2026-04-29
Blog Page 338

Etxeko langileen eskubideekin jolasten ari dira!

EAEko etxeko langileentzako hitzarmena eskatu eta honen inguruan EAEko patronala izaten ari den jarrera salatu nahi dugu berriro. Confesbakek uko egin dio etxeko langileen baldintzak negoziatzeari eta, horren ondorioz, demanda bat erregistratu du LABek Confebasken aurka, etxeko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea urratzeagatik.

Kontziliazioa urriaren 4an egingo da eta, honen aurrean, LABek jarrera argia dauka: Confebask etxeko langileen EAEko lehen lan hitzarmena negoziatzera behartuta dago. Honen aurrean, bide juridikoa lantzeaz gain, ekintza sindikala ere indartuko dugu. Gainera aliantzak sendotuko ditugu, mugimendu sozial, feminista eta gainontzeko sindikatuekin.

Eusko Jaurlaritzako Beti On Telelaguntzako langileek hilabeteko beste greba bat egingo dute abuztuan

Atzo egindako batzarrean, plantillak aho batez erabaki zuen beste hilabete bateko grebara deitzea, hitzarmenaren negoziazioaren blokeoaren arduradunei irtenbide bat eman dezaten behartzeko.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari, zerbitzua ematen duen egungo UTEari (IV Tunstall Televidas – GSR-Grupo Igualmequisa) eta lizitatzaile berriari (UTE ILUNION SOZIOSANITARIO, S.A. eta IBERMÁTICA, S.A.) dei egiten diete, negoziatzera esertzera lehiaketa ebatzi baino lehen. Oraingo enpresak errekurtsoa aurkeztu dio lehiaketari, eskaintza garaiz eta behar bezala ez aurkezteagatik.

Ez da lehen aldia plantillari zerbitzuaren esleipen-hartzaile aldaketa batek eragiten diola. Aldaketa hori gertatzen den bakoitzean, plantillaren lan-baldintzak arriskuan jartzen dira eta eskala bikoitzak sustatzen dira. Hori Eusko Jaurlaritzaren erabaki politikoaren ondorio zuzena da, hau da, pertsonen osasunarekin negozioa egin nahi duten enpresa pribatuen bidez, zerbitzu publiko eta funtsezko bat emateagatik komunitateari.

Plantillak bere lan-baldintzak hobetzeko borrokatzen jarraitzen du, eta gaur Santurtziko Udalaren aurrean kontzentratu egin da, osoko bilkuran mozio bat aurkeztu baita Eusko Jaurlaritzari lan-gatazka horretan parte har dezala eskatzeko, bere eskumeneko zerbitzu publikoa baita.

Salbuespenezko espetxe politikaren aurka mobilizatu gara Gasteizen

Euskal presoen eskubideen alde elkarretaratzea egin dugu Gasteizen, Andra Mari Zuriaren plazan. Presoak etxean eta bizirik nahi ditugula aldarrikatu dugu.

Hain zuzen ere, honako aldarri zehatzak eskatu ditugu:

-Legeria arruntean jasotako espetxe-onurak eskuratzea

-Preso guztiak Euskal Herriko kartzeletan egotea

-Gaixotasun larriak dituztenak espetxetik ateratzea

-Espetxetik ateratzen diren pertsonak lan-mundura itzultzea

-Zigorrak salbuespenez luzatzeko legeria berrikustea

-Iheslari eta deportatu politikoek Euskal Herrian bizitzeko eskubidea

Mobilizazioan nabarmendutakoaren arabera, “aldarrikapen hauek lan mundura eramaten jarraituko dugu. Aldi berean, beste sindikatuekin partekatuko ditugu, dinamika amankomunak aztertzeari begira”.

Bide luzea egiteko

Egoerak presoei aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe-politika gainditzea eta ezabatzea eskatzen du. Urte hauetan aurrerapausoak eman dira, batez ere urruntze eta sakabanaketa politikari amaiera emateko. Baina, gaur egun oraindik bide luzea dago egiteko, larriki gaixo daudenak lehenbailehen askatu behar dira, zigorren konputoa aplikatu behar da, eta asko dago egiteko gradu-progresioa eta kartzelatik garaiz ateratzea errazteko. Era berean, ezin dugu ahaztu motxilaren haurrek pairatzen duten errealitatea.

Azken urteotako aurrerapenak ezin dira ulertu jendarteak egindako presiorik gabe, eta oraindik ere gainditu beharreko bidea azkarrago jorratuko dugu mobilizazio soziala areagotuz gero. Horregatik atera gara kalera, gaurkoan ere.

Mugak ere aliantzak artikulatzeko gune badira

Mugak Zabalduz Pirinioak-Alpeak 2022 karabanan parte hartzen ari gara LAB sindikatuko hainbat kide.

Irunen eta Hendaia artean inposatutako mugan abiatu zen karabana, Bidasoa ibaiko muga gurutzatzen bizia galtzen ari diren pertsonak gogora ekartzeko eta Europako migrazio politika hiltzaileak eta kontrol arrazistak salatzeko.

Iragana eta oraina lotzen dituen memoriaren hariarekin jarraitu dugu orduz geroztik. Izan ere, Europako barne mugak lehen eta orain zeharkatzen dituztenen patua bera da: kontzentrazio esparruetan sartzea, errepresioa pairatzea, heriotzara kondenatuak izatea…

Iraganeko Gurs, Argèlers, Rivesaltes eta gainerakoak kontzentrazio esparru bihurtu ziren errefuxiatuentzat. Bada, gaur egungo migranteek, ipar globalaren politika ekonomikoen ondorioz euren lurraldeetatik ihesian doazenek, eta iraganekoek, totalitarismoetatik alde egiten zutenek, ondorio berberak jasaten dituzte.

Baina, errepresioa eta injustiziaren aurrean beti dago erresistentzia eta sistemari buelta emateko borrokan ari direnak. Iluntasuna iluntasun, elkartasun argia beti gailentzen da: Elnako ama etxea kontzentrazio esparruetan zeuden emakumeak era seguruan erditzeko, emakumeen arteko antolakuntza eta elkar laguntza, erbesteratuekiko elkartasun sareak, ibaietatik zein mendietatik guztiz itxita eta kontrolatuta dauden mugak zeharkatzen laguntzen duten kolektiboak…

Horiekin ere elkartu izan gara bidean, izan errefuxiatu edota migranteen elkarteekin edo haiekin batera borroka elkarbanatzen dutenekin, mugak zeharkatzen laguntzen dituztenekin zein politika hiltzaileak salatzen dituztenekin.

Carovani Migranteko gure kide Giacomo Donadiok dioen bezala, “biktimizaziorako eta eskubideak urratzeko gune izateaz gain, mugak ere aliantzak artikulatzeko gune badira”.

Guk argi dugu: mugak zabaldu behar dira, migratzeko eskubidea errespetatuz eta bermatuz, atzerritartasun lege guztiak deuseztatuz. Bitartean, premiazkoa da bide seguruak irekitzea, beste inork ez dezan bizia galdu mugak zeharkatu nahian. LABek horretarako bere konpromiso irmoa adierazten du.

Argazkiak: Mugak Zabalduz / Ekinklik Argazkiak

FVEM patronalak beste aukera bat galdu du Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko; gatazka luzatzearen aldeko apustua egin du, hortaz

Gaur 10. bilera egin du Bizkaiko metalgintzaren negoziazio-mahaiak. Negoziazioan parte hartzen dugun sindikatuok eskatuta egin da bilera.  

Ekaina eta uztaila bitartean 3 greba egun egin genituen sektorean. Grebak arrakastatsuak izan dira, jarraipena masiboa izan da eta ekoizpena, sektorearen % 85ean, geldirik egon da. Greba-egun hauetan, sektorea pikete moduan atera da kalera goizeko 5:00etatik, eta Bilbo, Durango eta Sestaoko kaleak metalgintzako langilez bete dira manifestazioetan.

Grebaren 3 egun hauetan, Bizkaiko metalgintzako langileek produkzioa gelditu dute, eta argi hitz egin dute FVEM patronalari esateko ez dutela beren proposamenek balio, erosteko ahalmena bermatu nahi dutela, lanaldia murriztu nahi dutela, subrogazioa handitu nahi dutela; azken batean, lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat nahi dutela. Bere asmoak eta negoziazioaren blokeoa alde batera uzteko eta behingoz negoziatzera esertzeko eskatu diote FVEMi.          

Horregatik, negoziazio-mahaian ordezkaritza dugun sindikatuok beste bilera batera deitzea erabaki genuen, ikusteko zer erantzun ematen zien FVEMek sektoreko langileei. Gaur egindako bileran, FVEMek aukera bat galdu du berriro negoziazioa desblokeatzeko, eta berak aurkeztutako plataforman berresten da berriro.    

Jarrera honekin, FVEMek mespretxua erakusten die sektoreko langile guztiei, eta konfrontazio-egoerak bere horretan jarraitzera bultzatzen du. Gero esango du greba deialdiekin ez duela negoziatzen, aitzakia guztiek balio dutela pausorik ez emateko. Erantzukizunez jokatuta, sindikatuok berriro deitu dugu negoziazio mahaia hurrengo irailak 13an, 12etarako, eta horixe da FVEMek gatazka ez luzatzeko eta greba-agertoki berri bat saihesteko izango duen azken aukera. Pilota bere teilatuan dago.

Gipuzkoako TAO eta Garabietako langileen egoera eta negoziazioaren blokeoa salatu ditugu

LAB, CCOO eta LAB sindikatuon oharra:

Gipuzkoako lurraldean TAO zerbitzua hainbat udalen finantzaketa-bideetako bat da. Zehatzagoak izanik, Donostian 7 ‘8 milioi euro biltzen dira zerbitzu horrekin, 1,3 milioi euro urtean Zarautzen eta milioi bat euro inguru Irunen.

Baina zerbitzu eta diru-sarrera horiek ez dira erabat publikoak, baizik eta enpresa azpikontratatu batzuek udalentzat egiten dituzte lan horiek. Enpresa nagusiak hauek izanik: Estacionamientos y Servicios SA (Donostia TAO eta garabiak, Zarautz Beasain, Irun Grúas eta Zumaia); Valoriza (Irun) eta Gertek (Tolosa). Horiek guztiak ASESGA Estatuko patronalak ordezkatzen ditu.

LAB, ELA eta CCOO sindikatuok salatu dugu enpresa horiek, udalekin milioi askoko kontratuak izan arren, ez dituztela plegu publikoak osorik betetzen, eta ohikoa dela hitzartutakoa baino langile gutxiago egotea, leku batetik bestera plantilla erabiltzea, etab.

Gainera, Gipuzkoako TAO eta Garabien hitzarmena berritu gabe dago 2020tik, eta, negoziatzen urtebete eman arren, ez da urratsik eman. Patronalaren proposamena soldatak izoztea, antzinatasuna erdira jaistea eta bajen osagarriak murriztea da. Sindikatuek, aldiz, hainbat proposamen egin dituzte, baina bi eskari nagusi dituzte: KPIaren bermea eta 1.592 orduko urteko lanaldia.

Horregatik guztiagatik, sindikatuok uste dugu udalen inplikazioa ezinbestekoa dela, zerbitzu publiko horren azken arduradunak direlako eta, aldi berean, alderdi interesatuak direlako, azken finean TAO eta Garabien zerbitzua udal- aurrekontuetako diru-iturri garrantzitsua baita.

Hala ere, patronalak negoziazioan duen jarrera ikusita, sindikatuok ez diogu aterik ixten uda honetan beste mobilizazio mota batzuei ekitea.

Mercedes-eko langileei iruzurra egin diete Eusko Jaurlaritzak, zuzendaritzak eta sindikatu sinatzaileek

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak atzo egindako adierazpenen ondoren, LABen ustez argi geratu da erakundeek, enpresako zuzendaritzak eta sindikatu sinatzaileek Mercedeseko langileak engainatu nahi izan dituztela. Asteleheneko bozketaren emaitza eta inbertsioak faltsuki batu nahi izan dituzte, xantaia gisa erabili nahi izan dute, plantilla egiten ari zen borroka baldintzatu eta aldarrikapenak lausotzeko.

Asteleheneko bozketaren ondoren, atzo Eusko Jaurlaritzako bozeramailea adierazpen harrigarriak egin zituen: emaitza gorabehera multinazionala “konbentzitu” behar zela Gasteizko lantegian 1.200 milioi euroko inbertsioak egin zitzan. LABek oso larritzat jotzen ditu adierazpen horiek, erakusten baitute inbertsioak eta bozketaren emaitza batzen zituztenek bozketa baldintzatzeko baino ez zutela egiten, langileak presionatuz eta plantilaren borroka desaktibatzeko.

Argi dago asko zela jokoan zegoena, eta ez hain zuzen lantegiaren bideragarritasuna. Askok ikusi dute Mercedesen borrokan klase-interesen kontu bat, eta lerrokatu egin dira fabrikako zuzendaritza, erakundeak, hitzarmen-sindikatuak, patronala, komunikabideen zati bat, patronala… Mercedeseko langileen borroka baldintzatu eta geldiarazteko makineria oso bat jarriz: zuzendaritzaren xantaiak, sindikatu sinatzaileen presioak, euskal erakundeen presioak lehendakaria buru dela baita komunikabide batzuena, patronalarena, arduradunek mehatxuak langileei, batez ere ebentualei, sistema telematiko bat inposatzea hori guztia justifikatzen zuen inolako arrazoirik gabe, bozka telematiko horren filtrazioa gaueko txandak bozkatu aurretik… Denak balio izan die. 

Mercedeseko langileek, besteak beste, erosteko ahalmena ez galtzea eta kontratazio berriei prekaritate handiagoa eta 12 orduko lanaldiak ez ezartzea aldarrikatzen zituzten. Gaur egun, inork ezin du esan zergatik ziren aldarrikapen horiek Gasteizko lantegiaren bideragarritasunerako arriskutsuak, 2021ean 62 milioi euroko irabaziak izan eta 265 milioi euro dibidenduetan banatu ondoren. Beraz, sektore askok borroka hori gelditzeko interes estrategiko bat zuten, plantillaren erosteko ahalmenari eustea ez gauzatzeko, bizitzaren kostua asko igotzen ari zen une batean.

Hala eta guztiz ere, tailerreko langile gehienek makineria horri guztiari aurre egin diote, eta lortu dute akordio horri uko egitea gehiengoa izatea plantillaren zati horren artean, azken emaitzan hitzarmenetik kanpoko langileen botoa erabakigarria izan den bozketan.

Nolanahi ere, LABek uste du borroka-prozesu osoa aztertu behar dela, eta, zentzu horretan, balorazio positiboa egiten dugu garatutako borrokaz, historikoa izan baita: ia erabateko greba-egunak, ekoizpena geldituta, langileak kalean… Zentzu horretan, gauza bat ukaezina da: 6. gauarekiko eta soldata-igoerekiko aurrerapenak ez dira lortu zuzendaritzaren eskuzabaltasunagatik, ez sindikatu sinatzaileen jarrera otzanagatik, ezta Urkulluk Alemaniara egindako bidaiagatik ere, plantillaren borrokari esker baizik.

Borroka horrek Gasteizko Mercedesen etorkizuna markatu duela uste dugu, ezer ez baita berdina izango: langileak ahaldundu egin dira, sinesten dutenaren alde borrokatu dira, eta jada ez dira posible izango pasteleoak negoziazioetan, non eskubideak galtzen diren etengabe, orain arte bizi izan dugun bezala. Horri dagokionez, oraindik ere eskatzen dugu irizpide objektibo batzuk adostea kontratuak mugagabe bihurtzeko, emakumeak bezalako kolektiboen diskriminazioa saihesteko eta faboritismo-susmoekin amaitzeko.

Horregatik guztiagatik, berriz ere zorionak eman nahi dizkiegu baldintza duinak izatearen alde borrokatu diren langileei, egungo eta etorkizuneko langileentzat borrokatu baitira, langile klasearen borrokari ekarpena eginez, beste enpresa eta sektore batzuentzat eredu bihurtu baitira. Era berean, borroka hori babestu dutenak ere zoriondu nahi ditugu, langileen familietatik hasi eta borroka horrekin bat egin duten beste enpresa eta sektore batzuetako ordezkari eta kideenganaino. Borrokaren garrak piztuta jarraitzen du eta aktibatu egingo da beharrezkoa denean. Mercedesen, bozketaren emaitza orokorra gorabehera, duintasunak irabazi du.

Enpleguko Pentsio Plan eta Fondoen Legeak pentsio sistema publikoa ahuldu eta langileriaren arteko arrakalak handituko ditu

LABek banaketa sisteman oinarrituko den pentsio sistema publiko indartsu baten aldeko apustua egiten du pentsiodun guztien bizitza duina bermatzeko bide bezala. Bide horretan aldarrikatu dugu euskal pentsio sistema publiko propio bat, Gizarte Segurantzarako lege propioaren proposamenean jasoz.

Ekainaren 30ean, ordea, Espainiako Estatuko kongresuan onartu zen legeak kontrako norabidean jarri gaitu: kapitalizazioan oinarritzen den eredu pribatuari atea ireki eta berau orokortzeko zutabeak ezarri dituzte. Beraz, onarturikoa ez da aldaketatxo bat izan, orain arte, guztiz ahulduta egon arren, indarrean mantendu den eta elkartasun zantzuak izan dituen pentsio sistemaren norabide aldaketaren lehen urrats gisa uler dezakezu, gelditzeko geratu den aldaketa gisa alegia.

Legea onartu izana pentsiodunen eta oro har langileria guztiaren kalterako izango dela uste dugu. Izan ere honako aldaketak jasotzen ditu:

– Banaketa sistema huts batetik kapitalizaziorako aldaketa. Elkartasun sistema batetik, erabat ez  nahikoa izan arren elkartasun mekanismoak badituen batetik, norberaren aurrezkien araberako sistema batera. Gainera, ez da inolako birbanaketa mekanismorik ezartzen, pentsio murritzenak dituztenei beste guztien baldintza berberak ezarriz.

– Langileen arteko arrakalak handitu.

  • Ekarpenek kenkari fiskalak izango dituzte, baita gizarte segurantzako kotizazioetan murrizketak ere. Ondorioz, diru publikoarekin, langile guztien diruarekin (pentsio plan bat duenaren eta ez duenarenarekin) finantzatuko dira hein handi batean. Horrek langileon artean dauden arrakaletan sakontzen lagunduko du. Izan ere, egoera kalteberenean dauden langileak izango dira pentsio plana izateko aukera gutxien izango dutenak, gainerako langileen pentsio planen finantzaketa euren gain ere hartuz.
  • Langile askok uko egin beharko diote pentsio plan hauek izateari -eta legeak hori egitea ahalbidetzen du- egungo euren soldatek margen gutxi dutelako etorkizuneko balizko pentsioei ekarpena egiteko. Horrez gain, negoziazio kolektibotik kanpo dauden langileak (etxeko langileak zein bestelako sektore batzuk) plan hauetatik kanpo geratuko dira.
  • Ez da zehazten enpresa eta langileen artean nola banatuko diren ekarpenak, posible izanik enpresaren ekarpena txikiagoa izatea. Gainera, hitzarmenetan langileen artean ere ekarpen desberdinak egitea ahalbidetu daiteke, arrakalak handitzeko tresna paregabea sortuz.
  • Gainera, urtez urte erosahalmena galtzen ari den langile belaunaldiak euren etorkizuneko pentsioa eta egungo pentsiodunena finantzatu beharko du.

– Estatalizazioan izugarrizko urratsa emango da. Nafarroak ez du pentsio plan propioak garatzeko eskumenik, beraz, bertako langileei Estatu mailan erabakitako eredua ezarriko zaie. EAE-n eskumen zabalagoak izanik, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Elkarteen (BGAE) ereduarekin elkar-bizi daitekeen eredua ezarriko dela dirudi, garapena zein izango den ikusteke, bertako enplegu planen ordez Estatu mailakoa hautatzeko aukera irekitzen baita legean.

– Entitate pribatuen esku utziko da planen gestioa, non eta ustelkeriaren estatuan. Langileen pentsioekin negozioa burutuko dute finantza erakundeek.

– Ez da zehazten erreskatea errenta bidez egiteko betebeharra, beraz, kapital moduan erreskatatzeko aukera egongo litzateke,pentsio planen helburua erabat desitxuratuz. Pentsioak osagarritzeko helburua aldarrikatzetik, aurrezki produktu izatera pasa daitezke.

– Europar Funtsek baldintzaturiko neurrietako bat da sistema publikoaren eraispena eta langileon aurrezkiak kapitalizazio eredu pribatizaturako bidea egitea. Behin baino gehiagotan adierazi dugu funts hauen norabidea zein ezarritako baldintzak langileon bizkarrean inposatu nahi direla eta honakoa adibide berri bat baino ez da.

– Pentsio pribatuak modu orokortuan bultzatzeko legea da onartu dena eta bigarren urratsa pentsio publikoak ahultzea eta kaltetzea izango da. Eredu honekin arrakaletan sakonduko dugu, gutxieneko pentsio duin bat lortu ahal izateko aldarria gero eta urrunago geratuz. Salatu izan dugun moduan, pentsio sistema publikoaren eraispena tantaka gauzatzen ari dira. Abenduan,Jasangarritasun Faktoreari izena aldatu zien izaeran egiturazko aldaketarik egin gabe eta KPIarekin egindako azpijokoek erakusten dute lege proposamen honen norabidea ere zein den: Urratsez urrats, prestazioak duintzea baino, pentsio sistema publikoa biziraupen hutserako sistema gisa hezurretaraino hustea.

LABek bertako pentsio sistema publikoaren alde lanean jarraituko du, besteak beste lege proposamen honen eta gisakoen aurka posizionatuz eta berau borrokatuz, bertako pentsio sistema publikoaren eraikuntzarako proposamen desberdinak garatzen ditugun bitartean.

Informatikako bere zerbitzuak ere pribatizatu nahian dabil Osakidetza

LAB sindikatuak kontratu-errekurtsoen organoan aurkeztutako errekurtso batekin geldiarazi egin du, kautelaz, Osakidetzak azpikontratatu nahi zuen informatikako bulego teknikoaren proiektua. Azpikontratazioak urtero 2.000.000 euroko kostua izango luke, nahiz eta Osakidetzak baduen lan horiek egiteko gai den pertsonala informatika zerbitzuan.

Osakidetzako informatika proiektuen kudeaketa egin asmoz lizitazioa martxan jarri zuen Osakidetzak, lan hori kanpoko enpresa baten utziz. Azpikontratazio honek urtero 2 miloi euroko kostua izango luke, plegu teknikoetan ageri den informazioaren arabera. Diru publikoaren xahuketa larria izateaz gain, Osakidetzako hainbat zerbitzu pribatizatu eta azpikontratatzeko bidean beste urrats bat baino ez da honakoa. Sagardui sailburuak adierazitako kultura aldaketa delakoaren barnean beste pauso bat.

Informatikako zerbitzua Osakidetzaren desegite-politiken biktima izan da aspalditik. Honen ondorioz, zerbitzu publikoaren egitura hustutzeaz gain, lan informatiko hauek egiten dituzten langileek lan baldintza erabat prekarioak dituzte gaur egun.

LAB sindikatuak lizitazio horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen duela aste batzuk kontratazio horiek ebazten dituen organoan, eta organo horrek erabaki du kautelaz geldiaraztea. Gogoratu beharra dago beste kasu batzuetan ere, Araba ESIko mantenu zerbitzuen azpikontratazio proiektuaren kasuan adibidez, KEO/OARC-k LAB sindikatuari eman izan diola arrazoia, eta azpikontratazioa ez dela bidezkoa ebatsi duela.

Aipatu beharra dago ere Osakidetzaren azpikontratazioen onuradunak diren enpresa pribatuak sarritan, kasualitatez, EAJko kideak buru dituzten enpresak izaten direla. Egoera hau are eta nabarmenagoa izaten da informatika alorreko enpresei dagokionez. Hainbat informatika enpresa sortu, elkartu, desegin, bersortu… egiten dira Osakidetzaren informatika zerbitzu pribatizatuen inguruan, baina, aldaketak aldaketa, enpresa hauetako buru gisa, eta hortaz pribatizazioen onuradun gisa, agertzen diren pertsonak sarri askotan berdinak izaten dira.

Osakidetzako zuzendaritzari eta EAJko eta PSEko Gobernuari eskatzen diegu osasun publikoa eraisteari uzteko. Mahai gainean dauden erronkei konponbidea aurkitzeko plantilla nahikoa izatea bermatu behar da, eta baita langilegoaren parte-hartzea ere. Kalitatezko osasungintza publikoaren defentsan pribatizazioaren bidea indar guztiz borrokatu eta geldiarazten saiatuko da LAB sindikatua.