2026-07-30
Blog Page 544

EAEko eskola jantokietako greba deialdiari eutsi diogu, Hezkuntza sailak bilerara deitu arren

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuon ohar bateratua:

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek, ikastetxe publikoetako, pribatuetako eta itunpeko ikastetxeetako jantokietako azpikontratetan ordezkaritza dutenek, urriaren 21, 27 eta 29rako deitutako grebari eutsiko diote, Hezkuntza Sailak asteartean, urriaren 20an, deitu duen bilera aparate, grebaren lehen eguna baino egun bat lehenago.

Maiatzaz geroztik, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Hezkuntza Sailarekin bilera bat egiteko eskatu dute, eskola-jantokien itzulera segurua aztertu eta negoziatu ahal izateko.

Hala ere, orain arte, erabaki guztiak alde bakarrez hartu eta ezarri ditu Sailak, eta joan den irailaren 15ean hezkuntza-komunitate osoak lehen greba deialdia egin ondoren, hezkuntzako langileen mahai guztiak deitu ditu, azpikontratetako langileak izan ezik.

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek gaitzetsi egin dute Saila jantokietako langileekin zuen jarrera, enpresa pribatuek kontratatutako langileak izan arren EAEko ikastetxeetan zerbitzuak ematen dituzten langileak baitira.

Sailak greba hasi baino egun bat lehenago deitu du bilera. Gehiago dirudi herritarrei eta familiei begirako mugimendua, arazoa konpontzekoa baino, azken egunera arte itxaron baitu greba urriaren 7tik deituta.

Langileek deitutako mobilizazioei esker, Saila kolektibo horren aldarrikapenak entzutera eseriko da, mobilizazio horiek gabe eta sektoreak duen indarra gabe bilera hau ez litzateke posible.

Hala ere, langileen eskaria Sailarekin bilera bat egitea baino haratago doa, eta aldarrikapenak oso argiak dira: segurtasunaren bermea, enpleguari eta lan-baldintzei eustea, ratioak jaistea eta lan-kargak ez-handitzea, zerbitzu seguruak eta kalitatezkoak eskaintzea.

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuetatik,bilera greba deialdira debora barik deitu denez, eta greba-deialdiaren helburua ez denez bilera bat lortzea, baizik eta langileen aldarrikapenak gauzatzea segurtasuna bermatzeari, enplegua mantentzeari eta lan-baldintzei dagokienez, Hezkuntza Sailak deitutako bilerara joango gara, baina aurreikusitako greba-deialdiari eutsiko diogu. Deialdia urriaren 21ean, asteazkenean, hasiko da, eta mobilizazioak egingo dira hiru hiriburuetan.

BILBO: 11:30ean: irteera Moyuatik Gran VĂ­a 85era (Eusko Jaurlaritza)
DONOSTI: 12:00etan elkarretaratzea Hezkuntza ordezkaritzaren aurrean (Andia, 13)
GASTEIZ: 12:00etan Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean. (Helbidea jarri, San Prudentzio, 18)

100 langile ebentual kaleratu dituzte Bilboko Portuan

Bilboestibako enpresa batzordearen oharra:

Duela aste batzuk, zamaketariok oraindik ez genuenean grebarako gure eskubidea erabili, enpresek, ardi larruz jantzita, neurrigabeko kanpaina prebentiboari ekin zioten gu mafiosotzat joz, ebentualei aparteko txandetan lan egitea galaraten genuela esanez (gauak eta asteburuak) eta baita ABLEetako gure lankideen lepotik eurek gure “pribilegio” deitzen dituztenak betierekotu nahi genituela aipatuz.

Denbora euren gezurrak agerian uzten joan da. Izan ere, lehen eta orain gure lankide ebentualak aparteko txandetan lanean aritu dira eta Bilboestiba CPEko langileei bezalako kontratua eskaini zaie. Orain ikus dezakegu enpresen benetako aurpegia. Langile ebentualentzat duten proposamen bakarra ebentualitatea oraindik gehiago zabaltzea izan da. Langile hauekiko itzurazko kezka agerian geratu da greba egunek aurrera egin ahala hartu dituzten azken neurriekin. Euren estrategia egoera are gehiago prekarizatzea zen, soldataren %40rainoko murrizketekin, 12 urtez eguneroko kontratuen bidez betetzen ari diren ataza berdinetarako.

Langile guztiek, Bilboestibako mugagabeko kontratudunek eta modu berezian, Randstad-en lan-poltsa historikoko ebentualek, batasun, elkartasuna eta grebarekiko atxikimendu ariketa egin dute. Ebentualek ere bat egin dute sektorean deitutako lanuzte guztiekin. Orain enpresek, inora ez doan bidaia honetan, langile hauen kontrako neurriak hartu dituzte, hain zuzen ere, zaurgarrienak direlako. Horrela, hauek kontratatzeari utzi diote CPEak lan-kargari aurre egiteko langile nahikoa izan ez arren.

Honek 100 zamaketari ebentualen kaleratzea dakar. Langile hauek, azken 12 urteotan, zamaketa-enpresentzako lanean aritu izan dira bataz beste, urtean 130 txanda eginez. Langile hauek egin dituzte zamaketari batek egiten dituen lanik nekagarri eta arriskutsuenak. Langile hauek, lan-kargak Bilboestibako langile finkoen gaitasuna gainditzen zuen egunetan soilik kontratatzen zituzten, eta egun horretan berean egiten zieten finikitoa.

Urteak aurrera joan ahala gutxituz joan dira langile finkoak, eta gora egiten zuen langile hauen jarduerak, azken bi urteotan urteko 170 lanalditara iritsi arte. Hori guztia, kontratu finkoa egin beharrean. Izan ere, langile ebentualak luzaroan egon dira honen esperoan eta herrialde erdi-normal batean honezkero izan beharko lukete kontratu finkoa. Orain, aukeratu beharrean daude, ebentualitate, eta ondoriozko prekarietate, handiagoa edo ezer ez.

Zamaketa-enpresek atzo, prentsa-ohar bidez jakinarazi zuten arbitrajea eskatu dutela gatazka konpontzeko; eta zamaketari finkoen aurka egin zuten, irain eta deskalifikazioekin eta orain, aldi baterako gure lankideen kontrako errepresaliarik gogorrena hartu dute, Bilboko Portuko Agintzaritzaren presidentziaren konplizitatearekin.

Errepresaliekin ari diren bitartean, itsasontziak pilatu egiten dira kaietan eta ez soilik zamaketarien grebarengatik, enpresek ere zeresana baitute honetan. Euren borondatez langileok kaleratuz zerbitzua emateari utzi diote. Gaurko egunera soilik begiratuta, atendituta egon zitezkeen 5 itsasontzi baino gehiago zerbitzurik gabe utzi dituzte, portuko komunitate osoa bahitu moduan hartuz. Ematen du jarduera lotsagarri honen aurrean Barkala jaunak ez duela inolako neurririk hartuko.

Elkartasuna adierazi nahi diegu Jaro operazioan auzipetutako guztiei

Euskal Herritik LAB sindikatuak atzo hasi eta bihar arte luzatuko den epaiketan Operación Jaro-ren  baitan epaituko dituzten Causa Galiza eta Ceivar erakundeetako hamabi militante independentista galiziarrei bere elkartasuna helarazten die. Hain zuzen ere, Garbiñe Aranburuk, Igor Arroyok eta Koldo Saenzek, sindikatuko idazkari nagusiak, idazkari nagusiaren ondokoak eta Nazioarteko idazkariak, hurrenez hurren, auzipetuekiko elkartasun adierazpena sinatu dute.

Berriro ere Espainiako Auzitegi Nazionalean burutuko den epaiketa politiko baten aurrean gaude, kasu honetan, Galizako independentismoa kriminalizatzeko helburua duen epaiketa politiko bat, alegia. Terrorismoa goratzea, eta erakunde kriminal bateko kide izatea leporatzen diete, eta lau eta hamabi urteko kartzela zigor eskariari aurre egin behar diote.

Berriro ere disidentzia politikoa epaitzen duen epaiketa politiko baten aurrean gaude. Leporatzen dieten terrorismoaren gorazarrea adierazpen askatasunaren kontrako eraso garbi bat da, eta, beraz, oinarrizko eskubideen kontrako eraso larri baten aurrean gaude.

Epaiketa honek Galizako independentismoa kriminalizatzeko helburua izateaz gain, herriok pairatzen dugun zapalkuntza nazional, sozial eta hetero-patriarkalaren kontra errebelatzen den oro jazartzea du helburu. Epaiketa honek, eta aurretik Euskal Herrian hainbestetan pairatu ditugun antzeko epaiketa politikoek, ez dute lekurik Zuzenbide Estatu batean.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak auzipetutako pertsonen absoluzioa eta disidentzia politikoa kriminalizatzea helburu duten epaiketa politiko hauen bukaera exijitzen du.

Epaiketa politikorik ez!

Herriak aske!

Viva Galiza Ceibe!

Osakidetzako azpikontratetako langileek ere hiru greba egun egingo dituzte

Osakidetzan urriaren 29, azaroaren 5 eta azaroaren 12rako deitutako greba egunetan ere planto egingo dute azpikontratak diren garbiketa, osasun garraioa eta sukalde zein kafetegi zerbitzuetako langileek.

LAB, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuon ohar bateratua, gaur egindako agerraldiaren harira:

Osakidetzako Garbiketa, Osasun Garraio eta sukalde zein kafetegietako langile azpikontratatuek greba deialdia egin dute langileei mobilizatzeko deia luzatuz.

LAB, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek, Osakidetzaren azpikontratak diren garbiketa, osasun garraioa eta sukalde zein kafetegi zerbitzuetan lan egiten duten langileen ordezkari gisa, hiru greba egun deitu dituzte. Deialdia urriaren 29rako izango da Araban, azaroaren 5erako Gipuzkoan eta azaroaren 12rako Bizkaian.
Deialdi honen bidez langileek bizi duten egoera salatu nahi dute: ez dagoela langile nahikorik, lanpostu hutsak edota aldi baterako ezintasun zein oporrak ez direla ordezkatzen, ez dagoela segurtasun-neurririk eta kolektibo batzuetan soldata-baldintza eskasak daudela. Egiturazko defizit hori areagotu egiten da bizi dugun pandemia egoeran.

Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu beren erantzukizuna har dezatela, atzera egin dezatela zerbitzu horiek pribatizatzeko erabakietan, eta zuzenean har ditzatela beren gain, egungo lanpostuei eutsiz eta plantillak handituz, gure baldintza ekonomiko eta sozialak homologatuz, eta alboratu ditzatela beren onura maximizatzen duten enpresa bitartekariak, lan-baldintzak prekarizatu eta herritarren osasuna bezalako oinarrizko zerbitzua hondatzen dabiltzalako.

Greba-deialdietan  bai eta aurreko egunetan hiru lurraldeetako lantokietan egingo ditugun kontzentrazioetan parte hartzera deitzen dugu.

Elkarretaratze horiek urriaren 28an egingo dira Gipuzkoan eta Bizkaian; azaroaren 4an Araban eta Bizkaian, eta azaroaren 11n Gipuzkoan eta Araban.

Osakidetzako azpikontratako langileak ere honaino heldu gara! Grebara!

Azken erasoaren aurrean, Ekialdebusen segurtasuna bermatzea eskatzen diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari

Aurreko larunbatean eraso berri bat izan zen Ekialdebuseko autobus batean. Kasu honetan, gidariari egin zioten eraso.

Ekialdebus-eko enpresa-batzordearen oharra:

Gertaera larunbateko gaueko 22:00k aldera jazo zen Donostiako Gros auzoan, autobusa geltokira iritsi zenean gizon batek autebusetik jeistera zihoala, ateak ez zuen funtzionatu eta ondorioz, ez zen irekitzen. Hainbat saiakera eta gero, gidariak atea irekitzea lortu zuen baina bidaiaria erabat haserre zegoen eta irain eta oihu artean, gidaria COVIDetik babesteko duen manpararen aurka oldartu zen kolpeka.

Hau ez da salatzen dugun lehen gertaera. Zoritxarrez ohikoak dira gidariok jasan behar ditugun eraso, mehatxu eta irainak.

Abuztuan Diputazioari zein enpresari babes neurriak eskatu genizkien, baina biek ala biek entzungor jarraitzen dute gure eskaeren aurrean.

Ez gara lanean seguru sentitzen eta segurtasun neurriak behingoz aplika daitezen eskatzen dugu. Azken eraso hau eta enpresa zein Aldundiaren utzikeria salatu nahi dugu eta horretarako, enpresa batzordetik kontzentrazioa deitu dugu datorren ostegunean, hilak 22, goizeko 11:00etan Donostiako Gipuzkoa Plazan, Aldundiak duen egoitzaren aurrean.

Hermanos Gruber enpresa gauzatzen ari den jazarpen sindikala salatu dugu

Elkarretaratzea egin dugu Barakaldon, Hermanos Gruber enpresak langileen ordezkarien eta langileen euren aurka duen jarrera salatzeko. Izan ere, lantegiaren aurrean egindako mobilizazioan ohartarazi dugun bezala, zuzendaritza langile ahulenak mehatxatzen ari da, horietako asko behin-behinekoak, bere helburuak lortzeko. LAB sindikatutik argi dugu ez dugula halako erasorik onartuko.

Lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatzea ez dela delitu nabarmendu dugu

Gasteizko epaitegien aurrean mobilizatu gara Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileon ordezkariak, urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatzeagatik auzipetutako herritarrak babesteko. Hain zuzen ere, langile asko identifikatuak, mehatxatuak, erasotuak eta ekonomikoki zigortuak izan ziren egun horretan antolatutako plantoagatik: 1.500 euroko hiru isun, 751 euroko bi isun eta bi lagunentzako akusazio penala. Azken bi hauek deitu dituzte deklaratzera, eta horren aurrean mobilizatu gara.

Hauxe da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren izenean igorritako oharra, gaurko mobilizazioa dela eta:

Urtarrilaren 30ean lan, pentsio eta bizitza duinen alde greba orokorra egin genuen. Milaka langile eta herritar mobilizatu ginen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak egindako deialdiarekin bat eginez. Konfluentzian zein elkarlanean egindako mobilizazio orokorra izan zen, eta kalean eredu berri baten aldeko indarra/gehiengoa batu ginen.

Orduan esaten genuen bezala, gaur lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatzen ditugu. Horretarako, politika publikoen lehentasunak aldatzea, indarrean dagoen eredu sozio-produktiboa eraldatzea, aberastasuna banatzea, zerbitzu publikoak garatzea… aldarrikatzen ditugu.

Egun indarrean dagoen eredua ez da merezi dugun onena, ezta egoera honetan izan dezakegun eredurik onena ere. Kapitalismo patriarkal-ekozida politika neoliberalak edota murrizketak sustatzen dituzten alderdien errezeta da.

Azken hilabeteotan grebalarien aurka jaso ditugun isunak salatzeko elkartu gara. Ez da onargarria aldaketa soziala kriminalizatzeko saiakera berri hau. Gure lan eta bizi baldintzak pobretu eta prekarizatzen dituztenek etxean, isilik eta sumiso nahi gaituzte. Ez da onargarria eskubide sozialen alde dauden herritarrak zigortzea, kapitala pertsonen bizitzaren gainetik jartzen dituztenekin akordioak egiten diren bitartean.

Azkenik, lan, pentsio eta bizitza duinen alde mobilizatzen jarraituko dugula ohartarazi nahi dugu. Grebalari guztiei gure babesik eta eskerrik beroenak. Hurrengoan elkartuko gara!

Pobreziarekin amaitzeko ezinbestekoa da politika publikoak iraultzea

Urriaren 17a Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da. Urtez urte, pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egunean, helburu hori betetzeko proposamen eta asmo desberdinak jasotzen ditugu herritarrok, administrazioak kudeatzen dituztenen borondate politikoaren esku dagoela jakitun. Urteek aurrera egin ahala ordea, administrazio publikoetatik egiten diren gogoeta eta proposamenek gustu txarreko txiste baten zapore garratza uzten digute. Izan ere, pobrezia murriztu eta egoera hobetu beharrean, pobrezian sakontzen eta berau hedatzen jarraitzen dugula erakusten digu errealitateak Hego Euskal Herrian.

2008ko krisi ekonomikoaren ondoren gobernuetatik ezarri ziren lan eta pentsio erreformek, jendartearen prekarietate eta pobrezia egoeraren hedatzea ekarri zuten. Azken hamar urteetako balantzea eginez, honako ondorioak jasan ditu euskal jendarteak besteak beste:

• Zabor-kontratuak hedatu dira. Merkatuaren beharrak erdigunean kokatu eta horren araberako enplegua sortu da, prekarioa eta behin-behinekoa. Horren adierazle garbia dugu osasun-krisia hasi eta lehen hilabeteetan galdu zen enpleguaren %90 behin- behinekoa zela, eta gazteen eta migranteen (are gehiago emakume migranteena) langabeziak izan zuela igoerarik handiena.

• Soldata arrakalak areagotu dira. Hamar urtetan pertzentil baxueneko soldaten eta batezbestekoaren arteko arrakala %17 igo da. Dena den, igoerarik nabarmenena gazteen soldataren eta batezbestekoaren aldekoak izan du, %102 hain zuzen ere. Gainera, behin-behineko kontratua dutenek mugagabea dutenek baino %30 soldata apalagoa dute eta emakumeek gizonezkoek baino %23 baxuagoak.

• Negoziazio kolektiboa kaltetu da. Hitzarmenen estaldura tasa %80tik %66ra pasa da hamarkada batean, hitzarmen estatalek zuten pisua igoz. Horrek, prekarizazio eta pobretze prozesuan sakontzea ekarri du.

• Aberastasunaren banaketa modu orekatuagoak eman beharrean, adierazle guztiek okerrera egin dugula adierazten digute. Beraz, gehien dutenak aberatsago izaten jarraitzen dute eta gutxien dutenak pobreago.

• Etxebizitza Euskal Herrian eskubide subjektibo gisa onartua egon arren, etxebizitza baterako sarbidea luxuzko artikulu gisa ordaindu beharrean jarraitzen dute Euskal Herritarrek, kasu askotan soldataren erdia baino gehiago bideratuz etxebizitzaren alokairura.

• Eta nola ez, aurretik zerrendaturiko eta bestelako elementuen ondorio gisa, pobrezia eta bazterketa soziala hedatu da. Izan ere, ditugun azken datuen arabera Nafarroa Garaiko biztanleen %23 eta EAEkoen %18 pobrezia arriskuan bizi da. Gainera, pobrezia eta bazterketa soziala jasaten duten biztanleriaren kopurua nabarmen hazi da hamar urtetan, EAEn metatuz igoera handiena, %16koa hain zuzen ere.

2020ko martxotik aurrera, osasun-krisi bati eta berari erantzunez harturiko erabakien ondoriozko krisi berri batekin topo egin dugu. Krisi honi, dagoeneko prekarietatea eta pobrezia hedaturik zegoen agertoki batekin aurre egin beharko diogu, egoera zaurgarrienean dauden kolektiboen hedapen zabal batekin aipatu dugun bezala. Gainera, pandemiari erantzunez harturiko erabakiek egoera nabarmenki okertu dute: egoera kalteberenean daudenen enplegua galdu da, komunitate birtualaren parte ez izateak aukera berdintasuna gutxitu du, bazterketa larrian dauden bizi-unitateetako kide askok enplegu bati uko egin behar izan diote zaintza betebeharrak bete ahal izateko, konfinamenduak (edota gaur egun egin behar izan diren isolamendu edo berrogeialdiak) osasun fisiko zein psikoemozionalean eragin negatiboa izan du, are gehiago bazterketa soziala jasaten duten bizi-unitateen artean, etxebizitzako gastuei aurre ezin egin dien bizi-unitateen ehunekoa igo egin da etab. Honela, pobrezia eta bazterketa soziala are eta gehiago hedatu da eta dagoeneko egoera horretan zeuden pertsonen egoerak okerrera egin du.

Agertoki horri, 2008ko krisiari emaniko irtenbide neoliberalean jarraituriko filosofia eta arauak betikotu direnarekin topo egin dugula gaineratu behar diogu, eta hurrengo hilabete eta urteetako egoera horren arabera marraztuko da tamalez.

Urriaren 17 honen atarian, pobrezia eta bazterketa sozialarekin amaitzeko dugun premia azpimarratu nahi dugu. Argi dugu orain arteko errezetek pobrezian sakontzea eta hedatzea ekarri digutela, eta ondorio hauek politika publiko neoliberalen ondorioz jasan ditugula. Pobreziarekin amaitzea posible da, baina horretarako politika publiko asistentzial hutsetik harago joan beharra dago. Aipatu politikak enplegu duina sortu eta mantentzera bideratu beharra daude, izan ere, aberastasun nahikoa badago Euskal Herrian bertako herritar guztiak duin bizi gaitezen. Beraz, politika publikoak bi norabidetan egin daitezke: elite ekonomikoen edo herritarren mesedera. Bada garaia orain arte bazterrean kokatu dituzten herritar guztien beharrizanak erdigunean kokatzeko, modu horretan soilik desagerrarazi ahal izango baitugu pobrezia. Aldaketa estrukturalak behar ditugu probreziarekin amaitzeko eta horretarako, politika publikoen lehentasunak eraldatu behar ditugu.

Laneko garraiolarien istripuak salatzen ditugu

Atzo garraiolari bat hil zen Donostian, AP-8an Bilboko noranzkoan izan zuen lan-istripuan. LABetik gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoaren senitarteko, auzokide eta gertukoei, eta langile-klaseari orokorrean. Honekin gutxienez 53 langile hil dira lanean Euskal Herrian urte hasieratik, horietatik 8 garraiolariak eta Joaquin Beltranek oraindik desagerturik jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian.

Beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Garraiolariek, askotan, ez dute lan-istripu nahiz lan gaixotasunen aurrean babes egokirik. Izan ere, nagusiki langile autonomoak edo ustezko autonomoak baitira, eta gainera, euren lan istripuak ez dira estatistika ofizialetan kontutan edukitzen. Horrela, Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen prekarietate egoeraren ezagun izan arren.

Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desarautze basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Beste askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak direlarik. Guzti hauei gehitu behar zaie, tenperatura, errepideen egoera negargarria, eguraldia… Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira Administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.

Mobilizazioa eta borroka funtsezkoak dira istripuen aurrean. Horregatik, LABen laneko heriotza bakoitza salatzen jarraituzko dugu eta enpresa eta administrazio publikoei esparru honetan hobekuntzak eskatzen.