2026-01-14
Blog Page 318

Aldundia inguratu eta eserialdia egin dugu Arabako Gizarte Esku-hartzeko bigarren greba egunean

Sindikatu deitzaileon oharra:

Gaur, ekainak 22, Arabako Esku-hartze Sozialeko Hitzarmenaren negoziazioan ordezkaritza sindikalaren % 100 duten bost sindikatuek (LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT) deitutako bigarren greba eguna da. Helburu bakarrarekin egiten dira grebak: AISA patronala egungo blokeo-jarreratik mugitzea eta sektoreko langileen erosteko ahalmena bermatzea 2021-2024 aldirako negoziatzen ari den hitzarmena indarrean dagoen bitartean.

Hilaren 17an egin zen lehen greba-eguna, eta jarraipen eta eragin handia izan zuen sektoreko arlo eta zerbitzu guztietan, nahiz eta zerbitzuetan artatutako pertsonen babes-ezaugarri bereziek eta, beraz, oinarrizko premiak gutxieneko zerbitzuen bidez betetzeko beharrak asko mugatzen duten langileen grebarako eskubidea.

Mobilizazioak 200 pertsona baino gehiago bildu zituen eta egun osoan zehar protesta ekintzak egin ziren. Gainera, Gasteizko Udaleko Osoko Bilkuran mozio bat eztabaidatu zen, eta aurrera atera zen talde politiko guztien babesarekin. Bertan, AISA patronalak eta sindikatuek adostutako baldintzen finantzaketa ekonomikoa bermatzen da.

Abal horrek, AISAk ez dela erreala esan arren, negoziazioan aurrerapauso argia izan behar du; izan ere, patronalak aukera du gaur egun duen jarrera aldatzeko, bihar, ekainak 23, 12:00etan, PRECOn izango dugun negoziazio-mahaiaren bileran.

Joan den ostiralean, Udalera eta patronala osatzen duten enpresetara zuzendu ziren aldarrikapenak. Gaur, ordea, Foru Aldundiaren aurrean egongo gara, eta goizetik mobilizatuko gara hor, Emilio Sola Gizarte Zerbitzuetako foru diputatuak ez baitigu harrera egin, joan den astean bilera bat eskatu arren. Foru Gobernuari eskatzen diogu, Gasteizko Udalbatzak egin duen bezala, berma dezala patronalaren eta sindikatuen akordioen finantzaketa.

Gaur goizean, AISA patronalari berehala mugimenduak eskatzeko ekintza batekin jarraituko dugu, eta arratsaldean kafe-solasaldi bat egingo dugu Arabako gizarte-zerbitzu pribatizatuen egoeraz eztabaidatzeko, sektorean 1.000 langile baino gehiago lan egiten dute, horietatik % 75 baino gehiago emakumeak.

Hilaren 17an bezala, gaur ere Gasteizko Udaleko Langileen Batzordearen eta GOFEko Langileen Batzordearen babesa dugu.

Elkarrekin gaude gizarte-zerbitzuen prekarizazioaren aurrean eta EAJren eta PSEren gobernuek gizarteko pertsona ahulenei arreta ematen dieten zerbitzuak uztearen ondorioen aurrean.

Greba egunak deitu ditugu Gipuzkoako helduen egoitzetan ekainaren 30 eta uztailaren 1, 14 eta 15erako

Gipuzkoako egoitzetako egoera jasanezina da. 5 urte baino gehiago luzatu den gatazka honi, Covid-19aren izurriteak izan duen eragina gehitu behar diogu. Jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da eta urgentziazkoa da irtenbide duin bat erdiestea: egoerak eskatzen duelako eta sektoreko langile zein egoilarrek merezi dutelako.

Argi dago egoera hau, zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekarietatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela. Gainera, hau ez da sektoreko langileen eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat; gipuzkoar guztioi eragiten digun auzi soziala baizik, kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan egitekoa urratuak izaten ari direlako.

Negoziazio mahaiari buruz

2 urteren ostean erabat blokeatuta zegoen negoziazio mahaia aktibatzen saiatu gara, baina patronalaren jarrera (hau da, proposamenik ez egitea) negoziaziorako duen borondatearen erakusle da. Lehenago esan dugun moduan, eta azken negoziazio mahaian frogatu genuenez, patronala oso urrun dago sektoreko egoerari dagokion irtenbide duin bat emateko. LAB sindikatutik salatu nahi dugu, patronalak negoziazio mahaia gatazka betikotzeko erabili nahi duela eta hori onartezina dela.

Halaber Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzukizuna ere azpimarratu nahi dugu; haiei dagokie orain mahaia desblokeatzeko pausuak eman eta irtenbidea erdiesteko proposamenak mahai gainean jartzea. Edukiez hitz egiten hasteko momentua den honetan, borondateetatik haratago, proposamen errealak mahai gainean jarri ezean, ez da aurrera pausurik emango negoziazio pozesuan.

Borroka da bide bakarra

LAB Sindikatutik behin eta berriz errepikatu dugun moduan, Herrialdeko Lan Hitzarmena eta Ratioen hobekuntzak ezinbesteko baldintzak dira gatazka honi irtenbidea emateko.

Sektoreko langileek aurrera daramaten borroka nekaezin eta eredugarria babestu eta presio sozial zein sindikala biderkatzeko unea da. Horregatik, ezinbestekoa izango da langile guztien inplikazio eta elkarlana, batasun sindikaletik hasi eta egoiliarren senideen elkarteen zein mugimendu sozial ezberdinen artean aliantzak eraikitzeraino.

Hori dela eta, ekainaren 30ean, uztailaren 1ean, uztailaren 14ean eta uztailaren 15ean burutuko ditugun greba egunetako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu.

Zaintza lanak aitortu, zerbitzua hobetu!

APNABI Autismo Bizkaia elkarteko langileek lanuztea egin dute bidezko negoziazioa eskatzeko

APNABI Autismo Bizkaia irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta Bizkaiko Autismo Espektroko Nahastea (AEN) duten pertsonen familiak biltzen ditu. 300 langile inguru ditu eta 2.000 pertsona eta familia ingururi ematen dizkie zerbitzuak. LAB da langileen ordezkaritza duen sindikatua, eta gaur, ekainaren 22an, langileek lanuztea egin dute 09:30etik 11:00etara bidezko negoziazioa eskatzeko. Aldundiak, Zuzendaritza Batzordeak eta Gerentziak beste aldera begiratzen duten bitartean, langileei gertatzen ari zaiena salatzea izan da mobilizazioaren helburua.

Langileak APNABIren 6 lantokitan mobilizatu dira, Deustu, Iralabarri, Santutxi, Areeta, Arrigorriaga eta Bilboko Sabino Arana kalean.

Langileek adierazi dute funtsezkoak izan direla pandemian, eta arriskuan jarri dutela bai euren osasuna, bai maite dituztetenana (kasu batzuetan ondorio larriak izanda).

Gainera, inflazio bortitzaren eta gure soldata prekarioen ondorioz, gero eta gehiago dira hilaren amaierara iristen ez diren profesionalak.

Horrekin batera, langileen osasuna arriskuan dagoen une kritiko batean daudela adierazi dute. Lan-istripu etengabeek eta arduradun eta erdi-mailako kargudunek etikoki zalantzagarria den tratua emateak sortutako arriskua. Horren antolaketa teknikoak gero eta lan gehiago eskatzen die langileei, denbora laburragoan eta baliabide gutxiagorekin.

Hiru urte daramatzate APNABIko zuzendaritza-batzordearekin hitzarmen bat negoziatu nahian. APNABIko familien seme-alabak langileek artatutako pertsonak dira, baina horrek ez du inolako garrantzirik negoziaziorako esertzeko. Ez dago inolako erantzunik egoera kritiko hau konpontzeko, hori da jaso duten erantzun bakarra.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta APNABIk entitateak berak sortutako egoera horrek guztioi eragiten digula salatu dute, baita AEN duten pertsonei ere.

Horrek guztiak argi eta garbi uzten du zein diren APNABI eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lehentasunak; izan ere, azken horrek diru publikoarekin kontratatzen ditu langileen zerbitzuak modu prekarioan.

Lehentasun horien artean ez daude AEN duten pertsonak, ezta APNABIko beharginak ere; aitzitik, kostu txikiko zentroak irekitzean eta argazki onak ateratzean zentratzen dira, artatutako pertsonekin zerbait egiten ari direla adierazteko.

Hori guztia dela eta, publikoki salatu nahi dute arreta eta baliabideak gero eta urriagoak direla, eta, ondorioz, Bizkaian AEN duten pertsonen bizi-kalitatea gutxitzen ari dela, APNABIk kontrakoa ikusarazi nahi badu ere.

[IRITZIA] “Justizia sozialaren alde eta pobreziaren kontra”

Nafarroako Esku-hartze sozialeko arduradun Oihan Ataunek sektorean irekita dagoen gatazkari buruz idatzi du:

Esku-hartze sozialaren sektorean 2010ean hasi nintzen lanean, gobernuaren tutoretzapeko adingabeentzako etxebizitza batean hezitzaile, enpresa pribatu batek azpikontratatuta. Gauez lan egiten nuen, eta aldi berean beste leku batean lan egin behar izaten nuen hilabetearen bukaerara iritsi ahal izateko, ez gastu asko nituelako edo oso kapritxo handiak nituelako, ez, baizik eta jasotzen nuen soldata ziztrina zelako, oso: 800 euro kobratzen nituen lanaldi osoan aritzeagatik, eta gauez lan egiteagatik osagarririk jaso gabe, jakina. Gauero 11 ordu ematen nituen lanean eta zortzi bakarrik ordaintzen zizkidaten, beste hiruretan lo egin nezakeelako.

Handik hilabete gutxira, egunez eta txandaka lan egiten hasi nintzen (goizez, arratsaldez, asteburuetan eta jaiegunetan), eta nire soldata zerbait handitu zen, baina ez hainbeste, 1.000 eurora igo zen; funtsezko zerbitzu publiko batean lan egiten nuen, eskubide sozialen zorroaren prestazioa bermatuta. Horrela aritu nintzen hainbat urtetan, inolako soldata-igoerarik gabe, inolako osagarririk gabe —ez txanda, ez jaiegun, ez antzinatasun osagarririk—. Hori bai, ongi nozitu nuen KPIaren igoeraren ondoriozko %10eko pobretze metatua.

Bizipen hau neurea da, baina beste ehunka langileren istorio tragikoa da. Eremu feminizatua da, pribatizatua, prekarizatua, instituzionalki gaizki tratatua eta historikoki baztertua. Esku-hartze sozialaren sektorean lan egin duenak badaki zertaz ari naizen.

Zorionez, 2021eko urtarrilean gure lan-baldintzak nabarmen hobetzen zituen hitzarmen bat lortu genuen: soldata-igoera, KPIaren bermea, plusak, urteko lanaldiaren murrizketa, opor gehiago eta beste gauza asko.

Orain, negoziazioetan gonbidatuta egon arren, parte hartu nahi izan ez zuten bost erakundek nahi dute hamarkada bat atzera egitea. Gosearen Kontrako Ekintzak, Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak, Gurutze Gorriak, Ijitoen Idazkaritzak eta Caritasek hitzarmenaren aurka egin dute eta baliogabetzea eskatu dute. Harrigarria benetan, batik bat kontuan hartuta azken hirurak ez direla hitzarmena ezartzen ari. Gurutze Gorriak berea sinatu du, Ijitoen Idazkaritzak lehendik ere bazuen bere hitzarmena, eta Caritas sektorekotik aldendu da. Hori guztia gertatzen ari da, eta, bien bitartean, ez dute frogatu hitzarmena ez aplikatzea justifikatuko lukeen arazo ekonomikorik dutenik.

Kezka handia daukagu, ez baitugu ulertzen jarrera hori izatea ustez justizia sozialaren aldeko eta pobreziaren eta bazterkeriaren aurkako borroka sustatzen dituztenek, eta guk bat egiten dugu helburu horiekin. Hitzarmena baliogabetuko balitz, langileak pobrezia ekonomikoaren parametroetara itzuliko lirateke, eta, ondorioz, lan-baldintzak ez ezik, zerbitzu publikoak ere nabarmen okertuko lirateke. Hitzarmen hau bizirik edukitzea gizartearen premia bat da, herritar guztion onurarako baita.

Gipuzkoako ostatu turistikoetako langileek grebari ireki diote atea, hitzarmen duin baten defentsan

Sindikatuok bat egin dugu Gipuzkoako ostatu turistikoen sektorean. Hain zuzen ere, grebak egingo ditugu uztailaren 7, 8 eta 9an, eta hotel, kanpin, pentsio eta apartamentu turistikoei eragingo die. Ia 2.000 langile biltzen ditu sektoreak.

Sektoreko patronal Adegi eta Gipuzkoako Ostalaritza Enpresarien Elkartearekin bilera izan genuen joan den ostegunean, Lan Harremanen Kontesiluan, eta hitzarmen duin baten bidean ez zen aurrerapausorik eman. Are eta gehiago, patronalek lan baldintzak okertu nahi dituzte.

10. greba eguna Bizkaiko garbiketan, 1.200 euroko gutxieneko soldata 15 ordainsaritan eskatzeko

Joan den ostiralean, ekainaren 17an, Bizkaiko Garbiketako Hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren bilera egin zen, eta patronalak, bi aldiz bilera eguna atzeratu ondoren esku hutsik agertu ziren bertara. Ez zuten proposamenik ekarri eta denbora gehiago eskatu zuten. Proposamen bateratu bat egiteko denbora gehiago behar dutela esan ziguten, baina langileen pazientzia agortzen ari da. Jarrera horrekin sektoreko 12.000 langileekiko errespetua galtzen ari dira.

Gaur sekoreko hamargarren greba eguna egin dugu, Cebek aurrean amaitu den manifestazio bat eginez, atzoko mobilizazioan Madrilen egoitza duen ASPEL patronalaren bi enpresa (Samsic eta Garnica) seinalatu genituen. Horrela, azken asteetan bi patronalek erakutsi duten inmobilismoa salatu nahi izan dugu. Azken negoziazio- mahaian konpromisoa hartu zuten hurrengo negoziazio mahaira, uztailaren 6rako deituta dagoena, proposamen bat ekarriko dutela baina egoera iraultzen ez bada, argi daukagu irailean greba-diseinu gogorrago eta ugariago batekin hasiko dugula ikasturtea.

Izan ere, garbitzaileok nazkatuta gaude gu gutxiesteaz, eta soldata duinak izan nahi ditugu, gure bizitza aurrera eramateko aukera emango digutenak, hilabete amaierara iristeko malabarerik egin gabe. 1.200 euroko soldatak eskatzen ditugu 15 ordainsaritan, sektorearen aldarrikapen nagusia, eta patronalek aldarrikapen hori jasotzen duen proposamenik ekartzen ez badute, argi utzi nahi diegu mobilizazioekin eta grebekin jarraituko dugula.

Epaitegietara eraman dugu Confebask, EAEko etxeko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea urratzeagatik

LABek salatu egin Confebask EAEko Auzitegi Nagusian, etxeko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea urratzeagatik. Ekainaren 9an, Confebaskek ukatu egin zuen EAEko etxeko langileentzako lehen hitzarmen kolektiboa sortzeko lehen negoziazio mahaia eratzea.

Honen aurrean, ekainaren 11n, LABen etxeko langileen atal sindikalaren asanbladan, borroka hori ikusarazteko eta negoziazioaren hurrengo urratsetan politikoki eta sozialki eragiteko konfrontazio-agenda bat adostu zen. Hurrengo ekintzak uztailaren 9an eta 13an izango dira.

LABek sindikatuen bilera deitu du, prozesu judizialean eta ekintza sindikaletan hurrengo urratsak elkarrekin lantzeko.

Negoziazio kolektiboa langileen eskubidea da, eta patronalak ezarritako mugei aurre egingo diegu. Bide honetan aliantzak ezinbestekoak dira eta horregatik batasun sindikalerako deia egiten dugu.

Heziketa Bereziko bi langileri mugagabe ez finko izaera aitortzen duen sententzia lortu dugu #LortuDugu

LAB sindikatuaren ekimenez, Gasteizko Lan Arloko 4 zenbakiko Epaitegiak mugagabe ez-finko izaera aitortu die urteetan Zerbitzu eta Obra Kontratuak (COS direlakoak) kateatu zituzten Heziketa Bereziko bi langileri.

EAEko Heziketa Berezian estrukturalak diren lanpostuak azalarazteko helburuarekin, urteetan kateatzen joan diren COS kontratuak epaiketetara eraman ditu LABek.

Gasteizko Lan arloko Epaitegiko ebazpen bi jaso berri ditu, zeintzuetan mugagabe ez-finko izaera aitortzen die Gipuzkoan eta Araban lan egiten duten aipaturiko bi langileei. Orain, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak epaia errekurritzeko aukera du.

Greba egun gehiago egingo ditugu Arabako metalgintzan, ekainaren 30etik hasita

LAB, ELA, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuok greben bigarren aldi baterako deialdia egiten dugu udako oporren aurretik, Arabako Metaleko Negoziazio Mahaia desblokeatzeko asmoz.

Arabako metalgintzako maiatzeko 3 greba egunak deitu zituzten sindikatuok ekainaren 30erako, irailaren 21, 22 eta 23 deitzen ditugu berriz grebak, udako oporren aurretik SEAk pauso ausartagoak eman ditzan Arabako Metaleko Hitzarmena desblokeatzeko asmoz.

Grebaren 3 egun arrakastatsuen ondoren, badirudi SEA konturatu dela bere jarrera mugitu behar duela eta aitortu behar duela egiten dituen planteamenduak ez direla nahikoak eta ez dietela sektorearen beharrei erantzuten eta ez datozela bat plantillek sortutako aberastasunarekin.

Horren aurrean, sindikatuok kalera atera eta lantokiak hustuko ditugu berriro, uste baitugu sektoreko mobilizazioen eta greben dinamikarekin jarraitu behar dela Arabako metalgintzarako akordio duin bat lortzeko. KPIren araberako igoerak jaso behar dira tauletan eta soldata errealetan, lanaldia nabarmen jaitsi behar da, baja medikoen osagarriak hobetu behar dira, subrogazio zabala jaso behar da, malgutasuna mugatu behar da eta bizitza erdigunean jarriko duten neurriak hartu behar dira, laneko osasunean eta berdintasunean hobekuntzak egitearekin batera.

Hori guztia egiten dugu sindikatuok konprometituta gaudelako negoziazioarekin, eta zentsu horretan SEAri beste bilera bat eskatuko diogu ekainaren 29koaren aurretik. Era berean, proposamen berri bat egingo diogu soldatetan, subrogazioan eta flexibilitatean. Horregatik, SEAri exigitzen diogu negoziazioan konpromezua eta mugimenduak egin ditzala soldata errealetan eta lanaldiaren jeitsieran, besteren artean.