Deskarbonizazioa aztertzeko ponentzian izan gara Gasteizko Legebiltzarrean. Bertan, Ekintza Sozialeko idazkari Endika Perezek hartu du hitza, eta ponentziak prozesu demokratiko, sozial eta partehartzaile baten ondorioa izan behar duela nabarmendu du. Erantzukizunak ez daudela maila berean adierazi du; zentzu honetan, patronalaren ardura handiagoa dela azpimarratu du, kutsatu eta aberastasuna metatu duelako. Hain zuzen ere, hazkunde mugagabearen mitoa arbuiatu eta “banaketa hirukoitza” aldarrikatu du; enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketa, hain justu.
Erakunde publikoek berdintasun planak itxura egiteko baliatzen dituztela berretsi dugu, ez emakumeenganako diskriminazio egoera iraultzeko tresna gisa
“Berdintasunerako barne planen egoera Hego Euskal Herriko erakunde nagusietan” txostena aurkeztu dute LAB sindikatuko Idazkaritza Feministako kide Eli Etxeberriak eta Izaskun Guarrotxenak. Ondorio nagusi bat atera dugu azterketatik: ekintzetan oinarrituta, instituzioek utzikeria erakutsi dute berdintasun-politika teorikoak errealitatera eramateko eta beren legeak betetzeko. Adibide zehatzak jarri dituzte, erakunde publiko desberdinak aztertu eta gero.
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik bi udaletxek baino ez dute berdintasunerako barne planik: Gasteiz eta Donostia. Iruñeak ez du inoiz planik izan, eta orain, lehen aldiz, plana egiteko diagnostikoa egiten ari dira. Bilbok lehenbizikoa egin zuen 2014tik 2017ra, eta inoiz ez du gaia berriro jorratu. Gasteizek hiru urteko geldialdia izan zuen lehena amaitu ondoren (2016/2018), eta bigarrenaren prestaketa oso gatazkatsua izaten ari da, gobernu taldearen borondate faltagatik. Hiru urte geroago, puntu garrantzitsuetan ez da akordiorik lortzen.
Aldundietan ez da giro hoberik arnasten. Arabak bakarrik du barne-plana, eta duela gutxi onartu da (2021ko uztailaren 7an), sindikatuen gehiengoaren adostasunik gabe. Bizkaia eta Gipuzkoak ez dute planik, eta ezer abian jartzeko borondate politiko gutxi sumatzen da. Nafarroako gobernuak 2006-2010erako plan bat prestatu zuen, baina ez zen gauzatu, eta gaur egun diagnostikoa egiten ari da, bigarrena diseinatzen hasteko.
Eusko Jaurlaritza: Une honetan I. Planaren ebaluazioa egiten ari da, eta daukagun informazioaren arabera ez da %30a bete. Gainera, hurrengo planerako diagnostikoa lantzen ari dira.
Oro har, esan dezakegu martxan jarri diren plan guztiak ez direla bere osotasunean bete. Harrigarria da berdintasunaren alde egiten dutela esan, eta diskriminazioarekin amaitzeko neurriak dituzten plan estrategikoak diseinatzen dituzten alderdi politikoetako agintariek, ez aplikatzea beren irizpide propioa gobernatzen ari diren erakundeetan barne-planak egiteko exijitu eta zorrotzak izateko.
Esan dezakegu, beraz, interes gutxi dagoela Hego Euskal Herriko foru, toki-administrazio eta autonomia-esparruko erakunde publiko handietan berdintasunerako barne-planak abiarazteko edo betetzeko. Halaber, esan dezakegu erantzunkidetasun berritzaileko neurriak abian jartzeko erresistentzia handia dagoela, baita negoziatzeko borondate politikorik eza ere.
Ekintzak nahi ditugu, ez hitzak
Ondorio orokor gisa, uste dugu emakumeen diskriminazio-egoera aldatzeko tresna bat diren berdintasun-planak ez direla ba- liagarriak izan helburua betetzeko, baizik eta erakundeen aurpegi-garbiketa eta berdintasunarekiko konpromisoa duten itxura egiteko erabili dira.
Ezin dugu esan urte hauetako berdintasun-politiken ondorioz erakundeetako emakume langileen egoera hobetu denik. Izan ere, beste gauza batzuen artean, emakumeak dira oraindik interinitate egoeran dauden eta lanaldi partzialak dituztenen gehiengoa.
Horregatik guztiagatik, berdintasun-plan errealak, eraginkorrak eta negoziatuak martxan jartzeko eskatzen jarraitzen dugu, erakundeetan gaur egun emakumeok jasaten dugun diskriminazio-egoera iraultzeko. Ekintzak nahi ditugu, ez hitzak.
Nafarroako espazio eszenikoetako teknikarien grebak Gayarre eta Baluarte itxi ditu
Nafarroako espazio eszenikoetako teknikarien borrokak, lan baldintzak duinago bihurtzeko sektorearen erregularizazioaren aldekoak, iragan larunbatean lehenbiziko greba eguna bizi izan zuen, LAB sindikatuak deituta, eta hainbat ikuskizun bertan behera uztea lortu zen. Teknikariak gaur berriz ere mobilizatu dira, Nafarroako Parlamentuaren aitzinean, Nafarroako kultura-jarduera “duintzeko” sortu zen batzorde txostengilearen azken lan saioa aprobetxatuta.
Juan Diego Bottoren Una noche sin lunaantzezlana Gayarren, Romeo y Julietamusikala Baluarten, eta Nafarroako espazio eszeniko publikoetako bertze ikuskizun batzuk larunbatean bertan behera gelditu ziren —aipaturikoak, adibidez— edo aldatu egin behar izan zituzten, gune publikoetan zerbitzu teknikoa ematen duten azpikontratetako langile tekniko gehienek greba egin zutelako. Alde horretatik, LABek grebari buruz egiten duen balorazioa oso positiboa da, %95eko jarraipena izan zuela kalkulatzen baitu.
Lanuztea gain, teknikariak beren eskubideen alde mobilizatu ziren larunbatean. Eguerdian kontzentrazioa egin zuten Kultura Departamentuaren aurrean eta arratsaldean manifestazio jendetsu, koloretsu eta zaratatsua egin zuten Gayarre Antzokiaren inguruetan. Mobilizazioekin jarraituz, gaur berriz ere elkarretaratzea egin dute, oraingoan Nafarroako Parlamentuaren aitzinean, sektorea arautzen den bitartean lizitazioak bertan behera uzteko eskatzeko.
Joan den irailaren 10ean, Parlamentuak batzorde txostengile bat jarri zuen abian “Nafarroako kultura-jarduera etorkizuna duintzeko, egonkortzeko, areagotzeko eta bermatzeko neurriak hartzeko”. Gaur, abenduak 20, batzordearen azken saioa izatekoa zen. LABen aburuz, argi dago sektore horretako langileen lan-egoerak presazko erregulazioa behar duela, lan-baldintzak duintzeko, eta, horregatik, hilabete batzuk daramatza laneko ezegonkortasunagatik protesta egiten duten langileen mobilizazioak babesten. Mobilizazio horiek areagotu egin dira azken egunetan, Gayarre antzokiaren lizitazioa argitaratuta, eta laster argitaratu behar da Baluartekoa. Horrek guztiak agerian utzi du sektorearen ezegonkortasuna, hitzarmen kolektiborik ez dagoelako.
Hitzarmen hori ez izateak halakoak dakartza: lan-egutegirik ez izatea; lan-ordutegia ozta-ozta eta astebete lehenago jakinaraztea; asteko atseden-egun zehatzik ez izatea; lanaldiak luzeak, oso luzeak izatea, batzuetan 12 edo 14 ordukoak egun berean; teknikariak izatea ailegatzen lehenak eta ateratzen azkenak…
Administrazioa (Nafarroako Gobernua, udalak, patronatuak eta fundazioak…) da sektore horren kontratatzaile nagusia (egiten den zerbitzuaren %90 inguru); beraz, zuzeneko inplikazioa izan behar du hitzarmen kolektibo batean jasotzen diren lan-baldintza duinak lortzeko.
Horregatik, teknikariek Nafarroako Parlamentuari helarazi dizkioten aldarrikapenak argiak dira:
• Lizitazio guztiak geldiaraztea, sektorearen baldintzak arautuko dituen hitzarmena adostu bitartean, Administrazioa zuzenean inplikatuta.
• Subrogatu beharreko langileak antzerkiko talde minimoarekin bat etortzea, eta haren subrogazioak, lan-baldintzak jasotzeaz gain, kontratuan ezarritako lanaldia errespetatzea eta inoiz ez gutxitzea.
• Espazio eszeniko guztietan gutxieneko ekipoak bermatzea.
Azkenik, LAB sindikatuak erabat gaitzetsi nahi du Parlamentuko bilkurak batzorde txostengilea 2022ko ekainera arte luzatzeko planteamendua, sektore horretako langileen lan egoerak premiazko konponbidea behar baitu. Ez da bidezkoa denbora pasatzen jarraitzea, kulturak garatzen jarraitzen duelako eta prekaritateak bazter guztietara zabaltzen jarraitzne duelako; beraz, Parlamentuari bizkortasuna eta konpromisoa eskatzen diogu.
Oso ontzat jo dugu Huerta de Peraltako enpresa ituna berritu izana, bi urteko indarraldiarekin eta aurrera-eragin mugagabearekin #LortuDugu
Bederatzi hilabete baino gehiagoko negoziazioaren, batzar ugariren eta hainbat mobilizazioren ondoren, abenduaren 16an, enpresako zuzendaritzak eta langileen legezko ordezkaritzak akordio bat sinatu zuten, langileen aldarrikapen nagusi guztietan aurrerapenak jasotzen dituena. Hain zuzen ere, LAB sindikatuak oso ontzat jotzen du lorturiko akordioa aurrerapenak sakonak direlako bere aldarrikapen plataformako hiru baldintza oinarrizkoetan: soldaten hobetzean, bizi kalitatearen hobetzean eta enpresarekiko harremanen hobetzean.
Arlo ekonomikoan, Nafarroako Nekazaritza eta Abeltzaintzako Hitzarmenaren gainetik dagoen soldata-igoera sinatu da, eta aurrera-eraginean zehar ere langileen erosteko ahalmena bermatzen da, soldatak aurreko urteko KPIarekin igoko baitira sektorean soldata-igoerarik ez badago. Gainera, mekanismoak ezarri dira aparteko orduak ekitatez banatzeko eta haien kokapena zuzena ez dela uste dutenen kategoriak aitortzeko.
Lanaldiari dagokionez, bi ziren eskatzen ziren funtsezko gaiak: astelehenetik ostiralera bitarteko lanaldi arrunta eta malgutasuna mugatzea. Lehenengoari dagokionez, 2022an lanaldi berria ezarriko da, eta larunbatetan aparteko orduak egingo dituzte horretarako izena emandako boluntarioek, urte osoan fabrikan eta landa eremuan produktibitate txikieneko garaian (zazpi hilabete eta erdi). Atal horretan, nahitaezko larunbatak plus batekin konpentsatuko dira, eta ogitartekorako denbora hobetuko da benetako lantzat hartuz. Malgutasunari dagokionez, goranzko malgutasuna ezabatzen da, urteko gehiegizko lanaldia eta egutegitik kanpoko denbora oro aparteko ordu gisa zenbatuz, eta Lan Erreformak enpresei eman zien lanaldiaren banaketa irregularraren % 10 baliogabetuz.
Itunak, halaber, beste alderdi gatazkatsu batzuk arautzen eta hobetzen ditu, hala nola oporrak eskatzeko eta emateko prozedura eta medikuaren kontsultategietara joateko lizentziak, eta ABLEen bidezko kontratazioa gehienez ere 6 hilabetera mugatzen du ―eta horiek gaindituta, enpresak langileei kontratu finkoa egiteko betebeharra hartzen du―. Aldizkako bilera finkoak ere ezartzen dira, itunaren betetze-mailaren jarraipena egiteko eta sor daitezkeen gatazkak konpontzeko, eta maiatzean enpresaren eta plantillaren arteko komunikazio-moduari buruz adostutakoa jasotzen da.
LABek, negoziazioaren hasieratik eta langileen batzarrak onartutako aldarrikapen-plataformaren prestaketan, hiru helburu ezarri zituen itun honetarako: soldata hobetzea, bizi-kalitatea hobetzea eta enpresarekiko harremanak hobetzea. LABen ustez, aurrerapen handiak egin dira hiru alderdietan eta, horregatik, LABek akordioaren gainean egiten duen balorazioa oso ona da; gainera, azpimarratu nahi du lortu den guztia langileen batasunari, mobilizatzeko gaitasunari, erabakitasunari eta horren alde borrokatzeko prestasunari esker lortu dela. Zorionak!
Azkenik, LABek deitoratu nahi du enpresako zuzendaritzak hainbeste denbora behar izatea ikaragarri zentzuzkoak ziren proposamen batzuk onartzeko, eta berriz ere onarpen hori azken unean egin duela, Huerta de Peraltako langileen ekintza sindikalak eragindako presioaren ondorioz.
Arantzazuko adierazpena babestu du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak
Gure Esku dinamikak agerraldia egin du Oñatin, Arantzazuko Gandiaga Topagunean, erabakitzeko eskubidea lege bilakatzearen alde. Adierazpen bat aurkeztu dute norabide horretan, eta arlo desberdinetako hainbat ordezkariren atxikimendua jaso du dokumentuak, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururena, kasu. Hain zuzen ere, idazkari nagusiak Oñatiko agerraldian bertan parte hartu du, burujabetzaren aldeko ekimenari babesa emateko.
Garbiñe Aranburu: “Presoen aferan gainditu beharreko bidea azkarrago jorratuko dugu mobilizazio soziala areagotuz gero”
Euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazio eguna izan dugu Euskal Herrian. Hain zuzen ere, Sarek antolatutako Izan Bidea dinamikaren baitan, sindikatuok elkarretaratzeak egin ditugu Bilbon eta Donostian. Iruñean, berriz, mobilizazio propioa egin du LABek. Mobilizazio hauek guztiak baliatu ditugu urtarrilaren 8an Bilbon (17:00, La Casilla) deitutako manifestazioarekin bat egiteko.
Bilboko ekimenean, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk adierazi du bertan bildutako sindikatuok (LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT-LKN, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE) konpromisoa hartu dugula gure ekarpena egiteko gatazkaren ondorioekin amaitzeko, bizikidetza demokratikoa oinarri; presoen afera, kasu. “Egoerak presoei aplikatzen zaien salbuespeneko espetxe-politika gainditzea eta ezabatzea eskatzen du. Urte hauetan aurrerapausoak eman dira, batez ere urruntze eta sakabanaketa politikari amaiera emateko. Baina, gaur egun oraindik bide luzea dago egiteko, larriki gaixo daudenak lehenbailehen askatu behar dira, zigorren konputoa aplikatu behar da, eta asko dago egiteko gradu-progresioa eta kartzelatik garaiz ateratzea errazteko. Era berean, ezin dugu ahaztu motxilaren haurrek pairatzen duten errealitatea”.
Era berean, Garbiñe Aranbururen hitzetan, “sindikatu bat garenez, eta lan-mundua gure ekintza-gune nagusia denez, nabarmendu nahi dugu beharrezkoa dela kartzelatik atera diren pertsonak berriro laneratzea”.
Idazkari nagusiaren esanetan, “azken urteotako aurrerapenak ezin dira ulertu jendarteak egindako presiorik gabe, eta oraindik ere gainditu beharreko bidea azkarrago jorratuko dugu mobilizazio soziala areagotuz gero. Horregatik, gaurko eguna aprobetxatu nahi dugu datorren urtarrilaren 8ko manifestazioan parte hartzeko deia egiteko”.
Babesa Antton Troitiñoren senideei
Larriki gaixo zen Antton Troitiño hil egin da. LAB sindikatutik gure elkartasun eta babesa helarazi nahi diegu haren senide eta hurbilekoei eta euskal presoei. Osailaren 5ean utzi zuten aske Troitiño, gaixotasun sendaezina zuela eta. Larriki gaixo egonda ere, az- kenera arte espetxean izan zuten eta kaleratzea lortzeko oztopo ugari gainditu behar izan zituen. Espetxe politika ankerrak eragin zuzena izan du haren heriotzean.
Euskal gehiengo sindikaletik hiriburuetan mobilizatuz presoen eskubideen aldeko aldarri bateratua egin eta ordu gutxira iritsi zaigu Troitiñoren heriotzaren berri. Gaur eguerdiko mobilizazioetan esandakoan berresten gara, salbuespenezko espetxe politika amaitu beharra dago eta euskal presoak etxeratze bidean jarri beharra dago, salbuespenezko espetxe politikak presoen osasunean eta bizitzan eragin zuzena du, salbuespenezko espetxe politikak hil egiten du. Honekin guztiarekin amaitu eta euskal presoak etxera bidean jarri behar ditugu
30 urtetik gora eman ditu Troitiñok espetxean. Mendeku politikaren ondorio da bizi osorako espetxe zigorra, euskal preso politikoei ezartzen zaiena. Estatu bortizkeria praktikan jarri dutenei zigorgabetasuna eman zaien bitartean, hil arte espetxean izatera kondenatu dituzte euskal preso politiko asko eta asko.
Pertsonak suntsitzen dituen kartzela politika krudel honekin amaitu beharra dago. Gaixo diren presoak ezin dira aske utzi etxean hiltzeko; euskal presoek bizitza duinerako eskubidea dute, osasuntsu bizitzeko, eta gaixotuz gero, gaixotasuna gainditu eta bizitzen jarraitzeko.
Ezinezkoa da hori egungo salbuespenezko espetxe politikarekin, ezinezkoa, gaur espetxeetan dituzten baldintzetan. Horrekin amaitzearekin batera, gaur premiaz eskatzen dugu larriki gaixo diren presoak berehala eta baldintzarik gabe aske uztea eta preso guztiak Euskal Herriratzea. Aldarrikapen honen inguruan eragileon artean adostasunak eraiki eta langile eta herritarrak aktibatzen jarrai dezagun.
Bat egiten dugu deituko diren mobilizazioekin eta dei egiten diegu langileei hauetan parte har dezaten.
Etxean eta bizirik nahi ditugu.
Arrazakeriaren aurkako sindikalismorantz abiatu gara!
Abenduaren 18a Pertsona Migratuen Nazioarteko Eguna da. Honen testuinguruan, LAB sindikatuak pertsona horiek bizi dituzten diskriminazio eta indarkeria anitzak salatzen ditu, migrazio-prozesuan zehar jasaten dituztenak, eta baita eskura ditzaketen enplegu-mota eta -baldintzetan zein bizi-egoeretan eragiten dutenak ere.
Irungo muga militarizatuan zazpi heriotza egin dira 2021 honetan. Horiek guztiak Afrikako herrialde eta herri desberdinetako pertsonak dira, Europa gotorlekura bidean, bizi-aukera hobeen bila.
Migrazio-ibilbideek zeharkatzen duten lurraldea izateaz gain, milaka pertsona migratu eta arrazializatuk beren bizitza hemen, Euskal Herrian, egitea erabakitzen dute. Bizilagunak dira, eta funtsezko enpleguak betetzen dituzte: Arrantza, elikagai-industria eta kontserba-industriak, zuhaitzak moztea, landa-lana eta baratzeak, garbiketa, birziklapena eta konpostajea, banaketa, logistika, eraikuntza, merkataritza, ostalaritza, zaintzak egoitzetako zaintza, etxeko enplegua edo etxez etxeko laguntza. Gehienak, langile prekarizatuak, gure herria sostengatzen duen erreserbako armada baten parte izanik lan-baldintza are okerragoetan eta lana gainditzen duten urraketak jasaten.
Asko dira makinaria hipokrita eta odoltsu honen aurpegiak. Sistema arrazista, klasista, matxista eta kolonialki egituratua, hau erakundeek, legeek, administrazioek, gorputz polizialek eta gizarte-harremanek elikatua. Horregatik, gaur berriro ere pertsona guztiak erregularizatzea eskatzen dugu, eta Europako migrazio-politika bidegabea eta kriminala eta Euskal Herrian ematen den hauen itzulpena salatzen dugu.
LABen badakigu zor historiko bat daukagula. Horregatik abiatu dugu LAB sindikalismo antirrazista baterantz. Garrantzi handiko apustu estrategikoa da, sindikatu gisa arrazakeriaren aurkako betaurrekoak janzteko, atzerritartasuna eta migrazioa lantzeko eta langile guztientzat tresna izateko, sindikatuaren maila eta dimentsio guztiak eraldatzeko asmoarekin.
Asko dugu ikasteko eta desikasteko. Irmotasunez eta ilusioz, langile migratu eta arrazializatuekin batera, eta pertsona migratu eta arrazializatuen erakunde eta kolektibo sozialetatik hurbil arituko gara, herri eta sindikatu gisa koherenteago egiten gaituzten justizia eta berdintasun bide horiek elkarrekin ehunduz.
Gora arrazismoaren aurkako borroka! Atzerritarren legeari ez! Eskubide guztiak pertsona guztientzat!
Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak kalera irten dira berriro, hitzarmen duin baten defentsan
Helduen egoitzetako langileak borrokan dira. Bizkaian greba egin zuten asteartean; Nafarroan, asteazkenean, greba iragarri zuten urtarrilerako helduen arreta bermatzen duen sektorean; eta Gipuzkoan, beste greba egun bat egin dute ostiralaren etorrerarekin.
Hain zuzen ere, Gizarte Politiketako egoitza aurrean mobilizatu gara goizean, Aldundiko arloko diputatu Maite Peñari bilera eskaera egiteko, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean elkartu gara eguerdian.
Helduen egoitzetako egoera jasanezina da eta ezinbestekoa da urgentziazko irtenbide bat bilatzea berandu baino lehen. Gehiegizko lan kargek ezinezko bihurtzen dute egoilarrek behar eta merezi duten kalitatezko zaintza zerbitzua jasotzea. Gainera, herrialdeko lan hitzarmen kolektiborik ez egoteak diru publikoz finantzatutako zerbitzu publikoa eskaintzen duten langileen artean lan baldintza ezberdinak eta soldata arrakala izugarriak sortzea ere ekarri du berekin. Halaxe salatu dugu egunotan, eta aldarri berak egin ditugu greba egunean.

Prekaritatearen kontrako akordioa lortu da Urkabe Benetanen, borrokari esker #LortuDugu
Akordioa lortu da Oreretan kokatua dagoen Urkabe Benetan enpresan, mobilizazio eta lanuzteetan parte hartu duten langileei esker. Izan ere, 4 orduko lanuzte arrakastatsuaren ondorioz, enpresak negoziatzeko erabakia hartu zuen eta langileen batzarrak lanuzteak eten eta negoziatzeko erabakia hartu zuen.
Batzarrean onartutako proposamena enpresari luzatu genion, eta negoziazio zail eta gogor baten ondoren aurreakordioa lortu genuen. Baina guztiz tamalgarria izan da langile batzarrak enpresa batzordeari eman zion mandatua alde batera utziz, negoziaketan parte hartu ez duen ELAren jarrera, LABi utzi baitio negoziaketako ardura osoa.
Urkabe Benetango prekarietatearen kontrako urrats garrantzitsua eman da, ABLEn erabilera mugatu baita. Akordioak jasotzen du soldata igoerak 2021erako KPI+%0,25, 2022rako KPIa, 2023rako KPI+%0,5 eta 2024rako KPI+0,25 izango direla, kategoria baxuenean dauden langileei zuzenean kategoria igoko zaie. Gainera, bertan behera gelditu dira enpresak inposatu nahi zituen soldata igoeretarako baldintzak.
Atzo, abenduak 16, langile batzarrak proposamena ontzat ematea adostu zuen, parte hartutako 71 langileetatik 59 langilek aurreakordioaren aldeko bozka eman zuten eta beste 5 langilek aurkako bozka eman zuten.
Beste behin ere, argi geratu da langile batasunak eta borrokak fruituak ematen dituela.





