2026-11-18
HomeEkintza SindikalaMFSren 80. urteurreneko ekitaldietan parte hartuko du LAB sindikatuak Parisen

MFSren 80. urteurreneko ekitaldietan parte hartuko du LAB sindikatuak Parisen

1945ean sortu zen Munduko Federazio Sindikala (MFS) eta hiri horretan egingo dira, hain zuzen ere, 80. urteurreneko ekitaldiak. LABeko ordezkaritzaren buru, Igor Arroyo koordinatzaile orokorra gerturatuko da Parisera. 

Orain 80 urte, Mundu Gerra basati baten eta faxismoa garaitu ondotik, aspaldiko egitasmoari heldu zioten, berriz ere, mundu osoko sindikatuek: herrialde guztietako langileak bilduko zituen nazioarteko erakundea sortzea. 

Zoritxarrez, Estatu Batuek gidatutako blokearen presioen ondorioz, MFS sortu eta gutxira “Mendebaldeko” sindikatu askok alde egin eta CIOSL sortu zuten (egun CSI); bertako kide dira UGT, CCOO eta ELA sindikatuak. Sobiet Batasunaren erorketarekin, berriz, beste hainbat sindikatuk utzi zuten, hala nola, Frantziako CGT. 

Alabaina, krisia gainditu eta suspertze fase bati ekin zion MFSk 2005etik aurrera. Europan bere presentzia mugatuagoa bada ere, mundu osoko 100 milioi langile baino gehiago ordezkatzen ditu egun. 

MFSren suspertze fasean bidaide izan da LAB sindikatua. 1990ean lehen aldiz Moskuko Kongresuan behatzaile gisa parte hartu eta 2000. urtean MFSrekin bat egitea erabaki zuen. 2005eko La Habanako Kongresuan bilakatu zen ofizialki MFSko kide, Euskal Herriko ordezkari gisa aitortuta. 

Ordutik LABek parte hartze aktiboa izan du MFSn, besteak beste, zuzendaritza gune nagusia den Kontseilu Presidentzialean, Metaleko Federazioaren sorreran edota Emakume Langileen Batzordean. Gainera, Espainiako Estatuan MFS egituratzeko ekarpena egin du, Herrien Koordinadora deritzona sortuz. Bertan biltzen dira CUT Galiza, Intersindical Catalana, IAC, Intersindical Canaria, Intersindical Valenciana, CSI Asturies, CUT Aragoi eta SAT Andaluzia. Osotara 120.000 afiliatu baino gehiagorekin, kontraboterezko erreferentzia nagusietakoa da estatu mailan. 

Bere sorreratik lau izan dira FSMren ikur nagusienak: esplotazioaren aurkako klase borroka; antifaxismoa; antiinperialismoa eta autodeterminazio eskubidearen defentsa. Lau balore horiek indar handia dute, hain zuzen ere, Euskal Herriko langileen artean. Eta ezinbestekoak dira mundu mailan hedatzen ari den olatu erreakzionarioari aurre egiteko. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lan eremuan indarkeria matxistaren aurkako konpromisoak behar direla aldarrikatzera kalera aterako gara azaroaren 25ean

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako egunaren harira, LABetik mobilizazio bana deitu dugu Gasteizen eta Iruñean.

Salatzen dugu Correoseko bulegoak eta banaketa-unitateak gainezka daudela kontrataziorik egin ez delako

Posta bidezko botoa onartzeko azken eguna bihar izango da, eta LABen atal sindikalak salatu du bulegoak eta banaketa-unitateak gainezka daudela, hauteskunde-kanpainak eragindako jarduera-igoeraren eta kontratazio faltaren ondorioz. Egoera horrek agerian uzten du, beste behin ere, enpresaren aurreikuspen eta plangintza falta.

Salatzen dugu FVEMek Bizkaiko metalgintzako negoziazioa blokeatzen jarraitzen duela eta langileek eros-ahalmena gal dezaten dela bere asmoa

Patronalak eskasegia den soldata-proposamenari eusten dio eta malgutasun handiagoa eskatzen du, sektoreko 57.000 langile baino gehiagoren aldarrikapenei muzin eginez.