2025-12-18
Blog Page 43

EAEko sektore publikoko irakasleen akordioa betetzeko eta ikastetxeetan baliabideak berehala txertatzeko galdegin du LABek

Atzo, maiatzaren 27an, akordioa sinatu ondorengo irakasleen bigarren mahai negoziatzailea izan zen. Bertan, nahiz eta ikastetxeetan egungo kezkarik handiena lanpostu zerrendak osatzeko irizpideen ez betetzea izan, akordioan jasotzen diren hainbat gairen gaineko zalantzen inguruan aritu zen Hezkuntza Saila.

LABek irakasleen akordio arautzailea sinatu zuen maiatzaren 9an gehiengo zabal batekin batera, lan baldintzak hobetu, hezkuntza publikoa indartu eta hezkuntza kalitatea hobetzeko helburuz. Adostutakoari esker, beste neurri batzuen artean, 2025/26 ikasturtean lan zama arinduko duten ordu lektiboen murrizketa eta zerbitzua hobetuko duten baliabideak txertatu behar dira eta lanpostu zerrendan eragin zuzena izan behar du. Izan ere, akordioari esker ehunka dira sortu beharreko lanpostuak.

Irailetik aurrera Haur eta Lehen Hezkuntzan ordu lektiboak 23tik 22 ordura jaitsiko dira, eta Bigarren Hezkuntzan zein Lanbide Heziketan gehienezko 18 ordutik 17ra. Ordu lektibo bakoitzaren murrizketak lanpostuak sortuko ditu. Esaterako, Bigarren Hezkuntzan ordu lektibo bat murrizteak 240 bat lanpostu sortzea ekarri behar du.

Baliabideei dagokienez, 2025-26an, lanpostuak sortu eta jardunaldiak hobetuko dira, aniztasunari erantzuteko ordu kreditu gehigarriak (aholkulari, orientatzaile eta Pedagogia Terapeutikoetan), euskara indartzeko ordu kreditu gehigarri zein ratio berriak ezarriz (HIPI eta EUSLE) edota Hizkuntza Proiektuetarako Koordinatzaileen bitartez. Esaterako, euskara indartzeko irizpide berriak ezarrita, hereneko jardunaldiak erdietara edota osotara igaroko dira. Era berean, 2028ra bitarte hizkuntza proiektuetarako 350 koordinatzaile txertatuko dira gutxienez, eta datorren ikasturtean horietatik 20 izan beharko dira gutxienez ezarri beharrekoak etapa guztietan.

Akordioetara heltzeko, LABentzat ezinbestekoa izan da baliabide zein lan zama arintzeko neurriak jasotzea, eta Hezkuntza Saila medioei zuzendu zaien bakoitzeko hezkuntza kalitatea hobetzeko neurrietaz aritu den arren, LABek azken unera arte irmo defendatu dituelako soilik txertatu dira akordioan.

Hezkuntza Sailak, aldiz, lanpostuak sortu eta zerbitzuaren kalitatea hobetu beharrean kontrako norabidea hartu du. Izan ere, ez ditu adostutako baliabide horiek txertatzeko beharrezko irizpide eta bitartekoak aplikatu gaur-gaurkoz. Are gehiago, zuzendaritzei egun bateko epean HEDATZE programa txertatzeko hiru aukera desberdin eman dizkie, eta hiruretako bakar batek ere ez diete sinatutakoari erantzuten. Era berean, zuzendaritzengan presioa sorrarazi du guzti horrek.

Nahiz eta Jaurlaritza berria izan eta lankidetza diskurtsoa erakutsi, egiteko modu zaharrak azaleratu ditu beste behin ere. Izan ere, borrokaren bitartez erdietsitako akordioa da orain bere osotasunean bete nahi ez duena.

Beraz, LABek irmoki defendatuko du maiatzaren 9an hezkuntza publikoa indartzeko lortutako akordioa. Hezkuntza Sailak hitzarmena bete ezean, LABek bide judiziala eta ekintza sindikala aktibatuko ditu.

3 langile hil dira 24 ordutan

Gaur eguerdian, Amurrioko Tubos Reunidos enpresan, Pavinpront azpikontratako langile bat hil da altueratik erorita. Honetaz gain, LABek jakin berri du atzo, maiatzaren 26an, 49 urteko A.H.G. langile azpikontratatua hil zela Atxondon, AHTren lanetan. Pieza baten erorketak zauri larriak eragin ostean, odolustuta izan zen CONPROVIAL enpresarentzat lanean ari zen langilea. Bi hauei atzo Andosillan hildako 50 urteko langilearena batu behar zaie. Hiru hauekin, gutxienez 23 dira lan heriotzak Euskal Herrian urte hasieratik.

Ezer baino lehen, LAB sindikatuak elkartasun eta babes osoa adierazi nahi die hildako langileen familiei, lagunei eta lankideei.

Euskal Herrian istripu hilgarrien inzidentziak ez du etenik. Altueretako istripuena da honen islada, prebentziorako neurri teknikoak hartzen erraza izanik istripu hauek gertatzen jarraitzeak honakoa uzten du argi; patronalak muzin egiten diola araudia betetzeari. Beste era batera esanda, patronalak amilarazten gaitu.

23 hil dira aurten dagoeneko istripuz, hauetatik bi altueratik erorita. LABek argi dauka, altueretako lanen segurtasun-araudia aplikatu izan balitz, ez zen lan-istripua gertatuko. Arazoa da patronalak ez duela betetzen laneko segurtasunari eta osasunari buruzko araudia, lan-kostuak merketzeko. Heriotza mota hauek ekidin daitezke, guztiak, prebentzio-jarduera behar bezala kudeatuz, integratuz eta aplikatuz.

Lan istripuen eta laneko gaitzen atzean araudia ez betetzea dago. Hau enpresen ardura zuzena da, hildakoek badute erantzulea.

Azpimarratu behar da araudi horren bermatzailea Jaurlaritza dela, baina enpresei betearazi beharrean patronalarekin konplizitatea erakusten duela prebentzio proiektu antzuak adostuaz, diru publikoz hornituak, helburu bakarra diru banaketa delarik eta egoera hau betikotzea. Hori da egun Osalanek erakusten duen jarrera, isuntzeko gaitasun eza baliatuz patronala babesteko. Iaz Euskal Herriak pairatutako 102.000 istripu eta 64 hildakoen atzean arduradun politikoak ere badaude.

Amurrioko Tubos Reunidoseko lantegian bertako enpresa-batzordeak lana 24 orduz etetea eskatu da. Honekin batera, enpresa-batzordeak kontzentrazioa deitu du bihar, maiatzaren 28an, lantegi sarreran goizeko 9:00etan.

Israelekin harreman oro eten dadin presioa areagotzera eta igandean Donostian mobilizatzera dei egiten du LABek

Palestinaren kontrako genozidioak bizi duen gordintze jasanezinaren aurrean, Gernika Palestinak mobilizaziora deitu du igandean, Donostiako Alderdi Ederren. Euskal Herriak behin eta berriz eskatu du genozidioari bukaera emateko eta, gatazkari konponbidea ematera bidean, palestinarrei estatua bermatzeko. Mobilizazio berri honen xedea bonbardaketen areagotzeak eta laguntza humanitarioaren blokeoak eragin duten infernuarekin bukatzeko neurri zehatzak eta eraginkorrak eskatzea da.

Aldi berean, Donostian egingo den mobilizazioan, nazioarteko aldarriekin bat eginez, Israel isolatzeko neurriak hartzeko eta, larrialdi humanitarioari aurre egiteko, nazioarteko babesa lukeen konboi humanitario diplomatikoa abiatzeko eskatuko da. Horrekin batera, Israelekin harreman ekonomiko eta militarrak eteteko eta genozidioaren arduradunen kontrako zigorrak ezartzeko eskatuko da.

Aldarriokin bat egiten du LABek. Nazioarteko komunitateak, laguntza humanitarioa bermatzearekin batera, konponbide integral baterako mekanismoak ezarri behar dituela eta sionismoarekin harreman oro eten behar duela uste du. Horregatik, Gernika Palestinaren deialdiarekin bat egiten du, eta Euskal Herriko langile klaseari mobilizazioan parte hartzeko deia luzatzen dio.

TMB Arraizeko langileek triaje-kabina baten erorketa salatu dute

Kontzentrazioa egin dute Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren egoitzaren aurrean, hondakinen tratamendurako instalazioan gertatutakoa salatzeko. “Zorionez, ez da zauriturik izan, baina ezin dugu ahaztu hau tragedia batean amaitu zitekeela”, adierazi dute.

Gaineratu dute gertakari hau ez dela “kasu isolatu bat, instalazioak aspaldidanik jasaten duen narriadura larriaren ondorio zuzena” baizik. Adierazi dute egiturazko baldintzek, mantentze-lan egokirik ezak eta inbertsiorik ezak lan-ingurune ez-segurua sortu dutela, eta nabarmendu dute horrek arriskuan jartzen duela langileen osotasuna egunero.

Zuzenean seinalatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari, bera baita instalazio horren arduradun nagusia. “Langileek behin eta berriz egindako ohartarazpenen aurrean duen gelditasunak, konpromisorik ezak eta isiltasunak arriskuan jartzen dituzte pertsonen bizitzak”, ohartarazi dute.

Langileak kezkatuta daude eta beldur dira. Euren esanetan, ez dugu istripu larri bat deitoratu behar norbaitek zerbait egin dezan. Erantzukizunak eskatzen dituzte eta, batez ere, premiazko irtenbideak eskatzen dituzte lan-baldintza seguruak eta duinak bermatzeko.

Gutxienez 13 dira lan heriotzak urte hasieratik Nafarroan

Gaur eguerdian 50 urteko Encofrados Arias enpresako langilea hil da Andosillan, karga astun bat gainera erorita. 21 hildako eragin ditu prebentzio faltak Euskal Herrian urte hasieratik, horietariko 13 Nafarroan. Lehenik eta behin, LAB Sindikatuak bere doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkie hildako langilearen senide, lagun eta gertukoei.

Zenbait enpresak lantoki berean dihardutenean arrisku faktoreak nabarmen areagotzen dira. Azken urteetako istripuek horren adibide asko utzi dituzte. Nahiz eta araudiak gremioen koordinaziorako betebehar zehatzak eskatzen dituen, bistan da ez direla betetzen.

Ikusi dugu azken 30 urteotan, eta datuek hala frogatzen dute, enpresek ez duela lan osasunerako araudia betetzeko inongo amorik. Araudia betearazteko eskumena duten instituzioek modu esplizituan kolaboratzen dute enpresekin horretan, izan ere, ez dute NOPLOI bidez enpresak isuntzeko gaitasunik. Hau gutxi balitz Nafarroako Gobernuak, CEN patronala eta estatuko sindikatuek milioika euroko enplegu plana adostu dute, prebentzio neurri antzuez osatua, dirua banatzeko helburua besterik ez duena. Formula horren bidez, patronalari araudia ez betetzea oso merke ateratzen zaio eta langileok gure osasunarekin, eta azkenik, geure bizitzarekin ordaintzen dugu.

Sailburuak Osakidetzako biltegien pribatizazio-proiektua bertan behera utzi du, fronte guztietan egindako presioaren ondoren

Gaur, osasun sailburuak agerraldia egin du, berari “zalantza ugari” sortzen dizkion proiektua bertan behera uzteko. LABentzat ez ziren zalantzak, baizik eta ziurtasunak, proiektu horren hasierako pleguek eta gobernuaren kudeaketa autoritarioak planteatzen zituztenak.

Proiektu hau EAJren ohiko proiektua da. Urteetan zehar inbertsio falta eta etengabeko utzikeria aprobetxatu, kanporatzearen irtenbide miragarria planteatzeko. Zentzugabea da sailak sanitarioa ez den langilegoari ematen dion tratua. EAJk lan hauek “osagarritzat” jotzen ditu, osasun zentro bateko garbitasuna edo kasu honetan bezala, osasun zentroen hornikuntza funtsezkoak direla jakin arren. Hori enpresa pribatuen esku utzi nahi zen.

Pleguan, interesatuki eta makiabelikoki, azpiegitura baten eraikuntza eta berau 10 urtez ustiatzea lotu ziren. Proiektu osoak, berez, anomalia bat suposatzen du autosufizientziara eta eraginkortasun ekonomikora iritsi nahi duen osasun sistema batentzat.

Gainera, langileek ere kuestionatu dute proiektua, modu eredugarrian, kontzentrazio iraunkorrekin eta borroka euren interes partikularretik harago eramanez, osasun azpiegitura guztien izaera publikoa defendatuz.

Kuestionamendua kaletik ere etorri da, osasunaren defentsarako plataformetatik, osasun zentroen hornidura merkatuaren legeak ezartzen dituen irizpide ekonomizisten mende egon ezin dela ulertzen dutelako.

Kuestionamendua mahai sektorialean ere nabarmena izan da, proiektua aurkeztu ere ez baita egin bertan.

Kuestionamendua judizialki ere egon da, eta oraindik epaitegietan dago gaia, LABek, CCOO, ELA eta ESKrekin batera, jarritako demanda batekin.

LABek, EH Bildurekin batera, proiektu honen ustiapena birdiseinatzea lortu zuen Osasun Mahaiko azpiegituren lantaldean. Badirudi orain ulertu dutela hau kudeaketa publikoko eredu batekin bateraezina zen proiektua zela, eta auzi hori birdiseinatzea proiektua oinarritik haustea zela.

Azkenean, sailburuak gaur erabaki duena zuzena da. Orain, kontratazio espedientearen atzera egitea ofizialki eta formalki komunikatzea besterik ez da falta, eta Osakidetzak biltegiek behar dituzten neurriez hitz egiten hasi ahal izango gara, hamarkadetako utzikeriaren ondoren, kasu gehienetan asko direnak.

LABek pribatizazioaren aurkako estrategia integral bat gauzatzen jarraituko du, lantokietan, kalean, epaitegietan eta osasun publikoa jokoan dagoen negoziazio-mahaia guztietan. Herritarrei pribatizazio politiken aurka mobilizatzen jarraitzeko deia egiten diegu.

LABek Nafarroako Gobernuari exijitu dio industria politika berreskura dezala eta gehiengo sozialaren interesa erdigunean jarriko duen legea aurkez dezala

Nafarroako Industria eta Enpresa Sustapenari buruzko Foru Legearen bigarren zirriborroak bere izaera enpresarialari eusten dio, Gobernuak atzera bota baititu LAB sindikatuak eginiko zuzenketa gehienak. Horrela, atea itxi die Industriaren eraldaketen plangintza zabalagoa eta proiektu industrialen titulartasun publikoa lortzera bideratutako hobekuntzei. Era berean baztertu ditu enpleguaren kalitatea hobetzea, lanaldia murriztea, deskarbonizazio planen negoziazio kolektiboa ziurtatzea eta enpleguaren defentsan deslokalizazioen aurkako legedia indartzea helburu zuten LABen proposamenak.

Nafarroako Industria Legea lantzen urtebete baino gehiago eman ondoren, LAB sindikatuak haserre eta etsipenez hartu du lege horren bigarren zirriborroa, bere ustez Nafarroako industria defendatzeko eta duintzeko nahitaezkoak diren gaiak zapuztu eta oztopatzen dituena. Bertze modu batera erranda, Nafarroako Gobernuak UPNren gobernuek abandonatu zuten industria politika berreskuratu gabe jarraitzen du eta den-dena enpresa ekimenaren eta transnazionalen esku uzten jarraitzen du.

Begi-bistakoa da Europako industria, oro har, eta Nafarroakoa, bereziki, oso garai zailak bizitzen ari direla. Ziurgabetasun garaiak dira hauek, lanpostuak suntsitzen edo prekarizatzen ari direnekoak. Eta egoera horren jakitun, LABek ahalegin handia eta zintzoa egin du, hainbat lan-mahaitan parte-hartze aktibo eta eraikitzailearekin. Bertan, lege berriari 60 zuzenketa aurkeztu dizkio, Industriaren etorkizuna eta gehiengo sozialaren interesa erdigunean jartzeko helburuarekin. Baina, zoritxarrez, Gobernuak ez ditu horietako gehienak onartu, hala nola, Industriako eraldaketen plangintza zabalagoa lortzera bideratutako hobekuntzak edota proiektu industrialen titulartasun publikoa lortzearen ingurukoak.

Gauzaren bat edo bertze bai lortu da: aukera-berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko elementuak sartzea (genero, arraza edo sexu-arrazoiengatiko diskriminazioari buruzko diagnostikoa Industrian), bai eta enplegua defendatzea ere (trantsizio ekologikoak enpleguan izan ditzakeen eragin negatiboei aurre egiteko neurriak planifikatzea eta proposatzea).

LABek kontraboterea praktikatu du Industria mahaian, CENeko enpresarien asmo berekoien eta UGT, CCOO eta ELAren utzikeriaren aurrean; izan ere, sindikatu horiek ez dute ezertxo ere proposatu.

Zein dira enpresarien proposamenak industriak Nafarroan dituen erronken aurrean?

CEN patronalaren sinadurapean aurkezturiko zuzenketen azterketak agerian uzten du gaur egun enpresari horiek oztopo direla Nafarroaren aurrerapenerako, ongizaterako eta etorkizunerako. Lanpostuak are gehiago prekarizatzeko logikan jarraitzen dute. Ez daude prest trantsizio ekologikoaren prozesuan inolako erantzukizunik hartzeko, eta ez dute inolako borondaterik egungo eredu jasanezinari eta Industriaren beharrei buruzko eztabaida zintzoari ekiteko. “Nirea edo deus ez” printzipiora subordinatzen dute dena.

Hala, eskatu dute baztertzea ‒batzuetan gustu txarrez eskatu ere‒ lanaren kalitateari, familia eta lana uztartzeari, aukera-berdintasunari, deskarbonizazio planei edo ekonomia zirkular baterako trantsizioari buruzko edozein erreferentzia. Halaber, ez dute entzun nahi ere enpresen erantzukizun sozialari edo ingurumen-irizpide sozialei eta gobernantza demokratikoari buruzko ezer. Proposatzen duten gutxi hori beren interes korporatiboak bermatzera bideratuta dago beti, hala nola, Enpresa Leihatila Bakarra, Abiadura Handiko Trena eta Elkarrizketa Soziala.

LAB sindikatuak badaki prozesua ez dela bukatu eta azken testua Nafarroako Parlamentutik pasa beharko dela. Hori dela eta, Parlamentuan ordezkaritza duten hainbat alderdirekin harremanetan jarriko gara, interes orokorra ordezkatzen duten eta Nafarroako Gobernuak atzera bota dituen ekarpenak kontuan har ditzaten.

LABek, kontraboterezko logika eraikitzaile batetik, bere ordezkaritza sindikala lanean, aktibatzen eta mobilizatzen jarraituko du, Nafarroako industria jasangarri baten eta lan baldintza duinak dituen industria baten defentsan eta garapenean.

Sindikalismo borrokalari feminista eta antirrazista aldarrikatu du Garbiñe Aranburuk Galizako CIG sindikatuaren kongresuan, ultraeskuinari aurre egiteko

Maiatzaren 24an izan da Galizako Confederación Intersindical Galegaren (CIG) IX. kongresua Santiago de Compostelan, A forza da nosa clase. Traballo, dereitos, soberanía lemapean eta bertan izan dira Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra eta Oihana Lopetegi Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkaria.

Aranburuk hitza hartu du bertan eta LAB eta CIG batzen dituena nabarmendu du. “Klase sindikatuak gara, soberanistak, estatu propiorik ez duten estatuetakoak eta bokazio independentista argia” dutenak.

Mundu mailako egoerari erreparatuta, honek “sistema kapitalista heteropatriarkal, kolonial eta ekozidarekin” duen harremana aipatu du. Berau “gero eta bidegabeagoa, bortitzagoa eta autoritarioagoa dela” ohartarazi du eta “faxismoaren gorakada” ere sustatzen duela. Israel egiten ari den genozidioa salatuz, gaineratu du “gure bihotza Palestinarekin” dagoela.

“Borroka garaiak” direla aipatuz, zehaztu du LABek ez duela “eztabaida sozialaren fartsan” sinesten. “Aldaketarako indarra grebak eta mobilizazioak aktibatzeko gaitasunean dago; kapitalari eremu guztiak lehiatzeko gaitasunean, lan zentroak, kaleak eta instituzioak; gobernu, instituzio eta patronalei presio egiteko gaitasunean”.

LABen praktikan sakonduz, nabarmendu du “langileria osoa antolatu eta boteretzeko” ari dela lanean, “sindikalismo borrokalari, feminista eta antirrazistaren” bidez, horixe delako “ultraeskuinaren balore erreakzionaroei aurre egiteko antidotorik onena”.

“Banaketa hirukoitza” aldarrikatu du kapitalismoaren alternatiba bezala, “zaintza, enplegua eta aberastasunaren banaketa”, eta hau “auzi globala” dela, eta horregatik “nazioarteko aliantzak ehuten jarraituko” duela LABek. Borroka sindikal eta sozialen bidez “eraldaketa sozialean aurrera egiteko” beharra ere nabarmendu du, “burujabetza eta herrien autodeterminazio eskubidearen aldeko apustu argia eginez”.

Era berean, eta desindustrializazio prozesuen aurrean, “trantsizio ekosozial planifikatua” defendatu du, “sektore publikoaren esku hartzearekin eta langileen parte hartzearekin”.

Nazioarteko mintegia

Kongresuaren bezperan egindako nazioarteko mintegian hartu du hitza Oihana Lopetegi Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkariak eta adierazi du kapitalaren ofentsibaren aurrean “langileak ezin direla albo batera geratu”.

Ildo honetan sakonduz, nabarmendu du emakumeak*, migranteak eta gazteak direla “prekarizazioa, eskubideen galera, errepresioa eta gerra gogorren jasaten” dutenak. Horren aurrean, aldarrikatu du “sindikalismoak bere paper historikoa berreskuratu behar duela: eraldaketa, salaketa, antolaketa eta proposamenak egiteko indarra izatea”.

Nazioarteko testuinguruari erreparatuz “NATOren eta aliantza militar guztien desagarpena” exijitu du, “aurrekontu militarren desagerpena, justizia izango duen bakean, eztabaida politikoan eta herri guztien eskubideak errespetatuko dituen nazioarteko harremanen eredu baterantz” jotzearekin batera. Gaineratu du “berrarmatzea, baliabideengatik egindako gerrak, militarismoa estatu politika moduan eta gehiengo sozialaren aurka gobernatzen jarraitzea” baztertzen dituela LABek.

Manifestaziora deitu dute Enviser Gasteizko lorategietako kontratako langileek, greba mugagabean bi hilabete betetzen dituztenean

Hurrengo astelehenean, maiatzaren 26an, bi hilabeteko greba mugagabea beteko dute hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdearen mantentze-lanak egiten dituzten eta Gasteizko Udalaren kontrata den Enviserreko langileek. Langileek eta euren borrokaren alde agertu diren dozenaka kolektiboek manifestazioa egingo dute 18:30ean, Plaza Berritik abiatuta.

Gaur, Mendizorrotza eta Gamarrako instalazioen udako denboraldia hasiko da, eta, beraz, igerilekuen irekiera. Hala ere, instalazio hauen berdegune zabalak, oso egoera txarrean daude. Gasteizko herritarrek ez dute merezi beren parke eta lorategien egoera okertzen jarraitzea, azpikontrataren eta Udalaren gelditasuna dela eta.

Horregatik, gaur elkarretaratzea egin dute Enviserreko langileek Mendizorrotzako igerilekuen sarreraren ondoan, eta herritarrak gonbidatu eta animatu dituzte astelehenean, maiatzaren 26an, Plaza Berritik 18:30ean deitu duten manifestazioarekin bat egitera. Egun horretan 2 hilabete beteko dituzte greban. Herritarren eta plantillaren mobilizazioek soilik lortuko dute egungo egoeraren arduradunei, Enviserri eta Udalari, presioa egitea gatazkari irtenbidea eman diezaioten; izan ere, gatazka konpontzeko, plantillari lan-baldintza duinak eta soldata nahikoak bermatuko dizkion hitzarmen kolektiboa behar da.

Pasa den martxoaren 26an greba mugagabea abiatu zuten, urtebete baino lehenago enpresari hitzarmen kolektibo propio bat negoziatzen hastea eskatu ondoren. Enpresak ez du inoiz negoziatu nahi izan, eta langileek lan-baldintzak hobetzeko greba mugagabea egitea beste aukerarik ez dute izan.

Grebarako deialdia egin aurretik, LAB, ELA, ESKk osatutako enpresa-batzordea udaleko talde politiko guztiekin bildu zen, eta egoeraren inguruan kezkatuta agertu zen. Egoerak, ezinbestean, langileen helburuak lortzeko grebara bultzatzen zituela adierazi zuten.

58 greba-egun hauetan, enpresak 3 bilera baino ez ditu deitu plantillarekin. Akordioa lortzeko oztopo nagusia soldaten arloan dago, langile gehienen soldatek ia ez baitute LGS gainditzen. Lehenengo bileran, enpresak hilean 25 eurotako toxikotasun arrisku plusa eskaini zuen, plantillaren zati handi batek kontzeptu horrengatik gehiago kobratzen zuela kontuan hartu gabe. Bigarren bileran, enpresak akatsa aitortu eta 300 € gordin eskaini zituen urtero, eta azken bileran, joan den ostiralean, hilean 43 € gordineko igoera baten eskaintza barregarria egin zuen akordio batera iristeko.

Udal gobernuak 42 egun behar izan ditu greba batzordeari harrera egiteko, eta langileek udalbatzan eskatu ondoren baino ez zuen egin. Bi bilera egin dira 58 greba-egunetan, eta arduradun politikoen erantzuna izan da ezer gutxi egin dezaketela haiek sustatutako pribatizazio- eta azpikontratazio- politikek eragin duten arazoaren aurrean. “Ez al dira gai beren politikek sortzen dituzten arazoei irtenbideak bilatzeko? Enpresak udalak baino botere handiagoa al du gatazka honetan?”, galdetzen dute langileek.

Egia esan, Udalak orain arte egindako gestio guztiek ez dute inolako emaitzarik eman. Herritarrek greban dauden langileei ematen dieten babesa, berriz, gero eta handiagoa da; kezka handia eragiten die egoerak, joan den ostiralean sindikatuek deitutako txakurren protestari emandako babesak eta azken egunetan jasotako dozenaka atxikimenduek agerian uzten duten bezala.

Gaur, Mendizorrotza eta Gamarrako igerilekuak irekitzeaz gain, loreen jaialdia hasiko da, 2012an “Green Capital” saria jaso zuen hirian, eta gaur egun gutxi harrotu daiteke horretaz. Gainera, EAEko hiriburutzaren 45 urteak ospatzen dira, hainbat ekitaldirekin, eta horien artean deigarria da herritarrei Ajuria Eneko lorategiak irekitzea.

Lehendakariaren lorategiak erakusten dituzte, hiriko parke eta lorategiek benetako lotsa ematen dutelako EAJren eta PSEren utzikeria eta gelditasunaren aurrean.

Lorezainek elkartuta eta euren aldarrikapenen justiziaz konbentzituta jarraitzen dute, eta ez dira geldituko guztientzat bizi- eta lan-baldintza duinak bermatuko dituen hitzarmen kolektibo propio bat lortu arte.

Jasotako atxikimenduak

STEILAS

CGT

CNT

Aranako Auzo Elkartea

Judimendikoak Auzo Elkartea

Zaramaga Bizigarri Auzo Elkartea

Sansomendi Kaleartean Auzo Elkartea

Ariznabarra Berpiztu Auzo Elkartea

Salburua Burdinbide Auzo Elkartea

Errota Zaharra Auzo Elkartea

Gasteiz Txiki Auzo Elkartea

Hegoaldekoak San Cristobal Auzo elkartea

SOS Margarita

Txagoko Komunitate Sarea

Eskalmendiko auzokideak

Diario de Noticias de Álavako langileak

Mediterraneo 2025 (Enviser + Serkom) Aldi Baterako Enpresa Elkarteko langileak

MERCEDESeko enpresa batzordea

PREZERO ONAINDIA Gasteizko kale garbiketako enpresa batzordea

TUVISAko enpresa batzordea

Eusko Jaurlaritzako Garbialdiko enpresa batzordea

SDA Factory-ko enpresa batzordea

Arabako Larrialdietako Osasun Garraio Sareko enpresa batzordea

Nuevo Futuro Álavako enpresa batzordea

BPXport-eko enpresa batzordea

Cartonajes Igamo-ko enpresa batzordea

EUREST-eko enpresa batzordea

Sidenor Bright Steels-eko enpresa batzordea

CELSA Atlantic – Laminaciones Arreguiko enpresa batzordea

Gasteizko ALESTIS-eko enpresa batzordea

Gasteizko SNA Europeko enpresa batzordea

INDESAko enpresa batzordea

FIBERTENIC-eko enpresa batzordea

Asparrenako Udaleko ordezkaritza sindikala

ELA eta ESKko delegatuak LA VITORIANA eta VITORIAPAN okindegietan

Postako ESK eta LABeko atal sindikalak

ELA, LAB, CCOO eta ESKren ordezkaritza Arabako esku hartze sozialean

ELAko delegatuak ehun merkataritzan

ELAko delegatuak garbiketa sektorean

Ostalaritzako Langile Asanblada

Laneko Autodefentsa Sarea

RamĂłn Bajo Eskola Publikoa

Toki Eder Ikastolako irakasleak

Aranbizkarra Ikastolako irakasleak

Arabako Pentsionistak Lanean

Gasteizko Mugimendu Feminista

Itaia Gasteiz

Inor ez kale gorrian

Gasteizko Karta Soziala

Argilan-ESK | bazterketa sozialaren kontrako plataforma

Tinkuy migranteen kolektiboa

HERRIZOMA Gasteizko Elikadura Sarea

Auzoan Bizi

GKS Gasteiz

Ernai Gasteiz

Gasteizko Ikasle Abertzaleak

Sare Antifaxista

Arkillos 10

Siberia Gasteiz Asanblada

Araba Bizirik

Arabako Mendiak Aske

AHTrik EZ Araba

AHTrik EZ Arabako Haranak

AHTrik EZ Lautada

Iruñeko GORA LORAZAINAK Asanblada