2026-01-30
Blog Page 532

Salatzen dugu ehundaka garbitzailek itxita dauden zentroetara joaten jarraitzen dutela erabateko konfinamendua egon arren

0

Herritarren erabateko konfinamendua ezartzen duen Dekretua atzo indarrean sartu zen arren, garbiketa sektoreko ehunka eta ehunka langilek beren lantokietara joaten jarraitu behar dute, dagoeneko garbi dauden, itxita dauden eta, oraintxe bertan, garbiketa funtsezkoa ez den bigarren hezkuntzako ikastetxeetara eta EHUko egoitzetara joaten jarraitu behar dute. Errege Dekretuak garbiketa funtsezko jarduera gisa hartzen du, baina ez du bereizten osasun-zentro baten edo garraio publikoaren garbiketa, eskola, museo edo bulego itxi baten garbiketatik.

Enpresen arduragabekeria salatu nahi dugu, garbiketaren funtsezkotasunean oinarrituz zentro itxiak garbitzera bidaltzen baitituzte langileak. Funtsezko jarduera ez dela jakinda ere, eta erabat kontziente izanik ez dela segurua haientzat, ez baitizkiete beharrezko babes-ekipoak ematen. Eta hori nahikoa ez balitz, lan-zentroak itxita egonik eta egun hauetako alarma laranjan egonagatik ere, berogailu gabe dihardute lanean.

Era berean, administrazio publikoen eta, bereziki, Hezkuntza Sailaren jarrera salatzen dugu; izan ere, berariazko agindua eman die enpresei garbiketa-zerbitzua ematen jarraitzeko, nahiz eta beren zentroak martxoaren 13tik itxita egon. Deigarria da erabaki hori langileek beren lan-baldintzak duintzea aldarrikatzen zuen greba-deialdi baten ondoren etortzea. Arduradun politikoen aldetik oso begirune eta sentsibilitate gutxi erakusten du kolektiboarekiko.

Joan den astean salaketa ugari egin genituen Lan Ikuskaritzaren aurrean, baina honek erabateko immobilismo eta arduragabekeriaz, ez du erantzunik ematen. Oso larria da langileak itxiak dauden zentroak garbitzera behartzea, euren osasuna arriskuan jarriz. LAB sindikatuak erantzuleak seinalatzen jarraituko du.

Hauek dira itxita dauden Hezkuntza Saileko zentro batzuen adibideak eta enpresen izenak:

Bizkaian 40 lan-zentro baino gehiago: Gurutzeta BHI (ISS), Uribe Kosta BHI (ISS), Balmaseda BHI (ISS), Erandio LH (ISS), Gernika BHI (Zaintzen), Bermeo HEO (Zaintzen), San Mameseko fakultatea (Garbialdi), Leioako kanpusa (OHL), etab….
Gipuzkoan, BHI Azkoitia (ISS), Batxiler Azkoitia (ISS), Altza (Garbialdi), Iparragirre Zumarraga-Urretxu (ISS).
Araban, Aniturri BHI (Agurain), Murgia BHI (Murgia), Ekialde DBH (Gasteiz), Mendebaldea BHI (Gasteiz); Jesus Guridi musika kontserbatorioa. (Gasteiz). Denetan ari da ISS enpresa.
 

 

 

Euskal Telebista TeleBatzoki bihurtzen ari direla salatzen dugu

0
EITBko LABek lotsagarria deritzo martxoaren 30eko ETBko eguerdiko albistegietan nola zabaldu zuten patronala eta Jaurlaritzaren ikuspegia. Ez da onargarria denona den edo izan beharko lukeen Euskal Telebista Telebatzoki bihurtzea.

EAJren diskurtsoa goitik behera erosi eta saltzea, beste guztiena baztertuz, onartezina da. Gaizki badago agintean dagoen alderdiaren propaganda bihurtzea komunikabide publiko bat, soka bereko protagonistak gonbidatuz, oposizioko ahotsak baztertuz, zer esan Teleberri-1eko aurkezleari buruz.  Informazioa eman ordez, bere iritzia zabaltzen zuen atzokoan, profesionaltasun falta izugarria erakutsiz.

Atzokoa ez da salbuespena izan, zoritxarrez. Informazio inpartziala eman beharrean, ohituta gaude EAJren diskurtsoa etengabe entzun eta ikustera, kontrakoak ezkutatuz. Nahikoa da.

Euskal Telebistako arduradunek baztertu egin dute Legebiltzarreko gehiengoa, ez diete ahotsik eman langileen ordezkariei, sindikatuak ez dira kontutan hartzekoak beraien ustez, eta osasun arloko adituen iritzia ematea baino aproposago ikusi dute Confebasken ikuspegia eta interesak zabaldu eta defendatzea. Horrela ez, ETB.
 

 

 

Hezkuntzako langileon osasuna babes dezala exijitzen diogu Jaurlaritzari

0
Eusko Jaurlaritzari eta EAJri beren ardura bete dezatela exijitzen diegu LAB sindikatutik. Hortaz, langileon osasunarekin jolasteari utzi eta Hezkuntza Sailetik jarraibide zuzen eta zehatzak emateko dei egiten diegu.
 
Martxoaren 13an, LABek adierazi zuen COVID-19 birusak sortutako egoerari aurre egiteko modu eraginkorrena eta bakarra Euskal Herria gutxieneko zerbitzuetan jartzea zela, produkzioa bizitzeko beharrezkoak diren eremuetan soilik mantenduz, herritarron osasuna eta langileak babesteko neurri gisa.

Norabide horretan, hezkuntza zentru guztien itxiera eskatu dugu hasieratik, eskola eta ikastetxe guztietan lanean ari garen langile guztiok etxera bidaltzeko, %100eko soldatarekin eta lan-baldintzetan murrizketa gehiago jaso gabe. Langile guzti-guztiak, izan hezitzaile, irakasle, zuzendaritza-taldekide, garbitzaile, begirale, sukaldari, atezain edota idazkari administratibo; den-denak egon behar dugu etxean eskubide guztiekin, lan-kontratupeko zein azpikontrataturiko langileak izanda ere.

Martxoaren 30ean jakin dugu, Madrileko Gobernuak —berandu izanik ere— atzoko egunez funtsezkoak ez diren jardueren etetea dekretatu ondoren, Hezkuntza Sailak eta Eusko Jaurlaritzak ez dituela langileontzat jarraibide zehatzak adierazi. Ondorioz, eskola eta ikastetxe batzuetara zuzendariak joateko deia egiten ari dira, atezain eta garbitzaileak ere lantokira joatera behartuz.

Are gehiago, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen kasuan, Hezkuntza Sailak agindu bat atera du gaurko egunez garbitzaileak orain arte bezala lanera joan behar direla adieraziz, kasu batzuetan ikastetxeak guztiz itxita egonik ere. Eta are larriagoa dena, alarma egoera deklaratu denetik langile hauek babes ekiporik gabe jarraitzen dute!

Beraz, egoeraren larritasunaren aurrean eta urgentziaz exijitzen diogu Hezkuntza Sailari, eskola eta ikastetxe guztietako langileei etxean geratzeko deia lehen bait lehen egitea; berdin azpikontrataturik daukan gabiltzaileen kasua. Arduraz jokatzeko unea da, lehenenegoa izan behar da pertsonen osasuna babestea; ez da bidezkoa erantzukizun kolektiboari deia egitea, eta gero arduragabe jokatzea.

Guk lanean jarraituko dugu langile guztion eskubideen defentsan, osasunerakoa barne.

Jaurlaritza, langileak babestu! Lehenengoa, osasuna!
 

 

 

Gure babes eta aitortza osoa adierazi nahi diegu etxeko langileei


Gaur Martxoak 30 etxeko langileen nazioarteko eguna da. Gaur gogoan ditugu Euskal Herriko zaintza lanak sostengatzen dituztenak, emakumeak eta migranteak direnak, baldintza prekarioenetan lanean ari direnak.

COVID-19-ak eragindako krisi sozial eta ekonomikoa eztanda egiterakoan, zaintza lanen sistema osoa kolokan geratu da. Emakume langile hauen aitortza eta lan baldintzen hobekuntza eta erregularizazioa exigitzea beharrezkoa dela uste dugu.

Egun ezinbestekoa dugu, klase zapalkuntza honi aurre egiteko, etxeko langileak lehen lerroan egon behar direla. Zaintza eta etxeko langileak antolatuak daude, espazio publikoa, politikoa eta eztabaida guneak hartzen ari dira, mugimendu feministaren agendan kokatzen ari dira. LABetik gure babes eta aitortza osoa duzue, horregatik atera dituzuen azken kanpainetara atxikitu gara eta gonbidatu nahi zaituztegu zuei ere atxikimendua ematera.

Saretzean datza iraultza! Gora zaintzaile eta etxeko langileen borroka!
 

 

 

Adi jarraituko dugu patronalak dekretuari buruz egingo duen interpretazioa, salbuespenetarako tarterik ireki ez dadin

0

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Euskal Telebistako "Egun on Euskadi" saioan izan da, eta patronalaren arduragabekeria salatu du berriro, interes ekonomikoak osasunaren gainetik jartzeagatik. Iñigo Urkullu lehendakaria eta EAJrentzat ere hitzak izan ditu: "EAJ-k autogobernuaren defentsa sutsua egiten duenean, patronalaren defentsa egiteko da".

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk langileen kezka nabarmendu du, gaur goizean lanera joan beharko zuten ala ez jakin gabe egon direlako. Hala, dekretua aztertuta, LAB sindikatua patronalak egingo duen interpretazioari adi egongo dela adierazi du, salbuespenetarako tarterik ireki ez dadin. Dekretuaren azterketa juridiko sakona egiten ari gara une honetan.

Hain zuzen ere, Garbiñe Aranburuk patronalaren jarrera salatu du, oinarrizkoa ez den jarduera oro eteteko neurria egun gutxirako izanik, mezu "katastrofista" ari delako zabaltzen: "Ikusi da, oso modu nabarmenean, patronalak bere interes ekonomikoak lehenetsi dituela osasunaren gainetik. Ikusi da arduragabekeriaz jokatu duela eta, arduragabekeria horretan,  inolaz ere ez dela egon patronalaren erantzukizun sozialik".

LAB sindikatuaren hitzetan, "patronalak nahiago izango lukeena da honi guztiari beste modu batean aurre egin, baimen ordainduekin baino, negoziaziorik gabeko ERTEak edo kaleratzeen bidetik. Izan ere, ikusten dugu, berriro ere, krisi honetan bilatzen duena dela krisiaren ondorioak langileek bakarrik pairatu ditzaten".

EAJ eta Iñigo Urkullu lehendakariaren jarrera ere kritikatu du LABeko idazkari nagusiak. Krisiaren hasieran, Madrilek alarma egoera dekretatu zuenean, Urkulluk esan zuen ez zuela 10 segundo baino gehiago galduko zentralizazioa kritikatzeko, leialtasunagatik edo. Bada, Garbiñe Aranburuk adierazi du orain, patronalaren defentsan aritzeko, etengabe ari dela azken neurriak kritikatzen. "EAJ-k autogobernuaren defentsa sutsua egiten duenean, patronalaren defentsa egiteko da", esan du.

"Krisi honetatik langileok aktibatuta atera beharko dugu, krisi honen ondorioak gure bizkar gainean erortzea nahi ez badegu, 2008ko krisiarekin gertatu bezala", erantsi du Garbiñe Aranburuk.
 

 

 

Oinarrizkoa ez den jarduera oro eteteko neurria berandu eta langileen kontura datorrela salatu du Garbiñe Aranburuk

0

AGERRALDIA
Neurriak koronabirusaren aurrean
Medidas ante el coronavirus

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk agerraldia egin du, oinarrizkoa ez den jarduera oro eteteko Pedro Sanchezek larunbatean iragarritako neurriaren balorazioa egiteko. Erabakia berandu datorrela nabarmendu du, neurria ezinbestekoa izan arren, sindikatuak lehen egunetik aldarrikatu duen bezala. Aurretik hartu izan balitz, egungo kutsatu kopuruetan ez ginela egongo adierazi du, bi astez milaka langile lanera joatera behartu baitituzte, eurak eta euren familiak arriskuan jarriz. Bizitzak kapitalaren aurretik joan behar duela azpimarratu du, eta EAJk eta Iñigo Urkullu lehendakariak interes ekonomikoak lehenesten dituztela berretsi du: "EAJ-k maillot horia jantzi du, lehen postuan dago, arduragabekerian. Erridikulua egin du berriro, patronalarekiko hain menpeko egoteagatik".

LABeko idazkari nagusiak azpimarratu du oinarrizkoa ez den zerbitzu ororen etenaldia langileen kontura dekretatzen dela. Neurrion ondorioak ere, beraz, langileon bizkar gainean jarri nahi dituztela. "Ez dugu onartuko langileek krisi honen ondorioak ere ordainaraztea", adierazi du, eta orduak errekuperatu beharra edo inolako osagarririk gabeko ERTEak kritikatu ditu.

Oinarrizkoak diren zerbitzuetako langileen segurtasuna eta babesa bermatzeko exijitu du, baita plantillak indartzea ere, ezin iritsi daudelako. Osasungintzakoak, garbitzaileak, etxez etxeko laguntza zerbitzukoak, etxeko langileak, helduen egoitzetakoak… gehienak emakume langleak direla aipatu du, eta krisiak sistemaren miseriak agerian utzi dituela esan du: zaintza lanen egiturazko arazoa eta zerbitzu publikoen merkantilizazio eta pribatizazioa, besteak beste.

EAJ eta Iñigo Urkullurentzat hitzak izan ditu. Jeltzaleek bere momentuan esan zuten ez zutela hamar segundo baino gehiago erabiliko Espainiako Gobernuaren erabakiak zalantzan jartzeko, kronabirusaren krisia dela eta. Bada, oinarrizkoa ez den jarduera oro eteteko erabakiarekin kritikak besterik ez dira irten jeltzaleen ahotik. "Autogobernuari buruz hitz egiten dutenean patronalaren interesak defendatzeko da", salatu du Garbiñe Aranburuk.

Azken mugimenduei dagokienez, Urkulluk Madrili eskatu dio gaia Elkarrizketa Sozialaren mahaiak bidera dezala, funtsesko jarduerak zeintzuk diren bertan erabaki ahal izateko. "Gutxiengo soziala ordezkatuta dagoen mahaian, erabaki antidemokratikoak har ditzan?", kritikatu du LABeko idazkari nagusiak.
 

 

 

Elkartasuna Euskal Herritik Venezuelako Iraultza Bolibartarrarekin

0
LAB sindikatutik elkartasun mezu bat bidali nahi diogu Venezuelako herriari, bere erakunde demokratikoei eta demokratikoki aukeratutako Nicolas Maduro Venezuelako presidenteari, Nicolas Madurok eta estatuko beste funtzionario batzuek narkotrafikoarekin dituzten ustezko loturei buruz inperialismo iparramerikarrak eginiko salaketa faltsuen harira.

Jarrera hori oldarkorra eta ekintza inmorala da, are gehiago aro garaikidean ezagutu diren pandemia larrienetako baten erdian. Gainera, eraso berri hau AEBk eta bere bazkide inperialistek nazioarteko zuzenbidearen edozein kontzepturen aurka egindako urraketa sistematiko batzuei gehitu behar zaio,

Egun batzuk lehenago bai Europar Batasunak bai Estatu Batuek Venezuelaren laguntza eskaerari uko egiten ziotela salatu genuen, are gehiago koronabirusaren pandemiari aurre egiteko blokeo ekonomiko hiltzailearen ondorioz Venezuelak laguntza behar duen garai zail hauetan. Azken bi gertakari hauek eskalada inperialistan urrats bat gehiago dira, demokratikoki aukeratutako presidentea den Nicolas Maduro boteretik kendu eta Juan Guaido bere txotxongiloa inposatzeko, Venezuelako erakunde demokratikoekin eta hainbeste aldiz adierazitako herri-borondatetik eratorritako subiranotasun nazionalarekin amaitzeko.

Gurea bezalako Euskal klase sindikalgintza eta herri mugimenduak, Iraultza Bolibartarraren alde egin dugu, eta nahiz eta inperialismoak, Europar Batasunekoak nahiz Estatu Batuetakoak, Venezuelako herriari, bere erakunde demokratikoei, demokratikoki hautatutako bere presidente Nicolas Madurori eta, ondorioz, bere subiranotasun nazionalari mehatxu egin, Venezuelarekin eta bere prozesu eraldatzailearekin solidarioak garen erakundeok ez dugu gure elkartasunean amore emango.

Venezuela beti izan da euskaldunontzat herrialde laguna, denbora luzez Latinoamerikako nazio honetan harrera, elkartasuna eta oparotasun leku bat aurkitu baitugu. Horregatik, une zail hauetan, Venezuelak luzaroan eman digun guztia itzultzea dagokigu.

Bukatzeko berriro ere munduko txoko txiki honetatik gure elkartasuna eta babesa bidali nahi diogu Venezuelako herriari.
 

 

 

Langileok gure haserrea erakutsi dugu, osasuna, enplegua eta lan baldintzen defentsan

0

Euskal gehiengo sindikalak deituta, mobilizazio eguna bilakatu da ostirala, "Haserre Eguna" leloarekin. Goizean goizetik, Euskal Herriko langileek euren haserrea erakutsi dute lantokietan, osasuna, enplegua eta lan baldintzen defentsan. Eguerdian, etxeetako balkoi eta leihoetara zabaldu da protesta. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk bera ere haserre dagoela nabarmendu du Euskal Telebistan, "Egun On Euskadi" saioan egindako elkarrizketan. Hain zuzen ere, patronalaren neurrira egindako konfinamendu baten aurrean gaudela berretsi du, eta oinarrizkoa ez den zerbitzu oro etetea exijitu du koronabirusaren krisiari aurre egiteko. Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak, berriz, borrokan jarraitzeko deia luzatu du: "Denon artean lortuko dugu!".

Langileok haserre gaude gure osasuna arriskuan jartzen ari direlako. Langileok haserre gaude lanpostuak arriskuan jartzen ari direlako. Langileok haserre gaude lan baldintzak arriskuan jartzen ari direlako. Bada, haserre gaudela erakutsi dugu ostiralean, goizean goizetik, ehundaka protesten bitartez (IRUDI GALERIA, gure Facebook orrialdean).

Beharrezkoa da osasuna, enplegua eta lan baldintzak lehen lerroan jartzea, eta hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Confebask eta CENi eskatzen dioguna:

-Oinarrizko zerbitzuetan beharrezkoak eta efektiboak diren neurri prebentiboak ezarri
-Oinarrizkoak ez diren lan guztiak bertan behera utzi
-Enplegua bermatu
-Lan baldintzak bermatu

Euskal Telebistako "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk adierazi du lantokietan eta norberak bere etxean haserrea erakusteko eguna dela gaurkoa: "Ezinbestekoa da herritarron presioa handitzea eta osasuna lehenesteko momentua dela argi uztea".

Enpresen ardura soziala non dagoen galdetu du Garbiñe Aranburuk, eta enpresa handien interesak defendatzen dituzten CEOE, Confebask, CEN patronalek ez dutela inongo ardurarik hartzen salatu du, eta, gainera, krisia langileek eta kutxa publikoak ordain dezatela nahi dutela berretsi du. Iñigo Urkullu lehendakariaren diskurtsoa patronalaren diskurtso bera dela nabarmendu du, patronalaren bozeramailea bailitzan.

Hala, oinarrizkoa ez den zerbitzu oro eteteko exijitu du, langileen osasuna lehentasuna delako, interes ekonomikoen gainetik.

 

 

 

Gobernu eta patronalaren jarrerak erakusten du biharko “Haserre eguna” inoiz baino beharrezkoagoa dela

0

Gaur bilera egon da Eusko Jaurlaritza, sindikatuak eta patronalaren artean, koronabirusaren aurreko neurriez hitz egiteko. Bertan, Xabier Ugartemendia LABeko ekintza sindikala eta negoziazio kolektiboko arduradunak hartu du parte. Adierazi du Jaurlaritzak ez duela bilerara langileen aldeko inolako neurririk eraman.

Ugartemendiaren arabera, eraman dituen planteamendu guztiak patronalaren aldekoak izan dira. LABetik, exijitu dugu, alde batetik langileen osasuna bermatzeko neurriak eta konkretuki oinarrizko jarduerak ez diren guztiak bertan behera uztea langileak ez kutsatzeko, eta bestetik, oinarrizko jarduerak direnetan langileek segurtasun osoz lan egiteko beharrezkoak diren prebentzio neurriak bermatzea. Eta beste alde batetik langileen enplegua eta lan-baldintzak bermatzeko neurriak.

Gobernu eta patronalaren aldetik ez da inolako erantzunik egon. Neurri guztiak patronalari begirakoak izan dira. Berriro ere Jaurlaritza ahaztu egin da langileez. Biharko “Haserre eguna” inoiz baino beharrezkoagoa da eta langile guztiei dei egiten diegu beraien etxe zein lanzentroetatik beraien haserrea adieraztera.