2026-06-22
Blog Page 48

Langileon Donostia eraikitzera goaz!

Donostiar gehienon lan eta bizi baldintzak etengabe okertzen ari dira eta eraiki hitza da azken aldian gure hirian hitzetik hortzera dabilena. Turismoan oinarritutako postalezko hiria da eraikitzen ari direna, hain zuzen ere, gutxi batzuen interesak hiritarron beharren gainetik jarrita.

Zaintza lanen banaketa eza, etengabeko prekaritatea, gutxieneko soldata propioaren ukatzea, etxebizitza duin baterako eskubidearen urraketa, zerbitzu publikoen pribatizazioa, bizitzaren garestitzea, eta, oro har, langileriaren sektore ezberdinok jasaten dugun diskriminazio eta zapalkuntza eguneroko ogi bilakatu dira gurean.

Kapitalaren eraso etengabearen aurrean, donostiar langileok gure buruaren jabe izan, bizitza bizigarriak izateko eskubidearen alde antolatu eta ofentsibara pasatzeko unea dela argi dugu.

ADI DEIALDIEI!

Presoen etxeratze bidea ezin da gehiago atzeratu

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, HIRU, EHNE eta Etxalde sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, “Ezin da gehiago luzatu, euskal langileria Bilbora!” lemapean. Urtarrilaren 10ean Bilbon Sarek egingo duen mobilizazion parte hartzeko deia egin dute.

Bilboko mobilizazioan egon da Garbiñe Aranburu eta adierazi du garaia dela gatazkaren ondorioak gainditzeko. Adierazi du “presoen etxeratze bidea” ezin dela “gehiago atzeratu”, eta gaineratu du beharrezkoa dela “presoak etxeratzeko presio soziala egiten jarraitzea”.

Nabarmendu du 15 urte betetzera doazela ETAk bere jarduera armatua utzi zuenetik eta “garaiz kanpokoa eta anomalia demokratikoa” dela “gaur egun oraindik presoek etxeratze bidean hainbat traba eta oztopo gainditu behar izatea”.

Urtarrilaren 10ean Sarek Bilbon egingo duen mobilizazioa agendan urte asko daramatzan eguna dela ere aipatu du, eta bertan parte hartzera animatu ditu langileak: “Bilboko kaleak betetzeko indar berezia egin behar dugu”. 

Zerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko bermeak exijitu ditu LABek Nafarroako Parlamentuaren aurrean

Euskarafoboak diren alderdi eta sindikatuen aurrean, euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea eskubide gisa tinko defendatzeko ordua da. Horregatik, Nafarroako administrazio publikoetan euskarak pairatzen duen egoera salatu du LABek Iruñean, eta gaztelerak dituen eskubide berberak aldarrikatu ditu euskararentzat.

Nafarroako administrazio publikoetan euskarak pairatzen duen egoera salatzeko, eta, behingoz horri irtenbidea emateko exijitzeko, elkarretaratzea egin du gaur LABek Nafarroako Parlamentuaren aurrean, ELA eta Steilasekin batera, “Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatu. Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez” lelopean.

Zerbitzu publikoak (osasuna, hezkuntza, zaintza, justizia, garraioa, administrazioarekin harremanak…) euskaraz jasotzeko eta bertan euskaraz lan egiteko eskubidea ez daude bermatuta Nafarroan, ezta Nafarroako hizkuntza propioa ofiziala den eremu ofizialetan ere. Are gutxiago 39 urte bete dituen Nafarroako Euskararen Foru Legeak inposaturiko zonifikazioak banatzen dituen eremu mistoan eta “ez euskaldunean”; hain zuzen ere, euskara zokoratzeko asmoz sortutako eremu artifizial horietan. Estatu afera da Nafarroan euskara lurralde osora ez zabaltzea eta bere hedapena gelditzea; gainera, indar atzerakoien estrategia horrek eremu juridikoa ezinbesteko tresna du, epai euskarafobo eta ulergaitzen bitartez euskalduntzea oztopatzen baitute.

Horrela, lanpostu publikorako lehiatzeko, euskara baztertu egiten da, baina atzerriko hizkuntzak baloratzen dira; lanean euskaraz aritzeko eskubidea urratuta dago erabat; lan-deialdietako froga gehienak gazteleraz egitera derrigortzen da, euskaraz egin ahal izatea ukatuz; euskara lan orduetan ikasteko trabak; mugikortasunerako oztopoak; gero eta profildun plaza gutxiago eskaintzea; legez aitortua den zerbitzuetan ere, zerbitzu publiko askotan ez zaie bermatzen herritarrei euskaraz artatuak izatea; euskarazko hezkuntza herrialde osora zabaltzea oztopatzen eta mugatzen du gobernuak, eskubide hori legez onartua dagoen arren…

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan gaztelaniak dituen eskubide berberak nahi ditu LABek euskararentzat, ez besterik. Nafarroan, hori lortzeko bidean, hau da LABek proposatzen duena:

  • Euskararen kontrako epaiak salatzea.
  • Administrazio publikoan euskara eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzea.
  • Administrazioak erabat euskalduntzeko plangintzak adostea, baliabideak eta epeak adostuz, lanpostuak behar duen ezagutza nahikoa bermatuz eta euskaraz lan egin ahal izateko plangintzak eginez.
  • Erabiltzaileek euskara zerbitzu-hizkuntza gisa izateko duten eskubidea bermatzea.
  • Pribatizatutako-itundutako eremuetan, langileak euskaraz lan egiteko eskubidea eta erabiltzaileek euskaraz artatuak izateko eskubidea bermatu daitezen, zerbitzua ematen duten enpresei euskara planak egiteko derrigortasuna ezartzea plegu bidez. Hau da, hizkuntza klausulen bidez.
  • Euskararen lege berri baten beharra aldarrikatzea, Nafarroa osoan ofiziala izan dadin, behingoz.
  • Lege berria egon bitartean, euskara ofiziala den eremuetan, erabiltzaileentzat euskara zerbitzu-hizkuntza izateko eskubidea derrigorrez bermatzea. Bestetik, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskararen ezagutza meritu gisa ezartzea.
  • Diskriminazioarekin amaitzea. Texto Refundido del Estatuto de Personal delakoaren 33. artikulua bertan behera uztea.
  • Nafarroako Langile Publikoen Estatutu berrian euskaraz lan egiteko eskubidea eta euskara zerbitzu-hizkuntza izateko eskubidea bermatzea.
  • Lanpostu berri guztiek hizkuntza eskakizuna izatera bidean, urtero portzentaje bat adostea, administrazioan euskara profila duten plaza kopurua handituz.

Langileak eta lan zentroak aktibatzera doa LAB. Aldaketa legalak egiteko garaia da. Administrazio publikoa euskalduntzearen aldeko lege bermeek mobilizazio soziala eta euskal langileon aktibazioa eskatzen dute. Euskarafoboak diren alderdi eta sindikatuen aurrean, euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea eskubide gisa tinko defendatzeko ordua da. Gaur Iruñean eta bihar Gasteizen ere mobilizatuko da LAB, eta mobilizazioak areagotzeko garaia dela uste du. Bide honetan, Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27rako Bilboko Miribillara deitu duen ekitaldi nazionalera joateko deia ere luzatzen du.

Eusko Jaurlaritzako langileen mobilizazioa

15 urte zain, Eusko jaurlaritzako lan hitzarmena orain!

LAB sindikatuak mobilizazioa egin du gaur, abenduaren 16an, Lakuako Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean. Indarrean dagoen hitzarmena sinatu zenetik 15 urte pasa direnean, Administrazio orokorreko langileen esparruko negoziazio kolektiboaren inguruan azken hilabeteetan antzemandako geldotasuna eta aurrerapen eza salatzeko. Sindikatuak ohartarazi du Administrazioak ez duela oraindik elkarrizketa eraginkor eta koherentea garatzeko egutegi, metodologia edo konpromisorik bete.

Mahai Sektorialaren jardunean ez da azken aldian urrats nabarmenik izan, eta proposamen berrien faltak egoeraren blokeoa luzatzen duela adierazi du LABek. Sindikatuaren ustez, informazioa partekatzea ez da nahikoa: negoziazioak benetako proposamenak, eztabaida egituratua eta parte-hartze arduratsua eskatzen ditu, alde guztien borondatearekin.

Hitzarmen berria garatzeko, LABek mahai gainean jarri ditu sindikatuaren ustez ezinbestekoak diren lan-ildo nagusiak: belaunaldi-berritzea bermatuko duten neurri eraginkorrak ezartzea —plantillaren adinaren batez bestekoa 55 urtekoa den honetan eta Jaurlaritzak ez duenean errelebo-plana aurkeztu—; euskararen presentzia eta erabilera indartzeko politika sendoak garatzea, langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea bermatzeko eta herritarrei arreta euskaraz eskaintzeko betebeharra modu eraginkorrean betetzeko; lizentzia eta baimenetan eguneraketak ezartzea; soldatei dagokienez eskumen propioak garatzea; eta soldata-arrakala murrizteko neurriak bertan adostea, Madrilgo Gobernuaren zain egon gabe. LABen iritziz, elementu horiek guztiak dira sektorearen modernizazioa eta lan-baldintzen duintzea bideratuko duten oinarri giltzarriak.

Halaber, sindikatuak nabarmendu du ezinbestekoa dela elkarrizketa-mahaietan dinamika sortzaileagoa eta konpromiso handiagoa agertzea. Hori gabe, negoziazio kolektiboak ez du benetako aukera emango lan-harremanak eguneratzeko eta zerbitzu publiko sendoak bermatzeko.

Azkenik, LABek prestutasuna erakutsi du elkarrizketa eta negoziazio erreal eta konstruktiboa garatzeko, eta Jaurlaritzari eskatu dio prozesu horretan bere gain dagokion ardura modu aktibo eta garden batean hartzeko. Sindikatuak iragarri du mobilizazioak aktibatzen eta gogortzen jarraituko duela beharrezkoa balitz, langileen eskubideak eta zerbitzu publikoaren kalitatea lehenesteko helburuarekin. 

Arabako helduen egoitzetako hainbat langilek egun dituzten lan baldintzak galduko dituzte

Sektorearen parte garrantzitsu batek enpresa eremuan borrokatu dituen eskubideak, herrialdeko hitzarmenetik gora dauden lan baldintzak, galduko ditu. Hori gutxi ez, eta kategoria batzuetan soldatak ez dira 1.500 eurora iritsiko. 

Arabako helduen egoitza pribatu eta etxebizitza komunitarioetako hitzarmenaren akordioari dagokionez, LABek hurrengoa adierazi nahi du: adostutako hitzarmenak ez ditu sektoreko langileentzako berme nahikoa jasotzen, eta, horren ondorioz, sektoreko hainbat langile kaltetuko ditu herrialdeko hitzarmenaren aplikazioak. Hau da, langile horiek gaur egun dituzten lan baldintza batzuk galdu egingo dituzte hitzarmen hau indarrean sartzerakoan.

Duela ia 7 urte, Arabako helduen egoitza pribatuetako langileak mobilizatzen hasi ziren. Urte hautean guztietan, herrialdeko hitzarmenaren beharra aldarrikatzen eta borrokaren lehen lerroan egon da LAB. LABen antolatuta dauden ordezkari, afiliatu eta sektoreko langile ugarik 60 greba egun baino gehiago sostengatu dituzte, eskuzabaltasunez jokatuz, zegokitena baino gehiago emanez. Sektoreko langileek hitzarmen estatalaren miseriari aurre eginez eutsi diote estatalizazioaren kontrako borrokari eta Euskal Herrira negoziazio kolektiboa ekartzea izan da hasieratik LABen antolatuta dauden langileek egin duten borroka honi heltzeko elementu garrantzitsuenetariko bat. 

Gaurko egunean LABek azpimarratu nahi du borroka luze honetan fronte soziosindikal bat hauspotu dela, hainbat eragilerekin aliantzak eratuz. Hortaz, LABek eskertu nahi ditu, bereziki, elkarlan horretan Mugimendu Feministaren ekarpena, bai mobilizazioetan baita sektore honetako errealitateari Arabako Herri Akordioan eman zaion lehentasuna. Pentsionistei eta egoiliar elkarteei ere beraien inplikazioa eskertu nahi die, borroka luze hau babesteagatik.

Bide honetan, LABek ardura sindikalez, erantzukizunez eta gardentasunaz jokatu du kaleetan, borrokan, zein mahai negoziatzailean. Izan ere, akordioan jasotako onura asko LABek defendatu eta borrokatu dituen edukiak dira: jardunaldi murrizketa, soldatak, lizentziak
 Baina, azken egunotan, ELA eta patronalen artean adostutako edukiak kontuan hartuta, akordioak ez ditu oinarrizko bermeak jasotzen. Izan ere, borrokan egon diren langile askori kaltea eragingo die hitzarmenak, eta hori onartezina da LABentzat. Sektorearen parte garrantzitsu batek enpresa eremuan borrokatu dituen eskubideak, herrialdeko hitzarmenetik gora dauden lan baldintzak, galduko ditu, gaurko bileran berme juridikoak ez direlako onartu. 

Hori gutxi balitz, onartutako akordioak jasotzen dituen soldata igoerak ez ditu bermatzen hainbat kategorietan 1500 eurora heltzea. LABek hori ekiditeko proposamenak helarazi zizkion intersindikalari eta baita gaur bertan ere mahai negoziatzailean, baina ez dira onartu. Beraz, Euskal Herriko gehiengo sindikalak gutxieneko soldataren aldeko borrokan 2026ko martxoaren 17an egingo duen greba orokorra iragarri eta hurrengo egunean, baldintza horietan sinatuko du ELAk akordioa, patronalen eta aldundiaren beharrei men eginez. 

Horregatik guztiagatik, gaurko mahai negoziatzailean LABek borrokan mantentzeko proposamena mahaigaineratu du, hitzarmenaren oinarrizko berme horien defentsan, eta ELAk uko egin dio proposamenari.

Langileek borroka luze horren ondorioz herrialdeko lehen hitzarmena lortu dute. Hobekuntzak egongo dira, baina hau ez da sektoreko langileek egindako borroka eredugarriak merezi duen itxiera. Hitzarmenak aipatutako bermeak jasotzen ez dituen heinean, ez du LABen babesa izango. 

Horrekin guztiarekin, LAB sindikatua helduen egoitza pribatuetako sektoreko langileak bere gain hartuko dituen zaintza-sistema publiko eta komunitarioaren aldeko borrokan tinko mantenduko da. Pribatizatutako zaintza sektore honetako langileak langile publikoak direla aldarrikatzen du, eta publifikazioaren bidean pausoak ematen jarraituko dugu. Erakunde publikoek sustatzen duten eredu pribatizatzaileari aurre egingo dio, larunbatean zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko Arabako Herri Akordioaren aldeko manifestazioan argi gelditu zen bezala. 

Arabako helduen egoitza pribatuetako sektorean estatalizazioari aurre egin diogun honetan, borrokak dirau eta LAB izango da, bide horretan, langileen bilgune. 

Asuncion Klinikako enpresa batzordeak agerraldia egin zuen atzo, Eusko Legebiltzarrean

Urtebeteren ondoren berriz ere gure hitza eta iritzia zuen aurrean plazaratzeko etorri gara. Esan bezala, hainbat hilabete eta gero, hemen aurkitzen gara, zuen aurrean, ASUNCION KLINIKAKO LANGILEEN izenean, orduko hartatik gaur egunera egoera ezer gutxi aldatu delako, eta hitzak hitz, oraindik ere gure etorkizunaren inguruko ziurtasunik ez dugulako. Eta beraz, ulertuko duzuen bezala, dela denbora batetik hona, Asuncion klinikako langile eta Tolosaldeako herritar bezala, egiten ditugun aldarrikapenek bere horretan dirautelako.

Asuncion klinikako Langile Batzordeko kideak gara, bertako 370 langileen ordezkariak, eta LAB eta ELA sindikatuek babestuta gatoz.

Gaian sartzen hasita, ezin aipatu gabe utzi, Tolosaldea dela, titulartasun publikoko erreferentziazko eskualde-ospitale bat EZ DUEN Gipuzkoako eskualde bakarra. Hori da abiapuntua beraz.

Hamaika urte, hogeita bi promesa, beste hainbeste gertaera, baina oraindik orain, egoerak bere horretan dirau. Ziurgabetasunari loturik daramatzagu urteak. Eta nazkatuta gaude.

Gaur egungo egoerari begirada azkar bat emanez gero, ondorio garbi bat atera genezake: EZ DAGO BERMATUTA LANGILEOK ASPALDITIK MAHAI GAINEAN JARRITAKO ALDARRIKAPEN BAT BERA ERE.
Plan funtzionalik ez daukagu, Asuncion klinikako egungo instalazioekin zer gertatuko den ez dakigu, eraiki asmo den ospitale berriak zein zerbitzu izango dituen ere ez dakigu, langileok ospitale berrian lanean jarraituko dugun bermerik ez daukagu, osasun departamendua eta enpresaren arteko hitzarmenaren inguruko berririk ez, gure lan baldintzak arautzen dituen enpresa hitzarmena guztiz blokeatuta enpresak ez duelako edukirik jartzen
 Ez da argirik antzematen iluntasun guzti honetan.

Bide batez, azaldu nahiko genuke ere gure lan baldintzak arautzen dituen hitzarmenaren negoziaketaren egoera. 2024ko abenduan bukatu zen indarraldia eta 2025eko apirilean negoziatzen hasi ginen; 3 bilera egin ostean mahaia erabat blokeatuta dago. 2024 eta 2025ean eros ahalmena galdu dugu langileok, horrek gure bizkar gainean eragiten duen zama guztiarekin. Bitartean, enpresa, monopolio egoera batean kokaturik, badirudi Departamentuarekin bere hitzarmena ixten ari dela.

Badirudi diogu, Asuncion klinikak Osasun Sailarekin hitzarmena sinatzear dela, 3 urtetako iraunaldiarekin gehi 2 urteko prorrogarekin. Badirudi hori dela Asuncion klinikari ematen zaion luzapena, hainbeste entzun dugun ospitale berria eraiki artean. Gero zer gertatuko den inork ez daki. Edo, ez digute esan nahi.

Aipatu bezala, balizko ospitale berriaren Plan Funtzionalik gabe jarraitzen dugu. Hitzak besterik ez dira orain arte entzun ditugunak eta bai Tolosaldeako osasungintza nahiz gure etorkizuna airean daude. Honenbestez, xehetasunen eta egitateen faltan, Tolosaldearako egin asmo dutena %100 publikoa izango den bermerik ez dugu, ezta aldarrikatzen dugun zerbitzu guztiak izango dituen ospital komarkal bat izatea ere; besteak beste, OSI Donostialdeatik zintzilikatutako bereizmen handiko anbulatorio baten itxura duelako, eta ezta ere langileak subrogatuak izango direnik.

Osasun Sailburuari hainbat bilera eskaera egin eta erantzunik jaso gabe egon ondoren, 2025eko urrian, Alberto Martinez Osasun Sailburuak Tolosara egin zuen bira programatua bat tarteko, berarekin elkartzeko aukera izan genuen.

Bilera horretan jaso genuen informazioa ez zen asko izan, eta gure harridurarako beste bilera batzuetan beste batzuei kontatutakoarekin kontraesanean. Diskrezioz eraman nahi omen dute gaia. Diskrezioa baino opakutasuna ikusten dugu guk ordea. Eta erantzunik jaso ez dugun edo zalantza izugarriak ditugun hainbat galdera darabilzkigu buruan itzulika:

– Zergatik ezin da Onkologikoarekin gertatu den bezala langileen subrogazioa landu?
– Zergatik ezin da egungo Asuncion klinika publifikatu, Onkologikoarekin egin bezala?
– Zer gertatuko da egungo klinikaren instalazioekin?
– Balizko ospitale berria OSI Donostialdean barnean kokatua egongo al da? Zer gertatuko da OSI Tolosaldearekin?
– Zein zerbitzu eskainiko ditu?
– Zenbat ohe izango ditu? Zenbat kirofano?
– Larrialdi zerbitzua izango al du?
– Zenbat langile beharko dira bertan?

LANGILE ETA HERRITARREK ESKATZEN DUGUN BIHARKO TOLOSALDEAKO OSASUNGINTZA

Asuncionen lanean dauden 370 langileek ez dute bermaturik lanean jarraitzea. Ahoz jarritako proposamenak soluzio partziala eta denboran mugatua eskaintzen du, eta ez dugu ontzat ematen.

Duela hilabete gutxi Donostiako Onkologikoko langileak subrogatuak izan dira eta gaur egun Osakidetzako langileak dira. Beraz, bide hori hartzea eskatzen dugu.

Azken mobilizazioan (azaroaren 22an, LAB eta ELAk deituta) honako aldarrikapenak berretsi genituen:

TOLOSALDEAKO OSASUNGINTZA:

  • %100 publikoa
  • Zerbitzu guztiak eskainiko dituen ospitale komarkala
  • Asuncion klinikako langileen subrogazioaren bermea

Gure aldarrikapenak kontuan izango dituzuelakoan, eskerrik asko.

ASUNCION KLINIKAKO LANGILEEN BATZORDEA – LAB – ELA

CTLpack-eko langileek euren hitzarmenaren negoziazio egoera salatu dute eta bidezko hitzarmenaren aldeko mobilizazioak hasi dituzte

Ohar honen bidez, CTLpack Vitoria S.A. (lehen Tuboplast Hispania) enpresako ESK, ELA, CCOO, LAB, USO eta UGTko atal sindikalek publikoki salatu dute Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioak bizi duen egoera.

CTLpack kosmetika eta farmazia sektoreetarako plastikozko hodiak egiten dituen enpresa arabarra da, batez ere. CTLPack taldeko kide da, Miñaoko parke teknologikoan dago eta Araban 350 langile inguru ditu.

Enpresa-taldea Juan Celaya Korporaziokoa zen 2020ra arte. Korporazio hori, besteak beste, CTL Francia, CTL USA eta Tapser Barcelona enpresen jabea zen, eta desagertutako Cegasaren jabea ere izan zen.

CTL taldearen % 100 Kaizaharra enpresa-korporazioari saldu zitzaion 2020an. Korporazio hori Iñaki Lopez Gandasegui enpresariarena da, eta Aernnova Taldeko presidentea ere bada.

Aurrekariak:

Dagoeneko 8 urte dira aurreko Hitzarmen Kolektiboa (2014/2017) amaitu zenetik. Hitzarmen horretan, soldatak izoztu egin ziren, eta lanaldia nabarmen handitu zen, egin behar ziren inbertsio berriak eta enpleguari eusteko (bai Gasteizen, bai Frantziako lantegian).

Ordutik 2020ra bitartean, oso egoera zaila bizi izan genuen, aurreko kudeatzaileek egindako inbertsioen kudeaketa negargarriaren ondorioz. Egoera horren ondorioz, finantza-zor handia eta enpresa-“Plan Soziala” sortu ziren, urte horretan enpresa erosi aurretik. Plan horrek ahalegin handiak eskatu zizkien enpresako langileei, eta ahalegin horiei esker jarduerarekin jarraitu ahal izan zuten 2020tik gaur egun arte, eta hartzekodunen konkurtsoa eta/edo itxiera saihestu ahal izan dira, baina urte hauetan guztietan ez dira onartu ez konpentsatu, plan horretan jada jasota zegoen 2022ko eta 2023ko KPIaren soldata-eguneratzetik harago.

Hitzarmenaren negoziazio-egoera:

Aurreko guztiarekin, gaur egun, Enpresaren immobilismo-egoeran gaude, Batzordeak 5 urteko proposamena egin ondoren (2023/2027). Proposamen hori erosahalmena berreskuratzean datza, eta aldi horretan KPIaren gainetik dagoen soldata-eguneratzea eskatzen da.

Era berean, Komitearen proposamenean lanaldia murriztea eta lana, familia eta norberaren bizitza hobeto uztartzeko neurriak jasotzen dira, batez ere txandakako lan-sistemetan eta 4 taldekoetan.

Errelebo-kontratuak eta beste lan-hobekuntza batzuk aplikatzea ere eskatzen da.

Enpresak gehiengo sindikalak proposatutako alderdi hauek negoziatu nahi ez dituenez, eta negoziazioan benetako aurrerapausorik emateko aukerarik ez duenez, azken asteotan asanblada informatiboak egin dira langileekin enpresako lokaletan arazo honi buruz hitz egiteko eta mobilizazio eta protesta ekintzei hasiera ematea erabaki da negoziazioa desblokeatzen saiatzeko.

Lehenengoa igande honetan, abenduaren 14an, egin da, hiriaren erdigunean. Bertan, elkarretaratze bat egin da (argazki erantsiak), enpresaren Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioaren egungo egoera salatzeko.

Deialdia egin duten atal sindikalen asmoa da abenduaren 17ko bileran enpresarekin negoziatzen jarraitzea, baina enpresak itxikeriarekin jarraitzen badu proposatutako aldarrikapenei buruz negoziatu nahi izan gabe, gure asmoa da asanbladekin, mobilizazioekin eta protesta-ekintzekin jarraitzea, enpresak gure eskaera zuzenak onartu arte.

Martxoaren 17an, greba orokorra: LGS hemen erabaki

ELAk, LABek, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek greba orokorra deitu dute datorren martxoaren 17an, Hego Euskal Herrian gutxienez 1.500 euroko LGS bat ezar dadin galdegiteko.

ELAk, LABek, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek martxoaren 17rako Hego Euskal Herrian greba orokorra iragarri dute, ‘Gutxieneko soldata hemen erabaki. SMI 1.500 €. Mejorar salarios para repartir la riqueza’ leloarekin; helburua da EAEn eta Nafarroan ezarriko den Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) bat lortzea. Gaurko agerraldian Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak hitz egin dute; biek salatu dute Hego Euskal Herriko erakunde politikoen “eraso antidemokratikoa”, bertoko LGS bati buruzko eztabaida hasteko aukerari ere bidea itxi baitiote.

Batetik, Nafarroako Parlamentuak txosten juridikoen aitzakia jarri zuen eztabaida ukatzeko; bestetik, Eusko Legebiltzarrean EAJren, PSEren, PPren eta Voxen botoek itxi zuten atea; beraz, mespretxatu egin dituzte Herri-Ekimen Legegilea (HEL) sostengatu zuten 138.000tik gora sinadurak. Gogoratu beharra dago erakundeek Pentsiodunen Mugimenduaren HEL bat ere baztertu zutela: eztabaida fasera ez zuten onartu. Era berean, Confebas-ek eta CEN-ek (kasu horretan UGT eta CCOO-en konplizitatearekin) uko egin diete sektore arteko negoziazio kolektiboaren bidez Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propio bat negoziatzeari.

Horrenbestez, ELAk, LABek, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek erabaki dute erantzun indartsu bat emango diotela Gasteizko eta Iruñeko gobernuei, baita Confebask eta CEn patronalei ere: Martxoaren 17rako greba orokorra deituko dute. “Oso larria da ordezkari politikoek gizarteari ukatzea lege-aldaketak proposatzeko duen aukera bakarra; demokrazia zeharo murrizten ari dira”. Gainera, sindikatu deitzaileek nabarmendu dutenez “langileriaren eskubideen aldeko autogobernu- eta burujabetza-ariketa bat gutxietsi dute; Gasteizko eta Iruñeko gobernuek eta patronalek Espainiako lan-legedia inposatu nahi dute, euskal langile-klasea are egoera prekarioagora bultzatzeko”.

Hain zuzen, greba deituko duten sindikatuek hasteko 2026rako 1.500 euroko LGS bat proposatzen dute; hau Gasteizko eta Iruñeako parlamentuek finkatu beharko lukete, behin Diputatuen Kongresuan Langileen Estatutuko 27. artikulua aldatzeko urratsa egin eta gero. Horregatik, euskal alderdi politikoei galdegiten diete aldarri hau Madrilera eraman eta haren onarpena negozia dezaten. Bide batez, sindikatuek alderdiei eskatzen diete ez dezatela EAEko nahiz Nafarroako estatus juridikoaren aldaketarik onartu baldin eta eskuduntza hori gabe bada. Halaber, Confebask eta CEN patronalei egindako eskariak bere horretan dirau: lanbidearteko akordioak sina ditzatela LGSa hilean 1.500 eurokoa izan dadin 2026rako.

Jakina denez, LGSa handituz gero negoziazio kolektiboan eragina izango luke, beste soldaten igoera ere ekarriko bailuke; horregatik, greba orokor hau langileria guztiarentzako hitzordu saihestezina dugu. Soldatak hobetzearen ondorioz aberastasunaren banaketa hobea lortzeko inflexio puntua da. Deitzaile diren sindikatuek nabarmendu dute gutxienez 1.500 euroko gutxieneko LGS bat lortzeak emakume langileei ezarritako soldata-arrakala murrizten lagunduko duela. Era berean, ondorio zuzenak izango ditu prekarizatuenak diren kolektiboetan (gazteak, migratzaileak edo aniztasun funtzionala duten pertsonak).

Martxoaren 17ko grebaren ardatz izango den aldarrikapen hau gauzatuz gero, halako LGS bat babes sozialeko sistemaren oinarri izango litzateke; honek gaur egun gabezia handiak ditu. 1.500 euro horiek, bestalde, gutxieneko pentsioaren zenbatekoa ere izan beharko lirateke; horrela Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren eskari nagusietako bat beteko litzateke. Eta nahikoak izan beharko lukete etxebizitza bat eskuratzeko eta bizimodu independentea garatzeko.

ELAk, LABek, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek bereziki aipatu dute greba honetako aldarri nagusia ikuspegi sozialetik eginiko burujabetza ariketa bat dela: aberastasunaren banaketa hobea eta kohesio sozial areagotua litzateke Hego Euskal Herriarentzako eskuduntza berrien bidez, patronalek eta gobernuek Madrilen erabakitako legeak baliatu nahi baitituzte euskal langileria prekarizatzeko. Honenbestez, martxoaren 17ko greba orokorra gizartearen aurrerapauso bat izango da erabaki politikoetan parte hartzeko duen eskubidea aldarrikatzeko; kasu honetan, LGSa eta gainerako soldata eta prestazio sozialak erabakitzeko Hego Euskal Herriari zor zaion eskubidea.

Greba deituko duten sindikatuek nabarmendu dute 1.500 euroko gutxieneko LGS bat lortzeak on egingo liekeela kolektiborik prekarizatuenei (gazteak, migratzaileak, emakumeak eta aniztasun funtzionala dutenak), eta era berean jendarteko sektore zabalen elkartasun adierazpena izango dela. Hots, langileria guztia deituta dago M17ko greba orokorra sustatzera eta hartan parte hartzera, datozen asteetan horren baitan izango diren mobilizazio guztietan bezalaxe.

LABek astearteko mahai negoziatzailean borrokatuko ditu Arabako adinduen egoitzetako hitzarmeneko proposamenean falta diren edukiak

LABek Arabako adinduen egoitzetako eta etxebizitza komunitarioetako lehen hitzarmeneko proposamenean lortutakoak modu positiboan baloratzen ditugu, izan ere, sindikatuak azken sei urtetan borrokatu dituen aldarrikapenak jasotzen dituelako. Hala ere, eduki konkretu batzuk falta direla salatu nahi dugu eta adierazten dugu eduki horiek borrokatuko ditugula astearteko mahai negoziatzailean.

Borroka eredugarri honen bitartez, sektoreko langileek lortu dute patronalak proposamenean jasotako onurak onartzera behartzea. Horregatik, egindako borroka eredugarri honi, merezi duen itxiera emateko proposamenean zalantzak sortzen dizkigun edukiak borrokatuko ditugu astearteko mahai negoziatzailean. Izan ere, zalantzagarria den klausula bat jasotzen du akordio proposamenak; ez du bermatzen orain arte lortutako enpresetako hobekuntzei eustea, eta kolokan uzten ditu lan berme batzuk, horregatik abenduak 16ko mahai negoziatzailean LABek klausula hau berraztertzeko proposamena eramango du.

Bukatzeko, berriz ere sektoreko langileak zoriondu nahi zaituztegu, izan ere, zuen borrokari esker proposamen hau lortu dugu. Azken txanpa falta zaigu, sektoreak eta langileek egindako borrokak merezi du, horregatik, azken unerarte LABek mahai negoziatzailean klausula hori borrokatuko du.