2026-11-04
HomeEkintza Sindikala6 hilabeteko greba gogoangarriaren ostean, ENVISEReko langileek akordio historikoa lortu dute, negoziazio...

6 hilabeteko greba gogoangarriaren ostean, ENVISEReko langileek akordio historikoa lortu dute, negoziazio kolektiboa Euskal Herrira ekarriz

Sei hilabete baino gehiagoko borroka gogor eta eskergaitzaren ondoren, langileon aldarrikapenak jasotzen dituen akordio baliotsua lortu dugu, greba mugagabeari amaiera emanez.

Aurreakordioa atzo sinatu zen LHKn eta gaur arratsalderako ESK eta LABek sindikatuok deitu dugun Langileen Batzar Orokorrean berretsi da. Berrespen honekin Greba Batzordeak berehala sinatuko du 6 hilabete baino gehiagoko greba mugagabeari bukaera emango dion akordioa.

LAB sindikatutik plantilak egindako lana balioan jarri eta zorionak eman nahi dizkiogu egindako lan bikainagatik. Grebalariek hilabete hauetan guztietan erakutsi duten antolatzeko gaitasuna eta erabakitasuna azpimarratu behar dira.

LAB sindikatuak, bere afiliazioarekin, lerro argia jarraitu du: plantilaren kohesioa eta batasuna bilatzea eta borroka mantendu eta indartu helburuak lortu arte. Horrekin erakutsi da berriro ere greba lantzen bada babes sozial izugarria lortzen dela, baldintza berriak sortzen direla eta emaitzak lortzen direla. Horregatik, gure afiliazioa bereziki zoriondu nahi dugu, garatu duten esfortzu pertsonal eta militantearengatik.

Akordioaren eduki baliotsuen gainetik, LAB sindikatutik uste dugu balentria horren titular nagusia dela ENVISEReko langileek negoziazio kolektiboa Euskal Herrira ekartzea lortu dutela. Lan-baldintza duinak jasoko dituen Hitzarmen propio batez hornitzea lortu dugu. Euskal langileok erabakitzeko ahalmenik ez dugun Estatuko Hitzarmen baten uztarripean egoteak dakarren prekarietatearen gainetik, hemendik aurrera subiranotasun-ariketa bat eginez Gasteizko parke eta lorategietako kontserbazio-zerbitzuetako eta Eraztun Berdearen mantentze-lanetako langileok gure lan-baldintzen etorkizunaren jabe izango gara.

Lortutako edukiei helduz, 5.000 euroko soldata-igoera linealak lortu ditugu Hitzarmenaren indarraldirako (2025-2028), hau da, % 25 inguruko igoera, 108 orduko murrizketa urteko lanaldian, txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala eskuratzea, lizentzia eta baimenak hobetzea eta ogitartekoaren denbora luzatzea.

Akordioa konpromiso kolektiboaren emaitza izan da. Argi eta garbi esan dezakegu: sakrifizio pertsonal handia ekarri duen arren, berriz ere erakutsi da borrokatzeak merezi duela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.