2026-09-30
HomeEkintza SozialaArrazakeriaren aurkako sindikalismorantz abiatu gara!

Arrazakeriaren aurkako sindikalismorantz abiatu gara!

Abenduaren 18a Pertsona Migratuen Nazioarteko Eguna da. Honen testuinguruan, LAB sindikatuak pertsona horiek bizi dituzten diskriminazio eta indarkeria anitzak salatzen ditu, migrazio-prozesuan zehar jasaten dituztenak, eta baita eskura ditzaketen enplegu-mota eta -baldintzetan zein bizi-egoeretan eragiten dutenak ere.

Irungo muga militarizatuan zazpi heriotza egin dira 2021 honetan. Horiek guztiak Afrikako herrialde eta herri desberdinetako pertsonak dira, Europa gotorlekura bidean, bizi-aukera hobeen bila.

Migrazio-ibilbideek zeharkatzen duten lurraldea izateaz gain, milaka pertsona migratu eta arrazializatuk beren bizitza hemen, Euskal Herrian, egitea erabakitzen dute. Bizilagunak dira, eta funtsezko enpleguak betetzen dituzte: Arrantza, elikagai-industria eta kontserba-industriak, zuhaitzak moztea, landa-lana eta baratzeak, garbiketa, birziklapena eta konpostajea, banaketa, logistika, eraikuntza, merkataritza, ostalaritza, zaintzak egoitzetako zaintza, etxeko enplegua edo etxez etxeko laguntza. Gehienak, langile prekarizatuak, gure herria sostengatzen duen erreserbako armada baten parte izanik lan-baldintza are okerragoetan eta lana gainditzen duten urraketak jasaten.

Asko dira makinaria hipokrita eta odoltsu honen aurpegiak. Sistema arrazista, klasista, matxista eta kolonialki egituratua, hau erakundeek, legeek, administrazioek, gorputz polizialek eta gizarte-harremanek elikatua. Horregatik, gaur berriro ere pertsona guztiak erregularizatzea eskatzen dugu, eta Europako migrazio-politika bidegabea eta kriminala eta Euskal Herrian ematen den hauen itzulpena salatzen dugu.

LABen badakigu zor historiko bat daukagula. Horregatik abiatu dugu LAB sindikalismo antirrazista baterantz. Garrantzi handiko apustu estrategikoa da, sindikatu gisa arrazakeriaren aurkako betaurrekoak janzteko, atzerritartasuna eta migrazioa lantzeko eta langile guztientzat tresna izateko, sindikatuaren maila eta dimentsio guztiak eraldatzeko asmoarekin.

Asko dugu ikasteko eta desikasteko. Irmotasunez eta ilusioz, langile migratu eta arrazializatuekin batera, eta pertsona migratu eta arrazializatuen erakunde eta kolektibo sozialetatik hurbil arituko gara, herri eta sindikatu gisa koherenteago egiten gaituzten justizia eta berdintasun bide horiek elkarrekin ehunduz.

Gora arrazismoaren aurkako borroka! Atzerritarren legeari ez! Eskubide guztiak pertsona guztientzat!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Salatzen dugu Babacar Welleren heriotza arrazakeria instituzionalaren ondorio lazgarriena izan dela

Urgentziazko eta ezinbesteko eztabaidari heldu behar zaio: segurtasun eredua eta polizien esku-hartzearena errotik aldatu behar dira.

LABetik etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazioak antolatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Hainbat gatazka sindikal piztuta ditugu LABen, eta gatazka horietako maizterrekin batera antolatu ditugu mobilizazioak. Etxebizitzaren negozioak edonor mehatxatzen du, eta langileak pobretzeko eta prekarizatzeko arrazoi nagusietako bat bilakatu da. Hori horrela, eredua goitik behera eraldatu behar dela aldarrikatuko dugu, eta, horretarako, premiazkoa dela etxebizitzaren merkatuan eskua hartzea eta errentismoarekin amaitzea.

LABek, Izarkomek eta Goienerrek orain arteko elkarlana ospatu eta aurrera begira aukera berriak arakatzeko asmoa adierazi dugu

LABen, Izarkomen eta Goienerren iritziz energia eta komunikaziorako teknologiak oinarrizko eskubideak dira, eta zerbitzuok ezin dira boteredun gutxi batzuen menpe egon. Premiazkoa da guztionak...