2025-12-23
Blog Page 50

Euskal Herri osoan mobilizatuko da LAB Maiatzaren Lehenean

Denon bizitzak erdigunean jarriko dituen eta enplegua, zaintza lanak eta ondasuna banatuko dituen eredu baten alde egingo du sindikatuak Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Baionan, Tuteran eta Maulen.

Testuinguru global geroz eta konplexuago honetan, eredu aldaketa eragotzi eta zanpaketari eusteko xedez, elite ekonomikoek gerraren estrategiari heldu eta olatu erreakzionarioa hauspotu dute. Horren aurrean, norabide aldaketa aldarrikatuko du LABek Maiatzaren Lehenean. Izan ere, beste mundu bat, posible ez ezik, beharrezkoa ere badela aldarrikatuko du LABek bihar, eta bestelako mundu horren alde egiteko burujabetzaren beharra mahaigaineratuko du; burujabetza handiagoa enplegua, zaintza lanak eta ondasuna banatzeko; burujabetza handiagoa gure ekoizpen eta kontsumo eredua aldatzeko; eta burujabetza handiagoa bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozial eta ekonomikoa eraikitzeko.

Eredu horretara bidean, hiru eremu lehentasunezkotzat jo ditu aurten LABek: zerbitzu publikoei dagokienez, hamarkadetako politika pribatizatzaileak alboratu eta herritar guztiei osasuna, hezkuntza, zaintza eta etxebizitza bermatzea; industria politikari dagokionez, planifikazioan, esku hartze publikoan eta langileen parte hartzean oinarritutako trantsizio ekosozialerako industria politika garatzea; eta, azkenik, herritar guztiei gutxienek diru-sarrerak bermatzea.

Azken helburu horri lotuta dago, hain justu, aurtengo Maiatzaren Lehenean LABek plazaratuko duen aldarrikapen nagusia: gutxieneko soldata eta pentsio propioak ezartzea. Aberastasuna banatzeko eta langileen arteko arrakalak murrizteko ezinbestekoak diren neurrion aldeko ekimen betean dator aurtengo Maiatzaren Lehena. Izan ere, gutxieneko soldata propioa eta duina lortzeko bidean, bi ekimen martxan ditu euskal gehiengo sindikalak: negoziazio kolektiboaren bidez egin beharrekoa eta berriki martxan jarritako Herri Ekimen Legegilea, Hego Euskal Herriko gobernuek gutxieneko soldata ezartzeko eskumena izan dezaten helburu duena.

LABek dei egin die langile guztiei Euskal Herri osoan egingo dituen mobilizazioetan parte hartzera, eta denon bizitzak erdigunean jarriko duen eredu sozioekonomiko berri bat ozen aldarrikatzera.

LABek hitzarmena sinatu du Matia Fundazioko egoitzetan

Hainbat mobilizaziori eta langileen ekimenari esker, LABek hitzarmen berria du Matia fundazioko helduen egoitzetan. Hitzarmen horri esker, datozen hiru urteetarako soldata igoera lortu da, KPI+1ekoa, eta, bestetik, zaintza eredua eta langileen lan baldintzak hobetzeko zenbait neurri hitzartu dira.

Langileek apirilean egindako batzarretan LABen proposamenari babesa erakutsi zioten, aurrez hainbat mobilizazio egin ondotik.

LABek salatu du Nafarroako Rural Kutxak langileen hipoteka gastuen dirua bahituta mantentzen duela

LAB sindikatuaren etxebizitza asanbladako afiliatu ordezkaritza batek erreklamazio kolektibo bat aurkeztu du gaur Iruñean, Nafarroako Rural Kutxak Iruñeko Foruen Plazan duen sukurtsalean, banketxe hori modu ilegalean ari baita hipoteka gastuen auzian jokatzen, justizia auzitegiek abusuzkotzat jotako klausulen bidez kobratutako hipoteka gastuak itzultzeari uko eginez.

Kutxaren egoitza nagusiaren atarian, LABeko afiliatuek salatu dute Nafarroako Rural Kutxak sistematikoki modu negatiboan erantzuten diela egindako erreklamazioei. Kutxa horrek ez du itzuli nahi izaten lege-babesik gabe kobratutako dirua, nahiz eta jakin badakien legez behartuta dagoela notariotza, gestoria, tasazio eta jabetza-erregistroko gastuengatik kobratutako hipoteka-gastuak itzultzera.

LABek salatu nahi du kutxa eta banketxe gehienak nagusikeriaz jokatzen ari direla hipoteka gastuen auzi honetan eta, erreklamazioei batzuei batez ere baiezkoarekin erantzuten dieten arren, beste asko ezezkoan kateatuta daudela. Azken horien artean nabarmentzen da Nafarroako Rural Kutxa, legez kanpo kobratutakoa itzuli beharrean, bere bezero guztiei itzulketa eskariei ezezko erantzuna ematen ari zaielako, ongi baino hobeki dakienean bere hipotekadunei gehiegizko kontzeptuengatik diru kopuru bat kobratu ziela.

LABek Rural Kutxari exijitzen dio iruzur egin zaien langileen eskaerei baiezkoarekin erantzun diezaiela eta dirua itzul diezaiela. Era berean, etxebizitzarekin negozioa egiteari uzteko eskatzen dio. Izan ere, LABek gogorarazi nahi du higiezinen sektorean Rural Kutxa Nafarroako bigarren patronal pribatua dela eta, beraz, herrialde honetan azken urteetan izan den prezio-igoera mugagabearen arduradun zuzena dela. Beraz, Nafarroako Rural Kutxa ere langile klasearen interesen aurka etxebizitzarekin espekulatzearen arduraduna da.

Badira hilabete batzuk-batzuk LAB etxebizitzaren eremuan antolatzen hasi zela, bizi dugun krisi larriari erantzun eraginkorrak eskaintzeko asmoz. Iruñerriko asanbladak hainbat borroka prozesu martxan izan ditu eta tartean hipotekatutako afiliatuen erreklamazioak modu kolektiboan erreklamatu izan ditu. Etxebizitzaren negozioa eteteko eta kapitalak etxebizitzaren prezioaren bidez langileen soldatatik egiten duen espoliazioa ezabatzeko borrokan jarraituko duela adierazi du LABek.

Lakuak proposatu zuen negoziazio egutegia bete ez duenez, irakasleek grebara joko dute berriro maiatzean

Hezkuntza Sailak ez du negoziaketarako benetako borondaterik. Izan ere, nahiz eta sailburuak medioetan adierazi apirila negoziaketarako hilabetea izango zela, hilabetea amaitzear dagoen honetan, sailak negoziaketa guztiak etenda mantentzen ditu. Beraz, beste behin ere, sailburuak propaganda eta iritzi publikoan eragiteko nahia beste helbururik ez du izan.

Apirilaren 4an izandako azken mahai negoziatzailean Hezkuntza Sailak berak proposatutako egutegia beste behin ere ez duela bete salatzen du LABek. Izan ere, 16ra bitarteko negoziaketa egutegi bat jarri zuen mahai gainean Hezkuntza Sailak, eta, akordiorik ez balitz lortuko, apirilean negoziatzen jarraitzeko egutegi bat ere aurkeztu zuen. Ez da halakorik gertatu, ordea.

Era berean, administrazioak deitutako azken mahai negoziatzailea sinadura baterako izan zela salatu nahi du LABek. Modu horretan, sailak negoziaketarako eta akordioetara iristeko aukera guztiak baztertu zituen. Are gehiago, sinadurarako mahaia apirilaren 10ean intersindikalak (zeinak %90eko ordezkaritza duen) egindako prentsa agerraldian ezezkoa eman ondoren bertan behera geratu zen. Hala ere, Hezkuntza Sailak idatzizko proposamen berririk helarazi gabe eta negoziaketarako mahairik deitu gabe jarraitzen du.

Sindikatuak hainbatetan adierazi izan duen bezala, akordioetara heltzeko LABek ezinbestekotzat jo du aniztasunari erantzuteko, hezkidetzarako eta euskara indartzeko neurri eta baliabideetan inbertsioa egitea eta hitzarmen berrian jasotzea. Izan ere, LABentzat estrategikoak izateaz gain, herri gisa eta eskola publikoa ardatz izateko ditugun erronkei erantzuteko behar-beharrezko neurriak dira. Hezkuntza kalitatean eragiteaz gain, hezkuntza publikoa indartu eta egun irakasleek dituzten lan zametan eragin zuzena izango lukete neurriok.

Maiatzeko grebak iragarri genituenetik ez dugu Hezkuntza Sailaren berririk izan. Datorren asterako Hezkuntza Sailaren deirik egon ezean eta akordioarako edukiak mahai gainean jarri ezean, azken hilabeteetan egin bezala, maiatzaren 12tik 16ra kaleak hartzeko deia mantenduko du LABek, azken greba eta mobilizazioetan erakutsitako indar eta konpromiso berberarekin..

Metro Bilbaok I-SEC enpresarekin egindako kontratua salatzen du LABek

Metro Bilbaoko zuzendaritzak eta langile-batzordeak Bilbo Palestina Herri Ekimenaren eta Bilbo- Nodo BDZ-Bizkaiaren (Israeli Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) jaso zuen. Salatzen zuten Metro Bilbaok I-SEC Aviación Security enpresa israeldarra kontratatu duela Lutxana eta Plentzia arteko linea-zatiaren eta instalazioen segurtasunerako, eta eskatzen zioten kontratu hori eteteko.

LAB sindikatuaren Metro Bilbaoko atal sindikalaren iritziz, metroak eta sektore publiko osoak egiten dituzten kontratazioetan gutxieneko etika-mugak ezarri eta bete behar dira, eta horietako bat Palestinako herritarren genozidioa babestu eta laguntzen duten enpresak ez kontratatzea litzateke.

Gainera, egiaztatuta dago I-SEC enpresak salaketa eta zigor ugari jaso dituela, Lan-ikuskaritzan eta Gizarte-segurantzan, askotariko arrazoiengatik: askatasun sindikala urratzea, langileen atseden-denborak ez errespetatzea, ordu estren kopurua gainditzea, kontratatutako zerbitzuak ez betetzea, 172.000 euroko isuna kotizazioak ez ordaintzeagatik… Azken finean, gizarte-segurantzari iruzur egiteagatik, eta langileen eta sindikatuen eskubideak ez errespetatzeagatik ezaguna da.

Hori guztia oso kezkagarria da LABen atal sindikalarentzat, besteak beste, horrelako enpresa bat kontratatzeak Metro Bilbaoren irudiari eta zerbitzuaren kalitateari kalte egingo diela uste duelako eta, ondorioz, Metro Bilbaoko langileentzat, bereziki geltokietan, eta bezeroentzat ondorio larriak ere ekar ditzakeelako.

Horregatik guztiarengatik, LAB sindikatuaren Metro Bilbaoko sailak bat egiten du Bilbo Palestina Herri Ekimenak eta Nodo BDZ-Bizkaiak egindako salaketarekin eta I-SECekin kontratu-harremana eteteko deialdiarekin, eta apirilaren 30ean Metro Bilbaoren egoitza nagusiaren aurrean 19:30ean deituta dagoen elkarretaratzean parte hartzeko deia egiten du.

EAEko Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak bulego judizialaren egungo eredua desegin du, eta betearazpen-zerbitzuak ezabatu ditu

Urtarrilaren 3an argitaratu zen 1/2025 Lege Organikoa, urtarrilaren 2koa, Justizia Zerbitzu Publikoaren eraginkortasunaren arloko neurriei buruzkoa. Arau horrek hainbat aldaketa dakartza justizia administrazioan. Lege hori gainerako autonomia-erkidegoek eta Justizia Ministerioak baliatuko dute bulegoen euskal eredu judiziala kopiatzeko, dagoeneko 15 urte inguru dituena.

Aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoan, Justizia eta Giza Eskubide sailburu Maria Jesus San Josek bulego judizialaren eredu berri bat ezartzea erabaki du, epaileen zerbitzura soilik egongo dena, herritarrengan pentsatu gabe eta Justizian lan egiten duten langileen ehuneko txiki horren iritzia soilik kontuan hartuta, egungo eredua suntsituz, honen eraginkortasuna sobera frogatuta badago ere. Harrigarriena da sailburuak aldaketa sustatuko duela bere alderdiak, PSEk, duela 15 urte sortu eta bultzatu zuen antolaketa-ereduan orain desegiteko, lege honekin hobetzeko, indartzeko eta burura eramateko duen aukera aprobetxatu gabe.

Gainera, irizpidearen erabateko aldaketa hori sailburuak berak 2024ko azaroaren 22an publikoki adierazi zuenaren kontra doa, gainerako autonomi-erkidegoen eta ministroaren aurrean harro adierazi baitzuen “Efizientzia Legetik eratorritako eredu berria ia ezarrita dago Euskadin Bulego Judizial Berriarekin, Bilbon izan ezik”. Hori dela eta, gure buruari galdetzen diogu, zer gertatu da 4 hilabete eskasetan, orain, erabakia urte luzez funtzionatzen egon diren zerbitzuak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren txosten estatistiko oso onak dituztenak ezabatzea izateko, esaterako, Exekuzio Zerbitzu Komunak.

Horren azalpena da sailburuak erreforma hori zuzentzeko agindu zion pertsonak, espetxeetako sektorerako aholkulariak eta Eusko Jaurlaritzako zerbitzu berezietan dagoen magistratuak, bere kolektiboaren irizpidea (EAEko Auzitegi Nagusiko Gobernu Aretokoa) ezarri duela ezarri nahi den bulego judizial berri hornen diseinuan, eta, herritarrei zerbitzu publiko bat emateko eraginkortasun-irizpide objektiboetan oinarritu beharrean, interes korporatibo hutsari erantzuten diola eta epaiak emateko prozesua bizkortzeko epaien betearazpenak izapidetzean izaten ari den azkartasuna sakrifikatzen duela, horrela, epailetzaren produktibitatea handitzeko, epai batek ezartzen duena bete dadin herritarrek duten interesaren kaltetan.

Arazoa de administrazioak epaiak betetzea ahaztu edo atzeratu egiten duela. Ez dago justiziarik, epai asko egin arren, hauek betearazten ez badira. Herritarrei zerbitzu publikoa eman behar diete justiziako langileek, eta herritarrek epaiak betearaztea behar dute.

Justiziako sindikatuetatik behin eta berriz adierazi diogu Justizia Zuzendaritzari beharrezkoa dela lan-kargak aztertzea, erreforma ezarri ahal izateko guxieneko berme batzuekin, langileak arrazionalki banatuta egon daitezen. Zuzendaritzak uko egin dio horri, eta aldi berean, langileen “malgutasun handiagoa” beharrezkoa dela dio, eta badakigu horrek zer esan nahi duen edozein patronalen hitzetan: langile falta lan-baldintzak okertuz konpentsatzea. Eta, hori gutxi balitz, ezarri nahi duten ereduak lan-kargak, eta ondorioz, zerbitzuen eraginkortasuna neurtzea zailduko du, eta egungo Betearazpen Zerbitzuek lortuko dena baino malgutasun handiagoa dute, epaiak betetzeari dagokionez, jurisdikzioka atomizatuz, betearazpena integratu nahi duten etorkizuneko izapidetze-zerbitzuan.

Eusko Jaurlaritzak proposatutako eredua bermatzen duten irizpide tekniko objektiborik ezean, gure ustez, iritzi aldaketa hori epaileen kapritxo bat da, kalitatezko zerbitzu publiko batekin kontrajartzen dena. Sailburuak dauden zerbitzuak indartu beharko lituzke, haien alde egin, bere garaian exekuzio-zerbitzuaren alde egin zuela bezala, eta, era berean, ondo funtzionatzen duten zerbitzuei eutsi.

Gure ikuspegitik, exekuzio-zerbitzuen suntsiketak pikutara bidaliko du proiektuan inplikatuta dauden langileen ahalegina, nagusiki Justiziako langileek egin dutena eredura egokitzeko eta zerbitzu publikoak ahalik eta eragin txikiena izan dezan.

Abian da gutxieneko soldata propioa lortzeko sinadura bilketa

Hego Euskal Herriko langileei dei egiten die gehiengo sindikalak, Herri Ekimen Legegilearekin bat egin dezaten.

Gaur, ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuok Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata propioa izateko eskumena eskuratzeko Herri Ekimen Legegilearen sinadura bilketa jarriko dugu abian. Sinadura bilketa mobilizazio erraldoi bilakatzea da helburua, milaka sinadura lortuz, eta horretarako dei egiten diegu Hego Euskal Herri osoko langile guztiei euren sinadura ematera. Gutxieneko soldata propioa izateak langileria guztiari egingo dio mesede, bereziki eta zuzenean egoera zaurgarrienean daudenei: emakumeak, langile migratu eta arrazializatuak, gazteak eta aniztasun funtzionala duten langileak.

Gaur jarriko dugu abian beraz gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskumena eskuratzea helburu duen Herri Ekimen Legegilearen sinadura bilketa. Herri Ekimen Legegileak aurrera egiteko ezinbesteko diren sinadurez gain milaka gehiago lortuko ditugu. Lantokiz lantoki, herriz herri, auzoz auzo lan egingo dugu sinadura eman nahi duen herritar orok horretarako aukera izan dezan.

Milaka dira baita ere, gutxieneko pentsioaren alde, pentsionisten mugimenduak bultzatuta bilduriko sinadurak, sindikatuok, langileok bat egin dugu aldarrikapen horrekin eta orain gutxieneko soldataren aldeko sinadura bilketari ekitera goaz. Sinadura bilketa erraldoia izatea nahi dugu. Hego Euskal Herriko langileok, aberastasunaren banaketa orekatu nahi dugula eta langile guztiontzat bizi baldintza duinak defendatzen ditugula argi utzi eta patronal eta instituzioek bidezkoa eta egingarria den aldarrikapen bati baietza ematea beste aukerarik izan ez dezaten. Gutxieneko pentsioarekin batera, gutxieneko soldata lortzera goaz.

Langile estatutuaren aldaketa eskatzen dugu, Autonomia Erkidegoek Estatukoaren gainetik ezarriko den eta bertako egoerari erantzungo dion gutxieneko soldata bat ezarri ahal izateko. Behin sinadura bilketa amaituta, Euskal Autonomia Erkidegoko edota Nafarroako Legebiltzarretan eztabaidatu eta onartu beharko litzateke Espainiako Kongresuan aurkeztu eta onartu ahal izateko. EAE-n herri ekimen legegileak bere bidea egingo duen arren, Nafarroan parlamentuko mahaiak tramitera ere ez du onartu. Errekurrituta daukagun arren, sinadura bilketa abian jarri dugu, eta sinadurak eskutan alderdi politikoei eskatuko diegu legebiltzarrera eramatea.

Gogoratu behar dugu gaur agerraldian egon garen sindikatuok, gutxieneko soldata propioa eskuratu ahal izateko bi bide landu ditugula. Bat, eskumen berriak eskuratzeko bidea, herri ekimen legegilearena. Bestea, egungo eskumenen baitan, Lanbidearteko Akordio baten bidez langile guztientzat gutxieneko soldata bat ahalbidetuko lukeena. Oraingoz Confebaskek eta CEN-ek bide horri atea itxi die, eta horregatik ere, biltzen ditugun sinadurak bi patronalei aurkeztuko dizkiegu, hemen, Hego Euskal Herrian, gutxieneko soldata propio baten alde dagoen gehiengoa dagoela argi erakusteko helburuz.

Euskal herritarrok behar beharrezkoa dugu gutxieneko soldata propio bat, pobreziari aurre egiteko, aberastasuna hobeto banatzeko eta arrakalei aurre egiteko. Horregatik, bide batetik edo bestetik gutxieneko soldata propioa errealitate bihurtzeko honako eskariak egiten ditugu: langileria guztiari euren sinadura eman dezaten, alderdi politikoei herri ekimen legegilea babestu dezaten Espainiako Kongresurako bidea ahalbidetzeko, Confebask eta CEN patronalei egungo eskumenekin posible den akordioari baiezkoa eman eta negoziazioak has ditzaten, eta Eusko Jaurlaritzari, gutxieneko soldata propioa errealitate bihurtzeko bere bitarteko guztiak aktiba ditzan.

Guk, gutxieneko soldata propioa lortu arte lanean jarraituko dugu, langileak aktibatuz eta mobilizatuz. Bide batetik edo bestetik, lortuko dugu.

LAB, ELA eta UGT sindikatuok EAEko kolektibitateetako langileon hitzarmen propio baten alde mobilizatu gara

Pasa den martxoaren 11n, LAB, ELA eta UGTk mobilizazio prozesu bati ekin genion kolektibitateetako enpresei exijitzeko behingoz eser daitezela sektoreko langileentzat EAEn hitzarmen propioa negoziatzera.

Gaur, berriro ere, hiru sindikatuok sektoreko enpresa batzuen aurrean mobilizatu gara Mungian (Gastronomia Vasca), behingoz EAEko kolektibitateen hitzarmen baterako negoziazio mahaia eratzera eser daitezela eskatzeko.

LAB sindikatutik argi daukagu mobilizazioekin jarraitu behar dugula kolektibitateetan hitzarmen propioa lortu arte EAEko langileentzat.

Hitzarmen propioa orain!

Gaur argindarra eteteak hainbat arazo eragin dizkie langileei

Lanera garaiz iristeko zailtasunak badituzu edo izan badituzu gogoan izan: Langile Estatutuaren 37.3 artikuluaren arabera lanera iristeko ezintasunagatik denbora tarte hori ordaindutako baimen gisa ulertzen da.

Lanean bazeunden eta etxera joateko esan badizue, kasu horretan ere Langile Estatutuaren 37,3 artikuluaren babespean zaude eta etxean egoteko baimena izango zenuke ezinbesteko kasua izateagatik. Beraz, ez zenituzke ordu horiek errekuperatu beharko.

Telelana egiten baduzu eta argindarrik gabe geratzeagatik ezin baduzu lanik egin, lan ordu gisa kontsideratzen da argindarra etenda egon den denbora.

Zalantzarik izan ezkero begiratu zure lan hitzarmena, edo jarri harremanetan LABeko zure egoitzarekin.