2026-04-28
Blog Page 344

Lezoko Bekoerrota eta Altzateko kiroldegietako langileen lehen lan ituna lortu dugu #LortuDugu

Lezoko Bekoerrota eta Altzateko kiroldegiko langileek zentroko lehen lan ituna izatea lortu du LABek. Langileen lan baldintzak hobetzeaz gainera, galdutako erosmen ahalmena berreskuratu dute. Lorpen hau oso positibotzat jotzen dugu, langileen lan-baldintzak duintzen dituen akordioa lortu dugulako.

4 urte eta 9 hilabetetarako akordioa lortu da, honako baldintzak barne bilduta:

– Langileen arteko desoreka gaindituta. Langile guztiei aplikagarri izanen zaie Gipuzkoako Titulartasun Publikoko Kirol-Instalazioen hitzarmena, honela egun langileek bizi duten arrakala gaindituz.

Baldintza hori ezinbestekoa dela uste dugu; izan ere, baldintza horrekin, Udalak, enpresen konplizitatearekin, ezin izango du Gipuzkoako Lokalen, Ikuskizunen eta Kirolen hitzarmena aplikatzen jarraitu. Hitzarmen honen bidez, langile askoren lan-baldintzak gehiago pobretzen ziren, eta lehen eta bigarren mailako langileak betikotzen ziren. Hau gainditzea lortu dugu, langileen arteko arrakala gainditzea da, guztien lan baldintzak homologatuz.

– Soldata igoerak. Langile ororentzat, 2022 maiatzaren 1etik 2026. urtera arte, soldata igoera KPI+%1 izango da. Honez gain, 2026. urteko urtarrilak 1erako soldataren igoera %20koa ez bada, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera 2026. urterako aurreikusitako soldata igoera gaindituko da, %20ko soldata igoera lortzeko.

Baldintza honek, langile orok igoera nabarmena izateaz gainera, 10 urteetan galdutako eros ahamena berreskuratzea ahalbideratzen die. Gainera, urtero KPIaren igoera bermatzea lortu dugu, soldatak KPIaren arabera eguneratzearen garrantzia nabarmenduz, honako neurria beharrezkoa baita, langileen pobretzea saihesteko.

– Lizentziak. Norberaren gauzak egiteko ordaindutako baimen egun bat.
– Aldi baterako ezintasunak. Ezintasun guztietarako, enpresak soldata errealaren %100eraino konpentsatuko ditu langileak, ordainsariak barne.

Honez gain, hitzarmen honetan xedatzen ez diren lan baldintza oro, Gipuzkoako Titulartasun Publikoko Kirol- Instalazioen hitzarmenak xedatuko ditu.

Hitzarmenarekin lortutako baldintzak ezinbestekotzat jotzen ditugu, langile hauek bizi duten prekarizazioa gainditzeko hastapen pausuak direlako.

Azkenik, Lezoko Bekoerrota eta Altzateko langileak zoriondu nahiko genituzke LABetik, egindako borrokaren ondorioz garaipena lortu dutelako.

Grebara deitu dugu SCDR Anaitasuna, UDC Txantrea eta Club Natacion Pamplona igerilekuetan langileen erosteko ahalmenari eusteko

SCDR Anaitasunak, UDC Txantrea KKEk eta Club Natacion Pamplonak hitzarmenak iraungita dituzte. Hauek berritzeko negoziazioetan, zuzendaritzek ez dute KPIaren araberako soldata igoerarik ezarri nahi.

Igerilekuak dituzten Iruñeko hiru kirol elkartetan errepikatzen den egoera beraren aurrean, horietan ordezkaritza duten sindikatu guztiok (LAB, ELA, UGT eta CCOO) grebara deitu dugu aste honetarako, soldata igoera gutxienez KPIren araberakoa izan dadin eskatzeko. Greba uztailaren 1ean eta 2an egitea aurreikusita dago.

EUDEL eta aldundien injerentziaren aurka agertu gara behin-behineko enplegu publikoa egonkortzeko udaletako deialdietan

EUDEL Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalei zuzendu zaie egonkortze prozesuei dagokienean. Harremanetan omen dago hiru foru aldundiekin hautapen-prozesuen kudeaketa materiala antolatze aldera. Horrez gain, foru aldundiekin ari omen da elkarlanean, udalei oinarri homogeneo batzuk udalei “eskaini” ahal izateko. Eta azken honek kezka piztu du udal langileon artean.

LABen oso argi dugu egonkortze deialdiak tokian toki, udalez udal, negoziatu eta adostu behar direla, toki- administrazio bakoitzaren udal autonomiaren barruan. Negoziaketa kolektiboa langileoi dagokigun oinarrizko eskubidea da eta udalez udal aldarrikatuko dugu. Bestetik, egonkortze prozesu hauetan guztietan, finkatutako helburuak nekez erdietsiko dira oinarriak tokian toki lantzen ez badira. Oinarri homogeneo berberak ezarriko al dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako toki-administrazio orotan?

EUDELek eta aldundiek prozesu hauen guztien kudeaketa materialean laguntzea ezinbestekoa iruditzen zaigu udal txiki eta ertainei dagokienean batik bat, baina inolaz ere udal autonomia eta udal langileon negoziaketa kolektiboaren kaltetan. Eraginkortasunaren izenean, laguntza eta aholkularitza materialaz harago joan nahi dute, presiopean, udaletako negoziazio markoak zeharo ezabatzeko.

Ez dugu onartuko deialdi bakar inposaturik. Instituzio bakoitzak bere bidea egin behar du. Udal ugaritan, EAJ eta PSEren udal gobernuak langileen ordezkariekin negoziatzeari uko egiten ari zaizkio, aldundietatik oinarri homogeneo “miraritsu” horiek berehala iritsiko direlakoan.

EUDELek eta hiru aldundiek hautaketa-prozesu bakarraren eredua inposatu nahi dute, udalen esku hartzea baldintzarik gabeko atxikimendu hutsa bihurtuz.

Egonkortze prozesu hauek berebiziko garrantzia dute. Asko dago jokoan. Ekintza sindikala, negoziaketa kolektiboa eta mobilizazioa dira behin-behineko enplegu publikoa egonkortzeko bermerik onena.

Poztasunez hartu dugu aurretiazko erretiroa dela eta ordaintzen zen saria ez galtzeko epaitegiak egindako ebazpena

Ehunka irakasle ohiek abiatutako salaketaren ondorioz atera den ebazpenak lan hitzarmenean jasota dagoen eskubidea bete behar dela ebatzi du. Murrizketen garaian hartutako neurriak ezin direla betikotu eta azken urtean Eusko Jaurlaritzak izan duen jarrera kolokan jartzen du aipatu ebazpen judizialak.

Adostuz irakasle erretiratuen plataformak publiko egin berri du 2.600 langile baino gehiagok egindako salaketaren ebazpen judiziala. Lehen instantzian eman den ebazpena izan den arren, administrazio publikoetan lan eskubideak mantentzearen aldeko argudio esanguratsuan planteatzen ditu. Gure ustez ebazpen garrantzitsua da zalantzarik gabe, maiz aldebakarrez politikariek hartzen dituzten erabakiak lan eskubideak urratu ezin ditzaketela esaten baitu. Ebazpen honek bere garaian dekretuz ezabatu nahi izan ziren aurretiazko erretiroarengatik ordaintzen diren sariak jasotzeko eskubidea aitortzen du; ordaintzeko debekua altxatzen denean beraz, Eusko Jaurlaritzak sari hauen ordainketa egin beharko du.

Murrizketen garaian hartu ziren hainbat neurri betikotzeko estrategia garbia dago, hala nola %5eko soldata murrizketa eta erretiro sarien ordainketa. Bere garaian Eusko Jaurlaritzak murrizketak gogoz kontra egiten zituela esaten zuen arren, hauek betikotzeko estrategiarekin bat dator. Negoziazio eremuetan ez du gai hauei buruz inolaz ere hitz egin nahi, egindako murrizketa hauek “normaltasun berriaren” baitan kokatzen dituelarik.

LAB Adostuz kolektiboaren ondoan izan da beti, eta negoziazio kolektiboko mahaietan murrizketak leheneratzea gure aldarrikapen nagusia izaten jarraitzen du. Ebazpen judizial honek indar gehiago ematen digu eta, orain arte egin dugun moduan, murrizketa guztiak leheneratzeko aldarrikapenarekin tinko jarraituko dugu, kalean zein negoziazio mahaietan ere.

Hori guztiarengatik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu erretiroa aurretik hartu eta beraien pentsioan galera izan zuten langile guztiei dagozkien sariak ordaindu diezazkiela. Horrekin batera, oraindik indarrean dauden murrizketak leheneratzeko plangintza bat adostea eskatzen diogu, batez ere egindako soldata murrizketen berreskurapena.

Asko dago negoziazioan aurrera egiteko Bizkaiko merkataritzan

Urtarrilaren 5ean, beherapenekin batera hasi zituzten sektoreko langileek Bizkaiko larru eta oinetakoen merkataritza, ehun merkataritza eta merkataritza orokorreko hitzarmen duinen aldeko mobilizazioak. Euren eskubideak beherapenetan ez daudela aldarrikatu zuten. Hiru hilabetez ostiralero mobilizatu eta gero, apirilaren 29an, maiatzaren 6 eta 13an eta ekainaren 9, 10, 23 eta 24an, zazpi greba egun arrakastatsu egin dituzte. Gaur izan da ekaineko azkena.

Borroka luzea ari da izaten, baina gutxika, emaitzak ikusten ari dira. Alde batetik, 15 urte hitzarmenik gabe egon ondoren, larru eta oinetakoen merkataritzako hitzarmenaren negoziazio mahaia irekitzea lortu dute. Bestetik, mahai desberdinetan posizioak oso aldenduta badaude ere, patronala bere proposamenak moldatzen hasi da, sektoreko langileentzat oso erasokorrak ziren proposamen batzuk alboratuta, besteak beste, bajetako prestazioaren osagarria.

Hala ere, oraindik asko dago negoziazioan aurrera egiteko. Urteko lanaldia jaistea, partzialitatea mugatu eta zigortzeko neurriak adostea, soldata igoera duinak… Horrez gain, bereziki feminizatutako sektoreak dira hauek eta kontziliazio neurrietan zein atseden denboran asko hobetzeko beharra dute langileek. Negoziazio mahai gehienek ia hiru urte irekita badaramate ere, negoziazioan oso gutxi egin dute aurrera zentzu honetan, eta greba egun hauekin bultzada bat eman nahi diete.

Lan munduak inposatzen dizkigun armairuak apurtzearen aldeko deia egiten dugu

Ekainaren 28 honetan, LGTBI+ Harrotasun Nazioarteko Egunean, LAB kalean egongo da kolektiboaren aldarrikapenak babesten. Askotan esan dugun bezala, lan merkatua ez da esparru eroso eta seguru bat langile gehienontzat. Prekaritateak segurtasun falta, lan baldintzak kaskartzea eta eskubideak defendatzeko aukerarik ez edukitzea ekartzen du. Errealitate hau zaila bada guztiontzat, zer esan heteroarauetatik kanpo daudenez. Lemak adierazten duen bezala lan mundua armairu handi bat da. Diskriminazioa ematen da kontratazioan, arazoak lantokian, eta ez dago eraso LGTBI+foboen aurrean babestuko gaituen araudi eta politikarik.

Azken hilabete hauetan, trans legeak eztabaidatzen eta onartzen direla ikusten dugu, baina kolektiboaren kontrako erasoen aurrean, lan munduari dagokionez, benetako urratsik ez.

Azpimarratu nahi dugu, egun dauden plan edo lege proposamenek aitortu eta babestu nahi duen genero- identitate aniztasuna ez dela iritsiko lan mundura. Urteak daramatzagu enpresetan sexu eta genero identitateen aldeko proposamenak eta lanketa garatzen, baina oso argi dugu diskriminazioarekin bukatzeak enpresen esku jarraitzen badu, eskubide formalen aitortza formalismo hutsa izaten jarraituko duela.

Ekainaren 28an harrotasunak izan behar du ardatza. Ertzetan dauden pertsona guztiok kaleak hartu behar ditugu eta nola ez, lantokiak ere bai. LABen oso argi dauka bidea luzea izango dela baina askotan esan dugun bezala, gu langile ororen eskubideen alde borrokatzeko gaude. Diskriminazioak salatu eta proposamenak ere lantzen ari gara, LGTBI+ kolektiboak bere genero identitatea edo orientazioa sexuala ezkutzen duen lan mundua aldatzeko helburuarekin.

Era berean, datorren ekainaren 28, LGTBI+ Harrotasunaren nazioarteko egunean, E-28 koordinadorek hiruburu eta herrietan antolatu dituen mobilizazioetan parte hartzera deialdia luzatu nahi die LABek langile guztiei. Harrotasuna borrokatu.

Euskal presoen eskubideen alde mobilizatu gara Iruñean, Donostian eta Bilbon

Euskal presoak etxean eta bizirik nahi ditugula udaren atarian egin ohi dugun manifestazioa gauzatu dugu Iruñean, sindikatuak berak deituta. Donostian ere irten gara kalera, hau ere gure ekimenez.

Bilbon, bestalde, LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE sindikatuok hileroko mobilizazioa egin dugu, espetxe-politikan aldaketak aldarrikatzeko.

Eskola publikoa indartzeko unea dela adierazten diogu EAEko Hezkuntza Sailari

Azken egunotan EAEko hezkuntza akordioaren baitako bi ekimen garrantzitsu aurkeztu ditu Hezkuntza Sailak: bata, Hezkuntza Legeari loturiko I. Seiurteko (2022/2023 – 2028/2029) kronograma; eta bigarrena, 679,3 milioi euro seiurteko horretan hezkuntza-itunak finantzatzeko.

Hezkuntza ituna aztertu eta baloratu genuenean, aurrerapausoak egon arren hainbat gaitan sakontasun handiagoa eskatu eta langileen eskaerak jorratzeko bide orria eskatu genuen. Orduan adierazi genuen moduan, LABek ortzimugan duen euskal eskola publiko komunitarioaren norabidean Euskal Hezkuntza Zerbitzua sortzea – bertako parte diren ikastetxeei eskubide berdinak emanez eta betebehar berberak eskatuz-, eta ikastetxeei eskumen gehiago ematea, urrats bat izan litekeela adierazi zuen LABek baldin eta hau trantsizio gisa ulertzen bada, eta ez amaierako eskenatoki gisa.

Hezkuntza Legea idatzi gabe eta Euskal Hezkuntza Zerbitzuan parte hartuko duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta auditoria eta ikuskaritzak legean jaso gabe, hezkuntza-itunak finantzatzeko agindua eta finantzaketa onartu du Jaurlaritzako gobernu-kontseiluak.

Hiru ondorio nagusi ateratzen ditugu:

1. Eskola Publikoaren Plan Estrategikoa atzeratu izana kritikatzen dugu. Hezkuntza Saila eskola publikoa zokoratzen ari da. LAB sindikatuak argi adierazi zuen Hezkuntza akordioaren inguruan egindako balorazioan, egungo testuinguruari erreparatuta, eskola publikoa ardatz izango duen hezkuntza-sistema eraikitzeko bertan egingo den inbertsioa kuantifikatzea beharrezkoa zela, hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea zela. Horregatik esaten zuen LABek hezkuntza-lege berriaren aurretik egin beharrekoa zela Euskal Eskola Publikoaren Plan Estrategikoa, urgentziazkoa neurria. Hezkuntza Sailak aldiz, eskola publikoren plana 2024rako atzeratu du.

2. Ituntze sistema berritzeko diru gehiago jartzen da, betebeharrak, ikuskaritza eta kontrol mekanismoak zehaztu gabe. Gainera, ituntze-sistema indartu egin dute orain arte itundurik egon ez diren etapak bertan txertatuz. Diru-publikoaren erabileraren eta hezkuntza-itunek izan behar dituzten baldintzak negoziatu aurretik heldu da dirua, eskola publikoan hainbeste kostatu zaigun irakasleen ratio jaitsierarekin batera.

Bide batez, LABek Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren parte izango diren ikastetxeek izan behar dituzten betebehar eta eskubideak eta hauek finantzatzeko mekanismoak soilik patronalekin negoziatu izana kritikatzen du. Horrek orain arte itunduta ez zeuden hezkuntza-etapa eta -zerbitzu batzuk ituntzea ekarri du, ituntze-sistema baldintzatu ordez, berau indartuz: batxilergoa, lanbide heziketa, hezkuntza laguntza espezialistak eta badirudi haur hezkuntzako etapako lehen ziklokoa den 2 urteko gela ere txertatu dutela. Patronalei ad hoc egindako ituntze- sistema.

3. Langileen eskaerak jorratzeko ez dago bide orririk. Horretaz gain, apirilean publikoki Hezkuntza Sailari adierazi bezala, afera laboralak jorratzeko egutegi eta metodologia zehatza aurkezteko eskariari eusten dio LABek, kolektiboz kolektibo lan-baldintzei loturiko gai guztiak langileekin adosteko. Gaur gaurkoz ez dugu inongo metodologia ez egutegirik jaso. Negoziatu den bakarra azken urteetan -eta ez Hezkuntza Akordioagatik- grebak eta mobilizazioak tarteko egonda lortutako sare publikoko irakasleen plantillak hornitzeko irizpideak eta ratioak izan dira.

Laburbilduz, LABen ustez, ituntze-sistema berritzen eta indartzen da eta eskola publikoaren aldeko apusturik ez dago. Honela, Hezkuntza Sailak planteatu duenak, trantsizioa marraztu baino egungo eredu duala betikotu dezake. Zentzu horretan LAB sindikatuak adierazi nahi du bere eskura dituen tresnak baliatuko dituela eskola publikoaren aldeko neurriak urgentziaz ezarri daitezen eta langileen eskaerak kontuan har daitezen, horretarako hezkuntza-komunitatearen mobilizazioa beharrezkoa izango delarik.

Dynamobeleko EEEren kontsulta epea antzerki hutsa izan da

Dynamobeleko EEE Enplegu Erregulazio Espedientearen kontsulta epean, UGT enpresarengatik eta enpresarentzat solastatzera mugatu da eta lanpostuen defentsa guztiz desagertuta egon da.

Atzo, 12 orduko bilera baten ondoren, Dynamobeleko EEEren kontsulta epea bukatu egin zen. Hamabi ordu horiek lau sos onartzeko balio izan zuten eta, horren ondorioz, CCOOk, UGTrekin batera, akordioa sinatu zuen. Praktikan 70 lanpostu suntsitu dituzte, planta oso bat itxi egin dute eta, momentuz, enpresan lanean segitzen duten langileen lan baldintzak okertu egin dira.

Egoera hau hagitz kezkagarria eta guztiz salagarria da, gehien bat kontuan hartzen badugu enpresaren bideragarritasunaren benetako arazoa, eskulan ez zuzenaren gehiegizko dimentsioak, zuzendaritzaren lagun eta senideei zuzenean emandako lanpostuekin, bere horretan segitzen duela eta diru publikoak sartzen segitzen duela (Europako funtsak, gizarte segurantzaren kotizazioen atzerapena…) zulo beltz bat den enpresa batean eta bideragarritasun eskaintza eskasa egiten duen bideragarritasun plan batekin.

Enpresaren aldetik ezer gutxi ez bagenuen espero ere, lotsagarria izan da nola prozesuan zehar hainbat ordezkaritza sindikalek lanpostuen suntsiketa onartu duten zerbait ekidinezina balitz bezala eta nola papur batzuk negoziatu dituzten basatia izanen den soldata jaitsiera  â€śhobetzeko”.

Bakoitzak egin beharko du egindakoaren barne azterketa azken asteetan defendatu dituen interesen arabera, baina LABen garbi dugu prozesu guztian zehar gailendu dena derrotismoa izan dela eta enpresaren argudioen onarpena inongo borrokara planteamendu seriorik gabe; eta denok dakigu borrokarik gabe zaila dela lanpostuak eta lan eskubideak defendatzea.