EAEko Hezkuntza greba egunera deitu dugu irailaren 15erako, sindikatuok atzoko agerraldian iragarri bezala. Bada, grebaren erregistroa egin dugu gaur, eta aurrez aurreko itzulera seguru eta adostua exijitu dugu berriro. Mobilizazio egutegiaren hurrengo hitzordua irailaren 10ean izango da. Egun horretan,18:00etan, mobilizazioak egingo ditugu Hezkuntza Delegaritzen aurrean Bilbon, Donostian eta Gasteizen, Hezkuntza Komunitatea ere gonbidatuz.
Gasteizko Gobernu berriak ez dio erantzungo osasun krisia eta krisi ekonomiko eta sozialaren aurrean langileok behar dugunari
Aurrekoaren jarraipena izango den Gobernu bat izango da, eta ez da izango bizi dugun osasun krisia eta, ondorioz, gainean daukagun krisi ekonomiko eta sozialari erantzun egoki bat emateko langileok behar dugun Gobernua. Akordioa eta lankidetzaren beharra hitzetik hortzera erabiltzen duen Gobernua da, baina aldebakartasuna praktikatzen du, negoziazio kolektiboa ukatzen du. Honen adibide da kurtso hasierarekin batera Hezkuntzan gertatu dena, Gobernuak ez baitu inolako borondaterik izan itzulera plan bat adosteko Hezkuntza Komunitatearekin.
Orain arte bezala, Confebasken neurrirako politikak egiten jarraituko du. Enpleguaren egoerak enplegu plan bati buruz hitz egitea eskatzen du. Uztailean Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin biltzeko aukera izan genuen eta argi geratu zitzaigun gai honen inguruko inolako konpromisorik ez dutela hartuko.
Zerbitzu publikoak indartzeari begira ere ez dugu erabaki berririk aurreikusten. Pandemia honek agerian utzi zituen Osasungintza sistemaren hutsuneak hasieran, eta ez da inolako erabakirik hartu berau indartzeko. Honen erakusgarri garbiena Lehen Mailako Arretan ematen den egoera da. Zerbitzu publikoetan murrizketak egingo dituen Gobernua izango da, argi utzi baitu ez duela zerga-politika ukitu nahi.
Zaintza sistema publiko bat eraikitzeko apusturik ere ez dugu ikusten. Gobernua ez da gai izan, adibidez, helduen egoitzetan duela hilabete batzuk ikusi genuen egoera ez errepikatzeko neurriak hartzeko. Ez da gai izan egoitzak blindatzeko, eta berriro gaixotasuna sartu da egoitzetan.
Honengatik guztiagatik, etorriko den Gobernu berriarengandik ez dugu berrikuntza handirik espero.
Ikasturte osorako itzulera hitzartu, seguru eta aurrez aurreko baten alde mobilizatuko gara bihar Iruñean
LAB Irakaskuntza, Hezkuntza-Komunitateko Foroko kide izaki, duela gutxi bildu da gainerako eragileekin (sindikatuak, ikasleen elkarteak eta gurasoen plataformak), ikasgeletara itzultzeari buruzko xehetasunak jorratzeko. Bihar, ikasturtearen hasieraren atarian, elkarretaratzea egingo dugu eragileok, 19:00etan, Nafarroako jauregiaren aurrean.
LABek honako hau adierazi nahi du:
-Oraindik ere ziurgabetasun eta desinformazio handia dago hezkuntza-komunitateko eremu guztietan; familiek, irakasleek, irakasle ez diren langileek eta ikasleek ez dute behar adinako informaziorik.
-Hezkuntza Departamentuak gure kezka areagotu egin du, kontingentzia-planaren ezarpenari buruzko alderdiak argitu beharrean. Izan ere, jakin dugu irakasleen kopurua indartzeko iragarri zituzten 666 kontratazioak gaur egun 173 bakante izatera murriztu direla, gaurko datuen arabera.
-Jantoki eta garbiketa zerbitzuak indartzeko iragarri zuten 200 pertsonen kontratazioa ere baieztatzekoa dago orandik orain. Are gehiago, arlo horietan murrizketak izan direlako salaketak iristen ari zaizkigu forora.
-Ez dute argitzen nola ezarriko diren kontingentzia-planak, ezta ikastetxeek zer baliabide izango dituzten ere.
Beraz, honako hauek eskatzen ditugu:
-Benetako negoziazioa hastea hezkuntza-komunitate osoarekin, orain arte bazter utzitako alderdi pedagogikoak, funtzionalak eta emozionalak kontuan hartu eta errefortzuei zentzua emango dien plan integral bat osatze aldera.
-Irakasleen eta irakasle ez diren langileen kontratazioen datuei buruzko azalpenak ematea.
-Sortuko diren premia errealei erantzungo dieten kontratazioen kopurua egiazki handitzea, bai irakasleei dagokiena eta baita irakasle ez diren langileei dagokiena ere: garraioa, garbiketa, jantokiak…
-Ratioak jaistea eta azpiegitura-zerbitzuaren espazioei buruzko txostena argitara ematea.
-Kontingentzia-protokolo espezifikoak diseinatzea irakasle ez diren langileentzat.
-Izan ditzala ikastetxe bakoitzak osasun-langileak eta lan-osasuneko figura bat.
-Ezar daitezela kontziliazio-neurriak eta aurreikuspenak, etorriko zaizkigun berrogeialdiei behar bezala erantzuteko.
-Familia eta lana bateragarri egiteko beharrezkoak diren zerbitzu osagarri guztiak bermatzea, hala nola goiztiarren gela, espazioak zentro bakoitzaren beharretara egokituz.
-Unibertsitate-eremua kontingentzia-protokolo guztietan sartzea.
-Pertsona zaurgarri guztiak modu berezian aintzat hartuak izan daitezela, ikasleak eta langileak, ikastetxeetara itzultzean haien segurtasuna bermatuz.
Aurkeztu dizkiguten erabakiak berandu iritsi dira eta ez dira nahikoak; beraz, datorren asterako ondorengo ekintzak iragartzen ditugu:
-Sinadura bilketa masiboa eta kartelak ikastetxeetan.
-Kanpaina bat sare sozialetan.
-Hezkuntza Komunitate osoaren kontzentrazioa irailaren 2an,
-Nafarroako Jauregiaren aurrean.
Ikasturte osorako itzulera hitzartu, seguru eta aurrez aurrekoa. Osasuna bermatu eskoletan!
Bihar hasiko dira deklarazioak Osakidetzaren iruzurrezko EPE prozesu judizialaren barruan
Bihar, irailaren 1ean, 24 lekukoren deklarazio-hartzea hasiko da. LAB sindikatuak ekainaren 1ean eskatu zuen haien agerraldia, eta kasuaren ardura duen epaileak egokitzat jo zuen.
Pozik gaude kasu hau aurrera doalako. Kasu honek berdintasun, merezimendu eta enplegu publikora iristeko gaitasun-printzipioak urratzen dituela adierazten duten zantzu ugari ditu eta uneoro Osakidetzako zuzendaritza horren jakitun zen.
LABeko ordezkari batek deklaratuko du bihar, 17: 00etan, justiziaren aurrera eraman zituzten 19 kategoriatan ohar sinesgaitzen ebidentziak zabaldu zituen txosten estatistikoaren berri emateko. Salaketa hark prozesu bat ireki zuen, eta une honetan instrukzio-fasean dago.


