2025-12-22
Blog Page 43

4 langile hil dira egun gutxiko tartean, lan heriotzen joera larria berretsiz

Gaur goizean eraikuntzako langile bat hil da Bilbon etxe baten teilatutik erorita. Ezer baino lehen, LAB sindikatuak elkartasun eta babes osoa adierazi nahi die hildako langilearen familiari, lagunei eta lankideei. Astea bete ez denean, 4 langile hil dira Euskal Herrian istripu traumatikoetan; bi, pieza astunak gainera erorita, eta beste bi, altueratik erorita.

Istripu hauek prebentzio neurri sinpleenekin ekidin zitezkeen. Heriotza hauek, beraz, prebentzio neurrien ez betetzea guztiz orokortua dagoenaren seinale dira. Patronal honi ezin zaio minutu bakar bat ere utzi inpunitatea izaten. Gu hiltzen ari dira.

LAB sindikatuak dei egiten dio Pradales EAEko lehendakariari zein Txibite Nafarroako gobernuburuari deitu ditzatela urgentziazko gobernu kontseiluak, CEN eta CONFEBASK patronalei ardura exijitu eta urgentziazko neurriak ezarri ditzaten.

Aurrekaririk gabeko ikuskatze kanpaina erraldoia ipini behar da abian hiltzen gaituen patronala honen inpunitatearekin amaitzeko.

Bihar, Bilbon, AHTren obrak hildako langilearen heriotza salatzeko intersindikalak egingo duen kontzentrazioan, 11:00etan Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean (Kale Nagusia, 85), heriotza hau ere salatuko dugu, eta parte hartzera dei egiten dizuegu.

Aurreakordioa Sesmako Ingeteam-en, 21 egunetako grebaren ondoren

Akordioak modu esanguratsuan hobetzen du metalgintzako hitzarmena eta martxoan hasitako greba bertan behera uztea dakar. Lortutakoen artean daude sektoreko hitzarmenaren gainetik dauden eta KPI bermatzen duten soldata igoerak, eta hobekuntzak bajen osagarrietan, kategorietan, antzinatasunean, ordaindutako baimenetan eta telelanean. Gainera, erretiro partzialak bermatzea ere lortu da, besteak beste.

Lantegian 25 urteren ondoren egiten den lehen akordio kolektiboa da. Azken egunotan izandako negoziazio gogor eta luzeen ondoren, LAB eta ELA sindikatuek osatutako Greba Batzordeak enpresaren azken proposamena bozkatu zuen atzo grebalarien batzarrean.

Proposamen hori grebalarien % 77k berretsi zuten, eta, horregatik, atzotik bertan behera geratu dira aste honetarako aurreikusitako lanuzteak, eta gaur, asteazkena, langileak normaltasunez itzuli dira beren lanpostuetara.

Akordio historikoa da, martxotik 21 eguneko lanuzteak egin ondoren. Beste behin ere, agerian geratu da borrokarik gabe ez dagoela benetako negoziaziorik, eta bi sindikatuen batasunak arrakastara eraman duela, UGTk grebalariak bertan behera utzi ondoren.

Haur eskola eredu bakarra, kalitatearen eta kohesioaren bermea

Iruñeko Udal Haur Eskoletako langileen ordezkaritza dugun LAB eta CCOO sindikatuetatik, PSNren azken adierazpenen aurrean gure jarrera argi adierazi nahi dugu: hizkuntza bakarreko eskola-ereduaren aldeko apustua egiten dugu, kalitatearen, kohesioaren eta haurren ongizatearen alde.

Urte luzez salatu dugun bezala, eredu mistoak arazo larriak eragiten ditu hainbat mailatan: pedagogikoki, antolaketan, lan arloan zein ekonomian. Izan ere, eredu mistoa ez da hezkuntza-beharren arabera sortutako proposamena, baizik eta erabaki politiko jakin batzuen ondorioa, eta horrek ondorio kaltegarriak izan ditu.

Horrela, eskola-zentroak zatitu egin dira, eta horrek lan-baldintzetan desberdintasunak ekarri ditu. Egoera horren ondorioz, langileen arteko zatiketa sustatzen ari dira orain, nahita edo nahi gabe.

Argi utzi nahi dugu laneko desberdintasunen jatorria ez dela euskara edo ingelesa, baizik eta funtzioen bikoizketak eta giza baliabideak zein antolakuntza baliabideak zatitzera behartzen duen eredu ez-eraginkor baten aldeko apustu politikoak sortzen dituela benetako arazoak.

Horregatik, Udal taldeei arduraz jokatzeko eskatzen diegu. Haur eskolak ezin dira joko politikoaren pieza bihurtu. Gure helburu nagusia beti izan da eta izaten jarraitzen du: haurren ongizatea eta kalitatezko hezkuntza publikoa bermatzea.

Gure prestutasuna agertzen dugu elkarrizketarako, eta berriz ere proposatzen dugu lan-talde politiko-tekniko bat sortzea. Talde horren helburua izango litzateke egungo ereduaren ondorioak aztertzea, eta hortik abiatuta, kalitatezko, koherente eta bidezko hezkuntza-eredua eraikitzeko beharrezko urratsak ematea.

EAEko sektore publikoko irakasleen akordioa betetzeko eta ikastetxeetan baliabideak berehala txertatzeko galdegin du LABek

Atzo, maiatzaren 27an, akordioa sinatu ondorengo irakasleen bigarren mahai negoziatzailea izan zen. Bertan, nahiz eta ikastetxeetan egungo kezkarik handiena lanpostu zerrendak osatzeko irizpideen ez betetzea izan, akordioan jasotzen diren hainbat gairen gaineko zalantzen inguruan aritu zen Hezkuntza Saila.

LABek irakasleen akordio arautzailea sinatu zuen maiatzaren 9an gehiengo zabal batekin batera, lan baldintzak hobetu, hezkuntza publikoa indartu eta hezkuntza kalitatea hobetzeko helburuz. Adostutakoari esker, beste neurri batzuen artean, 2025/26 ikasturtean lan zama arinduko duten ordu lektiboen murrizketa eta zerbitzua hobetuko duten baliabideak txertatu behar dira eta lanpostu zerrendan eragin zuzena izan behar du. Izan ere, akordioari esker ehunka dira sortu beharreko lanpostuak.

Irailetik aurrera Haur eta Lehen Hezkuntzan ordu lektiboak 23tik 22 ordura jaitsiko dira, eta Bigarren Hezkuntzan zein Lanbide Heziketan gehienezko 18 ordutik 17ra. Ordu lektibo bakoitzaren murrizketak lanpostuak sortuko ditu. Esaterako, Bigarren Hezkuntzan ordu lektibo bat murrizteak 240 bat lanpostu sortzea ekarri behar du.

Baliabideei dagokienez, 2025-26an, lanpostuak sortu eta jardunaldiak hobetuko dira, aniztasunari erantzuteko ordu kreditu gehigarriak (aholkulari, orientatzaile eta Pedagogia Terapeutikoetan), euskara indartzeko ordu kreditu gehigarri zein ratio berriak ezarriz (HIPI eta EUSLE) edota Hizkuntza Proiektuetarako Koordinatzaileen bitartez. Esaterako, euskara indartzeko irizpide berriak ezarrita, hereneko jardunaldiak erdietara edota osotara igaroko dira. Era berean, 2028ra bitarte hizkuntza proiektuetarako 350 koordinatzaile txertatuko dira gutxienez, eta datorren ikasturtean horietatik 20 izan beharko dira gutxienez ezarri beharrekoak etapa guztietan.

Akordioetara heltzeko, LABentzat ezinbestekoa izan da baliabide zein lan zama arintzeko neurriak jasotzea, eta Hezkuntza Saila medioei zuzendu zaien bakoitzeko hezkuntza kalitatea hobetzeko neurrietaz aritu den arren, LABek azken unera arte irmo defendatu dituelako soilik txertatu dira akordioan.

Hezkuntza Sailak, aldiz, lanpostuak sortu eta zerbitzuaren kalitatea hobetu beharrean kontrako norabidea hartu du. Izan ere, ez ditu adostutako baliabide horiek txertatzeko beharrezko irizpide eta bitartekoak aplikatu gaur-gaurkoz. Are gehiago, zuzendaritzei egun bateko epean HEDATZE programa txertatzeko hiru aukera desberdin eman dizkie, eta hiruretako bakar batek ere ez diete sinatutakoari erantzuten. Era berean, zuzendaritzengan presioa sorrarazi du guzti horrek.

Nahiz eta Jaurlaritza berria izan eta lankidetza diskurtsoa erakutsi, egiteko modu zaharrak azaleratu ditu beste behin ere. Izan ere, borrokaren bitartez erdietsitako akordioa da orain bere osotasunean bete nahi ez duena.

Beraz, LABek irmoki defendatuko du maiatzaren 9an hezkuntza publikoa indartzeko lortutako akordioa. Hezkuntza Sailak hitzarmena bete ezean, LABek bide judiziala eta ekintza sindikala aktibatuko ditu.

3 langile hil dira 24 ordutan

Gaur eguerdian, Amurrioko Tubos Reunidos enpresan, Pavinpront azpikontratako langile bat hil da altueratik erorita. Honetaz gain, LABek jakin berri du atzo, maiatzaren 26an, 49 urteko A.H.G. langile azpikontratatua hil zela Atxondon, AHTren lanetan. Pieza baten erorketak zauri larriak eragin ostean, odolustuta izan zen CONPROVIAL enpresarentzat lanean ari zen langilea. Bi hauei atzo Andosillan hildako 50 urteko langilearena batu behar zaie. Hiru hauekin, gutxienez 23 dira lan heriotzak Euskal Herrian urte hasieratik.

Ezer baino lehen, LAB sindikatuak elkartasun eta babes osoa adierazi nahi die hildako langileen familiei, lagunei eta lankideei.

Euskal Herrian istripu hilgarrien inzidentziak ez du etenik. Altueretako istripuena da honen islada, prebentziorako neurri teknikoak hartzen erraza izanik istripu hauek gertatzen jarraitzeak honakoa uzten du argi; patronalak muzin egiten diola araudia betetzeari. Beste era batera esanda, patronalak amilarazten gaitu.

23 hil dira aurten dagoeneko istripuz, hauetatik bi altueratik erorita. LABek argi dauka, altueretako lanen segurtasun-araudia aplikatu izan balitz, ez zen lan-istripua gertatuko. Arazoa da patronalak ez duela betetzen laneko segurtasunari eta osasunari buruzko araudia, lan-kostuak merketzeko. Heriotza mota hauek ekidin daitezke, guztiak, prebentzio-jarduera behar bezala kudeatuz, integratuz eta aplikatuz.

Lan istripuen eta laneko gaitzen atzean araudia ez betetzea dago. Hau enpresen ardura zuzena da, hildakoek badute erantzulea.

Azpimarratu behar da araudi horren bermatzailea Jaurlaritza dela, baina enpresei betearazi beharrean patronalarekin konplizitatea erakusten duela prebentzio proiektu antzuak adostuaz, diru publikoz hornituak, helburu bakarra diru banaketa delarik eta egoera hau betikotzea. Hori da egun Osalanek erakusten duen jarrera, isuntzeko gaitasun eza baliatuz patronala babesteko. Iaz Euskal Herriak pairatutako 102.000 istripu eta 64 hildakoen atzean arduradun politikoak ere badaude.

Amurrioko Tubos Reunidoseko lantegian bertako enpresa-batzordeak lana 24 orduz etetea eskatu da. Honekin batera, enpresa-batzordeak kontzentrazioa deitu du bihar, maiatzaren 28an, lantegi sarreran goizeko 9:00etan.

Israelekin harreman oro eten dadin presioa areagotzera eta igandean Donostian mobilizatzera dei egiten du LABek

Palestinaren kontrako genozidioak bizi duen gordintze jasanezinaren aurrean, Gernika Palestinak mobilizaziora deitu du igandean, Donostiako Alderdi Ederren. Euskal Herriak behin eta berriz eskatu du genozidioari bukaera emateko eta, gatazkari konponbidea ematera bidean, palestinarrei estatua bermatzeko. Mobilizazio berri honen xedea bonbardaketen areagotzeak eta laguntza humanitarioaren blokeoak eragin duten infernuarekin bukatzeko neurri zehatzak eta eraginkorrak eskatzea da.

Aldi berean, Donostian egingo den mobilizazioan, nazioarteko aldarriekin bat eginez, Israel isolatzeko neurriak hartzeko eta, larrialdi humanitarioari aurre egiteko, nazioarteko babesa lukeen konboi humanitario diplomatikoa abiatzeko eskatuko da. Horrekin batera, Israelekin harreman ekonomiko eta militarrak eteteko eta genozidioaren arduradunen kontrako zigorrak ezartzeko eskatuko da.

Aldarriokin bat egiten du LABek. Nazioarteko komunitateak, laguntza humanitarioa bermatzearekin batera, konponbide integral baterako mekanismoak ezarri behar dituela eta sionismoarekin harreman oro eten behar duela uste du. Horregatik, Gernika Palestinaren deialdiarekin bat egiten du, eta Euskal Herriko langile klaseari mobilizazioan parte hartzeko deia luzatzen dio.

TMB Arraizeko langileek triaje-kabina baten erorketa salatu dute

Kontzentrazioa egin dute Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren egoitzaren aurrean, hondakinen tratamendurako instalazioan gertatutakoa salatzeko. “Zorionez, ez da zauriturik izan, baina ezin dugu ahaztu hau tragedia batean amaitu zitekeela”, adierazi dute.

Gaineratu dute gertakari hau ez dela “kasu isolatu bat, instalazioak aspaldidanik jasaten duen narriadura larriaren ondorio zuzena” baizik. Adierazi dute egiturazko baldintzek, mantentze-lan egokirik ezak eta inbertsiorik ezak lan-ingurune ez-segurua sortu dutela, eta nabarmendu dute horrek arriskuan jartzen duela langileen osotasuna egunero.

Zuzenean seinalatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari, bera baita instalazio horren arduradun nagusia. “Langileek behin eta berriz egindako ohartarazpenen aurrean duen gelditasunak, konpromisorik ezak eta isiltasunak arriskuan jartzen dituzte pertsonen bizitzak”, ohartarazi dute.

Langileak kezkatuta daude eta beldur dira. Euren esanetan, ez dugu istripu larri bat deitoratu behar norbaitek zerbait egin dezan. Erantzukizunak eskatzen dituzte eta, batez ere, premiazko irtenbideak eskatzen dituzte lan-baldintza seguruak eta duinak bermatzeko.

Gutxienez 13 dira lan heriotzak urte hasieratik Nafarroan

Gaur eguerdian 50 urteko Encofrados Arias enpresako langilea hil da Andosillan, karga astun bat gainera erorita. 21 hildako eragin ditu prebentzio faltak Euskal Herrian urte hasieratik, horietariko 13 Nafarroan. Lehenik eta behin, LAB Sindikatuak bere doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkie hildako langilearen senide, lagun eta gertukoei.

Zenbait enpresak lantoki berean dihardutenean arrisku faktoreak nabarmen areagotzen dira. Azken urteetako istripuek horren adibide asko utzi dituzte. Nahiz eta araudiak gremioen koordinaziorako betebehar zehatzak eskatzen dituen, bistan da ez direla betetzen.

Ikusi dugu azken 30 urteotan, eta datuek hala frogatzen dute, enpresek ez duela lan osasunerako araudia betetzeko inongo amorik. Araudia betearazteko eskumena duten instituzioek modu esplizituan kolaboratzen dute enpresekin horretan, izan ere, ez dute NOPLOI bidez enpresak isuntzeko gaitasunik. Hau gutxi balitz Nafarroako Gobernuak, CEN patronala eta estatuko sindikatuek milioika euroko enplegu plana adostu dute, prebentzio neurri antzuez osatua, dirua banatzeko helburua besterik ez duena. Formula horren bidez, patronalari araudia ez betetzea oso merke ateratzen zaio eta langileok gure osasunarekin, eta azkenik, geure bizitzarekin ordaintzen dugu.

Sailburuak Osakidetzako biltegien pribatizazio-proiektua bertan behera utzi du, fronte guztietan egindako presioaren ondoren

Gaur, osasun sailburuak agerraldia egin du, berari “zalantza ugari” sortzen dizkion proiektua bertan behera uzteko. LABentzat ez ziren zalantzak, baizik eta ziurtasunak, proiektu horren hasierako pleguek eta gobernuaren kudeaketa autoritarioak planteatzen zituztenak.

Proiektu hau EAJren ohiko proiektua da. Urteetan zehar inbertsio falta eta etengabeko utzikeria aprobetxatu, kanporatzearen irtenbide miragarria planteatzeko. Zentzugabea da sailak sanitarioa ez den langilegoari ematen dion tratua. EAJk lan hauek “osagarritzat” jotzen ditu, osasun zentro bateko garbitasuna edo kasu honetan bezala, osasun zentroen hornikuntza funtsezkoak direla jakin arren. Hori enpresa pribatuen esku utzi nahi zen.

Pleguan, interesatuki eta makiabelikoki, azpiegitura baten eraikuntza eta berau 10 urtez ustiatzea lotu ziren. Proiektu osoak, berez, anomalia bat suposatzen du autosufizientziara eta eraginkortasun ekonomikora iritsi nahi duen osasun sistema batentzat.

Gainera, langileek ere kuestionatu dute proiektua, modu eredugarrian, kontzentrazio iraunkorrekin eta borroka euren interes partikularretik harago eramanez, osasun azpiegitura guztien izaera publikoa defendatuz.

Kuestionamendua kaletik ere etorri da, osasunaren defentsarako plataformetatik, osasun zentroen hornidura merkatuaren legeak ezartzen dituen irizpide ekonomizisten mende egon ezin dela ulertzen dutelako.

Kuestionamendua mahai sektorialean ere nabarmena izan da, proiektua aurkeztu ere ez baita egin bertan.

Kuestionamendua judizialki ere egon da, eta oraindik epaitegietan dago gaia, LABek, CCOO, ELA eta ESKrekin batera, jarritako demanda batekin.

LABek, EH Bildurekin batera, proiektu honen ustiapena birdiseinatzea lortu zuen Osasun Mahaiko azpiegituren lantaldean. Badirudi orain ulertu dutela hau kudeaketa publikoko eredu batekin bateraezina zen proiektua zela, eta auzi hori birdiseinatzea proiektua oinarritik haustea zela.

Azkenean, sailburuak gaur erabaki duena zuzena da. Orain, kontratazio espedientearen atzera egitea ofizialki eta formalki komunikatzea besterik ez da falta, eta Osakidetzak biltegiek behar dituzten neurriez hitz egiten hasi ahal izango gara, hamarkadetako utzikeriaren ondoren, kasu gehienetan asko direnak.

LABek pribatizazioaren aurkako estrategia integral bat gauzatzen jarraituko du, lantokietan, kalean, epaitegietan eta osasun publikoa jokoan dagoen negoziazio-mahaia guztietan. Herritarrei pribatizazio politiken aurka mobilizatzen jarraitzeko deia egiten diegu.