EAEko Hezkuntzako sindikatuok aurrez aurreko itzulera seguru eta adostua exijitzeko grebara deitu dugu biharko. hala, mobilizazioak egingo ditugu 11:00etan, Gasteizen (Jesus Guridi Kontserbatoriotik), Bilbon (Arriagatik) eta Donostian (Alderdi Ederretik).
Urtero legez, 1973ko Txileko estatu kolpea gogoan dugu irailaren 11ren etorrerarekin
Urtero, irailak 11 iristean,Txilerekin pentsatzen dugunean eta Augusto Pinochetek 1973an eman zuen estatu kolpea gogoratzen dugunean, bihotza asaldatzen zaigu. Segituan bonbak La Moneda jauregira erortzen erakusten dizkiguten irudiak etortzen zaizkigu burura, bertan Salvador Allende lehendakariak estatu kolpe faxistari aurre egiten ziolarik herriari honakoa adierazten zion bitartean: “Hauek nire azkeneko hitzak dira, eta ziur nago nire sakrifizio hau ez dela alferrik izango, behintzat irakaspen moral bat izango da, azpijokoa, koldarkeria eta traizioa zigortuko dituena”.
Amerika Latina odolez bete zuen Condor operazioaren baitan, Washingtoneko bulego ilunetan diseinaturiko estatu kolpeak biolentzia eta errepresioaren bitartez gailendu zen, eta Salvador Allenderen Unidad Popularrak 1970eko irailaren 4ean, justuki orain 50 urte, bere sozialismorako trantsizioarekin hauteskundeak irabazi zituenean, Txileko herrian pizturiko ametsak suntsitu zituen. Diktadurak eraildako 3.000 pertsonek eta diktaduraren biktima izandako 40.000 pertsonek argi eta garbi erakusten dute zein dimentsiotakoa izan zen Txileko estatu terrorismoa.
Orain denbora gutxi arte, Sebastian Piñeraren gobernu eskuindarrak Txile kontinenteko herrialde “garatuena” zelaren ideia saltzen zuen; “askatasun eta garapen oasia” Amerika Latinan, hain zuzen ere. Baina errealitatea oso bestelakoa izanik, Txileko herriaren haserrea 2019ko urrian lehertu zen, eta herria modu masiboan kalera irten zen mundu osoari bere haserrea adierazi eta aldaketa politiko eta sozial erradikal baten beharra oihukatzera. Hain izan zen bortitza Piñeraren gobernuaren biolentzia eta errepresioa mundu osoak bere begiak Txilen jarri zituela. 3.700 pertsona baino gehiago zaurituta poliziaren erasoen ondorioz, 445 pertsona begietako zauriekin eta haietariko asko begi bat galduta,122 zauritu bala, perdigoi edo balinen ondorioz eta 271 negar egiteko gasen ondorioz zaurituak, eta karabineroen kontrako 1.312 salaketa jarrita; 195 biolentzia sexualarengatik eta 925 tortura salaketak direlarik.
2019ko urritik hona ezer ez da berdina Txilen, eta, nahiz eta herria gobernatzen duen eskuin neo-liberalari min eman, honezkero ezer ez da berdina izango; duintasunaren plazaren inguruan biltzen den Txileko herriak ez du Txile iraganera itzultzea onartuko. Nahiz eta gobernuak kalean herria oldartzen jarraitu, nahiz eta patronala pandemiaren aitzakian lan eskubideak murrizten saiatu, eta nahiz eta gobernua Maputxe herria erasotzen jarraituTxilen elite zurien eta aberatsen irudira eginiko herri baten ideia inposatzeko, Txileko herriak herrien eta herri sektoreen mesedetarako izango den Txile plurinazional baten oinarriak honezkero jarri ditu.
Unidad Popularra sortu zenetik 50 urte betetzen direnean, Salvador Allenderen ametsek Txileko herriaren iruditegi kolektiboan bizirik jarraitzen dute, herriak argi duelako “historia gurea dela eta herriek egiten dutela”.
“Langileok akordioak behar ditugu”
LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Naiz Irratian izan da goizean, gaurkotasunarekin lotutako hainbat gai jorratzeko. Gobernu eta sailburu berriei buruz galdetuta, Jaurlaritzaren aldetik politikak aldatzeko inolako borondaterik ez dugula ikusten nabarmendu du, hitzetatik eta itxurakeriatik harago, aldebakartasuna izan baita orain arte erakutsitako jarrera. “Gauzak asko aldatu beharko dira akordioetarako deiak sinesgarritasuna izan dezan”, esan du. Garbiñe Aranbururen hitzetan, “akordioen beharra egon badago. Langileok akordioak behar ditugu: enpleguaren arazoari irtenbidea emateko; zerbitzu publikoak indartzeko, Osasungintza eta Hezkuntza bereziki; eta zaintzaren arazoa konpontzeko, besteak beste”.
Elkarrizketan Hezkuntza arloan iragarritako grebari buruz ere galdetu diote, eta ildo berean hitz egin du. Greba indargabetzeko bilera izan zen atzokoa, Hezkuntza sailburu berri Jokin Bildarratzek deitutakoa, baina “ez ziren etorri inolako proposamen zehatzekin”. Hain zuzen ere, Garbiñe Aranburuk nabarmendutakoaren arabera, “askiezinak dira iragarritako kontratazioak” eta, gainera, irakasleen esparruan baino harago egin beharko lirateke; hots, hezitzaileen, garbitzaleen, eta jangeletako langileen artean, besteren artean. Hortaz, irailaren 15eko grebaren bezperetan, langileak erantzukizunez jokatzen ari direla azpimarratu du, “bilatzen den helburua ikastetxeetako itzulera are eta ziurragoa izatea baita”.
Sindikatuok mobilizaziora deitu dugu irailaren 18tik aurrera osasun publikoan
Irailaren 18an, Osakidetzako langileek protestak egingo dituzte berriro, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok deituta. Gotzone Sagardui Osasun sailburu berriari ohartarazi diogu mobilizazioak areagotu egingo direla irtenbiderik proposatzen ez bada.
Mobilizazioek helburu izango dute gizarteari jakinaraztea zein den langileen muturreko egoera eta Osasun Sailari gure osasun-sistemaren arazo larrietarako konponbideak eskatzea: langile falta, behin-behinekotasun tasa altuak Osakidetzan, neke fisiko eta emozionala, lanaren gainkarga sistematikoa, estresa, errekonozimendu eza, babesgabetasuna, laneko osasunaren ardura falta, kontziliazio-beharren neurri gabezia eta lan-baldintzen narriadura etengabea.
Azken urteetako murrizketa-politikek osasun publikoaren ahultze progresibo eta kezkagarria eragin dute, eta hori agerian geratu da egungo osasun-krisian. Gure osasun-sistemak eguneroko bizitzan dituen giza baliabideen eta baliabide materialen eskasiaren adibide dira udan Lehen Mailako Arretako zentroetan bizi izandako egoerak.
Halaber, azken aldian Osakidetzarekin izan dugun elkarrizketa eza eta Osasun Sailak zuzendutako negoziazio kolektiboari buruzko politika negargarriak salatu nahi ditugu.
Gai horiek dira euskal osasun publikoko sektoreko langileei protestetara berriro ere indar handiz ekitera deitzeko legitimatzen gaituen bermea.
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok lan-baldintzen okertzeak osasunaren kalitatean izan duen eragina salatu nahi dugu, osasun-larrialdi bat deklaratu ondoren oso agerian geratu den arren, azken urteotan ere gertatu baita. Abian jarri diren politikak osasun-kudeaketaren filosofia aldaketa ekarri dute: pertsona, pazientea edo profesionala izan, garrantzitsuena izateari utzi dio.
– EAEk inbertsio gutxiago egiten du osasunean inguruko herrialdeekin alderatuta. Eusko Jaurlaritzak EAEren osasunean egindako gastu publikoaren bilakaera beheranzkoa izan da, eta hau giza baliabideen eta baliabide materialen murrizketan islatu da, batez ere lehen mailako arretan, lan-kargak nabarmen handituz.
– Plantilla ez da nahikoa dauden lan-kargak kudeatzeko, eta, beraz, ezinezkoa da kalitatezko arreta ematea. Aldi berean, itxaron-zerrendek gora egiten jarraitzen dute eta arreta atzeratu egiten da.
Osasun-sektorearen egoera honen aurrean, gure erantzuna, protesta gisa, arduradun politikoei, Osasuneko sailburu berriari eta dagokion gobernuari zuzenduta dago.
Beraiek dira osasunaren eta gure lan-baldintzen narriaduraren erantzule bakarrak. Osasunean gehiago inbertitzeko borondate politikorik ez izateak honako hauek eragin ditu: murrizketak, arretaren kalitatearen galerak eta 11 urte lan-baldintzen akordio arautzailerik gabe igarotzeak.
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok iragartzen dugu euskal osasuna gero eta gatazka handiagoan sartuko dela arazo sakonei aurre egin arte.
Osasuneko sailburu berriari zuzentzen gara argi eta garbi, jakin behar baitu sektore mobilizatu batera iritsi dela eta konpondu beharreko arazo handiak dituela. Arazo horiei aurre egiteko irtenbiderik proposatzen ez den heinean, guk mobilizazioekin jarraituko dugu.
EUSKO JAURLARITZARI ESKATZEN DIOGU:
• Osasun publikorako aurrekontu-partida bat, Europa Batasuneko batez bestekoarekin parekatzen dena, %25-a lehen mailako arretara bideratuz.
• Enpleguaren arloan
â—¦ Plantilla handitzea, iruzurrean ezkutatuta dauden enpleguak egiturazko plantillan txertatuta.
â—¦ Plantilla egonkortuko duten behin-behineko langileen finkapena, Osakidetzak diru publikoarekin prestatutako profesionalen ihesa saihesteko.
• Murrizketa guztien berrikuspena: erosteko ahalmena berreskuratzea, Itzarri, garapen profesionala, erretiro aurreratuaren primak eta 2009tik iraungitako akordio arautzaile berri baten negoziazioa.
• Egindako pribatizazioak atzera egitea enplegua mantenduz.
• Langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak, bai koronabirusaren berragertze baten aurrean, baita haien eguneroko lanean ere: kategoria guztietarako babes-material nahikoa eta egokia; laneko arriskuen balorazioa asistentzia-maila guztietan eta prebentzio eta babes-neurriak hartzea; arrisku psikosozialen ebaluazioa, lan-kargen ondoriozkoak barne, eta neurri zuzentzaileak hartzea.
MOBILIZAZIOEN KRONOGRAMA
• Irailaren 18an, kontzentrazioak 13:00etan, lehen mailako arretako lantoki guztietan.
• Irailaren 25ean, 11:00etan, kontzentrazioa ospitale guztietako sarreran.
• Urriaren 3an, 12:00etan, manifestazioa Bilbon.
“Ez dugu emakume isil, otzan eta prekarizatuak izaten jarraitzeko asmorik; horregatik, gu ere, irailaren 15ean grebara goaz”
Hezkuntza arloko azpikontratetako langileak, hots, garbiketa, eskola-jangela eta eskola-garraiokoak, Bilboko Arriagako plazan mobilizatu dira, LAB, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok deituta. Hain zuzen ere, sektoreko langileei dei egin diete irailaren 15ean EAEko Hezkuntza arloan iragarritako grebarekin bat egin dezaten, aurrez aurreko itzulera seguru eta adostuaren alde.

Hauxe da kolektibo hauetako langileek egindako deiaren nondik norakoak:
Hezkuntza komunitatearen parte garen langileak gara, eskola garraioko, jangeletako edota garbikuntzako langileak gara. Gehiengoak emakumeak, jardun murritz eta aldizkako kontratuekin oinarrizko lanak egiten ditugunak, ikusezin eta prekarizatuak. Gu gabe ez dago irakaskuntza prozesuari ekitea. Baina gu aintzat hartu gabe jarduten dute Hezkuntza Saialak zein Patronalek.
Eskoletako garbitzaileok pandemia osoan aritu gara lanean, gure lana funtsezkoa delako. Hala ere, enplegua duintzeko gure eskaera historikoak ez dira kontuan hartu, emakumeon berezko funtzioa balitz bezala garbikuntza. Ikasturte hasiera honetan ere, soldata baxuak, lanaldi partzialak eta lankarga jasanezinak izaten jarraitzen dugu. Ikasgelak berriro ireki dira eta lana biderkatu egin da baina ia ez da kontratazio berririk egin, ez behintzat Cristina Uriartek hitzeman adina. Hezkuntza Saila zein Patronala gure funtzioaren balioa aitortu gabe jarraitzen dute.
Ikastetxeetako jangeletako eta eskola-garraioko langileok kezkaz bizi izan genituen konfinamendu garaiak, eta ordutik, hainbat mobilizazio egin ditugu alternatibak plazaratuz, Hezkuntza Sailari bilerak eskatuz edota jangelak eta autobusak modu seguruan martxan jartzeko protokoloak aurkeztuz. Baina Hezkuntza Saialak zein Patronalek entzungor egin eta ez dira behien ere langile ordezkariekin eseri.
Hezkuntza komunitatean betetzen dugun funtzioa ezinbestekoa da. Baina ez zaigu aintzat hartzen. Gure funtzioak betetzeko ezinbestekoa da ratioak jaistea, jardunaldiak handitzea bai eta langile gehiago kontratatzea. Garbikuntza, jangela eta eskola garraio zerbitzua indartzea ezinbestekoa da gure seme-alabak modu seguruan itzuli daitezen ikasgeletara. Eta hau guztia, langileon ordezkariokin adostu behar da.
Egiten dugun lanari dagokion balioa emateko garaia da. Ez dugu emakume isil, otzan eta prekarizatuak izaten jarraitzeko asmorik; horregatik, gu ere, irailaren 15ean Grebara goaz, aurrez aurreko hezkuntza itzulera seguru eta adostuaren alde.
Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak segurtasuna bermatzeko eduki zehatzik ez duela proposatu salatu dugu
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu berri Jokin Bildarratzekin izandako bileraren balorazioa egin du Irati Tobarrek, LABeko Irakaskuntzako ordezkariak: “Gu ez gara pozik atera bileratik. Gure helburua da premiazkoa den hori lortzea; ratioak aztertzea, langileen kolektiboz kolektibo, eta hor gehikuntza bat eman. Baliabideak egoteko dirua behar da, eta aurrekontuetan gora egin behar da. Bada, hau ez da mahai gainean jarri”. Hala, hitz ederretatik harago, Jaurlaritzak bilerara eduki zehatzik ez duela eraman kritikatu dugu.
Bilera EAEko Hezkuntza arloko sindikatu guztiok deitutako grebaren atarian etorri da. Hain zuzen ere, irailaren 15erako dugu deituta greba. Irakaskuntzako langileak ez ezik, jangela, garraio eta garbiketako langileak ere deitu ditugu grebara.
Mobilizazioak egiten ari gara egunotan. Gaur arratsaldean, esaterako, 18:00etan, Hezkuntza Delegaritzen aurrean egingo dugu protesta Lakuan, Bilbon eta Donostian.






