2026-02-01
Blog Page 558

Behin behinekoz bertan behera utzi ditugu Bizkaiko kiroldegi eta kirol-zelaietako grebak, patronalaren proposamena zentroz-zentro bozkatzeko

0

Urte luzez, Bizkaiko kiroldegi eta kirol zelaietako langileak, borroka eredugarri batean murgilduak egon dira. Borroka horrek, patronala, baloratzeko moduko proposamen bat egitera eraman du. Eta horrela egin zuen urtarrilaren 17an. Beste behin ere, langile borroka eraginkorra dela frogatuta gelditu da.

Orain, patronalaren proposamena nahikoa den edo borrokan jarraitu behar duten erabakitzea dagokie langileei. Honaino langileon indarrak ekarri dituela kontutan harturik, sektoreko langileek denen artean erabaki behar dute hemendik aurrera zer egin.

LABek bere esku dauden tresnak eskainiko dizkie kiroldegi eta kirol zelaietako langileoi erabaki hori, gehiengoaren iritzia jasoz hartzeko. Horretarako, datorren asteko grebak behin behinekoz bertan behera utzi eta zentroz zentro bozkatzeko proposamena luzatu du. Astelehenean, zentsoak kontrastatu ostean, publiko egingo dugu asteazken eta ostegunean gauzatuko diren bozketa toki eta orduak.

LAB, langileon hitza errespetatzeko prest dago. Are gehiago, erabaki hori modu garden eta irekian gauzatu dadin, sektoreko gehiengoaren parte hartzea bermatzeko bozka sistema parte-hartzaile baten aldeko apustua egiten du.

Kiroldegi eta kirol zelaietako langileak deitzen ditugu hautetsontzietara hurbildu eta euren lan baldintzen inguruko erabakia har dezaten.
 

 

 

Urkulluk ukatu egin dio bilera Eskubide Sozialen Kartari; aldiz, Chivitek hilaren 27rako jarri du hitzordua

Urtarrilaren 30eko Greba Orokorra dela eta, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Urkullu eta Chivite Lehendakariei gutun bana bidali zien, ELA eta LABeko idazkari nagusiek sinatuta, bilera eskatuz deialdiaren xehetasunak azaltze aldera.

Bilera horiek egitea garrantzitsua dela uste dugu, deialdiaren arrazoiak eta aldarriak azaltzeko, batetik, eta bi gobernuek horiei buruz duten iritzia ezagutzeko, bestetik (batik bat bere eskumenen eremuan daudenei dagokienez).

Aurretik ere esan izan dugunez, greba honetako aldarri nagusiak dira pentsioak eta lan- zein gizarte-baldintzen hobekuntza. Eskari garrantzitsuak bertoko erakundeen eskumenekoak dira, esaterako gutxieneko pentsioen hobekuntza, administrazioak zuzenean edo zeharka ardura duen eremuetako lan prekaritatea amaiarazteko neurriak, soldata arrakala gainditzea edota eskubide sozialen aitortza (besteak beste, alokairu sozialeko etxebizitza izateko eskubidea edo mendekotasunaren sektorean estaldura eta bermeak ziurtatzea, zaintz lana duina eta egonkorra izan dadin).Bestalde, itxurakeria galanta iruditzen zaigu dugun autogobernu maila etengabe goratzea eta, aldi berean, herritarren oinarrizko lan eta bizi baldintzak arautzeko ahalmen falta argudiatu eta ahalmen hori eskuratzeko ekimen politikorik ez hartzea.

Kartak luzatutako gonbiteak erantzun ezberdina jaso du: Nafarroako Lehendakariak bilera egiteko hitzordua jarri digu urtarrilaren 27rako; aitzitik, Urkullu Lehendakariak gutun bidez ukatu egin du aukera hori.

Urkullu Lehendakariak, bide batez, argi uzten du greba deialdiaren aurka dagoela goitik behera. Beste behin argi geratu, Lehendakari hau noren alboan dagoen. Prekarietatea bultzatzen ari den patronalarekin gune asko koonpartitzen ditu, patronalari alfonbra gorria jartzen dion bitartean ez du prekarietatatea eta pobreziarekin amaitzeko proposamenak egiten dituen herri honetako gehiengo sindikal eta sozialarekin bildu nahi.

Greba Orokor hau deitu dugun erakundeok adierazi nahi dugu ez gaudela ados Eusko Jaurlaritzaren eta Lehendakariaren beraren jarrerarekin; izan ere, grebari buruz iritzi ezberdina izan badezakete ere, herri honetako eremu sozial eta sindikalean gehiengoa ordezkatzen duten erakundeekin bilera egiteko aukera bera baztertzen baitute. Lehendakariak goraipatu egin ohi du elkarrizketa, baina hau ez da gauzatzen solaskideok politika publikoen aldaketa eskatzen dugun eragile sozialak garenean.

Azkenik, iragarri nahi dugu Grebaren agendaren baitan Nafarroako Lehendakariarekin izango den bilerara joango garela, eta gobernu zein patronalak interpelatzen jarraituko dugula. Halaber, grebaren logika berean, salatu egingo dugu Urkullu Lehendakariak agertu duen jarrera eta Eusko Legebiltzarrera joko dugu, geure aldarrikapenak azaldu eta horiek gauzatzeko ekimenak abian jar daitezen eskatzeko.
 

 

 

Presoen arazoa konpontzea ezinbestekoa dela berretsi dugu sindikatuok

Hilabeteko hirugarren ostiralero bezala, LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok hileroko elkarretaratzea egin dugu Bilbon, “Konponbide garaia da. Orain presoak” lemarekin, presoen eskubideen defentsan. Espainiako ordezkaritzaren aurrean bildu gara, presoen aferari konponbidea jar diezaioten exijitzeko.

2018ko abenduaren 20an egin genuen publiko 10 sindikatuk, Bilbo mailan, presoen eskubideen defentsan abiatu genuen dinamikaren berri. Ordutik hona, eta “Konponbide garaia da. Orain presoak” lemarekin, kontzentrazioak egin ditugu hilero, hirugarren ostiraletan, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean

Argiak ziren gure aldarrikapenak orduan, oraindik indarrean daudenak.

Preso dauden pertsonen arazoa konpontzea bizikidetza demokratikoa eta adiskidetzea sustatzeko beharrezko ekarpena litzateke.

Arazo honen konponbide orokorra lortzeko asmoz, honako urratsak beharrezkoak lirateke:

-Gaitz larriak edota sendaezinak pairatzen dituzten presoak hirugarren graduan sailkatzeko edo espetxetik ateratzeko, duintasun pertsonal eta gizatasun arrazoiak direla eta.

-Espainia eta Frantziako gobernuei preso guztiak Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) eta Nafarroako espetxeetara ekar ditzaten exijitzen diegu, espetxe zigorra presoaren sorlekutik urruti ez betetzeko eta senideekiko lotura errazteko.

-Preso bakoitzaren baldintza eta egoera zehatzak benetan aztertuz, lehen gradutik bigarren gradurako bilakaera eskatzen dugu, espetxe legediak zehazten duen moduan.

Aldarrikapenok lortu arte mobilizatzen jarraituko dugu

 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Grebarako arrazoi ugari genituen, eta orain arrazoi gehiago ditugu”

0

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururi elkarrizketa egin diote goizean, Bizkaia Irratian, urtarrilaren 30eko Greba Orokorra ardatz.
 

 

 

Jeronimo Prieto: “Borroka luzea izanen da, mugimenduak irauteko gisan antolatu behar gara”

Ipar Euskal Herriko LABeko ordezkari Jeronimo Prieto elkarrizketatu du "Argia" hedabideak. Prieto trenbidetako langilea da eta abenduaren 5az geroztik greban dago, Macronen Gobernuak aurreikusitako erretreten erreformaren aurka. Greba Orokorra ere hizpide izan du: "Urtarrilaren 30eko Greba Orokorra Ipar Euskal Herriko agendan sartu nahi dugu".
 

 

 

Mina del Morro ikastetxearen itxieraren kontra gaude

0

LAB sindikatuak bere desadostasuna adierazi nahi du Santutxuko Mina del Morro eskola publikoan 3 urteko gelako matrikulazioa ez irekitzeko Hezkuntza Sailak hartu duen erabakiaren aurrean.

Santutxuko Eskola Publikoetako Familiek salatu dutenez, Hezkuntza Sailak ez du 3 urteko gelan matrikulazioa irekiko urtarrilaren 27an Bilboko Mina del Morroko ikastetxean, eta Eusko Jaurlaritzak ikastetxe publikoa itxi egingo du.

Erabaki horrekin, Hezkuntza Sailak 34.000 biztanle dituen Bilboko Santutxu auzoa hezkuntza lerro publiko bat gutxiagorekin uzten du. Horretaz gainera, salatu nahi dugu Hezkuntza Sailak matrikularen gardentasun faltaz jokatu duela azken finean ikastetxearen beraren itxiera justifikatzeko. Erabaki larri horrek argi uzten du Jaurlaritzak murrizketak egiten jarraitzen duela eskola publikoan, eta lerro publikoan plaza-eskaintza txikitzeak, aldiz, matrikulazioa aukera pribatuetara desbideratzea erraz dezakeela.

Era berean, Hezkuntza Sailak Mina del Morro ikastetxearekin izan duen utzikeria salatu nahi du LABek, eta Santutxu auzoak behar duen hezkuntza-proiektua aurrera atera ahal izateko hurrengoa eskatzen diogu:

• Mina del Morroko Eskola Publikoa zabalik mantentzea, eta auzoko eta ikastetxeko hezkuntza-komunitatearekin elkarlanean ikastetxearen bideragarritasuna bermatzeko plan estrategiko bat abiaraztea, beharrezkoak diren neurriak eta inbertsioak bideratuz.

• Zonaldeko hiru ikastetxe publikoen artean (Mina del Morro Larreagaburu HLHI, Karmelo Ikastola IPI eta Luis Briñas HLHI) zonalde osoko egoera bideratzeko mahai bat osatzea, eta mahai horretan hiru ikastetxeek egiten dituzten eskaerak eta proposamenak aintzat hartzea.

LABek Santutxuko auzoak hamarkadetan hezkuntzaren alde egindako lan eredugarria azpimarratu nahi du. Auzoz auzo, eskolaz eskola Eskola Publiko, euskaldun, hezkidetzaile, inklusibo eta burujabea iruten jarraituko dugu.

Beste aldetik, LABek bat egiten du Santutxuko Mina del Morro, Luis Briñas eta Karmelo Eskola Publikoetako familiek gaur 17:00etan Basarrate plazan deitutako konzentrazioarekin, eta bere komunitateari parte hartzeko deia luzatzen dio.
 

 

 

Osasunbideko langileek elkarretaratzea egin dute bidegabekerien aurka

0

LABek berriz ere dei egiten die langile guztiei datorren ostegunerako, urtarrilaren 23rako, 11:00etan Vianako Printzea Kontsulta Zentroaren atarian, zerbitzu publikoen defentsaren eta diskriminaziorik gabeko lan-hobekuntzen aldeko gure apustua berresteko.

SNS-Osasunbideko langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Santos Indurain kontseilariak SMNri egindako kontzesioei eta bidegabekeriei aski dela esateko.

LAB sindikatuan aldarrikatzen dugu lan-baldintzak hobetzeko neurriak langile guztiontzat izatea, inolako diskriminaziorik gabe. Ongi baloratzen ditugu kolektibo bakar batentzako lansarien eta lanaren arloko hobekuntza guztiak, baina eskatzen dugu neurri horiek guztiek Osasunbidea osatzen dugun 11.500 langileoi eragitea.

Kontseilaritza, ordea, politika elitista eta pribatizatzailea ezartzen saiatzen ari da, eta, horren aurrean, gaurko ekitaldian aldarrikatu ditugu talde-lana eta Osasunbideko kategoria profesional guztien lana aitortzea; horiek baitira osasun zerbitzu publikoetan kalitaterik handiena lortzeko bideak.

Mobilizatzeko garaia da eta gobernu berriari gogorarazten diogu aurrean izango gaituela plantillari eragiten dioten bidegabekeriak sortzen direnean edo langileen eskubideak murrizten direnean.

Bidegabekeriarik ez! Agrabiorik ez!

Gutxi batzuentzako hobekuntzak pribilegioak dira; guztiontzako hobekuntzak, eskubideak.

 

 

 

Sindikatuok presoen eskubideak defendatuko ditugu bihar, Bilbon

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok hileroko kontzentrazioa egingo dugu bihar Bilbon, “Konponbide garaia da. Orain presoak” lemarekin. Espainiako ordezkaritzaren aurrean izango da, 11:30ean; Plaza Eliptikoan, hain zuzen ere.

 

 

 

Beste indar erakustaldi bat egin dugu Baionan, erretreten erreformaren aurkako manifestazioarekin

Hendaian izan ginen atzo, eta Baionan, gaur, asteartean egin bezala. Ia egunero gaude kalean, erretreten erreformaren aurka protesta egiten, intersindikalaren borroka egutegiaren baitan. Bada, beste indar erakustaldi bat egin dugu Lapurdiko hiriburuko karriketan, borrokak bizi-bizi jarraitzen baitu, Macronen Gobernuak aurreikusitako neurrien aurka aste asko igaro diren arren.