2026-01-29
Blog Page 519

Salbuespen legediarekin amaitu eta euskal presoak etxeratzeko prozesua martxan jarri beharra dago

Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikook behin eta berriz eskatu dugu salbuespenezko espetxe politikarekin amaitu eta euskal presoak etxeratzeko prozesua abian jar dadin. Horixe da LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuok berresten dugun eskaera. Euskal presoek eskubidea dutelako espetxetik ateratzeko ibilbidea egiteko. Herri honek eskubidea duelako bakea eta elkarbizitza demokratikorako ibilbidea egiteko.

Zenbait hurbilketa eta gradu aldaketa eman badira ere, azken asteotako gertakariek erakusten dute euskal presoen gaineko salbuespenezko espetxe politikak indarrean jarraitzen duela.

Badira 9 egun Patxi Ruizek gose eta egarri greba hasi zuenetik, espetxeko funtzionario baten aldetik jasotako mehatxuen ondotik. Egoera muturrekoa da eta Espainiako Gobernuari exijitzen diogu berehala konponbidea bideratu dezan.
Bestalde, pasa den hilabetean, Ipar Euskal Herriko lau herritarrek (Esnal, Haranburu eta Parot anaiak) 30 urte bete zituzten espetxeratu zituztenetik. Espetxe politika ezin baita mendekuan oinarritu, biziarteko zigor oro bertan behera uztea exijitzen diegu Frantziako eta Espainiako Gobernuei.

Era berean, gure egunerokotasuna zeharo aldatu duen COVID-19aren pandemiak ondorio larriak izan ditu espetxeetan. Egoera zaurgarrian dauden preso gaixoak eta adinduak askatzea izan da hainbat gobernuk hartutako neurria, baina ez da halakorik gertatu euskal presoen kasuan. Berriro ere, salbuespenezko araua ezarri zaie, salbuespenezkoa den bezala Euskal Herritik ehunka kilometrotara sakabanatuta egotea. Horren ondorioz, gainontzeko presoak senide eta lagunen bisitak jasotzen hasi diren bitartean, euskal presoei ukatu zaie eskubide hori, bisitara heltzeko herrialde batetik bestera igaro behar baitira euren gertukoak. Euskal preso guztiak Euskal Herriratu beharra dago, berehala, aitzakiarik gabe.
 

 

 

Mobilizazioa egin dugu Kristau Eskolaren egoitzaren aurrean, lan hitzarmenaren mahaia biltzeko exijituz

Testuinguru honetan panorama iluna da. Patronalek hitza ez betetzeari eta negoziatzeko borondate ezari, Osasun krisi honetan diru publikoarekin finantzatutako ikastetxe batzuk langileei ABEEEak inposatu dizkietela gehitu behar zaio, beraien kontura negozioa eginez. Horrek guztiak erakusten du mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa dela, egoera hau ezin baita gehiago jasan. LABek, bere aldetik, mobilizazioei ekin die gaur.

Maiatzaren 15ean, orain dela hamabost egun sindikatu guztiok eta patronalek horrela adostuta, lan hitzarmeneko mahaia egin behar genuen bi gairen inguruan: Lanbide Heziketako langileen lan-baldintzak eta lanpostua galduko duten langileen birkokatzeko lan-poltsaren prozedura.

Azken aldi honetan, LABentzat behintzat ohikoa bihurtzen ari den bezala, Kristau Eskolak eta AICE-IZEAk patronalek sektoreko langileei errespetu falta ikaragarria erakutsiz, eskuartean dugun gaiaren eta egoeraren neurrira egokitzen ez den aitzakia erabiliz, hirugarren aldiz lan hitzarmeko mahai bertan behera utzi zuten.

Gogoratu behar dugu sektoreko langileek 29 greba egun egin zituztela ELA, STEILAS eta CCOOk sektoreko patronalekin aurreko azaroan akordio bat sinatu arte.

Momentu horretan, akordioak gabezia handiak zituela eta patronalek benetan sinatutako beteko zutela ziurtatzeko berme gutxi zuela esan zuen LABek. Beste batzuek, aldiz, historikotzat saldu nahi izan ziguten aipatutako akordioa, momentuz ez dena betetzen ari:

-Urtarriletik aurre-erretiroa har zezaketen langile batzuk errendimendu osoz jarraitzen dute lanean, patronalek ez dituztelako erretiroak kudeatzen.

-Ikastetxe batzuetako langileek ez dute oraindik ere urte hasieratik jaso behar zuten soldata-igoera jaso.

-Osasun krisi honen ondorioz bukatzear dagoen ikasturte honetan lanpostua galduko duten langileak birkokatzeko benetako birkokapen prozedurarik ez dago, eta horren ordez martxan jarri nahi zuten lan-poltsako prozedura ere zalantzan dago.

Akordioa kolapso egoeran egoteaz gain, hitzarmen berriaren negoziazioa adarjotze bat izaten ari da. Mahaiak behin eta berriro bertan behera geratzen ari dira pisuzko arrazoirik gabe, patronalek negoziazio mahai ezberdinetan aurkeztutako proposamenak hutsune handiak dituzte, langileek gaur egun dituzten eskubideetan atzerapausoak baino ez dituzte jasotzen eta sektoreko langileek dituzten beharrei ez diete erantzuten aldarrikapen historikoak bete gabe utziz.
 

 

 

Haserrea Nafarroako 112ko langileen artean faltsuki egotzi zaielako biztanleria zelatatzeko eginkizuna

0

Nafarroako Gobernuak, ohar baten bidez, guri “esleitu" egin digu biztanleak kontrolatzeko lana, eta horrek haserrea sortu du 112 zerbitzuko langileen artean, batik bat gure nagusien ezjakintasunagatik eta Nafarroako herritarrek gure egitekoarekin izan dezaketen nahasmenagatik. Eskatu dugu argibideak eta zuzenketak publiko egitea, baina Gobernuak ez du inolako zuzenketarik egin.

Hilabete honen hasieran, Nafarroako Gobernuak prentsa-ohar bat zabaldu zuen SOS Navarra-112 zerbitzuak dronen bidez ustez egiten dituen kontrol-lanei buruz, herritarrek deseskalatze-prozesuan zehar egiten dituzten hutsegiteak detektatzeko. Bada, horren aurrean, Babes Zibileko LABeko atal sindikalak Nafarroako iritzi publikoari adierazi nahi dio informazio hori faltsua dela, erabat faltsua; SOS Navarra-112 aretoko langileok ez dugu egiten kontrol -eta zelatatze- lanik, ez dugu inoiz egin eta ez da gure zeregina.

Ez dugu ulertzen zer lortu nahi den informazio faltsu hori zabaltzearekin, baina argi geratzen da Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Departamentuak ez dakiela zer den Babes Zibilerako Zerbitzua eta zer lan egiten dugun. Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko Foru Legean ezarrita daude gure eginkizunak, eta gure nagusiek jakin beharko lukete. Ezjakintasun hori arduragabekeria galanta da, esan beharrik ez dago.

Babes Zibilerako Zerbitzuko eta Barne Zuzendaritza Nagusiko arduradunei eta Departamentuari jakinarazi diegu gure ezinegona eta eskatu ere eskatu diegu zuzenketa publikoa egitea, aretoan lan egiten duten langile gehienen izenean, batez ere herritarrek argi izan dezaten zein diren 112 zerbitzuaren zereginak eta, hala, Europako larrialdi-zenbakia erabiltzeko tenorean okerrik izan ez dadin.

Nafarroako Gobernuak erantzunik eta zuzenketarik eman ez duenez, herritarrei jakinarazi behar diegu 112 zenbakia larrialdietako arreta-zenbaki bat baino ez dela, eta dei horiei erantzuten diegun langileok ez dugula egin, ez dugula egiten eta ez dugula egingo herritarrak kontrolatzeko lanik.
 

 

 

Zaintzaren eredu berrirako bidean osasun krisia inflexio puntu bilakatzeko helburuarekin, indarrak batzeko deia egiten dugu

Agerraldia egin dugu Bilboko La Misecordia adinekoen egoitzaren kanpokaldean. Bertan, adinekoen egoitzetan bizi den egoeraren berri eman eta zaintzari begira sindikatuak proposatzen duen eredu berriaren ezaugarriak eta berau lortzeko egingo ditugun ekimenak aurkeztu ditugu. Hain zuzen ere, egungo osasun krisiak eta honek pertsonen osasun eta bizitzan sortutako ondorioek agerian uzten digute zaintzarako eredu berriaren beharra. Eredu berri honek pertsonak izan beharko lituzke oinarrian. Batetik, zaintza beharrak dituzten pertsonak. Eta bestetik, zaintzan ari diren langileak. Izan ere, sektoreko langileak dira zaintza zerbitzuen oinarri nagusietakoa. Horrela, zaintzarako euskal sistema, publiko, unibertsal, doako eta kudeaketa zuzenekoa lortu beharko litzateke.

Osasun krisiaren aurretik egiten genuen diagnostikoaren arabera, langileen lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea etenik gabe ari ziren kaskartzen. Langile gutxi, lanerako erritmo biziak, arrisku psikosozial eta ergonomikoak, lan-baldintza prekarioak, arreta emateko denbora nahikorik ez, zerbitzu sozialen sistemara heltzeko murrizketak eta kopagoa.

Egoera honek sortzen du zerbitzu sozialetan gatazka bikoitza bizitzen ari dela modu iraunkorrean. Batetik, zerbitzua jaso eta ematen dutenak, hau da, erabiltzaile eta langileak. Eta bestetik, zerbitzuen titularrak (foru aldundiak eta Nafarroako Gobernua) eta zerbitzuak kudeatzen dituztenak (enpresa pribatuak), hau da, administrazio publiko eta enpresa kudeatzaileak.

Gatazka hau adinekoen egoitzetan ikusten da argian, eta larritu egin da COVID-19ak sortutako osasun krisiarekin. Gogoratu beharra dago Hego Euskal Herrian hildakoen %40tik gora adineko egoitzetako egoiliarrak izan direla. Egoitzetako egoiliarra izatea bilakatu da arrisku faktore nagusia. Oso larria da.

Beste behin ere agerian geratu dira zerbitzu sozialen kudeaketa pribatuko egungo ereduak adierazten dituzten kontraesanak. Eredu honetan, irabazi ekonomikoak lehenesten dira zerbitzuaren kalitatea eta berau ematen den baldintzen aurretik. Aipatzekoa da EAJko buruzagi ohiek duten lotura nagusien egoitzek kudeatzen dituzten enpresa sareekin.

Enpresa kudeatzaileak ez dira gai izan egoiliarren eta langileen osasuna bermatzeko. Instituzio publikoek aldiz, ezikusiarena egin dute euren erantzukizunaren aurrean eta gezurretan aritu dira, behin eta berriro, adinekoen egoitzetan bizi den egoera dramatikoaren inguruan.

Sektoreko langileek ez dute inolako aitortzarik, pandemian zaintza funtsezkoa dela erakutsi duten arren. Enpresa kudeatzaileak eta instituzio titularrak mehatxuka ari dira murrizketa eta lan-baldintzen aldaketekin. Honen aurrean, ohartarazi nahi dugu tinkotasunez erantzungo dugula enplegu eta lan-eskubideen galeraren aurrean.

LABentzat premiazkoa da zaintza eredua aldatzea, zaintza, lan-baldintzak, sistemaren sarbidea eta beronen kudeaketaren ikuspuntuetatik. Zaintzarako sistema integrala eraiki behar da, publikoa, unibertsala, kalitatezkoa eta doakoa.

Aitortu beharrekoa da zaintza funtsezkoa dela, honetan ari diren langileak funtsezkoak diren bezala. Horregatik, berehala:

Nagusien egoitzen publifikazio prozesu bat abiatu behar da, zuzenean foru aldundiek eta Nafarroako Gobernuak kudea ditzan. Honekin batera, langile guztiak subrogatu beharko lirateke.

Adinekoen egoitzak arautzen dituzten dekretuek bertan egiten den aitortu behar dute, hau da, langileen kopurua handitu eta hauen lan-baldintza egokiak eta lan-osasunerako eskubidea bermatuz. Gainera, erabiltzaileei bermatu behar zaie eskubide moduan dituzten prestazio guztiak jaso ahalko dituztela, hau da, kalitatezko zerbitzua.

LABentzat beharrezkoa da egoera honetan indarrak biltzea, langile eta egoiliarren arteko lankidetzaren bidez, bestelako zaintza-sistema lortu arte.

Horrela, datozen egunotan komunikazio formal bat helaraziko diegu beste sindikatuei, egoiliarren senideen elkarteek eta esparru honetan dauden beste eragile sozialei lanerako esparru bateratua osatua eta diagnostikoa eta estrategikoa adosteko.
 

 

 

Aurrez aurreko eskoletara berme guztiekin itzuli ezean, plantorako deia egiten dugu

0
Plantoa ikastetxez ikastetxe irudikatzeaz gainera, hezkuntza komunitatea mobilizazioetara deituko dugu LABetik. Halaber, prebentzio neurriak bete ezean salaketak jarriko ditugu Hezkuntza Sailean, Lan-ikuskaritzan zein Osalanen. Langileen osasuna arriskuan jartzen baduzue, aurrean izango gaituzue. Guztion bizitza zaindu.

Orain arte EAEko Hezkuntza Sailak erakutsi dituen inprobisazio eta aldebakartasuna salatzen ditugu, sindikatuekin ez dute ezer adostu eta segurtasunik gabe aurrezaurreko eskoletara bueltatzea inposatu nahi digute. Hezkuntza Sailari eskatzen diogu maiatzaren 25ean eskolak irekitzeko erabakia berrikus dezala. Nafarroan eta beste leku batzuetan egingo duten legez, segurtasun neurriak adosteko aurrez aurreko eskoletara itzultzea ekainera atzeratu behar da eta soilik behar beharrekoa duten ikasleentzako: 2. Batxilergoan, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) prestatzeko beharra duten ikasleentzat tutoretzak, alegia.

Langileon ordezkariekin aurretik negoziaturiko edota adosturiko segurtasun- eta osasun-neurriak zehaztuko dituzten prebentzio-protokoloek irizpide eta neurri argiak zehaztu behar dituzte, ikastetxez ikastetxeko egoerara egokituta. LABetik jarraipena egingo dugu langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartzen direla. Izan ere, ikastetxez ikastetxe prebentzio-planik ez badago edo beharrezko neurriak hartzen ez badira, planto-dinamikari ekingo diogu.

Eskolara presentzialki bueltatzeko segurtasun neurri guztiak bete behar dira. Hargatik, presentzialki lanera joango diren langile guztiei testa egitea beharrezko neurritzat exijentziari eutsiz, badaude beste neurri batzuk ezinbestekoak direnak: langile guztiontzako NBEak, antolaketa-neurriak (irteera/sarrerak, distantziak aretoetan, ratioen jaitsiera, komuneko edo beste espazio batzuen erabilera mugatzea, ordutegimoldaketa…) ikasleekin jarduteko jarraibideak, langile kolektibo bakoitzak egoera honi aurre egiteko beharrezko prestakuntza. Orokorrean, administrazioaren zein ikastetxe bakoitzeko titularraren ardura da horiek bermatzea eta ikastetxeko zuzendaritzek betetzen direla ziurtatzea ere.

LABetik deialdia egiten diegu langileei gutxieneko neurri horiek bete ezean edota langileon zein ikasleen osasuna arriskuan ikusten dugun egoera guztietan planto egitera; era berean, sindikatuarekin harremanetan jartzera gonbidatzen ditugu beharrezko salaketak bideratzeko. Guretzat greba borrokarako tresna da, eta ez helburua. Horregatik, batasun sindikalak greba deituko balu, batasuna mantenduz, plantoari babesa eta indarra emateko baliatuko dugu. Une honetan borroka behar beharrezkoa jotzen baitugu lan presentziala berme guztiekin egin ahal izateko. Plantoak ikastetxez ikastetxe egingo ditugu, ikastetxeetara bertaratuz, borroka planteameduak aktibatuz, mobilizazioa ardatz. Langileok berehalako lan arrisku egoera baten aurrean, prebentzio delegatuen zein langileon ordezkarien bitartez egoera hori gelditzera goaz.
 

 

 

Mercedesek lan eskubideak zapaltzen ditu hiru txandatan lan egiteko

0
Gasteizko Mercedes-Benz enpresak gaur, hilak 18, 3 txandatako jarduerari ekin dio. Horretarako, ordea, lan eskubideak urratu ditu eta, beste behin ere, beste guztiaren gainetik produkzioa lehenesten duela erakutsi du.

Bere jarduerari ekiteko asmoa adierazi zuenetik, Mercedesk argi eta garbi erakutsi du produkzioa zela bere lehentasun bakarra. Hortaz, enpresaren marketing kanpainen gainetik, gogorarazi nahi dugu hasiera batean berrirekiera langileen batzordearekin adostu nahia adierazi zuela baina eguna hurbildu ahala irizpidea aldatu eta azkenik alde bakarrez erabaki zuela. Orduan ere salatu genuen enpresak ez zituela segurtasun neurriak betetzen: ez zuen denborarik eskaintzen higiene pertsonalerako, ez zuen jaitsi nahi lan erritmoa -NBEekin lan egin arren- eta langile zaurgarriak lanera bidali zituen prebentzio zerbitzuak derrigorrez egin beharreko txosten pertsonala helarazi gabe.

Bada, prentsa ohar honen bidez salatu nahi dugu Mercedesk aurreko astean kontratazio berriak 12 orduz lan egitera bidali zituela. Izan ere, gauden egoeran egonda, 3 txandatan lan egiteko helburuz, lanpostu batzuk betetzeko langile berriak kontratatu ditu. Badirudi ebentualei begira, Mercedesentzat ez dela nahikoa soldata eskala bikoitza, ezta iruzurrezko kontratazioa ere, orain kontratatu berri dituztenak goizean 4 orduz eta arratsaldean beste 8 eduki ditu lanean lanpostuan trebatzeko, langileon oinarrizko eskubideak urratuz. Gogoan izan behar dugu, lan ordu guztietan langileek maskara eraman behar dutela eta enpresak ez zuela lan erritmoa jaitsi nahi izan, beraz, egoera erabat gogorra bizi behar izan dute. Gauzak horrela, LABek, egoera ezagutu bezain laster, asteazkenean enpresako arduradunak interpelatu zituen eta ordutik aurrera “soilik” 10 orduz egin behar izan dute lan, horrekin ere beraien eskubideak urratzen zaizkielarik

Horren ondorioz, langileen batzordeak salaketa bat aurkeztuko du Lan Ikuskaritzan, gertaera oso larria delakoan.

Horrekin batera, salatu nahi dugu enpresak ordutegi berriak ezarri dituela, sarrerairteera tartekatuak alboratuz eta inolako prozedurarik abiatu gabe. Kontuan hartu behar da ehunka langile sartu eta ateratzen direla batera eta Mercedesek, berriro ere, osasuna lehenetsi beharrean produkzioari begira jarri da, alde bakarrez jokatuz eta ordutegia aldatzeko prozedura legala ere “ahaztuz”.

Hori guztia dela eta, LABek exijitzen dio Mercedesi lan eskubideak errespeta ditzan. Hori egin ezean beharrezkoak diren neurriak hartuko ditugu.
 

 

 

SSI enpresak planteatzen duen 26 langileren kaleratzea gaitzesten dugu

0
Basaurin dagoen SSI enpresak, 80 langile dituen Sidenor-en azpikontratak, EEE bat aurkeztea erabaki du arrazoi produktiboan argudiatuz eta 26 langile kaleratzeko asmoa erakutsi du.

LABetik erabat gaitzesten ditugu kaleratzeok. Ez dugu uste horretarako arrazoirik dagoenik. EEE honen atzean dagoena, egoeraz eta gaur egun langileek bizi duten beldur eta ziurgabetasunaz baliatzeko ahalegina besterik ez da.

Enpresak, inongo momentutan ez du planteatu kaleratzeez aparteko alternatibarik. Agian errekor bat ezarri nahi du eta EEE aurkeztu eta 26 familia etxera bidaltzen lehenengoetariko izan. LABen ulertzen dugu kaleratzeen aurretik dagoela bestelako alternatibak aztertzeko aukerarik eta hortaz, borrokan egingo dugu 26 langile hauek kaleratu ez ditzaten.

Berriro ere erakutsi da azpikontratetako langileak direla zaurgarrienak. Egoera honen aurrean dei zuzena egiten diogu Sidenor-i, enpresa nagusi bezala, eta Urkullu lehendakaria buru duen Eusko Jaurlaritzari. Patronala babesten jarraituko duzue kaleratze eta enplegu-suntsiketa honen aurrean? Urkullu lehendakaria eta Taipa sailburua, ezer egin gabe geratu behar zarete, itsu, mutu eta gor?

LABetik ez dugu onartuko langileok izatea krisi honen ondorioak ordainduko ditugunak. EEE bertan behera uztea exijitzen dugu eta borrokan egingo dugu hau horrela izan dadin. Datozen egunotan bilera eskatuko diogu Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailari eraso honen aurrean jarrera har dezan exijituz eta mobilizazioak deituko ditugu kaleratzeok gelditzeko helburuarekin.
 

 

 

Hitzarmen kolektibo baten beharra berretsi dugu etxeko langileen lan baldintzak hobetzeko eta haien eskubideak bermatzeko



COVID-19aren osasun krisiak modu berezian kolpatu ditu langile sektorerik prekarioenak, nagusiki emakumeek osatutakoak, horien artean dago etxeko langileena. Hala, Ipar Hegoa ikasketa sindikalen fundazioak etxeko langileen egoeraren inguruko azterketa egin du, eta LABeko Exekutiboko kide Arantxa Vazquezek eta Ipar Hegoako analisien arduradun Oihana Lopetegik aurkeztu dute txostena. Etxeko langileentzat hitzarmen baten beharra dagoela nabarmendu dugu, eta hitzarmen horrek oinarri hauek izan beharko lituzkeela jakinarazi dugu: araudiak erregulatzen ez dituen gaiak erregulatzea; Langileen Estatutuan etxeko langileen erregimen berezian edota ezartzen den bestelako araudian jasotzen diren oinarrizko eskubideen hobekuntza; Hitzarmen Kolektiboan jasotzen dena betetzen dela bermatzea.


Etxeko langileen %30 inguruk ezkutuko ekonomian lan egiten du. Horren ondorioz, beraien zaurgarritasun egoera are gehiago handitzen da eta kasu hauetan legea ez betetzeko aukerak zabaltzen dira.

Bizitza sostengatzen duen oinarrizko lan batez ari gara, etxeko lan eta zaintza lanez. Elkar zaintzeko beharra dugula eta izango dugula onartzen dugun momentuan, lan hauei dagokien balio eta lekua ematea ezinbestekoa izango da. Baina oraingoz, etxeko langileek ikusezin, zapaldurik, eskubiderik gabe jarraitzen dute gure bizitza sostengatzen duten bitartean.

Gaur egun, etxeko langileen eta zaintzaren esparruan eskumenak dituzten instituzioek euren ardurak saihesten dituzte. Espainiako Gobernuak, ahalmen legegilea duen aldetik, eta jaurlaritzak, lan ikuskaritza eta Osalanen bidez, egin beharko lituzkeen lanak ez dira gutxienekora ere iristen; Nafarroan ikuskaritza horrek Espainiako Gobernuaren eskumena izaten jarraitzen du. Frantzian eskumen guztiak Gobernu Zentralaren esku daude. Guk pertsonen zaintza sistemaren antolakuntzaren erdigunean kokatzea aldarrikatzen dugu, langile guztien duintasuna eta zainduak izateko eskubidea bermatuko duen jendartea eraiki ahal izateko. Horretarako ezinbestekoa izango da Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren eraikuntzan urratsak ematea.

Hori lortu ahal izateko, langileon antolaketa beharrezkoa da. Antolaketarako zailtasunak dituen sektore bat da hau, bakarrik lan egiten baitute, bakoitzak etxe batean, eta enplegatzaile desberdin batentzat. Baina etxeko langileak historikoki egon dira antolatuta, antolatzeko gaitasun hori erakutsi digute, baina ez sindikatuetan. Sindikatuak ez gara izan etxeko langileak antolatzeko tresna orain arte, eta orain zor historiko hori gainditzeko erronka daukagu.

Azken kongresuan hartu genituen erabakien ondorioz, gure eredu sindikal tradizionala gainditzen eta etxeko langileek sindikalgintza euren tresna gisa ulertzeko lanean ari da LAB. Sindikatuaren egitura aldatzen ari gara etxeko langileak bertan txertatzeko, helburu argi batekin: langile horien lan eta bizi baldintzak hobetzea.

Guk langileei euren egoera aldatzeko giltzak eman dizkiegu: negoziazio kolektiboaren ondorioz euren lan baldintzak hobetzea. Etxeko langileekin eskuz esku, zaintza erdigunean kokatu eta euren lan eta bizi baldintzak borrokatzeko bidea eraikiko dugu.

Horregatik, bide horretan eman beharreko urrats gisa, etxeko langileentzat lan-hitzarmena proposatu dugu EAEn. Modu horretan, euren lan baldintzak hobetuko ditugu, sektoreak urtez urtez jasan duen diskriminazio egoera gainditzen hasiz. Gainera, etxeko langileentzat proposatzen dugun hitzarmen kolektiboak berezitasun espezifikoak izan beharko ditu, izan ere, dagozkien eskubideen urraketak modu sistematikoan gertatzen dira eta legediak hainbat gai ez ditu erregulatzen etxeko langileentzat.

 

 

 

Lanetik etxera bizirik bueltatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu

Aurten gutxienez, 31 langile hil dira lanean Euskal Herrian eta beste bi langilek 102 egunez desagertuta jarraitzen dute Zaldibarreko zabortegian. Azkeneko heriotza gaur goizean izan da. 54 urtetako langile bat hilda topatu dute, Beriaineko Errekalde Poligonoko enpresa batean, kamioiaren gurpil baten azpian.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu hildako langilearen familia eta gertukoei.

Gaur gertatutakoa ez da berria. Urtero honelako lan istripuak ditugu, baina ezaguna izan arren, praktikan ez dituzte neurriak hartzen honelako istripuak berriro gerta ez daitezen. Ematen du administrazio publikoen arduradunek ez dakitela hau. Non daude administrazioko arduradunak heriotza berri hau salatzeko? Zein aldaketa egin eta zein pausu emateko prest daude egoera honi buelta emateko?

Argi daukagu lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira. Administrazio publikoei exijitzen diegu arduradunak seinalatzea eta horregatik ordaindu dezatela.

Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez ahalegin horretan bizia galtzeko. Langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira.

LAB sindikatutik argi dugu, bizi eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Badakigu norbanakoena, familiena eta gizarte osoarena den gaitz honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla, lan harremanen eta joko arauen aldaketatik etorriko dela aldaketa. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Dei egiten dugu hurrengo orduetan antolatu daitezkeen salatze mobilizazioetan parte hartzera.