2026-01-31
Blog Page 548

Hezkuntza Sailarekin 2018an sinatutako akordioa nagusiki bete arren, lanean jarraitzen dugu Lakuak hitza bete arte

0

Legegintzaldia amaitzear dagoela, agerraldia egin dugu EAEko hezkuntza sistemaren eta berau osatzen duten langileen baldintzak hobetzeko 2017tik hona eman diren urratsetan begirada jartzeko. Izan ere, borroka sindikalaren bidez lortutako hobekuntzak ez dira gutxi izan, eta horiek ere azpimarratu behar dira; oraindik egiteko dagoena ahaztu barik. Besteak beste, bajak lehenengo egunetik %100 ordaintzea, ordezkapenak lehen egunetik betetzea, zerrenda guztiak zabalik izatea edo soldaten murrizketak geldiaraztea izan dira lorpenen balantzan jarri beharrekoak.

2017an sindikatu guztiek bat eginik abiatu genuen greba dinamika amaierara heldu zen 2018ko maiatzaren 14ean, gehiengo sindikalak -LAB, Steilas, CCOO eta UGT- eta Hezkuntza Sailak sinatutako akordioarekin.

Ez dira gutxi akordio horretan hezkuntza-kalitatea eta langileon baldintzak hobetzeko adostutako edukiak. Orain, berriz, legegintzaldiaren amaierara heltzen ari garen honetan, LABek beharrezkoa ikusten du akordiotik lortu diren eta eskuratu ez direnen arteko balantzea egitea.

Ildo horretan, ezin aipatu gabe utzi 2018tik hona Hezkuntza Saila ordezkatzen duen Cristina Uriarteren utzikeria nabarmena. Hezkuntza Sailetik ez dute konpromiso errealik erakutsi adostutako gaiak garatzeko. Gainera, aurretik aipatutako lorpenetan urratsak eman badira, horiek esparru sozialetik egin dugun lan eta presioaren ondorio izan dira.

Akordioaren bidez lortutakoak:

• Baja egoerak ez zigortzea, eta lehen egunetik %100 ordaintzea.
• Ordezkapenak lehen egunetik betetzen hasteko urratsak ematea; akordioa sinatu aurretik, LHn 5. egunera arte eta DBHn 6. egunera arte betetzen ez zirenak.
• Zerrenda guztiak zabaltzea eta irekita mantentzea.
• Soldaten murrizketak gelditzea eta aparteko ordainsaria berreskuratzea.
• Administrazio eta kudeaketako irakasleei dagokienez, orain arteko 191 lanpostuen ordu-kreditua mantentzea eta administrari kopurua handitzea 7 eta 13 arteko gelako zentroetan.
• Behar-indize altuko eskoletan, plantillak handitzea.
• Adinagatiko murrizketan, karrerako funtzionarioek eskola-orduen herena murriztu ahal izatea, eta, datorren ikasturtetik aurrera, 59 urtetik gorako irakasle guztiek 2 irakastordu murriztu ahal izatea.
• Epe laburrean, ordezkoek eszedentzia hartu ahal izatea adostuta geratu da.

Akordioan idatzita egon arren, Lakuak negoziatu nahi ez duena:

• Egonkortasuna: irakasle ordezkoen egoera eta ikastetxeen egoera egonkortzeko prozesua.
• 60 urterekin irakastorduen herena murrizteko eskubidea ordezko irakasleentzat ere zabaltzea.
• Bateragarritasuna: lanaldi murriztuak bestelako lanekin bateratu ahal izatea lan prekarioekin amaitzeko.

Akordio honekin aurrera jarraitzeko aukerak agortu dira. Dena den, balioan jarri nahi dugu honekin lortutakoa.

Nondik gentozen ikusita, argi dugu 2018ko maiatzaren 14ko akordioaren bidez egoera hobetzea lortu genuela. Administrazioak negoziaketarako borondaterik agertu ez duenez, ordea, lan-hitzarmen berri bat abian jartzeko ahalegin guztiak egingo ditugu.

 

 

 

48.000 herritar alerta egoeran jarri dituzte eta Jaurlaritzak berriz ahaztu ditu langileak

0

Osakidetzak 48.000 herritar (Ermua, Mallabia, Zaldibar eta Eibarrekoak) alerta egoeran jarri ditu, kutsadura maila altua dela eta. Beste behin ere, gaiarekiko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, Osakidetza eta Osalanen partetik dagoen arduragabekeria salatu behar du LAB sindikatuak. Bi langilek desagertuta jarraitzen dute. Zabaldu den informazioan, zehaztasun eta aholku falta nabaria da. Lehenik, inguruan kirolik ez egiteko gomendioa egin dute; gero, leihoak ez irekitzeko aholkatu; eta, azkenik, alerta egoera zabaldu dute. Nabaria da Jaurlaritzak eta beste erakunde eta organoek duten noraeza. Tartean lehendakariak desagertuta jarraitzen du.

Bitartean langileriak baztertuta jarraitzen du. Lanean jarraitzen dute asko eta askok, eguneroko lan fisiko bera suposatzen dien zereginetan; kale garbitzaileak, karga eta deskarga lanetan dabiltzanak, obretan eta beste hainbat zereginetan. Zein da langile hauentzako aholkua? Nola jardun beharra dute langile guzti hauek? Zein segurtasun neurrirekin? Ze prebentzio neurriekin?.

Eusko Jaurlaritzari, Lan Ikuskaritzari eta Osalani, berehala, Ermua, Mallabia, Zaldibar, Elgeta eta Eibarren lanean dabiltzan langileentzako aholkuak eman ditzatela, beharrezko segurtasun neurriak hartu eta inplementatu ditzatela, eta beharrezkoa balitz, lanen suspentsioa ere agindu dezatela exijitzen diegu. Eibarren bihar dagoen partidua suspenditzeko zorian dago, Osasun Sailak gomendatuta. Inguruko beste langile guztiak ez al dituzte eskubide berdinak?

LAB inguruko langileak pairatzen ari diren egoera salatzeko kudeaketak egiten ari da, Lan Ikuskaritza eta Osalanek arduragabekeria honen aurrean neurriak har ditzaten, langile eta biztanleria osoaren osasuna bermatzeko.
 

 

 

Eskubide Sozialen Kartatik bat egiten dugu “Zaldibar Argitu Orain!” lelopean larunbaterako deitutako mobilizazioarekin

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok biharko mobilizazioan parte hartzeko deialdia egiten dugu. Zaldibarren gertatutakoak erakusten du gure agintariek pertsonen, planetaren eta langileen bizitzaren gainetik jartzen dituztela beraien ezkutuko interesak. Lan eta bizitza duinagatik. ZALDIBAR ARGITU ORAIN!

MANIFESTAZIOA. Otsailak 15

ALDAKETA SOZIALAZ BIZITZA DUINA!

– Ermua 17:00 (Orbe kardenalaren plaza)

– Eibar 17:00 (Amaña-Eibar tren geltokia)

– Elgeta 16:30 (plazatik)
 

 

 

“Hokoke” dokumentala, YouTube plataforman ikusgai

LAB sindikatuak ekoitziriko "Hokoke" dokumentala YouTube plataforman dago ikusgai. Azkoiengo Huerta de Peraltako grebalariek 28 egunez erakutsi ziguten zelako balioa duen borroka eta duintasuna antolatzeak, nolako balioa duen esplotazioari eta prekaritateari elkarrekin aurre egiteak. LABek hura guztia dokumental batean jaso nahi izan zuen eta Unai Redinen eskutik "Hokoke" sortu zen. 2019ko urriaren 3an estreinatu zen, eta formatu txikiko 40 inguru emanalditan 1.000 pertsona baino gehiagok ikusi dute Euskal Herriaren luze zabalean zein Bartzelonan edo Montevideon. Orain, YouTube plataforman jarri dugu, edonork ikusteko moduan, jatorrizko bertsioan zein azpitituluekin (euskara, gaztelania, katalana, arabiera, ingelesa edo frantsesa).
 

 

 

Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko langileek elkarretaratzea egin dute, hitzarmenaren defentsan

Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko langileak borrokan daude. Elkarretaratzea egin dugu gaur, Donostian, negoziazio mahaiaren atarian. Gipuzkoako hitzarmenaren defentsan mobilizatu gara, LAB, ELA, CCOO eta Jendartelanak deituta.
 
Gaur, otsailak 14, Gipuzkoako III. Esku Hartze Sozialeko hitzarmenaren mahai negozatzailea bildu da. Esan beharra dago Hedatzen patronalak mahai gainean aurkeztu duen proposamena alderdi ekonomikoak soilik jasotzen dituela.

LAB sindikatutik ez nahikotzat jotzen dugu, proposamen honek ez baitu bermatzen KPIko igoerak. Datozen egunetan gure ordezkaritzarekin egoera hau hausnartuko dugu datorren bilerarako, hau da otsailak 26rako, gure proposamena luzatzeko helburuarekin.

 

 

Adiorik ez Arantza!

0

Arantza eta Deustuko Erriberan lan egin zuten gaileta-egileak omendu genituen larunbatean, Artiach lantegia zegoen lekuan. Egon zirenengatik, gaudenengatik eta etorriko direnengatik!
 

 

 

Osasunbidea: Ospitalegunean, mugikortasuna modu arbitrarioan kudeatzen da

0

Erizaintzako azken deialdien ondoriozko lanpostuen adjudikazioek berriz ere agerian utzi dute zuzendaritzen antolaketa ezin kaskarragoa dela langileen kudeaketari dagokionez, mugikortasuna arbitrariotasunez aplikatzen baitute modu sistematikoan, akoplamenduaren figura arautzen duen araudia behin eta berriz urratuz.

Langileen Zuzendaritzak bat egin du Erizaintzako Zuzendaritzaren trikimailuekin, interesatzen zaizkion pertsonak bere iritziz egon behar duten lanpostuetan jartzeko. Hori helburu, ez dute inolako lotsarik, Erizaintzako Zuzendaritzarekin batera, lanpostu batzuk diskrezionalki sortu, eta profesional "aukeratu" batzuk bertan kokatzeko, langile horien lan-ordutegia eta ordainsari ekonomikoa aldatu behar badute ere. Ez zaie inporta jokabide horrekin antolaketa-disfuntzio garrantzitsuak sortzea eta plantilla organikoa batere justifikaziorik gabe eta legez kanpo aldatzea.

Hori horrela, hemendik gutxira sartuko diren erizainak lanean hasten direnean, horietako batzuk ez dira sartuko puntuazioaren arabera bete beharko luketen lanpostuetan, baizik eta langile kontratatu gisa aritu diren lanpostu beretan, buruek eta zuzendariek hala erabakita. Hori etengabe egiten ari dira, baita langile finkoekin ere. Horrela, lanpostu horiek gainerako langileei eskaintzea galarazten dute, eta zenbait plaza erreserbatuta gelditzen dira, haiek nahierara betetzeko.

Zerbitzu-eginkizunak ere behatzez esleitzen dira, araudian jasotako prozesua batere errespetatu gabe. Eta hori estamentu guztietan gertatzen da: pisu handiagoa dute zuzendaritzek beren pupiloak ondoan atxikitzeko izaten dituzten "interesek" lan irizpide argiek baino. Gainera, zerbitzu-eginkizunen esleipen hori, askotan, behin betiko mugimendu gisa agertzen da plantilla organikoan, eta zaildu edo ezabatu egiten du gainerako profesionalek plaza horiek eskuratzeko duten aukera.

Ulertezina iruditzen zaigu profesionalen zuzendaritzak (zerbitzu zentralak eta Nafarroako Ospitaleguneko zuzendaritza) egoera horretaz ez ohartzea. Bitartean, zuzendaritza batzuk (Erizaintzakoa bereziki, horrelako barne-mugimendu asko egin dituelako) egoera horretaz baliatzen ari dira Ospitalegunea ospitale pribatu bat balitz bezala zuzentzeko, barne-mugikortasuneko prozesuak erabat kenduz, deialdien arteko denbora behin eta berriz luzatuz eta deialdietan oso lanpostu gutxi eskainiz (erakargarritasun gutxien duten lanpostuak, hain zuzen), horrela lanpostuak haiek nahi duten bezala esleitu ahal izateko. Eta hori guztia justifikatzeko esaten dute bidean zailtasun eta traba asko dituztela: Zuzendaritzak berak eragindako zailtasunak.

LABetik eskatzen dugu zintzoki errespetatu dezatela profesionalen mugikortasunari eta plantilla organikoari buruzko araudia eta publiko egin daitezela, Nafarroako Gobernuaren Gardentasunaren Atarian, plaza-zenbaki bakoitzaren hasierako destinoa eta izan duen mugikortasuna. Ziurtatu beharra dago Ospitalegunean urtero egiten direla akoplamendu prozesuak, eta behar diren bitartekoak jarri behar dira profesionalenganako legez kontrako egoera hori berehala konpontzeko.

Ez dugu uste denak balio duenik erakunde publiko bat kudeatzeko orduan, erakunde horren gobernamendu onaren aitzakiapean egiten bada ere. Kargu publikoetan ari direnak indarrean dagoen araudia behin eta berriz urratzea ezin da inola ere justifikatu.

Enegarrenez, Erizaintzako zuzendariaren eta haren menpeko arloko buruen dimisioa eskatzen dugu, haiek baitira Ospitaleguneko profesionalen kudeaketa desegituratu izanaren arduradun nagusiak, plantilla organikoan disfuntzio larriak sortuz eta funtzio publikoan oinarrizko lan-eskubideak urratuz.

 

 

 

Patronala eta Jaurlaritza lan heriotzen erantzule direla salatu dugu Bilbon, hildako eta desagertutako langileak gogoan

Euskal gehiengo sindikalak deituta, kalera irten gara berriro, lan heriotzen eta lan istripuen sarraskia salatzeko. Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitza okupatu genuen asteazkenean, erantzuleak seinalatzeko; bada, mobilizazioa egin dugu ostegun arratsaldean, Bilboko Arriaga plazan, Hego Euskal Herrian aurten hil diren 11 langileak eta Zaldibarren lur azpian desagertuta dauden biak gogoan. LABeko Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak hartu du hitza, eta lan istripuak ez direla kasualitatea, prekarietatearen ondorio direla berretsi du.

Xabier Ugartemendia

Xabier Ugartemendiaren hitzetan, "astebete bete da bi langile desagertuta daudenetik Zaldibarren. Bitartean, patronala mehatxuka dabil, iraingarriak diren adierazpenak egiten, eta Iñigo Urkullu buru duen Gobernuaren lehentasuna hauteskundeak dira, eta autopista irekitzea".

Urtea hasi zenetik Hego Euskal Herrian lanean 11 langile hil direla salatu du: "Langileen osasuna eta bizitza bermatzen ez duen eredu batek ezin du duina izan. Beraz, argi eta garbi esan behar dugu prekarietateak hil egiten duela".

LABeko Ekintza Sindikaleko idazkariaren esanetan, "lan istripuetan hltzen diren langileen ardura patronalarena da, beraiek egiten dutelako prekarietatearen aldeko apustua; lan istripuetan hiltzen diren langileen ardura Jaurlaritzarena da, behin eta berriz patronalarekin lerrokatzen delako eta beraiei babesa ematen dielako. Politikak aldatzeko garaia da. Behingoz garaia da. Nahikoa da. Lakra honekin amaitu behar dugu. Langileek eskubidea dute etxera osasuntsu eta bizirik itzultzeko".

Elkarretaratzearen ondoren, komunikatu bat irakurri dugu, eta minutu bateko isilunea egin ere hildako langileen omenez. Ondoren, txalo zaparrada handi batekin amaitu da mobilizazioa.
 

 

 

Bilbon mobilizatuko gara gaur arratsaldean euskal gehiengo sindikalak deituta, prekarietateak hil egiten duela salatzeko

2020 hasiberritan 11 hildako jasan ditugu Euskal Herriko lantokietan eta bi lankide desagertuta dauzkagu Zaldibarko luizian. Instituzioetako arduradunen atsekabe eta elkartasun hitzekin nekatuta gaude, ekintzarako garaia da.

Behin-behinekotasunak hil egiten du. Azpikontratazioak hil egiten du. Prebentziorako neurririk ez izateak hil egiten du. Diru-goseak hil egiten du, langileen aurka prekaritatea darabilen patronal aseezina da honen erantzulea eta patronal honekin erabat lerrokatuta dagoen Eusko Jaurlaritza konplizea.

Zaldibarren lanean aritu izan diren langileak urteetan arriskupean jarriak izan dira kaltegarriak diren sustantzietara esposatuz, babesik gabe. Luizian lanera joandako langileei ez zieten amiantoaren presentziaren informaziorik eman, zabortegian hura pilatzen ari zirela jakin arren. Helburu bakarra autopista irekitzea izan da, ikuspegi ekonomizista berriz gailenduz. Lehentasunezkoa da langile biak aurkitzea, baita senide, lankide eta biztanlegoari kudeaketa gardena bermatzea ere.

Eusko Jaurlaritzari egun dauzkan baliabide guztiak prekaritateari aurre egiteko erabil ditzala exijitzen diogu (Ikuskaritza, Osalan…) eta segituan prekaritatearen aurkako larrialdi-plan bat onar dezala pandemia honi aurre egiteko beharrezko baliabideak lortze aldera. Bada garaia herri honetako langilea den gehiengoaren interesak defendatzen hasteko.

Langileok lantokietan pairatzen dugun egoera salatzeko, lanean istripuak jasan dituzten lankide guztiak oroitzeko, bereziki momentu honetan lan-istripuen ondorioak jasaten ari diren senide, lagun eta lankide guztiei gure elkartasuna adierazteko, eta erakundeei politiken aldaketa bat exijitzeko, ostegun honetan Euskal Herriko Gehiengo Sindikalak mobilizazio bat burutuko du Bilboko Arriaga Plazan, 18’30etan.