2026-10-31
HomeEkintza SindikalaMaderas de Llodio-ko Enpresa Batzordeak zuzendaritzak negoziazioa alde bakarrez ixtea salatu du

Maderas de Llodio-ko Enpresa Batzordeak zuzendaritzak negoziazioa alde bakarrez ixtea salatu du

Maderas de Llodio-ko Enpresa Batzordeak salatzen du zuzendaritzak alde bakarrez itxi duela negoziatzeko eta Maderas de Llodion irekita dagoen gatazkari irtenbidea emateko aukera oro.

Bereziki larria da, enpresak egoera kritikoa dagoela transmititzen duen bitartean, mahai gainean jartzen duen proposamen bakarra enpleguaren suntsiketa handitzea eta negoziazioarekin jarraitzeari uko egitea izatea. Jarrera hori onartezina da, eta dagoeneko larria eta konplexua den lan-gatazka are gehiago okertzen du.

Enpresa Batzordeak guztiz onartezintzat jotzen du, halaber, enpresak aurretik landutako proposamenak itxitzat ematea eta abenduan batzordeak aurkeztutako azken proposamena besterik gabe baztertzea. Proposamen hori adostua izan zen eta langileek gehiengo zabal batez berretsi zuten, eta gatazkari benetako irtenbidea ematen zion. Jarrera honek negoziatzeko borondate faltaren erakusgarri argia da, eta edukirik gabe uzten du benetako eta fede oneko negoziazioari egiten zaion edozein erreferentzia.

Enpresari adierazi zaion bezala, gatazka konpontzeko bide bakarra negoziazioa eta akordio batera iristea da. Epaiketak ez du Maderas de Llodion dagoen egoera konponduko, eta negoziazioa alde bakarrez ixteak gatazka are gehiago larriagotzea besterik ez du ekarriko, enpresaren egungo testuinguruan nekez uler daitekeen zerbait.

Bestalde, etorkizunean jarduera berraktibatzeko aukera planteatzea konpromiso zehatzik, eperik eta bermerik gabe, ziurgabetasun guztia langileen gain uztea da, eta berriro ere enpresaren erantzukizunei ihes egitea.

Enpresa Batzordeak azpimarratzen du langileek, modu bateratuan eta gehiengoz, gatazkari irtenbidea emateko eta egonkortasun-egoera baterantz aurrera egiteko aukera ematen zuen proposamen bat berretsi zutela. Enpresak hasieratik badaki zein den egoera hau konpontzeko bidea; bide hori irekita jarraitzen du eta oraindik ere beraien esku dago.

Horregatik guztiagatik, Maderas de Llodio-ko Enpresa Batzordeak zuzendaritzari eskatzen dio bere jarrera zuzentzeko, negoziazioari seriotasunez eta erantzukizunez berriro ekiteko eta negoziatzen ari ziren baldintzetan proposamen bat aurkezteko.

Pilota zuen teilatuan dago.

GARNICA, IRTENBIDEA ORAIN!

Maderas de Llodio-ko Enpresa Batzordea

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....