2026-04-25
Blog Page 390

Eskola publiko komunitario, euskaldun, inkusibo, laiko eta feminista eratzeko urrats sakonagoak eskatu ditugu

LABen iritziz, Hezkuntza Akordioarako Ponentzia Batzordeak aurkezturiko zirriborroak azaleko irakurketak egiten ditu, idazkerak zalantzak sortzen ditu eta ez dio hezkuntza-sistemaren gabezien muinari heltzen. Hain da horrela, aurkeztutako zirriborroak diagnostikorik ere ez duela eta ikuspegi kritikorik ezean, nekez lortu daiteke egungo hezkuntza-sistema herri bezala ditugun beharretara egokitzea. 

Interpretazio oso ezberdin eta zabalak izan ditzakeen testua da. LABek uste du hitzarmenaren helburuetako bat ituntze-sistema unibertsalarekin amaitzea izan beharko litzatekeela. Are gehiago, konfluentziatik abiatuta titularitate publikoko sare bakarreranzko trantsizioa egin beharko litzatekeela, eskola publikoa sistemaren ardatza izanik eta deszentralizazioan nahiz hezkuntza komunitatearen parte hartzean oinarrituriko publikotasun berria eraikiz. Egungo egoeran, administrazioak eskola publikoa erdigunean jarri eta baliabidez hornitu behar du.

Trantsizio honetan, diru-publikoa jasotzeko baldintzak ezartzearekin batera, -euskaren murgiltze eredua, hezkidetza, laikotasuna, inklusioa, doakotasuna eta euskal curriculuma-, diru publikoa jasotzen duten ikastetxeetan parte hartze publikoa bermatu beharko litzateke, titularitate partekatuko formulak erabiliz. Alegia, trantsizio aldian, hezkuntza zerbitzu publikoan bi titularitate mota leudeke, publikoa bata eta partekatua bestea.  

LABen ustez zirriborroak ez dio herri gisa dugun euskalduntze erronkari behar bezala erantzuten. Euskararen murgiltze eta mantentze eredua definitu eta ezarri behar da hezkuntza komunitate osoarentzat 0 urtetatik Lanbide Heziketa bitarte.

Era berean, 0-18 urte bitarteko hezkuntza sistema ez-unibertsitarioaren eredu eta antolaketari erantzun beharko lioke hitzarmenak, zirriborroan aipatu ere egiten ez den  Haur Hezkuntzako lehen zikloa (0-3) hezkuntza sistemaren barruan eta eskola mapetan integratuz. Administrazioak diru-laguntzen txeke politikarekin amaitu eman beharko luke, hori egin ezean haurrekin eskolek duten matrikulazio lehia betikotuko baita. Bide horretan, ezinbestekoa da Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna bermatzea.

LABek proposaturiko herri mailako eskolaratze eta planifikazio batzorde bateratuak aipatzen ditu testuak. Hala ere, gaiaren garrantziak sakontasun gehiago eskatzen du. Matrikulazio guztiaren planifikazioa egiteko Hezkuntza Sailaren eta udalen arteko ko-gobernantza formulak garatu ahal izateko sortu beharreko batzordeek baliabideak, eskuduntzak eta izaera loteslea behar dituzte ezinbestean. Soilik horrela lortu daitekeelako tokian tokiko beharrei erantzunez segregazioa gainditzeko proposamen integralak garatzea.

LABek bere dekalogoan jaso zuen ikasleen oinarrizko hezkuntza beharrak %100 finantzatuko direla, eta ez besterik. Haur eta ikasleen oinarrizko hezkuntza beharrak, eremu sozialari, ongizate fisiko eta psikikoari eta akademikoari erantzuten dietenak dira eta hauei lotuta, garapeneko autonomia, jolasa, emozioak, segurtasun afektiboa, natura, esperimentazioa, hizkuntza, jakintza, elikadura, gorputza, harremanak eta pentsamendu kritikoa. Hortaz, bertatik kanpo leudeke orain hilabete ezagutu ditugun praktikak, igerilekuak edo bestelako azpiegiturak finantzatzea alegia.

Akordio proposamenak hutsune larria du kontrol publikoari dagokionez. Izan ere, ez da nahikoa doakotasun erreala edota euskalduntzea bezalako gurariak aurkeztea gero ez badira hauen ebaluazioak garatuko. Sistemaren eta finantziazioaren kontrola gauzatzeko instituzioen auditoriak eta ikuskaritza propioak beharko dira. 

Programa-kontratuekin kontu handia izan behar da. Ikastetxe bakoitzak Hezkuntza Sailarekin hezkuntza egitasmoa burutzeko beharrezko dituen baliabideak adostu ditzakeen arren, hezkuntza-sistemak egiturazko curriculuma izan behar du, hezkidetza, aniztasunaren trataera eta inklusioa, laikotasuna eta euskara eta euskal kultura ikastetxe guztien hezkuntza egitasmoaren oinarri izan behar dira. Klase-sozialen, sexu-generoaren edo/eta arrazializazioan oinarrituriko zapalkuntzei hezkuntzak era integral eta kritikoan erantzun behar die, ezin da hautazkoa izan. Aipatutakoaz gain, mekanismoak ezarri beharko dira programa-kontratuak ikastetxeen arteko lehia sustatu ez dezaten eta segregazio-iturri bilakatu ez daitezen.

Afera laboralari dagokionez, irakasleei buruz bakarrik ari da zirriborroa, eta gainontzeko hezkuntza langileak alboratzen ditu. Irakasleen prestakuntzaz aritu behar dela aitortuta ere, ikastetxeko hezkuntza egitasmoaren eta horren helburuen ardura langile guztiona da. Publiko bilakatu behar diren azpikontrataturikoena ere. Langile guztion aitortza ezinbestekoa da, hezkuntza bere adierarik zabalenean ulertu eta eraldatzeko asmoa badago, behintzat.

Langileen sarbideari buruzko adostasunak jaso beharko lituzke zirriborroak, sarbide sistema bakarrerantz urratsak emanez eta, hautagaien aukera berdintasun, gaitasun eta merituetan oinarrituriko prozesu gardenak ezarriz. Era berean, irakasle-ikasle zein hezitzaile-ikasle ratioen jaitsiera adostasunak jaso beharko lituzke testuak, ikasle bakoitzari eskainitako arreta eta hezkuntza kalitatea hobetzeko eta jaiotze kopuruaren beherakadaren aurrean enpleguari eusteko neurri gisa. Langileen lan-baldintzen, egonkortasunaren eta homologazioaren inguruan sakondu beharra dago.

Bukatzeko, LABek adierazten du, plazaratu berri duen dekalogoa oinarri hartuta zirriborroari ekarpenak egingo dizkiola. Egun, oso interpretazio ezberdin eta zabalak izan ditzakeen testua dela baloratuta, eztabaidagai batzuk argitu, definitu eta itxi beharra azpimarratzen du. Egungo ituntze-sistema betikotu edo berau mugatu eta trantsizio bidean jartzea bi gauza oso ezberdin baitira. LABek Hezkuntza Akordioan eragin nahi du eta eragingo du.

Xilema Fundazioak bost langile kaleratu dituela salatu dugu

LAB sindikatua datorren astelehenean, otsailaren 14an, kontzentratuko da Xilemaren Iruñeko egoitzaren aurrean, fundazio horrek adingabeen oinarrizko egoitza-harreretako hezitzaileen artean egin dituen bost kaleratzeak salatzeko. LABen iritziz, Nafarroako Gobernuak oraindik ez du kalitatezko arretarik bermatzen babesik gabe dauden adingabeei laguntzeko zerbitzuetan. Hori dela eta, diru publikoarekin erabat finantzatzen diren enpresa edo fundazioek arbitrariotasunez funtzionatzen dute, eta horrek ez du inola ere laguntzen plantillak egonkortzen.

Sektorean lan egiten dugunontzat, aski ezaguna da gaur egun Xilema Fundazioak kudeatzen duen adingabeen baldintza-agiria oso urria dela, esku-hartze zuzeneko profesionalen kopuruari dagokionez. Izan ere, Nafarroako Gobernua ez zen gai izan LAB sindikatuak helarazi zizkien eskaerak eta beharrak entzuteko.

Hala eta guztiz ere, Xilema Fundazioak erabaki zuen baldintza-agirien gainetik Oinarrizko Egoitza Harreretan arratsaldeetan laguntzeko hezitzaile bat sartzea, hau da, guztira bost pertsona. Orain, Xilema Fundazioak argudiatu du horrek gainkostu handia dakarkiola, eta ezin duela hori bere gain hartu, Gobernuak ez baititu figura horiek finantzatzen, beharrezkotzat jotzen badira ere.

Xilema Fundazioaren Zuzendaritzak arrazoi ekonomikoak argudiatu ditu, baina Enpresa Batzordeari arrazoi hori justifikatzen duen dokumentu objektiborik aurkeztu gabe eta Batzordeari zenbaki bakar bati buruzko informaziorik eman gabe; azken bi urteetan galerak izan dituztela baino ez dute adierazi, hitzez gainera. Horrek ez du justifikatzen bost lanposturen amortizazioa, ez horixe.

Xilemak dioenez, Gobernuak eskatzen zienaren gainetik jartzen aritu dira; jakina, diru nahikoa (publikoa, zergadun guztiena) Gobernuak injektatzen zielako, beste gauza batzuekin egiten duten bezala. Orain aurreztuko duten dirua da, zertara bideratuko duten ere ez dakigun diru hori bera; lehentasunen kontua.

Jakin dugu lanean jarraitzen duten gainerako taldekideei ordutegiak aldatuko zaizkiela. Hezitzaileei beren funtzioak eta lan-gainkarga areagotuko zaizkie. Honezkero, edonor konturatuko zen zerbitzuaren kalitateak okerrera eginen zuela.

Nafarroako Gobernuak babesgabetasun-egoeran dauden adingabeei arreta emateko zerbitzuetan kalitatezko arreta bermatu gabe jarraitzen du. Gainera, oraindik ez du urratsik egin adingabeentzako gizarte-zerbitzuen baimenei, homologazioei eta funtzionamenduari buruzko dekretua arautzeko, eta gaur egun 1991koak indarrean jarraitzen du.

Gizarte-zerbitzuak kudeatzeko modu hori kaltegarria da langileentzat eta erabiltzaileentzat. Erregulaziorik gabe, plantillak batzuen eta besteen arbitrariotasunen eraginpean gaude, titulazioetan irizpideak aldatzen dira, guztion diru publikoaren kudeaketan profesionalik ez dago, kaleratze libreak eta ordutegi-aldaketak daude, eta abar. Hain sektore ahulean, plantillen egonkortasuna hain beharrezkoa denean, ez dugu borondate politikorik ikusten, ezta sakoneko irtenbiderik ere.

Horiek guztiak kontuan hartu ditugu langileok eta horren arabera jokatuko dugu, jarduera horiek behar diren lekuetan salatuz. Aspaldi esan genuen bezala, sektoreko hitzarmena irabazi ondoren, hurrengo ekintza-frontea langile-ratioak hobetzera bideratu behar dugu, lanean osasuna galdu gabe eskaintzen dugun arretaren kalitatea hobetu dadin. Esku-hartzea egin nahi dugu, ez asistentzialismoa.

Horregatik, Xilema Fundazioaren aurrean gure gaitzespena adierazi nahi dugu, kaleratzeak salatzeko eta arreta ratio duinak eskatzeko, azken finean, Nafarroan adingabeen arretarako kalitatezko zerbitzuak bermatzeko helburuz. Horretarako, elkarretaratzea eginen dugu datorren astelehenean, otsailaren 14an, 11:30ean, Xilemaren bulegoen aurrean, Civicanen aurrean, Iruñean.

Arabako Metalgintzako sindikatuok manifestaziora deitu dugu otsailaren 19rako, hitzarmen duin baten defentsan

LAB, ELA, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuon ohar bateratua:

Abenduaren amaieran, ELA-CCOO-LABek erreibindikazio taula bat aurkeztu zion SEAri, Arabako metalaren aldarrikapenekin, sektoreak bizi duen prekarietateari erantzuteko, bizitzaren garestitzeari aurre egin ezin dioten soldatekin, EAEko lanaldi altuenarekin, malgutasun handiarekin, kontratazioan iruzurra, azpikontratazioaren erabilera eta abusua eginez, ABLEekin, emakumeak diskriminazioa sektore maskuliniztuan, istripu askorekin, gaur egungo garaietare egokitu gabeko baimenekin,..

Urtarrilean, SEAk hilabete bat eskatu zigun gure proposamenari erantzuteko eta mahaira zerbait ekartzeko. Gogoratu behar dugu Arabako metalean 3 urte baino gehiago daramatzagula sektoreko hitzarmena negoziatzen, eta patronalak negoziazioa blokeatuta duela eta geldirik dagoela. Horregatik, otsailaren 14ko hurrengo bileran, espero dugu SEAk taktika aldatzea, immobilismotik ateratzea eta sektorearen beharrei erantzun egokiak emango dizkien plataforma bat aurkeztea.

Errealitate horren aurrean, ELA, CCOO eta LAB sindikatuok, ordezkaritza sindikalaren gehiengo zabala osatzen dugunok eta oso kultura sindikal desberdinetatik gatozenok, dinamika bateratu bati ekitea erabaki genuen, sektorea aldatzeko beharra gizarteratzea eta Arabako Metalaren Hitzarmenaren aldeko Manifestazio bat deituz otsailaren 19an 17:30ean Bilbo plazatik. Manifestazio horrekin eta aurkeztutako aldarrikapen-plataformarekin bat egin dute USO, ESK eta CGT sindikatuek, eta hainbat enpresa-batzorde atxiki dira, hala nola Mercedes eta azpikontratak, Tubos Reunidos, Fiasa, CIE Automotive, Atusa, Gestamp Arasur, Condesa, SNA Europe, JEZ, Inauxa, Amurrio Ferrocarril y Equipos,… langileen ordezkari eta ordezkari ugariz gain eta atxikimenduak jasotzen jarraitzen dugu.

Eskaera argia da, eta espero dugu SEAren erantzuna bat etortzea metalurgikoek sortutako aberastasuna sektore osora iristeko eskatzen denarekin. Zentzu horretan, aldarrikapenak argiak dira:

– KPIaren gaineko soldata-igoerak, 1400 euroko gutxieneko soldatarekin, 14 ordainsaritan.
– Lanaldiaren jaitsiera nabarmena. 
– Azpikontratetako langileentzako subrogazioa
– Kontratazioko iruzurraren aurkako neurriak
– Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea
– Benetako berdintasun eraginkorra lortzeko neurriak
– Lan-osasuna bermatzeko neurriak
– Baimenak hobetzea eta pertsonak zentroan jartzen dituzten beste lan-baldintza batzuk
– Hitzarmena aplikatzeko bermeak: ultraktibitatea, alde bakarreko ez aplikatzea eragoztea eta aplikatzeko lehentasuna ematea.

Azkenik, adierazi nahi dugu egungo blokeo-egoerak bere horretan jarraitzen badu eta planteatutako aldarrikapenei erantzun egokia ematen ez bazaie, datozen hilabeteetan lanuzteak eta grebak izango direla Arabako metalgintzan.

Horregatik guztiagatik, otsailaren 19an, 17:30ean Bilbo plazatik egingo den Manifestazioan parte hartzera gonbidatzen ditugu sektoreko langileak eta herritarrak oro har.

Batzar Nagusietara eraman ditugu Gipuzkoako helduen egoitzetako langileen aldarriak

Gipuzkoako Batzar Nagusietan Agenda 2023-2030 transizioko Gizarte Politiken inguruko agerraldia egin du Maite Peñak, aurrera begirako erresidentzia modelo berri bat aurkezteko asmoz. LAB eta ELA sindikatuotako kideok agerraldia eten dugu sektoreko langileon aldarrikapenak mahai gaineratu, eta berriro ere, negoziazio kolektiboa aktibatzeko beharra azpimarratuz eta Diputazio, patronal eta sindikatuen arteko elkarrizketarako deia eginez.

Erresidentzietako egoera benetan larria da eta gehiegi luzatu den gatazka honi irtenbide bat aurkitzeko hamaika bilera eskaera formal egin ditugu dagoeneko eta ez dugu inolako erantzunik jaso Gipuzkoako Foru Aldundiaren partetik.

Esan bezela, azpikontratatutako langileak muturreko egoera batean daude, gehiegizko lan kargak, bajak edota opor egunak ez dira behar bezala kubritzen, erresidentzia ezberdinen artean soldata eta lan baldintzen arteko aldeak agerikoak dira, protokoloen etengabeko aldaketak, etab. Langileen hitzetan, egoera jasanezina bihurtu da.

Egoera hau diru publikoz finantzatutako gizarte zerbitzuen pribatizazioaren ondorio zuzena da, sektore feminizatuen errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezarekin batera.

Sektoreko hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatuta dago patronalaren jarreragatik, eta nola ez, irtenbide bat bilatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren borondate faltagatik; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak 3 urte baino gehiago luzatzen den gatazkaren aurrean uzkurtuta jarraitzen du. Langile nahikorik ez egoteak lan-erritmo biziak eta karga fisiko eta psikologiko jasanezina dakar. Laneko arrisku ergonomiko eta psikosozialen eraginpean egotea orokorra bezain onartezina da.

41/1998 Dekretuarekin alderatuta, langile-ratioak handitzea ezinbestekoa da, ratio horiek hobetu nahi ditugu, arreta pertsonalizatuaren printzipioan sakondu ahal izateko. Behar hori berresten dute pertsonen higienerako arretan emandako denbora luzeek, zainketa pertsonalak, elikagaiak hartzen diren momentuak edota autonomia pertsonala sustatzen emandako denborak.

LAB sindikatutik, berriro ere, bestelako zaintza-eredu baten bidean, Zaintza Sistema Publiko Komunitarioaren bidean, aurrera pausuak emateko beharra azpimarratu nahi dugu, Zaintza eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema publiko, unibertsal, doako, kalitatezko eta kudeaketa publiko eta zuzeneko baterantz. Jakin badakigu, ordea, ezinezkoa dela aurrera egitea, gaurko gatazka eta urgentziei irtenbiderik eman gabe.

Datozen egunetan burutuko ditugun mobilizazio ezberdinetan parte hartzeko deia ere luzatu nahi dugu:

Otsailak 16, Greba Eguna: Manifestazioa, 11:00etan, Bulebarretik.

Gora emakume langileon borroka!

Gaitzespena adierazi nahi dugu Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eta EAEko hainbat udalerrik sustatutako Udaltzaingoen Lan Eskaintza Publiko Bateratuaren aurrean

LABek arbuiatu egin du EUDELek babestutako ekimen hori. Hala erabaki dugu Durangon egindako Afiliatuen Batzarrean. EUDELek hautaketa-prozesu bateratuak sustatzen ditu, hainbat udaletako udaltzaingoetan hutsik dauden lanpostuak betetzeko.

Lehenik eta behin, udaletan negoziatzeko eskubidea urratzen delako, eta eztabaida esparru opakoetara eramaten delako, gure udalerrien errealitatearekin zerikusirik ez duten esparruetara. Ez da udal-plantillen ordezkaririk izan.

Udal-autonomiari eraso egiten zaio, eta enplegu-eskaintza publikoei buruzko eskumenak alde batera uzten dira. Udaltzainak eta gainerako udal-langileak bereizi egiten dira. Gainera, udal askotan bitartekotasun-tasa altuei buruzko problematika konpontzeari uko egiten zaio, eta, beraz, are prekaritate handiagoa sortzen da.

Planteamendu zentralizatzaile horrek gutxietsi egiten du udal singularitatea, eta udalerri bakoitzaren interesetatik urrun dagoen polizia-eredua inposatu nahi du, zerbitzuaren kalitatearen eta herritarrekiko hurbiltasun-harremanaren kaltetan.

Azken batean, LAB sindikatutik salatu nahi dugu beste behin ere langileen eta haien ordezkaritza sindikalaren bizkar jardun dela.

Gainera, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari exijitzen diogu udaltzaingoen definizioan eta karakterizazioan ez sartzeko, udal-eskumeneko gaiak baitira.

Era berean, ez zaigu onargarria iruditzen ekimenarekin bat egitearen aldeko apustua egin duten udalen jarduera, herritarrei kalitatezko zerbitzu komunitarioa, prebentiboa, euskalduna eta hurbilekoa eskaintzeko duten erantzukizunari ihes eginez.

Larunbaterako Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Bilbon, Iruñean eta Lizarran deitutako mobilizazioekin bat egin eta bertan parte hartzeko deialdia egiten diegu langile guztiei

Madrileko gobernuak CCOO eta UGT sindikatuekin Pentsio erreformaren baitan 2021eko abenduan adostutakoak ez zituen urteetan aldarrikatzen ari garena jaso eta murrizketa berriei ateak zabalik utzi zizkien.

Hartutako neurrien artean, pentsioak KPIra lotzea aurrerapausu gisa saldu baziguten ere, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) adierazi bezala, 2022ko urtarrila igarota aurreikuspenak bete dira: %2,5eko igoera izan da kotizaziopeko pentsioetan eta %3koa gutxieneko zein kotizatu gabeko pentsiotean. Biak ala biak urte amaierako %5,5eko KPItik urrun. Bizitzaren garestitzea nabarmena den bezala, pentsioen eros ahalmena murriztu dela nabarmena da. 

Gutxieneko 1.080 eurotako pentsioa ez bermatzea, egun existitzen den genero arrakala gainditzeko neurririk ez hartzea, erretiro adinaren atzeratzea edota pentsio plan pribatuei ateak parez pare zabaltzeak, egungo pentsionistei ez ezik etorkizunean pentsioa izango dugun langile guztioi eragiten diguten erabakiak dira. 

Horregatik, larunbat honetan deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu euskal langileak. Madrileko Gobernu ustez progresistenak eskaintzen diguna guztiz ez nahikoa delako eta etorkizun duina izateko aukera erreal bakarra, hemengo indar harremanetan oinarritu eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldeko borroka egitea delako: Euskal Herrian posible eginez Madrilen ezinezkoa dena. 

Hego Euskal Herrian 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko momentua da

Madrilgo gobernuak, CCOOk eta UGTk akordioa iragarri dute Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) 35 euro igotzeko. Soldata igoerak beti albiste ona izan arren, zenbatekoa oso apala da, baita Espainiako Estatuko egoeraren aurrean ere. Zer esanik ez gurera etorrita: LABetik argi esan behar dugu ez diela Hego Euskal Herriko langileen beharrei erantzuten.

Estatu mailan planteatzen ari diren igoerak oso urrun daude Hego Euskal Herrian dauden beharretatik. Bertoko bizitzaren kostuari ezin dio estatu mailan ezarri berri den 1.000 euroko LGSak erantzun. Hego Euskal Herriko egoerari egokitutako eta egoera horri erantzuten dion LGS ezarri beharko litzateke.

Pasa den azaroan, Lan Erreforma berriaren eztabaida giroan, LAB sindikatutik Confebask eta CEN patronalei langileen lan baldintzak eta prekarietateari aurre egiteko, sektore arteko 5 akordio egiteko proposamena helarazi genien. Horien artean, Hego Euskal Herrian 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzearena zegoen, hori baita euskal langileriak, bizitza duina izango badu, behar duen gutxieneko kopurua.

LABek ohartarazi moduan, PPk inposaturiko lan erreforma ez dute bertan behera utzi, eta honek ezarri zituen neurri atzerakoienak indarrean mantentzen dira (kaleratzeak, prekarietatea, estatalizazioa, malgutasuna, aldebakartasuna, …). Begi bat Madrilen eta hanka biak Euskal Herrian ditugula diogu. Madrildik ez da lan erreformaren inguruko konponbidea etorri, eta LGSrena ere ez da handik etorriko.

LABen, astelehenean publikoki adierazi genuen bezala, argi dugu Euskal Herrian bilatu behar dugula lan erreforma indargabetu ez izanaren aurrean irtenbidea, baita langileok pairatzen dugun prekarizazio eta pobretzeari irtenbidea, adibidez LGS.

Horretarako negoziazio kolektiboaren indartzearekin batera, sektore arteko akordioen bidea irekitzera goaz. Akordio hauetariko bat izan behar da Hego Euskal Herrian 1.400 euroko LGSa ezartzea ekarri behar duena. Euskal Herritik Euskal Herrirako prekaritateari aurre egiteko eginiko neurria.

Patronala, Gobernuak eta alderdiak interpelatuko ditugu gai honekin. Gobernuak patronalaren interesez (irabaziak pilatzea) bakarrik arduratzen dira eta hori aldatu behar da; eta langileen interesak lehenetsi behar dituzte. Hego Euskal Herrian bertoko LGSa lortzearen aldeko posizioa hartu behar dute, hau bultzatu, eta patronala interpelatu.

Lan erreforma berriaren kontra agertu diren bertoko alderdiek ere eremu politiko eta sozialean, 1.400 euroko LGS lortzearen alde agertu behar dute; hori lortzeko beraien eskutan dagoen guztia egitea beharrezkoa da.

Erizainen oposizioaren porrotak Nafarroan argi erakutsi du beste eredu bat behar dugula

Erizaintzako oposizioaren emaitzak ez dira kasu isolatu bat: Osasunbideko beste hautapen-prozesu batzuen ildo beretik doaz. Gainditu dutenak ez dira % 15era iristen. LABen iritziz, emaitza horiek iraingarriak dira oposiziogileentzat. Horregatik, sarbide-sistema berehala aldatu behar da.

Ez da lehen aldia oposizio prozesu batek hain emaitza katastrofikoak dituela Osasunbidean. Hona adibide batzuk: iaz egindako fisioterapeuten oposizioa (non ez ziren eskainitako lanpostu guztiak bete azterketak oso zailak zirelako); 2015eko edo 2020ko zainketa-teknikarien azterketak (aurkeztutako guztien % 5ek eta % 10ek gainditu zuten, hurrenez hurren); erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten 2019ko oposizioa, non inpugnazioak onartu behar izan ziren gutxieneko kopuru batek prozesua gainditu zezan; edo fakultatibo espezialisten LEPa, non akordio batera iritsi behar izan diren lanposturik ez galtzeko.

LAB sindikatutik salatzen dugu horrelako emaitzak Osasunbideko kategoria guztietan gertatzen direla, eta hainbat faktoreren emaitza direla: batetik, epaimahaien jardunari lotutako faktoreak, probak prestatzeko ahalmen osoa dutelako (proba errazak edo zailak jartzea), inolako kontrol-mekanismorik gabe. Bestetik, bibliografiarik gabeko gehiegizko gai-zerrendak, non oposiziogileen gaitasunak eta trebetasunak ez diren baloratzen. Kontuan hartu beharreko beste alderdi bat da meritokrazian eta ikastaroetan oinarritutako sistema bat dela, erakunde jakin batzuen interesen aldekoa; izan ere, erakunde horiek gero eta “premia” gehiago sortzen dituzte, eta lehia areagotzen dute. Horren ondorioz, oposiziogileak gurpil-zoro batean sartzen dira: gainditzeko, ordaindu behar dute, eta merezimenduak izateko, ordaindu behar dute.

Bestalde, onartu beharra dago ezen, oposizioa jende askok gaindituz gero eta gainditu duten guztien merezimenduak baloratu behar izanez gero, administrazioa blokeatuta geldituko litzatekeela, sustatu duten meritokraziagatik eta baloratzen den ikastaro, argitalpen eta master kopuru izugarriagatik. Kasu horretan, prozesua izugarri luzatuko litzateke, modu onartezinean, are gutxiago enplegua egonkortzeko LEP baten “atarian” gauden honetan.

LAB sindikatuak LEPak aurrera eramateko beste eredu bat aurkeztu du behin baino gehiagotan, plantillak benetan egonkortzea ekarriko duena. Merezimendu-lehiaketetan, lan egindako denbora eta euskararen ezagutza bakarrik baloratzea proposatzen dugu, eta administrazioak berak sortutako ikas-materiala eta bibliografia eskaintzea, baita galdera-sortak ere, kategorien arabera. Era berean, oraingoak bezalako emaitzak zuzentzeko mekanismo konpentsatzaileak aurreikusi beharko lirateke. Bestalde, ikastaroak, masterrak, argitalpenak eta abar baloratzeko, lanbide karrera dugu. Gainerakoa negozio hutsa da; prestakuntza hori ordaintzeko dirua dutenen eta ez dutenen arteko aldea nabarmentzeko sistema bat.

Laster ahaztu da Administrazioa garai bateko txaloez eta plantillak egindako ahaleginaz. Laster ahaztu da oposizio honetako epaimahaia bere lankideez, kasu askotan muga eta arazo handiak izan dituztenak oposizio hau prestatzeko. Lekutan dira gure kudeatzaileek egindako errekonozimenduak. LAB sindikatuak Nafarroako Osasun Zerbitzuan dagoen behin-behinekotasun indize onartezinari (% 64koa) bukaera ematea ahalbidetuko duten hautapen-prozesuen alde egiten du. Gure ustez, Osasunbidean lanean 10 urte baino gehiago daramatzan profesional batek sobera ongi frogatu du badakiela lan egiten.

Sinplifikatzeko borondatea behar da, eta salerosketan ibiltzeko gogo gutxiago. Helburuak argi daude: plantilla egonkortzea, lan-baldintza duinak lortzea eta langileen ziurgabetasuna konpontzea. Prozesu honetako emaitzek, tamalez, osasun sistema publikoarekiko motibazio falta, mesfidantza eta utzikeria zabaldu besterik ez dute egiten langileen artean.

“Ez dugu utziko murrizketa politikekin jarrai dezaten”

Sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Gasteizen, Osakidetzaren egoitza nagusiaren aurrean, geure haserrea adierazteko. LABeko ordezkari Jesus Oñatek adierazitakoaren arabera, “ez dugu utziko urtetan ezartzen ari diren murrizketa politikekin jarrai dezaten”.

Hain zuzen ere, Osakidetzan bi greba egun egingo ditugu otsailaren 25 eta 28an, eta manifestazioak deitu ditugu hiriburuetan, otsailaren 26rako, osasun-sistema publikoaren desegitearen eta prekarizazioaren kontra. Gasteizen egin dugun elkarretaratzea dinamika mobilizatzaile horren baitan gauzatu dugu, Osasun Sailaren immobilismoa eta konponbiderik eza salatzeko.