2026-01-29
Blog Page 517

Arcelor Mittalek mehatxuka eta xantaia egiten jarraitzen du lan-erreformari esker

0

Salatu nahi dugu enpresak ez lituzkeela bere mehatxuak eta xantaiak egingo lan-erreforma indarrean egongo ez balitz. Enpresak badaki, sindikatuen akordiorik gabe ere, ABEEE aplika dezakeela horri esker. Beharrezkoa eta premiazkoa da lanerreforma osorik indargabetzea. Orain EAJ ez badago prest indargabetzeko, lanpostuak suntsitzen dituzten eta gehiengo sozialaren lan-baldintzak prekarizatzen dituzten botere ekonomiko handien konplize izango da.

Bete egin zen gidoia Arcelor Mittalen. Aurreikusi bezala, atzo egindako ABEEEren negoziazio mahaiaren bileran argi geratu zen enpresak ez zuela ezer negoziatzeko asmorik; izan ere, aurrez Asturiasen negoziatu ziren edukiak mahai gainean jartzera mugatu zen. Eduki hori guztiz bat dator sindikatu batzuk adierazitakoarekin eta hainbat komunikabidetan jasotakoarekin. Izapide hutsa izan zen atzokoa, negoziazio-mahaitik kanpo hartutako erabaki bati legezkotasun berniza ematen saiatzeko eta, horrela, errekurtso judizialek aurrera egitea zailtzeko.

Gainera, enpresak oso argi utzi zuen proposamena ABEEErekin lotutako edozein mobilizazio sindikali uko egitearen baldintzapean zegoela. Ez dezagun ahaztu proposamen honek okertu egiten duela gaur egun indarrean dagoen ABEEE; izan ere, enpresak soldataren %75 baino ez du osatuko, gaur egungo %94aren aldean.

Xantaia horren aurrean UGTk, CCOOk eta USOk amore eman dute berriro; izan ere, ABEEE sinatu ez duten arren, aurreikusitako lanuzteak bertan behera uztea onartu dute, eta uko egin diote mobilizazioari, ABEEE baten aurrean.

Enpresak elkarrizketa sozial bitxia egiten du, eta xantaiarekin, sindikatu batzuk egungo eta etorkizuneko mobilizazioei uko egitea lortzen du egungo ABEEE baino okerragoa den proposamen baten truke. Hain zuzen ere, sindikatu berdin horiek sinatu zuten egungo espedientea.

LABek, bileran jasota geratu zenez, ez dio ezeri uko egiten, eta iragarri genuen bezala, errekurtsoa jarriko dugu auzitegian.
 

 

 

EAEko Hezkuntza Sailaren arduragabekeriaren aurrean, ia ikastetxe denek sindikatuok ikasturte amaierarako egindako proposamenaren aldeko hautua egin dute

0

EAEko Hezkuntzako sindikatuok elkarretaratze bateratua egin dugu Lakuan. Gaur egin dugun bezala, datozen egunotan ere, ikastetxe bakoitzean aurrez aurreko itzulera osasun bermeekin gauzatzen dela ziurtatzeko adi egongo gara sindikatuok; aldi berean, Hezkuntza Sailari ikasturte hasierako plangintza osoa, zein osasun neurriak eragileokin adosteko galdegiten diogu.

Oso gutxi izan dira gaur, maiatzak 25, aurrez aurreko ikasketak abian jarri dituzten ikastetxeak, eta abian jarri dituztenek ikastalde oso mugatuentzat egin dute, nagusiki errefortzu bat eskatzen duten ikasleentzat edota 2. Mailako Batxilergoko ikasleentzat EBAU azterketaren prestaketari begira. Beraz, esan dezakegu ikastetxe gehienek, hezkuntza sailak ez bezela, sindikatuok pasa den astean Hezkuntza Sailari helarazitako proposamenaren ildotik doazen ikasturte amaierako planteamenduak gauzatzeko hautua egin dutela.

Datozen egun eta asteotan aurrez aurreko ikasketak abian jarriko dituzten ikastetxe gehiago ere izango dira. Eta badirudi, momentuz ditugun datuen arabera behintzat, hauek ere ildo berdina jarraitzeko asmoa dutela.

Edozein kasutan, pasa den Ostiralean adierazi genuen bezala, ikastetxez ikastetxe, aurrez aurreko ikasketetarako zein lanerako itzulera osasun bermeekin gauzatzen dela ziurtatzeko adi egoten jarraitzen dugu sindikatuok; eta hala ez bada, osasuna bermatua ez dagoen ikastetxe horietan osasuna bermatu arte, beharrezko mobilizazio, ekimen eta tresnak jarriko ditugu abian.
Sindikatuok, zein hezkuntza komunitate osoaren gaitzespen eta presioak hezkuntza saila bere hasierako erabakiak aldatzera eraman badu ere, oso larria eta arduragabea izaten ari da ez ohiko ikasturte amaiera honi begira Hezkuntza Saila egiten ari den kudeaketa. Hezkuntza eragileokin adostu gabeko aldebakarreko erabakiak hartzen ari baita etengabe.

Ikastetxe bakoitzaren autonomía aitzakiatzat hartuz, ikastetxe bakoitzaren esku utzi nahi izan du azkenik itzuleraren nondik norakoa erabakitzeko ardura eta pisua. Gaur, oraindik ere ugariak dira ordea beraien itzulera planaren aurrean hezkuntza ikuskaritzaren erantzunik jaso ez duten ikastetxeak, eta beraz, beraien itzulera planak Sailaren oniritzia duenik ere ez dakitenak.

Horrela, Sindikatuok ikasturte amaierara begira adi egoteaz gain, datorren ikasturteari begira, ikasturte hasierarako plangintza, baldintzak, zein segurtasun eta osasun neurri eta protokoloak, langileon ordezkariokin negoziatu eta adosteko galdegiten diogu.
 

 

 

EAE eta Nafarroako instituzioak interpelatu ditugu, kapitala baino langileak babesteko akordioak gauza ditzaten

0

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak agerraldia egin dute Eusko Jaurlaritzak sindikatu, patronal eta beste eragilerekin sortutako mahaiari buruz aritzeko. Asteazkenean izango da laugarren bilera, eta LAB bertara ez dela joango aurreratu dute, mahaiak ez baititu langileen interesak defendatzen, kapitalarenak baizik. Argazki huts bat ateratzeko mahaia dela salatu dute, Jaurlaritzak aldebakartasunez hartzen dituelako erabakiak. Nafarroan ere asteazkenean izango da Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren mahaia. Kasu honetan bertan izango gara, baina aipatutako terminoetan: langileak babesteko akordioak gauzatzeko. Halaxe adierazi du LABeko Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerak, agerraldi baten bitartez hau ere.

Imanol Karrera, Iruñeko egoitzaren kanpoaldean egindako agerraldian.

Eusko Jaurlaritzak sortutako delako mahai sozio-ekonomikoaren laugarren bilera izango da asteazkenean, eta bertan ez garela izango iragartzeko agerraldia egin dugu. Iruñean ere egin dugu agerraldia, kasu honetan asteazkeneko Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bileran izango dugun jarreraren berri emateko.

EAEko kasuan, orain arte izandako bilerek ez dute ezertarako balio izan langileen ikuspuntutik. Hiru bilera egin dira jada eta Eusko Jaurlaritzak eta EAJk eragile sozio-ekonomikoekin argazkiak ateratzeko soilik baliatu dituzte. "Hartzen dituzten erabakiak eragile sozio-ekonomikoekin batera hartzen dituztela irudikatu nahi dute, gezurra denean, LABekin behintzat. Eusko jaurlaritzak aldebakartasunez funtzionatzen du, LABek botatzen dituen ekarpenei jaramonik egin gabe. Estatuko Gobernua kritikatzen du Jaurlaritzak, baita guk ere, erabakiak aldebakartasunez hartzen dituelako, eta zentralizazioa inposatzen ari delako. Bada, Jaurlaritza berdin egiten ari da, langileen beharrak kontutan izan gabe", adierazi du Xabier Ugartemendiak.

Jaurlaritzak aldebakartasunez hartzen dituen erabakiak patronalari begirakoak dira, patronala asetzeko. "Azken bileraren aurretik esan genuen, bide horretatik jarraituz gero, gure partaidetzarekin jarraitzea aztertuko genuela. Hala, LABek erabaki du asteazkeneko mahaian ez parte hartzea, erabiliak izan garelako eta langileak pairatzen ari diren egoera bilera hauetan ez direlako kontutan hartzen", azaldu du Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkariak.

Nafarroako Kontseilu Ekonomikoa eta Sozialaren bilerari dagokionez, Gobernuaren Nafarroa Suspertu plana aztertzeko deitutakoa, Imanol Karreraren iritziz, Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen hasierako dokumentuaren norabidea “betikoaren jarraipena da”, krisi honetara ekarri gaituen sistemaren jarraipena”. Karreraren hitzetan, “Nafarroa suspertzeko edozein planek egungo eredua gainditu behar du nahitaez, eta kapitala babestu beharrean langileak babestu behar ditu”.

Langileak babestea helburu
Hain zuzen ere, LABetik defendatzen dugun berreraikuntza ekonomiko eta sozialerako planak langileak babesteko helburua izan behar du. Gakoa etorkizuna eraikitzeko bideari ematen diogun norabidean dago, horregatik EAE zein Nafarroako eztabaida markoen helburuak hauexek izan beharko lirateke:

-Enplegu suntsiketari, lan baldintzen kaskartzeari, lan osasunari eta krisiaren ondorio sozial larriei aurre egiteko lehentasunezko neurriak eztabaidatu eta adostu.

-Pertsonen eta naturaren zaintza aintzat hartu eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baterako trantsizioari ekitea; lan guztiak aitortu eta banatuko dituen eredua, zerbitzu publiko duinak bermatuko dituena edota ekoizpen eta kontsumo eredu jasangarriaren alde egingo duena. 

-Aberastasuna hobe birbanatzeko plan baten beharra. Zerga politikak sakoneko aldaketa bat eskatzen du. Diru gehiago bildu behar da eta biltzen den dirua modu progresiboagoan bildu behar da, errenta altuak, enpresa irabaziak eta kapitala gehiago zergapetuz. 

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "baditugu proposamenak, ez diogu eztabaidari uko egiten, langileak babestuko dituen akordioak gauzatzeko helburua izango duten eztabaida markoak nahi ditugu. Gune parte hartzaileak, eztabaidarako eta adostasunak bilatzeko guneak izatea nahi dugu".

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, "eztabaida hauek egiteko markoa ere ez da delako Elkarrizketa Sozialeko mahaia, langileen emandako hitzaren gainetik, gutxiengo sindikalarekin eta Jaurlaritza zein patronalaren interesak zuritzeko erabiltzen den mahai antidemokratikoa da elkarrizketa sozialeko mahaia baita".

Urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baten alde mobilizatu ginen. Indar erakustaldi handia izan zen eta indar horrekin jarraituko dugula nabarmendu du Garbiñe Aranburuk, "lantokietan borroka sindikalak bultzatuz eta kalean mobilizatuz, eragile sindikal, sozial eta politiko desberdinen arteko elkarlana bultzatu eta adostasunak eraikiz, eredu sozio-ekonomiko berri baten bidean".
 

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Xabier Ugartemendia Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkariak egindako agerraldiaren

 

 

LIDLekin EAE mailan adostutako akordioan ez da Gipuzkoako langileen iritzia kontutan hartu

0
Gaur goizean jakin dugu ELAk EAE mailako akordio bat adostu duela LIDLen, COVID19ak eragindako ondorioen aurrean. Egun ELA sindikatuak EAE mailan gehiengoa badu ere, Gipuzkoan errealitatea bestelakoa da. LAB sindikatua da ordezkaritza zabalena duena herrialde honetan, eta inolako momentutan ELAk ez du gurekin negoziaketa marko hau dagoenik ofizialki konpartitu, eta are gutxiago bertan lantzen ziren edukiak helarazi, edo deialdiak konpartitu.

Larriena da, bereziki, Gipuzkoako langileekin ere ez dela inolako lanketarik egin. Egun batetik bestera eta whatsapp bidez heldu zaizkien lanuzte deialdiez gain, Gipuzkoako langileen gehiengo ia osoak ez du marko hau dagoenik jakin, eta are gutxiago bertan lantzen zena ezagutu. Baina paroak bai.

LAB sindikatutik gogor salatu nahi dugu, eta are gehiago egun bizi den tentsio eta giro nahasian, ELAk Gipuzkoako langileen izenean negoziatzea, haiekin hitz egin eta konpartitu gabe, eta Gipuzkoan gehiengoa duen sindikatuari bizkarra emanez. Langileen beharrizanak baino, helburu korporatibo eta elektoralak lehenetsi dituzte.

Gipuzkoako komitetik aldarrikapen batzuen inguruko sinadura bilketa bat abiatu genuen. Lehenik, langileek komiteko kideen irakurketa konpartitzen zuten ikusi; ondoren, aldarrikapenak egoki ikusten zituzten jakin eta amaitzeko, kolektibo gisa enpresaren aurrean aurkezteko. EAE mailako aipatu akordioan aldarrikapen hauetako batzuk jaso dira, beste batzuk ez. Eta azken asteetan enpresak ere Gipuzkoako denda batzuetan kontratazio eta lanaldiak handitu ditu. Azken hau, ekiteari esker.

Horregatik, komiteko kide garen LAB sindikatuko delegatuok, Gipuzkoako langile askoren babesa jaso duen sinadura bilketan markatutako eta jasotako aldarrikapen berriekin aurrera jarraituko dugu.
 

 

 

Ikasgeletara itzulera seguru, adostu eta kalitatezko baten aldeko sindikatuok egindako proposamenari entzungor egin dio Lakuako Hezkuntza Sailak

0

Astelehenetik aurrera ikastetxeren batean osasun bermerik ez badago, Hezkutzako sindikatu guztiok (LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT) ikastetxe horretako langile eta ikasleen osasuna bermatzeko beharrezko mobilizazio eta ekimenak abian jarriko ditugu.

2019-2020 ikasturte amaierako planifikazioari begira Hezkuntza Sailak erakutsitako inprobisazio, arduragabekeria eta etengabeko irizpide aldaketen aurrean, aste honetan ikastetxeetara itzulera seguru, adostu eta kalitatezko baterako proposamen zehatz bat helarazi diogu sindikatuok Hezkuntza Sailari.

Proposamenean, ikasturte amaierarako plangintza, aurrez aurreko ikasketetara zein lanera itzultzeko baldintzak, zein segurtasun eta osasun neurri eta protokoloak, langileon ordezkariokin negoziatu eta adosteko galdegiten genion Hezkutza Sailari. Baita, negoziazio prozesu hori ematen ez den bitartean aldebakarrez hartutako erabakiak bertan behera uzteko ere.

Dokumentu propositibo honetan, Sailak egindako azken planteamenduari ikusten genizkion gabeziak eta hutsuneak aipatzen genituen, ondoren osasuna bermatzeko irizpideak lehenetsiz eta irizpide pedagogikoak aintzat hartuz, ikasturte amaierarako proposamen egoki bat eginez.

Hezkuntza Sailak sindikatuon proposamenaren aurrean izan duen ekimen bakarra proposamen horretan jasotzen genituen ikasturte amaierako plangintzarako plantemanduei erantzuten ere egiten ez dien dokumentu bat bidaltzea izan da; bere aldebakarreko plangintza abian jarri baino bi egun lehenago gainera. Argi dago helburua ez dela negoziaketa eta elkarrizketa erreal bat bilatzea ez eta langileon ordezkarien proposamenak aintzat hartzea ere. Are gehiago, hezkuntza Sailak langileen ordezkariak parte hartze eta negoziaketa esparruetatik kanpo utzi nahi gaituela berresten da, izan ere dokumentuan esaten denez, sindikatuok ordezkaritzarik izango en dugun jarraipen batzorde bat sortu baitu Hezkuntza Sailak.

Sindikatuok daukagun informazioaren arabera, eta zentzuzkoa denez, Astelehenean aurrez aurreko ikasketak oso ikastetxe gutxik jarriko dituzte abian, eta abian jarriko dituztenek ikastalde oso mugatuentzat egingo dute, nagusiki errefortzu bat eskatzen duten ikasleentzat edota 2. Mailako Batxilergoko ikasleentzat EBAU azterketaren prestaketari begira.

Edozein kasutan, Hezkuntza Sailak, denbora eta aurreikuspen nahikoz, ikastetxe bakoitzarekin ikasgeletara modu seguru batean itzuli ahal izateko prozesurik, baliabiderik eta jarraibide egokirik jorratu ez izanak, eragina izan dezake itzulera baldintzetan. Eta litekeena da ikastetxe bakan batzutan osasuna bermatuz ikasketak ekiteko baldintzarik ez egotea edota osasun irizpideak lehenesten ez dituzten baldintzatan planteatzea itzulera.

Sindikatuok, ikastetxez ikastetxe aztertuko dugu egoera, eta ikastetxeren batean itzulera honi begira, osasun neurriak bermatzen ez badira gure esku dauden tresna guztiak abian jarriko ditugu, ikastetxe horretako langileak lanera ez joateko aukera izan dezaten bai langile beraien bai ikasle horien osasuna bermatzeko.

Hau horrela, gaurtik aurrera, sindikatuon arteko jarraipen batzorde propio bat sortuko dugu, langile eta ordezkarien esku osasun neurrien inguruko galdetegi bat jarriko dugu, osasun neurriak ez betez gero edo osasun irizpideak lehenensten ez dituzten baldintzak identifikatuz gero, sindikatuokin harremanetan jarri eta osasuna bermatua ez dagoen ikastetxe horietan osasuna bermatu arte beharrezko mobilizazio eta ekimenak abian jarriko ditugularik, greba aukera barne.
 

 

 

Gure alegazioen ondoren bi zerbitzuburuk ikertu gisa deklaratuko dute Osakidetzako LEParen filtrazioen kasuan

0
LABek oso positibotzat jo du epaitegiaren erabaki hori, eta uste dugu urrats berri bat dela Osakidetzako LEParen filtrazioak argitzeko bidean aurrera egiteko. Ildo horretan, beste bi pertsona ikertu gisa agertzeak sinesgarritasuna kentzen dio Osakidetzako Zuzendaritzak eta Osasun Sailak babestutako bertsioari; izan ere, orain arte adierazi dute irregulartasun puntualei buruz ari ginela beti, eta inork ez zuela horien berri izan.

Herri-akusazioak, Neurokirurgiako eta Neurofisiologiako LEPen azterketen emaitzetan agerian geratzen ziren anomalia deigarriak eta kointzidentzia susmagarriak aztertu ondoren, Jose Antonio Elexpuru, Bilbao Basurtoko ESIko Neurokirurgiako zerbitzuburua, eta Eduvigis Alvarez, Arabako ESIko Neurofisiologiako zerbitzuburua, ikertuak izateko eskatu zuen.

Bi kategoria horietako zantzuen kopurua ikusita (emaitzetan ezin azalduzko aldeak, bi espezialitate horietan oposiziogile onenak prestatu diren zentroak bat etortzea, Osakidetzako Zuzendaritzak bi pertsona horiek oposizioaren kudeaketan parte hartzeko izendatzea, etab.), Epaitegiak, 2019ko azaroaren 25eko probidentziaren bidez, Elexpuru eta Alvarez ikertu gisa deklaratzea erabaki zuen, 2020ko urtarrilaren 21eko data zehaztuta.

Elexpuru eta Alvarezen defentsak (ikertutako beste batzuen defentsarekin bat datorrena) deuseztasun-gertakari bat planteatu zuen zitazioak baliogabetzeko eta prozeduraren garapena oztopatzeko.

LABen akusazioak eta Fiskaltzak alegazioak aurkeztu zituzten aipatutako intzidentearen aurrean, eta Epaitegiak, 2020ko martxoaren 17ko autoaren bidez, alegazio horiek onartu ditu, deuseztasun-eskaera ezetsiz, eta berriz ere erabaki du ekainaren 9an, 10: 00etatik aurrera, Gasteizko Instrukzioko 2. Epaitegian, Elexpuru eta Alvarezek ikertu gisa deklaratu beharko dutela.
 

 

 

Lan heriotzen odolusteak ez duela etenik salatu dugu Beasainen eta Santurtzin

Konfinatuta dagoen Italiako Zirkuko langile bat hil zen asteartean, Beasainen. Lan heriotza salatzeko, Beasainen bertan mobilizatu gara goizean, gehiengo sindikalak deituta. Asteazkenean, ordea, beste langile bat hil zen Bilboko Portuan. Bertako enpresa batzordeek elkarretaratzera deitu dute eguerdirako; estiba, Bilboko Portuko Agintaritza, amarradoreak eta barruko trafikoan ibiltzen diren langileek, alegia. Portuko sarreran izan da elkarretaratzea, Santurtzin. Aurten jada 33 langile hil dira, gutxienez; 3, aste honetan bertan.



 

 

 

Arcelor Mittaleko ABEEE salatuko dugu auzitegietan

0

Enpresak ABEEEren negoziazio mahaiaren beste bilera batera deitu bezperan, LABek iragarri nahi du ABEEE auzitegietara eramango duela, Lan Ministerioari oposizio txostena aurkeztu ondoren. LABek ez du ABEEE berri honen beharrik ikusten. Enpresak ez du inoiz egiaztatu COVID-19ak enpresaren egoeran izan duen eragina. Eta hori ez du LABek bakarrik esaten, sindikatu guztiok salatu dugu jendaurrean.

Komeni da gogoratzea azken urteetan enpresak lortutako irabazi handiak, hedapen politika mundu mailako enpresen erosketarekin, Ilva italiarra eta Essar Steel indiar enpresa kasu. Arcelor Mittal estatuko enpresa bakarra da ABEEE bat aplikatzen 11 urtez jarraian, gaur egun indargabetuta dagoen legedia bati esker. ABEEE iruzurrez erabili du, enpleguaren erdia baino gehiago suntsituz Euskal Herrian eta 4.000 lanpostu baino gehiago estatu osoan.

Duela gutxi, enpresak publikoki onartu behar izan du ezin dela ABEEE aplikatu Euskal Herriko zenbait lantokitan, normaltasunez lanean ari direlako, baina ABEEEn lantoki zein langile guztiak sartzen dituzte.

Beraz, arrazoi asko daude ABEEE berri honi ezetz esateko. Ez dezagun ahaztu baldintza okerragoak ekarriko dituela langileentzat. Eta horiei guztiei beste bat gehitu behar zaie, negoziaziorako fede txarra. Enpresak negoziazioa amaitutzat eman eta ABEEE aldebakarrez aplikatuko zuela iragarri ondoren, Asturiaseko komunikabideen bidez ezagutu dugu ABEEEren ustezko negoziazioa eta haren eduki zehatzak, negoziazio-batzordea alde batera utzita. Enpresaren jarduteko modu hori ez da berria, baina, hala ere, oso larria da. Enpresak estatu-esparrua erabiltzen du indar-korrelazioa aldatzeko eta euskal langileei ziurgabetasun eta prekarizazio handiagoa eragiten dieten erabakiak inposatzeko. Euskal lantokiak trukerako txanponak dira beti, eta euskal langileak dira sakrifikatuak. Enpresak “legezkotasun barniza” eman nahi dio fartsa horri, orain ABEEEren negoziazio-mahaira deituz, itxuraz beste esparru batzuetan negoziatu eta hartutako erabaki bat formalki jasotzeko.

LABek ez du gure eskubideak baztertzen eta urratzen dituen fartsa hori legitimatuko. Euskal lantokientzat esparru propioa behar dugu. Euskal langileen eskubideak defendatuko ditugu. Gure lantokien etorkizuna defendatuko dugu.
 

 

 

Exijitzen dugu Bizkaibuseko kabinetan eskuz ez ordaintzea

0

LABek eskaria erregistratu du Bizkaiko Foru Aldundian Bizkaibuseko kabinak berriro zabaldu behar dituztenean. Sindikatuak eskatu du “modu prebentiboan eskuz ordaintzea bertan behera uztea”, ohikoa izaten ari den bezala, momentuz, autobusa ordaintzerakoan.

Aipatutako eskaria beharrezkoa da, COVID-19aren kutsaketa eta hedapena eragozteko modurik onena arriskua ahalik eta gehien gutxitzea delako eta kobraketa kreditu txartelaren bidez egin baitaiteke.

Txartel bidez ordaintzeko datafonoak jartzea, 2013 eta 2014an Bizkaibusen egondako gatazkan zehar sindikatuek eskatutako zerbait da, eta ordutik hona Aldundiak ez ditu Bizkaibuseko kabinetan ez hau eta ez beste hainbat hobekuntza martxan jarri. Gaur egun, asko dira zerbitzu hau ez duten kabinak, hortaz, berriz martxan jartzen direnerako datafonoak izatea exijitzen dugu.

Langile eta erabiltzaileek ez dituzte Aldundiaren geldotasunaren ondorioak ordaindu behar. LABek uste du kabinak berriro zabaldu behar direla, baina segurtasun neurri guztiekin, eskuz egindako ordainketek birusaren hedapen eta kutsaketan lagundu baitezakete.

Zertarako balio du maskara edo eskularruak erabiltzeak, birusa kabinetan geratzen diren txanponetan baldin badago? Zertarako balio du maskarak erabiltzera behartzeak gero eskuz ordain badezakegu, birusa izan dezaketen txanpon eta bileteak gure boltsikoetan sartuz?

LABek espero du, autobusetan eskuz ordaindu ezin daitekeen modu berean, bere eskaria onartua izatea. Horrela ez bada, eskuz ordaintzeagatik egon daitezkeen kutsatzeak diruz ordaintzea ahalbidetu dutenen erantzukizuna izango dira.