2026-04-25
Blog Page 396

Ez enpleguaren sorrerak ezta lan erreformak ere ez dituzte bizitza bizigarriak bermatzen

Langabeziak beherantz egin duela dioen titular orokorrak lerro arteko irakurketa sakonago bat behar du. Gaurkoan gazteriaren, migranteen eta epe luzeko langabezian dauden langileengan jarriko dugu arreta.

Izan ere, gazteriaren langabezia pandemiako datu okerrenetan baino askoz ere baxuago kokatu arren, Nafarroan 25 urte azpiko %18,23 dago langabezian, batezbestekoaren oso gainetik, eta Euskal Autonomia Erkidegoan are okerragoa da datua, %27,15ekoa baita. Beraz, gazteriaren portzentaia garrantzitsu bat daukagu langabezian, eta gogoan izan behar dugu gazte gehienek ez dutela inolako prestaziorik jasotzeko eskubiderik. Gainera, azken hilabeteetan langabeziaren jaitsiera hein handi batean enplegu gaztea sortu izanagatik gertatu bada, baita emakumeena ere, sortu den enpleguaren prekarizazioaren isla dugu.

Migranteak dira batezbesteko langabezia tasatik oso gora kokatzen diren beste kolektiboa. Nafarroan batezbesteko langabezia tasa %9,93n eta EAEn %8,43n badago, Espainiako estatuz kanpoko nazionalitatea dutenena %28,46 eta %20,77an kokatzen da hurrenez hurren. Bizitza prekarioak non metatzen diren ikustarazten digun beste elementu bat.

Eta datu horiei langabezian dauden pertsonen ia erdia, %48, urtebete baino gehiago dagoela egoera horretan gehitu behar diegu.

Langabeziaren jaitsiera modu triunfalistan ospatzeari utzi eta jendarte osoari begirako politika publikoak behar ditugu, kolektibo zaurgarrienak bereziki babestuko dituenak. Eta ez dugu ikusten bide hori ari direnik jorratzen ez Gasteiztik, eta ezta Iruñea edo Madriletik ere.

Ikusteke dago datorren astean lan erreforma onartzeko nahikoa babes izango duen gobernuak. Espainiako estatuko gobernuak CCOO, UGT eta CEOE-rekin adosturiko erreformak gutxi du Raxoiren lan erreforma indargabetzetik patronalari behin baino gehiagotan entzun izan diogun bezala, eurak gustora daude akordioarekin, eta are gehiago, ez daude prest ezer aldatzeko akordio horretatik.

Euskal Herriko langileriarentzat berri txarra izango da lan erreforma aldaketarik gabe onartzen badute. Horregatik ari da mobilizatzen LAB gaurko egunean Hego Euskal Herriko eskualde desberdinetan, lan erreforma hau errefusatu eta irtenbideak (enplegu duina, soldata arrakala eta prekarietatearekin amaitzea) Euskal Herrian bertan bilatu behar ditugula ari gara aldarrikatzen.

Proposamenak onura txiki batzuk badituela jakitun izan arren, hitzarmenen aurreraeragina edo sektoreko hitzarmena aplikatzearen lehentasuna enpresakoaren gainetik kasu, ez ditu aldatzen Hego Euskal Herriko langileriarentzat hain ondorio kaltegarriak ekarri dituen azken lan erreformaren oinarriak. Behin-behinekotasuna mugatzen badu ere, beldur gara ez ote den estatistikak behin-behinekotasuna murriztuz aldatuaraziko dituen neurri huts bat izango, langileen egoera benetan aldatuko ez duena. Langileen kaleratze merkea edota Estatuko hitzarmenen lehentasuna Autonomia Erkidegoetakoekiko, langileriaren pobretze etengabean sakontzeko neurriak izaten jarraitzen dute.

Eta hau da azken urte luzeetan Espainiako estatuak izan duen gobernu ezkertiarrenak eskaintzen digun alternatiba. Inork Estatutik alternatiba etor daitekeela uste badu oker dabil. LABek Euskal Herrira begiratzen du alternatiba bila, bertan egiten ditu proposamenak, bertako langileriari begira. Lan erreforma honi ez, eta batu ditzagun indarrak agertoki berri bat eraikitzen hasteko.

Bortxatutako etxeko langileari babesa erakutsi diogu Sopelan

Sopelan enplegatzaile batek etxeko langile bat bortxatu duela salatzeko, euskal gehiengo sindikaletik elkarretaratzea egin dugu herri horretan bertan. Hala, etxeko enpleguan ematen den klasismoa, arrazismoa eta matxismoa salatu ditugu, gertaera bera salatu eta txeko langileari gure babes osoa helarazteaz gain.

Euskal gehiengo sindikaletik bilera erronda egingo dugu EHBildu, EAJ eta Podemos-Ahal Dugu alderdiekin lan erreformak osoki indargabetzeko konpromisoa eskatzeko

Gehiengo sindikala osatzen dugun LAB, ELA, ESK, Steilas, HIRU eta Etxalde sindikatuok gogor kritikatu dugu Madrilgo Elkarrizketa Sozialeko Mahaian lortutako akordioa, ez dituelako bertan behera uzten aurreko Lan Erreformekin langileentzat ezarritako neurri kaltegarriak.

Aurreko erreformek aldebakartasun osoa eman zioten patronalari kaleratzeak egiteko, prekarietatea, flexibilitatea eta mugikortasuna inposatzeko, eta orain Madrilen adostu diren moldaketek ez dute hori neutralizatzen.

Elkarrizketa Sozialeko Mahaian lortutako akordioarekin, lan erreformak ez indargabetzeaz gain, aukera galdu da beste egoera larri batzuk ere zuzentzeko. Adibidez, azpikontratazioa, behin- behinekotasuna edo etxeko langileen egoera.

Honengatik guztiagatik, urtarrilaren 30ean manifestazioak deitu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan, baita otsailaren 2an, konbalidazio bezperan, lan zentru guztietan ere.

Aldatu ez diren eta aldatu beharreko puntuen artean badira bi premiazkoak: kaleratzeena eta estatalizazioarena. Azken hau prekarietatea zabaltzeko erabiltzen da eta euskal esparrua ez errespetatzea dakar. Euskal gehiengo sindikaletik gobernu eta alderdi polkitikoak interpelatu nahi ditugu gai bi hauetatik hasiz, aurreko lan erreformak osoki indargabetzeko pausoak eman ditzaten.

Horretarako Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdi batzuekin bilera erronda abiatuko dugu gure aldarrikapenak aurkeztu eta horiek aintzat hartuko badira egin beharreko aldaketa juridiko- teknikoak helarazteko. Kaleratzeen eta estatalizazioaren aferetatik hasita, erreformak osoki indargabetzeko konpromisoa eskatuko diegu.

Gehiengo sindikalaren izenean, LAB eta ELA sindikatuotako ordezkariak EHBildu, Podemos-Ahal Dugu eta EAJ alderdiekin bilduko gara.

Lan erreforma honekin ez dela bake sozialik izango ohartarazi diogu euskal patronalari, Aldarrikapen Egunaren baitan

Aldarrikapen eguna egin dugu Ipar nahiz Hego Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian, Frantziako Gobernuak ezarri asmo dituen murrizketen kontrako grebaren testuinguruan, Baionako manifestazioan hartu dugu parte. Hego Euskal Herrian, berriz, hamaika ekintza egin ditugu, enplegu duina, prekaritatearen amaiera eta soldata arrakalaren ezabaketa aldarrikatzeko. Gipuzkoako enpresen elkarte ADEGIren egoitzaren parean, Donostian, LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok mezu argi bat bidali dio euskal patronalari: “Lan erreforma honekin ez da bake sozialik izango”.

LABeko militanteek ADEGIko egoitza okupatu bitartean eginiko adierazpenetan, Igor Arroyok Confebask eta CENen ardura seinalatu du: “CEOEren partaide gisa, lan erreformaren derogazioaren aurkako lobbyaren parte izan dira. Confebask eta CENek prekaritatearen aldeko apustua egin dute berriro ere, jakin arren prekaritateak eragin kaltegarria daukala langileon bizitzetan. Enpresa ereduaren inguruko diskurtsoen gainetik, euskal patronalak bere etekinak lehenesten ditu lan baldintza duinen aurretik”.

Langileon bizitzetan ez ezik, prekaritateak euskal ekonomian ere dituen eragin kaltegarria hizpide izan du Arroyok: “Soldata baxuen eta baldintza kaskarren bideak amildegira darama euskal ekonomia. Enplegu duinik gabe ez dago kualifikaziorik, ez eta berrikuntzarik. Ez dago Industria 4.0 egiterik, enpleguari dagokionez 1.0 bertsioa ezartzen bada”.

Igor Arroyok Madrilgo elkarrizketa sozialean eginiko akordioaren zilegitasun falta nabarmendu du: “Mahai horretan euskal langileok ez gaude ordezkatuta. Hego Euskal Herriko ordezkaritza sindikalari erreparatuta, UGT eta CCOOen artean langileen %34 besterik ez dute ordezkatzen. EAEren kasuan, %29. Hemengo gehiengo sindikala akordio honen kontra dago. Eta UGT eta CCOOeko jendea ere lotsatuta dago, ikusita euren sindikatuek PPren lan erreformari men egin diotela”.

Honela, Madrilgo aritmetikaz baliatuta Euskal Herrian bere nahiak inposatzeko tentazioaz ohartarazi dio LABek ADEGI eta gainontzeko patronal elkarteei. “Gu ez gaude lotuta Madrilgo akordioari. Akordio horrek ez du gehiengoaren legitimitaterik Euskal Herrian. Ondorioz, hemen ez dizuegu oparituko inolako bake sozialik”.

Pasa den azaroan LABek Confebask eta CENi eginiko interpelazioa berretsi du Arroyok: “Gu prest gaude akordioetarako, baina eta langileen arazoei konponbidea emango dieten akordioetarako. Prest gaude 1.400 euroko gutxieneko soldata arautuko duen akordio interprofesionala egiteko. Prest gaude 30 orduko lanaldiaren bidez enplegua eta zaintza lanak banatzea ahalbidetuko duen akordio interprofesional bat egiteko. Baina, momentuz ez dugu patronalen aldetik inolako erantzunik jaso”.

Gauzak horrela, mobilizazio ziklo berria iragarri du Arroyok datozen hilabeteei begira: “Pandemiak agerian utzi ditu osasun sistemaren gabeziak, baita zaintza sistemaren pribatizazioaren ondorioak ere. Pandemian zehar ikusi dugu nolako baldintzetan lan egiten zuten emakumeek, oinarrizkotzat jotzen ziren zerbitzu horietan. Eta horrekin batera, KPIaren igoera izugarria ikusten ari gara. Euskal langileok ez gara egoera honekin konformatuko. Greba eta mobilizazioetara joko dugu sektorez sektore eta enpresaz enpresa datozen hilabeteetan”.

Era berean, euskal gehiengo sindikalak lan erreformaren derogazioa eskatu eta lan harremanen esparru propioa aldarrikatzeko egindako deialdietan parte hartzeko deia egin du Arroyok. Hain zuzen ere, urtarrilaren 30ean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioak eta otsailaren 2an lantokietan mobilizazioak egingo ditugu.

Ekintzak, nonahi

Hainbat eskualdetan mobilizazioak egin ditugu, Aldarrikapen Egunaren baitan, eta protesta ekintza bakoitzak bere ezaugarritze propioa izan du, egun piztuta dauden borroken isla. Argazki bilduma egin dugu mobilizazio horietako batzuekin.

Eraikuntzako langile bat hil egin da Irunen, altueratik erorita

Beste lan-istripu hilgarri bat deitoratu eta salatu behar dugu, kasu honetan Irungo Arbes auzoan. 45 urteko X.L.L. eraikuntzako langilea altueratik erori da birgaitzeko lanetan ari zen eraikinean, hirugarren pisu batetik eta azpian zeuden langileak harrapatuz. Horietatik batek zauri arinak izan ditu besoan. Construcciones Arixu enpresakoa zen hildako langilea. Berriro ere beste istripu hilgarri bat eraikuntzaren eta birgaitzearen sektorean. LAB sindikatutik gure elkartasuna adierazi nahi diegu langilearen familiari, gertukoei eta langileei.

Egoera horren aurrean, norbaitek sinets al dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik? Administrazioei, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen gaitz horri aurre egiteko azalpenak eta berehalako neurriak, kontrol handiagoa eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu.

Hildako langile berri horrekin, gutxienez 5 langilek galdu dute bizia aurten Euskal Herrian, 2022tik 26 egun daramatzagunean, eta horietatik bi sektore honetakoak dira.

Erakundeei, azalpenak eta altuerako lanetarako plan espezifiko bat eskatzen dizkiegu eraikuntza eta birgaitze sektorean, beharrezko neurriak har daitezen eta benetako prebentzio-politikak egin ditzaten. Sektoreak eta langileek ezin dute egoera hau normaltzat ema,n ezta honetara ohitu ere.

Azkenik, dei egiten dugu hurrengo orduetan deitu ahal izango diren eta langileen segurtasuna eta osasuna defendatzea lehentasun izango duten salaketa-mobilizazioetan parte hartzera. Zentzu honetan, euskal gehiengo sindikalak astelehenean egingo du elkarretaratzea, Irunen.

Nafarroako Gobernuari eskatu diogu suhiltzaileen zerbitzua oinarri sendoekin eraikitzen has dadila, benetako arazoak konpontzen ez dituzten adabakiak baztertuz

LAB-Suhiltzaileak taldean ez dugu ulertzen batzuek eta besteek suhiltzaileei sustapenerako eskubidea mozteko duten ahalegina.

Alde batetik, Zuzendaritza burugogorra da subofizialen deialdia egitean, Langile Batzordeko sindikatu guztiek eskatutakoaren aurka, eta Kontseilariak deialdi hori geldiarazteko hartutako konpromisoa ere alde batera utzita, Zerbitzurako beharrezkoak diren aginte postuen egitura eta lanpostu bakoitzaren ezaugarriak eta baldintzak Nafarroako Suhiltzaileen Araudi batean ezarri arte.

LABen Zuzendaritzak proposatzen digun egituraren aurka gaude. Pertsona gutxi batzuetara mugatzen den ofizialordeentzako deialdia da, eta horrek gainontzeko suhiltzaileei igotzeko aukera mozten die.

Era berean, ofizialen lanpostuak A-mailako funtzionarioentzako lekualdatze lehiaketaren bidez betetzearen aurka gaude; izan ere, hala egiten badute, lanpostu horiek gure Zerbitzua ezagutzen ez duten pertsonek beteko baitituzte.

Bestalde, sindikatu batzuek eskatzen dute ofizialordeen lanpostuak, eguneroko jardunean eta larrialdietan guardiaburuak izango direnak, unibertsitate-tituluak dituzten pertsonek soilik bete ditzatela, agian Suhiltzaile Zerbitzuan esperientziarik ez duten pertsonak.

Ez dugu ulertzen sindikatu batzuen proposamena eta bide aldaketa, unibertsitateetan ikasten ez den hau bezain bereziko lanpostu batean titulazioa lehenetsiz antzinatasuna baino, esperientzia eta urteetako lanaren bitartez lankide askok lortutako ezagutza kolpe batean gutxietsiz.

Suhiltzaileen B maila (gaur egun ofizialorde eta sarjentua), funtsean operatiboa izan behar du eta postu bakarrean bilduta (berdin du nola deitzen diogun). Horregatik uste dugu lanpostu hauetan sartzeko esperientzia ere baloratu behar dela eta beharrezko antzinatasuna eta esperientzia duten kaboei aukera eman behar zaiela.

Gure proposamena argia da, lehenbailehen negoziatu eta garatu behar dugu Nafarroako Suhiltzaileen Araudia, karrera profesionala, lanpostuetarako sarbideak, igoera, lanpostuen baldintzak eta funtzioak, aginte-egitura eta abar arautuko dituena. Duela hiru urte, legealdi hasieran, Herrizaingo Zuzendari Nagusiak hartutako konpromisoetako bat izan zen.

Badakigu horretarako 8/2005 Foru Legea, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdietarako arretari buruzkoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutua aldatu behar dugula, gurea bezalako Larrialdi Zerbitzua behar bezala garatzea eragozten digutelako. Gehiengoa dago egiteko eta egin daiteke.

Horregatik eskatzen diegu Nafarroako Gobernuari, Herrizaingo Zuzendaritza Nagusiari eta Suhiltzaileen Zuzendaritza berriari ofizial eta ofizialordeen deialdiak geldi ditzatela eta oinarri sendoekin behar dugun Zerbitzua eraikitzen has daitezela, ditugun benetako arazoak konpontzen ez dituzten adabakiak alde batera utziz.

Etxeko enpleguan ematen den klasismoa, arrazismoa eta matxismoa salatu ditugu

Sopelan, 71 urteko enplegatzaileak adin ertaineko etxeko langile bat bortxatu duela jakin dugu. Honek agerian uzten du, berriz ere, jendarte gisa emakume langileen sektore honekin dugun zor historikoa.

Ez da gertaera isolatu bat. Matxismoak, arrazismoak eta klasismoak abusu eta oinarrizko eskubideen urraketa ugari eragiten dizkiete etxeko eta zaintzako langileei, horietako asko jendarte honentzat funtsezko lana egiten duten emakume migratu eta arrazializatuak. Indarkeria ekonomikoa, lanekoa, instituzionala eta sexuala uztartzen dira sektore honetan, eguneroko ogia bilakatu dira ezikusiarena egiten badugu ere.

LAB sindikatutik egoera hori salatzen dugu, eta Hego eta Ipar Euskal Herriko administrazioei exijitzen diegu dagokien erantzukizun politikoa har dezatela emakume langile horiek bizi duten utzikeria eta indarkeria instituzionalarekiko. Bada garaia langile horien eskubideak zainduko dituzten tokiko politika eta azpiegitura publikoak garatzeko eta enplegu- zentroen barruko baldintza espezifikoen jarraipena egiteko.

Enplegua baldintza duinetan eta eskubide guztiekin eskatzen dugu etxeko eta zaintzako langile guztientzat. Arrazismoari, klasismoari eta matxismoari ez! Esklabotza modernoari ez! Bat kolpatzen badute, denak kolpatzen gaituzte.

Honekin batera dei egiten dugu Sopelako mugimendu feministak gertaera hau gaitzesteko mobilizazioan parte hartzera. Urtarrilaren 27an izango da, ostegunez, Sopelako Udaletxeko plazan, 19:00etan.

“Ekosozialismoaz hitz egiten aritu gara, orain egitea dagokigu”

Urtarrilaren 21etik 23ra ospatu dira Lisboan Nazioarteko V. Topaketa Ekosozialistak. III. Topaketa Ekosozialistak Bilbon antolatu zirenetik hartu dugu parte LABeko kideok topaketa hauetan. Portugalen, Ekintza Sozialeko kide Endika Perezek eta Iratxe Delgadok hartu dute parte.

IX. Biltzar Nagusian gure egin genuen ekosozialismorantz urratsak emateko konpromisoa, berritu berri dugun Programa Sozioekonomikoan oinarrietako bat izan delarik. Topaketa hauetara ekosozialismoaren bueltan kokatzen diren hausnarketak eta eragileak ezagutzeko helburuarekin joan gara, baita gure Programa Sozioekonomikoko proposamenak partekatu (Banaketa hirukoitzarena kasu) eta sindikalismoaren erronkez hausnartzeko ere. Horretarako, sindikatuen eta sindikalismoaren erronken inguruko saio bat antolatu genuen beste kide batzuekin batera.

Ezer baino lehen, topaketetatik egin bezala, Europar Batasunak Covid19 testuinguruan harturiko neurri baztertzaileak salatu behar ditugu, Hegoalde Globaleko kideen parte hartzea oso nabarmenki mugatu dutelako. Krisi ekosozialaren izaera globala da, eta Hegoalde Globaleko herrialdeak dira ardura historiko txikiena duenak eta eragin kaltegarrienak jasaten ari direnak. Hortaz, bide hau kide horiek entzunez eta kide horiekin batera egin behar dugu ezinbestez.

Norantz, nor, nola

Topaketa hauen helburua hiru galdera nagusiri erantzutea izan da: Norantz? (Zein da zerumuga ekosozialista?), Nor? (Nor da iraultza honen subjektua?), Nola? (Zein bide eta proposamen jorratu nahi ditugu?) Era beran, galdera hauek erantzuteko ikuspuntua bere aniztasunean argia zen: justizia klimatikoa eta justizia soziala banatu ezinezkoak izan behar direla, #CodeGreenCodeRed. Horren baitan, topaketen metodologia irekiak hala bultzatuta, askotarikoak izan dira eztabaidak.

Langile-klasearen paperaz gogoeta interesgarriak egiteko aukera izan dugu, eta zehazki sindikalismoaren paperari buruzkoak. Ez da erronka makala. Alde batetik,  ekofeminismoari buruzko saioan (Ecofeminism as working-class politics), lana eta hau nola antolatzen dugun birpentsatzearen beharretik abiatuta, sindikalgintza ekofeministaren indargune eta erronkez eztabaidatu zen; baita ere Zaintza Sistemen nolakotasunaz eta hauek nola jorratu daitezkeen, edota zaintza greben potentzialitateaz. Argi dago, LABen ere hala hausnartu dugu, langile-subjektuaz dugun ulerkera zabaltzeko erronka daukagula eta lan mota guztien aitortza eta berrantolatzearen beharra aintzat hartuz gure praktika sindikala eta proposamenak edo aldarrikapenak eraldatu behar ditugula.

Eztabaida beraren baitan ere trantsizio ekologikoak suposatzen duen sektore batzuetako enplegu galerari aurre egiteko estrategien inguruko eztabaida egiteko aukera izan genuen. Galdera gakoa da zein rol har dezakegun kutsadura handia eragiten duten sektoreetako langileekiko. Sistema kapitalistan langileok gure lan indarra saldu behar dugu bizirauteko, eta trantsizio ekologikoak eskatzen duen trantsiziori loturiko enplegu batzuek desagerpenak beldurra eragin dezake, langile sektore batzuk erresistentziak izatera eramanez. Ezin dugu beste alde batera begiratu, are gutxiago eskuin muturraren mehatxua gero eta handiagoa den honetan. Sindikatuok langile hauentzako ere zein proposamen daukagun zehazteko ardura daukagu, trantsizioa langileek ez, kapitalak ordain dezan.

Eztabaida interesgarria eman zen ikuspegi honetatik. Langile horiei alternatibak emateko beharraren aurrean enplegu klimatikoak bezalako proposamenak eztabaidatu ziren (Climate Jobs), langileok trantsizio ekologikoaren subjektu bilakatzeko helburuarekin eta jendartearentzat onuragarriak diren enplegu duinetan aritzeko aukera emanez. Era berean, deshazkundea aukera bat baino behar bat eta jada modu ez-planifikatuan eta langileen kontra gertatzen ari den zerbait dela aipatu zen, eta beraz, ez dela soluzio magikorik etorriko enplegu batzuk beste batzuengatik ordezkatzean baino ez dena oinarrituko. Horregatik, beharrezkoa dugu langileak subjektu aktibo bilakatzeko proposamen zehatzen eztabaidan jarraitzea, Bidezko Trantsiziorako Batzordeen proposamena bezalakoak, gure Programa Sozioekonomikoan jasoa duguna. Proposamenak eraiki behar ditugu bai, eta, era berean ere, trantsizio honen gidaritza eta garatzeko baliabideak kapitalari disputatu.

Horretaz gain, beste hainbat eztabaida izan genituen: TUEDeko kideek hainbat sindikatuk egin dugun Trade Union Program for a Public, Low-Carbon Energy Future (Sindikatuen programa publikoa eta karbono-baxukoa den etorkizun energetikorako) proposamena aurkeztu zuten, mugimenduaren intersekzionalitateaz hausnartu genuen, Global Green New Deal proposamena eta honen inplikazioak Hegoalde Globalean ezagutu genituen… Ekosozialismoaren txapelaren baitan proposamen anitzak biltzen direla agerian geratu da. Ideia eta proposamen ugari daude mahai gainean eta eztabaidagai dago nola bultzatu daitekeen hauen arteko eztabaida eta nola bilatu daitezkeen sinergiak.

“Ekosozialismoaz hitz egiten aritu gara, orain egitea dagokigu”. Topaketen amaiera ekitaldian aipatu zen esaldi hau. Topaketa Ekosozialistek munduko txoko ezberdinetako aktibistak eta eragileak elkartzeko aukera eman digute, elkar aberasteko eta sareak indartzeko. Erronka globala dugu parez pare, baina aldaketek tokian toki ondo sustraituak behar dute. Hor kokatzen gara LABeko kideok: ikasitakoa Euskal Herrira ekarri, eta sindikaldintza borrokalari eta eraldatzailetik praktikan sakontzeko erronka gure eginez. #GukEkosozialismoa

Nafarroako Gobernuak Hezkuntza Ituna betetzeko inolako asmorik ez duela salatu dugu

EAEko Hezkuntza Ituna ardatz agerraldia egin genuen atzo Bilbon; Nafarroako Hezkuntza Itunaren harira, berriz, elkarretaratzea egin dugu gaur Iruñean. Hain zuzen ere, Hezkuntza Departamentuaren aurrean mobilizatu gara salatzeko Nafarroako Gobernuak 4 urte daramala Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna urratzen.

Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna sinatu zenetik 4 urte luze igaro ondoren, LABen argi gelditu zaigu Hezkuntza Departamentuak ez duela inolako asmorik Itunean sinatutakoa betetzeko. Hezkuntza Departamentuak ez ikusiarena egiten du Irakaskuntza Publikoa hobetuko luketen auzi guztien aurrean, are gehiago hobekuntza horiek nolabaiteko gastu ekonomikoa ekartzen badute. Gure iritziz, gai horiei lehenbailehen heldu beharko litzaieke, arazoei konponbide egokia eman ahal izateko.

Itunean adostutako alderdi batzuk gastu handia ekar badezakete ere, uste dugu inbertsio hori ezinbestekoa ere badela benetan hezkuntza publikoa hobetuko badugu, zuzen-zuzenean eragiten baitute kalitatean. LABetik Departamentuari behin baino gehiagotan eskatu bezala, beharrezkoa da hainbat gairi lehentasuna ematea, hala nola, ratioak eta irakasleen eskola-orduak jaisteari, ikastetxe publikoetako irakasleen lanaldia eta ordutegia arautzen dituen uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretua berritzeari, edo Itunaren II. ataleko 4. artikuluan aipatzen den eta orain ukatzen ari den irakasleen adinagatik zuzeneko saioak murrizteko eskubideari, besteak beste.

Ituna 2018-2022 epean gauzatu behar zen; jada laugarren urtean gaude eta irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko gauza asko falta dira oraindik. Orain arte jaso ditugun erantzunetan, Departamentuak entzungor dirau: gure proposamenei ez zaie erantzuten, muzin egiten zaie, edo luzamendutan ibiltzen dira, benetan garrantzia duten gaiak behin eta berriro atzeratuz. Honek guztiak kontseilariak Ituna betetzeko duen erabateko borondate eza agerian uzten du eta, hortaz, Gimeno kontseilariari gogorarazi nahi diogu Nafarroako Gobernuak sinatu zuela Hezkuntza Ituna eta, ondorioz, nahitaez bete behar duela, eta eskatu nahi diogu benetan irakaskuntza publikoa hobetzeko halabeharrezkoak diren aferei behingoz aurre egin diezaien.

Hezkuntza kalitateaz asko hitz egiten du kontseilariak baina, antza, ahaztu egiten du hori bermatzeko pausuak eman ere egin behar direla. LABetik adi jarraituko dugu hala egin dezala exigitzeko.