| Nafarroako Gobernuko lehendakariak Diario de Noticias egunkariari eskainitako elkarrizketa ikusita, LAB sindikatua erantzun beharrean sentitu da. Izan ere, elkarrizketa horretan, lehendakariak ezarritzat jotzen du osasun arretarako sistema berri bat, profesionalek eta erabiltzaileek onartzen ez dutena, haiekin ez baita ez adostu, ez negoziatu. Nola da posible zerbitzu publikoetan gero eta gehiago inbertitzea eta gero eta eskasagoak izatea? Pandemiaz baliatu dira osasun arretarako sistema berri bat ezartzeko, Ayusok Madrilen eta Sagarduik Osakidetzan ezarritako ereduarekin antz handia duena. Horrek erakusten du Osasun Departamentuak ez duela gaitasun handirik gauzak planifikatzeko eta konponbideak bilatzeko: bateko eta besteko ideiak hedatzen ditu inolako abalik gabe, ebidentziarik gabe eta adostasunik gabe. Horrez gainera, diru-funtsak ezin okerrago erabili dira (ikusi bestela produktibitateekin egin dutena, konponbide bat izan behar zena arazo bat bihurtu baitute), eta lankidetza publiko-pribatuaren gaineko kontrola oso txikia izan da. Erabaki horiek profesionalen arteko soldata-arrakala handitzeko eta osasungintza pribatua aberasteko besterik ez dute balio izan. Zergatik dira hain luzeak itxaron-zerrendak? Formula magikorik ez dagoela eta dena diruarekin konpontzen dela esatea oso diskurtso sinplista da. Itxaron-zerrendak luzeak izatea gaitz endemiko bat da, ziklikoki gertatzen dena, sistema tentsionatzen denean (Covid pandemia batean edo gripe izurrite batean, esate baterako). Faktore askok eragiten duten arazoa da, Oinarrizko Osasun Laguntza sendotuz eta erabakiak hartzeko ahalmena emanez konpon litekeena, espezialisten eta Oinarrizko Osasun Laguntzako medikuen arteko komunikazio sistemak indartuz, eta adierazle argi batzuk ezarriz erabiltzaileen beharrak eta profesionalen eskaria ezagutzeko, planifikatzeko eta konpondu ahal izateko. Oinarrizko Osasun Laguntzan gaur egun dagoen eredu hori da ezarri nahi dutena? LAB sindikatuaren iritziz, Oinarrizko Osasun Laguntzan ezarri duten eredua kaltegarria da nafar guztien osasunerako, eta galera handia da, bai arretaren kalitatearen aldetik, bai prozesuen diagnostikoaren eta segimenduaren aldetik. Horregatik ugaldu dira aseguru pribatuak. Administrariak zaldien oinetan jarri dituzte, iritzi publikoak eta gainerako profesionalek larrutu ditzaten. Horri dagokionez, Chivite andrea oso gaizki informatua dago: administrariei ez zaie prestakuntzarik eman, ez zaie lan berezi hori errekonozitu, eta gaur egun ez daukate horrelako eginkizunak beren gain hartzeko prestakuntza eta gaikuntza nahikorik. Telemedikuntza sistema bat ezartzeak heziketa handia behar du, batez ere osasun arloan. SMN-Nafarroako Sindikatu Medikoa ez da mediku guztien ordezkaria Medikuei buruz hitz egiten denean, irudi luke Osasun Departamentuak eta Chivite andreak SMN sindikatuaren iritzia besterik ez dutela kontuan hartzen. Baina SMN ez da mediku guztien ordezkaria, eta haiek planteatzen dituzten konponbide guztiak ekonomizistak dira. LAB sindikatutik uste dugu beharrezkoa dela medikuekin eta erizainekin eztabaida prozesu sakon bat irekitzea, konponbide eraginkorrak ezartzeko asmoz. Gaur egungo egoerara eraman gaituzten kausak ekonomikoak eta laboralak dira, baina arrazoi nagusietako bat izan da, baita ere, ez dela batere baloratu eta aitortu langileek oro har egin duten lana. Pandemia bukatuta, ez lehendakariak, ez Osasun Departamentuak ez dute inolako hobekuntzarik ezarri profesionalentzat. Benetako planik ez duen plana Ikusirik Chivite andrea eta Osasun Departamentua erakusten ari diren zehaztapen falta, beldur gara haien benetako asmoa ez ote den arlo publikoaren defentsarekin batere zerikusirik ez duten estrategia jakin batzuk inposatzea. Bruselako eskakizunak betetzen dira Europako diru-funtsak lortzeko, bakar-bakarrik. Eskakizun horien artean, osasun arloa teknifikatzea eta plantillak egonkortzea dago, baina, LABen iritziz, arlo horietan motz gelditzen ari dira, eta interes pribatuen arriskua hor dabil beti bueltaka. Planen bat baldin badute, zabal dezatela, behar diren mahaietan eztabaida dezatela eta lortu nahi dituzten emaitzak jakitera eman ditzatela. Nafar guztien lehendakariak eta Osasun Departamentuak ongi neurtu beharko lukete zer esaten duten. Izan ere, horrelako diskurtsoekin lortzen duten gauza bakarra da ongieza zabaltzea osasun profesionalen eta nafar herritarren artean, arreta-eredu honen erantzule gisa aurkezten dituztelako eta mentalitatea aldatzea exijitzen dietelako, baina trukean osasun sistema publikoan inolako hobekuntzarik eskaini gabe. LABek ez du onartuko agintariek hartu dituzten erabaki horien erantzukizuna, berriz ere, herritarren esku uztea, iradokitzen dutelarik herritarrek bi aldiz pentsatu beharko luketela medikuarengana joan aurretik. Herritarrek osasun arreta publiko duina, presentziala eta kalitatezkoa hartzeko eskubidea dute, eta horri ez diogu inoiz ere uko eginen. |
Horrela ez, Chivite anderea
BetiON, EAEko telelaguntza-zerbitzuko langileek hilabeteko greba egingo dute irailean, hitzarmen duinaren alde
Eusko Jaurlaritzaren BetiON telelaguntza zerbitzu publikoko langileak grebak eta mobilizazioak egiten hasi ziren martxoan euren hitzarmena berritzeko. Uztaila eta abuztuan greban egon dira, eta Bilboko Aste Nagusian ere mobilizatu dira. Irailean ere hilabete osoko greba egingo dute, euren egoera hobetzeko helburuarekin.
Greba batzordearen oharra (LAB, ELA eta ESKren sail sindikala)
Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza zerbitzu publikoko langileok grebak eta mobilizazioak egiten hasi ginen martxoan gure hitzarmena berrizteko. Eusko Jaurlaritza da zerbitzua pribatizatzea erabaki duen erakunde publikoa, eta ondorioz lizitazioaren bidetik besterentzen du bere ardura.
Uztailean amaitu zen enpresek lehiaketara aurkezteko daukaten epea eta patronala den Tunstall-GSR-IMQ enpresa azpijokotan dabil geroztik. Eusko Jaurlaritzak badaki langileok enpresa hitzarmena defendatzen ari garela eta sektoreko beste lan batzuekin parekatu nahi ditugula gure lan baldintzak. Bada, erakunde publiko horrek aurtengo zerbitzua emateko 71 milioi euroko aurrekontuarekin atera du lehiaketa merkatura, gutizia hutsa.
BetiONeko Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako telelaguntza zerbitzuko langileok greban jarraitzen dugu, eta Bilboko Aste Nagusian ere elkarretaratzea egin genuen gure egoera salatu eta irailerako hilabete osoko greba deialdia zabaltzeko. Langileon helburua gure egoera hobetzea da: KPIa bermatzea soldata oinarrietan, lanorduak murriztea… etab.
Arreta iraunkorreko zerbitzua da BetiOn, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan martxan dagoena, eta larrialdi egoerei edo premia sozialei erantzun egokia emateko berariaz prestatuta gauen pertsonok eskaintzen dugu. Uda osoan zehar grebak egiten ibili gara, eta irailerako ere 24 orduko hilabeteko greba deialdia deitu dugu.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzari dei egiten diogu patronala eserarazi dezan. Izan ere, greben jarraipena ona izaten ari denez, eta enpresak Jaurlaritzarekin batera ardurari ihes egiten dionez, EZ DIRA GUTXIENEKO ZERBITZUAK BETETZEN ARI, eta grebalariak aldi baterako kontratu bidez ordezkatzen ari dira. Bitartean langileok zerbitzuaren eta gure lan baldintzen alde borrokan jarraituko dugu.
Greba arrakastatsua Nafarroako kirol kudeaketan KPIaren adinako soldata-igoerararen alde
Borrokan ari dira Nafarroako kirol kudeaketako langileak, KPIaren adinakoa izango den soldata-igoera lortzeko helburuarekin. Greba arrakastatsua egin dute. Goizean goiz pikete informatiboa lanean egon da Artikako Kirol Hirian eta hainbat izan dira itxita egon diren igerilekuan, hala nola, Trinkete Mendillorri, Cascante, Capararroso, Azkoien, Burlata, Lagunak, Orkoien, Gelbenzu, Spa Sport Itaroa, Tutera, Aranzadi, San Adrian, San Jorge edo Anaitasuna. Arratsaldean, langileek kontzentrazioa egin dute Iruñeko Udaletxeko plazan.
Aipatutakoez gain, beste igerileku batzutan ere izan du eragin grebak. Horrela, Artikan, sarbideak itxita egon dira eta tornua zabalik; Arangurenen, sarbideak itxita; Zizurren, langile batzuk egin dute greba; Club Natacionen, goizean itxita egon da; Berriobeitin, goizean itxita; Huarten, arratsaldean itxita; eta Sarrigurenen, sarbidea itxita eta tornuak zabalik. Salatu behar dugu Aranguren Ibarrean udaltzaingoa aritu dela greban dauden langileen funtzioak ordezkatzen.
Inolako mugimendurik egin nahi ez duen patronalaren aurrean, sektoreko langileek borrokan jarraituko dute KPIaren araberako izango den soldata-igoera lortu arte eta eros-ahalmenaren galeraren kontra.

Bizi dugun egoerari aurre egiteko, egiturazko neurrien alde egiteko unea dela aldarrikatzen dugu
Madrilen krisi energetikoari aurre egiteko lege dekretu berria onartu den honetan, adabakiak albo batera utzi eta langileon bizi baldintzak duintzeko erroko aldaketen beharra azpimarratu dugu.
Hilabeteak dira langileok krisi hotsak geroz eta ozenago entzun eta ondorioak bizitzen ari garela. Sinetsarazi nahi digutenaren aurka, argindarraren prezioaren igoera zein oro har energia krisiaren arrazoiak ez dira Ukrainan jasotzen ari den gatazka belikoan hasi eta bukatzen. Egungoa ez da, gainera, koiunturazko eta beraz salbuespen neurri mugatuekin erantzuteko momentua.
Energia krisiaren oinarrian egungo ekoizpen eta banaketa sistema bidegabea da. Sistema kapitalistak, besteren artean langileon bizitzak prekarizatu eta pobretu, nagusiki emakumeok egitera behartutako zaintza lanak ikusezin bilakatu eta planetaren bioaniztasuna suntsitzen ditu.
Lehengaiak geroz eta zailago eta garestiago eskuratu, eraldatu eta garraiatu daitezkeen testuinguru honetan, Europar Funtsekin sustatu nahi zen trantsizio energetikoaren asmoak lausotzen ari dira, gerraren ondorioen aitzakipean erregai fosilei zigilu berdea emanez.
Gauzak horrela, hasiak gara entzuten trantsizio energetikoa baino, segurtasun energetikoa bermatu behar dela dioten adierazpenak. Horretarako, elektriken irabazi handiak mugatu eta sektore estrategiko gisa kontrol publiko eta sozialean berenganatzeko bideorria baino; langile eta herri sektoreen pobretzearekin aberasten ari direnen aurkako neurri sakonak hartu baino, aurreko krisietan bezala agintari politikoek gerrikoa langileok estutu eta ahalegin berriak egin ditzagun eskatzen digute.
LABen iritziz, datorren udazkenean larriagotu daitekeen egoerari erantzuteko, beharrezkoa da neurri politikoak oinarri sinple bezain erradikalean egitea: langile eta herritarron bizi baldintzak eta planetaren bioaniztasuna ziurtatzea.
Horrek esan nahi du argindarraren prezioa ezartzeko sistema marginalista aldatu beharra dagoela, erreforma fiskal eta neurri zehatzen bidez, oligopolio energetikoak irabazitako mozkinetan eskua sartu behar dela eta energia bezalako sektore estrategikoetan kontrol publiko eta soziala bermatu behar dela.
Norabide horretan, Sanchezen gobernutik zein Urkullu-Tapia tandemak edo Chiviteren gobernuen neurri epelak guztiz eznahikoak direla salatzen dugu, baita interes enpresarialen menpe daudela ere. Noski planetaren muga biofisikoak kontuan izan eta jarrera indibidualetan aldaketa eman behar dela, baina gaitasunen araberako ahalegina da arautu beharrekoa.
Gauzatu beharreko trantsizioa ezin da herri sektoreon jarrera indibidualetan oinarritu soilik eta horretarako lurraldearen planifikazio eraginkor eta ekoizpen eredua berraztertzearekin batera urgentziaz energia xahutze erraldoiak egiten dituztenei eta prezioen igoerekin aberasten direnei gehiago murriztera derrigortu, zerga gehiago ordainarazi eta haien espekulazio eta esplotazio asmoei muga jarri behar zaie
Beraz, larrialdi ekosozialari errotik erantzuteko proposamenak eta neurriak behar ditugu. LABek bere Programa Sozioekonomikoan bildu ditu hamaika proposamen eta hurrengo hilotan langileok bizi dugun bizitzaren garestitzearen aurka borrokatu eta zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzeko indarrak biderkatuko ditu.
Larrialdi egoeran gaude: 52 lan-heriotza urte hasieratik, 5 abuztuan
Laneko heriotzek ez dute etenik. Euskal Herrian, gutxienez 52 langile hil dira urte hasieratik eta horietatik 5 abuztuan. 5 egunik behin langile bat hil da. Abuztuaren 22an hil zen azkena, eta gaur salatu dugu heriotza hau Donostian, Construcciones Amenabarren egoitzaren aurrean, enpresa honek Markinan duen harrobi batean izan baitzen hil baitzen langilea.
Mobilizazioan salatu dugu patronalak ez dituela lan osasunerako neurriak betetzen. Ikusi besterik ez dago Amenabar taldeak duen lan istripu eta hildako zerrenda beltza azken urteetan.
Ohiturik gaude prebentziorako neurriak paperean idatzirik ikusten baina berriro salatu nahi dugu gero ez direla errealitatera eramaten, ez dira praktikan jartzen. Laneko heriotzen datu latzek berretsi baino ez dute egiten gure salaketa.
Gainera, langileok zailtasunak ditugu segurtasun neurriak eskatzeko, prekaritatean oinarritutako lan harremanak direla eta.
Bizi dugun larrialdi egoerak berehalako neurriak eskatzen ditu. Ezin dugu ulertu nola ez den Jaurlaritzako ordezkarien adierazpen bakar bat ere entzun gai honen inguruan. 5 egunik behin langile bat hiltzen ari da. Non dago Urkullu jauna? Zertan dabil Idoia Mendia?
Jaurlaritzaren ardura da lan osasun neurriak betearaztea baina errealitatean, jakina da araudi hau ez dela betetzen.
Langile bat hil da Amenabarren harrobi batean, Markinan
Atzo arratsaldean Markinako Zeleta harrobian B.F. 34 urteko langilea hil zen harritzar batek harrapatuta. 52 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian 2022a hasi zenetik, hauetatik 5 abuztuan. Heriotza honen aurrean, gehiengo sindikalak mobilizazioa egingo du harrobiaren jabea den Construcciones Amenabarrek Donostian duen egoitzaren aurrean (Miramon pasealekua, 185) abuztuaren 25ean, 12:00etan.
Odol isuriak ez du etenik. Beste laneko heriotza bat, beste familia bat birrindurik, eta beste drama sozial bat. Goizean lanera joateko jaiki eta ez itzuli.
Behin eta berriz jarri dugu mahai gainean istripu hauek ekidingarriak direla, hauen atzean ematen diren drama pertsonal eta sozialak ekidin litezkeela prebentziorako neurriak beteko balira.
Ezagunak dira Amenabar taldeko harrobi honek ingurugiroarekiko eginiko arau hausteak, orain badakigu ere, lan osasuneko araudia ez dela betetzen. Langilegoak ez du formakuntzarik jasotzen arrisku handiko aktibitatea izanik ere. Zergatik ematen da egoera hau? Patronalari merkea ateratzen zaiolako langile baten heriotza. Kapitala, produkzioa langileon bizitzaren aurretik.
Patronalaren jokaera hau ahalbidetzeko ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzaren onespena. Izan ere, patronala kontrolatzeko eta lan osasunerako araudia betearazteko dituen bitartekoen erabilpen ankerra egitean, betearazpen hori bera desitxuratzen du eta patronalak nahi bezala jokatzen jarraitzen du. Erabaki politiko bat dago honen atzean, azken instantzian Iñigo Urkullu eta Idoia Mendiaren erabaki politikoa.
Honela, dei egiten dugu datozen orduetan gehiengo sindikaletik deituko diren mobilizazioetan parte hartzera, bai senide eta lagunei babesa eskeintzeko eta bai behingoz neurriak har daitezen aldarrikatzeko.
Osalan eta Jaurlaritzari behingoz martxan jartzea eskatu diegu, urteko 51. lan-heriotza salatzeko mobilizazioan
“Prekaritatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez” lemarekin, kontzentrazioa egin dugu Zeanurin gehiengo sindikalarekin batera, abuztuaren 17an udalerrian hildako basogintzako langilearen heriotza salatzeko. M.M.S.Q. 47 urtetako langilea zuhaitz batek azpian harrapatuta hil zen. Urte hasieratik Euskal Herrian hil den 51. langilea da. Osalanek eta Eusko Jaurlaritzak dute egoera aldatzen hasteko giltza eta behingoz martxan jarri daitezen exigitzen diegu.
Basogintza sektorearen hilkortasun tasak marka guztiak garaitzen ditu. Langile gutxi dituen sektorea izanda, urtero egoten dira hildakoak sektore honetan. Honela, abuztuaren 17koa aurten egondako laneko bigarren heriotza da basogintzan, Idiazabalen 49 urtetako langile bat hil baitzen ekainaren 14an zuhaitzak azpian harrapatuta. 2021ean, sektoreko 6 langile hil ziren lan-istripuz.
Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuan, basogintza enpresen bideragarritasuna mugatua da nahiz eta eurentzako “ad hoc” eginiko foru arauak eduki. Egur ustiapen intetnsiboa lan harreman prekarizatuetan oinarritzen da etekinak lortu ahal izateko. Honela, lan segurtasuneko baliabideak ipini beharrean, hauetan aurrezten da. Plantilla murritzak, basoan bakarka lanean, errekurtso prebentiborik ez, formakuntza eza, lan tresna ezegokiak, lan erritmo oso altuak, lanaldi oso luzeak, honek eragiten duen nekearekin eta abar luze bat daude istripuen atzean. Jakina, aktibitateak berak barnebiltzen dituen arriskuei erantsitako faktoreak dira hauek.
Ez da lehen aldia Osalan eta Eusko Jaurlaritzari basogintza sektorearentzako neurri bereziak eskatzen dizkiogula. Oraingoan, berriro egiten dugu baina ikusten dugu erantzuna antzua dela.
Igor Arroyo: “Ez dugu eros ahalmena bermatzen ez duen hitzarmenik sinatuko”
Radio Euskadiko “Boulevard” saioan elkarrizketa egin diote LABeko koordinatzaile orokorrari eta aktualitateko hainbat gairen inguruan hitz egin du bertan.
Basogintza sektorean dago hilkortasun tasa handiena
Atzo arratsaldean basogintza sektoreko M.M.S.Q. 47 urtetako langilea hil zen Zeanurin zuhaitzak azpian harrapatuta. Sektorean urte hasieratik hildako bigarren langilea da, eta iaz, basogintzako 6 langile hil ziren. Dagoeneko, 2022an 51 langile hil dira lan istripuz. Osalanek eta Eusko Jaurlaritzak dute egoera aldatzen hasteko giltza eta behingoz martxan jarri daitezen exigitzen diegu. Heriotza hau salatzeko, otsailaren 19an mobilizatuko gara gehiengo sindikalarekin batera, 12:00etan Zeanuriko plazan.
Lehenik eta behin gure elkartasuna adierazi nahi diegu hildakoaren senide, lankide, lagun eta gertukoei.
Abuztuaren 18a da gaur eta 4 laneko heriotza izan ditugu hilabete hasieratik. Istripu hauen patroia berriro ere guztiz aurreikusgarria da. Obretan altueretatik erorita, garraiolariak arazo kardiobaskularrez hilak, basogintza langileak zuhaitzak azpian harrapatuta, in itinere, etab. Behin eta berriro errepikatzen diren patroiak. Honen aurrean ez patronalak ez Eusko Jaurlaritzak ez dute inongo neurririk hartzen, ardura guztia eurena izanda.
Basogintza sektorearen hilkortasun tasak marka guztiak garaitzen ditu. Langile gutxi dituen sektorea izanda, urtero egoten dira hildakoak sektore honetan. Honela, atzokoa aurten egondako laneko bigarren heriotza da basogintzan, Idiazabalen 49 urtetako langile bat hil baitzen ekainaren 14an zuhaitzak azpian harrapatuta. 2021ean, sektoreko 6 langile hil ziren lan-istripuz.
Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuan, basogintza enpresen bideragarritasuna mugatua da nahiz eta eurentzako “ad hoc” eginiko foru arauak eduki. Egur ustiapen intetnsiboa lan harreman prekarizatuetan oinarritzen da etekinak lortu ahal izateko. Honela, lan segurtasuneko baliabideak ipini beharrean, hauetan aurrezten da. Plantilla murritzak, basoan bakarka lanean, errekurtso prebentiborik ez, formakuntza eza, lan tresna ezegokiak, lan erritmo oso altuak, lanaldi oso luzeak, honek eragiten duen nekearekin eta abar luze bat daude istripuen atzean. Jakina, aktibitateak berak barnebiltzen dituen arriskuei erantsitako faktoreak dira hauek.
Ez da lehen aldia Osalan eta Eusko Jaurlaritzari basogintza sektorearentzako neurri bereziak eskatzen dizkiogula. Oraingoan, berriro egiten dugu baina ikusten dugu erantzuna antzua dela.
Osalanek eta Eusko Jaurlaritzak dute egoera aldatzen hasteko giltza eta behingoz martxan jarri daitezen exigitzen diegu.
Azkenik, heriotza hau salatzeko deituko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.

