2026-01-29
Blog Page 528

Azken lan heriotza salatu dugu Arrigorriagan, Talleres Berasategui enpresaren aurrean

Arrigorriagako Talleres Berasategui enpresaren aurrean mobilizatu gara, azken lan heriotza salatzeko. Argi dugu laneko indarkeriarekin amaitzeko lan eta bizitza duina bermatu behar direla, lanetik onik eta bizirik bueltatzea eskubidea dugulako. Gutxienez 24 dira urtea hasi zenetik Euskal Herrian lanean hildako langileak, horietatik 10 Bizkaian, non bi langilek jarraitzen dute desagertuta Zaldibarreko zabortegian.

 

 

 

Garaia da haurren auziari heltzeko eta beharrezko segurtasun neurriekin kalera ateratzen hasteko

0

Haurren egoeraren inguruan dagoen kezka eta ardura soziala partekatzen dugu LAB sindikatuan ere, garaia da auzi honi heltzeko eta gure haurrak, beharrezko segurtasun neurriekin, kalera ateratzen hasteko. Haien osasuna dago jokoan. Ez dezagun ahaztu, ez ditzagun ahaztu.

Hilabete bat bete da Hego Euskal Herrian konfinamendua ezarri zenetik. Sortutako osasun krisiari aurre egiteko LABetik lehen unetik geratzeko beharra aldarrikatu dugu, Euskal Herrian oinarrizko jarduera ez den gainerako guztia geratzeko premia. Geratu, aurrera egiteko.

Baina konfinamendu baldintzak ez dira Euskal Herrian adostu, euskal herritarren lan eta bizi baldintzak kontutan hartuz. Kapitalaren neurriko konfinamendua ezarri digute. Langile jendearen bizi baldintzetan eragin handia izaten ari da, beste klase sozialetan baino handiagoa.

Eta hala, gure seme-alabek, Hego Euskal Herriko haurrek inork baino konfinamendu baldintza zorrotzagoak pairatzen dituzte. Hilabete daramate etxeetatik atera ere egin gabe, kasu askotan metro karratu gutxian, ageriko mugekin, egoera horrek haiengan duen eragin psikologiko eta emozionalarekin.

Haurren kasuan ere, haien osasuna babestu behar dugu. Hamaika dira haurrek egunero kalera tarte batez atera eta mugitzea gomendatzen duten pedagogo, sikologo eta bestelako adituak. Europako gainontzeko herrialdeetan, haurrak kalera atera daitezke, baldintza jakin batzuetan. Ipar Euskal Herrian ere hala da. Hego Euskal Herrian, zergatik ez?
 

 

 

ABEEEan dauden langileen soldataren %100 ordaintzeko exijitzen diegu kolektibitateetako enpresei

0

TAMAR AUZO LAGUN, CC GOÑI, CC. MAGUI, GASCA, BASKA, SODEXO, EUREST, IKUSER, SERVYREST, AIBAK eta ASKORAri zuzendu diegu eskaera.

Covid-19aren krisia hasi zenetik, kolektibitateetako enpresekin izan ditugun bilera guztietan, langileen soldata-baldintzak bermatuko dituen negoziazio-esparru bat irekitzeko beharra adierazi diegu, baina erantzuna beti izan da ezezko bat.

Duela egun batzuk, berriz ere, negoziazio-prozesu bat irekitzeko eskatu genien kolektibitate-enpresei, ABEEEab dauden langileen soldataren %100 bermatzeko, bezeroa edozein izanda ere, publikoa edo itunpekoa, langileentzako baldintza berberak eskatzeko, eta haien erantzuna negoziazioari ezetz esatea izan da berriro.

Kolektibitateen enpresa gehienek EAEko eskola publikoen sareko eskola-jantokiak kudeatzen dituzte, baita ospitale publikoetako eta EITBko kafetegiak eta jantokiak ere, besteak beste. Sindikatu honek lan-agintaritzaren aurrean aurkeztutako alegazio eta errekurtsoen eta administrazioarekin izandako elkarrizketen ondoren, Eusko Jaurlaritzako sailekin kontratu publikoak dituzten kolektibitateen enpresek kudeatutako zentroetako langileei inolako ABEErik ez aplikatzea lortu genuen.

Horren ondorioz, administrazioarekin kontratu publikoak dituzten kolektibitate-enpresek ez dute soldaten gastu osoa ordaindu beharrik izango ABEEE aplikatzen ez zaien langileentzat, ezta aseguru-polizetako gastuak ere, beste onura batzuen artean.

Gainera, kolektibitateetako enpresak ere salbuetsita daude ABEEEan dauden langileen kotizazioak ordaintzetik, hau da, enpresentzako soldata-gastua ere nulua da. Eta horri guztiari gehitu behar zaizkio gobernu ezberdinek patronalaren esku jarri dituzten milaka milioiak. Azken batean, langile klaseak ere krisi hau ordaintzea nahi dutela, eta argi dago ez dugula onartuko.
Oso garrantzitsua da ez ahaztea kolektibo horren ezaugarria dela kontratu partzialak izatea, egunean 3 orduko lanaldiak, soldata irrigarriak, eta gehienak emakumeak direla.

Hau esanda, TAMAR AUZO LAGUN, CC GOÑI, CC. MAGUI, GASCA, BASKA, SODEXO, EUREST, IKUSER, SERVYREST, AIBAK, ASKORA enpresei exijitzen diegu sektoreko langile guztientzako soldataren %100 beren gain har dezatela bezeroa edozein dela ere, publikoa zein itundua izan.
 

 

 

Eusko Jaurlaritzak arrantzarako egindako COVID-19aren aurreko protokoloaren gabeziak salatu ditugu antxoaren kanpainiaren atarian

0

Hilabetez geldirik egon eta gero, itsasoratzear dago euskal zerkoko flota antxoaren kanpainiari hasiera emateko. Arrantzako azpi sektore honen flota 53 itsasontzi eta 700 arrantzale inguruk osatzen dute, eta antxoaren kanpainiarako Kantabria, Asturias eta Galiziako hainbat gehitzen zaizkie. LAB sindikatutik gogoratu nahi dugu arrantzale hauek lanaren berezko zailtasunei aurre egin behar dietela, eta kasu askotan egoera prekarioan egiten dutela lan. Guzti hau kontutan hartuta, Eusko Jaurlaritzak COVID19aren arrantzarako egindako segurtasun protokoloaren gabeziak salatu nahi ditugu, baita ere arrantzaleek, baldintza asko ezin izango dituztela bete ohartarazi.

Protokoloak ez dio erantzuten sektore honek historikoki izan duen eta COVID-19arekin asko larritu den arazoari, hau da, arrainaren salmenta prezio baxuari, kontuan izanda arrantzaleek “a la parte” kobratzen dutela eta lehen sektore honen errentagarritasuna kolokan jartzen duela.

Egoera honen aurrean, LAB sindikatutik berriro salatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak sektore honekiko erakutsi duen sentsibilitate eza. Horregatik, hemen, arrantzaleen segurtasuna eta lan baldintzak hobetuko lituzketen neurriak proposatzen ditugu:

 Itsasontziak irten aurretik desinfektatuak izan daitezela, eta arrantzaleek behar dituzten NBEak izan ditzatela.

 Itsasoratzea era mailakatuan egin dadila.

 Itasoratuko diren arrantzaleei COVID-19aren testak egitea, tripulazioaren artean egon litezkeen kutsatze arazoak saihesteko.

 Arrantzaleak, segurtasun neurriak errespetatzearen garrantziaz kontzientziatu.

 Arrantzaleak, portuko lanak bukatzean, itsasontzian geratu behar direla kontzientzatu.

 Arrantzaleen lan egunak mugatu. Lan egun hauek, asteleheneko 10:00etatik osteguneko 12:00etatik izatea proposatzen dugu.

 Harrapaketen salmenta ez dadila enkantean egin, orain arte egin den bezala. Honek, ordu berean karga- deskargak egitea eta portuko langile, arrantzale, erosleen… aglomerazioak eragiten dituelako, honek dakarren arriskuarekin.

 Harrapaketen salmenta itsasontziak lehorreratu aurretik egitea ahalbideratu. Prezio justu batean, espeziearen tamaina, harrapaketak suposatzen dituen kostuak, eta azken 2 urteetan izandako prezioaren bataz bestekoa kontutan izanda.

 Arrainaren banaketa itsasontzitik erosleari, eta arrain freskoaren salmenta puntuetara eta kontserba fabriketara eramango dituen garraioari, zuzenean egin ahal izatea.

 Azpi sektorearekin erlazionaturik dauden saregile, neskatila, kofradiako langileek,… behar dituzten NBEak izatea, beraien lana egiten duten bitartean segurtasun eta osasuna bermatuta izateko.

 Kofradiek, azpi sektorearen zerbitzura dauden instituzio bezala, lan guztien erregulazioaren arduradunak izatea: harrapaketen kudeaketa, kontrola, salmenta eta banaketa.

LAB sindikatutik, ziur gaude inplikatuk dauden administrazioek arazo honi behar bezala aurre egiteko nahia izango balute, aurretik aipaturiko neurri guztiak aplikatuko zituztela. Beraz, arrantzaleen osasunak arduratzen badie, hemen aipaturiko neurriak lehenbailehen aplikatzeko exigitzen diegu. Aldi berean, COVID-19ak sortutako egoera honek jarraitzen duen bitartean neurriak mantendu, eta egoeraren aldaketak edo espeziearen kudeaketak horrela eskatuko balute, beharrezkoak diren moldaketak egin ditzatela, beti ere, arrantzaleen osasuna lehenetsiz.
 

 

 

Arcelor Mittaleko ezinbesteko Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea atzera bota dute

0

Lan Zuzendaritza Nagusiak errefusatu egin du enpresak multinazionalaren lantegi guztietarako aurkeztu zuen ABEEEa.

LABek salatu bezala, enpresak ez ditu espedientearen arrazoiak egiaztatu eta ebatzi du ez dela multinazionalaren egoerarekiko proportzionala. LABek ohartarazi zuen Euskal Herriko hainbat lantegi %100ean lanean ari direla. Hala ere, multinazionalak ABEEE bat aplikatzeko asmoari eusten dio eta, ABEEE honek porrot egin duenez, datorren astearterako deitu du ABEEE berri bat negoziatzeko oraingoan arrazoi objektiboengatik. Borrokak aurrera darrai.
 

 

 

Kautelazko neurria eskatu dugu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren aurrean, oinarrizko eskubideak, osasunerako eskubidea, bizitza eta osotasun fisikoa babesteari buruz

Osasun Sailak ez dio erantzun Gasteizko Carmelitas de la Caridad eta Ermuko Abeletxe egoitzetan zuzenean esku hartzeko eskariari. LAB sindikatuak dei egiten die zainketen arloko langile guztiei, eta, bereziki, hirugarren adinekoen egoitza-zentroei, prebentzio-neurri egokiak eta kontingentzia-planak exijitu ditzaten zentro guztietan. Pertsonen osasuna da lehenengo gauza.

Mingostasunez ohartarazi genuen bezala, gizarte zerbitzuek Hego Euskal Herrian bizi duten egoera oso larria da.

Egoera horren jatorria erantzukizun publikoko zaintza-eredua da, baina kudeaketa pribatukoa. Eredu horren bidez, administrazioek ez dituzte beren betebeharrak ulertzen, zerbitzuak emateko baldintzei eta horien kalitateari buruzko tutoretzatik ihes egiten dute, eta funtzio horiek eta funts publiko garrantzitsuak enpresa pribatuei transferitzen dizkiete.

Zainketen eremuan sartzen diren zerbitzuek, bai adingabeei zuzendutakoek, bai gizarte-bazterketan dauden pertsonei zuzendutakoek, bai mendekotasuna duten pertsonei zuzendutakoek, kasu bakoitzera egokitutako kontingentzia-planik izan gabe jarraitzen dute. COVID-19 eta haren ondorio lazgarriak inolako erresistentziarik gabe hedatzen dira.

Zerbitzuak kudeatzen dituzten merkatariak ez dira egoera hori behar bezala kudeatzeko gai izan, eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak berandu eta gaizki jokatu dute, zaintzen ez duen eredu baten defentsan jarraitzen dute, alde batera uzten dute.

Menpeko pertsona eta sare publikoko zentro bateko egoiliarra izatea da arrisku faktore nagusia. COVID-19k Hego Euskal Herrian eragindako heriotzen %40 hirugarren adinekoentzako egoitza zentroetan gertatzen ari dira. Egoera dramatikoa da.
Beste behin ere, LAB sindikatuak bere jarrera berretsi du osasun-krisi honetan, osasun publikoa bermatze aldera, eta, beraz, zainketen esparruan dauden pertsonen osasuna eta bizitza indartuz eta babestuz.

Gure esku-hartzeari jarraipena emanez, Osasun Sailari bi egoitza-zentrok zuzenean esku hartzeko eskatu diogu Gasteizko Carmelitas de la Caridad eta Ermuko Abeletxe, honako helburu hauek lortzeko:

• Baliabide horietarako Prebentzio eta Kontrol Gidan eskatutako gutxieneko edukia duten kontingentzia-planak ezartzen dira.

• Langile eta erabiltzaile guztientzako epidemiologiako benetako azterlanak.

• Zuzeneko eta zeharkako arretako langileen kopurua handitzea.

• Jarduera arreta soziosanitario bihurtzea, mediku eta erizain nahikoak jarriz.

• Langileei prebentzio-neurriei buruzko prestakuntza ematea.

• Langileak babesteko neurriak, norbera babesteko ekipamendu nahikoa eta egokiak emanez.

• Eraso-mailen araberako sektorizazioa, langileen txandakatzea saihestuz.

• Langileei eta familiei informazioa bermatzeko neurriak.

• Langileei, erabiltzaileei eta senideei laguntza emozional espezializatua ematea.

Osasun Sailak erantzunik eman ez duenez, aurrekaririk gabeko kautelazko neurria eskatu dugu Eusko Jaurlaritzaren sail honen aurrean, oinarrizko eskubideak, osasunerako eskubidea, bizitza eta osotasun fisikoa babesteari buruz.
 

 

 

Burujabetza aldarrikatzen dugu hezkuntzan

0
COVID-19ak sortutako egoeraren aurrean, hilabete pasa bada ere, etengabekoak dira Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema Propio eta Burujabearen beharra agerian uzten duten erabakiak. Inposizioz eta dekretuz Madril eta Pariseko Gobernuek hartu eta haien ordezkari autonomikoek era traketsean aplikatzen dizkigutenak.

Sed ut perspiciatis unde omnis iste natus error sit voluptatem atzoko egunez, Madrileko Gobernuak ezarriak, eskola ikasturtearen bukaerari buruzkoak, ebaluazio, promozio eta titulazioei dagozkienak. Horren aurrean LABetik hurrengoa adierazi nahi dugu:

• Berriz ere argi geratu da 155 ezarrita dagoela hezkuntzari dagokionez, erabaki guztiak Madrildik baitatoz, erkidego autonomikoei malgutasunerako aukera eman badiete ere.

• Ebaluazio jarraia egingo dutela adierazi dute, baina eredu ez-hezitzaile bera aplikatzen segitzen dute. Ebaluazio-motak irakaskuntza-eredua jartzen du agerian: konpetentzietan oinarritua izatetik edukietan jartzen dute arreta, oinarrizko edukiak lortu diren edo ez.

• Unibertsitatean sartzeko probekin aurrera egiten dute; DBH 4, Batxilergo 2., Lanbide Heziketako erdi zein goi zikloko 2. mailako azterketak mantenduko dira. Ez dute kontuan hartu konfinamenduak ikasleengan duen eragina. Beste eredu bat beharrezkoa da, ebaluazio eta unibertsitaterako sarbide sistema propioa behar dugu, euskal curriculumean zentratuko dena. Ikasleen garapena helburu izatea nahi bada, azterketen erabateko erabakitasuna ezbaian jarri beharra dago.

• Udan hezkuntza zentroen irekiera planteatzen dute, ikasleen parte hartzea hautazkoa izanik; "lanerako eta aisialdirako" esan dute, baina inolako planteamendurik gabe, programa zehaztu barik, eta langileengan izango den eragina kontuan hartu gabe (irakasle, hezitzaile, zerbitzuetako langile,…). Ikasle guztiek izan behar dute deskantsurako aukera, kalean, jolasean eta harremanetan egoteko beharra dute.

• Ikasle asko atzean geratu direla aitortu dute, arrakala digital eta soziala dagoela onartuz ere. Ez dute aipatu irakasle eta hezkuntza laguntza espezialisten ordezkapenak ez betetzeagatik ere egoera horretan geratu direnak. Beraz, ikasle guztien hezkuntza-eskubidea ez da bermatu eta lehenetsi dute ikasleen tele-ikaskuntza, eredu produktibo bati guztiz lotuta, ikasleen aniztasuna kontuan izan gabe.

• Ikasleen konfinamenduari aipamenik ez, haur eta nerabeen bizitzetan eraginik izango ez balu bezala. Ez dute ikasleek izan ditzaketen behar emozionalak lantzeari begirako inolako ekarpenik egin; ezta bizitakoaren inguruan behar duten osatzeari buruzkoa ere. Hau dugu hezkuntza komunitatearen etorkizuneko erronka, ikasleen osatze prozesuan bidelagun izatea.

• Ikaskuntza-irakaskuntza eredua agorturik dago. Hezkuntza-komunitateari beharrean programazioari begirako irtenbidea bilatu dute, ikasle, langile edo komunitateari bizkarra emanez. Irakasle, hezitzaile, ikasle eta familiek egindako esfortzu gehigarriaren bitartez aurrera atera dena, Hezkuntza departamentuen ziurgabetasunaren aurrean eta bitartekoak eskaini gabe.

Ondorio argi batzuk atera ditzakegu guzti honetatik:

 Hezkuntza komunitatearen esfortzua dela gure hezkuntzaren zutabe nagusia. Behetik eta egungo ereduak irauliz egunerokoan eraikuntza prozesuan dagoen Euskal Eskola Publiko Komunitarioa iruten jarraitzen dugula.

 Kapitalismo heteropatriarkalak osasun krisi hau ere baliatuko duela moldaketak egin eta bere burua erreproduzitzeko, konfinamendu garaiko esperimentuak etorkizunean aplikatuz. Produkzioan zentratzen den irakaskuntza bultzatuz, ikasleei tele-ikaskuntza txertatuz, etengabe disponible egon beharra –langileen zein ikasleen kasuan- inposatuz, inklusibitatea baztertuz, indibidualismoa eta lehian zentratuz, kontrol soziala areagotuz eta zaintza lanak ikasketekin zein lanarekin bateragarri ez eginez. Badirudi berriro ere murrizketak datozela arlo publikoan. Herri bezala erantzun diezaiogun!

 Hezkuntza komunitate eta hezkuntzako eragile ezberdinon adostasun eta konfluentziak josteko ordua dela, Euskal Herriko Hezkuntza Sistema Propio eta Burujabearen aldarrikapenaren bueltan.
 

 

 

Ohiko lan jarduera abiatzearekin batera ezaguna dugun zorigaiztoko irudia itzuli da; langile bat hil da Arrigorriagako Talleres Berasategin

Une gogorrak bizitzen ari gara, bai langileok zein jendarte osoa. Lanera bueltatzera behartu gaituzte, gure osasuna eta bizitza bermatua ez dagoen arren eta egoera kontrolatuta egon ez arren. Erakunde publikoek eta patronalak kapitala langileon bizitzen gainetik jartzea lehenetsi dute. LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Dei egiten dugu hurrengo orduetan antolatutako salatze mobilizazioetan parte hartzera.

Gaur goizaldean Laudioko langile bat hil da Arrigorriagako Talleres Berasategin, istripu ez traumatiko batean, egungo presio eta tentsio egoeran. Arrigorriagako enpresa honetan zuzendaritzak aktibitateari ekin zion asteartean eta oraindik ez du aurkeztu koronabirusaren aurrean aurkeztu beharreko prebentzio protokoloa.

Gaurkoarekin, gutxienez 24 dira urtea hasi zenetik Euskal Herrian lanean hildako langileak, horietatik 10 Bizkaian. Atzo, lan istripu larria izan zen Atarrabiako San Andres papertegian eta garraiolari baten heriotza Pasaiako Portuan. Honetaz aparte, bi langilek, Alberto eta Joaquinek, desagertuta jarraitzen dute Zaldibarreko zabortegian otsailaren 6tik.

LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu hildako langilearen familia eta gertukoei.

Argi dugu laneko indarkariarekin amaitzeko lan eta bizitza duina bermatu behar direla, lanetik onik eta bizirik bueltatzea eskubidea dugulako. Ezinbestez eredu berri bat behar dugu, enpresen etekinen gainetik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Dei egiten dugu hurrengo orduetan antolatutako salatze mobilizazioetan parte hartzera.

Talleres Berasategiko langileek 24 ordutako lanuztea egingo dute bihar, apirilaren 17an, eta goizeko 12:00etan mobilizazioa egingo dute enpresa atarian.

Honetaz gain, Aiaraldeko greba-batzordeak bi deialdi egin ditu eskualdean gaurko. 19:00etan, 5 minututako isilunea eta 19:05etik 19:15era, lapiko jotzea.
 

 

 

Atarrabiako San Andres papertegiko gure atal sindikalak enpresan izandako lan istripua gaitzesten du

Apirila 15ean gauean Atarrabiako Solidus San Andres lantegian izandako lan istripuaren aurrean, zeinetan gure lankide bat larri zauritu den, LABeko atal sindikalak, enpresa-batzordeko lehen indar bezala, gure babes eta elkartasuna adierazi nahi diegu zaurituaren senideei, gertukoei eta orohar langile klaseari. Gure prestasuna adierazi diegu behar duten edozertarako. Bigarrenik, istripu honen aurrean gure gaitzespenik irmoena adierazi nahiko genuke.

LABen atal sindikaletik gure indar eta ahalegin guztiak jarriko ditugu istripu honen ikerketaren jarraipena egiteko, berau sortu duten arrazoi eta baldintzak argitzeko berriro gerta ez dadin. Gainera, egon litezkeen erantzukizun guztiak garbitzea exijitzen dugu.