroako Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunari buruzko III. Txostena. Txirotasun-tasen murrizketari buruzko irakurketa konformista da, eta ez luke erlatibizatu behar txostenaren beraren arabera 2017an pobrezia tasa larria %11,4koa izatea, eta 16 urtetik beherakoa izatea, emakumea edo migratzailea izatea pobrezia faktore handiak direla.

Pobrezia egoerak hobetzeari buruz Nafarroako Gobernuak egin duen irakurketa atseginetik, LABek txostenean bertan “kontraesankorrak” deritzen bertze datu batzuei erreparatu nahi die, Errenta Bermatuaren jasotzaileak handitzen ari baitira. Hala, handitu egin da Errenta Bermatuak laneko diru-sarrerak osatzen dituen etxeen kopurua, eta, bertzeak bertze, arrazoi nagusi hauek aipatzen ditu: “pobrezia ez dago soilik langabezian dauden etxeekin lotuta, enplegu ezegonkor eta prekarioarekin ere lotzen da”, eta enplegua sortzeak ez duela esan nahi oraindik ere soldata apalak Errenta Bermatuarekin osatu behar dituzten langileen bizi-baldintzak nabarmen hobetzen ari direnik.

Aurkeztutako txostenaren arabera, Nafarroa, “araudi berak araututako estatuko lan-merkatuaren engranajearen zati” gisa, ez da langile pobreen fenomenotik kanpo geratzen, nahiz eta uste duen enpleguaren kalitatea Estatuarena baino hobea dela. Halaber, egiaztatu du “estatuko langabezia sistemaren defizitak” erran nahi duela langabeen erdiak ez duela langabezia estaldurarik, eta horrek “estaldura erantzukizunak lekualdatzea eragiten duela Estatuaren eta Nafarroaren artean”.

Egoera horren aitzinean, LAB sindikatuak uste du pobreziari aurre egiteko hartu beharreko neurriek borondate politikoa izan behar dutela pertsonen interesei lehentasuna emanen dieten asmo handiko politika publikoak egiteko, bai eta Nafarroan beren gizarte eta enplegu politikak erabakitzeko beharrezko tresnak ere, eta, hartara, txostenak berak adierazten dituen gabeziak gainditu ahal izateko.

Era berean, salatu nahi dugu, nahiz eta langile pobreen errealitatea handitu egin dela txostenean bertan egiaztatu, Nafarroako Gobernuak ez dituela aipatzen ez eta interpelatzen ere enpresetako arduradunak, hazkunde ekonomikoa egon denean ere enpleguaren prekaritatearekin negozioa egiten ari direnak..

Horregatik guztiagatik, urtarrilaren 30eko greba orokorraren garrantzia azpimarratu nahi dugu, enplegu eta soldata duinak eskatuko dituena pentsioen sistema publikoari eusteko bermerik onena gisa.