2026-04-25
Blog Page 392

Tasubinsak milioika euro jaso ditu diru publikoan, kalitatezko enplegua bermatzeari uko egiten dion bitartean

Tasubinsak (900 langile baino gehiago enplegatzen dituen Nafarroako enplegu-zentro berezi handiena) 11 milioi euro baino gehiago jaso zituen 2020tik 2021era Nafar Lansareren eskutik. Hala ere, uko egin dio langileen erosteko ahalmena bermatzeari, soldata txikiak handituz. LABek diru-laguntzetan enpleguko kalitate irizpideak eta klausulak betetzeko eskatu dio gaur SNE-NLren Gobernu Kontseiluari.

Lan hitzarmena negoziatzen bederatzi hilabete eman ondoren, 2021eko urriaren 13an, Tasubinsako zuzendaritzak akordiorako edozein aukera itxi zuen, KPIa ez bermatzeko eta orain arte negoziatutako eta bere gain hartutako puntuak kentzeko asmoa berretsi ondoren. Ondorioz, Enpresa Batzordearen gehiengoak ―LAB da lehen indarra, 8 ordezkarirekin―greba-egun bat deitu zuen urtarrilaren 27an, honako lelo honekin: KPIaren igoera ez pobretzeko!

SNE-NLren 2021-2024 Enplegu Politika Aktiboen Planak, bere helburu estrategikoen artean, kalitatezko enplegua sortzea jasotzen du. Hala, LAB sindikatuaren ekarpenaren ondoren, plan horrek enpleguan kalitate irizpideak eta klausulak ezartzea jasotzen du kontrataziorako diru-laguntzetan eta pizgarrietan.

2020. eta 2021. urteen artean, Tasubinsak 11.063.007,34 milioi euro jaso zituen, zentroaren soldatak, kontratazioa eta bideragarritasuna diruz laguntzeko. Hala ere, enpresako zuzendaritzak ez du bermatu nahi langileen erosteko ahalmena. Ez du bere gain hartzen soldata txikiak igotzea, ezta bizitza igotzearekin ere. Bestela esanda, langileak pobretzearen alde egiten du.

Horretarako, Tasubinsako zuzendaritzak praktika erabat antidemokratikora jo du. Horrela, negoziazio paralelo bat garatu du UGT eta CCOO sindikatuekin batera, langileen gehiengoaren ordezkaritzaren bizkar. Jarrera antisindikal argi batean, sindikatu horiek onartu egin dute plantillaren erosteko ahalmenaren galera, 2022an 420 eta 1.016 euro artekoa izango baita langile bakoitzeko.

LAB sindikatuaren ustez, Tasubinsako zuzendaritzak bere plantilla pobretzeko hartutako erabakia ez da bateragarria SNE-NLren diru-laguntzek enpleguan bete behar dituzten kalitate irizpide eta klausulekin. Horregatik, gaurko Gobernu Kontseiluan, LABek eskatu du Tasubinsari ematen zaizkion egungo eta etorkizuneko diru-laguntzetan irizpide horiek betetzen diren berrikusteko.

EAEko eskoletan salatu dugu Hezkuntza Sailak ez dituela betetzen irakasleak ez diren langileen ordezkapenak

LAB sindikatuak gaur EAEko eskola publikoetan bertako hezkuntza komunitatea mobilizatzera deitu du, “Aurrez aurreko eskolak bermatzeko ordezkapen guztiak bete orain lemapean”. Ikusezinak diren kolektiboak ezinbesteko direla aldarrikatu eta ordezkapenen falta salatzeko.

LAB sindikatuarekin Hezkuntza Sailak kolektibo guztietan 2018tik ordezkapenak lehen egunetik betetzea sinatuta dagoen arren, Sailak ez du neurri hori betetzen. Estrukturala den arazoa pandemia garaian azaleratu egin da, eta ikasturte honetan egoera jasangaitza bilakatu da. Eskola publikoetako sukaldari eta garbitzaileen, Haurreskolak Partzuergoko haur hezitzaile eta kudeaketako langileen eta Heziketa Bereziko hezitzaileen langile-kolektiboetan, hamarnaka dira egun betetzen ez diren ordezkapenak. Eskola publikoko ikasle zaurgarrienak eta euren familiak behar duten arreta ez direla behar bezala jasotzen ari salatzen dugu LAB sindikatutik.

Garbitzaileak pandemia hasieratik funtsezko langile izendatu bazituzten ere, gaur gaurkoz ez daude ordezkatuta. Lanean daudenen gainean erortzen da dagoen lan-zama, eta langile hauen ezaugarri eta erantzukizunagatik eurei ez dagozkien eremuak ere garbitzen dituzte.

Sukaldarien falta dagoenean antzeko egoerak ematen dira, eta, gainera, zerbitzuaren kalitatean eragina du. Pertsonalaren faltak egun asko jarraian ikasleei salbamendu menuak ematea eragin du;  plater bakarra edo lapikokoa ematen zaie.

Haurreskolak Partzuergoan, ordezkapenak eskatzen direnean erantzuna da zentroaren egoera aztertu dutela eta, ondorioz, ez dutela ordezkapena beteko, edo haurren matrikula kopurua igo eta aurreikusita egon behar ziren kontratazioak momentuz ez direla indarrean jarriko. Hainbat kasutan, haurreskolako ordutegia eta ordezkatu gabe daudenen ordutegia bete ahal izateko, lanean dauden langileei aparteko orduak egitea proposatzen zaie. Honen aurrean, egia ez dada ere,  Partzuergoak jarritako aitzakia da ordezkoen zerrendetan lanerako prest dauden langilerik ez dagoela.

Heziketa bereziaren kasuan, Hezkuntza Laguntzako Espezialisten kolektiboan dauden hutsuneak direla eta egunetik egunera eskoletako egoera okerrera doa. Bertan dauden gainontzeko hezitzaileen lan-zama izugarri handitzen ari da eta ezin dute lana normaltasunez aurrera atera. Hori dela eta, lanaren kalitatea eta hain garrantzitsua den inklusioa kinka larrian jartzen ari da. Zeinu Hizkuntzako Interpreteen falta eta Okupazio Terapeuta eta Fisioterapeuten ordezkapenetan ere huts egiteak nabarmenak izaten ari dira. Azken hauen egoera dela eta, zerrendak hizkuntza eskakizunik gabe irekitzeko deialdia egiteraino heldu da, Ikasleen hizkuntza eskubidea urratuz.

Hezkuntza Sailak, batetik, ez du egoera aurreikusi, eta, bestetik, ordezkapenak banatzeko irakasleekin erabiltzen duen programa informatikoa oraindik ez du martxan jarri gainontzeko kolektiboetan. Ondorioz, Hezkuntza ordezkaritzetako eta Haurreskolak Partzuergoko kudeaketako langileak ezin heldu dabiltza eta bere lana ondo egiteko baliabide falta izugarriagatik etsituta  daude.

Jaurlaritzak egun daukagun egoera konpondu eta Hezkuntzara diru gehiago bideratu behar du. Kalitatezko euskal hezkuntza sisteman, aurrez aurreko eskolak bermatzeko, langile-kolektibo guztietan beharrezkoak diren neurri guztiak jarri behar dira. Inklusioa, zaintza, hezkuntza, kontziliazioa… ez daitezen papereko hitz politetan gelditu!

Garbiñe Aranburu: “Indarrak batu nahi genituzke lan harremanen eraldaketa gauzatzeko”

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak agerraldia egin dute, Madrilek lan erreforma indargabetzeari ateak itxi ondoren LAB sindikatuak hartuko duen bidearen berri emateko. Hain zuzen ere, bilerak eskatuko ditugu euskal gehiengo sindikalaren gainontzeko sindikatuekin, EH Bildu eta EAJ alderdiekin eta Gasteiz eta Iruñeko Lan Sailekin, horiekin guztiekin hitz egiteko eta gure proposamenak helarazteko jartzeko; hala nola, EAEko eta Nafarroako Parlamentuetan dagoeneko erregistratuta dugun Euskal Lan Kodearen egitasmoa mahai gainean jartzeko.

LABek CONFEBASK eta CEN patronaletara jo zuen azaroan, gutxieneko soldata 1.400 eurotan ezartzeko, soldata-arrakala gainditzeko, lanaldia murrizteko, kaleratzeak mugatzeko edo enplegua duintzeko proposamen bat adosteko. Patronalak, ordea, ez du erantzun, patronalak ez du edukia duen elkarrizketarik nahi. Patronala eroso dago estatu markoan, onuragarriagoa delako bere interesentzat.

Hala, Garbiñe Aranbururen hitzetan, eskatuko ditugun bilerekin, “indarrak batu nahi genituzke lan harremanen eraldaketa gauzatzeko, lan duin baten aldeko indarrak batzeko, presioa egiteko, patronala kaleratze errazaren, prekaritatearen eta langileen pobretzearen bidea alde batera uztera behartzeko”.

LABeko arduradunaren esanetan, enplegua, zaintza eta aberastasuna duintzeko eta banatzeko akordioak lortzea ez da patronalaren eta langileen ordezkaritzaren arteko gai esklusibo bat: “Esparru politikoak, gobernuek, eragile aktibo izan behar dute balantza langileen alde orekatzeko. Langileen bizitza hobetuko duten akordioak defendatzeko jarrera proaktiboa izan behar dute, eta patronala interpelatu behar dute hori posible izan dadin”.

Idazkari nagusiaren arabera, “alderdi batzuei entzun diegu patronala kongresua bahitzen ari dela edo patronalak beto-ahalmena duela. Ados gaude irakurketa horrekin, baina orain hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da. Madrilgo Gobernuak amore eman du patronalaren aurrean, eta orain arte Eusko Jaurlaritzaren politikek ere mesede egin diete patronalari, eta Eusko Jaurlaritza eta patronala bera eskutik helduta joan dira. Sinbiosi hori apurtzea tokatzen da”.

Madrilen posible ez dena Euskal Herrian posible egiten jarraitzeko unea dela nabarmendu du: “Estatuan ez dago beharrezko eraldaketari ekiteko adinako indar-korrelaziorik. Euskal Herrian beste indar korrelazio bat dago, beste gehiengo politiko, sindikal eta sozial batzuk daude. Estatu propio baten beharra agerian uzten duen beste froga bat da hau, Errepublika sozialista eta feminista bat”.

“Patronalek badakite zer izango duten aurrean”

Madrilen konbalidatutako lan erreformari buruz dagokionez, Garbiñe Aranburuk berretsi du ostegunean bertan aipatu genuena: “Lan-erreformak ez ditu eskubideak berreskuratzen, ez du prekaritatean eta diskriminazioan oinarritutako eredua iraultzen, baina hemen ez da ezer amaitu. Orain, erreformaren aplikazioa oztopatzea eta lan-harremanak eraldatzen jarraitzea dagokigu, lan duina bermatzeko”.

Hain justu, eragotzi egingo dugu erreformaren alderdirik kaltegarrienak hemen aplikatzea. Patronalaren asmoak, hots, kaleratze errazera eta prekarizaziora jotzea negozioari eusteko, baldintzatzen jarraituko dugu. “Eta nola egin dezakegu? Gure ekintza sindikala indartuz, borroka eta greba gehiago aktibatuz eta langileen bizitza hobetzeko akordioak lortzeko ahaleginak areagotuz”, azaldu du Garbiñe Aranburuk.

Idazkari nagusiak adieraz bezala, “CONFEBASKek eta CENek badakite zer izango dute aurrean, badakite ezingo dituztela legez ezarri dituzten aukera guztiak nahi bezala erabili, badakite langileen eskubideei erasotzen dietenean erantzun sindikala eta soziala izango dutela”.

Eta aurre egitea eta erreforma ez aplikatzeko borroka harago, lan harremanak eraldatzeko lan egingo dugu: “Helburua da lan-harremanak eraldatzea, alderdien arteko oreka berreskuratzea, erreforma egin ondoren ezarri den eredua iraultzea eta lan duina bermatzea.

Hiru greba egun deitu ditugu Amazon enpresako kontrata batean

E-BOX Last Mille enpresako langileek, Amazon-Trapagarango paketeak banatzeko kontratetako batek, hiru greba egun deitu dituzte, eta lehenengoa otsailaren 14an izango da. Helburua langile baten kaleratzea eta enpresa LABen afiliazioaren aurka jartzen ari den zigorrak salatzea da.

Urtarrilaren 8an, E-BOXeko langileek hauteskunde sindikalak egin zituzten, eta gehienek LABen proiektu sindikalaren inguruan antolatzea erabaki zuten. Horren ondorioz, hainbat ekintza egin behar izan dira, bai Lan Ikuskaritzan, bai epaitegietan ere, Amazonen azpikontrata horren lan-baldintzak duintzeko.

Zigorra jaso duten langile guztiek, hala nola kaleratutako langileak, ekintza judizialak hasi zituzten lan-baldintzak hobetzeko aplikazio-hitzarmena aldatzeko, eta, neurri errepresibo gisa, zigorrak eta langile klasearen aurkako erasorik handiena den kaleratzea pairatu dituzte. Horregatik, kaleratutako lankidea berriz hartzeko eta zigorrak kentzeko eskatzeko, otsailaren 14rako deitu dugu grebaren lehen eguna.

Erantzukizun politikoak argitzea eta azken ondorioetaraino iristea ezinbestekoa da Zaldibarren

Otsailaren 6an, bi urte beteko dira Zaldibarko Verter Recycling zabortegiaren hondamenditik. Bi langile, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze, zabor artean lurperatu zituzten.

Euskal gehiengo sindikalak ohar bateratua atera dugu urtemugaren harira, eta salatu dugu langileen heriotzak, istripuak eta gaixotasun profesionalak merke ateratzen zaizkiela patronalari eta nabarmendu dugu horrek horrela jarraitzen duen bitartean gauzak ez direla aldatuko.

Otsailaren 6an, igandean, bi urte beteko dira Zaldibarko Verter Recycling zabortegia erori zela. Bi langile, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze, zabor artean lurperatu zituzten. Hori dela-eta, otsailaren 6an mobilizazio bat antolatu da. ELAk bat egiten du ekimenarekin.

Peritu txostenen arabera eta hasieratik gehiengo sindikalak –ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru– salatu duenez, enpresako arduradunak jakitun ziren zabortegian zeuden kalteez, lurrean pitzadurak zeudela ohartariak zeuden, kolapsoa gertatzeko arriskua zegoela ere jakin bazekiten, eta txosten teknikoek jarduera gelditzeko gomendatu zieten enpresako arduradunei.

Nahiz eta egoera larriaren jakitun izan, enpresak ez zuen ezer egin erorketa saihesteko, ez zituzten langileak ohartarazi eta ez zuten gailu berezirik ezarri eta ez zen ekoizpena gelditu. Katastrofea gertatu zen eta bi langile hil zituen.

Frogatuta geratu da Verter Recyclingek zuzeneko erantzukizuna duela hildako langileen gainean eta, horregatik, Zaldibarko Zabortegiko hiru arduradunei, Jose Ignacio Barinaga (enpresaren jabea), Arrate Bilbao (gerentea) eta Juan Etxebarriari (ingeniari-burua) bi langileen zuhurtziagabekeriazko homizidioa eta langileen segurtasunaren aurkako delitua egotzi zizkieten.

Arduradunek euren erantzukizuna onartu dute espetxean ez sartzearen truke, eta enpresak biktimen familiei kalte ordain ekonomikoa ordaintzeko konpromisoa hartu du.

Agerian geratu da, patronalak langileen heriotzetan duen erantzukizun zuzena frogatu arren, diru kopuru baten truke kartzela zigorrak saihestu daitezkeela. Egiaztatu dugu langileen heriotzak, istripuak eta gaixotasun profesionalak merke ateratzen zaizkiela patronalari, eta horrek horrela jarraitzen duen bitartean gauzak ez direla aldatuko.

Zaldibarko zabortegiaren lur erortzea, erantzukizuna ezin zaio enpresari mugatu; izan ere, administrazio publikoek zuzeneko erantzukizuna izan dute, ez baitute zaintza eta kontrol lanik egin. Horregatik, garrantzi berezia du erantzukizunak argitzeak, baita politikoak ere.

Laneko odolusteak ez du etenik, egiturazko arazo larri baten aurrean gaude. Lan istripuek, urtez urte, gora egiten dute. Horrela, 2021ean gutxienez 62 langilek galdu dute bizia lanean eta aurten 6 dira jada lan istripuz hildako langileak. Azpikontratazio maila handia, behin-behinekotasuna gero eta handiagoa eta enplegu eta lan baldintzen prekarietatea dira egoera horren atzean dauden faktore nagusiak.

Hala eta guztiz ere, Gasteizko gobernuak oraindik ez ditu segurtasun eta osasun arloko politikak aldatu nahi, eta agerian geratu da politika horiek ez direla eraginkorrak eta ez direla nahikoak ezbehar tasaren gaitz soziala ezabatzeko.

Era berean, ingurumen politikek eta hondakinak kudeatzeko politikek klase nagusiek eta haien interesek markatutako bide neoliberal eta ekozidari jarraitzen diote. Politika horiek ez dituzte, inola ere, herri klaseen premiazko arazoak konpontzen eta beren lehentasunen artean ez dute lehenesten beren erabakiek eta politikek eragiten duten drama ekologiko nabarmena, tokikoa zein globala.

Politikak aldatzeko garaia da, alternatibak ditugu. Borondate politikoa besterik ez da falta, bizitza eta osasuna beste guztiaren gainetik jarriko dituen sistema alternatibo bat garatzeko.

Gehiengo sindikaletik, Zaldibarko zabortegian gertatutako guztia salatzeaz gain, babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen familiei, baita lanean edo horren ondorioz hildako langile guztiei ere. Bada garaia laneko heriotzek eragiten duten sarraskia bertan behera uzteko.

Bizkaiko helduen egoitzetako 5.000 langileren grebarako eskubidea errespetatzeko eta egungo gutxieneko zerbitzuak kentzeko eskatu diogu Lan Sailari

Otsailaren 3an, Bizkaiko helduen egoitzetan otsailaren 8rako aurreikusita dagoen greba-eguna dela eta, Lan Sailak erabaki du berriz ere 5.000 langileren grebarako eskubidea urratzea.

Erabaki horrekin, Eusko Jaurlaritzak estaldura eman dio berriz ere lantokietako zaintzaren egiturazko arazoari, eta balantza, inolako orekarik gabe, patronalak eta Aldundiak azken urte eta erdian egindako 10 negoziazio-mahaietan azaldu dituzten interesen alde jarri du. Hau da, soldatak izoztea eta uko egitea enpleguko gaiak hobetzeari, kontratazio mugagabe eta lanaldi osokoari, langileak lehen egunetik ordezkatzeari… sindikatuok proposatutako neurriak ratioan, lan-kargetan eta zaintzaren duintasunean lan-baldintzak eta arreta-baldintzak hobetzera bideratuta daude.

Egoera horren aurrean, LABek eta ELAk Lan Sailari eskatu diote egungo gutxieneko zerbitzuak ken ditzala, sektoreko langileen grebarako eskubidea berma dezala eta zaintza-ereduaren aldaketa hobetzeko ahaleginak egin ditzala. Eredu horrek lan-baldintzak hobetzearen, plantillak handitzearen eta pertsonak negozioa baino lehen kokatzearen alde egingo du.

Madrilen ez da lan erreforma indargabetu: Euskal Herrian aldaketa posible egiteko garaia da

Estatuko Gobernu koalizioak hilabeteak eman ditu lan erreformaren indargabetzeari buruz hizketan, baina gaur argi geratu da PPk inposaturiko erreformaren edukien %95 indarrean mantenduko dela.

Aukera galdu da langileak azken hamar urteotan pairatzen ari diren egoera larriari amaiera emateko: aurrerantzean ere kaleratzeak egitea erraza eta merkea izango da; enpresek mugikortasuna eta malgutasuna inposatzen jarraitzeko aukera mantenduko dute; gure negoziazio kolektiboa zentralizatzen eta estatalizatzen segiko dute, eta enpresak hitzarmenetan adostutakoa ez betetzeko aukerari eutsiko diote. Madrilgo elkarrizketa sozialeko mahaian adostutakoa Kongresuan berrestearekin, 2012an PPk inposatu zituen neurri atzerakoienak zuritu egin dira.

Hori gutxi balitz, behin-behinekotasunari aurre egiteko adostutako neurriak guztiz eskasak dira, orain arte bezala iruzur egiteko aukera izango da aurrerantzean ere eta langileen egonkortasun eza mantendu egingo da.

Langileentzat iruzurra izan da elkarrizketa sozialeko mahaiko akordioa, eta iruzurra, hori bera gaur Kongresuan berretsi izana; patronalari prekaritatea inposatzen jarraitzeko tresna guztiak eskutan izatea bermatuko zaio. Hori da patronala hain pozik egoteko arrazoia.

Lan erreformaren aferari lotuta, LABetik beti esan izan dugu begi bat Madrilen eta hanka biak Euskal Herrian ditugula. Argi genuen Madrilen dagoen indar-korrelazioarekin oso zaila zela lan erreforma bertan behera uztea eta Madrilen lortu ezin zitekeena Euskal Herrian posible egin behar genuela, posible egin behar dugula.

Momentu hori heldu da. Madrilen ez dago zer eginik. Sindikatuek eta ezkerreko alderdiek eskuinak eginiko erreforma atzerakoia berretsi dute.

Euskal Herrian aldaketak bultzatzeko garaia da, lan erreformatik blindatuko gaituzten aldaketak. Hori izango da LABen helburua. Horretarako, Estatu mailan CCOO eta UGT sindikatuek erabiltzen ez dituzten tresnak baliatuko ditugu guk hemen: konfrontazioa, borroka eta greba.

Kaleratzeak badaude, borrokarekin erantzungo dugu. Borrokak sustatuko ditugu, behar diren guztiak, gure lan hitzarmenak berton negoziatzeko, kanpo injerentziarik gabe; eta borroka egingo dugu ere lan erreformari aurre egiten dioten lan hitzarmen eta akordioak lortzeko.

Euskal Herrian egin dezagun posible euskal langileen egoerari irtenbidea emango dion lan araudia.

Lan erreforma honi ez!

Bat egiten dugu Harro Topaguneak plazaratutako aldarrikapenekin

LABek bat egiten du gaur goizean Harro Topaguneak Hezkuntza Akordioari begira plazaratutako aldarrikapenekin, hala nola, eskola publikoa hezkuntza sistemaren erdigunean kokatzea, kontzertazio unibertsalaren politikarekin amaitzea, segregazioa gainditzeko neurri tinko eta eraginkorrak ezartzea edota euskalduntzen ez duen hizkuntza- ereduak finantzatzeari uztea.

Hala izanda ere, Hezkuntza Akordioari dagokionez, LABek badauka bere proposamena: urtarrilaren 24an aurkeztutako Dekalogoa, non hezkuntza sistema antolatzeko proposamen integrala eta eremu laboralari loturikoak biltzen dituen. LABek Euskal Eskola Publiko Komunitarioa sortzea proposatzen du, titularitate publikoko eta hezkuntza komunitatearen parte hartzean oinarritutako hezkuntza sare bakar eta burujabea.

Norabide horretan, egungo eredu dualetik sare bakarrerako konfluentziarako proposamena egiten dugu. Eta horretarako, Harrok plazaratutako aldarrikapenez gain, bestelako eskaera batzuk ere jasotzen ditugu; hala nola, tokian tokiko hezkuntza antolaketa publikoa, non planifikazio eta eskolaratze batzorde bateratuek matrikulazioaren eta diru publikoaren kontrola egingo duten, edota diru publikoa jasotzen duten ikastetxeen titularitatean parte hartze publikoa bermatzea.

Gauzak honela, Hezkuntza Akordioari begira LABek Dekalogoan bildutako bere proposamena landuko badu ere, gaur Harro Topaguneak azaldutako aldarrikapenekin bat egiten du eta Harro Topagunean parte hartzen jarraituko du.

Otsailaren 16an eta martxoaren 24an greba egingo dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan

LAB sindikatutik Gipuzkoako helduen egoitzetako langileei otsailaren 16ko eta martxoak 24ko greba egunetara batzeko deia luzatzen diegu, bai eta Gipuzkoako jendarteari langileen aldarrikapenak babestu eta elkartasuna adierazteko eskatu ere.

Urriaren 28ko greba ygunean bilera-eskaera formal eta publikoa egin genion Gipuzkoako Foru Aldundiari helduen egoitzetako egoeraz hitz egin eta irtenbideak bilatzen hasteko asmoz. Azaroaren 12an, ordea, erantzunik jaso ez genuenez, beste greba egun bat burutu genuen; oraingoan, Gipuzkoako Foru Aldundiko ateak itxi zizkiguten muturren aurrean.

Abenduaren 17an, bilera egun baten zain jarraitzen genuenez, Gizarte Politiketako egoitza okupatu genuen. Maite Peñak hitzordu bat emateko konpromisoa hartu zuen arren, gaur gaurkoz ez da sektoreko langileokin harremanetan jarri. Langileok, ordea, ez gara Markel Olano edota Maite Peñaren borondatearen zain geldituko.

Osasun larrialdia dela eta, jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da Gipuzkoako helduen egoitza gehienetan; gehiegizko lan-kargak eta egoiliarrei behar duten atentzioa eskaintzeko denbora falta, soldata-arrakalak egoitza berean edota lan berbera egiten duten sektoreko langileen artean, egutegietan egiten diren etengabeko aldaketak, ordu sindikalak hartzeko oztopoak, lanpostuen egonkortze eza edo justifikaziorik gabeko kaleratzeak, balorazio psikosozialik ez egitea, protokoloen eta segurtasun-irizpideen etengabeko aldaketak…

Argi diogu hau ez dela langile eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat, Gipuzkoako jendarteari eragiten dion auzi soziala baizik. Kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzekoa urratua izaten ari da eta ezin dugu beste alde batera begiratu.

Zaintza negozio bihurtu dute eta diru publikoz finantzatutako zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten enpresa pribatuak izugarrizko irabazi ekonomikoak izaten ari dira gure aiton-amonen zainketa lanaz eta helduen egoitzetako langileen esplotazioaz baliatuz. Hau ez da, beraz, langileon eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat. Guztion eskubidea delako kalitatezko zaintza zerbitzuak jaso edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzea.

Gipuzkoan bizi dugun egoera, gainera, ez da salbuespen bat eta modu sistematikoan errepikatzen ari da Euskal Herriko beste herrialdeetan ere; greba deialdiak egin dituzte Bizkaiko eta Nafarroako langileek, eta Araban, bestalde, ez dago herrialdeko lan hitzarmenik.

Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta patronalaren erantzukizun osoa azpimarratu nahi dugu, irtenbideak bilatzetik urrun, urgentziazko egoera hau betikotzen ari direlako. Elite ekonomikoaren irabaziak handitzea edota gastu sozialaren gutxitzea lehenesten dituzte, langileen lan baldintza duinak edota egoiliarren kalitatezko zaintza zerbitzuak bermatzetik urrun; bestela, nola uler daiteke diru publikoz finantzatutako enpresa pribatuek adinduen zaintza lanak baliatuz dirua egiten jarraitzea?

LAB sindikatutik behin eta berriz azpimarratu dugu egoera hau, zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekaritatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela. Horregatik, zaintzaren eta Gizarte Zerbitzuen egiturazko eredu aldaketaren beharra mahai gainean jarri nahi dugu, kalitatezko zaintza sistema publiko-komunitario baten bidean.

Bitartean, Gipuzkoako helduen egoitzetako Lan Hitzarmen Kolektiboa eta ratioak zehazten dituen katalogoa egungo egoerara egokitzea izango dira gatazka honi amaiera emateko behin behineko baldintza nagusiak.

Negoziazio kolektiboa berraktibatu eta gatazka hau desblokeatzeko momentua da, Osasun Larrialdian zehar langileek egindako esfortzu eta sakrifizioa mahai gainean jarri eta Administrazio Publikoari zein patronalari langileek merezi duten errekonozimendu sozial eta ekonomikoa exigitzeko momentua da. Jendartea sentsibilizatzen jarraitu eta borroka sindikalaren bitartez presio soziala biderkatzeko momentua da.

Egoera hau betikotzeak edo gatazka honi irtenbide emateak jendarte osoaren etorkizuna baldintzatuko duelako, ezinbestekoa izango da sektore guztien inplikazio eta elkarlana, batasun sindikaletik hasi eta egoiliarren senideen elkarteen zein mugimendu sozial ezberdinen artean aliantzak eraikitzeraino.

Langileen, egoiliarren eta interes kolektiboaren defentsan, LAB sindikatuak bi greba egunetara deitzen dugu, otsailaren 16 eta martxoaren 24rako. Egun horietan antolatuko diren mobilizazio eta ekimen ezberdinetan parte hartzeko deia ere zabaldu nahi dugu; ezinbestekoa izango da guztion inplikazioa egoera irauli nahi badugu.

Mobilizazioen deialdiak:

-Otsailak 11: Kontzentrazioak (Gipuzkoako Erresidentzia guztietan)

-Otsailak 14: 10:00etan, auto karabana (Domus VI Erresidentziatik)

-Otsailak 16: 11:00etan, manifestazioa Bulebarretik