2026-01-29
Blog Page 515

Dei egiten diegu langileei Zaldibar Argitu!-ren larunbateko manifestazioan parte har dezaten

Uztailaren 6an bost hilabete beteko dira Zaldibarreko Verter Recycling-en zabortegia hondoratu eta Alberto eta Joaquin lurperatu zituenetik. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, ekonomia eredu zehatz batek ezartzen dizkigun lan baldintzen ondorio baizik, eta Zaldibarrekoa bereziki, sistema kapitalista ekozidaren erakusgarri garbia da. Horrela, berebiziko garrantzia du gertatutakoaren inguruan erantzukizunak argitzeak. Desagertuen bilaketa eta bertan lanean ari direnen osasuna bermatzea ere lehentasunezkoak dira.

Istripua gertatu zenetik hona etengabeak izan dira sindikatuaren ekimenak bertan gertatutakoa argitzea helburu hartuta, langileak, osasuna eta erantzukizuna kontuan hartuko dituen konponbidea lortzeko. Horrela, bere sorreratik bertatik babestu ditugu Zaldibar argitu!-k egindako ekimen eta deialdiak.

Larunbatean, manifestazio nazionala deitu du Zaldibar Argitu!-k, “5 hilabete, konpromisoak nahi ditugu” lemarekin. Mobilizazioa 17:00etan abiatuko da Eibarreko Untzaga plazatik. LABek ordezkaritza bidaliko du bertara eta langileei dei egiten die mobilizazioan parte hartzera, herri erantzuna beharrezkoa baita horrelako gertakarien aurrean eta bizitza erdigunean izango duen eredu bateranzko trantsizioa indartzeko.

“Ez gaude prest berriro ere krisiaren faktura gazteon bizkar gainean jartzeko; krisiaren faktura aberatsek ordain dezatela!”

Langileria eta bereziki gazteak pairatzen ari diren egoeraren aurrean, Ernairekin batera, enplegu duina aldarrikatzeko mobilizazioa egin dugu Gasteizen, Lanbideren egoitzaren aurrean, “Krisiaren faktura aberatsen kontura. Gazteok lan duina, bizi duina!” leloarekin.

Hauxe da, Ernai gazte erakundearekin batera, gaurko mobilizazioaren harira egin dugun irakurketa:

2008an krisiari erantzuteko ezarritako errezetek lan merkatua are eta gehiago desegituratu zuten, lehendik ere prekarietatea hedatuta zegoen arren, kapitalismo basatian sakondu eta gazteen enpleguarekin amaitu zuten.

Ondorengo urteetan, errekuperazio ekonomikoa gazteon eta langileon eskubideen bizkar egin da. Enpresak irabaziak metatzen hasi eta enplegua sortu zen, enplegu prekarioa ordea, pobreziatik ateratzeko enplegua izatea nahikoa ez izateraino, miseriazko soldata eta lan baldintza negargarrietan.

2010 eta 2012ko erreformak, Eusko Jaurlaritza eta Nafar Gobernuak ezarritako murrizketak… oraingo krisiari aurre egiteko arazo estruktural bilakatu dira eta argi geratu da hori Martxotik hona galdu den enplegua nolakoa izan den erreparatzen badugu. Elite ekonomikoaren eta merkatuaren beharrei solik erantzuten dien lan merkatua sortu zuten, erabili eta botatzeko enpleguarekin, flexibilitatea muturreraino eramanez. Lan baldintza kaxkarretan lan egiten ondoren, orain enplegu hori botatzeko garaia iritsi da.

Gazteok betetzen genituen lanpostu gehienak pandemian zehar desagertu edo suntsitu egin dira.

▪ Ostalaritzako gazte langileak izan gara pandemiaren lehen egunetik kaleratuak izan garenak

▪ Udalekuetan lan egin izan dugun gazteak, aurten asko eta asko gazteontzako sustengo ziren udako lanik gabe geratuko dira

▪ Kontraturik gabe eta beltzean lan egiten dugun gazteak gara asko eta asko (klase partikularrak ematen, lanik prekarioenak eta baldintzarik okerrenak dituztenak betetzen…)

Atzo kaleratutako langabezia datuek argi adierazten dute egoera hau:

▪ Langabeziaren zifra ofiziala Hego Euskal Herrian 184.912 langabetura igo da, eta horri beste 87.143 gehitu behar zaizkio. Izan ere, EABET (Enplegua Aldi Batera Erregulatzeko Txosten) egoeran daude eta ziurgabetasun handia dute etorkizunari begira.

▪ EAEri dagokionez %84 igo da gazteen langabezia, aurreko urteko ekaineko datuekin alderatuta. Datu hauek oso esanguratsuak dira, kontutan hartzen baldin badugu iazko datuek gazteriaren prekarizazo egoera bat islatzen zuten datuak zirela.

Gazteok kapitalismo heteropatriarkalaren ondorio bortitzenak bizitzen ari gara belaunaldi bezala, 2008ko krisiak eta baita oraingoak, gogor kolpatuko duen sektorea gara.

◦ Ongi ezagutzen ditugu krisiaren aitzakipean jarraitzen diren errezeta neoliberalak: Horren ondorio dira enplegu egoera prekarioak, emantzipatzeko ezintasun nabaria, hezkuntza publiko eta euskaldunaren pribatizazioa.

Eta orain, berriz ere elite ekonomikoen eta patronalaren interesen araberako politikak bultzatu edo herri eta langile klasearen alde, justizia sozialaren alde, migranteen, emakumeen, gazteen eta orohar bazterrean kokatzen diren langile guztien aldeko politikak martxan jartzea, horiek dira bi aukerak. Pobrezia eta prekarizazioa hedatzea hautu politiko bat da, eta Madriletik eta Gasteiz eta Iruñetik datozen haizeek ez dute ezer onik ekartzearen itxura. Asteazkenean bertan PSOEk EH Bildurekin izenpeturiko akordioaren aurka bozkatu eta lan erreforma bertan behera uztearen aurkako posizioa hartu zuen. Eta hemen ondoan, Gasteizen dugun Eusko Jaurlaritzako lehendakaria den Urkullu jauna ere hasia da esfortzua eskatzen langile publikoei. Gure agintariek dagoeneko hautua egina dutela dirudi, elite ekonomiko eta patronalaren aldeko hautua, herri honen gehiengoari bizkarra ematearen aldeko hautua.

Guk ere, Ernai eta LABek, aukera egina dugu. Bazterketa sozialarekin, pobreziarekin eta prekarizazioarekin amaitu nahi dugu, bizitza duinak nahi eta behar ditugu! Eta horretarako enplegua behar dugu, baina ez edozein enplegu, aberastasuna banatuko duen enplegua da behar duguna, soldata eta baldintza duinak bermatuko dizkigun enplegua, arrakalekin amaituko duena.

Madril, Gasteiz eta Iruñetik datozen haize txarrei aurre egingo diegu, modu kolektiboan. Ez gaude prest berriro ere krisiaren faktura gazteon bizkar gainean jartzeko; krisiaren faktura aberatsek ordain dezatela! Ez dugu utziko elite ekonomiko eta euren mesedetarako agintari autoritarioek gazteon eta oro har langile eta herritarron bizi baldintzak zapaltzea, krisi hau ez dugu guk ordainduko!

Eta bide horretan, gazteon eta langileon lan eta bizi baldintza duinak nahi baditugu nahitaezkoa izango da gaurdanik Euskal Errepublika Sozialistaren aldeko indarrak metatzen hastea.

Gora euskal gazteria! Gora euskal langileria! Gora Euskal Errepublika Sozialista!

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskola-jantokiekiko duen aldebakarreko jarrera eta utzikeria salatzen dugu

LABek ekainaren hasieratik salatu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez duela informaziorik eman 2020-2021 ikasturterako eskola-jantokiei buruz.

DBHko ikastetxeei dagokienez (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza), sailak eskolaegutegiari buruzko ebazpen bat argitaratu zuen, honako hau adierazten duena: “20192020 ikasturtean gertatutako konfinamendu-aldiaren ondorioz gertatutako kontingentziak direla-eta, antzeko egoera bat gerta daitekeelakoan, 2020-2021 ikasturterako salbuespen gisa, DBHko ikastetxeek ikasturte osoa eman ahal izango dute goizeko lanaldi jarraituan, eta OOGk onartu beharko du proposamen hori (…)”. 2020-2021 ikasturtea antolatzeko Hezkuntzako sailburuordearen ebazpenean, eskolako jangeleei buruzko aipamenik ez da egiten.

Bestalde, Hezkuntza Saileko langileak kudeatzeko zuzendariak bidalitako dokumentuan adierazten denez, “DBHko eta Batxilergoko ikastetxeek autonomia izango dute jantoki-zerbitzua emateko”; hau da, ikastetxeek erabakiko dute jangelazerbitzua eman ala ez, eta ez Hezkuntza Sailak berak. Etapa horietan jangelazerbitzurik emango ez balitz (131 zentro), 500 lanpostu baino gehiago galduko lirateke. Gainera, gaur egun, haur eta lehen hezkuntzako zentroetan ez dakigu zer eragin izan dezakeen kontingentziak abian jartzeak, ezta jangela-zerbitzua emango bada ere, eta 7.000 langilek baino gehiagok kaltetuak izango lirateke, kontratu partzialak eta prekarioak dituzten emakumeek, eta horietako asko azpikontratatuta daude.

Ez dugu ahaztu behar eskola-jangela funtsezkoa dela ikasleek etapa akademikoan jasotzen duten hezkuntza integralean, 0 urtetik derrigorrezko hezkuntza amaitu arte. Zerbitzu hori funtsezkoa da eta hortaz, ez dugu onartzen hezkuntza-etapa bakar batean ere ez ematea ikasturtearen lehen egunetik.

LAB sindikatutik berretsi egiten dugu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aldebakarreko jarrera eta utzikeria, eta eskola-jangela guztiak irekitzea eskatzen dugu, inolako diskriminaziorik gabe eta lanpostu-galerarik eta murrizketarik gabe.

Mobilizazioa egin dugu Bilbon, Jaurlaritzaren Osasun Sailaren aurrean, anbulantzia zerbitzuaren publifikazioa eskatzeko

Eusko Jaurlaritzari exijitu nahi diogu sektore horren azpikontratazioarekin amaitu dezala, anbulantzien zerbitzua publiko egin dezala eta gure zergen euro bat bera ere ez dadila enpresa pribatuetara joan; izan ere, osasun krisi honetan frogatu den moduan, zerbitzu hori publikotik eskaini behar da.

Covid-19ren ondoriozko pandemiak funtsezko osasun zerbitzuen garrantzia agerian jarri du. Hala nola, medikuak, erizainak, garbitzaileak, anbulantziak, egoitzetako langileak, etab. Hauek osatu baitute herritarren osasuna defendatzeko lehenengo lerroa.

Maiz salatu den moduan, askotan bitartekorik gabe lan egin duten profesional horien ahalegin nekaezin eta dedikazioagatik, egunero esker ona ematen zitzaien balkoietatik. Dena den, egoera horren harira, sektore publikoaren prekarizazio orokorraren eta suntsipen sistematikoaren berri izan dugu, betiere, negozio pribatuaren eta lan-esplotazioaren alde.

Ezohiko normaltasun fase berri honetan, bai larrialdietako anbulantzien zerbitzuan, bai kontzertatuen kasuan, berriz ere betiko arazoei aurre egin behar diegu. Azken aste hauetan ezinbesteko langile izan garenok, orain enpresa pribatuetan baztertuta gaude berriro, enpresaerabakien zoriaren mende.

Beste behin ere, EAEko herritarren osasuna interes pribatuen esku geratu da eta euren lehentasuna, Osasun sailburuaren oniritziarekin, zerbitzuaren errentagarritasuna besterik ez da. Xedea zerbitzu horren truke altxor publikotik ahalik eta diru gehien ateratzea da, ez zaie inporta aberaste hori arretaren kalitatearen eta langileen lan-baldintzen kontura egiten bada.

Sektore honetan lan egiten dugunok aurrerapauso garrantzitsua eman genuen EAEko anbulantzietako langile guztien lan-baldintzak hobetu eta berdindu zituen hitzarmen autonomiko bat sinatu genuenean, baina hain funtsezkoa den zerbitzu hori erabat publikoa izan behar dela aldarrikatzeko unea heldu dela uste dugu.

Zerbitzua kanpora ateratzeak erantzukizuna saihestea dakar Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarentzat, are zehatzago Osakidetzako larrialdietako zerbitzuarentzat. Izan ere, zerbitzuaren ardura enpresen esku dagoela argudiatuta, prozedura operatiboak, anbulantzietako langileen lanbaldintzak eta egunero, zerbitzuan zehar, pairatzen ditugun eraso fisiko etengabeak jorratzea saihesten dute.

Anbulantzietako zerbitzua publiko egiteak euskal herritarrei eskaintzen zaien arreta zerbitzuaren hobetzea bermatuko luke eta, etorkizunean, hain funtsezkoa den zerbitzu horren kalitate profesionala ziurtatuko luke.

Azken lan heriotza salatuko dugu astelehenean, Irun eta Hondarribi arteko Mendeluko biribilgunean

Langile autonomo bat hil zen atzo goizean Irunen, beste ibilgailu batekin talka egin ondoren. Gogor salatu nahi dugu heriotza berri honekin, gutxienez Euskal Herrian 2020an 38 langile hil direla eta Zaldibarko zabortegiko 2 langilek desagertuak jarraitzen dutela otsailak 6tik.

LAB sindikatutik, lehenik eta behin, elkartasuna eta babesi adierazi nahi dizkie langilearen senide, lagun eta ingurukoei.

Hauteskunde atarian gauden honetan, exijitzeko garaia da. Zein aldaketa eta zein pausu emateko prest daude egoera eta eredu hau geldiarazteko?. Langileok, bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez, saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Lan istripuak ekonomia, eredu zehatz bateko lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira.

Hau guztia dela eta, LAB sindikatutik mobilizatzera dei egiten dugu, eta astelehenean, uztailaren 6an, gehiengo sindikalak (LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU) deituta burutuko den elkarretaratzean parte hartzeko deia zabaltzen dugu. Irun eta Hondarribi arteko mugan izango da, 11:00etan, Mendeluko biribilgunean. Mobilizazioa “Lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea” lemarekin egingo da. Guztion artean, langile zein jendartean odoluste hau geldiarazi dezagun.

Borrokarako tresna izango gara riderrentzat, besteren konturako langileak izan daitezen eta lan baldintza duinak izan ditzaten

0

Agerraldia egin dugu Bilbon eta Iruñean, Uberizazioaren balizko Lege Erregulatzailearen aitzinean sindikatuak egiten duen azterketa azaltzeko. Hain zuzen ere, LABek riderrekin martxan jarriko duen dinamikaren berri eman dugu, sektoreko hainbat langileren parte-hartzearekin; Glovo enpresako LABen sail sindikal sortu berriko hainbat kideren parte hartzearekin, Iruñeko agerraldiaren kasuan.

Pandemia honek Kapitalismo neoliberalaren ofentsiba hainbat arlotan areagotu egin du, esaterako plataforma digitalen zabaltzean. Hilabete hauetan, inork kalera atera nahi ez zuenean, gure kaleetan ikusi ditugu “rider” bezala ezagunak direnak, alde batetik bestera, oinarrizko zerbitzuak eskaintzen, etxeetaraino kutxa batean sartzen den edozer eramaten.

LABek Euskal Herriko 4 hiriburuetan salaketak sartu zituen, langile hauen lan osasuna arriskuan jartzen ari zirelako Glovo, Delivero eta antzeko plataformek. Lan ikuskaritzaren ebazpen ezberdinak daude langile hauek besteren konturako langileak direla esaten dutenak, baina gaur gaurkoz, Ridersen egoerak erregularizatu gabe jarraitzen du. Testuinguru honetan, ohiko antolakuntza sindikalaren mugak gainditzen dituen ‘Riders X Derechos’ plataformak, pandemia honetan Espainiar Gobernuarekin intorlokuzioa izan du, Uberizazioaren balizko Lege Erregulatzaile baten harira. LABek parte hartze aktiboa dauka plataforma honetan, eta orain, Espainiar Estatuari ateratako lege konpromiso hori Euskal Herrirako eskaintza batekin ekartzea dagokigu.

LABek abian jarriko duen dinamikaren xehetasunak:

1. Langile hauek, autoantolakuntzara behartuak izan dira, lan araudi orokorretatik kanpo utzi dituztelako eta beraz, sindikalismo klasikoaren eskaintzarik gabe ikusi direlako. Horregatik, gure babes osoa ‘Riders X Derechos’ plataformak egiten duen lanari, riderrak antolatzeko eta borrokatzeko espazioak eskaintzeagatik, bai eta mundu mailako beste hainbat eragileri ere. LAB bidelagun izango da.

2. Ez dugu onartzen langile hauek Erregimen Orokorretik kanpo egotea. Argi eta garbi diogu, langile hauek plataforma konkretuentzat lan egiten dutela, esklabotzara hurbiltzen den prekarietatezko baldintzetan egiten dutela lan. Urgentziazkoa da langile hauek besteren konturako langile bezala aitortzea eta beraien baldintzak duintzea. Horretarako ondorengo interpelazioa egiten dugu:

> Euskal instituzio publikoei eta bertan parte hartzen duten alderdiei: euren esku dagoena egitea langile hauen aldarrikapenei lege forma emateko eta horrela babesteko edozein espazio instituzionaletan, aipatutako Madrilen eztabaidagai dagoen Lege Proiektuan adibidez. Aldi berean, ikuskaritzaren lana gogortzea eskatzen diegu, plataforma hauek darabilten iruzurrari jarraipena egitearekin batera.

> Patronalei: langile hauei besteren konturako kontratuak egitea eta euren lan baldintzak arautu eta duintzeko langileokin esertzea.

3. LAB sindikatuak langile hauen bidelagun izateko bokazioa du eta aipatutako bi helburuak lortzeko, hau da, langile hauek besteren konturako langileak izan daitezen eta euren lan baldintzak duintzeko, orain arte bezala, borrokarako tresna izango gara, bai eta, autoantolakuntza espazioen bidelagun ere.

Nafarroan, abian
Nafarroari dagokionez, LABen Glovoko atal sindikala eratu dugu jada afiliatuta dauden langileekin, enpresarekin elkarrizketa ofiziala egin ahal izateko eta dagozkien eskubideak defendatzeko.

Gainerako riderrei informazioa eman eta afiliatzeko gonbitea egingo diegu, Espainiako Gobernuak langile gisa aitortzen dituen legea ematen duenean irekitzen diren egoera juridikoak modu kolektiboan kudeatzeko. Laster izango dela espero da.

Bershkak atzera bota ditu Bizkaian langileen ordutegiak eta kontziliaziorako eskubidea urratzen zituzten txanda egonkorrak

Deseskalada aurrea joan ahala Covid-19a kutsatzeko arriskua kontrolpean mantentzeko Bershkak hartutako neurrietako bat txanda egonkorrena izan da: euren artean inoiz kointzidituko ez zuten pertsonaz osatutako bi talde, goizean eta arratsaldean txandakatuz. Neurri hau oso muturrekoa zen, txanda hauek norbere ordutegiak ez errespetatzea zekarren, tartean, zaintzarako lanaldi murrizketa duten langileen zehaztutako ordutegia urratzea.

0 fasean, neurria fase horretarako soilik zela esan zuten. 1. fasean, bi aste gehiagoko kontua izango zela… eta 2. fasea hastean eta dendak irekitzean, txanda hauek bukaera data gabe mantentzea erabaki zuten. Gainera, kontziliazio arazoak leuntzeko, erraztasunak eman nahi zizkiguten txandak kendu gabe, eta ondorioa, une batzuetan lanerako jende gutxiegi egotea izan da, horrek dakarren estresarekin.

Norberaren zein dendetako ordutegiekin izugarrizko arazoak ekarri zituen erabaki honek. Sektore feminizatua da gurea, langileon zati handi batek lanaldi murrizketak ditugu, eskolak itxita dauden artean zaintzarako zailtasunak ditugu ia denok… Langile nahikotxok %100eko lanaldi murrizketara jo behar izan du eta beste askok semealabak guraso adinduekin edo etxean bakarrik utzi, lana eta bizitza uztartzeko ezintasuna agerian utziz.

Erabaki hau estatu mailan hartu zuen Inditex enpresa-taldeak, eta langileen ordezkaritza ez gaituzte aintzat hartu. Estatu mailan ere iskanbila piztu da, are gehiago UGT eta CCOOek Inditexekin txandak mantentzeko akordioa hitzartu dutenean eta hainbat lurraldetan mobilizazioak aurreikusten dira, CIGek Galizan deitutakoak esaterako. Hemen ez da gutxiagorako izan. Bizkaiko Bershkako enpresa-batzordea (LAB 4, CCOO 3 eta ELA 2) lehen unetik hasi ginen enpresarekin honen harira bilerak egiten. Txandak ordezkatzeko proposamen desberdinak egin ditugu, ordutegiak moldatzeko hamaika saiakera, baina enpresa ez da momentu batean ere txandok kentzeko prest egon.

Alarma egoerak ez ditu lan eskubideak ezabatzen. Lan-ordutegia gure eskubidea da eta enpresak ezin du gure adostasunik gabe aldatu. Are gehiago, lanorduen hain aldaketa handia lan baldintzen funtsezko aldaketa baten bidez garatu beharko litzateke, gurekin negoziatuta, ez enpresaren aldebakarreko erabakiz. Bershka, langileoi testak egiteko prest egon ez denez, ezin du inola ere bermatu txanda egonkor horiek osatzen ditugun langileok osasuntsu gaudela, ezta behin mugikortasuna erlaxatzen hasita, nondik nora mugitzen garen ere ez. Beraz, neurri honek dakartzan kalteak prebentzio neurri gisa duen eraginkortasuna baino askoz handiagoak dira. Beraz, mobilizazioetara jotzea beste biderik ez genuen ikusten eta halaxe jakinarazi genion enpresari, baita lan baldintzen funtsezko aldaketa dela eta gatazka kolektiboa aurkezteko aukera aztertu ere.

Astetako borroka eta lanari esker, gaur harro esan dezakegu atzo, maiatzaren 27an, enpresak jakinarazi zigula Bershkak txanda egonkorrak bertan behera uztea eta dendaz denda gure une honetako beharrizanak aintzat hartuko dituzten ordutegiak adostea onartu duela.
Xumea dirudien garaipen honek ondorio handiak edukiko ditugu Bershkako langileon lan eta bizi baldintzetan, eta beste behin ere, borroka eta lan irankorra direla bidea erakusten du.

Euskal Herritik elkartasuna Italiako USB sindikatuak gaurko deituriko borroka egunaren harira

Euskal Herriko klase sindikatua den heinean, LAB sindikatuak, gaur maiatzaren 29an, osasun sistema publiko baten alde deituriko borroka egun nazionalaren harira, Italiako langile klaseari eta bereziki Unione Sindacale di Base sindikari bere elkartasuna helarazten dio.

Italiako gobernuak onartutako “hobekuntza dekretuak”, pandemia egoera honetan Italiako osasungintza arloan politika neoliberalak aplikatzen jarraitu egin dela agerian utzi du.

Koronabirusaren pandemiak pribatizazio prozesuen ondorio lazgarriak eta urte hauetan guztietan herrialde askotan osasungintza publikoa nola suntsitu duten agerian utzi du. Baina, aldi berean, testuinguru honetan langile klasean eta klase herritarretan osasungintza publikoaren beharraren aldeko kontzientzia bat piztu du, eta gero eta sektore zabalagoak enplegua, egonkortasun laborala, soldata duinak, ohe eskaintza handiagoa… bermatuko dituen osasungintza publiko bat behar beharrezkoa dela uste du.

Gaur Italian deituriko borroka egun nazionala murrizketen eta langileen eskubideen kontrako erasoen aurka mundu guztian borrokan dihardugun langile guztien borroka da. Garai zail hauetan politika neoliberal hauen aurka langileak antolatuko dituen Unione Sindacale di Base bezalako klase sindikatu indartsuak behar ditugu. Soilik ongi antolaturiko langile klaseak lortuko ditu bere helburuak eta soilik borrokaren bitartez lortuko dugu gure helburuetan aurrera egitea.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik mobilizazioak deitu ditugu ekainaren 19rako

Konfinamendu eta pandemiaren aurkako aste hauetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak aktibo jarraitu du, batez ere ‘Gizarte Aldaketa bultzatzeko dekalogoarekin’ edo ‘Ez dugu ahaztuko’ kanpainarekin. Ezin da errepikatu aurreko krisien ondoren gertatutakoa, eta konfinamenduaren gogorrena igaro ondoren, kalea berreskuratuko dugu.

“Luzeak egin zaizkigu egunak. Ikusezina den zerbaitek gure egunerokotasuna goitik behera zeharkatu du eta normalitatea hautsi. Dagoeneko gauzak aldatu dira eta ez gara lehengora bueltatuko. Berdin zaigu, ordea, guk ez dugulako nahi aurreko normalitatea, guk aurrera egin nahi dugulako.

Atzean utzi nahi dugu osasun krisi bati erantzuteko gai ez den jendarte antolaketa. Pertsonak, komunitateak eta planeta babestea lehenetsi behar da, ez merkatua, etekin ekonomikoa eta jabetza pribatua. Langile eta herri sektoreen interesak erdigunean jartzeko unea da. Lehenik bizitza!”

Horrela hasten da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok ekainaren 19rako deitu ditugun mobilizazioak babesteko osatutako Manifestua, Euskal Herriko dozenaka lagunek sinatuko dutena. Hala, “Etxean geratu naiz. Ekainaren 19an kalera aterako gara” goiburupean iragarriko ditugu mobilizazioak, #E19KaleraAtera traolarekin lagunduta.